Lehen hezkuntza edo oinarrizko hezkuntza[1] hezkuntza formalaren lehen etapa izan ohi da, sei urte irauten duena, 6 urtetik 12 urtera bitartekoa, haur hezkuntzaren ondoren eta bigarren hezkuntzaren aurretik datorrena. Herrialde gehienetan derrigorrezko irakaskuntza da, eta ikastola, eskola edo ikastetxeetan ematen da.

Japoniako lehen hezkuntzako klase bat
Višňové-ko (Eslovakia) Lehen Hezkuntzako eskola bat.
Herbehereetako ikasgela bat, garbitu eta gero

Hezkuntza aldi horretako helburuak haurraren irakurmena garatzea, haurrak modu zuzenean idatzi eta kalkulu aritmetikoa ikasi, gizarte eta naturaren oinarrizko ezaupideak jaso, zentzu artistikoa garatu eta giza-harremanak eta afektibitatea garatzea izaten dira. Hortik ondorioztatzen da ahozko estimulazioaren garrantzia, haurrek entzuten eta hitz egiten dutenaren arabera idatziko baitute. Aukera desberdinak eskeintzea garrantzitsua da haurrak txikitatik estimulatu ahal izateko[2].

Nazioarteko Hezkuntzaren Sailkapen Estandarrak lehen hezkuntza fase bakartzat jotzen du, curriculumak normalean irakurtzeko, idazteko eta matematikako oinarrizko trebetasunak emateko diseinatuta egoten da eta etorkizunean beste gaitasun batzuk garatzeko oinarri sendoak ezartzeko.

Lehen hezkuntzako historia

aldatu

Antzinako Greziako eta Erromatarren garaian, amek hezten zituzten mutilak zazpi urtera arte, gero, kokapen geografiko eta unean uneko kulturaren arabera, hezkuntza formala abiatuko zuten. Espartan hamabi urte bete arte, akademia militar batean egoten ziren ariketa fisikoa egiten eta borrokarako trebetasunak ikasten, baina baita irakurketa, idazketa eta aritmetika ere. Atenasen, aldiz, polien legeak ulertzea, irakurtzea, idaztea izaten zen ardatza, aritmetika, musika, gimnastika eta atletismoarekin batera. Homeroren istorioetako ikaskizunak eta morala ikasteari ere garrantzia ematen zitzaion.

Bestalde, neskek etxean jaso izaten zuten hezkuntza guztia. Erroman, lehen eskola ludus deitzen zen; mendeetan zehar garatu zen curriculuma latindar hizkuntza eta greziera klasikoaren ikaskuntzan zuen ardatz. K.a. 94. urtean, Kintilianok Institutio oratoria izeneko hezkuntza-lan sistematikoa argitaratu zuen. Irakaskuntza eta ikaskuntza bereizten zituen eta 7 eta 14 urte bitarteko haur batek zentzuzko esperientziatik ikasten zuela, ideiak osatzen ikasten zuela, hizkuntza eta memoria garatzen zituela azaltzen zuen. Gomendatu zuen irakasleek ikasleak motibatu egin behar zituztela irakaskuntza eta irakasgaiak interesgarri bihurtuz, gorputz zigorrekin bainoago. Irakasgaiak multzokatu zituen: Triviuma (gramatika, erretorika eta logika) eta quadrivium (aritmetika, geometria, astronomia eta musika) erromatar curriculumean bezala.

Erdi Aroko eliza eta hezkuntza

aldatu
 
Jules-Alexis Meunierren Katezismo lezioa

Erromatarren eragina gutxitu egin zen eta katedraleko eskola handiak sortu ziren koristen eta kleroen iturri bat izateko. Kings School, Canterburyko Kings School, esate baterako 597. urtean sortu zuten. Erromako Kontseiluak 853. urtean zehaztu zuen parrokia bakoitzak oinarrizko hezkuntza eskaini behar zuela: erritu erlijiosoari buruzko ikasketa, baina, bide batez, latinez irakurtzea eta idaztea ere bai.

Hezkuntza kristauaren xedea salbazioa lortzea zen, aldaketa sozialarekiko kezka askoz txikiagoa zen. Elizak hezkuntzaren monopolioa zuen eta jaun feudalak ados zeuden. Nobleek beren seme-alabak elizako eskoletan heztea ahalbidetu zuten. Garai hartako ekonomia gehienbat lehen sektorekoa zen eta nekazari, abeltzain eta arrantzaleen seme-alabak ahal bezain laster hasi behar zuten lanean. Sinesten zen gizakia Jainkoak sortu zuela eta hasieratik, Adan eta Ebaren herentziagatik, gizakia jatorrizko bekatuaren jaiotzen zela, bekatari jaiotzen zela eta Elizaren irakaskuntzak eta sakramentuek soilik salba zitzaketela bekatari jaiotako ume horiek. Parrokiek oinarrizko hezkuntza eskaintzen zuten, baina ez zuten zertan eskaintza haur guztiei zabaldu.

Apaizak ekoizteko beharra zegoen, eta Karlomagnoren bezalako erresuma egonkorrean, latinez idazteko oinarrizko gaitasuna zuten administratzaileak eta zergak biltzeko eta administratzeko aritmetika oinarrizkoa zekiten pertsonak, gizonak, behar zituzten.

Alkuinek (735-804) material didaktikoak garatu zituen, katekesi metodoa, hau da behin eta berriro ahozko errepikapenak eta galdera-erantzunak buruz ikastea, nahiz eta askotan, errepikatzen zena ondo ulertu ez. Trebetasun horiek Cluny bezalako abadia handietan ere lantze ziren. Herriaren eta monasterioen artean aldea egon zen baina parrokia, kapera, monasterio eta katedral bakoitzean antzeko irakaskuntza teknikak erabili ziren. Emakumeak elizako bizitzan sartzeko aukera izan zutenean, emakumeentzako komentuak sortu ziren eta haiekin komentuko eskolak. Zortzi bat urterekin sartu ohi ziren neskak eta latindar gramatika, erlijio doktrina eta musika irakasten zitzaien, eta horiekin batera emakumezkoei zegozkien josten, ehungintzan, tapizeria lanetan, pintura eta brodatzen irakasten zitzaien.

Esate baterako, Beda zazpi urterekin sartu zen Jarrow eskola monastikoan eta idazle eta historialari bilakatu zen.

Kantagintza eskolak karitatezko dohaintza baten emaitza izaten ziren eta behartsuak hezteko baliabide bihurtu ziren. Ingalaterran, parrokiek 804tik eskola bat izan behar zuten eta katedralek 1179ko Laterango Kontseiluaren ondoren eskolak sortu behar izan zituzten. Lehen hezkuntzak, batez ere, curriculumaren oinarria osatzen zuten trivium eta quadrivium jakintza arlo latindarrean aurrera egiteko beharrezkoena eskaintzen zuen.

Errenazimendua

aldatu
 
Prisziano gramatikalariaren irudia, ikasle pare batekin.

Humanismoak bigarren hezkuntzako curriculumean aldaketa handia ekarri zuen bitartean, lehen hezkuntzako curriculumak ez zuen eraginik ia izan. Garai hartan uste zen antzinako handikien lanak, inperioak gobernatu zituzten antzinako mandatarien lanak, oso egokia zela esparru guztietan arrakasta izateko. Errenazimentuko bost urtetik gorako neska-mutilek latindar gramatika ikasi zuten erromatarren seme-alaben liburu berak erabiliz. Donatus eta Prisziano gramatikarien lanak erabiltzen ziren, gero Zesarren Idazkiak eta San Jeronimoren Bibliaren latinezko itzulpena, Vulgata, ikasteko.

Behartsuak

aldatu

Nahiz eta oinarrizko irakaskuntza emateko sortuak izan Gramatika ikastetxeek eskatzen zieten bertoko ikasleei beren gaitasunek jada hein batean garatuak izatea. Bereziki, ikasleak irakurtzeko eta idazteko gai izatea espero zuten. Oinarrizko zerbait behar zen onartuak izateko.

Hezkuntza filosofiak

aldatu
 
Ikasgela, XIX. mendearen amaierako lehen hezkuntzako eskola batean, Het Hoogeland Openluchtmuseum.

Hezkuntzan zenbait mugimenduek garrantzia izan zuten Europa osoan eta Europak sortuatako kolonietan. Amerikar pedagogoek Pestalozzi, Joseph Lancaster, Owen pentsalarien eredua gustuko izan zuten eta prusiar eskolak eredugarritzat jo zituzten.

Lehen hezkuntzako eskolak

aldatu
 
Suitzan 6 eta 7 urteko ikasleentzako XXI. mendeko ikasgela bat

Munduko leku gehienetan, lehen hezkuntza derrigorrezko hezkuntzaren lehen etapa da eta garai modernoetan ia doakoa izaten da; hala eta guztiz ere, inoiz gurasoek kuotak ordaintzen dituzte, batez ere sistema publikotik aparte dauden ikastetxe independenteetan.

Lehen eskola hitza frantsesezko école primaire terminotik eratorria da, eta munduko hainbat kulturatara esportatu da. Esate baterako, ingelesezko testu batean lehenengo aldiz frantseseko terminoaren ordaina erabili zen 1802. urtean. Erresuma Batuan, "oinarrizko hezkuntza" irakatsi zen "oinarrizko eskoletan" 1944ra arte, doako irakaskuntza proposatu zitzaien 11 urtetik gorako ikasleei: oinarrizko hezkuntzako ikastetxeak eta bigarren hezkuntzako ikastetxeak egon behar zuten; horiek lehen eskola eta bigarren hezkuntza bezala ezagutzen ziren.

Ingelesez gehien erabili diren terminoak hauek izan dira: primary school (batez ere Commonwealtheko herrialdeetan) eta elementary school (batez ere AEB eta Kanadan).

Lehen hezkuntza Euskal Herrian

aldatu

Euskal Herrian bi hezkuntza sistema aurki daitezke, Espainia eta Frantziakoa. Espainiako estatuaren barne daude Hego Euskal Herriako, EAE eta Nafarroa, beraz, hezkuntzaren gainean arauak sortzeko eskumena du. Bertan euskarak ofizialtasun dauka EAE osoan eta Nafarroako iparraldeko zenbait lurraldetan. Ipar Euskal Herrian, ordea, Frantziako estatuak ez du hezkuntza mota hau bertako erakunde politikoekin partekatzen eta frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra.

Euskal Herriko hezkuntza sistemetan, alde batetik, hezkuntza publikoan dabiltzan ikastetxeak daude, hau da, erakunde politikoen, hezkuntza sailen, eta beste zenbait organigramen menpe daudenak, eta beste aldetik, badaude sistematik autonomoagoak diren ikastetxe batzuk, hezkuntza pribatukoari dagozkienak.

Euskararen irakaskuntza

aldatu

Euskal Herria hiru administrazioren menpe egoteak eta euskara lurralde osoan ofiziala ez izateak euskararen irakaskuntza baldintzatu egiten du.

Gaur egun, ikastetxeetan euskarak duen garrantzia eta hizkuntza horretan eskaintzen den ikastordu kopurua oso ezberdina da. Lau aukera nagusi daude:

  • Euskara irakaskuntzako hizkuntza bakarra izatea. Ikasgai guztiak euskaraz lantzea, beste ikaskuntzara bideratutako ikasgaiak ezik (gaztelania, frantsesa edo ingelesa nagusiki). EAEn eta Nafarroako Eskualde Euskaldunean zein Eskualde Mistoan eskola publikoetan topa daiteke eredu hau eta baita, ikastola deritzen zenbait ikastetxe pribatuetan ere.
  • Euskara ikasgai batzuetako hizkuntza izatea, erdara bat edo gehiagorekin batera. Euskarazko ikasgaiei esleitzen zaien ordu kopurua nabarmen aldatzen da eredu batetik bestera. Mota honetakoa eskola pribatu zein publikoetan topa daiteke.
  • Euskara ikasgai gisa izatea. Eredu honetan Euskara ikasgai bakarrean ikasten da, hizkuntza horri buruzkoan hain zuzen.
  • Euskara ikasgai gisa ere ez irakatsia izatea. Eredu hau Ipar Euskal Herrian zein Nafarroako eskualde ez-euskaldunetan ematen da.[3]

Hego Euskal Herrian

aldatu
 
Lezoko eskola publikoko lehen hezkuntzako ikasgela bat, 2003. urtean. Ikasleak laukoteka lan egiteko prest. Ordenagailu gutxi ikasgelan informazioa Interneten bilatzeko.
 
Musika eta dantza Leioako lehen hezkuntzako eskola batean.

Euskaraz, hegoaldean, azken hamarkadetan, lehen hezkuntza terminoa nagusitu da (6-12 urtekoentzat). Aurretik, hegoaldean, oinarrizko hezkuntza erabiltzen zen (6-14 urtekoentzat).

Hezkuntzako hainbat eskuduntza EAEko Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuen esku geratu ziren 1978ko Espainiako Konstituzioa indarrean jarri eta gero.

Lehen Hezkuntza 6-12 urteko ikasleei ematen zaie[4][5], baina ikasle batzuek ikasturtea errepikatzen dute eta sei ikasturte egin, beharrean zazpi-zortzi ikasturte egiten dute.

Hego Euskal Herrian familiek bizpahiru aukera dauzkate ikasleen oinarrizko hezkuntza bideratzeko. Alde batetik, eskola publikoak daude; bestetik, eskola pribatu edo itunpekoak. Ikasleen erdiek, gutxi gorabehera, publikoan ikasten dute eta beste erdiek itunpeko edo pribatuetan[6]. Itunpeko eskoletan ikasleek diru-laguntza handiak jasotzen dituzte eta familiek eskolako gastu nagusiak Hezkuntza Sailaik ordainduta daudela antzematen dute, eta horri esker aparteko gastu batzuk besterik ez dute ordaindu behar (garraioa, jangela, irteerak, eskolaz kanpokoak...).

Itunpeko eskolen artean bi sare nagusi dira: alde batetik, Kristau Eskola delakoa[7], katolikoek sortu eta kudeatzen dutena, bestetik, ikastolak.

Kristau eskoletan Eliza Katolikoa erakundearen jabea izaten da, gehienetan eraikuntzaren jabea eta enpresaren enplegu-emailea. Ikasleek erlijio katolikoa, horrexen balioak, katolizismoa irakasgai gisa edo zeharkako konpetentzia gisa ikasi behar dute, beste eskoletako ohiko eduki eta konpetentziekin batera.

Hego Euskal Herriko ikastolek, XX. mendekoek batez ere, frankismo garaietan dituzte erroak. Hamarkada haietan eskola nazionalak eta eskola katolikoak ziren nagusi: euskara baztertzen zuten eskola ereduak ziren, askotan katolizismoa eta espainiar nazionalismoa bezalako balioak hedatzen zituzten. Hainbat herri-elkartek edo mugimendu kooperatibistak sortu ziren, frankismoak eskaintzen zuen eredua saihesteko eta oso bestelakoa izateko asmoa zuen beste eskola eredu euskalduna sortzeko. XX. mendeko 80. eta 90. hamarkadetan, ikastola horietako batzuk eskola publiko bilakatu ziren eta beste batzuek kooperatiba izaten segitu zuten.

Kristau Eskolako eta Ikastolen elkarteko ikastetxeak itunpekoak izan ohi dira. Hezkuntza Sailak jarritako baldintza batzuk betez gero, ikasle bakoitzeko diru-laguntza jakin bat jaso ohi dute.

Hego Euskal Herrian, ia eskola guztiak publikoak edo itunpekoak dira, baina salbuespen batzuk daude: eskola batzuk erabat pribatuak dira, adibidez, atzerriko hezkuntza programa batzuei lotuta daudenak, ez baitute diru publikorik jasotzen.

Ipar Euskal Herrian

aldatu

Frantses estatuan hizkuntza ofizial bakarra frantsesa izateak oztopo handiak sortzen ditu euskararen irakaskuntzan. Legez, euskara irakastea ez dago debekatua baina ez da derrigorrezkoa. 2013an aurrerapauso bat eman zen, estatu frantsesak, historian lehendabizikoz, eskola publikoan eredu elebiduna (Hegoaldeko B ereduaren parekoa) ezartzea onartu baitzuen. Gaur egun, sistema hau bermatzen duten eskola bakarrak Seaskako ikastolak dira. Seaskako sistema hegoaldeko D ereduaren parekidea da, eta 1969tik landa dihardu eredu hau eskaintzen.[8][9]

Lehen hezkuntzako diseinuaren marko teorikoa

aldatu

Eskola curriculumeko diseinua ez da isolamenduan gertatzen. Diseinuak honako elementuak kontuan hartu behar ditu:

  • curriculumaren edukiak,
  • irakasteko metodologiak,
  • kostu ekonomikoak,
  • hezkuntzako kontu politikoak,
  • eskola eraikinak, aretoak, ikasgelak erabilpena (komunitatearen esparruan ere bai),
  • kokapen fisikoak ezarritako mugak,
  • diseinuaren helburua...

Herrialde bakoitzak hezkuntza sistema berezia eta lehentasun desberdinak izan ohi ditu. Hezkuntza sistema bakoitzak, ikastetxeak, ikasleak, langileak, biltegiak, baliabide teknikoak, sistema mekanikoak eta elektrikoak, datu biltegiak, laguntza langileak, langile osagarriak eta administrazioa, kudeatzaileak, behar ditu. Ikasgela kopurua, ikasleen ratioak, modu zentralizatuan edo deszentralizatuan antola daitezke.

Ikasgaiak

aldatu

Lehen Hezkuntzan, ikasgaiak hiru multzotan multzokatzen dira: enborrekoak, espezifikoak eta autonomia-erkidegoen konfigurazio askeko irakasgaiak.

Enborreko ikasgaiak

aldatu

Enborreko ikasgaiak hauek dira:

Ikasgai espezifikoak

aldatu

Ikasgai espezifikoak hauek dira:

Ikastetxeen eskaintzaren arabera, ikasgai espezifikoen blokeko arlo hauetako bat

  1. Hezkuntza Artistikoa (plastika)
  2. Atzerriko Hizkuntza (frantsesa).

Etapak

aldatu

Haur Hezkuntza alde batera utzita (hau burutzea ez baita derrigorrezkoa), hezkuntza-sistemaren derrigorrezko lehen etapa da, eta beraz 6 urteko haur guztiak sartu behar dira bertan. Ziklotan egituratzen denez, ikasturte edo maila bakoitzean helburu orokor batzuk zehazten dira. Etapa honek, hiru ziklotan[10] banatuta dauden 6 ikasturte hartzen ditu. Hiru ziklo horiek, honela banatzen dira:

ZIKLOAK MAILAK ADINA
1 ZIKLOA Lehen Hezkuntzako 1. maila 6-7 urte
Lehen Hezkuntzako 2. maila 7-8 urte
2 ZIKLOA Lehen Hezkuntzako 3. maila 8-9 urte
Lehen Hezkuntzako 4. maila 9-10 urte
3 ZIKLOA Lehen Hezkuntzako 5. maila 10-11 urte
Lehen Hezkuntzako 6. maila 11-12 urte

Eraikinen diseinuaren zehaztapenak

aldatu
 
Suitzako lehen hezkuntzako instalazio batzuk
 
AEBetako ikasgelako liburutegi bat.

Hezkuntza sailak eskaintzen dituen eraikinak honako elementu hauek izaten ditu: ezinbestean, ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren laguntzaileak, administratzaileak eta hezkuntza sistema batzuetan, aukeran, komunitatea (familiak, auzo elkarteak, etab.).

Eskolek osasun eskakizun minimoak dituzte, ikasgeletarako neurri minimo batzuk, komunak, dutxak, elektrizitatea eta beste hainbat zerbitzu, testu liburuak, eskola liburutegiak, ikasgelako liburutegiak, ordenagailuak...

Eskola eredugarri batek honako baldintzak bete ohi ditu:

  • neurri egokiko ikasgelak: 60 m2 ontzat hartzen bada ere, 80 m2tik gorakoak hobesten dira:
  • irakaskuntza espezializaturako espazio bereiziak,
  • langileak prestatzeko gela,
  • langileen ongizate instalazioak,
  • administrazio gune bat, bulego egokiak,
  • erabilera anitzeko ikasgelak,
  • ikasleen komun egokiak eta irakasleenak,
  • helburu orokorreko eskola aretoa,
  • ekipamendu egokia,
  • biltegiratze eremuak,
  • aldizka berriztatzen diren liburutegiak, ikastetxeetakoak, ikasgeletakoak, pasabideetakoak...,
  • ordenagailu gelak, edo ordenagailu bana ikasle bakoitzeko edo horiek kudeatzeko azpiegitura,
  • aholku psikologiko, gaixotasun fisiko eta medikuntza azterketak bideratzeko gelak...

Ikastetxeak jabego publikokoak dira inoiz, jabeko pribatukoak edo jabego publiko eta pribatukoak nahastuta: udala, aldundiak, gobernuak jabe publikoak dira maiz; jabe pribatuak, aldiz, enpresak, talde politiko edo erlijiosoak dira, edo irabazteko asmorik gabeko erakundeak.

Kontuak

aldatu

Kontu-hartzaileak jabego ereduaren araberakoak izaten dira.

Erreferentziak

aldatu
  1. «UNESCO UIS» uis.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  2. (Gaztelaniaz) Definista. «¿Qué es Educación Primaria? » Su Definición y Significado [2022»] Concepto de - Definición de (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  3. «Erakaskuntza publiko elebidunaren defentza» IKAS-BI 2015-08-10 (Noiz kontsultatua: 2022-11-29).
  4. EAEko 236/2015 Dekretua, EAEko Hezkuntza Saila. (2015). Oinarrizko Hezkuntza Curriculuma. EAEko aldizkari ofiziala, 724 or..
  5. Hezkuntza Saila, Nafarroako Gobernua. (2014). NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHEN HEZKUNTZAKO CURRICULUMA. 2014ko 174. NAO, irailaren 5ekoa, 181 or..
  6. Estatistikak, r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f. «Hezkuntza estatistikak - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-17).
  7. «Kristau Eskola | Kristau ikastetxeen elkartea» Kristau Eskola (Noiz kontsultatua: 2020-04-17).
  8. (Frantsesez) «Baionan, Estitxu Robles Arangiz kolegioa estreinatu dute» ici, par France Bleu et France 3 (Noiz kontsultatua: 2022-11-29).
  9. «Seaskako historikoa | Seaska» seaska.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-29).
  10. «Conoce cuáles son los niveles educativos en España - educaweb.com» www.educaweb.com (Noiz kontsultatua: 2022-11-29).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu