Botswana[1] (ingelesez bɒtˈswɑːnə ahoskatua), izen ofiziala Botswanako Errepublika[1] (ingelesez: Republic of Botswana; tswaneraz: Lefatshe la Botswana), hegoaldeko Afrikako estatu burujabea da. Iparraldean eta mendebaldean, Namibia du, ipar-ekialdean, Zambia eta Zimbawe, eta hego-ekialdean eta hegoaldean, Hegoafrika. 581.730 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2019an 2,3 milioi biztanle zituen.[2] Gaborone da hiriburua eta hiririk handiena da.

Botswanako Errepublika
Lefatshe la Botswana
Republic of Botswana
Bandera Armarria
Goiburua: Pula
(“Euria”)
Ereserkia: Fatshe leno la rona
Hiriburua
eta hiri handiena
Gaborone
Hizkuntza ofiziala(k) tswanera, ingelesa
Herritarra botswanar[1]
Gobernua Errepublika parlamentarioa
 -  Presidentea Mokgweetsi Masisi
Independentzia
 -  Erresuma Batutik 1966ko irailak 30 
Azalera
 -  Guztira 581,730[2] km2 (47)
 -  Ura (%) 2.5
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2019[2]) 2.338.900
 -  2011[2] errolda 2.024.904
 -  Dentsitatea 4,02 bizt./km2
Dirua pula (BWP)
Ordu-eremua CAT (UTC+2)
Aurrezenbakia 267
Internet domeinua bw

GeografiaAldatu

MugakAldatu

Hegoaldeko Afrikako estatu itsasgabea da, hego latitudeko 17° eta 27° artean, eta ekialdeko longitudeko 20° eta 30° artean kokaturik dagoena. Iparraldean eta mendebaldean Namibiarekin du muga (1.544 kilometro), ekialdean Zimbabwerekin (834 kilometro) eta hegoaldean Hegoafrikarekin (1.969 kilometro); iparraldean, Kazungulatik hurbil, 150 metro inguruko muga du Zambiarekin.[3]

Eskualde naturalakAldatu

Lurralde zabala da, eta biztanle urrikoa. Hiru alde nagusi bereizten dira:

  • erdialdean eta hego-mendebaldean, Kalahari basamortua, lurralde osoaren % 70 inguru hartzen duena, artzaintzarako egokia urteko aldi jakin batzuetan.
  • ipar-mendebaldean, Okavango ibaiaren arroa, klima tropikalekoa eta nekazaritzarako egokia; Okavangoren deltaren hego-ekialdean Makgadikgadiko gatz-lautadak daude.
  • ekialdeko zerrenda menditsua, biztanleen % 80ren bizilekua. Bertan dago Monalanong muinoa (1.494 metro), herrialdeko punturik garaiena.

HidrografiaAldatu

Lau arro nagusi daude:

  • Ipar-ekialdea Zambezira isurtzen da, Chobe ibaiaren bitartez.
  • Iparraldea eta erdialdea Okavangoren arroan daude.
  • Ekialdeko muturra Limpopo ibaira isurtzen da.
  • Hegoaldea eta hego-ekialdea dira eskualderik idorrenak. Ibai nagusiak, Nossob eta Molopo, Orangeren adarrak diren arren, agortzen dira elkargunera iritsi aurretik.

KlimaAldatu

Estepako klima beroa (BSh Köppen klima sailkapenaren arabera) herrialdeko zatirik handienean; Kalahari basamortuaren hego-mendebaldean, berriz, basamortuko klima beroa (BWh) dago. Hego-ekialdean urteko prezipitazioa ez da 300 mmra iristen, eta ekialdean, Limpoporen haranean, 400 mm baino txikiagoa da. Iparraldea eta hego-ekialdea dira eskualderik euritsuenak; Gaboronen 520 mm jasotzen dira urtean.[4]

HistoriaAldatu

Bechuanalandia Erresuma Batuaren protektoratua izan zen 1885etik aurrera. 1966an lortu zuen independentzia eta Commonwealtheko kide bihurtu zen. Seretse Khama independentziaren aldeko borrokaren liderra hautatu zuten lehendakari. Khama hil zenean, Quett Masire, artean lehendakariordea, hautatu zuten lehendakari 1980an. 1984an eta 1989an berrautatua izan zen. 1991n oposizioko zazpi taldeetatik hiruk bat egin zuten gobernuko alderdiari aurre egiteko. Aurreko urteetako ekonomia-hazkunde handia gorabehera, urte hartan egin ziren independentziaz geroztiko grebarik handienak. Sektore publikoko langileen aldarrikapenei entzungor eginez, gobernuak 18.000 funtzionario kaleratu zituen. 1992an langabezia % 25ekoa zen. Apirilean, lehortea zela-eta, larrialdi-egoera agindu zen, eta estatuak errotik murriztu zituen gastu publikoak: estatuak zuzenean edo zeharbidez enplegatzen zuen langileen heren bat lanik gabe geratu zen.

1994ko hauteskundeetan gobernuko alderdia nagusitu zen, berriro ere, baina bederatzi aulki gutxiagorekin. 1995ean neska bat erritu batean hiltzeaz akusatuta zeuden hiru pertsona aske uzteak manifestazioak eta istilu larriak eragin zituen. Oposizioko alderdientzat gizarte-mailen arteko desberdintasunak (munduko handienetakoak, zenbait azterketaren arabera) eta langabezia izan ziren istilu horien benetako eragileak. 1996an, herrialdea kanpora saltzen zuen mearen prezioaren mendean zegoen oraindik ere. Festus Mogae hautatu zuten lehendakari 1999an, eta berriro irabazi zituen hauteskundeak 2004an.

2008an Ian Khama bilakatu zen lehendakari. 2010ean, Kalahari Erdialdeko erreserbako boskimanoen eskubideak etengabe urratzen zirela salatu zuen NBEk.[5]2018an, Mokgweetsi Masisik ordeztu zuen Ian Khama presidente karguan.

Gobernua eta administrazioaAldatu

PolitikaAldatu

Botswanak ez du inoiz estatu-kolperik izan, eta Afrikako estaturik egonkorrenetakoa da. Egungo konstituzioa 1966tik dago indarrean. Errepublikako`presidentea estatuburua eta gobernuburua da. Parlamentua ganbera bakarrekoa da, Nazio Biltzarra (National Assembly), eta 63 kidez osaturik dago.[3]

Banaketa administratiboaAldatu

17 barrutitan banaturik dago, 10 landa-barruti (Erdialdea, Chobe, Ghanzi, Kgalagadi, Kgatleng, Kweneng, Ipar-mendebaldea, Ipar-ekialdea, Hego-ekialdea eta Hegoaldea) eta 7 hiri-barrutitan (Gaborone, Francistown, Lobatse, Selebi-Phikwe, Jwaneng, Orapa eta SowaSowa):

 
Botswanako landa-barrutiak.
Zenb. Barrutia Eremua[6]
(km2)
! Biztanleria[6]
(2011)
Dentsitatea
(bizt./km2)
Landa-barrutiak
1
Erdialdea 142.076 576.064 4,0
2
Chobe 20.800 23.347 1,1
3
Ghanzi 117.910 43.095 0,4
4
Kgalagadi 105.200 50.752 0,5
5
Kgatleng 7.960 91.660 11,5
6
Kweneng 31.100 304.549 9,8
7
Ipar-mendebaldea 109.130 152.284 1,4
8
Ipar-ekialdea 5.120 60.264 11,8
9
Hego-ekialdea 1.780 85.014 47,8
10
Hegoaldea 28.470 197.767 6,9
Hiri-barrutiak
Gaborone city 169 231.592 1.370
Francistown city 79 98.961 1.253
Lobatse town 42 29.007 691
Selebi-Phikwe town 50 49.411 990
Jwaneng town 100 18.008 180
Orapa town 17 9.531 561
SowaSowa township 159 3.598 22,6

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

 
Dihosana, kalanga herriaren dantza tradizionala.

2.338.900 biztanle zituen 2019an.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 30,5 dira, 15-24 urte bitartekoak % 18,3, 25-54 urte bitartekoak % 39,7, 55-64 urte bitartekoak % 5,9, eta 65 urtetik gorakoak % 5,5. Bizi itxaropena 64,8 urtekoa da; 62,8 urtekoa gizonezkoena eta 66,9 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak). 2018an helduen % 22 seropositiboa zen.[3]

Banaketa etnikoaAldatu

Gizatalde nagusia tswana da, biztanleria osoaren % 79. Kalahariko basamortuan boskimanoak bizi dira,[5] eta, haietaz gainera, beste bi gizatalde txiki daude: kalangak (% 11) eta hereroak.[3]

HizkuntzakAldatu

Nazio-hizkuntza tswanera da, baina ingelesa da hizkuntza ofiziala.

ErlijioaAldatu

Erlijioari dagokionez, biztanleen % 79,1 kristauak dira (protestanteak batez ere), % 4,1 badimoren jarraitzaileak, eta % 15,2 erlijiorik gabeak.[3]

Hiri handienakAldatu

Lau biztanletatik hiru hirietan bizi dira, gehienak herrialdearen ekialdean.

EkonomiaAldatu

Botswanako ekonomiak bi oinarri nagusi ditu, abeltzaintza eta meatzaritza (nikela, kobrea eta diamanteak). Munduko hirugarren diamante-ekoizle nagusia da. Diamanteen produkzioak egun duen garrantzia hartu baino lehen, ekonomia haragi- eta larru-esportazioan bakarrik oinarritzen zen. Abeltzaintza animalia basatien eta landareen kaltean ari da zabaltzen. Beste diru-iturri batzuk luxuzko turismoa (safariak) eta kanpoan, Hegoafrikan gehienbat, lan egiten dutenen ekarpenak dira. Industria gutxi dago, oinarri-oinarrizkoa. Aipagarriak dira Gemsbok eta Chobe-ko parke nazional handiak, eta Kalahariko ehiza-erreserba.

ErreferentziakAldatu

  1. a b c 38. araua: Munduko estatuen izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia, euskaltzaindia.eus . Noiz kontsultatua: 2011-03-30.
  2. a b c d e Botswana. citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2020-2-3.
  3. a b c d e Botswana. The World Factbook, cia.gov . Noiz kontsultatua: 2020-2-4.
  4. Gaborone. weatherbase.com . Noiz kontsultatua: 2020-2-4.
  5. a b Renobales, Ianire. Boskimanoak diamanteen truke. Berria egunkaria, 2010eko martxoak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-2-4.
  6. a b c 2011 Population & Housing Census Analytical Report. UNFPA, web.archive.org . Noiz kontsultatua: 2020-02-03.

Kanpo estekakAldatu