Josip Broz Tito
Josip Broz Tito —alfabeto zirilikoz Јосип Броз Тито—, jaiotzako izen-deiturez Josip Broz (Kumrovec, Kroazia-Eslavoniako Erresuma, Austria-Hungariako Inperioa, 1892ko maiatzaren 7a – Ljubljana, Jugoslavia —gaur egun Eslovenia—, 1980ko maiatzaren 4a) militarra eta Jugoslaviako agintaria izan zen.
Haren herrialdeko alderdi komunistaren idazkari orokorra eta geroago presidente bilakatu zen 1939an, eta hil arte kargu horretan aritu zen. Bigarren Mundu Gerran partisanoen buruzagitzan borrokatu zen 1941etik 1945era. 1943an Jugoslaviako Errepublika Sozialista edo Demokratikoa sortu zuten, eta ordutik herrialdeko mariskal izan zen.
1953an Jugoslaviako lehendakari bilakatu zen, eta hil arte iraun zuen karguan.
BizitzaAldatu
Lehen Mundu Gerraren aurretik metalgintzako langilea izan zen Triesten, Bohemian eta Alemanian. Garai hartan hasi zen harremanetan Kroaziako Alderdi Sozialdemokratarekin. Lehen Mundu Gerraren hasieran Zagreb hirian zegoen, eta atxilo hartu zuten gerraren aurkako propaganda egiteagatik. Aske utzi eta Karpatoetako frontera bidali zuten, eta ondoren errusiarrek hartu zuten preso Bukovinako frontean. 1918tik aurrera Armada Gorrian jardun zuen Errusiako Gerra Zibilean, eta 1920an Kroaziara itzuli zen.
Jugoslaviako Alderdi Komunistako kide egin zen ondoren eta 1923an hartu zuten preso baina berehala utzi zuten libre. 1928an kroaziar eta esloveniar komunisten buru izendatu zuten Jugoslaviako Alderdi Komunistaren barnean, eta urte hartan bertan preso hartu eta kartzelan eduki zuten 1934 arte. Handik aurrera goi karguak bete zituen alderdi komunistan eta Kominternen.
1936an Espainiako Gerra Zibilean borrokatu ziren Nazioarteko Brigadak antolatzeaz arduratu zen Parisen. 1937an Jugoslaviako Alderdi Komunistako idazkari nagusi egin zuten. Alemaniar naziek Sobietar Batasunaren aurkako gerra aldarrikatu ondoren (1941eko ekaina), Titok alemaniarren aurkako erresistentziara deitu zien Jugoslaviako herri guztiei eta politika eskubide berberak agindu zizkien gerra bukatutakoan. 1941eko udazkenaren hasieran, Jugoslaviako lurraldeen erdia baino gehiago berreskuratu zuten Titoren alderdikideek eta Jugoslaviako Armadako soldaduek. 1941etik aurrera, gerrilla talde bereziak eratu zituen alemaniarrei eusteko. 1943an gudu larriak izan ziren partisanoen eta nazien artean eta Tito zauritu zuten horietako batean. Italiako faxistak errenditu ondoren (1943ko iraila), Titok Jugoslaviako behin-behineko gobernua eratu zuen eta mariskal titulua eman zioten. 1945ean erabat menderatu zituzten partisanoek naziak eta kolaboratzaileak eta Tito aukeratu zuten Jugoslaviako estatu federal berriko buruzagi.
Herri demokrazian oinarritu zuen gobernu berriak bere programa, baina Sobietar Batasunaren aginduetatik aparte jardun zuen, eta 1948an Titorekiko harremanak hautsi zituen Stalinek. 1953an konstituzio berri bat aldarrikatu zuen Titok, eta sortu zen Jugoslaviako Errepublika Sozialisten Federazioa. Stalin hil ondoren (1953), Nikita Khrustxevek eta Titok adiskidetze hitzarmen bat sinatu zuten Belgraden (1955), baina Titok ez zion bere politika aldatu eta bloke kapitalistaren eta bloke sozialistaren arteko herri neutralen erakunde bat bultzatu zuen. Albania, Txina eta Vatikanorekiko harremanak bideratu zituen, eta sobietar armada Txekoslovakian sartu izana salatu zuen (1968). Jugoslaviaren barruan, demokraziaren oinarriak estatuko erakundeetan sendotzen saiatu zen. 1971. urtean, bere ondorengo gobernuaren geroaz arduraturik, bost errepubliketako lehendakarien kontseilua bultzatu zuen Jugoslaviako goi agintaritzarako, eta hala egin zuten 1980an bera hil zenean.
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.