Torquato Tasso (Sorrento, 1544ko martxoaren 11Erroma, 1595eko apirilaren 25a) italierazko poeta izan zen. Oso ezagun egin zen La Gerusalemme liberata (1581, «Jerusalem askatua»), 20 kantuz osatutako poema epikoari esker; Lehenengo Gurutzadaren garaiko Jerusalemen konkista kontatzen du.

Torquato Tasso

Bizitza
JaiotzaSorrento1544ko martxoaren 11
HeriotzaErroma1595eko apirilaren 25a (51 urte)
Hobiratze lekuaSant'Onofrio (en) Itzuli
Familia
AitaBernardo Tasso
Ezkontidea(k)ezkongabea
Hezkuntza
HeziketaPaduako Unibertsitatea
Hizkuntzakitaliera
latina
Irakaslea(k)Federico Pendasio (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakpoeta, idazlea, antzerkigilea eta prosalaria
Jasotako sariak
Mugimenduahumanismoa
manierismoa
Genero artistikoanarraziozko poesia
elkarrizketa
drama
long poem (en) Itzuli
tratatua
Oda
canzone (en) Itzuli
madrigala
hamalauduna
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

IMDB: nm0851008 Spotify: 0UVULyt93vXAFVEXHv5Ib3 Musicbrainz: 40e5a301-2f2a-4302-8f82-2f16683f4692 IMSLP: Category:Tasso,_Torquato Find a Grave: 194287112 Edit the value on Wikidata

Bizitza

aldatu

Tassoren haurtzaroa familiaren ezbeharrek markatua izan zen. 1552. urtean aita, olerkaria hura ere, erbesteratu egin zuten Napoliko Erresumatik, eta familiari ondasun guztiak kendu zizkioten. Aitak Erromara alde egin zuen, eta 1556an ama hil zitzaiolarik, bertara abiatu zen Torquato ere, aitarengana. Harrezkero, hainbat hiritan bizi izan ziren: Urbino, Venezia, Padua, Ferrara, eta abar.

1560an Paduara bidali zuten legeak ikastera, eta 1565ean Esteko etxearen zerbitzuan hasi zen lanean, Ferraran. Haiek izan ziren Tassoren bizitzako urterik zoriontsuenak. Tassok gaztetan erakutsi zuen literaturarako zaletasuna, eta Esteko etxearentzat lan egin zuen urteetan izan zuen idazle gisa garairik oparoena. Orduan idatzi zituen, besteak beste, bere lan nagusiak: Aminta, 1573an gortean aurkeztua eta, batez ere, Gerusalemme liberata («Jerusalem askatua», 1575), bere maisulana.

Jerusalem askatua obra handia amaitu zuen urtean adimen-eritasun larri baten zantzuak antzematen hasi zitzaizkion, ordea. Kontrarreformaren garaian Italian bizi zen klima izpiritualak eragindako erlijioarekiko obsesio moduko batek eragin zion ondoez hura; Inkisizioaren aurrean bere burua heretiko gisa salatzera eramaten zuen eritasun hark, eta jazarpen mania eragin zion.

Harrezkero, hainbat gorabehera bizi izan zituen. Zenbait urtez batera eta bestera ibili ondoren, Ferrarara itzuli zen 1579. urtean, baina Alfontso II.a dukearen ezteietan bazter utzi zutela iruditu zitzaion, eta krisi larria jasan zuen. Krisi haren eraginez, zazpi urte eman behar izan zituen Santa Ana erietxean. Erietxetik irten ondoren, hara-hona ibili zen berriro. Azken urteak Erromako komentu batean igaro zituen, eta hantxe hil zen.

Literatura-lan nagusiak: Aminta eta Jerusalem askatua

aldatu
 
Castello degli Estensi, Ferrara.

Arestian aipatu denez, Aminta artzain-drama eta Jerusalem askatua dira Tassoren lan aipagarrienak.

Aminta-rekin artzain-dramaren generoko maisu handiaren ospea lortu zuen Tassok. Amintaren maitasunaren berri ematen du obra horrek: Aminta, Silvia artzain ederrarekin maiteminduta dago, baina Silviak adiskide gisa maite du Aminta. Amintaren maitasun sutsuaren berri jakinik, Silviak ihes egiten du haren ondotik eta amorrua hartzen dio. Tassok gizakia nola irudikatzen duen da obra horren ezaugarririk garrantzizkoena, gizakiaren konplexutasunaren irudia eskaintzen baitu. Maitasunari buruzko bere ikuspegia azaldu zuen, lirismo handiz, dramatismoz baino gehiago, eta gorteko bizitzaren ikuspegi idealizatua eskaini zuen, Tassok Ferraran igaro zituen urte zoriontsuen eraginez.

Jerusalem askatua hogei kantuz osaturiko epopeia bat da. Godofredo Bouillongoak Lehenengo Gurutzadan (1099) Jerusalem konkistatu zueneko pasartea du kontagai. Benetako gertaerei beste hainbat pasarte erantsi zizkien, bere irudimenetik sortuak. Trebetasun handiz bateratu zituen fantasia eta historia: kristauen eta musulmanen arteko borrokak irudikatu zituen, baina infernuko eta zeruko izakiek ere esku hartzen zutela. Bestalde, obra horretan bildu zituen bere idatzietan landu zituen gai guztiak, inoiz baino diskurtso zailagoa osatuz.

1581ean Jerusalem eta Rime e prose lanaren pasarte batzuk argitara eman zirelarik, eztabaida larria sortu zen italiar kritikoen artean, Tassoren epikaren kalitatea eta haren aurreko Ludovico Ariostoren Orlando haserre-rena alderatzen hasi zirenean. Tassok berak ere parte hartu zuen eztabaida hartan, Apologia idatziarekin.

Obra txikiak

aldatu
 
Torquato Tasso Santa Ana erietxean, Eugène Delacroixen margoa. Tasso 1579–1586 bitartean egon zen zoroetxe horretan.

Aipatu berri diren lanez gainera, beste batzuk ere idatzi zituen, gaztetan bereziki. Jerusalem askatua idazten hasita zegoela, esaterako, hura alde batera utzi zuen, horrelako kontakizun epiko bat idazteko ezaguera aski ez zuela jabeturik edo (hemezortzi urte besterik ez zituen orduan), eta zalduneriako obra bat idatzi zuen, Rinaldo izenekoa. Idazlan honetan trebetasun tekniko bikaina erakutsi zuen Tassok, baina artean ez zitzaion nabarmentzen bere obran gerora nagusitu zen jeinu poetikoa.

2000 errimatik gora ere utzi zituen, maitasunari, grinari, itxaropenari, atsekabeari eta abarri buruzkoak. Petrarcaren erestiari jarraitu zion, baina ordu arteko joera klasizistari estilizazio poetikorako joera erantsi zion. Obra hori Giacomo Leopardiren aitzindaritzat hartu izan da.

1586an, Santa Ana erietxetik atera zenean, sorkuntzarako sena berpiztu zitzaion eta Torrismondo trajedia idatzi zuen, Mantuan. Hurrengo urteetan Le sette giornate del mondo creato (1592-1594, «Munduaren sorkuntzako zazpi egunak») eta Discorsi del poema eroico (1595, «Olerki heroikoari buruzko diskurtsoa») aurkeztu zituen, besteak beste. Beste poema erlijioso batzuk ere idatzi zituen: Lagrime di Maria Vergine («Ama Birjinaren malkoak»), Lagrime di Gesù Cristo («Jesu Kristoren malkoak») eta Monte Oliveto (1605, «Olibete mendia»).

Tassoren obra literatura barrokoaren aitzindaritzat har daiteke, eta eragin handia izan zuen geroagoko italiar olerkaritzaren bilakaeran. Leopardiren ereduetako bat izan zen eta eragina izan zuen orobat XIX. eta XX. mendeetako olerkari askotan. Jerusalem askatua obra hainbat hizkuntzatara itzuli zen eta idazle askok imitatu zuten Europan zehar.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo loturak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Torquato Tasso