Herman Melville (New York, 1819ko abuztuaren 1a – New York, 1891ko irailaren 28a) estatubatuar idazle bat izan zen. Eleberriak, poemak, saioak eta istorio laburrak landu zituen. Moby Dick eleberri ezagunaren egilea da, ziur aski munduko balearik famatuena dena. Erromantizismo Estatu Batuatarraren egile garrantzitsuenetako bat izan zen[1].

Herman Melville

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakHerman Melville
JaiotzaManhattan eta New York1819ko abuztuaren 1a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaNew York
Nuku Hiva
Herman Melville House (en) Itzuli
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaNew York1891ko irailaren 28a (72 urte)
Hobiratze lekuaWoodlawn Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: bihotz-gutxiegitasuna
Familia
AitaAllan Melville
AmaMaria Gansevoort Melvill
Ezkontidea(k)Elizabeth Knapp Melville  (1847 -  ezezaguna)
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
HeziketaThe Academy of Management Annals (en) Itzuli
Columbia Grammar & Preparatory School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakirakaslea, marinela, unibertsitateko irakaslea, poeta, idazlea, eleberrigilea, saiakeragilea, literatura-kritikaria eta arte bildumagilea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Mugimenduaerromantizismoa
Genero artistikoaBidaia-literatura
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoa

IMDB: nm0578479 IBDB: 11101
Facebook: HermanMelvilleAuthorPage Musicbrainz: 3db5e88d-ea25-4344-a9fd-cefb1ae64630 Discogs: 433280 IMSLP: Category:Melville,_Herman Find a Grave: 705 Edit the value on Wikidata

Biografia

aldatu

Herman Melville New Yorken jaio zen, 1819ko abuztuaren 1ean. Allan Melvill (horrela, “-e” gabe) eta Maria Gansevoort Melvillen hirugarren semea izan zen. Gurasoen familiak New Yorkeko eskoziar eta holandar kolonoen ondorengoak ziren eta Amerikako Iraultzaren garaian paper garrantzitsua jokatutakoak[2]. Aitak sedak, kapeluak eta eskuzorroak saltzen zituen, eta sei aldiz igaro zuen Ozeano Atlantikoa Frantziatik salgaiak ekartzeko. 1830ean inportazio negozioak behea jo zuen eta familia Albanyra joan zen bizitzera. Enpresaren porrota zela eta, aita burutik egin zen eta handik bi urtera hil zen, ama eta seme-alabak egoera larrian utzita. Hermanek ikasketak utzi eta lanean hasi behar izan zuen.

Melvilleren ibilerak itsasoan eta lehorrean

aldatu

Lan on bat lortzeko ahaleginek huts egin ondoren, 1839an ontzi batean itsasoratu zen eta Atlantikoa igaro zuen lehenengo aldiz.

Hura izan zuen bere lehenengo eleberrietarako materialez hornitzeko aukera eman zion bidaietako lehena. 1841eko urtarrilean Acushnet baleontzian abiatu zen Hegoaldeko Itsasoetarantz. 1842ko ekainean Markesa Uharteetan lehorreratu zen, eta uztailean, hera eta lagun bat, ontzia utzita, uharteetan geratu ziren, hala nahita. Bertan bizi izan zituzten abenturetan oinarrituta moldatu zuen bere lehenengo eleberria: Typpe (1846). Eleberriaren arabera, lau bat hilabete igaro zituzten han, taipi kanibaleen artean bizitzen, harik eta australiar baleontzi batek handik atera zituen arte. Beste itsas bidaia bateko abenturetan oinarri hartuta eta aurreko eleberriak izan zuen arrakastak bultzatuta bigarren eleberria idatzi zuen: Omoo (1847). Eleberrian, protagonistaren eta haren lagun Long Ghosten abenturen kontakizuna egitean, gogor kritikatzen dira kolonoen eta batez ere misiolari protestanteek indiarren artean egiten zituzten desmasiak. 1843ko abuztuan Estatu Batuetako itsas armadako United States fragatan sartu zen. 1844ko urrian ontzia Bostonen lehorreratu zen, Melvillek baimena eskatu zuen, eta zegokion saria kobratu ondoren itsasora bota zuen uniformea ; han bukatu zituen itsasoarekikoak. Hogeita bost urte zituen.

 
Herman Melville idazlea 1846-1847 bitartean.

1847an Massachusetts-eko Gorte Goreneko presidentearen alaba zen Elizabeth Shawrekin ezkondu zen. Urte hartan bertan, udazkenean, senar-emazteek New Yorkera aldatu zuten beren bizilekua[3]. Ahaleginak ahalegin, lan iraunkorren bat lortu gabe jarraitzen zuen. 1849an bere hirugarren liburua kaleratu zuen : Mardi.

Eleberri satiriko-filosofiko horrekin Melville abenturazko narraziotik esperimentazio alegorikora igaro zen eta nahasirik utzi zituen haren aurreko lanen irakurleak, abentura exotikozko heste liburu bat espero baitzuten. Bai irakurle arruntari bai kritikariei ulergaitzak iruditu zitzaizkien liburuko fantasia alegoriko eta basatia, batetik, eta estilo nahasketa, bestetik. Liburuari egindako harrera kaxkarrak sortu zion nahigabea ezkutatu nahirik, heste bi liburu idatzi zituen handik gutxira, irakurleak berarengandik espero zuen eran: Redburn (1849) eta White Jacket (1850, "Jaka Zuria")[2]. Gaztetan Europara egindako bidaiaren eta bidaia hartako itsasontziko bizimodu basatiaren kontakizuna egin zuen lehenengoan, eta bere azken bidaiarena, itsas armadako fragata batean, bigarrenean. White Jacket eleberriak oso harrera ona izan zuen eta laudoriozko aipamenak jaso zituen kritikaren aldetik, itsas armadako diziplina gogorraz egin zuen kritika zorrotza gorabehera.

Itsasaldietako oroitzapenen altxorra hustuta, alde batera utzi zuen bidaien gaztetako ikuspegi ironikoa, eta bidaia bilaketa gisa azaldu zuen aurrerantzean. Shakespeareren zenbait lanen irakurketak, itxuraren eta errealitatearen arteko erlazioaren gaia lantzera bultzatu zutenak, eta Nathaniel Hawthorne idazlearen The scarlet letter (1850, "Letra Eskarlata") liburuarenak, gizakiaren ontasuna eta gaiztotasuna sakon aztertzen dituenak, eragin handia izan zuten haren ondorengo lanetan. Han hasi zen Melvilleren obraren heldutasun aroa.

Moby Dick

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Moby Dick»
 
Moby dick eleberriaren EEBBko lehen argitalpenaren azala (1851).

1850an Melvillek Pittsfield udalerrian etxe bat erosi zuen, Nathaniel Hawthorne (1804-1864) idazlearenaren ondoan. Harekiko harremanak indar herriez hornitu zion sormena, eta urte bete geroago agertu zen haren maisulana: Moby Dick. Obra hau itsasoan girotutako lan bat da oraindik ere, haina aurrekoak ez bezala, ez da abenturaren eta satiraren sailan sartzen, egitandien epopeiarenean baizik. Eleberri honetan itsasoa, homerikoa eta aldi berean biblikoa, munstroen eta izuaren erreinua bilakatzen da. Moby Dick izen bereko balea zuri beldurgarri baten eta itsu-itsu hura harrapatzera itsasoratzen den Akhab kapitainaren arteko borrokaren kontakizuna da. Azkenean balea ateratzen da garaile, kapitain amorratuaren esetsaldi itsuak eskifaia osoa -bat izan ezik, Ishmael, kontakizunaren narratzailea- galtzen duelako. Balea zuria munduaren gaiztotasunaren eta zentzugabetasunaren sinboloa da, Melvilleren bizitzari buruzko ikuspegi trajikoak eragina[4]. Nolanahi ere, narrazioaren esanahi sinboliko hori ez zaio sekulan gailentzen kontakizunari, eleberrian alegoria ez da sekula nabarmentzen, ez da helburu, eleberriaren arkitekturaren funtsa baizik.

Moby Dick Londresen argitaratu zen 1851ko urrian The whale izenburuarekin eta hilabete beranduago Estatu Batuetan Moby Dick or The whale izenburuarekin[2]. Moby Dick-ek oso harrera txarra izan zuen, egileari ez zion eman ez osperik ez dirurik, eta kritikak ero baten eldarnioen emaitzatzat hartu zuen.

Mardi eleberriarekin hasitako bidea, aurretik idatzitakoaren haustura bat suposatu zuena, areagotu egin zen Moby Dick-ekin. Hurrengo lanetan bide berri horri ekingo zion, erantzun pertsonal bat emanez bere garaiko arazo sozial, ekonomiko, moralei… Bide honek urrundu egingo zuen irakurleetatik[5]. Melvillek bere lanetan heldutasuna lortu ahala galdu zuen ospea. Haren izen onaren azkena hurrengo eleberriak ekarri zion, Pierre (1852), izugarri harrera txarra egin baitzioten. Bere garaiko bizitzari buruzko kontakizun bat zen, melodramatikoa eta sinestezina, protagonistaren eta haren arrebaordearen maitasun trajikoa kontatzen zuena (ongiaren eta gaizkiaren arteko ahaidekeriaren edo ezkonezintasunaren alegoria). Hala beraz, Melvillek bere mezua azaltzeko idatzi zituen hiru obrak (Mardi, Moby Dick eta Pierre) haren literatur karrera laburraren amaiera ekarri zuten. Hogeita hamahiru urte zituen eta porrot egin zuela esan zitekeen; familia mantentzeko ere lanak zituen.

Azken aldiko maisulanak

aldatu

Arrakasta handixeagoko eleberri itxuraz errazago baten ondoren (1855, Israel Potter), ipuin bilduma bikain bat argitaratu zuen, gizakiaren hipokrisia eta materialismoa kritikatuz: The Piazza Tales (1856, "Galeriako ipuinak"). Zalantzarik gabe, bere hitz lauzko lan hoberenetako batzuk daude bilduma horretan: Bartleby eskribatzailea (ingelesez, Bartleby the Scrivener), Benito Cereno eta The Encantadas, besteak beste.

Zenbait literatura kritikariren arabera, ezkutuko kidetasun halako bat dago Bartleby eskribatzailearen eta Moby Dick-en artean, Bartlebyren eta haren sortzailearen bizitzetan kidetasun nabermena dagoen bezala . Bartleby bezala, Melville ere bulego lanetan aritua zen, eta hura bezala, bizitzaren garai hartan Melville gizon bakartia eta isila zen (haren lagun eta ahaideek bere buruaz heste egingo ote zuen beldurrez egon ziren). Lan egin nahi eza adierazteko erabiltzen duen bere esaldi betiereko horrekin, «Aukeran, nahiago ez», Wall Streeteko burokraziaren kosmosa azpizkoz gora jartzen duen izkiriatzaile apal eta eraginkorraren nihilismo xalo hori izan daiteke Melvilleren espirituaren erretraturik fidelena. Kontakizunean Bartleby bulegoko nagusiaren begiez baizik ez da aztertzen; narratzaileak, Bartlebyren nagusiak, kristau on bati dagokion legez, hurkoari lagundu beharra aipatzen du askotan, haina Bartlebyren lanerako ezetza negozioa kaltetzen hasten denean, kristautasuna eta hurkoarenganako karitatea mugatuak direla ikusten da: kalte egilea, Bartleby, lanetik botatzen dute[6]. Testuak Dickensen eleberrien giroa gogorarazten du hasieran, baina barruko mekanismoak eta ipuinaren alegoria asmoak Kafkaren testu batzuk dakartzate gogora. Urte bete geroago The Confidence Man (1857, "Konfiantzazko Gizona") argitaratu zuen, merkataritzaren amets higatuek usteldutako Amerika bati buruzko satira nahigabetua. Handik aurrera ez zuen eleberririk gehiago idatzi, poesiak, bidaietako oroitzapenak eta saiakerak bakarrik, irakurleen arreta bereganatzea lortu gabe. Nolanahi ere, lan horiek argitaratzeko aukera handirik ez zegoen eta, familia aurrera atera beharra izanik, lanposturen baten bila hasi zen. Ez zuen, ordea, berehala aurkituko.

 
Herman Melville idazlea 1885an.

1863ko bukaeran, aitaginarrebaren oinordekotasuna eskuratu eta Pittsfield-eko etxea saldu ondoren, New Yorkera joan zen bizitzera . Gerra zibila piztu herria zerabilen buruan eta hari buruz idatzi zuen bere lehenengo bertso bilduma: Battle-Pieces and Aspects of the War (1866). Liburua argitaratu eta lau hilabetetara aurkitu zuen, azkenik, segurtasun ekonomikoa emango zion lanpostu bat, New Yorkeko kaiko aduanan. Han aritu zen lanean erretiroa hartu arte.

Aduanako lana eta bere osasun txarra gorabehera, Melvillek idazten jarraitu zuen, gauetan, asteburuetan eta oporraldietan. Nolanahi ere, haren literatura produkzioa asko moteldu zuen, are gehiago 1867an haren seme zaharrenak bere buruaz heste egin ondoren. Bigarren semea ere handik urte batzuetara hil zen, erialdi luze baten ondoren. 1885ean erretiroa hartu zuenez gero, idazteko denbora gehiago izan zuen eta beste bi bertso bilduma idatzi zituen.

1891n, hil baino bost hilabete lehenago,idatzi zuen, hitz lauz, bere azken maisulana, bidegabeki akusatzen duten eta hiltzera kondenatzen duten marinel gazte baten historia, xalotasun harrigarriz kontatua, eta 1924 arte argitaratu ez zena: Billy Budd.

Billy Budd Ingalaterrako fragata batean doan marinel gazte bat da. Claggar kaporal gaiztoak, harenganako gorrotoak itsuturik, De Vere kapitainaren aurka matxinatu nahi izana leporatzen dio. Kapitainak berarengana deitzen ditu kaporala eta akusatua gauzak argitu nahian. Buddek, bere kontrako akusazioak eta gezurrak entzutean, kaporala jotzen du, eta hau zerraldo erortzen da. Hil egin du, nahi gabe. Kapitainak, kode militarraren eta nahigabeko hilketa arin lezaketen zertzeladen arteko oreka gorde behar duenak, diziplina militarraren alde egitea erabakitzen du, eta marinela urkaturik hiltzera kondenatzen du. Hurrengo goizean, hil baino lehen, esaten du oihuka Billy Budek: "Jainkoak gorde dezala De Vere kapitaina!". De Vere kapitaina bi muturren artean aurkitzen da, Billy axolagabe onaren eta Claggart gaiztoaren artean, eta Claggarten nahi gabeko hilketaren ondoren, errugabetasunaren hiltzaile errugabea bihurtzen da.

Herman Melville, XIX. mendearen erditsuan Estatu Batuetako idazle ospetsuenetako bat izan zena, Nathaniel Hawthorne, Ralph Waldo Emerson, Henry David Thoreau eta Walt Whitman-ekin batera Estatu Batuetako literatura tradizioaren sortzaile handienetako bat, erdi ahaztua hil zen, New Yorken, 1891ko irailaren 28an.

Eleberriak

aldatu
  • Typee: A Peep at Polynesian Life (1846)
  • Omoo: A Narrative of Adventures in the South Seas (1847)
  • Mardi: And a Voyage Thither (1849)
  • Redburn: His First Voyage (1849)
  • White-Jacket edo The World in a Man-of-War (1850)
  • Moby Dick edo The Whale (1851)
  • Pierre edo The Ambiguities (1852)
  • Isle of the Cross (1853?)
  • Israel Potter: His Fifty Years of Exile (1856)
  • The Confidence-Man: His Masquerade (1857)
  • Billy Budd, Sailor (Billy Budd, marinela) (1924)

Poemak

aldatu
  • Battle Pieces and Aspects of the War (1866)
  • Clarel: A Poem and Pilgrimage in the Holy Land (1876)
  • John Marr and Other Sailors (1888)
  • Timoleon (1891)
  • Weeds and Wildings, and a Rose or Two (1924)

Istorio laburrak

aldatu

Euskaratuak

aldatu
  • Moby Dick. Bilbo : Gero-Mensajero, 1977. Itzultzailea: Kaxildo Alkorta.
  • Moby Dick. Bilbo : Gero-Mensajero, 1986. Itzultzailea: Kaxildo Alkorta.
  • Benito Cereno ; Billy Budd, marinela: barnetiko kontakizuna (Benito Cereno, 1856 ; Billy Budd, sailor : (an inside narrative), 1924). Irun: Alberdania ; Donostia: Erein ; Iruñea : Igela, 2012. Itzultzailea: Jose Ramon Vazquez.
  • Bartleby izkribatzailea (Bartleby, the scrivener, 1856). Donostia: Erein, 1991. Itzultzailea: Juan Garzia Garmendia.
  • Bartleby eskribatzailea : Wall Street-eko historia bat (Bartleby, the scrivener, 1856). Donostia: Erein, 2016. Itzultzailea: Juan Gartzia Garmendia.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Aldekoa, Iñaki; Olaziregi, Mari Jose. (2012). Literatura unibertsala: Batxilergoa 2. Erein, 129 or. ISBN 978-84-9746-755-1..
  2. a b c (Ingelesez) «Herman Melville | Books, Facts, & Biography» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-05-28).
  3. Delbanco, Andrew. (2007). Melville: su mundo y su obra. Seix Barral, 120 or. ISBN 978-84-322-0904-8..
  4. Riquer, Martín de; Valverde, José María. (2009). Historia de la literatura universal. II, Desde el Barroco hasta nuestros días. Grados, 352-353 or. ISBN 978-84-249-3625-9..
  5. Martín Gutiérrez, Félix. (2002). Literatura de los Estados Unidos. Alianza Editorial, 60 or. ISBN 84-206-4167-7..
  6. Urkulo, Iraitz. Egonean. (Noiz kontsultatua: 2019-09-20).

Bibliografia

aldatu
  • Berthold, Dennis (2012). Herman Melville. Oxford Bibliographies. Vol. Online. Oxford University Press. Extensive annotated bibliography of Melville scholarship.
  • Bryant, John (2021). Herman Melville: A Half Known Life. Hoboken, NJ: John Wiley. ISBN 9781119072706. 2 vols. Volume I: Eternal Ifs: Infant, Boy, and Man (1819-1840). Volume II: Melville at Sea (1840-1846).
  • Duberstein, Larry (1998). The Handsome Sailor. ISBN 978-1579620073.
  • Gale, Robert L. (1995). A Herman Melville Encyclopedia. Westport, Connecticut: Greenwood Press. ISBN 0-313-29011-3.
  • Garner, Stanton (1993). The Civil War World of Herman Melville. Lawrence: University Press of Kansas. ISBN 978-0-7006-0602-3.
  • Johnson, Bradley A. (2011). The Characteristic Theology of Herman Melville: Aesthetics, Politics, Duplicity. Eugene, OR: Wipf and Stock. ISBN 978-1-61097-341-0.
  • Lepore, Jill (July 29, 2019). "Ahab at Home: Two hundred years of Herman Melville". The New Yorker. pp. 46–51. Article about the life and works of Herman Melville on the bicentennial of his birth in 1819.
  • Pardes, Ilana (2008). Melville's Bibles. University of California Press. ISBN 9780520254541.
  • Renker, Elizabeth (1998). Strike Through the Mask: Herman Melville and the Scene of Writing. Baltimore: Johns Hopkins University Press. ISBN 978-0-8018-5875-8.
  • Talley, Sharon (2007). Student Companion to Herman Melville. Westport, Connecticut: Greenwood Press. ISBN 978-0-313-33499-3.
  • Guy Borgé / Marjorie Borgé. Les Lumière. Antoine, Auguste, Louis et les autres : l'invention du cinéma, les autochromes. Préface de Jacques Trarieux-Lumière. Lyon: ELAH, Éd. lyonnaises d'art et d'histoire, 2004.
  • Pierre-André Hélène, Une légende au cœur de Paris, Hôtel Scribe Paris, p. 33-45.
  • Jacques Rittaud-Hutinet. Les frères Lumière, l'invention du cinéma. Lyon: Flammarion, 1995 (édité pour le centenaire de l'invention).
  • Jacques Rittaud-Hutinet. Antoine, Auguste et Louis Lumière. Lyon: Lugd, 1994.
  • Jacques Rittaud-Hutinet et Yvelise Dentzer. Auguste et Louis Lumière, Correspondances. Préface de Maurice Trarieux-Lumière. Lyon : Cahiers du cinéma, 1994.
  • Marie-France Briselance et Jean-Claude Morin. Grammaire du cinéma. Paris : éditions Nouveau Monde, 2010, (ISBN 978-2-84736-458-3)

Kanpo loturak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Herman Melville