Funtzioa (ETB1)
Funtzioa, ETB1eko helduentzako ikuskizun saio bat izan zen. Xabier Otaegi eta Jose Ignazio Ansorena "Piterrek" aurkeztu zuten.
1989-1991 artean sekulako arrakastaz eta 3 denboraldiz aireratu zen, ostiral gauez. Guztira 141 saio. Programa honetako hiru ataletan (Eguberrietako berezi batean, pailazoei eskainitako berezi batean eta haurrei eskainitako berezi batean) Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak ere agertu ziren.
Bi aurkezleek saioa aurkezteaz gain umorezko antzezpenak ere antzezten zituzten. Horietaz gain, musika taldeen eta abeslarien emanaldiak, magoen ikuskizunak eta abar ere bazeuden.
Sorrera
aldatuLau urtez, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek Don Don Kikilikon haurrentzako saioa egiten egon ondoren, nekatuta zeuden eta telebista mundua uztea erabaki zuten. Orduan azkeneko saioaren grabaketaren ondoren, agur modura show bat egin zuten Miramongo Euskal Telebistaren estudioetan. Ikuskizun hura Mikel Lejarzak ikusi eta Otaegi eta Ansorenari Euskal Telebistarako helduentzako saio bat egiteko eskatu zien. Behin baino gehiagotan esan zuten ezetz, baina azkenean, horrenbeste aldiz eskatu eta gero onartu egin zuten eskaria. Orduan Funtzioa (1989-1991) saioa sortu zuten, Xabier eta Piterren showa. Ostiral iluntzetan, zuzenean ematen zen helduen umore saioa.