Tabako gehiegi erretzeak sortutako intoxikazio kronikoa
Tabakismoa da tabakoa erretzeko menpekotasuna edo haren gehiegizko kontsumoa. Gaixotasuna bera da, baina beste gaitz larriago batzuk ekar ditzake epe luzean, bereziki gaixotasun kardiobaskularrak (hauen eragilea da kasuen %50a baino gehiagotan), birikako gaitz kronikoak (%90a) eta minbiziaren hamaika mota. Europan 1.2 milioi hildako inguru daude urtero honen guztiaren ondorioz eta espainiar estatuan 50.000 pertsona baino gehiago hiltzen dira, trafiko istripuek eta droga ilegal guztiek batera eragindakoa baino gehiago.
Kontsumoa antzinako garai eta zibilizazioetan hasi bazen ere, Europan ez zen sartu XVI. mendeko amaiera arte. Gaur egun 1-1.5 bilioi pertsona inguruk erretzen du munduan zehar, eta garapen bidean dauden herrialdeetan erretzaileen tasa handienak dituzte, eta bertan gertatzen dira heriotz guztien %70a gutxi gora-behera. Herrialde garatuetan aldiz beheranzko joera dago azken urteotan. Gizonek emakumeek baino gehiago kontsumitzen dute gaur egun ere, eta adin tarte prebalenteena 30 eta 49 urte artekoa da.