Euskararen normalizazio

Euskararen normalizazioa euskararen berreskuratze eta erabilera sustatzeko politiken multzoa da, galbidean dagoen hizkuntza gutxitua izatetik hizkuntza normaltasunez erabilia eta transmititua izatera. XVIII. mendetik atzerakada nabarmena jasan ondoren, 1980ko hamarkadan hasi ziren euskararen normalizazio politikak abiarazten gobernu erakundeen aldetik. Horrela, 1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak euskara Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza ofizial moduan, gaztelaniarekin batera, jasotzea euskararen normalizaziorako lehenengo mugarri garrantzitsutzat jo daiteke. 1982. urtean Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea plazaratu zen EAEn. Nafarroan Vascuenceren legea jalgi zen 1986an. Lege-tresna hauek eraginkortasun aldakorra izan dute denboran eta esparru politikoaren arabera, batzuetan euskararen aldeko politika sendo bat sustatuz, baina beste kasu batzuetan euskara kinka larrian atxikiz.

Normalizaziorako tresna juridiko-politiko hauetaz gainera, bestelako tresna eta erabakiek lagundu dute euskararen normalizazioan, hala nola 1968 urtean abiarazitako euskara batuaren eraikuntzak edota herri-mugimenduek bultzaturiko ikastola eta euskaltegiek, beste ekimen zenbaitekin batera.

Euskararen normalizazioa hezkuntzan aldatu

1982an Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea onartu zenetik, hezkuntzan pixkanaka euskara normaltzen hasi zen, baina 2000ra arte zailtasunak izan ziren hainbat eremutan. Ulibarri programak, adibidez, normalizazioan lagundu zuen[1]. Hala ere, euskararen erabilera normala izatetik urrun dago hezkuntzako hainbat alorretan, nabarmen ikasleen artean[2]. Bereziki zaila izan da zientziaren esparruan euskarazko terminologia arautzea, askorentzat hizkuntza ez naturala sortzen zuelako. Zientziaren esparruan Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateak egindako hautuei "Leioako euskalkia" deitzeraino iritsi ziren[3].

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Arana, María Asuncion Aldecoa. (2012). Euskararen normalizazioa hezkuntzan (2000-2010): Ulibarri programa, euskarri teorikoa, metodologia eta faktore azalgarriak. Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea (Noiz kontsultatua: 2022-12-21).
  2. Muruamendiaraz Telleria, Aitor. (2013). Euskararen normalizazioa, esparrua eta gatazka. (Noiz kontsultatua: 2022-12-21).
  3. Zabala, I., & Elordui, A. (2005). Euskara zientifikoaren normalizazioa: hizkuntzalarien ekarpena.

Kanpo estekak aldatu