Elene Lizarralde (Donostia, 1961) euskal kazetaria eta telebistako saioen zuzendaria zein gidoigilea da. Zenbait aktore lan ere egin ditu iraganean,[1] eta 2019an bere lehen eleberria argitaratu zuen. Ezaguna da, halaber, Euskal Telebistako lehen emisioa aurkezteagatik eta etxe horretako lehen aurkezleetariko bat izateagatik.

Elene Lizarralde
Bizitza
JaiotzaDonostia, 1961 (62/63 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakaktorea eta kazetaria
IMDB: nm0515454 Edit the value on Wikidata

Biografia

aldatu

Donostiako Ulia auzoan jaio zen, eta Kazetaritza ikasi zuen Gipuzkoako Ikasketa Unibertsitario eta Teknikoen Institutuan. Haren ibilbide profesionala 1982an hasi zuen. Euskal Telebistaren hastapenetan aurkezle probak egiteko eskatu zion amak, eta hasieran gogo handirik izan ez arren probetara aurkeztu zen. Proba gainditu zuen, eta Euskal Telebistaren lehen emisioa eman zuen, 1982ko abenduaren 31n, Mari Jose Insaustirekin batera. Euskal Filologia ikasketak hasita zituen, baina telebistako ibilbidearekin jarraitzeko utzi egin zituen.[2] Handik aurrera kazetaritza ikasteari ekin zion eta telebistan lanean jarraitu zuen.

Hurrengo urteetan hainbat postu eduki zituen Euskal Telebistanː Gaur egun albistegietako aurkezle eta erredaktore izan zen, Plaza Berri programako erreportaria, baita Hitz eta Pitz eta Denbora pasa saioetako gidoigile eta aurkezlea ere, besteak beste. ETBko bere azken lanetariko bat Terminus magazine saioko zuzendari eta aurkezle aritzea izan zen.[3] Programa horretako saio batera Jose Maria Gorordo politikaria eta 7. Korrikako antolatzaileak gonbidatzeko asmoa erakutsi zuen, baina EITBko zuzendaritzak ez zuen onartu, eta honen aurrean Elene Lizarraldek dimisioa aurkeztu zuen.[4] Urte horietan zehar zenbait filmetan aktore lanak ere egin zituen, horietan ezagunena Segoviako ihesa. Halaber, Donostiako Zinemaldia euskaraz aurkeztu zuen lehen pertsona izan zen.[2] Euskal Telebistan egindako lanagatik kate autonomiko bateko aurkezle onenaren TP saria irabazi zuen.[5]

ETB utzi ondoren Madrilera joan zen bizitzera, eta Antena 3 katean aritu zen lanean, haurrentzako saioetako zuzendari eta gidoigile gisa. Besteak beste La merienda; Tras, Tres, Tris; Las Aventuras de Maximo eta Megatrix saioetan egin zuen lan. 2000 eta 2003 urteen bitartean Megatrix Sau saioko edukien zuzendaria izan zen, baita Megatrix kanaleko zuzendaria ere. 2003 eta 2007 bitartean Antena 3 kateko haurrentzako programazioaren zuzendaria izan zen.[6] Bere lanengatik Espainiar Irrati Telebistaren Elkartearen zilarrezko eta urrezko Antena sariak eskuratu zituen, baita haurrentzako saio onenaren lau TP sari ere. Halaber, Espainiako Telebista Akademiaren sarietan hiru izendapen eskuratu zituen.[5]

Antena 3-en 17 urtetako ibilbidearen ondoren telebistako programa zuzendari gisa beste lan batzuk egin zituen, Autores Audiovisuales Asociados ekoiztetxeko edukien zuzendari gisa. Gerora telebistako lana utzi eta idazteari ekin zion. 2015ean argitaratu zuen lehen eleberriaren hasierako online bertsioa, Rocío en el corazón, eta 2019an ikusi zuen argia, El silencio de Clara Lyndon izenburupean. Une honetan eleberriaren bigarren zatia idazten ari da, eta era berean El silencio de Clara Lyndon telebistara edo zinemara egokitzeko gogoa adierazi du.

2020an ETBra itzuli zen, Vamos a hacer historia dokumetal-reality saioa aurkeztuz ETB 2n. Hau izan zen bere lehen lana ETB 2n. Uztailaren 29an lehen atala igorri ondoren, Euskal Herriaren historiako pasarteak ardatz dituen saio hau 2020ko udazkenean estreinatu zen.[7][8]

Bizitza pertsonala

aldatu

Madrilen bizi da. Ramón Praderarekin ezkondu zen,[9] eta lau seme-alaba izan zituzten. Senarra larriki gaixorik egon zen urte luzez, eta hori zela eta Elenek bere eleberriaren lehen bertsioa Amazon webgunean argitaratu zuen argitaratu aurretik, Ramónek hil aurretik irakurtzeko aukera izan zezan. Ramón Pradera 2018ko urtarrilean zendu zen. Bikotearen semeetako batek luku-erako zefaleak pairatzen ditu 13 urte zituenetik, Munduko Osasun Erakundearen arabera gizaki batek izan lezakeen minik gogorrenetarikoa. Esperientzia horrek bultzatuta hablemosdoctor.com bloga jarri zuen martxan, gaixoaren, medikuaren eta senitartekoaren arteko komunikazioa ardatz duena.

Filmografia hautatua

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. «Lizarralde, Elene - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  2. a b Sarriegi, Enekoitz Telleria. ««Nire askatasuna defendatzeak eragin zuen nik ETB uztea»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
  3. «Lizarralde, Elene | AcademiaTV» www.academiatv.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  4. Aldai, Joxanjel. (1991-03-12). [https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/pdfa/?data=1991-03-12&orria=008&zenb=ZG92UW1oZkF0cmJMdGJyR1lvZFlEQT09 «EITBko zuzendaritzak betoa ezarri die Gorordo eta Korrikari Terminus saioan»] Euskaldunon Egunkaria (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  5. a b (Gaztelaniaz) Academy®, Speakers. «Elene Lizarralde - Speakers Academy vindt de beste spreker en dagvoorzitter voor uw bijeenkomst. | Speakers Academy vindt de beste spreker en dagvoorzitter voor uw bijeenkomst.» www.speakersacademy.eu (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).[Betiko hautsitako esteka]
  6. Linkedin - Elene Lizarralde. .
  7. www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2020-08-19).
  8. www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-19).
  9. (Gaztelaniaz) ««Las raquetistas fueron pioneras en todo el mundo»» El Diario Vasco 2019-02-14 (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).

Kanpo estekak

aldatu