Francesco Petrarca

Petrarca» orritik birbideratua)

Francesco Petrarca (Arezzo, 1304ko uztailaren 20a - Arquà, 1374ko uztailaren 19a), XIV. mendeko italiar erudito, olerkari eta humanista izan zen. Nahiz eta latinez idatzi zituen lanak garrantzi handikoak diren haren psikologia eta humanismoa ezagutzeko, italierazko Canzoniere («Kantutegia», 366 kantu guztira) obrak eman zion sona eta ohorea. Tradizio siziliarraren eta proventzerazkoaren ildoan idatzita dago eta gai nagusia maitasuna du. Sentimenduen azalpena, irudiak, hiztegia bera ere, nahiko arruntak badira ere, Petrarcaren handitasuna sentimenduak erritmora eta neurkerara egokitzean datza eta, orobat, gizakiaren zerunahiaren eta mundunahiaren arteko tentsioaren azalpenean.

Francesco Petrarca

Bizitza
JaiotzaArezzo1304ko uztailaren 20a
HeriotzaArquà Petrarca1374ko uztailaren 19a (69 urte) (69 urte)
Hobiratze lekuaArquà Petrarca
Q55086272 Itzuli
Familia
AitaSer Petracco
AmaEietta Canigiani
Ezkontidea(k)ezkongabea
Hezkuntza
HeziketaMontpellierreko Unibertsitatea
(1316 - 1320) : zuzenbide
Boloniako Unibertsitatea
(1320 - 1323)
Hizkuntzakitaliera
latina
Berpizkundeko latina
Medieval Latin (en) Itzuli
Medieval Italian (en) Itzuli
Irakaslea(k)Pietro Cerniti
Jacobus de Belviso
Barlaam of Seminara (en) Itzuli
Giovanni d'Andrea (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, poeta, itzultzailea, kanta-idazlea, idazlea, mendigoizalea, autobiografialaria, filologoa, humanista eta Catholic cleric (en) Itzuli
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Genero artistikoaolerkigintza
Prosa
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Spotify: 1WxDOiNZ4empnM1x2YCXHc Musicbrainz: a2109c59-5f37-4cab-8b7d-1927d586b36f Discogs: 504673 IMSLP: Category:Petrarca,_Francesco Find a Grave: 14937853 Edit the value on Wikidata

Haren familia Florentziatik erbesteratua izan zen, eta, haiekin batera, artean haurra zela, Proventzara joan behar izan zuen. Lege-ikasketak egin zituen Montpellierren eta Bolonian. 1326an Avignonera joan zen, Aita Santuaren gortera, eta han ordena txikiak hartu zituen. Handik urtebetera ezagutu bide zuen Laura, beraren Canzionere obra nagusiko pertsonaia eta musa. Idazteari, ikasteari eta bidaiak egiteari ekin zion, zenbait handikiren diru-laguntzari esker. Italieraz idatzitako olerkiekin batera, latinez ere idatzi zuen. Nabarmentzekoa da obra horien artean 1338an hasi zuen Africa poema epiko luzea, Eszipion Afrikarrari buruzkoa. 1341ean, poesia-saria jaso zuen Roberto I.a Napolikoa erregearen eskutik. Garai hartan hasi zen Secretum obra idazten, latinez idatzi zituenen artean interesgarrienetakoa, San Agustinen eraginpean idatzia. 1345etik aurrera, bolada batez, bere Vaucluseko etxean sartu eta erlijio bakardadearen loria goraipatu zuen hainbat idazlanetan: De vita solitaria, De otio religioso, eta Bucolicum carmen.

Petrarcak goren mailako lekua izan du poesiaren historian eta baita Europa kristauko kulturan eta kultura modernoan ere. Dena dela, haren eragina ez zen literaturaren alorrera mugatu, bizitza moralean eta politikoan ere eragin handia izan baitzuen. Haren poesiak, haren gogoeta moralek eta espiritualek, historiaren ezagutza analitikoak eta aldi berean sintetikoak, eta, azken finean, haren lan guztiak helburu nagusi bat zuen: antzinako mundua eta kultura fedegabea batetik, eta bestetik, mundu kristaua eta fedea batu nahiak mendeetan zehar sortu dituen arazoei irtenbidea bilatzea.

Biografia aldatu

 
Altichierok egindako Petrarcaren erretratua.
 
Petrarcaren estatua, Uffizi Galeria, Florentzia.

Petrarcaren aita florentziar notarioa zen, Dante erbesteratu zuten arrazoi berengatik, alegia arrazoi politikoengatik, deserritu zutena. 1311. urtean, Francescok eta haren familiak Carpentràsen, Avignondik hurbil, hartu zuten bizilekua. Avignonen bertan erretorika, gramatika eta dialektika ikasi zituen, Convenevole de Pratoren gidaritzapean, eta literaturarako zaletasun handia erakutsi zuen gazte-gaztetatik. Ondoren, aitak Montpellierra bidali zuen zuzenbide-ikasketak egitera. 1326an, aita hil ondoren, Avignonera itzuli zen[1]. 1327an, Laura ezagutu zuen, Avignongo Santa Klara elizan. Emakume haren berririk batere ez dago, eta garai hartan Petrarcaren asmazioa izan zela ere pentsatu zuen batek baino gehiagok. Edozeinetara dela ere, Laura izan zen Petrarcaren poesiaren inspirazio-iturri nagusia.

Petrarcak aitaren ondasun guztiak ahitu zituenean, eliz ikasketak hasi zituen. Ordena txikiak hartu zituen, eta klasikoak ikasteari ekin zion: besteak beste, Zizeron, Virgilio, Tito Livio[2] eta, batez ere, San Agustin aztertu zituen. 1330ean Giovanni Colonna kardinalak familiaren kaperau izendatu zuen, eta adiskidetasun-harreman sendoa sortu zen Colonnaren eta Petrarcaren artean.

Kargu hari esker, bestalde, bidaia asko egin ahal izan zituen Europan zehar. 1337an joan zen lehenengo aldiz Erromara, eta liluraturik gelditu zen hiri hartako hondakin klasiko eta kristauekin. Urte horretan bertan, Avignonera itzuli zenean, hiri hartatik kilometro gutxira zegoen Fontaine-de-Vaucluse herrixkara erretiratu zen. Bien bitartean, Petrarcaren ospea, bai politikan bai kulturan, izugarri hedatzen ari zen. Hala ere, bakardadean eta erretiraturik bizitzeko zuen grinak, batetik, eta ospe nahiak eta lurreko ondasunen beharrak bestetik (bi seme-alaba izan zituen harreman desberdinetatik sortuak: Giovanni eta Francesca) dikotomia banaezina osatzen zuten haren baitan, eta ospea nola, halaxe zihoan hazten bitasun hori Petrarcarengan.

Lanek entzute handia eman zioten Petrarcari. Eta horrenbestekoa izan zen entzute hori, ezen 1340an bi poesia-sari lortu zituen aldi berean, Erroman bata eta Parisen bestea. 1341ean Orso dell'Anguillara senatariak erramuzko koroa eman zion, hiru egunean Roberto Anjoukoak haren poemak zehatz-mehatz aztertu ondoren. Urtebetez Selvapianan, Parmatik hurbil, egon zen, eta han, bakardadean, egin zuen Africa lanaren lehenengo idazketa-saioa. 1342an Vauclusera itzuli zen, lasaitasun bila, baina alaba jaio izanak eta anaia Gherardo fraide egin izanak krisi espiritual larria sortu zioten bere barruan.

Horretaz gainera, garai horretan Cola di Rienzo ezagutu zuen eta, haren eraginez, politikan sartu zen. Betebehar politikoen ondorioz, bidaia ugari egin zituen, eta bidaia horietako batean, aita santuak deituta Napolira zihoala, Zizeronen garrantzi handiko testu batzuk aurkitu zituen, besteak beste, Atikori idatzitako Epistolak lanaren hamasei liburu. 1347an, Cola di Rienzoren erreforma asmoak erakarrita, Erromara abiatu zen, baina haren asmoek huts egin zuten, eta Parman gelditu behar izan zuen. Hiri hartan jakin zuen, hain zuzen, Laura izurriak joa hil zela. Parmaz gainera, Italiako hainbat hiri bisitatu zituen, eta alde guztietan ohore handiak egin zizkioten: Carpi, Ferrara, Padua, Mantua, Florentzia.

1351. urtean Proventzara itzuli zen, orduan ere Aita Santuak horrela eskatuta, eta han idatzi zizkion bere lehenengo gutunak Karlos IV.a Bohemiakoari; haietan Italiara joan zedin eskatzen zion Karlos erregeari, hirietako gerrak baketzera. 1353-1361 urteen bitartean Milanen bizi izan zen Visconti familiaren etxean, eta hainbat diplomazia-lan egin zituen Milango gortearentzat (Pragan enperadorearekin hitz egin zuen, besteak beste). Izurriaren ondorioz, lehenbizi Paduara aldatu zuen bizilekua eta Veneziara ondoren. Venezian errepublikak etxe bat eman zion, baldintza batekin: hiltzen zenean bere liburutegia Veneziari uztea. Hala ere, lau filosofo averroista gazterekin izan zituen eztabaiden ondorioz (haien kontra idatzi zuen De suis ipsius et multorum ignorantia), Venezia uztea erabaki zuen eta Paduara aldatu zen lehenbizi, eta Arquàra ondoren. Han, Francesco de Carrarak etxe bat eman zion eta, berak nahi bezala, bakardadean eta bakean bizi izan zen.

Lanak aldatu

Latinezko lanak aldatu

 
Petrarcaren eskuizkribua, 1985ean Erfurten aurkitua.

Petrarcak askoz ere lan gehiago idatzi zituen latinez, herri-hizkuntzaz baino. Latinez bai prosa, bai poesia idatzi zituen; herri-hizkuntzaz, aldiz, poesia baizik ez.

Gutun ugari idatzi zituen, eta berehala hasi zen haiek biltzen, Zizeron eta Senekaren ereduari jarraituz. Petrarcak berak prestatu zuen Rerum familiarum gutun-bildumaren argitalpena; hogeita lau liburutan 350 gutun bildu zituen, batzuk bertsotan. Gutun horiek 1325-1366 bitartean idatzi zituen; gehienak adiskideei bidaliak dira, baina idazle klasikoei ere idatzi zizkien batzuk, Zizeroni eta Virgiliori adibidez. Oso ospetsua da, besteak beste, Mont Ventouxerako igoera deskribatzen duen gutuna.

Ondoren Rerum senilium lana osatzen duten hamazazpi liburuak antolatu zituen, 1361-1374 bitartean idatzitako 120 gutun biltzen dituztenak. Epistolae metricae lana osatzen duten hiru liburutan, berriz, 57 gutun bildu zituen, hexametrotan idatziak. Bucolicum carmen lanean, azkenik, hamabi egloga bildu zituen, 1346-1348 bitartean idatziak.

Petrarca denbora luzean aritu zen Africa poema osatzen (1338-1342). Hexametroetan idatzi zuen eta, Tito Livioren ereduari jarraituz, bigarren gerra punikoa kontatzen zuen. Poema horren bidez, Antzinako Erromaren handitasuna ospatzeko eta goresteko generorik egokiena epika klasikoa zela erakutsi nahi zuen. Baina, balio poetikoaren ikuspegitik, lan hark ez zuen nahi bezainbesteko maila izan. Poema horren iruzkin historiko gisa idatzi zuen De viris illustribus (1338an hasia); Erromako historiako hogeita hiru pertsonaiari buruz, eta historia sakratuko eta mitologiako hamabiri buruz hitz egiten zuen.

Rerum memorandarum libri (1343-1345, «Gogoratzeko gauzen liburuak») lanean, bertute kardinalak azaldu zituen, eta Greziako, Erromako eta bere garaiko adibideak hartu zituen haiek azaltzeko.

Petrarcak, bestalde, hainbat liburu idatzi zituen bakardadeko bizitzari buruz. Gai horren ingurukoa da De vita solitaria, 1346an hasia eta bi liburutan banatua; bertan, idazlearen bakardadea, liburuekin erretiraturik eta izadiarekin elkartasunean, eta aszetaren bakardade erlijiosoa goresten ditu. Lan horretan azaltzen dituen arrazoibideen oso antzekoak erakutsi zituen De otio religioso (1348) lanean, Gherardo bere anaiari eta Montrieuxeko kartusiarrei eskainia.

Secretum edo De secreto conflictu curarum mearum, azkenik, Petrarcaren testamentu espirituala da. 1342-1343 urteen bitartean idatzi zuen, eta 1353-1358 bitartean hainbat zuzenketa egin zizkion Milanen zela; hiru liburuk osatzen dute, eta haietako bakoitzean Petrarcak San Agustinekin irudimenean sortutako eztabaida-egun bat kontatu zuen. Eztabaida horiek emakume baten aurrean egin bide zituzten, Egiaren aurrean hain zuzen ere. Petrarcak, elkarrizketaren bidez, bere dotrinan oinarrizkoak ziren gaiak lantzen ditu: heriotzaren inguruko gogoeta, denboraren joana, pasioak, etab.

Canzoniere eta Triumphi aldatu

Canzoniere izan zen Petrarcaren bizitza poetikoko maisu lana, eta lan hori osatzen eman zuen, hain zuzen ere, bere bizitza guztia, 1335. urtean hasi eta hil zen arte. Azken Canzoniere-a 317 sonetok, 29 abestik, 9 sestinak, 7 baladak eta 4 madrigalek osatzen dute. Edizio horretan argitaratu gabe utzi zituen poesia epikoak Rime disperse o extravaganti lanean bildu zituen gero.

Dena dela, Canzonierean ez da pasio baten sorrera eta bilakaera abesten, pertsonaia nagusia emakumea bada ere; aldiz, arima kezkatu baten istorioa abesten du, idealarekin eta errealitatearekin gatazka etengabean dagoen arimaren istorioa. Hortaz, abesti-bilduma hori Petrarcak bere buruarekin egiten duen elkarrizketa bat da, oso era miresgarrian neurtua eta lotua. Idazleak oreka handiko batasun estilistikoa lortu zuen lan horretan.

Triumphi lana aurrekoa baino handizaleagoa bazen ere, emaitza ez zen nahi bestekoa izan. Italieraz eta tertzeto moduan idatzi zuen, sei kapitulutan banaturik: Maitasuna, Lotsa, Heriotza, Ospea, Denbora eta Betikotasunaren Garaipena. Ikuspegi mitiko eta sinboliko sail batek osatzen du lana, eta ikuspegi horiek erakusten dituzte, alegoriaren bidez, moraltasun unibertsalaren mailara jasotako gizakiaren sentimenduak eta gertaerak. Baina norberaren sentimenduak adierazpen mitiko eta objektibo batera eraman nahi horrek huts egiten du arkitekturaren ahultasunaren eta desegokitasunaren ondorioz. Lirismo dotoreko atal batzuk besterik ezin nabarmen daitezke, haietan islatzen baita, edozein egituraren gainetik, Petrarcaren mundu poetikoa.

Petrarkaren eragina aldatu

Haren eragina ez zen bakarrik Italian zabaldu, Europa osora hedatu zen, eta petrarkismo izeneko mugimenduan gauzatu zen. Bestalde, olerkariak klasikoetarako erakutsi zuen zaletasunak humanismoaren sorrera iragarri zuen. Petrarcaren humanismoa ez zen kultura antolatzaile gisa zuen ahalmenean edo erromatar zibilizazioaren zaletasunean oinarritzen; aldiz, esperientzia intelektual horiek berpizten zituen modua zen humanismo haren funtsa.

Erreferentziak aldatu

  1. Francesco Petrarca Epdlp.com
  2. Francesco Petrarca Biografiasyvidas.com

Kanpo loturak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francesco Petrarca