Ireki menu nagusia

Wikipedia β

Charles John Huffam Dickens (Portsmouth, Hampshire, 1812ko otsailaren 7a – Gad's Hill Place, Higham, Kent, 1870eko ekainaren 9a), idazle ingeles ezaguna izan zen.[1] Narrazioan maisu, umorez eta ironiaz kritika sozial zorrotzena egin zuen. Boz ezizena erabili zuen batzuetan. Bere lanen artean, azpimarratzekoak dira Oliver Twist, Gabonetako kanta eta David Copperfield eleberriak. Halaber, hainbat istorio laburren egilea ere bada.

Charles Dickens
Charles Dickens - Project Gutenberg eText 13103.jpg
Bizitza
Izen osoa Charles John Huffam Dickens
Jaiotza Landport1812ko otsailaren 7a
Herrialdea Britaina Handia eta Irlandako Erresuma Batua
 Erresuma Batua
Talde etnikoa Ingelesa
Lehen hizkuntza ingelesa
Heriotza Gads Hill Place1870eko ekainaren 9a (58 urte)
Hobiratze lekua Westminster abadia
Heriotza modua berezko heriotza: istripu zerebrobaskularra
Familia
Aita John Dickens
Ama Elizabeth Dickens
Ezkontidea(k) Catherine Dickens  (1836 -  1858)
Bikotea(k) Ellen Ternan
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzak ingelesa
Jarduerak
Jarduerak idazlea, eleberrigilea, kazetaria, gizarte-kritikaria eta antzerkigilea
Lan nabarmenak The Pickwick Papers
Oliver Twist
Eguberri kanta
David Copperfield
Bleak House
Garai Latzak
Little Dorrit
A Tale of Two Cities
Great Expectations
Jasotako sariak
Izengoitia(k) boz
Genero artistikoa eleberria
fikzio gotikoa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa anglikanismoa
IMDb nm0002042
Charles Dickens Signature.svg

Era guztietako kritikak izan zituen; batzuk oso onak izan ziren, George Gissing eta G. K. Chestertonenak kasu, ingeles hizkuntzan zuen trebezia goraipatzen zutenak, hain landuak zituen pertsonaiak eta gizartearekiko zuen sentsibilitatea. Kontrakoak ere izan zituen: George Henry Lewes, Henry James edo Virginia Woolfek akatsak ikusi zizkioten bere obrari, hala nola, gehiegizko sentimentalismoa prosan, gertaera sinesgaitzak eta pertsonaia arloteak[2].

Arrakasta handia lortu zuen Dickensek orduan eta, gaur egun ere, bere lanak argitaratzen ari dira. Garaiko fikzioa argitaratzen zen bezala, Charlesek ere eleberriak egin zituen kapituluka. Liburuak erosteko ahalmena ez zegoen denen eskuetan eta irakurleek irrikitzen egoten ziren zain, hurrengo kapitulua argitaratu arte. Idazleen artean ere, gaur egun ere maisu kontsideratzen dute[3].

Eduki-taula

BiografiaAldatu

Charles 1812ko otsailaren 7an jaio zen Landporteko barrutian, Portsmouthen. Aita John Dickens (17861851) zen eta Portsmoutheko kaiko armategian egiten zuen bulegari lana, Armadaren ordaintze bulegoan. Ama, berriz, Elizabeth Barrow (17891863) zen. 1814an, Charlesen familia Londresera joan zen bizitzera, Somerset Housera, Norfolk Streeteko 10. zenbakira.

Idazleak 5 urte bete zituenean, familia berriro aldatu zen, oraingoan Chathamera, Kent. Charlesen ama erdi mailako familia batekoa zen eta aita beti zebilen zorretan. 9 urte bete arte ez zuen inolako hezkuntza aukerarik izan eta orduan hasi zen Rome Laneko eskola batera joaten. Gero, "William Gile" eskolan ikasi zuen eta, gerora, Oxforden graduatu. Denbora asko ematen zuen etxetik kanpo, irakurle amorratua baitzen: Robinson Crusoe, Kixote Mantxakoa...

1823an, berriro joan zen bere familiarekin Londresera bizitzera, Bayham Streeteko 16.enean, Camden Townen, hiriko auzo pobreenetako batean[4]. Charlesen bizitza erabat aldatuko zen, ordaindu gabeko zorrak zirela-eta, aita salatu eta Marshalseara preso eraman zutenean.[1] Familiaren gehiengoa aitarekin joan zen kartzelan bizitzera, garaiko legeak ahalbidetzen baitzuen hori. Dickens, Roylance andereak gidatzen zuen Little College Streeteko etxe batean hartu zuten eta igandero joan ohi zen bere aita bisitatzera.

12 urterekin, lanerako prest zegoen Charles gaztea eta Warren's Boot-blacking Factoryn 10 lan-orduko saioak egin zituen. Londresko gaurko Charing Crosseko geltokitik gertu zegoen fabrika bat zen eta oinetakoetarako betuna ekoizten zuten bertan. Mutikoak etiketak jarri behar zituen astean 6 txelineko jornala irabaztearren. Diru horrekin, ostatua ordaindu eta familia laguntzen zuen. Hilabete batzuen ondoren, familiak zorrak ordaindu eta kartzelatik ateratzea lortu zuen, baina ekonomiak ez zuen onera egin, amaren aldeko amona hil eta 250 libera jaso zituzten arte. Ez zuten umea berehalakoan lanetik atera eta Dickensek ez zuen sekula ahaztuko hura. Proletarioen bizimodu tristea askotan agertuko zen Dickensen lanetan, baldintza penagarri haiek behin eta berriro salatuz. Horrela idatzi zuen David Copperfield, askoren ustez, autografikoen duen eleberria[5].

Literatur ibilbideaAldatu

Hasierako idatziakAldatu

1827ko maiatzean, Dickens Ellis & Blackmore prokuradoreen abokatu-langelan hasi zen abokatu-laguntzaile lanetan eta, gerora, epai-takigrafo egin zen. 1828an, Doctor´s Commonsen kazetari izan zen eta, gero, True Suneko kronikari bilakatu zen. Londresko antzerkian interesatu zen eta, interpretazio klaseak hartu zituen, baina casting-a egin beharreko egunean, gripeak jota, ezin izan zuen proba egin; antzerki batean lan egiteko ametsa itzaldu zitzaion orduan.

1834an, Morning Chroniclek kontratatu zuen kazetari politikoaren lanak egiteko, debate parlamentarioez informatu eta hauteskunde kanpainen berri emateko bidaiak eginaraziz. 1836an, Sketches by Boz liburua atera zuten, 1833az geroztik idatzitako artikuluak bilduz. Lehen liburu honen ondoren, beste batzuk etorriko ziren eta bere bizitza osoan jarraitu zuen horretan.[1]

1836ko apirilaren 2an, Catherine Thompson Hogarthekin (18161879) ezkondu zen eta Bloomsburyn bizi izan ziren. 10 seme-alaba izan zituzten: Charles Culliford Boz Dickens (1837-1896), Mary Dickens (1838-1896), Kate Macready Dickens (1839-1929), Walter Landor Dickens (1841-1863), Francis Jeffrey Dickens (1844-1886), Alfred D'Orsay Tennyson Dickens (1845-1912), Sydney Smith Haldimand Dickens (1847-1872), Henry Fielding Dickens (1849-1933), Dora Annie Dickens (1850-1851) eta Edward Bulwer Lytton Dickens (1852-1902).

1836an, Bentley's Miscellanyn hasi zen lanean ediziogintzan eta hantxe aritu zen 1839ra arte, zuzendariarekin haserretu baitzen. Household Words eta All the Year Round izan ziren Charlesek kolaboratu zueneko beste bi egunkari[6]. 1842an, Estatu Batuetara joan zen bere emaztearekin[7]. Kristau Unitarismoak interesa piztu bazion ere, anglikanoa izan zen bere bizitza osoan. Dickensen idatziak oso estimatuak izaten hasi ziren eta, 1856an, arrakasta hark Gad's Hill Place erosteko aukera eman zion. Highamen, Kent, kokaturiko etxea zen eta garrantzi berezia zuen idazlearentzat, bere ametsetako egoitza baitzen.

ArrakastaAldatu

The Posthumous Papers of the Pickwick Club lanaren kapitulu berriak etorri ziren 1836an eta falta ziren beste hamaika 1837an[8]. Umorezko lan honek izugarrizko arrakasta izan zuen bere garaian, 400 aletatik 40.000ra zabalduz argitaraldia. Eleberriak kapituluka argitaratzen ziren eta denboran luze irauten zuten, bi urtez adibidez. Honek, narrazioa momentuko urtaroekin lotzea errazten zuen, hala nola, Gabo garaian Picwik-en narrazioa Gabonegan gertatzen zen. Hurrengo lana Oliver Twist (18371838) izan zen, bi urtetan zehar hilero argitaratzen joango zena. Tonua guztiz aldatua, Oliver Twist umezurtzaren istorioa iluna eta atsekabez josia zen.[1] Argitaratu eta argitaratu, Dickensek ospe handia irabazi zuen. 1841ean, Edinburgheko semeorde egin zuten eta Estatu Batuetara bidaiatu zuen. Baina, Mundu Berriak ez zion harrera ona egin, ez baitzitzaizkien idazlearen esklabotzaren aurkako hitzaldiak edo idatziak gustatu. Hala era, amerikarrekin adiskidetzeko aukera izan zuen 1843an, Eguberri kanta argitaratu zuenean.

Dombey and Son (18461848) nobelak aldaketa handia ekarri zuen bere lanean: inprobisaziotik, dena planifikatuta izatera aldatu zen, literatur-baliabideen maneiuan maisu izan zelarik. 1849an, Household Words astekaria sortu zuen, idazle ezezagunei aukera ugari emanez. Han argitaratu zituen Bleak House (1852–1853) eta Hard Times (1854) eleberriak.

Gizartea azaleratzen zuen maisua zen. Lanaren zamak, irakurleen presioak, laster sartuko zuten Dickens krisian. Editoreekin hautsi zuen, diru gehiago eskatzen baitzien. Dickens Italiarako hainbat bidaietan hasi zen; horrela ezagutu zuen Alexandre Dumas, eta Jules Verne gaztea ere bai. Ingalaterrara itzuli zenean, bizibidea bilatu behar eta, beste lan batzuk ere egin behar izan zituen: antzezlanak antolatu, Daily News sortu, aktore izan, hitzaldiak eman (autore eskubideak, prostituten defentsa, heriotza-zigorraren aurkakoak...) eta abar. David Copperfield lan autobiografiakoa izan zen bere maisu lana[9] eta 100.000 ale saldu zituen oso denbora gutxian.

Dorrit txikiaren urte zoriontsuak (1857) eta Great Expectations (1862) lanetan kritika gogorra egin zion Britania Handiko garaiko gizarte industrialaren bidegabekeri eta injustiziari. A Tale of Two Cities (1859) ondoren idatzi zuen Our Mutual Friend (1868) lana, burgesiaren progresismoan zuen itxaropena guztiz galduta zuela idatzi zuen nobela desesperatuenetakoa da.[1]

Azken urteakAldatu

 
A Christmas Carol (Eguberri kanta), Lehenengo edizioa, 1843

1850 aldera, Charlesen osasunak txarrera egin zuen eta bere aitaren, alabaren eta arreba Fannyren heriotzekin, gehiago okertu zen oraindik[10].

1858an, emaztearengandik banandu zen. Garai hartan, ezin zen dibortzioan pentsatu, batez ere, bera bezalako pertsona ospetsuengan. Bikotea hautsi bazen ere, hurrengo 20 urteetan, Charlesek emazte ohia eta bien etxea izandakoa mantentzen jarraitu zuen, Catherine hil zen arte. Zoriontsu bizi izan ziren elkartu zireneko lehen urteetan, baina Catherinek ez zuen Charlesen neurririk gabeko energia hura konpartitzen. Bere lana 10 seme-alabak zaintzea izan zen eta senarraren mundu osoko ospeak ez zion asko laguntzen lan horretan. Georgina, Catherinen ahizpa, Dickenstarren etxera aldatu zen, bere ilobak zaintzen laguntzeko xedean, baina esamesak berehala hasi ziren, Charles eta Georginak amodiozko harremana zutela esanez.

Bikotea jasaten ari zen krisia agerian geratu zen 1855ean, idazlea bere lehen amodioa izandako Maria Beadnellekin elkartu zenean. Garai honetan, Maria ere ezkonduta zegoen, baina aldatuta zegoen erabat eta ez zeukan zerikusirik Charlesen oroimen erromantikoarekin. Une horretatik aurrera, Dickens beste pertsona bat zirudien, izaera guztiz aldatuta lagunen esanetan, baina idazten jarraitu zuen eta hitzaldiak ematen ere bai. Bere lagun Wilkie Collinsen etxean gorde zuen bere burua. Istorioak idatzi zituzten elkarrekin eta ideiak ematen zizkioten batak besteari. 1859an, Bi hirien historia idatzi zuen.

1865eko ekainaren 9an, Staplehursteko trenen talka ospetsuan zegoen; zubia konpontzen ari ziren eta trenaren lehenengo 7 bagoiak handik behera erori ziren. Erori ez zen lehenengo klaseko bagoian zihoan Dickens. Zaurituei eta hilzorian zeudenei laguntzen aritu behar izan zuen. Istripuaren gunetik alde egin aurretik, bukatu gabe zuen eskuizkribua gogoratu zuen, Gu bion laguna, eta bagoira itzuli zen haren bila. Dickensen ohikoa zen bezala, geroago, esperientzia krudel hura erabiliko zuen istorio labur baten oinarria gisa, The Signal-Man.

Talkaren ondorengo ikerketak sahiestea lortu zuen, Ellen Ternan eta bere amarekin baitzihoan, eta hori eskandalu handia izango zen garaiko gizartean. Ellen aktorea zen eta Dickensekin zebilen, hura emazteagandik banandu eta gero. 1857an ezagutu zuten elkar eta litekeena da banaketaren azken arrazoia izatea. Hil zen arte izango zen idazlearen bikotekide, bere garaian datu hau ezezaguna bazen ere. 1939an, Dickens and Daughter argitaratu zenean, zabaldu zen harreman haren berria. Charlesen alaba zen Kate Gladys Storeyrekin aritu zen lanean liburuan eta Dickensek eta Ternanek seme bat izan zutela esan zuen, umetan hil bazen ere. Beste ebidentziarik ez dago.

Staplehurst istripuan, Charlesek ez zuen minik hartu, baina psikologikoki ez zen sekula sendatuko. Denbora asko eman zuen bere liburuen jendaurreko irakurketak egiten. Viktoria Erresuma Batukoa izan zen bere jarraitzaile sutsuetako bat.

1869an, Birmingham and Midland Instituteko zuzendari izendatu zuten, hango hamaseigarren zuzendaria izan zelarik.

Istripua gertatu eta 5 urtera, 1870eko ekainaren 9an, apoplexiak hil zuen[11]. Rochesterreko katedralean hobiratzea nahi zuela adierazita zuen, baina Westmnister Abadiako Poeten iskinean ehortzi zuten. Bere hilartitzak hau dio:

« Behartsu, zorigaitzeko eta zapalduen aldekoa zen Dickens, eta bere heriotzarekin, munduak ingeles idazlerik hoberenetariko bat galdu du. »

Hitzartua utzi zuen ez zuela bere omenerako monumenturik nahi. Dagoen estatua bakarra, 1981ean Francis Edwin Elwellek egindakoa da eta Clark Parken dago, Filadelfian (AEB).

Literatur estiloaAldatu

Dickensek erabiltzen zuen estiloa poetikoa, apaingarri askokoa eta komikoa zen. Ezagunak dira britainiar aristokraziaren esnobismoari buruzko satirak[12]. Ironiaren ironiaz, umezurtzak akzionistekin alderatu ohi ditu edo otordua jaten ari direnak altzariekin.

PertsonaiakAldatu

Dickensen pertsonaiek ospea dute ingeles literaturan: Ebenezer Scrooge, Fagin, Mrs. Gamp, Charles Darnay, Oliver Twist, Micawber, Pecksniff, Miss Havisham, Wackford Squeers... Bizitza propioa dutela dirudite. XVIII. mendeko estiloa gustuko zuen, erromantze gotikoa. Londres da hobekien deskribatzen duen pertsonaia, Tamesis ertzeko hiri horren tabernak, bere kaleak... hiria maite eta askotan kaleetan gora eta behera ibiltzen zenaren seinale.

Kapitulukako eleberriakAldatu

Dickensek idatzi zituen nobela gehienak zatika argitaratu zituen, hilero edo astero, Master Humphrey's Clock edo Household Words bezalako egunkarietan. Ondoren osatu zituzten liburuak.

Istorioak merkeago ateratzen ziren horrela eta jarraitzaile amerikarrek New Yorkeko portuan itxaroten zuten, onzian zetoztenei galderak egiteko, "Hilda ote dago Nell txikia?". Great expectations, David Copperfield, Oliver Twist, A tale of two cities, Nicholas Nickleby edo Eguberri kanta horrela zabaldu ziren.

Jendearen arreta mantentzen bazekien. Hilero ateratzen zen Oliver Twisten ale bat eta, adibidez, behin, Oliverrek tiroa jasan zuen. Hurrengo ale arte itxaron behar izan zuten irakurleek mutikoa bizirik aterako zen ala ez eta, hurrengo alea iritsi zenean, ez zen orduan ere jakin eta bi hilabetez iraun zuten emaitza jakin gabe.

Gogoan izan behar dugu, gainera, Dickensek azken orduan idazten zituela artikuluak. Jendearen itxaropenen berri bazuen eta istorioaren jarraipena alda zezakeen nahi eran.

Kritika sozialaAldatu

Dickensen obra kritika soziala zen beti. Pobrezia eta klaseen arteko diferentziak kritikatzen zituen sutsu. Dickensek Oliver Twist idatzi zuenean (1839), Londresko errebala garbitu zuten. Nancy prostitutak gizatasuna eman zien lanbide horretan zebiltzan emakumeei. Bulegoetan zegoen ustelkeria salatu zuen, merkatuetako espekulazioa ere bai.

Literatur teknikakAldatu

Askotan, Dickensen pertsonaiak idealizatuak dira eta pasarte sentimentalek, karikatura eta gizarteko egia krudelekin kontrastatzen dute. Oliver Twisten zintzotasuna ez da batere erreala eta umezurztegiak, berriz, errealitate bortitza erakusten digu[13].

Dickensek kointzidentzia harrigarriak ere erabiltzen ditu: Oliver Twist goi mailako famili baten iloba galdua da, adibidez. Koinzidentzi hauek ohikoak dira XVIII. mendean eta beste autore batzuk ere erabiltzen dituzte. Charlesen bizitza bera ere hurbiltzen da eredu honetara: 12 urtekin lanean zebilen ume txiro hura, Ingalaterrako idazlerik ospetsuena bihurtu zen 27 urterekin.

Ukitu autobiografikoaAldatu

Autore orok egin ohi duen lez, Charlesek ere bere bizitzaren ispilua utzi zuen hizki artean. Dorrit txikiaren urte zoriontsuak lanean, Marshaleako presondegian egiten zen bizitzaren deskribapen latza egin zuen. Nell txikiaren oinarria bere koinata izan zen eta Nicholas Nickleby edo Wilkins Micawberren aitak bere aita propioa dela dirudi, Nickleby eta Micawber andereek bere amaren antza duten bezala[14].

Oso gutxik zekiten bere bizitzaren berri, John Forsterren biografia argitaratu arte. Ordurako, 6 urte baziren Charles hil zenetik.

LanakAldatu

 
Dickens eta Nell txikia (1890), Francis Edwin Elwellen estatua Clark Parken

EleberriakAldatu

Istorio laburrakAldatu

  • Sketches by Boz (1836)
  • The Mudfog Papers (1837)
  • Reprinted Pieces (1861)
  • The Uncommercial Traveller (1860–1869)

Household Words aldizkariaren Gabonetako aleak:

  • What Christmas Is, as We Grow Older (1851)
  • A Round of Stories by the Christmas Fire (1852)
  • Another Round of Stories by the Christmas Fire (1853)
  • The Seven Poor Travellers (1854)
  • The Holly-Tree Inn (1855)
  • The Wreck of the "Golden Mary" (1856)
  • The Perils of Certain English Prisoners (1857)
  • A House to Let (1858)

All the Year Round aldizkariaren Gabonetako aleak:

  • The Haunted House (1859)
  • A Message From the Sea (1860)
  • Tom Tiddler's Ground (1861)
  • Somebody's Luggage (1862)
  • Mrs. Lirriper's Lodgings (1863)
  • Mrs. Lirriper's Legacy (1864)
  • Doctor Marigold's Prescriptions (1865)
  • Mugby Junction (1866)
  • No Thoroughfare (1867)

Saiakerak, poesiak eta antzerki-lanakAldatu

  • The Village Coquettes (Antzerki-lan, 1836)
  • The Fine Old English Gentleman (Poesia, 1841)
  • Memoirs of Joseph Grimaldi (1838)
  • American Notes: For General Circulation (1842)
  • Pictures from Italy (1846)
  • The Life of Our Lord: As written for his children (1849)
  • A Child's History of England (1853)
  • The Frozen Deep (Antzerki-lan, 1857)
  • Speeches, Letters and Sayings (1870)

EuskaratuakAldatu

Charles Dickensen A Christmas Carol eleberria euskarara itzulpen gehien dituen liburua da, Biblia salbu. 1931ean lehenengoz Ander Arzelusek itzulita, haibat itzulpen eta moldaketa egin dira:[16][17]

Beste lan batzuen itzulpen eta egokitzapenak:[16]

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e   «Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak: Charles Dickens (1812-1870)», www.euskara.euskadi.eus, 2011-07-13, http://www.euskara.euskadi.eus/r59-luredir/eu/contenidos/articulo/c1703/eu_d1703049/1703049.html. Noiz kontsultatua: 2018-04-13 .
  2.   James, Henry (1865-12-21), «Our Mutual Friend», The Nation, http://humwww.ucsc.edu/dickens/OMF/james.html .
  3.   Stone, Harry (1987), Dickens's Working Notes for His Novels, Chicago .
  4.   Forster, John, The Life of Charles Dickens, 1, http://lang.nagoya-u.ac.jp/~matsuoka/CD-Forster-1.html .
  5. eNotes.com: Charles Dickens
  6.   A Charles Dickens Devotional, Thomas Nelson Publishers, 2011, ISBN 978-1-4003-1954-1 .
  7.   Meckier, Jerome (1990), Innocent Abroad: Charles Dickens' American Engagements, University Press of Kentucky .
  8.   Patten, Robert L. (1978), The Pickwick Papers: Introduction, Penguin Books .
  9.   Arregi, Rikardo (2009-09-03), «Dickens», Berria, http://paperekoa.berria.info/iritzia/2009-09-03/006/005/dickens.htm .
  10.   Lewis, Peter R. (2007), Disaster on the Dee: Robert Stephenson's Nemesis of 1847, Tempus .
  11.   «La BBC adapta 'El misterio de Edwin Drood' a la televisión con un nuevo final del que no ha trascendido nada», El País, 2011-1-29, http://www.elpais.com/articulo/cultura/nuevo/final/novela/inacabada/Dickens/elpepucul/20110128elpepucul_3/Tes .
  12.   Drabble, Margaret (1997), The Oxford Companion to English Literature, Oxford University Press .
  13.   Slater, Michael (2009), Charles Dickens: A Life Defined by Writing, New Haven/Londres: Yale University Press, ISBN 978-0-300-11207-8 .
  14.   Stone, Harry, Dickens' working notes for his novels, University of Chicago Press, ISBN 0226145905 .
  15.   Johnson, Holmes, http://www.victorianweb.org/authors/dickens/edh/chronology.html Chronology of Novels .
  16. a b (Ingelesez)  «NorDaNor | EIZIE», nordanor.eus, http://nordanor.eus/bilatu?n=l&e_or=dickens&e_xt=&e_st=&e_eg=&e_it=&e_ar=&e_ge=&e_sh=&e_xh=&e_sd1=&e_sd2=&e_xd1=&e_xd2=. Noiz kontsultatua: 2018-03-16 .
  17. a b   «A Christmas Carol, libururik euskaratuena», sustatu.eus, https://sustatu.eus/1065378369. Noiz kontsultatua: 2018-03-09 .
  18.   «Eguarri abestia (2003) - EIZIE», www.eizie.eus, http://www.eizie.eus/Argitalpenak/aitzindariak/Eguarri_Abestia. Noiz kontsultatua: 2018-03-16 .
  19.   «Charles Dickens - Opor eleberria», armiarma.eus, http://armiarma.eus/emailuak/dickens/opor00.htm. Noiz kontsultatua: 2018-03-16 .

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo loturakAldatu