Carlos Garaikoetxea
Carlos Garaikoetxea Urriza (Iruñea, Nafarroa Garaia, 1938ko ekainaren 2a) euskal herritar abokatu eta politikaria da, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari izana.
1975-1980. urteen artean, Euzko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) agintari izan zen. Nafarroako Legebiltzarraren partaide 1979tik, eta 1980tik 1985era Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari izan zen. 1986an, EAJtik baztertu eta Eusko Alkartasuna (EA) alderdi politiko berria sortu zuen. Alderdi horren buru izan zen 1999 arte. Eusko Alkartasunaren ordezkaritzat Eusko Legebiltzarreko kide izan zen 1986tik 2001era.
2011n Amaiur koalizioko zerrendetan agertzen zen, Espainiako Senaturako ordezko gisa.
Biografia Aldatu
Carlos Garaikoetxea Iruñean jaio zen 1938an, nekazaritzan lan egiten zuen emigrante familia batean. Iruñeko Eskolapiotan ikasi zuen lehenengo eta, gero, Zuzenbide eta ekonomiako ikasketak egin zituen Deustuko unibertsitatean, Londres eta Parisen jarraitu zituelarik ikasketak. Euskara ama hizkuntza ez bazuen ere, euskara ikasi zuen.
Etxera itzuli zenean, sektore pribatuan egin zuen lan eta zuzendari karguak izan zituen Nafarroako zenbait enpresetan. Nafarroako Komertzio eta Industria Ganberako buru izatera iritsi zen eta, erakunde honen ordezkari, Nafarroako Foru Batzordeko kide izan zen.
Abokatu lanetan jarraitu zuen 1979ra arte, baina 1975ean egin zen Eusko Alderdi Jeltzaleko kide eta 1977an alderdi horretako buru nagusi izendatu zuten, Euskadi Buru Batzarreko lehendakari hain zuzen. 1978an Euskadiko Autonomia Estatutua moldatu zuen batzordeko kide izendatu zuten eta Nafarroako parlamentuko kide aukeratu zuten 1979ko apirileko hauteskundeetan. Urte bereko uztailean aritu zen, Espainiako gobernuburu zen Adolfo Suárezekin, estatutuaren aldeko negoziazioetan. 1980 eta 1984ko legegintzaldietan Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakari hautatua izan ondoren, orduan bere alderdia zen EAJrekin liskar larriak izan eta alderdia zein lehendakaritza utzi zituen 1986an, urte hartan bertan Eusko Alkartasuna alderdia sortzeko.
1987ko apirilaz geroztik, EAko lehendakari izan zen 1999 urtea arte. Apurka-apurka joan da goi mailako politikagintza utzi du, bai alderdi barruan, baita erakudeetan ere. Izan ere, EAk 1999ko azaroan Iruñean egin zuen kongresuan kargura berriz aurkezteko asmorik ez zuela adierazi zuen, eta Begoña Errazti hautatu zuen EAk Carlos Garaikoetxearen ordezko. Alderdiaren ardura utzi arren, EAko legebiltzarkide eta alderdiaren talde parlamentarioaren bozeramaile izaten jarraitu zuen Gasteizko Legebiltzarrean bost legegintzaldi egin ditu legebiltzarkide bezala, baina adierazia zuen 1998an legegintzaldi hura amaitutakoan ez zuela inolako kargu publikorik hartuko, eta 2001. urtean Legebiltzarrerako hauteskundeak deitu zirenean berretsi egin zuen ez zela bere alderdiaren lehendakarigai izango, eta ez zela hautagaien zerrendan agertuko.
Lehendakaritza Aldatu
Agintean izan zen bitartean, gobernua eta autonomiako erakunde gehienak eraikitzen joan ziren eta Euskadiko 1979ko Autonomia Estatutua ere orduan garatu zen. Gernikako Estatutuaren onarpenaren ondoren, 1980an, Euskal Gobernuaren lehendakari aukeratu zuten, eta 1984an, berriro, 32 aulkirekin. Urtebete geroago, alderdiko zuzendaritzarekin sortutako desadostasunak medio, Jose Antonio Ardanzak hartu zuen haren ordea.
Garai hartutako konpetentzien arabera, 1981ean, Osakidetza sortu zen, 1982an, Ertzaintza eta, urte horretako abenduaren 27an, EiTBk lehen emisioa egin zuen. 1981ean, Kontzertu Ekonomikoa ere lotu zen. Garaiko beste gertakizun ezagunen artean hurrengoak daude: Joan Paulo II.a etorri zen bisitan, 1983ko uholdeak, 1980ko Ortuellako leherketa, 1985eko Oiz mendiko hegazkin istripua...
EA Aldatu
1986an, Lurralde Historikoen Legeak Euskal Gobernu eta 3 lurralde historikoen Foru diputazioen artean banandu nahi zituen konpententziak zirela-eta, EAJrekin ezadostasun franko izan ondoren, EAJ alderditik aldendu eta, irailaren 17an, Eusko Alkartasuna alderdia sortu zuen, 1999ra arte lideratuko zuena. Euskal Legebiltzarrean diputatu izan zen 1986, 1990, 1994 eta 1998an (hautesle izan zen azken autonomia hauteskundeak)
1987 eta 1991 bitartean, Europako Legebiltzarreko diputatu izan zen (1987 eta 1989 artean, Herrien Europa Koalizioko zerrendaburu, Esquerra Republicana de Catalunya (ERC) eta BNGrekin; 1989tik 1991ra kide berak izan zituen, baina eserlekua utzi zuen akordioetan erabaki bezala). 1990 eta 1991 artean, Europar Batasun Librearen presidente ere izan zen. 1994 europar hauteskundeetan, berriro izan zen zerrendaburu ERCrekin eginiko koalizioan, baina porrota izan zuten eta Garaikoetxeak dimisioa aurkeztu zuen Eusko Alkartasunako lehendakari bezala eta, 1999ko azaroan, politika aktiboa utzi zuen.
2009ko azaroaren 21ean, indar abertzale eta EAko zuzendariek aurkeztutako dokumentuan parte hartu zuen, Herri Batasunako Tasio Erkiziak egin zuen bezala.
Bildu Aldatu
Dokumetu horretatik abiatuta, EA, Alternatiba eta Ezker Abertzaleari atxikitako independienteak koalizio ezkertiar bat sortu zuten, soberanista, independentista, progresista eta giza-eskubideak oinarri.
Testuinguru honetan jaio zen Bildu, hauteskunde munizipaletara, Batzarretara eta Nafarroako Legebiltzarrera aurkeztuko zena 2011n. Garaikoetxeak koalizio kanpainan parte hartu zuen eta bigarrenak izan ziren boto kopuruan, baina lehenengoa Euskal Herriko zinegotzi kopuruan; Nafarroan, berriz, laugarren indarra izan zen botoetan eta hirugarrena zinegotzi kopuruan.
Toki izenak Aldatu
Okondoko (Araba) Udalak herriko kale bati Garaikoetxea Lehendakaria izena ipini dio.
Ikus, gainera Aldatu
Erreferentziak Aldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak Aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Carlos Garaikoetxea |
- Carlos Garaikoetxea, Eusko Jaurlaritzako lehendakarien zerrendan, Eusko Jaurlaritzaren webgunean.
- Sustrai COLINA: «Carlos Garaikoetxea: "Hau bezalako uneetan, gauza asko ahaztu behar da"», Argia, 2269. zenbakia, 2011-03-20.
Aurrekoa Jesus Maria Leizaola |
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria 1980ko apirilaren 9a - 1985eko martxoaren 2a |
Ondorengoa Jose Antonio Ardanza |
Aurrekoa Ignacio Untzeta |
EBBko presidentea Fitxategi:Logopnv 4 (1).jpg 1977 - 1980 |
Ondorengoa Xabier Arzalluz |
Aurrekoa Manuel Ibarrondo |
Eusko Alkartasunako presidentea 1987 - 1999 |
Ondorengoa Begoña Errazti |
