Euskal Herriko telebista
Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Euskal Herriko telebista aztertzean ikusten da telebistaren gaian ere, beste hainbat gaitan bezala, Euskal Herria bi Estatutan dagoela zatituta: Hego Euskal Herrian gehienbat Espainiako telebista kateak ikusten dira, eta Ipar Euskal Herrian gehienbat Frantziakoak. Hala ere, alde bietan ikusten da ETB 1.
Sarrera
aldatuTelebistaren historia eta orainaldia, Hego Euskal Herrian
aldatuArtikulu honetan (eta bereziki atal honetan), Ipar Euskal Herriari dagokiona ahaztuta, Hego Euskal Herriko emankizunak zerrendatu dira, baina zerrenda ez dago guztiz osatuta. Wikipedia lagun dezakezu zerrenda osatuz. |
Lehen telebista emanaldiak XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan izan ziren gure Hego Euskal Herrian; hirurogeita hamargarrenean sortu ziren, aldiz, lehen euskal produkzioak, Bilboko Centro Regional de TVE delakoaren eskutik.
Euskal Irrati Telebista izeneko erakunde publikoa laurogeigarren hamarkadan sortu zen, hasieran kanal bakar bat eta gero eskaintza bikoitza eginez: ETB 1 eta ETB 2.
Laurogeita hamarreko hamarkada hasieran, telebista pribatuak azaltzearekin batera, eskaintza aniztu egin zen. Mendearen bukaera aldera gertatu zen lekuan lekuko telebisten burrunba; aldi berean, bi plataforma digitalek «telebista kartara» esaten zaion horri zabaldu zitzaizkion ateak.
Telebistaren etorkizuna
aldatuHirugarren milurtekoaren hasieran, eta martxan dagoen iraultza teknologikoak eskaintzen duen aukera mordoaren ondorioz, telebista interaktiboaren sasoia iritsi zaigu. Horrek kontsumitzaile/hartzailearen eginkizuna goitik behera aldatuko du, transmisio telematikoko sareekin bat eginez, orain arte izan duen pasibotasuna alde batera utzirik, edukien elementu erabakitzaile bihurtuko dela ematen baitu.
Telebista, globalizazio bidea
aldatuTelebistak, XX. mendeko «Galileo» bailitzan, munduari buruz eta mundu horretan bakoitzari dagokigun lekuari buruz genuen ikuspuntua aldatzea lortu du. Telebistari esker jakin dugu mundua guk uste baino askoz txikiagoa eta homogeneoagoa dela eta mundutarrok elkarren arteko menpekotasun handiagoa dugula. Telebistak elkarkidetasuna eta enpatia bultzatu ditu baina baita kontzientzien manipulazioa ere.
Munduan oraindik egon daitezkeen gizarte arkaikoak alde batera utzita, telebista da gaur egun herri-kulturaren adierazgarririk gorena, bai Ekialdean bai Mendebaldean. Eta funtsezko kultur hedabidea den partetik, telebistak era paregabean islatzen du zerbitzatzen duen herri edota erkidego bakoitzeko ohiturek, pentsamoldeek, hala nola gizarte, politika zein sormen arloko bizitzak denbora joan ahala izan duen bilakaera.
Euskal Herrian berrogei urtez telebista ezagutu ondoren, sasoi berri baten atarian gaude, komunikabide horren protohistoriaren bukaeran. Oraintxe litzateke unerik egokiena, beraz, atzera begiratu eta euskal telebistaren alorrean bizi izan dugunaren balantzea egiteko.
Hego Euskal Herria
aldatuEspainiako telebista publikoa
aldatuEspainiako telebistaren emanaldiak 1956ko urriaren 28an hasi ziren ofizialki, baina Sollube mendiko emisorea martxan jarri arte, hau da, bere seinalea ez zen iritsi Euskal Herriko hainbat eta hainbat lekutara 1960ko abuztu arte. Hego Euskal Herriko Centro Territorial de TVE delako horrek iraun zuen hogeita hamar urtean, eta bi garai bereiz daitezke:
Lehen fasean, hau da, ETB sortu aurretik eta euskal telebista publikoak nola edo hala lehen pausuak hemen zituen urte haietan, eduki anitz eta saio handizalez jositako programazioa izan zuen ezaugarri.
Bigarren fasean, ETB behin betikoz martxan jartzearekin batera, ekoizpen propioak behera egin zuen, programazioa ohikerian murgildu zen eta euskarari ez zitzaion uzten testigantzazko presentzia baino.
Telediario albistegia
aldatuSortarazi zuen erregimenarekin zeharo bat eginez, TVEk zentralismo bizia eta eduki informatiboen gaineko kontrol zorrotza ezagutu zituen bere hastapenetan. Telediario albistegiaren lehen saio haietan, gizonezko irakurle bat arduratzen zen, dekoraturik gabe eta grabatutako irudi gutxi batzuen aurrean, estatuko nahiz nazioarteko gaurkotasuneko gaiei buruzko bertsio ofiziala emateaz. Estilo pisutsu eta militar-itxurakoa zela-eta, eta Gerra Zibilarekiko lotura saihestezina zela-eta, lehenengo albistegi haiei «partea» esaten zitzaien. Horietan, jakina, Espainiako errealitate anitzak ez zuen isla zurbil eta folkloriko bat besterik.
Deszentralizatzea, pixkanaka bazen ere, hirurogeita hamarreko hamarkadan hasi zen, eskualdeko zentroak sortu zirenean. Bilbo aukeratu zuten iparraldean zentro igorle eta ekoizle handi bat kokatzeko.
Centro Territorial delakoa Euskal Herrian
aldatuAlbistek Madrilera bide elektronikoetatik bidaltzeko funtzioarekin, 1971 erdialdera TVEko Ordezkaritza Informatiboa ireki zen Bilbon. Haren estaldura eremuak Nafarroa, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Santander, Logroño eta Burgos iparraldea hartzen zituen. Programa autonomoen ekoizpena 1974ko urrian hasi zen, Regional Informativo delakoarekin. Hori 15 minutuko iraupena zuen eguneroko espazioa bat zen. Hala, programa hori, behar bezala berregituratuta eta iraupena luzatuta, 1976an Telenorte bilakatu zen. Oraindik ere ematen da espazio hori.
Euskarazko lehenengo ekoizpenak 1976ko abenduan egin zuen salto pantailatara. Euskal Herria izeneko programak asteroko informatiboen formatua jasotzen zuen: herrialdeko gai kultural eta tradizionalen hautaketa bat. 1977an Burgos eta Santanderrek beren Centro Territorial delakoak sortu zituzten, eta berdina egin zuten 1981ean Nafarroak eta 1988an Errioxak.
Bi fase
aldatuEuskal Herriko Centro Territorial de TVE delako horrek iraun zuen hogeita hamar urtean, bi garai bereiz daitezke:
Lehen fasean, hau da, ETB sortu aurretik eta euskal telebista publikoak nola edo hala lehen pausuak hemen zituen urte haietan, eduki anitz eta saio handizalez jositako programazioa izan zuen ezaugarri. Programazio horren bidez gertuko errealitatearekiko sentikorra zen ikuslegoa telebista nazional baterantz erakarri nahi zen. Guztiok ditugu buruan magazin kulturalak, besteak beste, Beste bat, kirol programak edo Antxon Urrosolok Saski Naski programan izan zuen agerraldia.
Bigarren fasean, ETB behin betikoz martxan jartzearekin batera, ekoizpen propioak behera egin zuen, programazioa ohikerian murgiltzen da eta euskarari ez zaio uzten testigantzazko presentzia baino.
Egungo programazioa, Euskal Autonomia Erkidegoan
aldatuGaur egun, Centro Territorial delakoak egunero igortzen ditu (astelehenetik ostiralera) Telenorte programako bi edizio, 14:00etatik 14:20ra, eta 20:00etatik 20:15era, lehenengo katean.
Astean zehar ere, 20:15etik 20:30era, La 2en, Euskadi de cerca programa igortzen da. Programa horrek informazio hurbilena, alderdi sozial, kultural eta ludikoan, hala nola eguneroko bizitzako gauza bitxiak, Euskal Herriko hiri eta herrietan jasotzen ditu.
Kirolari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Centro Territorial delakoak, ostiral arratsaldeetan La 2etik bigarren B mailako partidak ematen ditu.
Nafarroako lurralde zentroa
aldatuTVEk Nafarroan ezarri zuen Centro Territorial delakoak 1981eko sanferminetako txupinazoarekin ekin zion igortzeari. Iruñeko Avelino Alvarez klinika zaharrean kokatua zegoen. Ebakuntza gelak aprobetxatuz, albistegietarako eta programetarako setak ezarri ziren. Bitxikeria gisa, lekuaren altuera eskasa zela eta, grabazio guztiak zutik egin behar ziren, fokuekin ilea erretzeko arriskua baitzegoen.
Kanal propiorik gabeko Autonomia Erkidegoa zenez, TVEk Nafarroan zuen Centro Territorialak Euskadikoak baina bi ordu gehiagoko emankizuna zuen. Denbora hori Nafarroako herrietako eta eskualdeetako informazio osoa estaltzera xedatzen zen, eta baita entretenimenduko eta espektakuluko zenbait ekoizpenetara ere.
Euskara ez da nabarmentzen kate horretan. Izan ere, euskararen erabilera arautzen duen foru legeak zehazten duena zehatz mehatz betetzera mugatzen zen. Eguneroko bost minutuko Arin-arin programa igortzen zen euskaraz, berri nagusiak eta kultura autoktonoko zenbait gai laburtuz.
Albistegiak
aldatuNavarra albistegiko lehenengo edizioa egunero igortzen da (astelehenetik ostiralera), 14:05etik 14:20ra, eta bigarrengo edizioa 20:30tik 20:40ra. Azken hori Navarra de cerca programarekin lotzen da. Hogei minutuko programa horrek herrietako eta auzoetako geografia periferikoko gaiak jorratzen ditu.
Zabalkunde informatiboa Informe semanal territorial delakoarekin osatzen da. Larunbatean ematen da, 19:30etik 20:00etara, La 2 katean. Erreportaje formatuan landutako eta sakontasunez garatutako berriak ematen ditu.
Kirolak
aldatuTVEk Nafarroan duen Centro Territorial delakoak bere baliabideen zati garrantzitsu bat kirol jarduerak ematera xedatzen du. Astelehenero, arratsaldeko 7:00etatik 8:00etara, La 2 kateak Deportivo izeneko magazin bat igortzen du. Programa horrek asteburuko kirol gertaerak aztertzen ditu. Ondoren Deporte de riesgo programa ematen da. Kanpoaldean grabatutako programa da, Nafarroan praktikatzen diren kirol ikusgarrienei buruzkoa: izotz gaineko eskalada, ur lasterreko jaitsiera, urpekaritza, parapentea,... Emanaldi bera euskaraz errepikatzen da asteazkenetan arratsaldeko 19:00etan.
Asteartero, urtarrila eta ekaina bitartean, eta urria eta abendua bitartean, Uharteko Euskal Jai Berritik erremonte partidak ematen dira.
Asteazkenetan, Arrantzaren denboraldiaren barruan, izenburu hori duen programa bat igortzen da. Programa horretan kanaberaren, kirolaren eta urpekaritzaren teknika eta modalitateak errepasatzen dira.
Azkenik, ostiraletan, 19:00etan –denboraldi garaian–, Bigarren B mailako partidak eskaintzen dira.
Zabalkundea
aldatuInformazioarekin eta kirolarekin batera, Nafarroako telebista publikoak bere parrillan osasunari buruzko zabalkundeko programak, gaurkotasuneko pertsonaien elkarrizketak, natura eta aisialdiari buruzko dokumentalak eta magazin kulturalak ere barnean hartzen ditu.
Festak
aldatuFesta eta ekitaldi garrantzitsuen estalduraz ere arduratzen da Nafarroako TVE. Besteak beste, kamerak Xabierko festan, Tuterako Aingeruaren Jaitsieran, Vianako Printzea Sariaren emanaldian, eta San Frantzisko Xabierkoaren jaietako Urrezko Dominaren emanaldian egon ohi dira. Halaber, Sanferminetan: txupinazotik hasi eta Pobre de mí delakoraino.
Euskal Telebista. Iraganetik etorkizunera
aldatuEuskal Herriko Autonomia Estatutuan, 1979ko abenduaren 18an onartutakoaren 19. artikuluan, Eusko Jaurlaritzari «bere helburuak lortzeko, bere telebista, irratia eta prentsa propioa eta, oro har, gizarte komunikazioko bide guztiak arautzeko, sortzeko eta mantentzeko» boterea ematen zitzaion.
Euskal Telebista bi kateetan finkatu da. Kate horiek euskal ikusleek lehentasunaz gozatzen dute, herrialdeko ikus-entzunezko ekoizpen-etxe handiena izateaz gain. Etxe horren inguruan espezialitate guztietako profesionalak jarduten dute: errealizadoreak, produktoreak, gidoilariak, aktoreak, aurkezleak,...
Lehenengo urratsak: 1980ko hamarkada
aldatuHastapen zailak
aldatuEuskal Herriko Autonomia Estatutuan, 1979ko abenduaren 18an onartutakoaren 19. artikuluan, Eusko Jaurlaritzari «bere helburuak lortzeko, bere telebista, irratia eta prentsa propioa eta, oro har, gizarte-komunikazioko bide guztiak arautzeko, sortzeko eta mantentzeko» boterea ematen zitzaion. Horretan babestuz, Gasteizko Gobernuak 1982an euskal titularitate publikoko telebista eta irrati egitura bat ezarri zuen: Euskal Irrati Telebista, EITB.
Administrazio zentrala erabaki horren aurka agertu zen. Izan ere, bere ustez, autonomia erkidegoek, gai horretan oinarrizkoa zen arauaren arabera, hots, 1980ko Irrati eta Telebistaren Estatutuaren arabera, ez zuten telebistak sortzeko eskumenik. Aitzitik, titularitate estatalekoak ziren baina autonomia erkidegoek kudeatzen zituzten «hirugarren kate» autonomikoak –horrela zeritzoten estaldura nazionaleko bi kate nagusiak osatzen zituztelako– arautzea aurreikusten zen. Interpretazio horren arabera, beraz, ez zen aurreikusten Administrazioaren kontroletik kanpoko «laugarren telebista-kateak» existitzerik.
Baina, Eusko Jaurlaritzak defendatzen zuen Gernikako Estatutua, maila altuagoko arau bat izateaz gain, kronologikoki ere Irrati eta Telebistaren Legearen aurretik zegoela, eta bertako artikulatuan espresuki adierazten zela Euskadiko gizarte-komunikazioari buruzko oinarrizko arauak zuzenean Espainiako Konstituzioaren menpe geratzen zirela.
Autonomia jaioberritik telebistako monopolioari erronka egin zitzaion. Erronka horrek Estatuak eta bere mendeko erakundeek sustatutako boikot bat izan zuen erantzun gisa. Administrazioak ez zizkien ematen igortzeko maiztasunak zentro berriei, eta kate berria abiarazteko Estatu Batuetatik inportatu ziren ekipoei ez zitzaizkien behar zituzten lizentziak eman; aldi berean, RTVEk ez zituen lurralde barruko igorpenetarako loturak banatu nahi izan, ETBri aholkularitza teknikoa eta langileria kendu zion, eta Europako Irrati Batasunan sartzea eragotzi zion. Hori zela eta, Iurretako katea ustiapen pribatuko sare bilakatzen zen.
Legeari eta materialei zegozkien zailtasunek euskal irrati eta telebistaren jaiotza eta garapena oztopatu zuten.
Lehenengo xedeak
aldatuGizartearen sentsibilitatea komunikabide autoktono eta kulturalki eraginkorren existentziaren aldekoa zen. Komunikabide horietan euskarak testigantzakoa baino gehiagokoa den presentzia izango zukeen. Euskaltzaindiak 1979an egindako inkesta batek islatzen zuen euskaldunen %90ek ezinbestekotzat edo komenigarritzat jotzen zuen euskarazko telebista bat abiaraztea. Ideia bera zuten euskaraz hitz egiten ez zutenen %84,4ak. Klase politiko gobernatzaile berriaren desioa baino gehiago –horiena ere, jakina-, euskal irrati eta telebista behar sozial bat zen. Baina hasieran ia denak ados bazeuden ere, adostasun horri forma eta edukia ematerakoan gauza asko konplikatu zen.
ETB «euskal hizkuntza eta kultura» sustatzeko helburuarekin jaio zen, eta espresuki alde batera uzten zuen telebista komertzialaren arloko lehiakortasuna. Jatorrian, ez zitzaion ia baliorik eman ikusle-kopuruari edo publizitate-fakturazioari. Bai, ordea, eragin politikoari eta aurrerapen kulturalari. Bestalde, ETBk egiteko bat zuen, ikus-entzunezko euskal industria egonkor eta lehiakor bat sortzeko motor izatekoa.
Hala ere, hasierako ideia horiek, intentzio onekoak baziren ere, errealitatearekin topo egin zuten. Lehenengo, baliabide-eskasiak programazioa kanpoko produkzio bikoiztuetara edo albistegietara murrizten zuelako, eta horrek ETBren funtzio kulturala kolokan jartzen zuen. Eta, bigarrenik, entzulerien presioak, ikus-entzunezko merkatuaren arauak eta diru-sarrerak publizitatetik eskuratzeko beharrak, euskal telebista kontsumo-programak diseinatuz publiko zabalak erakartzeagatiko lehiaketaren eremura bultzatu zuen.
Azken buruan, eskatzen zitzaion ikus-entzunezko egiturarekiko, ETBren itzalean sortu ziren besteak beste, maila ertaineko eta kanporako proiekzio gutxiko produkzio-etxe ugari, eta baldintza minimoetan ekoizteko gai ziren baliabiderik gabeko profesional independenteen talde txikia. Hasieran irudikatu ziren proiektu handiak atzeratu egin ziren garai hobeak etorri bitartean.
Sailburuaren boutadea. Euskal erakundearen arkitektura ez zen asko aldatu eredu espainiarretik, izan ere, zuzendari nagusiaren izendapena Gobernuaren eskuetan jarri zen, Administrazio Kontseiluari ez baitzitzaion erabakitzeko ahalmenik eman, eta gizarte-eragileak presentzia garrantzitsurik gabe utzi baitziren. Zentzu horretan, euskal telebistak titularitate publikoko komunikabide guztiek jasaten dituzten baldintzapenak nozitu ditu. Altxor publikoaren mendekotasuna.
EITB sortu aurretik egin zen bilera batean, orduan RTVEko zuzendari zen Rafael Arias-Salgadok Ramon Labaien euskal Kultura Sailburuari galdetu zion euskal telebistaren helburuari buruz. Tolosar isekariak boutade (txantxa) honekin erantzun zion: «Helburua? Oso erraza: espainiarra bezain txarra izatea».
Orainaldia eta etorkizuna
aldatuJarri nahi zaizkion baina guztiak kontuan hartu gabe, Euskal Telebista euskaldunek lehentasunez gozatzen duten bi kateetan finkatu dela onartu behar da. Horrez gainera, herrialde honetan ikus-entzunezko ekoizpen-etxe garrantzitsuena bilakatu da. Etxe horren inguruan espezialitate guztietako profesionalak jarduten dute: errealizadoreak, produktoreak, gidoilariak, aktoreak, aurkezleak,...
Telebista publikoa ekonomikoki zorpekoa bada ere, gertuko eta kalitatezko informazioa eskaintzeaz gain, hizkuntzari, kulturari eta identitateari ematen dion bultzada dela eta, errentagarria da.
Lerro hauek idazten diren bitartean, EITBk digitalizazio-plan bati aurre egiten ari dio. Plan hori amaitzean, EITBk bost egoitza oso eta elkarlotu izango ditu euskal kulturaren alorreko hiri nagusienetan kokaturik (Baionan, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen).
Lehenengo urratsa da Gasteizko irrati eta telebista digitaleko telebista-instalazio berria irekitzea. DIGIBat programan parte hartzen du, eta bertan taldeko komunikabide guztiak kontzentratuko dira.
Era berean, bost milioi euro Donostian dagoen Miramongo Ekoizpen Zentroa digitalizatzera xedatuko dira.
EITBko egoitza nagusia, eta Iurretan kokatzen den albistegi-zentroa, 2004. urtean Bilboko Erakustazokak utzitako lurretara lekualdatuko dira.
Une horretan EITBk bere historiako kapitulu berri bati ekiten dio.
ETB 1
aldatuEuskal telebistaren abentura 1982ko abenduaren 31n hasi zen. Urteberriko kanpaiekin batera, Elene Lizarraldek kate berriaren, Euskal Telebistaren, emankizunen hasiera iragarri zuen. Ondoren Carlos Garaikoetxea lehendakariaren agurra ikusi ahal izan zen.
Dudarik gabe, une hunkigarri bat izan zen. Guztiok ikusi genuen belaunaldiz belaunaldi amestutako hori errealitate egiten zela. Eta bagenekien orduan jaio berri zen etxea euskal gizartearentzat lehenengo mailako erreferente kultural eta informatzaile bilakatuko zela. Eta denborak orduan iragarritakoa berretsi du. Eta bere homologoen bertute guztiak –eta baita akatsak ere, zergatik ez?– biltzen dituen euskal telebista bat sortzea posible zela erakutsi du.
Tokikoa eta unibertsala dena
aldatuETB 1 Euskal Herriko errealitatea errotutako komunikabide bat da. Zifrek ez dute zalantzarako lekurik uzten. EHUk finantzatutako ikerketa batek telebista-kateko emankizunen %72,2ak –1998ko udaberriko programazioan– euskalduna denarekin harreman-elementuren bat zuela erakutsi zuen. Gainera, ikusle-kopuru handieneko ordutegietan (prime-time) portzentaje hori %78,3ra igotzen zen.
Tokikoarekiko erreferentzia nabarmen hori, hala ere, kontrako bihurtu zen, askotan kultur berekoikeria izateaz salatua zen telebista-kate batean. Egia da zenbait denboralditan herrikoia zenak, aldaera orotan, gehiegizko azalpena izan zuela. Hori horrela, telebista-kate euskaldunak, irudi nahiko lausoarekin, «baserri elektroniko» deitzea jasan behar izan zuen, ETB 2 «hiritarrarekiko» kontrastean.
Era berean, ikusleen adina bi muturretan aurkitu zen: haurrak, beti fidelak, eta adineko pertsonak, kirol-eskaintza zabalak eragiten duen zuzenketa ororekin.
Hala ere, laurogeita hamarreko hamarkadako amaieratik aurrera ETB 1ek bilakaera bat jasan du bi alderdi horietan, gai autoktonoekiko apustua galdu gabe, eta bere «betiko» ikusleei huts egin gabe. Bere irudia modernizatu du, aldi berean eduki anitzago eta arriskatuagoetara, eta baita abangoardiazko edukietara ere irekiz. Horrek ikusleak gaztetzea eragin du.
Aldi berean, Iurretako telebista-instalazioa mundu globalizatu bateko hiritarrek dituzten interesen eta kezken, errealitate mestizoagoen eta zerbitzu ematen dion herrialdearen nortasunari dagozkion sentikortasun anitzen bozeramaile bilakatu da.
Eta nahiz eta ETB titularitate publikoko baliabide informatibo orok duen kutsu ideologikoetatik at ez egon, ez dugu ahantzi behar alor horretan ibili den bidea oso garrantzitsua izan dela.
Euskara
aldatuETB izan den eta egun den horretara egiten ari garen hurbilketan ez dugu alde batera utzi behar euskararen normalizazioaren alde egin duen ekarpena. Agian, Erakundea sortu zutenak gehiegikerian erori ziren «euskara salbatzeko telebista» baten beharrari buruz ohartarazi zutenean, baina egia da ETB gabe gauzak beste modu batera gerta zitezkeela. Euskara, familiarteko altxor kuttun, etxeko paretetan gordetzen zena eta gehiegitan plaza publikoetan isilarazia zena, 1983tik aurrera familia-alorrean sartu zen leiho katodiko baten bidez, eta elkarrenganako eraginaren bidez, leihoa bere horretatik mundu osora zabaldu zen. Horri dagokionez esan daiteke ETB 1ek euskara gure inguruko beste gizarteetan erabilera mediatikoa duten beste hizkuntzen parera ekarri zuela.
ETB 1ek euskara hizkuntza zaharra elementu bizi eta egunerokoa den ezkutuko tokietaraino eramaten du, eta, horrela, kultura euskalduna Autonomia Erkidegoko mugez haraindian mantentzeko funtzio nagusia betetzen du.
Zerbitzu publikoa eta edukiak
aldatuETB 1 gehiago izan da zerbitzu publikoko kate, bere ahizpa txiki ETB 2 baino. Izan ere, ETB 2 komertzialaren alorrean lehiatzera eta gaztelaniazko antena handiekin entzule-kopuruak borrokatzera deitua izan da. ETB 1en bokazio publiko horrek berdin eragiten dio zehatza denari eta abstraktua denari, politika orokorreko eztabaida handiei eta errentagarritasun-irizpideetatik baino gidatzen ez diren horiek inongo interesik edukiko ez luketen herrixka txiki horietan gertatzen dena.
Lehenengo kate publikoaren programazioa, funtsean, lau ardatzen gainean oinarritzen da: haurrak, kirolak, magazinak eta dokumentalak. Lau atal horiek ETBren parrillaren %65 inguru okupatzen dute. Eta horietan guztietan, urteak iragan ahala, euskal telebista-kulturaren ondarea aberastu duten programak gauzatu dira. Euskal telebista-kulturarekin informazioko, trebakuntzako eta entretenimenduzko une asko bizi ditugu guztiok. Bai Horixe, Bi eta Bat, Goenkale, Kirolez Kirol, Gaur Egun, Superbat, Betizu, Sorginen Laratza, Euskal Herria lau haizeetara... Telebista anitz eta irekiko proposamen baterako ibilgailu eta euskarria izan da euskara ETB 1en.
ETB 2
aldatuEuskal Telebistako bigarren katea 1986ko maiatzaren 31n abiatu zen. Eta bertako nahiz kanpokoentzat ezustekoa izan zen, EITBko zuzendari nagusia –garai hartan Jose Maria Gorordo–, gai izan baitzen proiektua isilpean gauzatzeko. Izan ere, horrela, nazioko Gobernuak, jakin izan balu, proiektua geldiarazteko helburuarekin ezarriko zituen oztopoak eta trabak saihetsi nahi izan ziren.
Kalkulua zuzena izan zen, eta gertaerek arrazoia eman zioten: polizia-itxierarekin mehatxatu bazuten ere –eta saiatu ere, saiatu baitziren– ETB 2ren sorkuntza legearen zirrikituak baliatuz legeztatu ahal izan zen. Horrela adierazi zuen Auzitegi Konstituzionalak, kasutik inhibitu zenean.
ETB 2 sortzearen arrazoiak desberdinak izan ziren: ekonomikoak, teknikoak eta soziologikoak. Lehenengo kateak lehenengo hiru urteetan izan zituen ikusle-kopuruak ez ziren nahikoak izan, eta horrek publizitateagatiko diru-sarrera oso txikietan eragina zuen. Bestalde, jadanik iragarrita zegoen handik urte gutxira telebista eduki berritzaileekin beteko zuten kanal pribatu mordoa iritsiko zela; ikuspegi horren haurrean nahitaezkoa zen ETBk aurrera egitea, gaztelaniazko espazio propio bat eratuz. Azkenik, inork ez zuen ahazten Euskadiko errealitate soziolinguistikoak hasiera batean behintzat euskaldun ororen telebista izan behar zuen horrekin gaztelaniaz hitz egiten zuten biztanleak ere identifikatu beharra eskatzen zuela.
Lehenengo etapa: 1986-1989
aldatuETB 2ren estrategiak, hasieran, zortea tentatu zuen, eta berehala jaso zuen ikusleen babesa. Telesail eta pelikulez gain –hori bai, errepikapen amaigabeekin–, bertako ekoizpenen arazoa esperientzia handiko komunikatzaileak kontratatuz konpondu zen. Izan ere, programa horietarako aurrekontu txikia zegoen, baina aurkezleen telebista-erakargarritasunak konpontzen zuen hori: José María Iñigo (Iñigo en directo), Andrés Aberasturi (Cuarto creciente) edo Fernando García Tola (La muga).
Aurrerago, 1988tik aurrera, bertako ekoizpenen kapituluak bere eremua eta espektroa zabaldu zuen. Orduan iritsi ziren Miramonera Antxon Urrusolo, TVE territorialeko enfant terrible delakoa; José Luis Moreno, FORTAko (Telebista autonomikoen federazioa) programa nagusia izan zen Entre amigos programarekin; Iñaki Gabilondo, osteguneroko programarekin; edo Ramón García gaztetxoa, Tal para cual programarekin estreinatu zena. ETBk milioi bat ikusle baino gehiago zituen egunero 1989 bukaerarako. Hori bai zela marka!
Bigarren etapa: 1990eko hamarkada
aldatuPribatuak iritsi ziren
aldatuTelebista pribatuak abiaraztearekin batera, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, lehiakortasuna asko zorroztu zen. ETBk, oro har, prime-timeko ikusle-kopuruaren %25 galdu zuen. Erantzunik berehalakoena zen telebista kalera ateratzea, lurraldeko bilakatzea eta ikuslearen eremura hurbiltzea. Hots, Telecinco, Antena 3 edo Canal+ eta antzeko kateak iristen ez ziren leku horietara iristea. Albistegietako taldeak indartzeaz arduratu zen Mikel Lejarza. Mikel Lejarza, ondoren, Espainiako ikus-entzunezko panoraman gakoa izan zen.
Baina, pribatuen eraginik okerrena izan zen ETB 2 –ondoren TVE bezala– komertzialengatik lehiatzera bultza zutela. Funtsik gabeko lehiaketak ugaldu ziren, prentsa arrosa eta talk-show direlakoak indarrez sartu ziren, eta zinemaren aldeko apustu bikaina egin zen Felix Linares eta bere taldearen eskutik: Basic Instinct filma eman zenean, kateak gailurra jo zuen ikusle-kopuruari dagokionez.
Oro har sustatu zena da gainerako kateekiko programazio-mimetismoa, Estatuan arrakasta handiena zuten programen bertsio «euskaldunak».
Iñaki Zarraoak zuzendari nagusi gisa izan zuen agintaldiaren amaiera aldean, eta Andoni Ortuzarren agintaldiaren hasieran, fikzioko bertako ekoizpen-apustu sendo eta interesgarri bat izan zen. Are gehiago komunikabideetako profesionalen artean ETBk euskal zinea eta antzerkia sustatzeko zuen interes eskasa zela eta zegoen frustrazio orokortua kontuan hartuta. Maite telesailarekin hasi ziren, eta ondoren, besteak beste, Señorío de Larrea, Entre dos fuegos, Platos sucios, Alquilados, Campus... ekoizpenekin jarraitu zen. Aitzitik, ikusle-indizeek frogatzen dute ETB 2ko publikoak fideltasunez jarraitzen dituela bere dokumentalak, lehiaketak, magazin arrosak, talk-show programak eta filmak.
Profesionalak eta ikuslegoa
aldatuBadirudi ETB 2, 17 urteko biziarekin, %20-25 inguruko ikusle-mailarekin finkatu dela. Edukiak nahiz helburuak kontuan hartuta, berdintasun-baldintzatan lehiatzen da gainerako kate nazionalekin, eta, hain zuzen ere, hemen nabarmentzen diren profesional ugarik Madrilera salto egiten dute azkenean: Antxon Urrusolo, Patricia Gaztañaga, Emma García, Yolanda Alzola, Carlos Sobera, Patxi Alonso, Anne Igartiburu, Ramón García...
2002ko abuztuan ETB 2k bere historiako emaitza hoberenak lortu zituen, eta Euskadin gehien ikusi zen telebista bilakatu zen, Telecinco, TVE 1 eta Antena 3 gaindituz. Urte horretan zehar sharearen %18,4ko marka edukitzera iritsi zen. Datu hori, udan, kuotaren %20 arte igo zen. Horrela, Kataluniako TV3ren ondoren, bigarren potentzia autonomiko bilakatu zen.
Pribatuak
aldatuGure antenek 1991n Espainiako lehenengo bi telebista-kate pribatuek igortzen zuten seinalea jaso zuten. Bi kate berri horiek Antena 3 eta Telecinco ziren. Egin zitzaien harrera kontraesankorra izan zen: jendea pozik zegoen azkenik kate publikoen monopolio-kontrola hautsi zelako, baina, aldi berean, desengainaturik eta harrituturik sentitzen zen, kate berrien emankizunen kalitate eskasa ikusi ondoren.
Urteak iragan ahala, emankizunak irekian ematen zuten bi telebista-kateek, eta, nola ez, kodifikatutako kateak heldu eta finkatu egin zuten hasiera batean entretenigarrietan oinarritutako eskaintza hori, gaur egun genero-espektro ia guztiak estaltzen duena.
Eskaintza zabaldu egiten da
aldatuEspainiako lehenengo bi telebista kate pribatuek 1991n gure antenek igortzen zuten seinalea jaso zuten. Bi kate berri horiek Antena 3 eta Telecinco ziren. Egin zitzaien harrera kontraesankorra izan zen: jendea pozik zegoen azkenik kate publikoen monopolio kontrola hautsi zelako, baina, aldi berean, desengainaturik eta harriturik sentitzen zen, kate berrien emankizunen kalitate eskasa ikusi ondoren.
Urteak iragan ahala, emankizunak irekian ematen zituzten bi telebista kateek, eta, nola ez, kodifikatutako kateak heldu eta finkatu egin zuten hasiera batean entretenimenduan oinarritutako eskaintza hori, gaur egun genero espektro ia guztiak estaltzen duena.
Telecinco
aldatuPribatizatzea ireki aurreko urteetan Espainian telebista ereduei buruzko eztabaida handi bat bizi izan zen. Publikoa sutsuki defendatzen zutenek zioten kate berriek zabarkeria, hutsalkeria eta gai komertzialak besterik ez zutela ekarriko.
Silvio Berlusconiren Telecinco gure artera iragarpen horrekin betetzeko prest iritsi zen. Lehenengo urteetan ikusleen artean lekua izan zuen; profil oso baxuko gaiak eskaintzen zituen, baina asko exijitzen ez zuen publiko batentzat erakargarriak ziren. Hala ere, urteak joan ahala Telecincok pixkanakako bilakaera jasan du, telebista eredu komertzial lehiakorrago eta inteligenteago baterantz.
Euskadirekiko eta Nafarroarekiko deskonexioak daude astelehenetik ostiralera, 10 minutuko albiste berri bat eskainiz albiste nazionalen barruan sartuta. Deskonexio horiez gain, larunbat arratsaldeetan pilota partida bat emateko beste deskonexio bat ere bada.
Telecinco da ikusle euskaldunek gehien baloratzen duten katea. Bere batez besteko ikusle kopurua %34 ingurukoa da, eta liderra da Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan (2002ko datuak).
Antena 3
aldatuKanal «familiar» nagusia eta telebista pribatuen ahizpa pobrea da. Lehenengo hamar urteetan bere kapital-eraketak aldaketa handiak jasan zituen, azkenean Telefonicak bere kontrola eskuratu zuen arte. Borondatea duen kate bat da, profesional onekin eta fitxaketa handiekin, baina TVE eta Telecinco «erraldoiekin» lehiatzeko aukera gutxirekin.
Kate pribatuetatik Antena 3 da lurralde-informaziora denbora gehien xedatzen duen katea: astelehenetik ostiralera, 13:30etik 14:00etara.
Batez beste %22,1eko ikusle kopurua du, eta Euskal Herrian laugarren postuan dago, Telecinco, ETB2 eta TVE1 kateen atzetik. Araban hirugarrena da, ETB 2ren aurretik.
Canal+
aldatuOrdainpeko telebista Juan Cuetoren zuzendaritzapean abiarazi zen, kapital espainiar eta frantziarrarekin. Juan Cueto, telebista kritikaren maisu eta intelektual fina, Televisión Españolaren zigorra izan zen bere monopolio erresuman zehar. Hori dela eta, arraroa izan zen Canal+ kateko emankizunen jardunean hiru oinarri komertzialen gainean zimendatu izana: futbola, zezenak eta porno zinema. Egia da, hala ere, bere parrillan ezkutatuta benetako perla dokumental eta zinematografikoak, umore programak eta albistegi zuzenak aurkitu ditzakegula.
Prisa enpresa zuzendariak Canal Satelite Digital plataformaren bidez satelite bidezko telebistaren alde egindako apustua dela eta Canal+ kapital murriztuarekin geratu da. Lehiatzaile bakarra, Vía Digital, ia osorik xurgatu ondoren, badirudi Polanco handikiari bere negozio kodifikatua txikia geratu zaiola. Ez dago batere argi «Plus-ak» izango duen etorkizuna.
Laurogeita hamarreko hamarkadatik Canal+ da Donostiako Zinemaldiko babesle nagusia; izan ere urtez urte estaldura zabal bat eskaintzen dio Zinemaldiari.
Tokiko telebistak
aldatuLehenengo tokiko euskal telebista Ondarroako Telebista izan zen, eta 1985eko abenduaren 6an jarri zen abian. Hasierako atal hark jarraipena izan zuen egitura ez profesionaleko eta legeko estaldurarik gabeko udal eremuko telebista kate txikien multzo bat azaldu zenean.
Tokiko euskal telebistaren hazkundea enpresa kontzentrazio nabarmen baten erritmoan garatu da. Egun, Baskonia penintsularrean tokiko hogeita hamar telebista kate baino gehiago martxan dira.
Gertuko informazioa
aldatuLehenengo tokiko euskal telebista Ondarroako Telebista izan zen, eta 1985eko abenduaren 6an jarri zen abian. Hasierako atal hark jarraipena izan zuen egitura ez profesionaleko eta legeko estaldurarik gabeko udal eremuko telebista kate txikien multzo bat azaldu zenean. Ia esklusiboki gertuko informaziora xedatzen ziren telebista-etxeak ziren, eta, baliabide kaskarrenekin ere, eskualdeko ikuslegoa lortu zuten.
Lurreko Uhinen bidezko Tokiko Telebistaren Legean 1995ean onartu zenetik, tokiko telebistak laguntza handia izan zuen alor horretan komunikazio talde handienetako batzuk sartzearekin. Komunikabideen inperio horiek agertzeari esker tokiko telebisten kudeaketa profesionalizatu egin zen, horien edukiak aberastu egin ziren, eta –hirietan behintzat– tokiko telebista hasieratik jasan izan zuen behin behineko egoeratik eta estutasunetik atera zen.
Euskal Herriko panorama
aldatuGauzak horrela, euskal tokiko telebistaren hazkundea enpresa kontzentrazio nabarmen baten erritmoan garatu da. Egun, Baskonia penintsularrean tokiko hogeita hamar telebista katek baino gehiagok funtzionatzen dute, eta gehienak Gipuzkoan kontzentratzen dira. «Pastela», funtsean, nukleo hiritartuenetan ikusle kopuru garrantzitsu bat hartzen duten hiru enpresa nazionalen artean banatzen da: Une, Localia eta Local Media.
Grupo Correok kontrolatzen ditu, Uneren bidez, Canal 6 navarro, Alava 7, TeleDonosti eta Bilbovisión kateen akzioak.
Prisa taldea El País, As eta Cinco Días egunkarien eta SER emisora katearen jabea da. Horrez gain, Espainia osotik Localia TV izeneko tokiko telebista kateen sare bat du. Eremu nazionaleko «kateen kate» bat.
Gure artean hauek ditu Localia TV kateak: Canal 4 de Pamplona, Nafarroan; Canal Gasteiz eta Alto Nervión TV, Araban, eta Localia TV Gipuzkoa, Donostian; Txingudi Telebista, Irunen eta Canal Bizkaia, Bizkaian.
Gotzain batzarraren irrati organoa, COPE, Popular TV de Pamplonan sartu zen.
Xumeagoa da Local Media, Telebilbao eta Televitoria kateak dituen eremu nazionaleko elkartea. Elkarte hori, gainera, Teledonostiren jatorrian egon zen.
Azkenik, Madrilgo TVLk Gran Bilbao Television eta MX de Vitoria ditu. Horiek, lehiaketetan oinarritzen den programazioa dute, batez ere.
Gainera, Euskaltel telekomunikazioen operadoreak akzioak ditu Tele 7, CanalBizkaia eta Canal Gasteizen.
Eremu legal berria
aldatuEspainiako tokiko telebistak legez kanpokoan barrena ibili ziren, 1995eko Legea bere garapen legegilearen zain egon zen bitartean. Hala ere, Tokiko Telebisten Lege horren aldaketa bat 2003ko urtarrilean jarri zen indarrean. Aldaketa horrek korporazio mediatiko handien mugimenduak mugatzen ditu.
Aldaketa horren arabera, «kateak sortzea eta tokiko telebistako emankizuna kontrolatzea Autonomia Erkidegoei dagokie, kateen sorkuntza nahiz emankizuna autonomia erkidego bat baino gehiagorena den lurraldetik edo udalerrietatik ematen denean izan ezik, kasu horretan Estatuko Administrazio Orokorrari baitagokio».
Kateetako emankizunei dagokienez, Autonomia Erkidegoek botere hori emankizunek udalerri bat baino gehiago eragiten duten kasuetarako gordetzen dute.
Bestalde, kate pribatu nazional bateko akziodunek ezin dute parte hartu beste edozein motako telebistatan, autonomia eremukoa edo tokikoa izan. Murrizketa horiek eragina dute funtsean Prisan eta Grupo Correo Prensa Española enpresan, horiek bi alderdietan interes handiak baitituzte.
Tokiko telebisten etorkizuna ari batetik zintzilik dago, lizentzia eta kapital-murrizketengatik, eta arrazoi teknologikoengatik. Izan ere, xedapen batek 2012ko urtarrilaren 1erako teknologia digitala erabiltzera derrigortzen ditu irrati eta telebista-kate guztiak. Kate xumeenek ezingo dute jasan sistema berri hori aplikatzeak eragin dezakeen finantza-kostua.
Ondorioz, trantsizio batean aurkitzen gara. Eta trantsizio honen amaieran tokiko telebisten panorama horien jatorrian ezagutu dugunaren oso desberdina izango da.
Zuzenak eta berehalakoak
aldatuIkus-entzunezko proposamenez saturatutako merkatu batean, gertukoaren informazioa egiten du tokiko kateen biziraupena posible. Denbora-pasako ekoizpenei, pelikulei edo umore programei uko egin gabe, tokiko telebistak berehalakotasunagatik bereizten dira: beste edozein kateetan baino lehenago ikusten dugu gertatzen dena, entzuten dugu hitz egiten dena, eta kalean bertan, gure ingurunean, gertatzen denari buruz jakiten dugu. Eguneroko bizitza, garraioa, eskolak, lana, azokak, osasuna, kirol jarduerak, jarduera artistikoak, politikoak, sozialak, kulturalak... Ikuslearen inguruan garatzen diren jarduera horiek guztiak isla automatikoa dute tokiko kateetan.
Telebista, horrela, hiriaren zati bilakatzen da: egunero hiritar asko biltzen dituen kale bat edo plaza bat. Ez politikoak edo gaur egungo pertsonaiak soilik, baita arrazoi bat edo beste dela-eta zerbait esan edo erakutsi behar duten pertsona anonimo horiek ere.
Tokiko telebistak arrakasta dute telebista orokorrek porrot egiten duten alor horietan: distantzia motza, xehetasuna, zuzeneko elkarrizketa, berriaren iturriarekiko hurbiltasuna,... Tokiko telebistekin telebista beste modu batera baloratzen ikasi dugu, beren intimitateagatik baloratzen.
Satelitea eta digitalak
aldatuTelekomunikazioen iraultzak gure esku jarri du telebista-kateen eskaintza geroz eta zabalagoa. Hori oso erakargarria da kontsumorako, baina, era berean, erronka kultural izugarri bat da. Izan ere, informazioaren kontsortzio handien menpe dagoen ikus-entzunezkoen merkatu globalean toki gutxi dago eduki autoktonoentzat.
Digitalizazioa da etorkizuna. Hemendik aurrera, uhin hertziarrek lurreko digitalari lekua egingo diote. Eraldaketa tekniko horrek gure esku jarriko ditu irudi-banku izugarriak eta ehunka kanal. Arazoa, beraz, produktu horiek eskuratzeko baliabideak edukitzea, eta hautatu ahal izateko eta hautatzen jakiteko gako kulturalak edukitzea izango da.
Telekomunikazioen aro berria
aldatuTeknologia berrien jaiotzak ahalbidetu du uhin hertziarren bidezko sare arruntera kable eta satelite bidezko transmisioak gehitzea, eta lurreko uhinak digitalizatzea.
Telekomunikazioen iraultzak gure esku jarri du telebista kateen eskaintza geroz eta handiagoa. Hori oso erakargarria da kontsumorako, baina, era berean, erronka kultural izugarri bat da. Izan ere, informazioaren kontsortzio handien menpe dagoen ikus entzunezkoen merkatu globalean toki gutxi dago eduki autoktonoentzat.
Satelitea
aldatuEuskal telebista publikoak, Euskal Telebistak, satelite bidezko nazioarteko emankizunei ekin zion 1997an, bere produktuak satelite digitaleko operatzaile pribatuen zerbitzura jarriz. Lau urte beranduago ETB Satek hitzarmen bat sinatu zuen Canal satelite Digital delakoarekin, Astra satelitearen bidez irekian igortzeko helburuarekin. Horren bidez, Europako 87 milioi etxetara ireki zen.
Hala ere, EITBko nazioarteko zuzendaritzak berehala ulertu zuen Europako eta Ameriketako ikusleak desberdinak zirela beren jatorriari nahiz beren interesei zegokienez: lehenengoak, emigratutako euskaldunak; bigarrenak, euskaldunen ondorengoak, gaztelaniaz hitz egiten dutenak eta euskal errealitateari dagokionez ezagutza eskasa dutenak.
Hori dela eta, berariaz amerikarra zen kate bat abiaraztea komeni zen. Kate hori Canal Vasco da, eta edukiak gaztelaniaz, nahiz euskaraz baina azpitituluekin eskaintzen ditu –funtsean ETBren produkzioak, proportzio aldakorrean.
Hispasat sateliteak, hala nola zenbait kable bidezko enpresak nahiz DTH amerikarrek ETBko seinalea Amerikara igortzen du.
Digitalak
aldatuEspainiako telebistan 1997an bi plataforma digital agertu ziren aldi berean: Canal Satelite Digital eta Vía Digital. Horiek ohiko telebistaren nagusitasunarekin amaitu zuten. TVEk edo Telecincok lehen lortzen zituzten milioika ikusleak, jadanik iraganeko gauza dira.
Joerak adierazten du emankizun digitalek geroz eta publiko hautakorragoa erakarriko dute. Publiko hori ordaintzeko prest dago, ez futbol partida bat edo pelikula bat ikusteagatik soilik, baizik eta gaikako kanaletara sartzeko, halaber, eta, azken finean, aukera handiagoak dituzten telebista bat izateko.
Digitalizazioa da etorkizuna. Hemendik aurrera, uhin hertziarrek lurreko digitalari lekua egingo diote. Ekoizpena, transmisioa eta, azkenik, harrera digitalizatuko da. Horrela, gure etxeetatik telebista analogiko zaharra kendu eta telebista digital berria jartzen dugunean, telebistako nabigazioa jadanik errealitate bat izango da. Eraldaketa tekniko horrek gure esku jarriko ditu irudi banku izugarriak eta ehunka kanal. Arazoa, beraz, produktu horiek eskuratzeko baliabideak edukitzea, eta hautatu ahal izateko eta hautatzen jakiteko gako kulturalak edukitzea izango da.
Web telebistak
aldatuSarean dago www.proyeccion.tv[Betiko hautsitako esteka], 2001eko abendutik, Internet bidez bakarrik igortzen duen lehenengo euskal telebista, Grupo Proyección delakoak babesten du. Enpresa hori Bilbon dago, eta 1994tik komunikazio-aholkularitzara eta ikus-entzunezkoen eta telebista programen ekoizpenera xedatzen da, Bilboko Udalaren menpe dagoen Lan Ekintzaren, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko saileko Beazen laguntzarekin.
Ikus-entzunezko atarirako sarbidea guztiz doakoa da, eta publizitatearen eta enpresa eta erakunde-mundurako zerbitzuen promozioaren bidez finantzatzen da. Promozio hori «on line» nahiz beste euskarrietan ere gauzatzen da: ekitaldi jakinetarako berariazko kanalak, ikus-entzunezko atarien sorkuntza eta mantentze-lan, informazioa ikus entzunezko formatuan enpresa edo erakunde baten orrirako, etab. Izan ere, www.proyeccion.tv[Betiko hautsitako esteka], batez ere, informazioa, eta zehatzago Euskadin sortzen den informazioa, lanerako baliabide bat gehiago bezala erabiltzen duten sektore horiei zerbitzu ematera bideraturik dago.
Atari horren lehenengo bost kanalak dira Berriak, Konferentziak, Turismoa, Bideo-sorkuntza eta Zabalik.
Telebistako edukiak
aldatuInformazioa
aldatuTelebisten informazio-zeregina ez da eguneroko albistegietara mugatzen, zeren eta asteroko albistegietara, erreportajeetara eta ezohiko gertaeretara ere zabaltzen baita: informatibo bereziak, irekiera-ekitaldiak, manifestazio herrikoiak eta kontzentrazioak eta abar. Hala ere, aipatutakoa dela eta, albistegiak dira ahalegin handiena biltzen dutenak.
Errealitatearen irudia sortzea
aldatuTelebistak errealitatearen irudia modelatzeko eta iritziak eratzeko duen boterea izugarria da. Telebistaren aurretik ez da inoiz izan jendearen borondatean sartzeko halako ahalmena duen komunikabiderik. Logikoa da, ondorioz, telebistaren informazioa, bere kontrola, eta tratamendua etengabeko eztabaida sozialaren arrazoi izatea.
Bazkalorduan eta afalorduan, telebista-kate guztiek informazioa eskaintzen digute. Hasi 14:00etatik 16:00etara eta 20:00etatik 22:00etara bitarteko bi orduko bi tarte horiek telebista-enpresek gehien gutiziatzen dituztenetakoak dira, informazioaren nagusitasunak ematen duen boterearen jakitun.
Sofresek Euskadirentzat eman dituen datuen arabera (2002n), ikusle-kopuruek adierazten dute Teleberri-2 eta Telediario-2k ikusle-kuota antzekoa mantentzen zutela, sharearen %22arekin. Telecincoko eta Antena 3eko albistegiak, aldiz, halako distantziara batera geratzen dira, %20 eta %15arekin hurrenez hurren.
Telebisten zeregin informatiboa ez da eguneroko albistegietara mugatzen, asteroko albistegietara, erreportajeetara eta ezohiko gertaeretara ere zabaltzen baita: informatibo bereziak, irekiera-ekitaldiak, manifestazio herrikoiak, kontzentrazioak eta abar. Hala ere, aipatutakoa dela eta, «albistegiak» dira esfortzu tekniko eta gizatiar handiena biltzen dutenak.
Nola informatzen garen, zertaz informatzen gaituzten
aldatuBiztanleriaren ohiturei buruzko inkestek aditzera ematen dute biztanleen %90 inguru nagusiki telebistaren bidez informatzen dela. Irratia entzuten dute %50ek, eta %36k prentsa irakurri ohi dute. Hamar biztanletatik zazpik albistegiak ikusteko ohitura dute, eta horien hiru laurdenak konfiantza asko edo dezente du bistaratzen zaizkien berrietan.
Eroski Fundazioko Consumer aldizkariak 2002an egindako txosten batek jakinarazten zuen kirolak eta politika direla Espainian entzule-kopuru handiena duten albistegietako denboraren %45 okupatzen duten gaiak, bai kate pribatuetan eta baita publikoetan ere.
ETBren kasuan, portzentaje hori oraindik handiagoa da, albistegiek irauten duten denboraren %29a kirolek okupatzen baitute, eta laurden bat politikak. Bitxia da Gaur Egun eta Teleberri izatea gizarte-gaietako albiste gutxien dituzten albistegiak.
Telenavarra RTVEren eskualdeko zentroa da, eta lurralde-izaerako albisteak besterik ez ditu ematen. Kirolak %27a okupatzen du, eta, ondoren, kultura dago, %17rekin, %16 eskasekin geratzen den politikaren kaltetarako.
Zergatik gertatzen da hori? Zeintzuk dira edukiak horiek eta ez beste haiek izatea eragiten duten mekanismoak? Nola hautatzen eta idazten dira telebistako albistegi bateko berriak?
Horrela egiten da albiste bat
aldatuRosa María Martín Sabarís irakasleak Euskal Telebistako kazetaritza-antolamenduari eta albistegien erredakzio-lanari buruzko doktoretza-tesia egin zuen. Atal hau garatzeko haren helburuei jarraituko diegu.
ETBko albisteek produkzioa hiru fasetan gauzatzen da: informazioa biltzea, albisteak hautatzea, eta albisteak lantzea.
- Albisteen bilketa, normalean, pasiboki gauzatzen da, iturrien sare bat hautatuz. Iturri horiek zuzenak izan daitezke, baina gehienak bigarren mailako iturriak izan ohi dira, hala nola, albiste-agentziak, telebistako ekoizpen-etxeak nahiz prentsa-atalak. Erakunde publikoak dira ETBko albisteen %41aren jatorria.
- Ikusleei iritsiko zaien azken aurkibidea zehaztu aurretik, albisteei norabide jakin bat emango dieten erabakiak hartuko dira: agentzia eta ekoizpen-etxe jakin batzuk kontratatzea, erreportariak leku zehatz batzuetara bidaltzea, berriemailetzak ezartzea... Eta, jakina, albistegiaren beraren diseinuan ere eragina izango du kirolen, nazioarteko informazioaren, gizarte-bizitzaren eta abarren artean denbora nola banatu erabaki beharrak.
- Rosa Mª Martin doktoreak bere azterketan azaltzen duenez, albisteen hautaketa oso hierarkizaturik dagoen jarduera da. Jarduera horren gailurrean dago editorea. Horri dagokionez, erredakzioko bilkurak ez dute All the President's Men bezalako filmetan edo Lou Grant bezalako telesailetan ikusi ditugun eztabaida sutsu horien antz askorik
- Lanaren azken fasea da albisteak idaztea. Denbora gutxian asko ekoiztu beharrak, milimetroz milimetro lehendik ezarritako formatura doituz, lana mugatu egiten du: «denbora-murrizketa horrek eta formatuaren beste ezaugarriek lortu duten hegemonia hain da handia, non formatuaren diktaduraz hitz egin genezakeen», aitortzen du espezialistak.
Oro har, euskal telebista publikoan albisteak idazteak, aipatutako ikerketatik ateratzen denetik, kazetaritza grafikoarekin komunak diren balio batzuk hartzen ditu barnean, besteak beste, subjektuaren nagusitasuna, laburtasuna, berritasuna, ikuspen-kalitatea, eta ikuslea albistearekin identifikatzea.
Horrekin batera, telebistako informazioan pixkanakako ikusgaritasun bat atzematen da. Azkenik, ideologia nagusiaren ikuspunturanzko joera nabarmena dago, telebista-proiektuaren helburuen eta bera gidatzen duten erakundeen jarraibideen arabera.
Komunikabide bakoitzaren berezitasunez haraindi, argi dago informazioan ekoizpen-eredu burokratiko bati jarraitzen zaiola. Eredu hori nagusitzen da, gaur egun, titularitate publikoko komunikabide-erredakzioetan.
Kirola, ikuskizunetan nagusi
aldatuKirola eta telebista binomioak ikusle-kopuruaren makinaria oso boteretsu bat eratzen du, arraza nahiz erlijio, hizkuntza edo gizarte klase-desberdintasunen gainetik dagoen pasio unibertsal batekin identifikatzen dena, alegia. Komunikabide honen historian ikusienak izan diren ia espazio guztiak kirol-jarduerak izan direla egiaztatu besterik ez da egin behar hori baieztatzeko.
Zalantzarik gabe, ETB da kirolaren sustatzailerik garrantzitsuena Euskal Herrian. Urteroko egutegia betetzen duten proba askotan ETBko kamerak egongo ez balira, litekeena da proba horiek desagertuak izatea: txirrindulari-lasterketak, krosak, herri-kirolak.
Kirola eta telebista
aldatuKirola eta telebista binomioak ikusle-kopuruaren makinaria oso boteretsu bat eratzen du, arraza nahiz erlijio, hizkuntza edo gizarteko klase-desberdintasunen gainetik dagoen pasio unibertsal batekin identifikatzen dena, alegia. Komunikabide honen historian ikusienak izan diren ia espazio guztiak kirol-jarduerak izan direla egiaztatu besterik ez da egin behar hori baieztatzeko. Ikuskizunetan nagusia da kirola.
Ikuskizuna zuzenean, lehiaketaren zirrara, izarrak jokoan... Goi-mailako lehiaketek beste ezerk ez bezala erakartzen ditu ikusleak.
Hemen, etxean, lehenengo kirol-emankizun garrantzitsua 1982ko apirilaren 25ean Centro Territorial de Televisión Española delakoak Atotxako zelaitik eskaini zuena izan zen. Izan ere, Ligako azken partida jokatzen zen, eta Reala bigarren aldiz jarraian txapeldun izan zen, Athletic futbol-taldeari 2 eta 1 irabazita.
Euskal historiako bigarren futbol jarduera gogoangarria urte eta erdi beranduago iritsi zen, Euskal Telebista jaioberriak San Mamestik Athletic taldearen eta Liverpoolen arteko Europako Kopako partida eskaini zuenean.
Kirol-sustatzaile garrantzitsuena
aldatuHala ere, hasieran, RTVEk nazioarteko kirol-emankizunetan zuen monopolioak sortzen zuen oztopoa gainditu behar izan zuen Euskal Telebistak. Erakundeak, batez ere J.M. Gorordoren etapatik aurrera, kirolaren aldeko apustu tinkoa egin zuen. Horrela, urteetan zehar ETBko parrillako konstanteak izan ziren produktu «lataratuak», eta igande eguerdietako zuzeneko emankizunak eskaintzen hasi ziren.
Zalantzarik gabe, ETB da kirolaren sustatzailerik garrantzitsuena Euskal Herrian.
Urteroko egutegia betetzen duten proba askotan ETBko kamerak egongo ez balira, litekeena da proba horiek desagertzea: txirrindulari-lasterketak, krosak, herri-kirolak... Izan ere, jadanik beteranoa den Kirolez Kirol programaren bidez, ikusleak asteburuetan kirol emankizunak jarraituaz goza dezake.
Azken denboraldietan estatu eremuko telebistak ere aberastu dute kirol-eskaintza deskonexioan.
Kontinente aldetik, France 3 kateak pilota-partidak eskaintzen ditu, modalitate autoktonoan. Isurialde penintsularrean, berriz, Telecincok kontratu bat sinatu zuen liga pilotazale batekin. Horri esker Frontón programa eskain dezake larunbat arratsaldetan, eta partidak ematen ditu Euskal Herria, Nafarroa eta Errioxarako.
Azkenik, Television Españolak, bere bigarren katea bitarteko, futbol nazionalaren kategoria «txiroa», Bigarren maila B, sustatzen du, mailaren eskualdeko banaketa errespetatuz.
Haurrak target
aldatuHaurrak interes mugatuko target-ak dira. Hau da, kontsumitzeko ahalmenik ez duen berariazko ikusleria-segmentu bat da, eta horrexegatik, enpresa iragarleentzat erakargarritasun gutxikoa. Euskal Telebista da haurrei programazio ordu gehien eskaintzen dien telebista europarretako bat. Objektiboki horrela izateaz gain, datuak belaunaldi berrien garapen linguistikoan arreta jartzen duen programazio-filosofia bat erakusten du.
Haurrenganako arreta
aldatuEuskal Telebista da haurrei programazio-ordu gehien eskaintzen dien telebista europarretako bat. Objektiboki horrela izateaz gain, datuak belaunaldi berrien garapen linguistikoan arreta jartzen duen programazio filosofia bat erakusten du.
Termino teknikoetan, haurrak interes mugatuko «target» bat dira. Hau da, kontsumitzeko ahalmenik ez duen berariazko ikusleria segmentu bat da, eta horrexegatik, enpresa iragarleentzat erakargarritasun gutxi dute, Gabonetako garaian izan ezik, jakina. Hori dela eta, telebista kate komertzial gehienek alde batera utzi dute tradizionalki haurrei eskaintzen zaien ordutegia (arratsaldeko 6:00etatik 8:00etara).
ETB1 da salbuespena. Gainerako telebista kateek haurrentzako programazioa asteburu-goizetan kontzentratu dute, baina Euskal Telebistak baino ez die gaztetxoei eskaintzen programazioa ikastolatik irteten diren unerako.
Formatuak bilakaera bat jasan du garaiekin bat eginez: Dotakon (1985), Poli (1987), Teletxip (1988), Bilin Bolonka (1990), Dragoi Bola (1991), Superbat (1993), Betizu (2000).
ETB1en programazio-eskaintzaren laurden bat txikienei zuzentzen zaie.
Gaztetandik eta Don Don Kikilikon izan ziren adin gazteeneko segmentura zuzendutako lehenengo espazioak. Bigarren horretan ekin zion telebista jarduerari irratitik zetorren hirukoteak, Txirri, Mirri eta Txiribitonek. Hirukote horrek hainbat eta hainbat gaztetxo euskalduni eragin dio barrea.
Euskal telebista publikoak haurrentzat egindako zenbait fikzio ekoizpenetan parte hartu du. Horien adibide dira Fernando Amezketarra eta Lazkao Txiki, Juanba Berasategirenak, edo Ipar haizearen erronka, Iñigo Silvaren ekoizpen-etxearen animazioa, Carlos Varelak eta Maite Ruiz de Austrik zuzendurikoa. Azken horrek Houstoneko Festibaleko Urrezko Domina irabazi zuen, 1993an.
Beren imajinazioa eta arriskua dela eta nabarmendu diren haurrentzako beste produkzioen artean eta haur-ekoizpenen antologian azaldu behar duten hauek azpimarratu behar dira: Marrazkil Boss eta Pantxineta, Bernardo Atxagak 1988ko denboraldian idatzitako programa, Obakakoaken autore izango zenak Flanery eta bere astokiloak egin zituen urte berean; eskola arteko Pausoka lehiaketa; edo jadanik Gabonetako klasiko bilakatu den Gontzal Mendibilen Olentzero. Ez dugu ahaztu behar, halaber, Euskaraokea, denbora luzean Euskal Telebistako lehenengo kateko entzuleria-liderra izan baitzen.
Euskal fikzioa
aldatuEuskal fikzioaren etorkizunak bi hauek gogoan hartu beharko lituzke: profesionalak baliabide egokiagoen bidez trebatzea; agian, ikus-entzunezko arteen institutu ofizial batean pentsatzen hasi beharko genuke; eta Euskal Telebistak ekoizpen autoktonoaren aldeko apustua egin beharko luke, benetako elkarrizketa arrazoituko baldintzatan eta ekoizpen-etxeekiko berdintasun-baldintzatan.
Ikus-entzunezko euskal industria baten bila
aldatuLehen ere azaldu da Euskal Telebistak bere sorrerako helburuen artean zuela Euskal Herrian ikus-entzunezko euskal industria bat sortzeko erakunde gisa balio izatea. Xede horren mesedetan sinatu zuen, 1984an, ekoizleekin lankidetza-hitzarmen bat Erakundeak. Hitzarmen horren bidez, hemen ekoitzitako filmen antena-eskubideak eta emankizun-eskubideak eskuratzeko politikaren oinarriak ezarri ziren. Hala ere, hitzarmen hori ez zen inora iritsi.
Horren ordez, ETB eta Eusko Jaurlaritza zuzenean ekoizpenean inplikatu ziren –horri esker egin ziren, besteak beste, Ehun metro, Hamaseigarrenean aidanez eta Zergatik panpox telefilmak–, horrela puntualki zenbait film igortzeko eskubideak erostera mugatuz. Esperientzia hark sektorea lur jota utzi zuen. Izan ere, itxaropen handia –agian gehiegi– zuen ETB euskal zine berriak behar zuen motorra izango zela uste izatean, zinematografia alemaniar edo ingelesarekin aurreko hamarkadetan gertatu zen moduan.
Fikziozko telesailak
aldatuETBk, 1990etik aurrera, telebista formatua zuten fikziozko telesailak, euskaraz nahiz gaztelaniaz, ekoizteari ekin zion. Lehenengo telesailak izan ziren Juntos y revueltos, gaztelaniaz, eta Bi eta bat, euskaraz. Telesail bi horiek «sitcom» edo egoera-komediak ziren. Hori izan zen gero ere genero nagusia, baina ez bakarra. Izan ere, Miramongo estudioetan grabatu ziren, arrakasta handiko eta Goenkale izeneko «kulebroia», gaztelaniazko telesail ugari eta telesail poliziako bat ere: Ertzainak.
Ainhoa Irazu kazetariak ETBko telesailen azterketa sakon bat egin zuen: Telelilura 1990-2000 da Euskal Gidoigileen Elkarteak argitaratutako entseguaren izenburua. Lan horretatik hemen laburtuko ditugun ondorio ugari eta interesgarriak ateratzen dira.
Formatuak, ikus-entzuleak, gaiak
aldatuETBk 1990 eta 2000an 20 telesail ekoiztu zituen: 13 euskaraz, sei gaztelaniaz eta bat mutua. Euskara nagusi izatearen arrazoia da fikzioa bera ETB1eko elementu estrategikotzat hartu izan dela, baina ez dela horrela izan bigarren katean.
Ordu erdiko formatu-astekaria izan da ohikoena, eguneroko telesail zehatzak eta 40 edo 50 minutuko astekariren bat salbu.
Azpimarragarria da euskarazko ikastaro batzuk ikusle kopuru nabarmenak lortu izana: Bi eta bat, Jaun ta Jabe, Goenkale –ia 2000 kapitulu– eta Ertzainak. «Telesail horiek entzule-ikusle kopuru handia lortu dute, bertan euskal umorea eta idiosinkrasia ezin hobeto lotzen baitira gaur eguneko historiekin. Autoreen meritua ahantzi gabe, jakina.» dio Irazuk.
Aitzitik, gaztelaniaz egindako telesailek ez dute zorte bera izan, eta, oro har, telesail horiek izan duten onarpena espero zenaren azpitik egon da beti. Ziur asko, elementu bereizlerik eskaintzen ez zutelako, edo kate espainiar handien homologoekiko eguneroko lehian lehiakorrak ez zirelako.
Telebistan ia dena asmatuta dagoela ulertzen badugu, gehiegi izango litzake gure telebista gaztea alor horretako berrikuntzagatik nabarmentzea espero izatea. Logikoki, gidoilari, zuzendari eta ekoizleek aprendiz-funtzioari heldu diote, fikziozko eredu tradizionaletan oinarrituz. Izan ere, eredu horiek, eraginkorrak izateaz gain, ekoizpen iparramerikarretan eta europarretan behin eta berriz errepikatu dira.
Horregatik, ia euskal telesail guztiak, argumentuari dagokionez, pertsonaia-funtzio berdinaz elikatzen dira: elkarren artean maite eta gorroto diren familiak, neska-mutilak apartamentu batean, landetxe bat bezero pikardatuez betea, ezohiko lehendakari baten bizileku den jauregia, herri arrantzale bat...
Orijinaltasuna ez da nabarmena izan, inolaz ere; baina ekoizpen solido eta nahikoa landuak lortu dira, eta horiei esker euskal fikzioaren etorkizunean itxaropena izan daiteke.
Produkzioa eta bere mugak
aldatuProdukzioaren banaketa nahiko desorekatua izan da. Pausoka telesailen ekoizpen etxea izan da, produkzioaren %30 hartzen duena, besteak beste, Goenkale telesaila, Benta Berri, Hasiberriak eta El Señorío de Larrea eguneroko telesaila eta Gure familia.
Beste %20a Angel Amigoren Igeldo Komunikazioa enpresak egina da: Bi eta Bat, Jaun ta Jabe, Maité eta abar.
Gainerako erdia beste zazpi ekoizpen-etxeren artean banatzen da.
Ez da ia ekoizpen-etxe independenterik sortu, eta koprodukzioak arraroak dira funtsean –kateak diru kopuru bat eta zenbait baliabide uztea negoziatzen du, eta horren truke, enpresa ekoizpen osoaren kargu egiten da– ordezkatutako produkzioak nagusi diren panorama batean. Modalitate horrek ekoizpenaren gaineko ia kontrol osoa, eta bere produkzio gisa kontabilizatzeko eskubidea kateari ematen dio, baina zor administratiborik gabe, eta ekoizpenak berekin ekartzen duen kontrataziorik gabe, aldi berean kostuak pixkanaka merkatzea eragiten duelarik.
Baldintza horietan, ETBren inguruan bezero hornitzaileak hazi egin dira, baina ez izen hori merezi duen ekoizpen industrialeko sare bat.
Banaketan dagoen desorekari epe luzerako plangintza jarraiturik eza gehitu behar zaio. Salbuespenak salbuespen, telesailek osatzeko denbora gutxi izan dute (13 kapitulu), eta horien arrakasta aprobetxatu nahi izan denean, bigarrengo zatiak urte asko pasa ondoren itzuli izan dira telebistara; hori gertatu zen Bi eta bat eta Jaun ta jabe telesailekin.
Jarraitutasuna ekoizpen-etxeen eta profesionalen biziraupenerako funtsezko faktore bat da: aktoreak, gidoilariak, zuzendariak, produktoreak, teknikariak... Oro har antzerki-mundutik datorren jendea da, urteetan zehar ETBn trebatu dena, eta, askotan, ikus-entzunezko industria egonkorrik ez dagoelako estuki bizi dena, edo Madrilera ihes egitera behartuta dagoena. Hala, Espainiako telebista-kateetako kredituetan euskal telesailetatik ezagunak ditugun izen ugari ikus ditzakegu.
Etorkizunerako itxaropenak
aldatu«Etorkizunari dagokionez, bide berriak bilatu behar dira, eta telebistako ateak ireki, ideiak dituzten belaunaldietara. Izan badaude eta dio Telelilura 1990-2000 liburuaren autoreak. Bere iritziz, euskal telebistako fikzioak duen gaitzetako bat da kate espainiarrek egiten dutenarekiko mendekotasun handia. Izan ere, askotan, Espainiako kateetako arrakastak kopiatu nahi izaten dira, baina baliabide egokirik gabe, zeren eta aurrekontu ezak porrotera eraman baititu arrapaladan eta azkarregi egindako zenbait telesail.
«ETBk berak behin baino gehiago aitortu du: hamarkada horretan lehentasuna eman zaio kantitateari, eta ez kalitateari», gogorarazten du Ainhoa Irazuk. Baldintza horietan, urrutitik ere ezin da Espainiako telesailekin lehiatu.
Euskal fikzioaren etorkizunak bi hauek bere egin behar ditu: profesionalak baliabide egokiagoen bidez trebatzea, agian ikus-entzunezko arteen institutu ofizial batean pentsatzen hasi beharko genuke, eta Euskal Telebistak produkzio autoktonoaren aldeko apustua egin, benetako elkarrizketa arrazoituko baldintzatan eta ekoizpen-etxeekiko berdintasun-baldintzetan.
Entrenimendua eta zerbait gehiago
aldatu«Telebistaren negozioa publizitate-bloke baten eta beste baten artean jendea entretenituta edukitzea da». Telebistaren definizio ziniko hori, telebista-agintari ugariri ematen zaiona, komertzializazio gordinenari jarraitzen dio.
Hala ere, zerbitzu publikoko kateentzat gauzak desberdinak dira –edo desberdinak izan beharko lukete–, izan ere, publizitatea, beharrezkoa izateaz gain, aberasgarria ere bada, eta entretenimendua, gaur egun maila goreneko xede dena, programazio-parrilla bat osatu beharko luketen beste osagai anitzetako bat besterik ez da.
Programazio elementuetako bat
aldatu«Telebistaren negozioa publizitate-bloke baten eta beste baten artean jendea entretenituta edukitzea da». Telebistaren definizio ziniko hori, telebista-agintari ugariri ematen zaiona, komertzializazio gordinenari jarraitzen dio. Hala ere, zerbitzu publikoko kateentzat gauzak desberdinak dira –edo desberdinak izan beharko lukete–, izan ere, publizitatea, beharrezkoa izateaz gain, aberasgarria ere bada, eta entretenimendua, gaur egun maila goreneko xede dena, programazio-parrilla bat osatu beharko luketen beste osagai anitzetako bat besterik ez da.
Sakon ez bada ere, ondoren telebistako entretenimendu genero-nagusiak errepasatuko ditugu:
Aniztasunak
aldatuEntretenimendua. Aniztasunen programa bat, ikuspuntu klasikotik, musika eta umore emanaldien eta, agian, elkarrizketa motz baten edo lehiaketa baten jokotik jaiotzen da.
Espainian, aniztasunen maisua Valerio Lazarov izan zen, hirurogeita hamarreko hamarkadan.
Egun, José Luis Morenok merezi du txapela. ETBn egin zen famatu, Entre amigos (1988) programarekin. Euskaraz formula bat baino gehiagorekin gauzatu dira saiakerak: Funtzioa (1989) edo Herriko Plazan (1991).
Lehiaketak
aldatuLehiaketa doitasun handiko programa bat da, baina abantaila bat du: behin abiarazi ondoren, funtzionatzen badu, ikusleak fidelak izan ohi dira.
Espainiako lehiaketa-arketipoa Un, dos, tres... responda otra vez izan zen.
ETBk Rompecabezotas lehiaketarekin asmatu zuen –euskarazko bertsioa, Kili Kolo–. Programa hori denboraldi ugaritan egon zen antenan.
Azkenaldian Date el bote programa funtzionatzen ari da.
Gastronomia
aldatuGurea bezalako kultura gastronomiko bikaina duen herrialde batetik ezinbestean atera behar zuten sukaldari komunikatzaileak.
ETB Zopa haundi programarekin hasi zen, 1984an, eta Urrezko Antena lortu zuen. Handik bost urtera Karlos Arguiñano estreinatu zen. Beasaindarra 1991n TVEra joan zenean, Pedro Subijanak okupatu zuen haren lekua.
Dokumentalak
aldatuAzken urteetan birbalioztatu egin dira. Dokumentalen generoak ikusgarritasunean irabazi du, agian aukera didaktiko eta sentikortzaileen kaltetan. Kate orokorrek geografia eta natur zientziei buruzko talka duten dokumentalen aldeko apustua egiten dute. Aldi berean, eduki historiko, antropologiko, sozial edo kulturala duten dokumental horiek ordainpeko kanaletan babesten dira, edo tokiko telebistetako tarte hutsak betetzen dituzte.
ETBk ekoitzitako dokumental nabarmenak: La Guerra civil en Euskadi, La Transición en Euskadi (historikoak); National Geographic, Lau haizeetara/La mirada mágica (natura); Sustraia, Gure Lanbide Zaharrak/Oficios tradicionales (etnografía eta bizitza tradizionala); Cómic 9º Arte (1989an New Yorkeko Zine eta Telebista Festibalean saritutako telesaila), Creadores vascos (arteak).
Umorea
aldatuEuskaldunok ba al dugu umore-senik ? Galdera horri, euskal telebistak, erantzun anbiguoak eman dizkio. Izan ere, umoreak, kalitateko umoreak, arriskua eta lotsagabekeria apur bat berekin dakartza. Txoko latexen sortzaileek 1993an izan zutena. Txoko latex izan zen panpina parodiko britainiar batzuen bertsio euskalduna –tamalez, labe politikoa ez zegoen ezertarako, ezta Txoko latexerako ere.
Etorria azaldu zuten, halaber, Lourvier´s taldekoek –¿Qué pasa pues?, Louvier´s express. Horiei esker, gure buruaz barre egiten ikasi genuen.
Konplikazioak saihesteko, eta sentikortasunak ez zauritzeko, beti ondo dator Mr. Bean bat eskura edukitzea. Edo txisteen programa bat: umorearen zero gradua.
Abentura eta bidaiak
aldatuBidaiatzen duten ikusleez pentsatzen, 1987an Miramonera Alberto Oliveras ekarri zen, El club de la aventura aurkez zezan. Hori ahantzi egin genuen Roge Blascok Dr. Livingstone, supongo delakoarekin topatu zen unetik aurrera. Blascok telebista eta irratia bidaiak irudikatzeko eta amesteko makina bikain bilakatu zituen.
Talk show
aldatuBi milatako genero izarra. Formula honoko hau da: 10 minutuko gloria eman pertsona guztiz arruntei, hain arruntak ez direla demostra dezaten. Nire emaztearen kontura bizi naiz; Sexuz aldatzearekin amesten du; Gaztetxoak atsegin ditut; Ama, barkatu; Ni ludopata izan naiz;...
Gai horietako edozein sakontasun eta kazetaritza-zorroztasunez lantzeko aukera egongo balitz ere, normalena da talk-showak entzuleria erraza eta umore lodia bilatzea.
Esta es mi gente, ETB 2ko talk-show bertsioa, aurkezle harrobi gisa funtzionatu du (Patricia Gaztañaga, Emma García).
Prentsa arrosa
aldatuTelebista pribatuek eragin patetikoak izaten dituzten gauzen mordoak ekarri zituzten. Kate publikoak, denbora batean, erresistentzia egin zuten, baina bata bestearen ondoren sukar arrosa sufritzen amaitu zuten.
ETBn, 1996. urtean Lo que faltaba jaio zen. Hasiera batean, bazkalondoko espazio labur bat zen, eta Txetxu Ugaldek eta Yolanda Alzolak beren txikikeriez hitz egiten zuten bertan. Baina shareek gora egin zuten, eta programa katearen bandera-ontzi bilakatzera iritsi zen.
Late night
aldatuGaua iristean, familia lotara doa, eta telebistaren aurrean gaupasazaleak baino ez dira geratzen. Horientzat asmatu ziren late-night direlakoak. Probokatzailea, morbosoa, eta «kaletik hurbila» den oro sartzen da programa horietan.
Pepe Navarroren boomaren ondoren (Hoy cruzamos el Mississippi), laurogeita hamarreko hamarkadan, ETB 1ek Iñaki Beraetxe eta Klaudio Landa bildu zituen Kale gorria programan. Programa hori proba bat izan zen, ondoren, 1999an, Sorginen laratza publiko gaztearentzako ordutegian lehentasunezko postuetara igotzeko.
Kultura
aldatuKate pribatuek zokoratu egin badute ere, kultura telebista-etxe publikoetako ordutegi arraroenetan babestu da. Hala ere, geure burua zoriondu behar dugu, euskal telebistan berariaz arte eszenikoetara xedatutako programa bat dugulako: Hau komeria/Desde el gallinero (Donostiako Txema Zubia Saria, 2002).
Lekukotasun soziala
aldatuIrabazi asmorik gabeko telebistek bakarrik bete dezaketen beste gabezietako bat: indibidualki nahiz kolektiboki eragiten diguten arazoei buruzko sentsibilizazioa, morboa edo ikuskizun erraza bilatu gabe. Tamalez, halako ekoizpen-motak geroz eta arraroagoak dira parrillan: Detrás del sirimiri, Factor humano, Ciudadanos.
Bizitza praktikoa
aldatuBi ekoizpen-etxe euskaldunek merezitako ospea irabazi dute Estatuan etxeko utilitarismoari buruzko programak direla eta. Gipuzkoako Asegarce, Bricomaníarekin, eta Bizkaiko Keinu, La Botica de la Abuelarekin, kalitateko bi emaitza izan dira. Hain izan da ona izan duten harrera, pantaila txikiaren mugak gainditu egin direla, liburu, aldizkari, kontsumo-ekoizpen eta abarretara hedatuz
Euskara eta euskal kultura
aldatuEuskarak, milaka urteko hizkuntzak, gizadiaren ondare denak, pribatua denaren eta pribatiboa denaren kultutik elikatzen denak, ez zuen komunikabide modernoen bidez proiektatzeko aukerarik izan ETB jaio zen arte. Logikoa da, ondorioz, horrek sortu zuen harridura. Nahiz eta harridura hori bera –inolaz ere ez erdeinagarria– izan zen duela bi hamarkada baino gehiago sortu zen katearen xarmaren osagai.
Euskara telebistaren plazara irteten da
aldatu...eta Jainkoak euskaraz hitz egin zuen. «Miraria» 1983ko martxoaren 21eko gauean gertatu zen. Gau hartan izan zen ETBren lehenengo emankizun zinematografikoa: Il Vangelo secondo Matteo, Pier Paolo Pasolinirena. Erabaki ezin hobea.
Belaunaldi gazteenei amonaren kontua dela irudituko zaie, baina gertatu zen bezala kontatu behar zaie: jende askori kosta egin zitzaion onartzea, esaterako, sioux indioak, Bronxeko beltzak, Humphrey Bogart eta Bette Davis aktoreak, edo JR bera, Dallaseko texastarra, Axularren hizkuntzan hitz egiten entzutea, Idiazabalgo gaztaz, Nafarroako zainzuriz edo Lautadako patataz hazi izan balira izango luketen kalitate eta intonazio berarekin.
Izan ere, euskarak, milaka urteko hizkuntzak, gizadiaren ondare denak, pribatua denaren eta pribatiboa denaren kultutik elikatzen denak, ez zuen komunikabide modernoen bidez proiektatzeko aukerarik izan ETB jaio zen arte. Logikoa da, ondorioz, horrek sortu zuen harridura. Nahiz eta harridura hori bera –inolaz ere ez erdeinagarria– izan zen duela bi hamarkada baino gehiago sortu zen katearen xarmaren osagai.
Euskararen zerbitura
aldatuEuskal telebistak, lehen ere esan dugu, jatorrian justifikazio linguistiko bat izan zuen, batez ere. Euskara salbatu behar zen. Eta eduki zezakeen salbabiderik eraginkorrena, XX. mende bete-betean, komunikabide publiko boteretsuak erabiltzea zen.
Aldi berean, Euskal Telebistak euskalkiak bateratzea bultzatu behar zuen, hau da, euskara batuaren lan konplexua. Ez zen erraza izan. «Nire amonak bizi osoan euskaraz hitz egin du, eta orain ez ditu telebistako albisteak ulertu ere egiten», esan ohi zen.
Eskaintzaren eta eskariaren legean arreta
aldatuLaurogeiko hamarkadan, soilik hizkuntzan oinarritzen zen telebista-eredua krisian erori zen. Telebista bat abiarazteko helburua hasieran kultura izatea pozgarria izan bazen ere, denborarekin ezinbesteko bilakatu zen ikusleak erakartzea. Izan ere, 625 marren gainean lan egiten duen enpresa ororen egunerokoa da behar hori. Orduan zuzendari nagusi zen Jose Maria Gorordok zalaparta handia eragin zuen esaldi batean laburtu zuen: «ETBk ez du euskaltegi-bokazioa». Bi hilabete beranduago kate erdalduna sortu zen, eta hura izan zen horren sorreraren aurretiazko justifikazioa. Paradoxikoki, horrek eragin positiboak izan zituen eraginkortasun linguistikoan.
Eskaintzaren egokitzapena
aldatuBaina ETBk, hala ere, sortu zenean hartu zuen helburuari eutsi dio, hots, «euskal kulturaren sustapena eta hedapena, betiere euskararen sustapena eta garapena aurrean edukiz».
Bertsolaritza, mundu tradizionala, adierazpen artistikoak, historia, lana, zientzia, kultura fisikoa... horiek guztiak sartzen dira pantaila txikian. Euskal gizartearen adierazpenak, neurri askoz ere txikiagoan, Espainiako telebista publikoan ere jasotzen dira, nahiz eta euskarak presentzia marjinala duen. Hala ere, aniztasun handiago baten mesedetan, ona izango litzake RTVEk Euskadin eta Nafarroan emankizunak euskaraz igortzea. Euskara euskaldun guztien hizkuntza eta Estatuarentzako ondare kultural oso baliagarria dela dioen uste zintzoan.
Telebistako jendea: Hego Euskal Herrian telebistaz gehien ikusten diren aurpegiak
aldatuIzen bereziak, aurpegi besterenezinak:
Andoni Aizpuru, Alfredo Amestoy, Karlos Arguiñano, Xabier Euzkitze, Iñaki Gabilondo, Ramon García, Anne Igartiburu, Jose Maria Iñigo, Mikel Lejarza, Antonio Mercero, Eneko Olasagasti, Carlos Zabala, Edurne Ormazabal, Iñaki Perurena, Carlos Sobera, Txirri, Mirri eta Txiribiton, Antxon Urrosolo.
Andoni Aizpuru
aldatuAndoni Aizpuru (Gabiria, 1964) irakasle-ikasketak egin zituen eta zenbait ikasturtetan zehar irakasle jardun zuen, eta aldi berean egunkari eta aldizkari desberdinetarako artikuluak idazten zituen. Baina, 1992an ETB1eko «eguraldi-gizon» bilakatu zen. Komunikatzeko zuen gaitasuna zela eta, eguerdietako albistegi labur bat eskaini zitzaion, Gaur egun Eukal Herria. Orduan eman zitzaion konfiantza hori berretsi egin zen 1994-95 denboraldian, Maddalen Iriarterekin batera Euskadi Zuzenean magazina aurkezteko aukera izan zuenean. Euskadi Zuzenean eguerdiko albistegiaren osagarri, tokiko informazioa eskaintzen zuen programa bat zen. 1995eko irailetik Bertatik Bertara eguneroko programa darama, ETBko euskarazko espazio ikusiena. Andonik izen horrekin bataiatu zuen, eta zenbait denboralditan ezin hobeki zuzendu eta aurkeztu du. Horrela, gertuko komunikatzaile atsegin, arin eta trebea dela berretsi da. Andonik, dagoeneko jarraitzaile ugari ditu.
Alfredo Amestoy
aldatuAlfredo Amestoy (Bilbo, 1941) kazetari bilbotarra, Espainian eta Estatu Batuetan trebatua, El Caso, La Codorniz eta Garbo, hala nola ABC aldizkarietan artikulu-idazle gisa hasi zen. Irratira etorri zen 1961n, eta urtebete beranduago Espainiako Telebistan sartu zen. Bertan bi hamarkada egin zituen.
Sortzaile arriskatua, berritzailea, eta ez beti ulertua; orijinaltasunak eta Espainiako gizartearekiko gaitasun kritikoak zehaztutako programak eratu zituen. Eta hori telebista lau eta moldaerrazaren garaian. Arrakasta handienetako bat La vida programarekin lortu zuen. Horren ondoren beste programa batzuk egin zituen: Nosotros (1968), Salud, dinero y amor (1969), Tele Club (1969 1970), Y ellos se juntan (1970), España, de costa a costa (1970 1971), El día de mañana (1972), Contrarreloj (1972 1973), Treinta y cinco millones de españoles (1975) eta La España de los Botejara (1976). Azken hori, bere anaia Ignacio Amestoyrekin batera egin zuen. Inazio Amestoy Espainiako dramaturgo sendenetako bat da. La verdad de... programak pertsonaia ospetsuen biografiak eskaintzen zituen. Vivir para ver (1977-1978) programarekin ordu arte Espainiako Telebistako programa batek lortutako ikusle kopuru handiena lortu zuen.
Kate publikoa 1983an utzi eta Miamira joan zen. Han musika-programak, aniztasunak eta Mi amo telesaila egin zituen. Publizitate-sortzaile ere jardun zuen. Laurogeita hamarreko hamarkadan telebista-kate pribatuekin lankidetzan aritu zen, lehendabizi Antena 3en, eta ondoren Telecincon. Alfredo Amestoy idatziak dira El reportero, Ultimas voluntades eta Perritos calientes liburuak, eta El partido antzezlanak.
Karlos Arguiñano
aldatuKarlos Arguiñano (Beasain, 1948) familiako beharrak bultzatuta, zartagina hartu eta sukaldeko sekretuetan barrena egin behar izan zuen. Gustukoa egin zitzaion, eta 17 urterekin Zarauzko Euromar Hoteleko Ostalaritza-eskolan izena eman zuen. Ekimen handiko gizona da, izaeraz lehiatsua, eta bere jatetxe propioa sortzeko irrika zuen. Huraxe gauzatzea lortu zuen, azkenik, 1978an.
Telebistan 1988an estreinatu zen, Hamalau Euskal Sukaldari programarekin, ETBko lehenengo katean. Handik bi urtera ETB2ra egin zuen jauzi, Menú del día programarekin. Handik gutxira, Madrilgo «ikuskatzaileek» sukaldari euskalduna fitxatu zuten. Karlos Arguiñanok jario handiko talentua eta etxeko sukaldaritza zaporetsu baten ikuspegi jakituna azaldu zuen. Estatuko telebistarentzat El menú de cada día egin zuen 1992an, eta 1997an Telecincora pasa zen.
Karlos Argiñano telebistako fenomeno bilakatu zen Argentinan ere, Buenos Airesko Canal 13 telebista-katearen bidez. Etxera bueltan, ETB 1ean tokitxo bat izan zuen, eta, berriro ere, RTVEk fitxatu zuen, emaitza bera lortuz: La cocina de Karlos Arguiñano apal-apal hasi zen La 2eko eguerditan, eta ikusle-kopuru bikainik ez zuela ikusirik lehenengo katera pasa zen. Gaur egun ikuslego fidel bat du bertan.
Karlos Arguiñano, gainera, zine eta telebistako produktorea da. Bere enpresak, Asegarce Zinema, bi pelikula ekoitzi ditu, eta horietan aktore-lanean parte hartu du: Airbag eta Año Mariano lanetan. Telebistan, berea da Bricomania programa.
Sukaldaritzako liburu ugari argitaratu ditu. Horien artean La cocina divertida, 1069 recetas eta Cocina en la Argentina nabarmenenak.
Xabier Euzkitze
aldatuXabier Euzkitze (Azpeitia, 1966) askogatik, euskal telebistako pertsonaiarik poliedrikoena da Xabier Euzkitze. Euskadi Irratian hasi zen kirol-esatari lanetan, eta 1987an telebistan sartu zen, pilota-partidei ahotsa jartzeko xedearekin. Bederatzi urtetan zehar lehenengo kateko gaueko albistegietako aurpegia izan zen. Sorginen Laratza late-nighta aurkezten zuen 1999tik.
Bertsolaria, kanta-idazlea eta abeslaria, kirol-esataria,... eta beste hainbat. Ama orok nahiko lukeen suhia, mutil zintzo aurpegiarekin eta ezpain artean euskara inbidiagarri batekin. Xabier nahi gabe ere konbentzitzen eta seduzitzen duen aurpegi horietako bat da. Zalantzarik gabe, Txoriaren kateko balio indartsuenetako bat da.
Iñaki Gabilondo
aldatuIñaki Gabilondo (Donostia, 1942) Espainiako kazetaririk ohoratuena Iruñeko Eskolan lizentziatu zen Kazetaritzan. Donostiako Herri Irratiko (COPE), Cadena SEReko Radio San Sebastianeko, eta Sevillako irrati homologatuko zuzendaria izan zen. Kateko-informazio zerbitzuen zuzendaritza 1980an lortu zuen.
Telebista Iñaki Gabilondoren bizitzan gurutzatu zen 1981ean, arrakastarik izan ez zuen 23-Fko estatu-kolpea gertatu zen urte berean. TVEko albistegien zuzendari, donostiarrak egiazko ahots bat eta sosegua eskaini zuen zalantzaz beteriko gau luze hartan. Espainiako telebistaren historiako orrialde ahantzezin bat da.
Gabilondok telebistan jarraitu zuen, eta En Familia (TVE), Iñaki los jueves (Euskal Telebistan telebista autonomikoen federazioarentzat), Gente de Primera (TVE), eta lanbide orientaziorako Tú decides (autonomikoak) programa aurkeztu zituen. Gainera, 1996an Telecincoko Las Noticias albistegian elkarrizketak egin zituen. Iñaki Gabilondo Radio Television 16-Grupo 16 delakoaren zuzendari orokorra izan zen.
Hoy por Hoy goizetako magazinea zuzentzen du 1986tik aurrera Cadena SER katean. Saio hori, zalantzarik gabe, Espainiako irratiko entzuleria-liderra da.
Ramón García
aldatuRamón García (Bilbo, 1961) bere gurasoek diskoteka bat zuten Sodupen, Bilbotik gertu. Ramonek diskoteka hartan eman zituen jendaurreko lehenengo urratsak: disc-jockey, zerbitzaria, festa-animatzailea, lehiaketetako zeremonia maisu, aurkezle... Hazkuntza naturaleko prozesu batean, disc-jockeyaren kabinatik 40 Principaleseko estudioetara pasa zen, eta dantzalekutik telebistako platora.
Kamera aurreko lehenengo lan garrantzitsua Tal para cual izan zen, 1989an, ETB 2an. Kate horretara itzuli zen handik bost urtera El desafio de los dioses programarekin. Euskadi Irratia utzi gabe, 1990an Antena 3era joan zen La ruleta de la fortuna aurkeztera. Hurrengo urtean, berriz, Television Españolaren orbitan sartu zen, bi proiekturekin: No te rias que es peor eta Ahora o nunca magazinera.
Ramón Garcíak aldabada eman zuen 1993an ¿Qué apostamos?[[]] programarekin. Programa horrek bost denboraldi egin zituen pantailan. La Llamada de la suerte, Todo en familia, Grand Prix, El Gladiador, Gabonetako ongintzako galak edo Urtezahar gaueko kanpaiak izan dira bilbotarraren beste lanak. Horrela, Ramon Garcia Joaquín Prats ospetsuaren ondorengoa izan zen, lehiaketen aurkezpenetan.
Anne Igartiburu
aldatuAnne Igartiburu (Elorrio, 1969) Enpresen Kudeaketako ikasketak egin zituen, eta ingeniaritza-enpresa batean jardun zuen lanean. Tokiko telebista-kate batean, Arrasate Telebistan, aritu zen 1991n, programen ekoizle, zuzendari eta aurkezle-lanetan. Han, berak aitortzen duen bezala, telebista zer zen ikasi zuen, behe-behetik. Urtezahar gauean hasi zen ETBn, 1993an, Hau ez da serioa festa-saioan. Fikzioko lehenengo lana Amaren etxea (1994) telesail zorigabea izan zen. Hala ere, arantza hura handik hiru urtera atera ahal izan zuen Gure familia eta beste piztia batzuk telesailarekin.
Miramongo estudioetan hainbat ekoizpen-funtzio garatu zituen, eta beranduago Boulevar saioa aurkeztu zuen. Programa hura nazioarteko pertsonaiei egiten zitzaizkien elkarrizketetan oinarritzen zen eta Carlos Sobera zen gidoilaria. Madrilera joan zen 1994an, Telecincora. Zenbait gala aurkeztu zituen, Una pareja feliz programarekin ospetsu bilakatu zen arte. Programa hartan abestu, dantzatu eta aurkeztu egiten zuen.
Anne aktore gisa trebatua dago, eta hori nabarmen geratu da, besteak beste, Adiós Tiburón, Suerte eta Menos que cero filmetan. Azken bi horiek Ernesto Telleria zuzendari euskaldunarenak dira. Antzerkian ere jarduna da: Odio a Hamlet eta Educando a Rita.
Lehiaketak, entretenimendua, galak eta programa kulturalak aurkeztu ondoren, Annek egonkortasun solido bat aurkitu du prentsa arrosako eguneroko magazin batean, hots, TVEko lehenengo kateko Corazón programan.
Anne Igartibururen karrera hasi besterik ez da egin.
José María Iñigo
aldatuJosé María Iñigo (Bilbo, 1942) Espainiako telebistako «modernoa», eta errege katodiko baten antzekoa. Iñigo hizkuntzak ikastera emana zen eta uneko pop musika oso gogoko zuen mutil bilbotar bat zen. Bere hirian irratia egiten hasi zen, egungo irrati-formulen modura. Handik Londresera joan zen, eta ondoren Radio Madrid izeneko irrati-katean hasi zen. Pedro Olea lagun eta herrikideak UHFn (bigarren katean) telebista-programa bat egitea proposatu zion 1968an: Ultimo grito. Musika-taldeak eta estetika sikodelikoa. Han beste euskaldun bikain bat ere bazebilen: Ivan Zulueta. Berak, ondoren, Un, dos, tres... al escondite inglés luzemetraian atera zuen Iñigo. Popetik urrundu gabe, handik gutxira Pilar Mirók Ritmo 70 aurkezteko deitu zion.
Baina bere karrerako, eta telebista espainiarraren historiako unerik garrantzitsuena Estudio abierto programarekin iritsi zen. TVEko programarik arrakastatsuenetako bat izan zen. Gainera, iraupen luzea izan zuen: ia hamar urte. Iñigo berak kontatzen duenez, mundu osoko famatuak Madrilera pezeta bat ere kobratu gabe etortzeko konbentzitzea zen formula. Bidaia, egonaldia eta Pradoko Museoan paseo bat besterik ez. Meritua, ondorioz, produkzio-ekipoak konbentzitzeko zuen ahalmenean zegoen. Estudio abiertotik hiru mila famatu baino gehiago pasa ziren. Hala ere, espazio horren memoria Uri Gellerri lotuta dago. Izan ere, fenomeno paranormal horrek Espainia erdia bere adimenarekin koilarak tolesten eta erlojuak konpontzen hastea eragin zuen. Álex de la Iglesiaren Muertos de risa filmean parodiatzen den une historikoa. Programak ozeanoa gainditu zuen, eta Iñigo astero joaten zen Puerto Ricora Estudio 2 grabatzera.
Formula bera, jadanik lehenengo katean, Hoy 14-15 izenarekin ezagutu zen, eta arrakasta berretsi egin zen. Directisimo (1975) programak aurrekoekin izan zuen berezitasun bakarra zen produkzioa askoz ere garrantzitsuagoa zela, eta gonbidatuei ordaintzeko dirua bazegoela. Esta noche...Fiesta programa estreinatu zen, 1976ko azaroan. Programa hori Madrilgo El Retiroko dantzaleku batetik ematen zen zuzenean. Iñigok telebista kosmopolita, fresko eta ireki bat egin zuen, komunikatzaile bikainaren dohainak ahalik eta gehien aprobetxatuz.
Euskal Telebistara iritsi zenean, 1986ko urrian, kate erdalduna ez zen guztiz onartu oraindik. Aste gutxitan, Iñigo en directo bi kateetan ikusle-kopuru gehien zuen programa bilakatu zen.
Duela gutxi (2003), berriro kameren aurrean jarri zen umore programa batean kolaboratzaile: El show de Flo.
Mikel Lejarza
aldatuMikel Lejarza Ortiz (Bilbo, 1956) Mikel Lejarza euskal irratian hasi zen eta ETBko albistegietara iritsi zen, Josu Ortuondoren agintaldian. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean Telecincok fitxatu zuen. Horrela, Telecincoko zuzendari nagusi izan zen. Neurri batean, Lejarza izan zen Berlusconi handikiaren katea eraldatzea ahalbidetu zuena. Izan ere, Telecinco kate komertzial eta sinplea izatetik jendeak gehien balioesten zuen eta informazioari dagokionez interesgarriena den kate bilakatu zen.
Lejarzak Gestevision Telecincoko zuzendaritza nagusia utzi zuen, Grupo Correoren ordezkapenean kide aholkulari moduan Grupo Arbol delakoan sartzeko. Talde horrek, besteak beste, Globomedia ekoizpen-etxea –azken garaietako arrakasta handienetako batzuen sortzailea– eta GECA kontsultora enpresak ditu barruan.
Lejarza, halaber, La extraña temporada liburuaren egilea da. Lan horretan aztertzen ditu teknologia berriekin, berehalako etorkizunean, Internet eta telebistaren arteko topaketa bideratuko duten aldaketak.
Antonio Mercero
aldatuAntonio Mercero (Lasarte-Oria, 1936) Maisuen maisu eta telebistako sortzaile bikaina, Antonio Mercero «fikzioaren eremuan arrakastaren eta kalitatearen sinonimoa da». Hori da, 2002an, Telebistaren zientzien eta Arteen Akademiak, «pantaila txikian egindako ibilbide luzea» dela eta, Bizi Oso Baten saria eman zionean esan zena.
Zinematografiako Eskola Ofizialean zuzendaritzan titulatu zen 1962an. Urte berean, Donostiako Zinemaldian film labur hoberenari eman zitzaion Urrezko Maskorra, eta Kantauriko Perla Saria eskuratu zituen Leccion de Arte lanagatik. Bere lehenen film laburra zuzendu zuen. 1963an, Se necesita chico. NO-DOtik, hirurogeita hamarreko hamarkadan hasi zen Espainiako telebistarentzai errealizazioak egiten. Cronicas de un pueblo (1971) delakoarekin iritsi zen lehenengo arrakasta. Hurrengo urtean, mundu osoan ospea eman zion La cabina (1972) telefilma egin zuen. Horri esker Estatu Batuetako Telebistaren Akademiaren Emmy bat eskuratu zuen. Ondoren telesail arrakastatsuak egin zituen, besteak beste, Ese señor de negro, Verano azul, Farmacia de Guardia eta Turno de oficio. Telesail horiek, publikoaz gain kritika ere alde izatea lortu zuten. Telebistarako azken lana La habitación blanca (2001) izan zen.
Antonio Mercero Telebistaren Akademiako lehendakaria izan zen 1998 eta 2000 bitartean.
Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala
aldatuEneko Olasagasti (Donostia, 1960) eta Carlos Zabala (Donostia, 1962) Euskal fikzioaren arrakasta handietako zenbait zor diogu sortzaile-tandem horri. Antzertin, Eusko Jaurlaritzako antzerki-eskola ofizialean, trebatu ziren. Antzerkian hasi ziren antzezle eta zuzendari gisa, telebistako ateak ireki zitzaizkien arte. La traka umore-programarekin estreinatu ziren 1987an. Hau da A.U. egin zuten, 1990ean. Lan horretan, Eneko zuzendari artistikoa izan zen. Fama eta ospe profesional handiena Bi eta Bat sitcomarekin (egoera-komedia) lortu zuten 1991n. Telesail horretako protagonistak Elena Irureta, Jose Ramon Soroiz, alias Jose Lontxo, eta Ane Gabarain ziren. Antzeko egitura zuen Jaun ta Jabe telesailak; lehendakari-sukaldari baten gorabeherak. Pantaila handian prestazio bikainak eskaini zituzten Maite filmarekin. Film hori, ondoren, telesail-formatura egokitu zen. Tentazioa ekoizpen-etxearekin, 1999an, polizia-telesail handinahi bat sortu zuten, Ertzainak. Ikusle kopuru-onak bazituen ere, ez zuen aurrera egin ekoizpen-arazoak zirela eta.
Edurne Ormazabal
aldatuEdurne Ormazabal (Tolosa, 1963) psikologo izan behar zuen, baina zortea –Josetxo Lizartza kazetarian pertsonifikatuta– bere bidean gurutzatu zen, eta ikus-entzunezko kazetaritzara biderarazi zuen. Dotoretasun naturaleko emakumea, komunikatzaile ona eta poliglota, Edurne 1997an, Katu kale izeneko musika-programan ikusi genuen lehenengoz. Ondoren Antena 3 irratian egon zen, eta Euskadi Gazteak, erakundeko irrati-kate gazteak, tentatu zuen. Gaur egun irrati-kate hori koordinatzen du. Horrek, hala ere, ez dio eragotzi ETB 1eko aurpegi ohikoenetako bat izaten jarraitzea, askotan zinematografia eta kultura-gaietara lotua, adibidez, Nazioarteko Donostiako Zinemaldikoa galak aurkezten.
Iñaki Perurena
aldatuIñaki Perurena (Leitza, 1956) komunikabideetako kirolaria eta langile handia. Harakina, poeta eta harri-jasotzailea. Ez zait bururatzen Iñaki Perurena definitzeko hitz hoberik. Harri-jasotzaile nafarrak, bere espezialitatean, izerdi, lan eta sakrifizio askoren bidez, inork inoiz amestu ez zituen markak lortu zituen. Gizatasun handi horrekin, Iñakik publikoen sinpatia lortu zuen, eta kirol aktibotik erretiratu ondoren telebistan programa-aurkezle sartu zen (Herriko plazan, Piratak). Ondoren Goenkale ihartezinean jardun du. Agian ez da showman bat, ezta aktore bikain bat ere, baina ez du horren beharrik ere: nahikoa du bere onestasunarekin eta sinpletasunarekin publiko zabalarekin konektatzeko.
Carlos Sobera
aldatuCarlos Sobera (Barakaldo, 1960) zuzenbideko irakasle izan zen Deustun, baina berea zinea, eszena eta telebista da. Horregatik, zortea probatzea erabaki zuen eta ondo atera zitzaion, bidea erraza ez bada izan ere.
Hastapenak ETB 1ean egin zituen, Boulevard programan. Telebista Galiziarrari saldu zitzaion programa bat asmatu zuen, La Familia Mudanza izenekoa. ETB 2an jarri zen lehendabizikoz kameren aurrean, Ciudadanos programaren aurkezle «sozial» gisa. Arde la tarde izenarekin arratsaldetan ematen zen magazinak ez zuen arrakastarik izan, baina K-2000 euskal ekoizpen-etxearekin, TVEren bidez, PC Adictos programa berritzailea atera zuen.
Carlos Sobera telebistako aurpegi famatuenetariko bat da Telecincon 50x15 aurkeztu zuenetik. Izan ere, lehiaketa horrek, hemen, telebista-mundu osoan bezala, arrakasta bikaina izan zuen. ETB 2ko beste lehiaketa bat aurkezteak, Date el bote, ikusle-kopuruak gora egitea eragin zuen.
Aktore-lanak egin ditu zinean (Rigor mortis, Lo peor de cada casa), eta Al salir de clase, Quítate tú pa ponerme yo (Telecinco), eta El Señorío de Larrea (ETB) telesailetan, eta antzerkian.
Txirri, Mirri eta Txiribiton
aldatu«Piter» Ansorena, Xabier Otaegi eta Txema Vitoria euskal telebistako legenda bizia dira. Irratitik zetozen. Irratian, beste izen batekin, asteburuetan gaztetxoak dibertitzen zituzten. Kameren aurrean jarri ziren 1984ko Gabonetan. Don Don Kikilikonetik hasi eta Altza porru! arte, beti egon dira larunbat edo igande arratsaldetan. Azken aldian, Txirri, Mirri eta Txiribitonek antzokiak eta galak alde batera utzi dituzte soilik telebista-ekoizpenera xedatuz. Izan ere, gaur egun, telebistan ez dute beren neurriko lehiakiderik.
Antxon Urrosolo
aldatuAntxon Urrosolo (Eibar, 1954) Televisión Española, Euskal Telebista, Telemadrid, Canal Sur eta Telecinco. Telebista kate horietako ikusle orok ezagutu dute «Urrosolo touch» delakoa. Erakutsi zuen ausardiari eta erabakitasunari esker, bere estiloa jadanik prentsa idatzian nabarmendu zen.
Luciano Rincón kazetarien maisuarekin batera, TVEko Eskualdeko Zentroan, Bilbon, Saski naski programa gidatu zuen. Saski naskitik atera ziren euskal bizitzaren ezohiko profilak, hiriko loriak eta miseriak. ETBn errepikatu zuen 1988an esperientzia, Detrás del sirimiri programarekin. Dejame que te cuente (1991) programaren ondoren, Urrusolo zuzeneko produkzioetan sartu zen, gai polemikoei buruzko eztabaida-formatuan –ondoren telezabor izenez ezagutuko denaren horretatik gertu. Ikusle-kopuruak bilatzeak emaitza oparoak eman zizkion Toma y daca saioan. Aldaketa gehiegirik gabe, Rifi Rafe aurkeztu zuen. Eta hamarkada amaituta, El tiempo lo dirá programak ildo horren amaiera zehaztu zuen. Madrileko eta Andaluziako telebistetatik igaro ondoren, 2000n, berriro ere ETB 2an, 100% vascos programarekin berritu nahi izan zen. Moros y cristianos, Telecincon, 2001-2002 denboraldian, formulak berritu zituen, baina nolabait ere entzuleriaren presioagatik arrunkerian erori zen sortzaile interesgarri baten azken lana.
Ipar Euskal Herria
aldatuWeb telebistak
aldatuFrance 3, Frantziako eskualdeko kate publikoa, egunero Iparralderako edukiak programatzen dituen bakarra da. Astelehenetik ostiralera, 18:53tik 19:00etara, Akitaniako albistegiaren deskonexio bat egiten da, frantsesez nahiz euskaraz, iparraldeko gertaera nagusiak jakinarazteko. Eskualdeko estaldurarekin, zenbait asteburutan pilota partidak ematen dira.
Frantzian, laurogeiko hamarkadan telebista ekimen pribatuetara irekitzeak tokiko kateen agerpena bultzatu zuen. Kalkulatzen denez, hexagono osoan udal jabetzakoak diren ehun eta berrogeita hamar bat katek funtzionatzen dute. Horietako gehienak kable bidezkoak dira, nahiz eta uhin analogikoen bidez ere ematen duten.
Baina azken urteetako telebista panoramikako fenomenorik interesgarriena da, Internet bidezko tokiko telebista kateak zein azkar ugaldu diren. Sarearen bidez 250 inguruk igortzen dute. Zenbait udal sustatzen ari dira mota horretako tokiko telebistak. Enpresak ere modalitate berri horretara apuntatzen dira, bertan dagoen hutsune legalaz baliatuta. Hori guztiz garatzeko egongo den arazoa da telebista ordenagailuaren bidez ikustera ohitu beharko dugula, betiere ordenagailuak harrera egiteko ezinbestekoak diren prestazio teknikoak baldin baditu.
Iparraldean hiru web telebista daude: TVPI Pays Basque, aitzindaria, Anglet WebTV eta Baiona.tv.
TVPI Pays Basque (www.tvpi.fr)
aldatuHarro dago Michel Lamarque, Frantzian 2000ko udan sortu zen lehenengo Internet bidezko tokiko telebista pribatuaren arduraduna.
Euskal eremuko telebista bat da, programazioaren %20 euskaraz igortzen delarik. Baionako eta Euskal Herri kontinentaleko bizitza sozialaz eta kulturalaz, nahiz kirolaz arduratzen da.
TVPIren proposamena bereziki erakargarri egiten duena da, besteak beste, bere izaera interaktiboa eta parte hartzailea. Ikusle pasiboaren eredu tradizionalarekin hausten du. Hemen, emankizunak teleinternauten esku-hartze zuzenarekin gauzatzen dira. Ikusleek, gaiak eta galderak proposatzeaz gain, irudiak ere hartzen dituzte beren bideoekin. Horrek egunerokotasuneko gaiei eztabaida eta talk show formatuarekin heltzea errazten du.
Programen menua edozeinen eskura dago, munduko edozein lekutan dagoen edonor uneoro TVPIko edukiez balia dadin, eta beran nahi duen moduan kontsulta ditzan.
Baionako web-kateak, halaber, uhin analogikoen bidez ematen du 60 kanaletik pal-sisteman (euskal kostalde osoa estaltzen du, Landetatik Hendaia-Hossegor-Hasparren hirukoraino. Laster TVPI kable bidezko sarean sartzea aurreikusten da.
Anglet webtv (www.angletwebtv.com[Betiko hautsitako esteka])
aldatuAngeluko Udalaren osoko bilkura bat igorri zen zuzenean Internet bidez 2000 hasieran. Esperientzia hartatik zerbitzu publikoko tokiko telebista sortu zen, Angeluko hiritarrentzat hurbileko gertaeretara bakarrik xedatzen dena.
Baiona tv (www.baiona.tv[Betiko hautsitako esteka])
aldatuKomunikazioan, bideo-sorkuntzan eta informatikan zaletuak ziren pertsona batzuk elkartu egin ziren, 2001eko udan, Baiona.tv sortzeko. Baiona-tv kooperatiba moduko web-telebista bat da. Gaur egun prestakuntza urratsetan dago, eta sare bidezko ikus-entzunezko sorkuntza eta zabalpen-foku bilakatu da.