Psikologia
Psikologia (grezierako ψυχή, psyche, "arima" eta λογος, logos, "ezagutza"), aldi berean, zientzia, diziplina akademikoa[1] eta lanbidea da, eta gizabanakoek eta giza taldeek egoera desberdinetan duten jokabidea eta prozesu mentalak aztertzea eta analizatzea du helburu[2][1][3][4][5]. Gizakien esperientzia guztiak barne hartzen ditu[6], burmuineko funtzioetatik haurren garapeneraino. Hau da, animalien eta gizakien pentsatzeko eta sentitzeko era, eta nola moldatzen diren euren testuingurura. Psikologia modernoaren helburua esperientziaren azterketa da. Horrela, teoria hauek izakien portaera ulertzen laguntzen dute. Ikerketa gehienak gizakiekin izaten dira, baina, askotan, animaliak ere ikertzen dira, eta, orduan, etologia deritzo.

Metodo eta teknikei dagokienez, psikologiaren aztergaiak zuzenean kontrola eta neur ezin direnez, inferentziak egiten dira —zeharkako azterketak, alegia— arazo hori saihesteko. Estatistika, behaketa eta esperimentazioa, elkarrizketak, testak eta laborategiko lanak dira metodo nagusiak.
Gaur egun, ez da teoria psikologiko bakarra onartzen, nahiz eta gero eta lotura estuagoa duen biologiarekin eta soziologiarekin, eta gero eta gehiago erabiltzen diren metodo estatistikoak, matematikoak eta informatikoak; 1950 inguruan ezagutzaren prozesuak neurtzeko tresnak eta bideak agertu zirenetik, psikologia konduktistak galdu egin zuen ordu arte izandako eragina, eta indartu egin zen ezagutzaren psikologia, alegia, neurologiak eta biologiak eskaintzen dituen datuak kontuan hartzen dituena, esperimentu klasikoez gainera.
Esan bezala, psikologia ez da zientzia bateratua; izan ere, ikuspegi psikologiko desberdinak daude[7], zeinak ikuspegi, korronte edo eskolekin bat datozen eta bakoitzak bere sistema kontzeptual eta metodologikoak dituen. Haien artean, kointzidentziak edo, aitzitik, bateraezintasun nabarmenak egon daitezke[8]; aniztasun horrek adiera eta lanketa ugari sorrarazten ditu[9]. Korronte batzuek modu baztertzailean definitzen dute beren burua, hau da, ezagutza sendoa edo zientifikoa eta psikologian esku-hartze eraginkorra lortzeko bide bakar gisa (adibidez, Watsonen konduktismoa edo Freuden psikoanalisia), baina, denborarekin, haren jarraitzaileak gero eta irekiago daude beste eskola batzuen influentzietara[10]. Bestalde, beste ikuspegi batzuek, hala nola humanismoak, uste dute metodo zientifikoa ez dela egokia jokabidea ikertzeko; beste batzuek (konduktismoak, esaterako) objektiboki neur daitezkeen portaera behagarrietarako erabiltzen dute[4]. Azkenik, badira zenbait korronte —hala nola psikologia aplikatua edo terapia kognitibo-konduktualak— beste eskola batzuetako zenbait elementu integratzen dituztenak, beren helburuetarako erabilgarriak diren heinean, orokorrean esku-hartzea (klinikoa, hezkuntzakoa, erakundeetan eta abar)[10].
Gaur egun, psikologian, sailkapen eta bereizketa asko egiten dira: ikerketa alorraren arabera, bi atal bereizten dira, giza psikologia eta animalia psikologia; helburuaren arabera, berriz, psikologia orokorra (lege orokorrak ezartzea da haren helburua) eta psikologia diferentziala (gizabanakoaren ezaugarri bereziak aztertzen dituena), eta, joeraren arabera, azkenik, teorikoa eta aplikatua (psikologia orokorraren ezagupenak jakintzaren beste alor batzuetara hedatzen dituena).
Ikuspegi ezberdinen bidez, psikologiak aztertzen ditu pertzepzioa, arreta, motibazioa, emozioa, garunaren funtzionamendua, adimena, pentsamendua, nortasuna, harreman pertsonalak, kontzientzia eta inkontzientzia gisako kontzeptuak. Psikologiak ikerketarako metodo enpiriko kuantitatibo eta kualitatiboak erabiltzen ditu portaera aztertzeko. Beste metodo kualitatibo eta misto batzuk ere aurki daitezke, batez ere arlo klinikoan edo aholkularitzan. Ezagutza psikologikoa, berriz, maiz erabiltzen da psikopatologiak ebaluatzeko edo tratatzeko; azken hamarkadetan, psikologoak erakundeetako giza baliabideen sailetan ere ari dira lanean, baita haurren garapenarekin eta zahartzearekin, kirolekin, komunikabideekin, zuzenbidearen munduarekin eta auzitegi-zientziekin lotutako arloetan ere. Psikologo gehienak, profesionalki, jarduera terapeutikoetan sartuta dauden arren (klinika, aholkularitza, hezkuntza), zati bat, unibertsitateetatik, giza portaerarekin eta pentsamenduarekin lotutako gai-sorta zabal bat ikertzen ere ari da.
Psikologiaren azterketa-arloek konplexutasun handi samarreko erlazioak dituzte. Psikologia fisiologikoak, adibidez, garunaren eta nerbio-sistemaren funtzionamendua aztertzen du; psikologia esperimentalak, berriz, laborategiko teknikak aplikatzen ditu gaiak aztertzeko, esterako, pertzepzioa edo memoria.
Historia
aldatuPsikologiaren jatorria aurkitzeko, greziar filosofiara (Demokrito, Platon, Aristoteles) jo behar bada ere, psikologia modernoa XVII. mendean sortu zela esan daiteke, Hume eta Locke ingelesen lehen lan enpiristekin batera. Psikologiaren inguruan lan ugari egin ziren arren, XIX. mende arte psikologia ez zen benetan filosofiatik bereizi. Izan ere, arazo transzendentalei buruzkoak eta, beraz, filosofiarekin lotuta egon ziren ordu arteko lanak; XIX. mendean hasi zen filosofiatiko bereizketa gauzatzen, eta psikologia zientzia enpiriko gisa finkatzen, metodo esperimentaletan oinarriturik emandako legeei esker (psikologia esperimentala); garrantzi handia izan zuen psikologia zientzia gisa finkatzeko 1879an Wundtek lehenengo psikologia laborategia sortu izana. XIX. mendearen amaiera arte, bi joera nagusi bereizi ziren psikologian: fenomenologikoa edo esperimentala (britainiarrek eta alemaniarrek landua) eta mekanizista edo fisiologikoa (frantsesek eta amerikarrek landua).
XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, eskola eta joera ugari sortu ziren; besteak beste, aipatzekoak dira asoziazionismoa, jokabidearen arauak introspekzio metodoaren bidez aztertzeko helburua zuena (Hatley, Mill, Spencer); funtzionalismoa, metodologia sistematiko baten bidez ahalmen psikologikoekin lotura duten prozesuak aztertzen dituena (Charcot, Janet, Binet, Piaget); behaviorismoa edo konduktismoa, egoeraren eta egoera horren aurreko erantzunaren ezaugarri objektiboak aztertzen dituena (Watson, Skinner); Gestalt psikologia edo formaren psikologia, pertzepzioa lege jakin batzuen arabera antolatutako osotasun gisa hartzen duena (Köhler, Wertheimer, Gillaume), eta psikoanalisia, neurosiak tratatzeko metodo gisa sortua eta nortasunaren egiturari, ezohiko joerei eta emozioen dinamikari buruzko ezaupide handienak ekarri dituena (Freud, Adler, Jung).
Egun, psikoanalisia baliogabetzat jotzen da arlo akademikoan, baina, neurologiarekin uztartuta, konduktismoak indar berria hartu du Estatu Batuetako psikologoen artean. Europan, gogamenaren eskola neoklasikoa da nagusi.
Zientzia arloa
aldatuEskola desberdinek teoria eta sistema psikologikok hainbat arlotara bideratu dituzte beren ahaleginak, jokabide behagarrian soilik oinarritzen diren ikuspegitik hasita (konduktismoa), barne-prozesuez arduratzen direnetik jarraituz –pentsamendua, arrazoiketa, oroimena eta abar (kognitibismoa, esaterako) edo sistemen teorian oinarrituta postmodernitatearen eta komunikazioaren giza harremanak eta pentsamendu humanista azpimarratzen dituzten orientabideak–, prozesu inkontzienteetan fokuratzen duten sistema psikologikoetaraino (psikoanalisia edo psikologia analitikoa, adibidez). Teorien norainokoak arlo edo eremu batzuk hartzen ditu: eboluzio-psikologiaren haur-garapenaren azterketatik hasita, gizakiek nola sentitzen, hautematen edo pentsatzen duten aztertzeraino, baita nola ikasten duten ingurunera egokitzen edo nola konpontzen dituzten gatazkak ere.
Autore batzuentzat, hala nola Behavioural scienceseko korronte akademiko anglosaxoiarenak, psikologia zientifikoaren ikerketa- eta ekintza-esparrua giza portaera da soilik, eta hiru arlo baino ez ditu bereizten: jokabidearen zientzia, zientzia kognitiboa eta neurozientzia.
Diziplina zientifiko gisa, nortasunaren interakzioak erregistratzen ditu, hiru dimentsiotan: kognitiboa, afektiboa eta portaerarena. Eztabaidagai da ea giza esperientziaren beste dimentsio batzuk (morala, esaterako –soziala eta espirituala–, sinesmen erlijiosoak barne) psikologiaren eremuaren parte diren ala ez, eta, halaber, ea alderdi horiei heltzea zenbateraino zientifikotzat eman daitekeen.
Metodologia
aldatuPsikologiaren metodologiaren aldetik, bi izan dira ikertzeko aukerak:
- Psikologia zientzia esperimentaltzat hartuta: zientzia positibistatzat markatuta dago. Metodo zientifiko kuantitatiboa erabiltzen du hipotesien kontrasteen bidez, testuinguru esperimentaletan kuantifikatu daitezkeen aldagaiekin, eta, gainera, azterketa zientifikoko beste arlo batzuetara jotzen du kontzeptuak hobeto azaltzeko. Ikuspegi horren barruan, metodo hauek erabiltzen dira: korrelazio-ikerketa, ikerketa esperimentala, behaketa naturalista, kasu-azterketa, inkesta[11]. Psikologia esperimentala aztertzeko lehen laborategia 1879an sortu zuen Wilhelm Wundt psikologo alemaniarrak.
- Psikologia metodologia kualitatibotzat hartuta: ikuspuntu zabalagoa du. Prozesuen deskripzioa eta interpretazioa aberasten du. Fenomeno psikologikoa bere benetako konplexutasunean ulertzen saiatu izan gara ikuspegi zabalago baina ez hain zorrotz batetik; erabili izan dira esperimentazio klasiko kuantifikagarriaren bidez barneratzeko zailagoak diren prozesuen deskribapena eta interpretazioa aberasten duten ikerketa-metodologia kualitatiboak, batez ere eremu klinikoetan. Metodo esperimental naturalistan ez bezala, ikuspegi soziokulturaleko ikerketak ez ditu prozesu espezifikoak edo aldagai isolatuak aztertzen, esperimentuen bidez ekoitziak edo aztertuak direnak; aitzitik, fenomenoak beren dimentsio errealean azaltzen saiatzen da subjektuaren errealitatea prozesu integratuen eta erlazionatuen eszenatoki konplexutzat hartuta, bai gizabanakoarengan, bai mundu soziokulturalean, eta ikuspegi historiko-biografikoa du, ulertuta ezin dela prozesurik isolatu eta, areago, prozesu itzulezinak direla.
Erakunde zientifikoak
aldatuPsikologoak tokian tokiko elkargo profesionaletan antolatuta egon ohi dira, baita elkarte zientifikoetan ere. Elkarte horiek tokikoak, nazionalak, kontinentalak eta mundukoak izan daitezke. Elkargo profesionalen kasuan, funtzio arautzailea betetzen dute, bada, herrialde askotan, psikologoari bere lanbidean aritzeko baimena eskatzen baitzaio, baimena, kolegiatura edo erregistro deiturikoa, besteak beste. Ez dago nazioarteko lanbide-elkargorik; psikologo batek bere lanbide-jarduera titulazioa lortu duenaz bestelako herrialde batean aritu behar duenean, titulua berretsi, eta beste baimen bat lortu behar du.
Zientzia Psikologikoaren Nazioarteko Batasuna (IUPSyS, ingelesezko sigletan) da munduan psikologia ordezkatzen duen erakundea, eta herrialde bakoitzeko psikologoen elkarteak ordezkatzen dituzten batzorde nazionalak biltzen ditu. Psikologo elkarte garrantzitsuenetariko bat Estatu Batuetako Psikologi Elkartea da (APA, zientziaren hainbat arlotan zabalduak eta erabiliak diren lan zientifikoak egiteko eta argitaratzeko arauak argitaratu dituena). Latinoamerikan, Amerika-arteko Psikologia Elkartea (SIP) nabarmentzen da. 2002an, Latinoamerikako Psikologia Erakundeen Batasuna sortu zen (ULAPSI) eskualde horretako psikologoen komunitate zientifikoa eta profesionala sortzeko, herrialde horien premia handiei eta kultura-aniztasunari dagozkien alternatiba kontzeptualak eta praktikoak emango diena; konpromiso soziala duen psikologia nahi du, kolonialismo zientifiko tradizionalari aurre egingo diona eta Europako, Asiako eta Ipar Amerikako psikologo ezagunekin modu kritikoan hitz egiteko gai izango dena.
Psikologia aplikatua
aldatuPsikologia aplikatua da metodo psikologikoak eta psikologia zientifikoaren aurkikuntzak erabiltzea giza eta animalien portaeraren eta esperientziaren arazo praktikoak konpontzeko. Printzipio psikologikoen eta aurkikuntza zientifikoen aplikazioak eragin dien arlo batzuk dira: hezkuntza- eta antolaketa-psikologia, enpresa-kudeaketa, zuzenbidea, osasuna, produktuen diseinua, ergonomia, portaeraren psikologia, motibazioaren psikologia, psikoanalisia, neuropsikologia, psikiatria eta osasun mentala. Psikologia aplikatuaren arlo batzuk hauek dira: aholkularitza-psikologia, industria- eta antolaketa-psikologia, ingeniaritza-psikologia, lan-osasunaren psikologia, psikologia juridikoa, eskola-psikologia, kirol-psikologia, komunitate-psikologia, neuropsikologia, psikologia medikoa eta psikologia klinikoa, psikologia ebolutiboa, giza faktoreak, auzitegi-psikologia eta trafiko-psikologia. Gainera, psikologiaren arlo orokorrean espezializatutako hainbat arlok adar aplikatuak dituzte (adibidez, psikologia sozial aplikatua, psikologia kognitibo aplikatua). Hala ere, azpiadarretako espezializazioen eta psikologia aplikatuko kategoria nagusien arteko lerroak mistoak izaten dira, edo, kasu batzuetan, lausoak.
Adibidez, giza faktoreen psikologo batek psikologia kognitiboaren teoria erabil dezake. Hori giza faktorearen psikologia edo psikologia kognitibo aplikatutzat deskriba liteke. Psikologia aplikatua portaera-asalduren tratamenduan erabiltzen denean, hurbilketa esperimental asko daude gizabanako bat tratatzen ahalegintzeko. Psikologia mota hori psikologiaren beste alor batzuetan dauden azpisail askotan aurki daiteke.
Psikologia klinikoa
aldatuPsikologia klinikoa[12] psikologiaren adar bat da, eta osasun mentalean eta portaera egokitzailean eragina duten faktore guztiak ikertzeaz, ebaluatzeaz, diagnostikatzeaz, tratatzeaz eta prebenitzeaz arduratzen da, gizakiari ondoez subjektiboa eta sufrimendua eragin diezaioketen baldintzetan.
Psikologia klinikoak lehen mailako orientabide teoriko batzuk ditu: jokabide-terapia, terapia kognitiboa, psikoterapia psikodinamikoa, terapia humanista, terapia existentziala eta familia-terapia sistematikoa. Diziplina horretako praktika nagusiak nahasmendu psikologikoen eta psikoterapiaren diagnostikoa dira, baita ikerketa, irakaskuntza, kontsulta, auzitegi-medikuen testigantza eta programen garapena eta administrazioa ere.
Hezkuntza psikologia
aldatuHezkuntza-psikologia giza ikaskuntzaren azterketa zientifikoaz arduratzen den psikologiaren adarra da. Ikaskuntza-prozesuak ikuspegi kognitiboetatik zein jokabide-ikuspegietatik aztertzeak aukera ematen die ikertzaileei adimenari, garapen kognitiboari, eraginari, motibazioari, autoerregulazioari eta autokontzeptuari buruzko desberdintasun indibidualak ulertzeko, baita ikaskuntzan duten zeregina ulertzeko ere. Hezkuntza-psikologiaren eremua metodo kuantitatiboetan oinarritzen da neurri handi batean, hala nola probak eta neurketak, irakaskuntza-diseinuarekin, ikasgelaren kudeaketarekin eta ebaluazioarekin lotutako hezkuntza-jarduerak sustatzeko, horiek, bizitza osoan, hainbat hezkuntza-esparrutan ikaskuntza-prozesuak errazteko balio baitute[13].
Erakunde psikologia
aldatuLanaren psikologia, erakundeen psikologia nahiz psikologia industriala gizakia lan egoeretan aztertzen duen psikologiaren adarra da, banaka zein gizarte dimentsioetan. Ikuspuntu aplikatu eta praktiko batetik, langileari sortzen zaizkion arazoak ulertzea eta soluzio bideak aurkitzea ere bada bere zeregina.
Ume eta nerabeen psikologia
aldatuHaurren portaeraren azterketa da, jaiotzen direnetik nerabezarora arte; barne hartzen ditu: ezaugarri fisikoak, kognitiboak, motorrak, linguistikoak, pertzepziozkoak, sozialak eta emozionalak.
Haur-psikologoak haurren arteko antzekotasunak eta desberdintasunak azaltzen saiatzen dira, baita haien portaera eta garapena ere. Arazo sozialak, emozionalak eta ikaskuntzakoak lantzeko metodoak ere garatzen dituzte terapiak aplikatuz kontsulta pribatuetan eta eskola, ospitale eta bestelako erakundeetan.
Haur-psikologoentzat, hauek dira bi arazo kritikoak: batetik, ingurumen-aldagaiek (gurasoen jokabidea, adibidez) eta ezaugarri biologikoek (hala nola aurretiko joera genetikoak) portaeran nola eragiten duten zehaztea, eta, bigarrenik, portaera-aldaketak elkarrekin nola erlazionatzen diren ulertzea.
Gizarte psikologia
aldatuGizarte psikologia XX. mende hasieratik finkatutako psikologiaren adar garrantzitsua da. Ameriketako Estatu Batuetan garatu izan da nagusiki. Gizarte psikologiaren hastapenak psikologiaren beraren sorrerari loturik doaz, XIX. mendeko bigarren erdialdean. 1879an, horrela, Wilhelm Wundt psikologoak eta Leipzigeko (Alemania) lehen psikologia laborategiak gizarte psikologiara gerturatu ziren lehen lanak egin zituzten. Gizarte psikologia, diziplina akademiko gisa, Floy Allport estatubatuarrarekin sortu zen. Gizarte psikologia modernoari, halaber, Kurt Lewin alemaniarrak eman zion hasiera.
Gizarte-psikologia edo psikologia soziala gizabanakoen pentsamenduak, sentimenduak eta jokaerak besteen presentziak nola eragiten duten zientifikoki aztertzen du, baita gizakiak barneratzen dituen gizarte-arauak ere, nahiz bakarrik egon[14]. Gizarte psikologoek, normalean, giza jokabidea, egoera mentalaren eta egoera sozialaren arteko erlazioaren ondorioz azaltzen dute pentsamendu, sentimendu eta jokaerak zein baldintza sozialetan gertatzen diren, aldagai horiek gizarte-interakzioetan nola eragiten duten aztertuz.
Komunitate psikologia
aldatuKomunitate psikologia psikologiaren ikerketa esparru bat da, zeinean, gizarte eta ingurumen faktoreetatik abiatuta, kolektiboak edota komunitateak aztertzen diren jendearen bizi-baldintzak hobetzeko ekintzak egiteko komunitatea sendotuz. Erabiltzen duen metodologiak parte-hartze bidezko lurralde-ikuspegia lehenesten du haren esku-hartze prozesuetan sartuta daudenentzat, eta talde horiek sartuta dauden gizarte-sistemetan epe luzeko aldaketak sortzen saiatzen da.
Osasunaren psikologia
aldatuOsasunaren psikologia da hainbat diziplina psikologikok osasunaren sustapenari eta mantentze-lanei, espezialitateko prebentzioari eta tratamenduari, korrelatu etiologikoen eta osasunaren, gaixotasunaren eta erlazionatutako disfuntzioen diagnostikoen identifikazioari egiten dizkieten ekarpen zientifiko, hezkuntzazko eta profesionalen multzoa.
Larrialdietako psikologia
aldatuHondamendiak jasan dituzten herrietako esku-hartzeak diseinatzen ditu, dela oraintsuko uneetan edo hurbilekoetan, emozio-ondorioak arintzeko.
Auzitegi-psikologia
aldatuAuzitegi-psikologia psikologia juridikoaren adar bat da, Justiziaren administrazio-prozesuan laguntzaile gisa epaitegi eremuan jarduten duena. Psikologia aplikatuaren banaketa bat da, helburu judizialetarako ebidentzia psikologikoa biltzeari, aztertzeari eta aurkezteari buruz aritzen dena[15]. Horrenbestez, dagokion jurisdikzioan, zuzenbidearen logika substantiboa eta prozesala ulertu behar du ebaluazio eta azterketa psikologiko-legalak egin ahal izateko eta epaileekin, fiskalekin, defendatzaileekin eta prozesu judizialeko beste profesional batzuekin behar bezala jardun ahal izateko.
Kirolaren psikologia
aldatuKirolaren psikologia diziplina konplexua da, psikologiaren eta kultura fisikoaren eta kirolaren zientzien arteko elkargunean sortzen dena. Integrazio horrek diziplina berezi bihurtzen du, eta profesionalek kontzeptu-, teoriko- eta metodologiko-eremu desberdinetan elkar eragitea eskatzen du
Kirolaren psikologiak atleten, entrenatzaileen eta kiroleko beste profesional batzuen errendimendua, osasun mentala eta ongizatea ulertzea eta hobetzea du helburu. Diziplina arteko ikuspegiari esker, askotariko gaiak landu daitezke: motibazioa eta antsietatea, lesioak sendatzea eta gaitasunak garatzea[16].
Psikologia elkarteak
aldatuZientzia Psikologikoaren Nazioarteko Batasuna (IUPS) da psikologia munduari erakusten diona. Erakunde horrek munduko estatuetako kontseiluak batzen ditu, hau da, herrialde bakoitzeko psikologoak biltzen dituzten kontseiluak.
Estatu eremuko psikologoen elkarteei dagokienez, nagusienetariko bat Ameriketako Estatu Batuetako Psikologoen Elkartea (APA) da.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ a b (Ingelesez) «What is psychology? What are the branches of psychology?» Medical News Today 2014 (Noiz kontsultatua: 2015-02-24).
- ↑ (Noiz kontsultatua: 17 de octubre de 2014).
- ↑ (Ingelesez) «BBC Science | Human Body & Mind | What is Psychology?» BBC Science (BBC) (Noiz kontsultatua: 2015-02-04).
- ↑ a b (Ingelesez) McLeod, Saul. (2008). «Psychology as a Science» Simply Psychology (Noiz kontsultatua: 2015-02-04).
- ↑ Vidales, Ismael. (2004). Psicología general. México: Limusa ISBN 9681863739..
- Myers, David G.. (2005). Psicología. México: Médica Panamericana ISBN 84-7903-917-5..
- Gross, Richard. (2010). Psychology: The Science of Mind and Behaviour. Londres: Hachette UK ISBN 9781444108316..
- Cacioppo, John; Freberg, Laura. (2012). Discovering Psychology: The Science of Mind. Canadá: Cengage Learning ISBN 9780618185504..
- ↑ (Ingelesez) «How does the APA define "psychology"?» Asociación Estadounidense de Psicología (Noiz kontsultatua: 29 de octubre de 2014).
- ↑ Triglia, Adrián; Regader, Bertrand; García-Allen, Jonathan. (2016). Psicológicamente hablando. Paidós, 222 or. ISBN 9788449332531..
- ↑ (Ingelesez) McLeod, Saul. (2007). «Psychology Perspectives» Simply Psychology (Noiz kontsultatua: 2015-02-04).
- ↑ (Ingelesez) Henriques, Gregg. (23 de diciembre de 2011). «Psychology Defined: What, exactly, is psychology?» Psychology Today (Noiz kontsultatua: 2015-02-24).
- ↑ a b Lafuente, E., Loredo, J.C., Castro, J. y Piarrozo, N. (2017) Historia de la Psicología. Madrid: UNED.
- ↑ Morris, Charles (1997). Introducción a la Psicología (Novena edición edición). Prentice Hall. ISBN 968-880-856-3
- ↑ Euskalterm: [Psikiatria Hiztegia] [2017]
- ↑ Snowman, Jack (1997). Educational Psychology: What Do We Teach, What Should We Teach?. "Educational Psychology", 9, 151-169
- ↑ (Ingelesez) Allport, G. W. (1985). "The Historical Background of Social Psychology". In G. Lindzey and E. Aronson (ed.). The Handbook of Social Psychology. New York: McGraw Hill, 5 or..
- ↑ «What is Forensic Psychology» www.all-about-forensic-psychology.com (Noiz kontsultatua: 2025-05-02).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Psicología del deporte: aplicaciones y objetivos» UCMA (Noiz kontsultatua: 2025-05-02).
Bibliografia
aldatu2016-2022 bitartean, psikologiari buruz argitaratutako euskarazko liburuak, (inguma datu-basetik).[1]
- Erika Lagoma Pombar, Estitxu Fernandez Maritxalar M ama* eme* ume* ELKAR arg 2022
- Kepa Erdozia Uriarte, Mikel Santesteban Insausti, Adam Zawiszewski Bi hizkuntza garun bakarrean. Euskal psikohikuntzalaritzaren ekarpenak eta erronkak UEU arg eta UPV/EHU Arg 2021
- Maria Dosil Santamaria, Amaia Eiguren Munitis, Maitane Pikaza Gorrotxategi, Naiara Ozamiz Etxebarria COVID-19aren ondorioz konfinatutako haurren egoera beren ahotsen bidez UPV/EHU arg 2020
- Gema Lasarte Leonet Gaitasun komunikatiboak II. Diskurtso profesionalak UPV/EHU arg 2020
- Aitor Castañeda Zumeta Kontsumoaren psikosoziologia eta marketina. Kontsumoaren barrunbetan zehar UPV/EHU arg 2020
- Elena Bernaras Iturrioz, Joana Jauregizar Albonigamayor, Maite Garaigordobil Landazabal Pozik bizi. 8-10 urte bitarteko umeen emozioak eta depresio-sintomak hobetzeko programa UPV/EHU arg 2019
- Ainize Madariaga Muthular Komunitatea hats-bahiturik. Hiztunaren trauma: diagnosia eta paliatiboak UEU arg 2018
- Delfín Montero Centeno, Eguskiñe Etxabe Merodio, Ana Luisa Lòpez Vélez Bigarren Hezkuntza eta Adimen Urritasuna Euskadin UD/DU arg 2017
- Iñaki Alegria Loinaz, Ainhoa Latatu Nuñez, Miren Josu Omaetxebarria Ibarra, Patxi Salaberri Zaratiegi II. Ikergazte. Nazioarteko ikerketa euskaraz. Kongresuko artikulu bilduma. Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea UEU arg 2017
- Gabriel Rodriguez San Juan, Naiara Arriola Garikano, Maria del Carmen Sanjuan Artegain Arreta, pertzepzioa eta motibazioa. Lan koadernoa UPV/EHU arg 2016
Ingelesezko liburuak:
- Badcock, Christopher R. (2015). "Nature-Nurture Controversy, History of". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 340–344. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.03136-6. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Cascio, Wayne F. (2015). "Industrial–Organizational Psychology: Science and Practice". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 879–884. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.22007-2. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Chryssochoou, Xenia (2015). "Social Psychology". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 532–537. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.24095-6. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Deakin, Nicholas (2015). "Philosophy, Psychiatry, and Psychology". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 31–36. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.27049-9. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Demetriou, Andreas (2015). "Intelligence in Cultural, Social and Educational Context". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 313–322. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.92147-0. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Gelso, Charles J. (2015). "Counseling Psychology". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 69–72. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.21073-8. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Henley, Tracy B. (2015). "Psychology, History of (Early Period)". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 406–411. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.03235-9. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Knowland, Victoria C.P.; Purser, Harry; Thomas, Michael S.C. (2015). "Cross-Sectional Methodologies in Developmental Psychology". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 354–360. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.23235-2. ISBN 978-0-08-097087-5.Louw, Dap (2015). "Forensic Psychology". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 351–356. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.21074-X. ISBN 978-0-08-097087-5.
- McWilliams, Spencer A. (2015). "Psychology, History of (Twentieth Century)". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 412–417. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.03046-4. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Pe-Pua, Rogelia (2015). "Indigenous Psychology". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 788–794. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.24067-1. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Peterson, Roger L.; Peterson, Donald R.; Abrams, Jules C.; Stricker, George; Ducheny, Kelly (2015). "Training in Clinical Psychology in the United States: Practitioner Model". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 517–523. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.21086-6. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Poortinga, Ype H. (2015). "Cross-Cultural Psychology". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 311–317. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.24011-7. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Spinath, Frank M.; Spinath, Birgit; Borkenau, Peter (2015). "Developmental Behavioral Genetics and Education". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 320–325. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.92009-9. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Smith, Edward E. (2015). "Cognitive Psychology: History". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 103–109. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.03028-2. ISBN 978-0-08-097087-5.
- Staerklé, Christian (2015). "Political Psychology". International Encyclopedia of the Social & Behavioral Sciences. pp. 427–433. doi:10.1016/B978-0-08-097086-8.24079-8. ISBN 978-0-08-097087-5.
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) GESTALT terapiaren euskal eskola.
- ↑ «Psikologiako liburuak. Bilaketa aurreratuaren emaitzak :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-26).