Laurence Sterne (1713ko azaroaren 24a1768ko martxoaren 18a) irlandar eleberrigile eta elizgizon anglikanoa izan zen.

Laurence Sterne

Coxwold (en) Itzuli bikario

Bizitza
JaiotzaClonmel1713ko azaroaren 24a
Herrialdea Britainia Handiko Erresuma
HeriotzaLondres1768ko martxoaren 18a (54 urte)
Hobiratze lekuaCoxwold (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: tuberkulosia
Familia
Ezkontidea(k)Elizabeth Lumley (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaJesus College (en) Itzuli
Hipperholme Grammar School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, eleberrigilea, autobiografialaria eta erlijiosoa
Lan nabarmenak
Izengoitia(k)Yorick
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaanglikanismoa

IMDB: nm1038177 Musicbrainz: 7a3ae370-35c7-4dda-9582-e54a57dba3ad Discogs: 4702989 Find a Grave: 9732070 Edit the value on Wikidata

Biografia

aldatu

Laurence Sterne Clonmelen Irlandan,Tipperary izeneko udalerrian jaio zen. Bertan zuen kokalekua  bere aitaren erregimentuak (militar ingelesa zen). Aitaren lanbidea zela eta askotan mugitzen ziren bizilekuz, urtebete leku berean eman gabe. Cambridgen hasi zituen ikasketak eta 1737an Arte Ederren ikasketak amaitu zituen. Ikasle gisa arrakasta berezirik izan ez bazuen ere, han ezagutu zuen gero adiskide min izango zuen John Hall-Stevenson, eta han irakurri zituen John Locke, Rabelais eta Montaigne, Sterneren obran eragin handia izango zuten autoreak denak ere.

Ibilbidea

aldatu

1738an apaiz egin zen eliza anglikanoan eta laster Coxwoldeko (Yorkshire) bikario kargua eman zioten eta parrokia horretan egon zen 20 urtez lan egiten. Han ezagutu zuen ondoren bere emazte bihurtuko zen Elizabeth Lummley, eta geroxeago miss Fourmantelle, “Dear Kittiy”, bolada batean bere maitalea izango zena. Orduan idatzi zuen bere lehen nobela, The History of a Good Warm Watchcoat (1759, Beroki on baten historia), hasieran A Political Romance deitua, elizgizonek karguak eta ondasunak bereganatzeko izaten zuten irrika bizia gogor astintzen zuen alegoria satirikoa. Lotsatutako elizgizonek hala eskatuta liburua errea izan zen. Honek bere lanean igo edo hobetzea galerazi zion baina idazterako zuen gaitasuna erakutsi zion.

Bera eta emaztea tuberkulosiak jota zirela, osasuna gutxitzen zihoanez, idazteari eman zion bete-betean bere parrokiak apaiz baten eskuetan utzita. Hala sortu zuen Life and Opinion of Tristan Shandy, Gentleman (1760-1767). Bederatzi liburukitan argitaratutako eleberri bitxi, ausart eta berritzailea, umore handiz idatzia, Locke filosofoaren eragina duena.

1760an Londresen hartu zuen bolada baterako bizilekua, eta, bere liburuaren arrakastaren ondorioz, harrera ezin hobea egin zioten goi mailako gizartean. 1761ean bizimodu hark osasuna higatu zion azkenik, eta odol jario handi baten ondoren medikuek Frantzian atseden hartzea aholkatu zioten. 1762tik 1764ra Toulousen bizi izan zen, eta 1765ean Frantzian eta Italian zehar bidaiatu zuen. Londresen izan zuen arrakasta berbera izan zuen Frantziako literatura-giroetan, eta Dideroten adiskide egin zen han.

1766an Elizabeth Draper izeneko emakumea ezagutu zuen. East India Company konpainiako ofizial baten emazte hau guztiz liluragarri suertatu ztzaion Sterneri eta erlazio bat izan zuten. Hiru hilabetetara Eliza Indiara itzuli eta bertan tuberkulosiak jota hil zen. 1768. urtearen hasieran, Sternek bere Bidaia Sentimentala argitaratu zuen Elizari buruzko erreferentzia bitxiak biltzen dituena, eta harremana, nahiz eta platonikoa izan, interes handia piztu zuen. Era berean, Jounarl to Eliza idatzi zuen, zati bat berari bidali zion eta bestea 1894. urtean ezagutu zena, British Museumi eman zitzaionean. Haren omenez idatzi zuen Letters from Yorick to Elize (1775, Yoricken gutunak Elizeri).

Heriotza

aldatu

Bidaia Sentimentala[1] argitaratu eta hilabetera Sterneren indarrak huts egin zuten eta Old Bond Street kaleko 41ean hil zen 1768an 54 urte zituela. St George'sko elizpean lurperatu zuten, Hanover Plazan.

 
Tristram Shandy

Eleberriaren eta saiakeraren arteko hibrido baten sortzailetzat jo izan dute aditu askok Laurence Sterne.[2] Javier Cercas idazlearen esanetan Sternek egin zuen ekarpenik handienetakoa Kixotea ingeles literaturara eraldatuta ekartzea izan zen XVIII. m.[3]

The Life and Opinions of Tristram Shandy

aldatu

Bere nobelarik famatuenetakoan, The Life and Opinions of Tristram Shandy (9 liburukiz osatuta dagoena), narratzaileak digresio eta anekdotekin azaltzen du istorioa. Bertako pertsonaia nagusiak Tristan Shandyren aita (Walter Shandy), ama (izenik agertzen ez dena), osaba Toby, Trim kaboa (Tobyren morroia), Slop doktorea eta Yorick parrokoa dira. Nobelaren argumentu nagusia oso zehatza ez den arren, etxeko giroan gertatzen diren hainbat anekdotari buruzkoa da. Hauekin idazleak gertakizun komikoak kontatzen ditu asmo satiriko argiarekin.

Tristram Shandy argitaratu zenerako, finkatua zegoen nobela ingelesean bai kontakizuna nondik nora eraman, bai intriga nola korapilatu, bai pertsonaien arteko harremanak nola antolatu, bai nolako errealitatezko ukitua eman fikzioari, bai, azkenik, nobelaren unibertso ondo antolatuaren baitan gizakien jokabidea arautuko duten printzipio sendo batzuk nola ezarri. Defoek, Richardsonek eta Fieldingek egina zuten bide hori. Baina Tristram Shandy argitaratzeak nahaspila ekarri zuen bere bidea egina zuen mundu ondo antolatu horretara, liburu horrek ez baitu kontakizun bakarra, kontakizun-multzo bat baizik, amaierarik sumatzen ez zaiona, gainera. Gainerako ezaugarriek ere ez dute zerikusirik garaiko nobela ingelesak zituenekin. Kritika modernoak, berriz, nobela horren aberastasuna goraipatu du, gaur egungo nobelaren aitzindaritzat aitortzeraino. Virginia Woolfen hitzetan "heldutasuna iritsi duen lan baten seinale guztiak ageri ditu. Ezein idazle hasiberri ez zen ausartuko halako lizentziak hartzen gramatika, sintaxi eta zentzuarekin, arauekin eta nobela bat nola idatzi beharko litzatekeen erakusten duen tradizio luze eta zaharrarekin"[4].

Bidaia sentimentala Frantzian eta Italian zehar

aldatu

Sterneren beste lanetako bat: Bidaia sentimentala Frantzian eta Italian zehar (1768, A Sentimental Journey Through France and Italy). Liburu komiko motz hori Tristram Shandy nobelarekin alderatuta oso bestelakoa da. Bertan, gertakizun autobiografikoak, asmatuak, eta bidaia literaturazko zatiak nahasten ditu. Liburua Yoricken eta bere zerbitzari La Fleuren bidaiari buruzko kronika da. Baina ohiko bidaia liburua idatzi beharrean, non britainiar sofistikatuak hegoalde dekadentera egindako bidaia zehatz-mehatz kontatuko zen, bide batez britainiarren kulturaren gorentasuna azpimarratuz, Sternek bestelako ikuspuntua erabili zuen. Bere esperientzia propioan oinarrituta, bidaia nobelatu egiten du, kontakizunaren eta irakurlearen artean fikziozko pertsonaia bat tartekatuz.[5] Idazlearen beraren barne-munduaren isla mugikorra dugu: Frantzia eta Italiako lurrak, haiek bisitatzera egindako txangoa aitzakia delarik, neurri haundi batean.[6]

  • A Political Romance (1759)
  • The Life and Opinions of Tristram Shandy
  • Sermons of Mr. Yorick (1760–1769)
  • Letters from Yorick [pseud.] to Eliza (1767)
  • Bidaia sentimentala Frantzian eta Italian zehar (A Sentimental Journey Through France and Italy, 1768)

Euskaratuak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. «Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar» EIZIE (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
  2. Rekondo, Hasier. (2016). «Hitz eta sentimenduen bozkarioa» Deia (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  3. Cercas, Javier. (2017). Demagun ehun urte barru. Eizie, 181 or..
  4. Sterne, Laurence. «Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  5. Rojo, Javier. (2016). «Bidaia sentimentala» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  6. Juaristi, Felipe. (1999). «Bidaia kronika baino areago» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  7. «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-13).
  8. «Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar» EIZIE (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Laurence Sterne