Eklipse
Eklipsea fenomeno astronomiko bat da. Argizagi batek beste bat ezkutatzen duenean gertatzen da, bere itzaletik pasatuz edo ikuslearen eta beste objektuaren artean hirugarren bat pasatzen denean. Hiru objektu astronomikoren alineazioari sizigia deritzo[1]. Eklipse terminoa erabiltzen da ere espazio-ontzi bat lerrokatutako bi objektu ikus ditzakeen puntura iristen denean. Eklipsea izan daiteke osoa, non gorputza guztiz desagertzen den, edo partziala, non atal bat bakarrik iluntzen edo ezkutatzen den.
Eklipse teminoa normalki erabiltzen da izendatzeko eguzki-eklipseak, non Ilargiaren itzalak Lurraren gainazala zeharkatzen duen, edo ilargi-eklipseak, non Ilargia den Lurraren itzalean ezkutatzen dena. Hala ere, Lurra-Ilargia sistematik kanpoko fenomenoak izendatzeko ere erabiltzen da eklipse hitza, adibidez planeta baten inguruan mugitzen den edozein satelite naturalen itzalari buruz hitz egiteko, edo alderantziz. Izar bitar batek ere eklipseak sor ditzake bietako baten orbitaren planoa ikuslearen puntuarekin gurutzatzen bada.
EtimologiaAldatu
Eklipse hitza antzinako Grezieratik dator, ἔκλειψις (ékleipsis). Hitzak "bertan behera uzte", "erortze" edo "zeruko objektu baten iluntze" esan nahi du. ἐκλείπω (ekleípō) hitzetik eratortzen da, "abandonatzea", "iluntzea", "izateari uztea"[2] eta hau, era berean ἐκ- (ek-) aurrizkitik, "kanpoan" eta λείπω (leípō), "ez egotea" hitzetik dator[3].
Lurra-ilargia sistemaAldatu
Eguzkia, Lurra eta Ilargia espazioan dauden esferak dira hirurak: bata (Eguzkia) finkoa da[4] eta besteak (Lurra eta Ilargia) haren orbitan higitzen dira.
- Eguzki-eklipsea. Hiru esferak plano berean badaude eta Ilargia Eguzkiaren eta Lurraren artean badago, eguzki-eklipsea gertatuko da: Ilargiaren itzalak ez du utziko Lurretik Eguzkia ikusten.
- Ilargi-eklipsea. Aldiz, Lurra Eguzkiaren eta Ilargiaren artean jarrita, Lurraren itzalak ez die utziko eguzki-izpiei Ilargiaren azalean islatzen, eta ilargi-eklipsearen aurrean egongo gara. Ilargiak Lurraren inguruan hilean behin bira oso bat egiten duenez, hilean behin izan beharko lukete eklipseak: ilbetean ilargi-eklipsea eta ilberrian eguzki-eklipsea[5].
Baina hiru esferak ez daude plano berean. Ilargiak Lurraren inguruan orbitatzen duen planoak 5º inguruko inklinazioa du Lurrak Eguzkiaren inguruan orbitatzen duen planoarekiko, ekliptikarekiko alegia. Beraz, Eguzkiak eta Lurrak osatzen duten planoa Ilargiak zeharkatzen duenean hiru esferak lerrokatuta badaude (ilberria edo ilbetea bada), eta orduan bakarrik, izaten dira eklipseak. Hiru astroak guztiz lerrokatuta badaude, eklipse osoa gertatuko da, baina guztiz lerrokaturik ez badaude —hau da, Ilargia oso gertu bai baina ekliptikan erabat ez badago—, eklipsea partziala izango da[5].
ErreferentziakAldatu
- ↑ (Ingelesez) «SCIENCE WATCH; A Really Big Syzygy» The New York Times 1981-03-31 ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- ↑ (Grezieraz) «http://www.in.gr/dictionary/lookup.asp?Word=%25E5%25EA%25EB%25E5%25DF%25F0%25F9+++&x=0&y=0» in.gr (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).
- ↑ «Free online English Greek dictionary. LingvoSoft free online English dictionary.» www.lingvozone.com (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).
- ↑ Eklipseak azaltzeko Eguzkia izar finkotzat hartuko dugu; berez Esne Bidearen inguruan mugitzen da, abiadura bizian, eta galaxiak ere mugimenduan daude.
- ↑ a b «Eklipse» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).