Gibela sabelaren barruko organoa da, gizaki zein animali ornodun guztietan ageri dena. Digestio-aparatuaren osagaia da eta abdomenaren eskumaldean kokatuta dago, diafragmaren azpian. Bere inguruko organoak ondokoak dira: behazun-xixkua, heste lodia, heste mehea, urdaila, barea eta area edo pankrea. Funtzioen aldetik, gantzen digestiorako beharrezkoa den behazuna ekoizti eta jariatzen du, proteina plasmatikoen sintesian parte hartzen du, bitamina eta glukogenoaren metaketa gauzatzen du eta funtzio desintoxikatzailea du. Organismoarentzat kaltegarriak diren substantziak, hala nola; alkohola, odoletik ezabatzearen arduraduna da. Gibelaren gabezia edo gibelaren funtzionamentu eza bizitzarekin bateraezina da.

Gibel
Xehetasunak
Honen parteDigestio-aparatua
Kokapenasabelaldeko barrunbea
Hona
drenatzen du
Bena hepatikoa
Hepatic lymph nodes (en) Itzuli
ArteriaArteria hepatiko propio
ZainaBena hepatikoa
NerbioaNerbio bago
celiac ganglia (en) Itzuli
Identifikadoreak
Latinezhepar
MeSHA03.620
TAA05.8.01.001
FMA7197
Terminologia anatomikoa

Morfologia aldatu

 
Giza-gibelaren kokapena (gorriz)

Gibela eskubiko hipokondrioaren zati handi bat eta ezkerreko hipokondrioaren zati txiki batean kokatzen den gorri-marrioi koloreko eta hiruki itxura duen organoa da. Urdailarekiko aurrealdean kokatzen da, hau partzialki estaliz eta goialdetik diafragmak estaltzen du. Saihetsek babesten dute eta arnasketarekin batera, haren kokapena aldatu egingo da. 1,5 kg-ko batazbesteko pisua eta 15zm-ko luzera du. Hortaz, gibela gorputzeko guruinik handiena eta gorputzaren barruko barrunbeetako organorik pisutsuena da.

Lobuluetan banatzen da eta lobulu bakoitzean, milioika hepatozito daude, metabolismoaren oinarrizko zelulak direnak.Ehun konektibo dentso irregularrezko geruza batek guztiz estaltzen du kanpoaldetik: Glisson-en kapsula. Geruza hau, gibelaren hiloan ere agertzen da. Kapsularen azalaldetik eta honi estuki lotuta peritoneozko geruza bat zabaltzen da eremu biluzian izan ezik.

Anatomia makroskopikoa aldatu

Aurpegiak eta ertzak aldatu

Gibelak bi aurpegi ditu: diafragma aldeko aurpegia eta errai aldeko aurpegia. Gainera hiru ertz izango ditu: aurrekoa, behekoa eta atzekoa.

Diafragma aldeko aurpegiak goiko, aurreko eta atzeko eremuak osatzen ditu. Oso aurpegi laua da eta diafragmaren makurdurara egokitzen da. Eremu biluziaren hiruki itxurako zatia antzematen da, baina bestela, gainazal guztia errai peritoneoz estalita dago, beraz, peritoneoz barruko erraia dela esan daiteke. Honek mugikortasuna eskaintzen dio organoari eta gainerako organoekiko marruskadura txikitzen du.

Peritoneoa batu egiten da bi orriko lotailu faltziformea edo igitai itxurako lotailua eratzeko eta honen azken zatian, gibelaren lotailu borobila kokatzen da. Azken hau, garapen enbrionarioko zilborreste zainaren arrastoa izango da. Lotailu faltziformearen edo igitai itxurako lotailuaren funtzioa gibela abdomenaren aurreko paretara lotzea da.

Lotailu honen bi orriak gibelaren goiko aldean banatu egiten dira koro lotailuak osatuz eta hauek diafragma eta gibelaren artean zehar zabalduko dira, eremu biluzia mugatuz. Lotailu hauek eskubiko eta ezkerreko diafragma azpiko zokoguneak osatuko dituzte. Koro lotailuen amaieran lotailu trinageluarrak eratuko dira. Lotailu hauen funtzioa gibela diafragmara lotzea izango da.

 
Gibelaren goiko ikuspegia. Alde diafragmatikoa. Bi lobuluak (eskuinekoa eta ezkerrekoa) lotailu falziformearen bidez banatzen dira. Eremu biluzia antzematen da.

Diafragma aldeko aurpegian, igitai itxurako lotailuak banatzen dituen bi lobuluak antzeman daitezke: gibelaren eskubiko lobulua eta gibelaren ezkerreko lobulua.

Errai aldeko aurpegia ahurra da eta ez da diafragma aldeko aurpegia bezain leuna. Ildo ezberdinak erakusten ditu:

  • Ezkerreko aurre-atzeko ildoa edo lotailu biribilaren arteka: gibela goitik behera zeharkatzen duen ildoa da. Haren goiko zatia zain lotailuak (garapen enbrionarioan funtzionala den arancio-ren hodiaren arrastoa) eratuko du eta behekoa lotailu biribilak (zilborreste zainaren aztarna).
  • Eskubiko aurre-atzeko ildoa edo Cantlie-ren lerroa: aurrekaldetik behazun xixkua eta atzekaldetik beheko kaba zainaren ildoak eratzen dute.
  • Zeharkako ildoa: gibelaren hiloak eratzen du eta beste bi ildoak lotzen ditu.

Errai aldeko aurpegian ikusten diren ildo hauek gibela lobuluetan banatzen dute.

Lobuluak aldatu

Gibela diafragma aldetik edo goitik aztertzerakoan, igitai itxurako lotailuak banatutako bi lobulu antzematen dira: gibelaren eskubiko lobulua eta gibelaren ezkerreko lobulua.

 
Gibelaren errai aldeko aurpegia. Ildoak eta hauek banatzen dituzten lobuluak, aztarnak eta behazun xiskua ikusten dira.

Behetik edo errai aldeko aurpegitik behaketa egiterakoan, bertan dauden ildoek gibela lau lobulu ezberdinetan banatzen dute:

  • Ezkerreko lobulua: ezkerreko aurre-atzeko ildoaren ezkerraldean aurkitzen da.
  • Lobulu buztanduna edo Spiegelen lobulua: lobulu karratuaren atzekaldean kokatzen da eta aurrealdetik gibelaren hiloak, ezkerraldetik zain-lotailuak eta eskubialdetik beheko kaba zainak mugatzen dute.
  • Tuber lobulua: eskubiko aurre-atzeko ildoaren eskuinaldean aurkitzen da.
  • Lobulu karratua:  behazun-xixkuak eskubitik, lotailu biribilak ezkerraldetik eta gibelaren hiloak atzealdetik mugatzen dute.

Diafragma aldeko aupegitik behatzerakoan ikusten dugun gibelaren eskubiko lobuluak, errai aldeko aurpegitik lobulu buztanduna, Tuber lobulua eta lobulu karratuari dagozkio.

Aztarnak aldatu

 
Gibelaren aztarnak.

Diafragma aldeko aupegia leuna da. Errai aldeko aurpegian, berriz, hainbat egituren aztarnak antzematen dira. Ezker lobuluan alde batetik urdailaren aztarna eta bestetik hestegorriko abdomen zatiaren aztarna ikusi daiteke. Tuber lobuluan lau aztarna daude. Lehenik eta behin, lobuluaren aurrealdean, zeharkako eta goranzko kolonaren arteko angeluak osatutako heste lodiaren aztarna kokatzen da. Eskubiko giltzurrunaren goiko poloak giltzurrunaren aztarna uzten du bestearen atzealdean. Giltzurrunaren aztarnaren erdialdean duodenoaren beheranzko zatiak duodeno aztarna sortuko du eta honen atzetik, giltzurrun gaineko guruinaren aztarna ikusi daiteke.

 
Gibelaren anatomia mikroskopikoa

Anatomia mikroskopikoa aldatu

 
Gibel lobulutxoak, zelulak, porta-zaina eta porta triada
 
Couinaud klasifikazioan oinarritutako segmentu hepatikoak

Mikroskopikoki, gibel lobulu bakoitza lobulu hepatikoez eratuta dago. Lobuluak hexagono itxura dute, eta arteriaren, zainaren eta behazun hodiaren lehen mailako adarren bitartez baskularizatuta daude.

Couinaud klasifikazioak gibela kirurgikoki guztiz independienteak diren 8 segmentutan banatzen du; bigarren mailako behazun hodiren batez dreinatuak eta porta zaina eta gibel-arteriaren adar batez odoleztatuak daudeak.

 
(A) Gibeleko behazuna behazun-hodien bidez jasoko da eta honek hodi-zistikoarekin bat egingo du behazun-xixkura heltzeko. Koledeko-hodiaren bitartez behazuna duodenora askatzen da. (B) Gibel lobulutxoa ageri da, eta bertan, porta triad

Segmentu horiek gibel lobulutxoez osatuta daude, hauek Kuppfer zelulaz eta hepatozitoz eratuta daude, eta lobulutxo bakoitzak zain zentral bat izango du, zeinak azkenean gibel zainarekin bat egingo duen odola gibeletik ateratzeko.

Lobulutxuen artean, porta triada edo lobulutxu arteko hodiak daude; hau da, porta zainaren, gibel-arteriaren eta gibel-hodiaren bukaerazko adarrak (lobulutxo artekoak) leka berean sartuta.

Gibelaren hiloa aldatu

Gibelaren hiloa, gibelera sartzen diren odol hodiek eta gibeletik ateratzen diren behazun hodiek osatzen dute. Hilo hau osatzen duten hodi guztiak gibel duodenoetako lotailuaren barruan kokatuta daude, hau da, peritoneoz barrukoak dira. Gibelaren pedikuluan egitura bakoitzak bere lekua izango du:

 
Gibelaren hilioa eta bere osagaiak

Hiru egiturak ezkerreko eta eskubiko adarretan banatzen dira eta adar hauen bidez hornitutako gibel areak ezkerreko eta eskubiko lobulu funtzionalak izango dira. Geroxeago, adar bakoitza adarkatzen jarraitzen da segmentu guztietara sartzeko.

Gibelaren odol itzulia gibel-zainen bitartez egiten da, zeinak beheko kaba zainera drainatuko duten odola. 3 gibel-zain daude eta beraien adarkadurak porta zainarenekin gurutzatzen dira, baina ez dira nahasten. Gibel-zainak ez dira hilotik ateratzen, izan ere ez dira pedikuluaren parte, eta gibelaren atzekaldetik beheko kaba zainara doaz zuzenean.

Odol-hodiak aldatu

 
Goi-ezkerraldean porta zaina ikus daiteke, hainbat adarren batuketaren ondorioz sortua.

Odoleztapena aldatu

Odola bi bide desberdinetatik helduko da gibelera:

Porta zaina aldatu

Zain hau bare-zainaren, beheko mesenterio-zainaren eta goiko mesenterio-zainaren batuketaren ondorioz sortuko da. Bareko, pankreako, behazun xixkuko eta abdomeneko digestio-hodiko itzulera benosoa jasoko du eta gibelera bideratuko du, odoleko mantenugaiak metabolizatuak izan daitezen. Gibelaren barnean adarkatu egingo da odola gibelaren segmentu eta lobulutxo guztietara heldu dadin.

Gibelaren berezko arteria aldatu

Arteria honek gibelera odol oxigenatua garraiatuko du eta bere jatorria enbor zeliakoa izango da. Honek ematen dituen adarren artean gibel-arteria batua egongo da, ondoren bi adarretan bananduko dena:

Urdail-duodenoetako arteria: beherantz zuzentzen da, piloroaren atzealdetik.

 
Enbor zeliakoa eta bere adarrak. Gibel-arteriak goi-ezkerraldean ikus daitezke.

Gibelaren berezko arteria: gibelerantz abiatzen da eta gibel-duodenoetako lotailuan sartuta dago.

Sortu bezain laster eta gibelean sartu gabe, azken arteria honek eskuineko urdail-arteria (edo piloro-arteria) ematen du.

Gibelaren berezko arteria gibelaren pedikuluan sartzen da eta porta zainaren azalaldean kokatua da. Gibelean sartu aurretik, bi adar ematen ditu gibelaren eskuineko eta ezkerreko lobuluak odoleztatzeko: eskuineko eta ezkerreko gibel-arteriak, hurrenez hurren. Eskuinekotik behazun-xixkura joango den arteria kistikoa sortzen da, gibelean sartzen ez dena. Eskuineko eta ezkerreko gibel-arteriak gibelaren barruan daudenean segmentu arterietan banatuko dira, gibelaren segmentu eta lobulutxo guztiak odoleztatzeko.

Itzulera benosoa aldatu

Gibelaren berezko arteriaren zein porta zainaren odola sinusoideetara heltzen da. Odol hau gibel lobulutxuen zentruko zainen bidez biltzen da. Zain hauek gibel-zainak eratzeko batuko dira eta hauek gibelaren atzealdetik ateratzen dira zuzenean beheko kaba zainean drainatzeko.

 
Gibelaren atzeko ikuspegia. Goian gibel-zainak agertzen dira, beheko kaba zainarekin batera.

Linfa itzulera aldatu

Gibeleko linfa, linfa-hodien bidez, kiloaren zisternara (Pequet zisternara) heltzen da. Hau aortaren atzealdean kokatuta dago, L2 mailan, eta gorantz jarraituko du torax-hodiaren bidez. Hodiak, aortarekin batera diafragma zeharkatu ondoren, torax barrunbe osoa zeharkatzen du. T5 mailan ezkerrerantz zuzenduko da eta bizkarrezurraren erdiguneko marra baino zertxobait ezkerralderago kokatzen da, aorta eta azigos artean, baita hestegorriaren atzean ere. Azkenean, ezkerreko besondo-buruetako enborrean drainatzen du.

Gibelaren inerbazioa aldatu

Sinpatikoa aldatu

Sinapsi aurreko zuntzak T7-T10 arteko mailetatik sortzen dira eta nerbio esplakniko nagusi eta txikiaren bitartez, gongoil zeliakoetara ailegatzen dira sinapsia egiteko.

Hemendik aurrera, sinapsi osteko zuntzek enbor zeliakoak ematen dituen gibel-adarren ibilbidea jarraitzen dute.

Parasinpatikoa aldatu

Inerbazio parasinpatikoa vagus nerbioak bakarrik ematzen du. Sinapsi aurreko zuntzak vagus nerbiokoak dira eta gibel, behazun xixku eta behazun-hodien inguruan antolatzen den gibel-plexura heltzen dira.

Plexua zuntz sinpatiko eta parasinpatikoz osatuta dago. Baina bertan kokatzen diren gongoilak soilik parasinpatikoak dira. Azken finean zuntz sinpatikoak ibilbidea bakarrik aprobetxatzen dute plexu horretan. Gongoil horietatik sinapsi-osteko zuntzak sortuko dira eta hauek gibelaren barrura sartzen diren odol hodien eta behazun hodien adarren ibilbidea aprobetxatzen dute gibelera sartzeko.

Sentikorra aldatu

Gibelak eta behazun xixkuak mina ematen dute noiz behinka. Inerbazio sentikorra, nerbio sinpatikoek eta eskubiko diafragma nerbioak hartzen dute.

Izan ere, eskumako diafragma-nerbioa gibelean sartzen da zuntz sinpatikoekin batera eta koroa-lotailuak, igitai itxurako lotailua eta glisson-en kapsula inerbatzen ditu. Egitura hauen distentsioak mina eragiten du.

Jatorri enbrionarioa[1] aldatu

Gibelak jatorri enbrionario desberdineko aldeak izango ditu: mesodermotik eratorritako aldeak eta endodermotik eratorritakoak (hepatozitoen aldea).

4. astean gutxi gorabehera, gibela Septum Transversum izeneko mesodermo esplaknikotik garatuko da eta honek aldi berean gibelaren atal mesodermikoa eta diafragma muskulua garatuko ditu. Gibelaren atal mesodermotik, zelula berezi batzuk agertuko dira: Kupffer zelulak. Laugarren aste honetan ere gibelak beste egitura mesodermiko bat garatuko du: sistema benosoaren paretatik hartuko duena. Hauek sinusoide hepatikoetan ikusiko dira.

6. astean 3. osagaia sortuko da, lehenengo egitura endodermikoa izango duguna, honetatik kordoi hepatikoak sortuko dira eta hepatozitoak agertuko dira. Zelula hauek bi funtzio nagusi dituzte:

  • Ur biliarra jariatu. 12. astetik aurrera ikusiko da duodenoaren aldean. Nahiz eta digestio sistema erabiltzen ez den, feto-enbrioia plazenta bidez elikatzen delako, bere sistema martxan ipintzen da eta horregatik antzeman daiteke ur biliarra 12. astetik aurrera duodenoan.
  • Metabolismoaz arduratu.

Zuhaitz hepatikoak, kordoi hepatikoak sortzeaz aparte, bide biliar intrahepatikoak sortuko ditu. Hauek likido biliarra jariatuko dute zuhaitz hepatikotik sortzen den tubo batera.

Tubo honek gibela duodenoaren erdiko aldearekin konektatuko du eta Koledoko hodia edo Kanpoko bide biliarra deritzo. Hestearen aurre eta erdiko aldeak banatuko ditu.

Koledokoa izango da antzinean zuhaitz hepatikoa izan dena eta esan bezala ur biliarrak eramaten ditu gibeletik duodenoaren erdira.  Biraketa emanten denean, koledoko hodia duodeno eta urdailaren atzetik pasatuko da eta jaio egin zen lekuan bukatuko du, hau da, duodenoaren erdian.

Aurretik aipatu bezala, aldi berean, septum transversumetik diafragma muskulua ere sortuko da. Peritoneo orrialdeak, gibelaren goialdean estali gabeko leku bat mantenduko du, gibelak eta  goialdean dagoen diafragmak zelulak konpartitzen dituztelako (jatorri berdina daukate). Beraz, peritoneoak ezin du zelulen korronte hori eten. Eremu horretara estaldura peritoneala ez denez iristen, gibelaren eremu biluzia deitzen zaio. Bertan, peritoneoa paretarantz erreflejatzen da.

Gibelaren fisiologia aldatu

Gibela ornodunen eta beste zenbait animalien glandula handiena eta garrantzitsuenetarikoa da. Ezinbestekoak diren funtzio asko betetzen ditu gure organismoan: funtzio metabolikoa, inmunea, hemostatikoa, desintoxikatzailea, digestiboa eta gordailu modura aritzea, besteak beste.[2][3]

Behazunaren sorrera aldatu

 
Behazun xixkua

Behazuna gantzen xurgapenerako beharrezkoa den substantzia da. Gibelean sortzen da kolesteroletik eratorritako gatz biliarrak izanda behazun azidoaren osagai nagusiak. Behazuna gibeletik gibel-hodi batuaren bitartez irteten da behazun xixkura joateko. Behazun xixkuan metatzen da behazuna, eta hona sartzeko eta irteteko hodi kistikoa erabiliko du. Behazuna elikagaiak digeritu behar direnean dudodenora jariatua izango da koledoko hodiaren bidez.

Metabolismoa aldatu

Metabolismoan paper oso garrantzitsua jokatzen du gibelak:

Gluzidoen metabolismoan: aldatu

Lipidoen metabolismoa: aldatu

  • Kolesterolaren sintesia: zelulen mintzetan erabiltzeko eta gatz biliarrak osatzeko erabiltzen dena gehien bat.
  • Triglizeridoen sorrera
  • Gluzido eta proteinen birmoldaketa gantz azidoak sortzeko.

Proteinen metabolismoa: aldatu

 
Gibeleko Küpffer zelulak

Funtzio inmunologikoa[4][5] aldatu

  • Inmunoglobulinen produkzioaren erantzule nagusia da. Hauek plasmara jariatzen dira eta aktibatu egiten dira erantzun inmunea sortzeko.
  • C proteinaren sorrera ere gibelean ematen da. Proteina honen sintesia prozesu inflamatorioetan izugarri handitzen da.[6]

Prozesu desintoxikatzaileak aldatu

  • Etanolaren prozesu metabolikoak ematen dira gibelean alkohol-deshidrogenasa entzimari esker.[7]
  • Toxinen neutralizazioa
  • Farmako ugariren metabolizazioa ematen da. Parazetamola adibidez, gibelean katabolizatzen da azido glukuronikoarekin batuz eta gernuaren bidez kanporatuz.
  • Amonioa urean transformatzen du. Prozesu desintoxikatzaile garrantzitsua da, urea gernuan oso erraz kanporatzen delako eta amonioa toxikoa izanda azkar kanporatu behar da.
  • Bilirrubinaren metabolismoa. Hemoglobinaren degradazioaren ondorioz agertzen den substantzia da bilirrubina. Hau gibeleko behazunarekin kanporatzen da azido glukuronikoarekin konjokatu ostean.

Substantzien gordailua aldatu

Hematopoiesia aldatu

  • Garapen enbriologikoaren lehenengo 12 asteetan gibela organo hematopoietiko nagusia da. Aste honetatik aurrera hezurrek funtzio hau hartuko dute.
 
A motako hepatitisaren birusa
 
Zirrosi hepatikoa

Gibelaren patologia aldatu

  • Hepatitis:
    • A motakoa: hepatitis akutu mota ohikoena. A hepatitis birusak eragiten du eta gizakietan agertzen da bakarrik.
    • B motakoa, C motakoa, D motakoa eta E motakoa. Birikoak dira guztiak.
    • Hepatitis ez birikoak
  • Gaixotasun biliarrak
  • Gaixotasun autoinmuneak: zirrosi biliar primarioa, hepatitis autoinmunea
  • Wilson gaixotasuna eta hemokromatosia
  • Bilirrubinarekin lotutako gaixotasun hepatikoak: Gilbert sindromea, Crigler-Najjar sindromea, Rotorren sindromea eta Dubin-Johnson sindromea, adibidez.
  • Hepatokartzinoma: gibeleko minbiziari deritzo.
  • Hepatomegalia: gibel handiegia izateari esaten zaio.
  • Gaixotasun baskularrak: Budd-Chiari sindromea, porta zainaren tronbosia...[9]

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Sadler, T.W.. Embriologia Medica Langman. Wolters Kluwer ISBN 978-84-16353-48-4..
  2. «Wayback Machine» web.archive.org 2018-01-27 (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).
  3. «Wayback Machine» web.archive.org 2017-05-17 (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).
  4. Farreras-Rozman. (2017). Medicina Interna. .
  5. Clària, J.; Titos, E.. (2004-01). «La célula de Kupffer» Gastroenterología y Hepatología 27 (4): 264–273.  doi:10.1016/s0210-5705(03)70457-9. ISSN 0210-5705. (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).
  6. Gómez Gerique, Juan Antonio.. (D.L. 2010). Proteina C reactiva como marcador de inflamación. Asociación Española de Farmacéuticos Analistas ISBN 978-84-613-7844-9. PMC 870108895. (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).
  7. Fernández-Ruiz, Mario; González, Esther; Hernández, Eduardo; Praga, Manuel. (2017-02-03). «Síndrome nefrótico secundario a glomerulonefritis membranosa asociada al tratamiento con litio.» IBJ Clinical Pharmacology  doi:10.24217/2530-4984.17v1.00006. ISSN 2530-4984. (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).
  8. Cusácovich Torres, Iván. Estudio de la prevalencia del hígado graso no alcohólico en Valladolid. Universidad de Valladolid (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).
  9. Seijo, Susana; García-Pagán, Juan Carlos. (2012-06). «Trombosis venosa portal» Revista Española de Enfermedades Digestivas 104 (6): 330–330.  doi:10.4321/s1130-01082012000600010. ISSN 1130-0108. (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).

Kanpo estekak aldatu