Erromatar tropa laguntzaileak

Erromatar tropa laguntzaileak (latinezko auxilia) erromatar hiritar ez ziren soldaduz osatutako erromatar armadako unitateak ziren. Helburu nagusia erromatar hiritarrek esklusiboki osatutako legio erromatarrei laguntzea zen, eta, era berean, zeregin garrantzitsua izan zuten gerretako landa-borroken osagarri ziren errepresio-, harrapaketa- eta jorratze-lanetan. Kristo aurreko 30. urtetik 284. urtera arte borrokatu ziren printzealdian. Haien kopurua aldatu egin zen Inperio garaian, pixkanaka handituz. K.o. 70. urte inguruan, hartara Vespasiano agintean zegoela, gudaroste laguntzaileek legioek zituzten infanteriako soldaduen kopuru bera zuten, eta, gainera, armada erromatarrari zalduntzaz eta arkutegi edo zalditeria arin gisa espezializatutako tropez hornitzen zizkioten, bai eta bestelako jazarle batzuez ere. II. mende inguruan, tropa osagarriak indar militar erromatarraren bi heren inguru ziren.

Erromatar infanteria laguntzailea ibai bat zeharkatzen, segur aski Danubio, gerra daziarretan (101-106). Legionarioetatik beren armarrien formagatik bereizten dira, legionarioen angeluzuzenen aldean obalatuak. Trajanoko zutabea, Erroma.

Tropa laguntzaileak peregrinien artean errekrutatzen ziren normalean; hau da, erromatar inperioko probintzietako biztanleen artean, erromatar hiritarrak ez zirenak (inperioaren biztanle gehienak I. eta II. mendeetan).[1] Laguntzaileak barbaroen artean ere biltzen ziren (latinez, barbari), Inperiokoak ez ziren lurraldeetako biztanleek jasotzen zuten izena.

Tropa ez-italikoen multzoekin hasi ziren sortzen eta garatzen tropa laguntzaileak, zalduntzakoak bereziki, erromatarrek nahiago baitzuten infanteria soldadu izatea. Erromatar Errepublikaren garaian dagoeneko, legioekin batera borrokatu ziren, eta K.a. 200. urtetik aurrera tropa mota horien kopurua handitu ziren. Garai artan behin behineko errekrutatzeekin osatzen ziren tropa horiek, baina Julio-klaudiotar dinastiaren gobernuak egitura homogeneoko armada iraunkor bihurtzeko aukera gauzatu zuen; ekipamendu estandarra eramaten zuten eta zerbitzu baldintza egonkorrak eman zizkieten. Horrela lortu zuten dinastiaren azken urteetan legionarioen eta laguntzaile gehienen artean alde handirik ez egotea entrenamenduari, ekipamenduari edo gaitasun militarrari dagokionez.

Errejimendu laguntzaileak jatorrizkoa ez zuten bestelako probintzietara bidaltzen zituzten ia beti. Unitate askotako erregimentuen izenak K.o. IV. mendearen bukaera arte iraun zuten, baina ordurako unitateak aldatu egin ziren tamainari, egiturari eta kalitateari dagokienez.

Historia aldatu

Erromatar Errepublika (K.a. 509-27) aldatu

Erromako historian, erromatar legioak osatu zuen bere armadaren muina. Gorputz horrek bilakaera handia izan zuen mendeetan zehar, eta unitate ia garaiezina bihurtu zen eremu egoki batean borrokatu eta komandante arduratsu batek zuzentzen zuenean. Hala ere, legioak hutsune garrantzitsuak zituen, besteak beste, zaldun eta arkulari falta. K.a. 200. urtearen inguruan, erromatar legio bat infanteriako 4.200 soldaduk eta 300 zaldunek osatzen zuten. [2] Erromatar soldaduen arteko zaldizkoen eskasia kezkagarri hori zaldi bat erosteko eta mantentzeko aukera izan zezaketen herritarren kopuru txikiari zor zitzaion, batez ere; hori egin zezaketen bakarrak ordo equester-ekoak (zaldunen talde sozialekoak) ziren, garai hartako gizarte erromatarreko bigarren klaserik garrantzitsuena eta aberatsena, senatarien talde sozialeko (ordo senatorial) hiritarrek bakarrik gainditua.

K.a. 400. urtetik, erromatar armadaren zaldunen gehiengoa bere aliatu italikoek (socii) ematen zizkiotenak ziren. Hala ere, K.a. 91. urtean Gerra soziala lehertu zenean (K.a. 91-88), herri italikoen eta Erromaren arteko aliantza militarra hautsi zen. Gerrarekin amaitzeko, Erromak hartu zuen erabakietako bat Lex Plautia Papiriak aldarrikatzea izan zen, erromatar hiritartasun osoa eman baitzien oraindik K.a. 91-88 artean hiritartasun mota hori ez zuten italiar guztiei. baina lege horren ondorioz, erromatar armada bere infanteria espezializatua eta zalditeriaren parte handiena galdu zuen.[3]

Errepublikaren azken garaiko jeneralek, hala nola Luculo, Cayo Mario, Sila, Julio Zesar edo Ponpeio, auxilia irregularrak kontratatzeko bidea ireki zuten Erromaren herri aliatuen artean, eta beste herri batzuetako unitateak ere sartu zituzten, hala nola germaniarrak, galiarrak edo konkistatu gabeko Hispaniako herriak.

Egoera hori, epe luzera, jasanezina zen, eta, beraz, Zesar Augusto enperadoreak auxilia tropak armadaren osagai gisa arautu zituenean, unitate batzuk sortu nahi zituen erromatar armadari infanteria espezializatua eta zaldunak emateko, Inperioko edo Inperiotik kanpoko hiritar ez zirenen artean errekrutatuak, eta haien erabilera, tamaina txikiagoa zenez, legioena baino malguagoa izateko helburua zuen.

Indar latinoak alae moduan antolatzen ziren (latinezko «hego»tik dator). Erromatarren garaiko jeneralek tropa laguntzaile latinoak erromatar borroka-lerroaren alboetan jartzen zituztenez, izen hori eman zitzaien. Erromatar hiritartasuna zuten hiru praefecti sociorum buru zituen hegal aliatu bateko infanteriaren ehunekoa legio batenaren antzekoa edo handixeagoa zen (4.000-5.000 gizon). Bestalde, zaldizko laguntzaileen kopurua hirukoitza zen (900, legioetan 300 besterik ez baitziren). [4] Gerra soziala piztu baino lehen, gudaroste kontsular[oh 1] bakoitzean legio eta alae kopuru bera zegoen eta, zaldunen artean, %75 aliatu latindarrek ematen zuten. Hala ere, zalditeriaren guztizko portzentajea apala zen: bi legioz eta bi alaez osatutako armada kontsular arrunt batean, 17.500 infanteriako soldadu eta 2.400 zalditeriako soldadu zeuden (indar guztiaren %12).

Erromatarrek Penintsula Italikoan bizi ziren gainerako estatuei aurre egin zieten bitartean, haien zalditeria urria nahikoa izan zen, haien etsaiek ere zalditeria urria edo batere ez baitzuten. Baina, Erroma urrutiko lekuetako beste etsai batzuei aurre egiten hasi zenean, eta etsai horiek borroka-eremuan zalditeria boteretsuak zabaltzen zituztenean, zaldun erromatar gutxi zegoenez, sekulako porrotak jasan zituzten Zalditeriaren garrantzia agerian geratu zen Italiako galiarren eta Epiroko Pirro errege grekoaren (K.a. 275) inbasioetan, eta osagai erabakigarria zela nabarmendu zen bigarren gerra punikoan (K.a. 218-202). Trebiako eta Cannaeko batailetan Anibalek izandako garaipenak hispanoen, galiarren eta numidiarren zalditeriak latindarrena baina hobea izanari zor izan zitzaizkion. Zaman garaipen erromatarra (K.a. 202) Massinisa erregeak Eszipion Afrikarraren armadari emandako zalduntzagatik izan zen neurri handi batean. Erromatarrek zalduntza-portzentaje txikia zuten, eta Zaman, zaldun numidiarrek latindarren bikoitza izan ziren. Une horretatik aurrera, armada erromatarrek zaldizko ez-italiko ugari izango zituzten laguntzaile gisa beti: Numidiako zalditeria arina, eta, geroago, galiarren zalditeria astuna. Galietako Gerran (K.a. 58-51), Julio Zesar jeneralak zalduntza galiar eta germaniarrak erabili zituen maiz.[5]

Zalditeria latinoak armada erromatarrean zuen eragina jaitsi egin zen atzerritarrena handitu ahala eta K.a. I. mendearen hasieran, zalditeria erromatarra erabat desagertu zen armadatik. Gerra Sozialaren amaieran, Italiako herritar guztiei herritar erromatar estatusa eman zitzaienean, alae ere desagertu egin ziren; izan ere, bereganatu berri zuten hiritartasunari esker, italiar guztiak sar zitezkeen orain legioetan. [6] Bestalde, garai hartan erabat desagertu zen zaldi erromatarraren estatusak zalduntza errepublikanoan zuen garrantzia. [7] Faktore horiengatik guztiengatik, legio errepublikano berantiarra zaldunik gabe zegoen erabat, eta Augustoren boterera iritsi arte baino ez zen izan, eta 120 zaldizko gehitu zitzaizkion berriro.

 
Balear irletako habailaria

Bigarren gerrate punikoa hasi zenean, erromatarrek ez zuten espezializatutako soldaduri italikorik konpondu eta arazo hori konpontzen saiatzen ari ziren, elementu hori oso garrantzitsua baitzen garaiko armada erromatarretan. Tito Livio historialariak dio Sirakusako tiranoak, Hierón II.ak, Senatuari eskaini ziola berak armada arkulari eta habailari talde handiak ematea.[8] K.a. 200. urtetik aurrera, erromatarrek mertzenario-kopuru finko bat kontratatzea erabaki zuten, baliabide italikorik eza konpontzeko, eta, harrezkero, erromatarren legioei ia beti lagundu zieten mertzenario horiek Mediterraneo osoan zehar egindako kanpainetan: Kretako sagittarii (arkulariak) eta Balearretako funditore (harbailariak).

Probintziek, hiriek eta "amici" (lagun) estusa zuten errege-erreginek (estatu bezeroen agintariak) Errepublikako armadei ematen zizkieten tropa laguntzaile ez-italiarrak uneko beharren mende zeuden. Askotan, atzerriko indar horiek, bere liderrek gidatzen zituztela, eta bere ohituren arabera antolatzen zirenak, berariazko kanpainetarako sortzen ziren eta handik gutxira disolbatzen ziren. [9]

Augustoren agintaldia (K.a. 27 - K. o. 14) aldatu

 
Erromatar infanteriako soldaduen ohiko ekipamenduaz jantzitako aktorea, gladius bat erakutsiz. Erromatar garai aurreko Hispania herri iberiarrek erabilitako diseinutik abiatuta sortu zen ezpata hau. Argazkian ageri den alea Ponpeii motakoa da, I. mendearen amaieratik aurrera erabilia. Laburragoa zen, eta etsaia gorputzez gorputz borrokatzeko diseinatuta zegoen. Soldaduaren ezkerreko aldakan bere pugioa (daga) ikus daiteke, eta sare-begia kota (lorica hamata) eta krosko inperial galikoa ditu. Armarri angeluzuzenaren (scutum) heltzen du ezkerreko eskuaz. Infanteriako soldadu laguntzailearen armak eta armadurak ia berdinak ziren, baina euren armarria obalatua (clipeus) zen. [10]

Erromatar Errepublikako azken Gerra Zibilaren amaieran (K.a. 30), Okatavio tropa laguntzaileak osatzen zituzten atzerriko unitate gehienak lizentziatu zituen. Hala ere, eskarmentu handia zutenek ez zuten disoluzio-agindua jaso, baizik eta indar laguntzaileen oinarri bihurtu ziren Julio-llaudiotar dinastiaren agintaldian.[11] Aginte osoa lortu zuen lehen urteetan, Augustok auxilia taldea sortu zuen, Errepublikak Gerra Soziala hasi aurretik erabiltzen zituen indar latinoen ereduari jarraituz. Auxilia horiek, hiritar ez ziren tropen multzo gisa ulertuta, legioekiko paraleloak ziren, baina funtsezko aldea zuten errepublikanoek erabiltzen zituztenekin: Errepublikaren garaian, unitate laguntzaileek kanpaina jakin baterako osatzeko errekrutez osatuta zeuden, eta kanpaina amaitzen zenean desegiten ziren; Augustoren gobernupean, tropa horiek, boluntario profesionalek modu egonkorrek osatzen zuten.

Augustok kohorteen tamaina bereko erregimentuetan antolatu zituen laguntzaileak, irizpide argi batekin: unitate bat zenbat eta tropa gutxiago izan, orduan eta malguagoa izango zela uste zuen. Erregimentu horiek bi motatakoak ziren: Ala quinquenaria (zaldunak) eta kohortea (infanteria). Geroago, cohors equitata (zalditeria eta infanteriaren nahasketa) gehitu zitzaion Julio-klaudiotar dinastian. Laguntzaileen egitura eta alae latinoena ez ziren berdinak, lehenengoak portzentaian zaldun gehiago baitzituen.

Ez dago argi zein tamaina zuten Augustok eratutako unitate berri horiek, egun ditugun dokumentatuako datu berrienak II. mendekoak baitira, eta une horretan dagoeneko tropa osagarrien unitate kopurua aldatu egin baitzen. Kohorteak legionarioen antzera banatzen ziren: sei centuriae, 80 gizonek osatuak.[12] Alae-ak, berriz, turmae-tan banatzen ziren. Turmae-ak 30/32 gizoneko eskuadroiak ziren eta bakoitza dekurioi (latinez decurio: «hamarreko buruzagia») batek gidaritzen zuen . Decurio titulu hori Gerra Soziala piztu aurreko zalditeria errepublikanotik eratorria zen, zaldunen multzoa turmae-tan banatua baitzegoen, eta hiru dekurioi zituen buru. [13] Azkenik, cohors equitata dealakoa infanteria-multzo batek osatzen zuen , eta lau zaldun-turmae gehitzen zitzaizkion. [14]

Guztira, praefectus batek zuzentzen zituen erregimentu laguntzaileak bi jatorri hauetako batekoa izan zitekeen:

  • Erromatar hiritartasuna ematen zitzaion noble indigena bat. Adibidez, Arminio jauntxo germaniarra tropa lagutnzaileen praefectusa zian zen Erromaren aurka matxinatu baino lehen.
  • Ordo equesterreko kide bat edo goi-mailako ehundura izan zitekeen erromatar bat.

Augustoren agintaldiaren hasieran, mendebaldeko tropa laguntzaileen muina, alde batetik tribu galiarretatik ateratako gerlariek, batez ere Gallia Belgikakoak[oh 2], eta Iliriako gudariek osatzen zuten. Kantabriar gerrak amaitzean (K.a. 19), Inperioak Hispania Tarraconensis probintzia osoa anexionatu zuen eta laster, probintziaren iparraldea erreklutamendu-iturri nagusietako bat bihurtu zen. Hurrengo urteetan, Augustok eskualde hauek konkistatuko zituen: Rhetia (K.a. 15), Niko (K.a. 16), Panonia (K.a. 9) eta Mesia (6). Lurralde horiek, Iliriarekin batera, inperioko errekluta-iturri laguntzaile nagusi izatera iritsiko ziren. Horkoak ziren Cohors II Vasconum, Cohors I Asturum Equitata, Cohors II Asturum et Gallaecorum, Cohors I Cantabrorum, eta beste asko. Ekialdean, siriarrek Erromari bere armadako arkulari gehienak ematen zizkiotenean, Augustok Galazia (K.a. 25) eta Judea (6) probintziak erantsi zituen; horietako lehena, Anatoliako eskualde bat, non bere izena mendeetan galiarrek hara egindako migrazio masiboen ondorio baitzen, errekruta-iturri garrantzitsu bihurtu zen. Bestalde, zalditeria arina Afrikako probintzietatik hornitzen zen, eta bertan Egipto (K.a. 30), Zirenaika eta Numidia (K.a. 25) eskualdeak atxiki ziren. Numidia probintzian bizi zen maurien[oh 3] herria Italiara bidaltzen ziren zalditeria arineko kontingenteen gorputz nagusia zen, legioetan eta tropa laguntzaileetan zerbitzatzera joaten baitziren. Mauritaniako probintzia, Klaudio enperadorearen agintaldian konkistatua, errekluta-iturri garrantzitsu bihurtu zen.

Augustoren erregealdian egindako konkista azkarrek erreklutamendu-kopurua handitzea eragin zuten, bai legioetan bai laguntzailetan. 23. urtean soldadu laguntzaile eta legionario kopuru bera zegoen; horrek esan nahi du garai hartan 25 legio (125 000 legionario) eta 250 erregimentu osagarri inguru bildu zirela.[15]

Iliriako matxinada (K.o. 6-9) aldatu

Konkistatu berri ziren herrien artean soldaduak errekrutatzea nolabait arriskutsua zen eta hori Julio-Kaludia dinastiaren garaian nabaria zen, izan ere, soldadu haien jatorrizko talde etnikoa Erromaren aurka matxinatzen bazen (edo Inperioaren mugetatik kanpo zeundenen kasuan, inperioa erasotzen bazuten), tropa laguntzaileak euren herrikideekin bat egiten saiatu egin zitezkeen. Hori gertatuko balitz, erromatarrek eurek hornitutako eta entrenatutako unitateen aurka borroka egin beharko zuten, eta hori abantaila taktiko handia izango zen arerioarentzat.

Bakarkako adibide gisa, Arminio dugu. Germaniar jauntxo bat zen Arminio. Hainbat urtez Erromako armadan laguntzaile gisa zerbitzatu ondoren, tropa antolatuak modu eraginkorrean nola ekipatu eta gidatu ikasi zuen, eta Teutoburgo basoan porrot handi bat eragin zion Inperioari, Publio Quitilio Varo jeneralaren agindupean hiru legio suntsitu baitzituen. Porrot horrek markatuko zuen Augustok Elbatik haratagoko germaniar lurraldeak konkistatzeko estrategia bertan behera uztea.

Arminiorena norbanako baten kasu izan zen, baina talde mailan arriskua are handiagoa zen, Augustoren agintaldiaren iliriarren matxinada handiak erakutsi zuten bezala. Iliriarrak, gehienak gaur egungo Bosniako mendien ibiltzen ziren artzainak, soldadu bikainak ematen zizkion Erromari, eta, horregatik, Gure Aroaren hasieran, Inperioaren tropa laguntzaileen muina osatzen zuten. Hala ere, atsekabea aspaldi finkatu zen iliriarren eskualdean, publicanien (zerga biltzaileak) gehiegizko diru-goseak eraginda batez ere, matxinada-ahotsak ozenago entzuten hasi ziren. K.o. 6. urtean, Augusto enperadoreak dalmatae erregimentu batzuk (iliriar tribua) biltzeko eskatu zion Tiberio seme-ponteari, Germanian kanpaina handi bati ekiteko. Matxinatuek, aurkezten zitzaien aukera ikusita, bilgunera joatea erabaki zuten, baina haiek zaintzeko bidalitako indar erromatarrarekin bat egin beharrean, haien aurka borrokatu eta garaitu zituzten. Dalmaziarrei breukoak batu zitzaizkien, Iliriako talde etniko bat.

Matxinatuek aurre egin zioten Mesian beren aurka bidalitako armada erromatar bati, eta garaituak izan ziren arren, baja garrantzitsuak eragin zizkioten erromatar kontingenteari. Matxinadan parte hartu zuten tribu iliriar askok indartuta, matxinatuek beren jatorrizko probintzia mehatxatu zuten. Matxinadaren buruek Danubioko mendebaldeko ibaiertzean aurrera egitea erabaki zuten. Bertan, Panoniako armadaren hondarrak batu zitzaizkien. Panonia K.a. 12 eta 9 urteen artean Erromak menderatutako eskualdea eta Italiar penintsularen ekialdeko alboan zegoenez, Iliriaren altxamendua hori inperioa erdigunea bera mehatxatu zezakeen operazio-base bat sortzea ekar zezakeen.

Arriskua ikusita, Augustok Tiberiori agindu zion bere Germaniako kanpaina bertan behera uzteko eta bere armadarekin Iliriara itzultzeko. Tiberioren tropak matxinatuei aurre egiteko nahikoak ez zirela argi geratu zenean, Augustok milaka esklabo askatzeko agindu zion Germaniko ilobari, behar ziren soldaduak errekrutatzeko. Hori ez zen gertatzen Hanibalek 200 urte lehenago Cannasen erromatarrei eragindako porrotetik. Augustok egindako xedapenei esker, Erroma gai izan zen borroka-eremuan hamabost legio eta 150 laguntzaileen erregimentu jartzeko; horietatik 50 herritar erromatarrek baino ez zituzten osatzen. Augustoren uztetan, gizon horiek ez ziren egokiak legioetan parte hartzeko, euren izaeragatik edo euren aurrekariengatik: klase apalenetan jaiotako herritarrak, eskaleak, delitugileak edo esklabo askatuak (esklabo bati askatasuna ematen zitzaionean, liberto bilakatzen zenean, berehala hartzen zuen erromatar herritartasuna). Unitate berezi horiei «Civium Romanorum» titulua eman zitzaien («herritar erromatarrena»). Iliriako matxinada amaitu zenean, talde horiek Inperioaren zerbitzura jarraitu zuten eta trukean, beren hiritartasunari eutsi zioten.[16] Augusto, Germaniko eta Tiberiok errekrutatutako tropei Traziatik etorritako tropa boteretsu bat gehitu zitzaien. Traziaren erregea, Rometalces, Inperioko errege amicus bat zen, aliatua alegia. Guztira, Inperioak iliriarrei aurre egiteko zabaldu zituen tropek 200.000 gizonek osatzen zuten.

Hiru urte luzatu zen gatazka hura, Erromak gerra punikoen eztandatik aurre egin behar izan zion gerrarik zailena izan zela idatzi zuen Suetonio historialariak. Erromatarrek gerrilla gerra amaiezin batean aurre egin zieten iliriarrei. K.o. 9. urtean, Tiberiok ofizialki amaitu zuen gatazka, Varok Teutoburgo basoan hiru legio galdu zituenean hain zuzen. Gertaeren segida azkarrak agerian uzten du Arminiok itun bat sinatu zuela iliriarrekin Inperioari aurre egin aurretik.[17][18]

 
Galian I. mendearen amaieran soldadu erromatarrek erabilitako infanteriako kaskoa. Kopetako eta masailetako babesak sendoak dira, ezpata zabalaren kolpea zailtzeko, baina aurpegiaren aurreko aldea estali gabe, horrek ikusmena zaildu egingo bailuke; belarrietako protuberantziek, belarriak babesten dituzte, baina entzumena oztopatu gabe, eta garondoa ere babesten du. Carnuntum museoa (Austria). [19]

Matxinadaren larritasuna gorabehera, iliriarrak armada erromatarraren bizkarrezur bihurtu ziren. K.o. II. mendean, ia tropa inperialen erdiak Danubioko mugan zabalduak zeudenean, laguntzaileen erregimentuetan Iliriako erreklutak ziren nagusi, eta III. mendean italiarren lekua hartu zuten, hein handi batean, ordena hierarkiko militarraren gailurrean (praefecti-ak erregimentu osagarrietan eta tribuni militum-ak legioetan). 268. eta 379. urteen artean, ia enperadore guztiak eskualde horretatik sortuak ziren; izan ere, haiek, aristokrazia militarreko kide garrantzitsuak, Inperioaren zatiak eskuratzeko boterea nahikoa zuten gizon bakarrak baitziren. [20] iliriarrek Inperioko armadetan zuten boterea gero eta handiagoaren adibide ditugu Klaudio II.a Gotikoa (268-270), Aureliano (270-275), Probo (276-282), Diokleziano (284-305), Konstantino I. (312-337) eta Valentiniano I.(364-375). Horiek denak, armadan eta gertu zituzten tropetan zuten bere boterearen oinarria. Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori ondoren, iliriarrek garrantzi handia izaten jarraituko zuten bizantziar inperioaren armadetan, eta Justiniano I enperadorea bera Ilirian jaiotakoa zen.

Tiberiotik Neronera (K.o. 14-68) aldatu

Tropa laguntzaileek garapen sakona izan zuten Klaudio enperadorearen agintaldian(41-54).

Gutxienez 25 urteko zerbitzu-epea ezarri zen. Soldadu laguntzaile batek bere zerbitzu denbora betetzen zuenean, berak eta bere seme-alaba guztiek jasotzen zuten erromatar herritartasuna[21] Ondorio horretara iritsi gaitezke diploma militar bat jaso zuen lehen soldadu erromatarra Klaudioren agintaldikoa delako. Diploma kobrezko xafla laukizuzen tolesgarri bat zen, soldaduak emandako zerbitzuak erregistratzen zituen zituena, eta, besteak beste, erromatar herritartasuna lortu izana frogatzeko balio zuen.[22] Bere agintaldian, Klaudiok agindu zuen errejimendu laguntzaileetako prefektuek zaldizko mailakoak izan behar zutela, modu horretan, zenturioi asko baztertuz[21]. Tropa laguntzaileen komandanteak orain tribuni militum gehienen maila berekoak izateak adierazten du gorputzak lortu zuen ospea; tribu militar Estatu Nagusiko goi mailako ofizialeen artean, bakar batek zuen senatari maila, tribus laticlavius titulua zuena. Hala ere, atzerriko buruzagiek tropa laguntzaile gehienen buru izaten jarraitu zuten, eta, beraz, herritartasuna eman behar zitzaien. [21]

Tropa laguntzaileen uniformeak, armak eta ekipoak, legionarioen antzekoak, julio-klaudiotar dinastiaren agintaldiaren amaieran berdindu ziren. K.o. 68. urtean Neron hil zenean, alde gutxi zegoen legionarioen eta tropa laguntzaile ekipamendu eta borroka-moduen artean. Bi taldeen arteko alde nagusia zera zen: laguntzaileek zaldun-kopuru handia zuten eta legioek, ostera. ez zutela horrelako unitate espezializaturik.

Klaudioren agintaldian hiru probintzia anexionatu ziren eta errekluta-iturri garrantzitsu bihurtu ziren: alde batetik Britania (43an) eta bestalde, ordura arte estatu bezeroak izandako Mauritania (44) eta Trazia (46). Azken hori Iliria bezain erreklutamendu-zentro garrantzitsua izan zen, batez ere zaldunena eta arkulariena. II. mendearen erdialdean, Britainiako probintzian kokatuta zeuden Inperio osoko tropa laguntzaileen ehuneko handiena: 400 erregimentutik 60 ( hau da, Erromako Inperio osoko tropa laguntzaileen % 15).

Ebidentzia historiografikoek frogatzen dutenez, Neronen agintaldiaren amaieran (K.o. 54-68an), laguntzaileen kopurua 200.000 gizonera iritsiko zen, hau da, 400 erregimentu inguru. [21]

Batabiarren matxinada (K. o. 69-70) aldatu

 
Erromako Inperioaren muga Rinen zegoen 70. urtean eta bertan eraiki zuten limes-a. Ibaiaren deltan batabiarrak zeuden.

Iliriarren matxinada gertatu eta mende erdira, iparraldean beste gatazka odoltsu bat piztu zen, zeinetan tropa laguntzaile erromatarrak izan baitziren protagonista: Batabiarren matxinada. Batabiarrak germaniarrak ziren, Rin eta Waal ibaien arteko lurraldean bizi ziren chatti edo kato taldekoa, eta, geroago, Germania Behereako probintzia izango zen eskualdean (gaur egungo Herbehereak) bizi ziren. Beren lurrean pantanoak zeudelako jakiak landatzea ezinezkoa zen eta, beraz, tribu txikia ziren: ez omen ziren 35 000 gizonera iristen. [23]

Kopuru txikia izan arren, batabiarren herria gerraria zen; zaldizkoek, marinelek eta igerilariek osatzen zuten, eta laster errekrutatze-iturri potentzial bihurtu zen. Tributuen salbuespen berezi baten truke (atzerriko herri gehienek zuten lurraren gaineko zerga), batabiarrek armada inperialari ematen zizkioten errekruta laguntzaile gehienak. Augusto enperadorearen eliteko guardia (Germani corpore custodes) herri horretako gizonek osatzen zuten oso-osorik[23]. Batabiarren artean errekrutatutako tropa laguntzaileen kopurua 5.000 gizonekoa izan zen gutxi gorabehera, eta horrek esan nahi du Inperioko armadetan sartu zirela adin militarrean (16 urte) zeuden gizon batabiarren erdiak julio-klaudiotar dinastiaren agintaldiaren garaian. Datu horien garrantzia ikusteko, esan daiteke batabiarrek, berez, inperioaren populazio osoaren %0,05 osatzen bazuten ere, inperioaren armadan zeuden laguntzaile guztien %4 ematen ziotela; hau da, batabiarrek armadan zuten pisua, biztanlerian zutena baino 80 aldiz handiagoa zela. Erromatarrentzat tropa laguntzaileen artean onenak ziren (fortissimi edo validissimi), eta, Erromari zerbitzatu zioten garaian, batabiarrek teknika berezi bat perfekzionatu zuten, zeinarekin, armadura eraman arren, ibaiak igerian gurutzatu ahal zituzten.[24][25][26][27]

Cayo Julio Civilis (bere izenak adierazten du herritartasuna juliotar batengandik jaso zuela) printze batabiar bat izan zen, bere herriko gizonek osatutako talde baten prefektua. Esperientzia handiko militarra izan zen, eta Civilisek 25 urte eman zituen erromatar soldaduen artean. Britaniako inbasioan nabarmendu zen, irlaren hegoaldeko konkistan, bera eta zortzi batabiar taldek erabakigarriak izan baitziren.[28]

Oro har leialak ziren arren, K.o. 69. urtean haserrea zabaldu zen batabiarren artean. Hiru urte lehenago, Neronek erabaki zuen batabiarrez osatutako errekrutatutako erregimentu laguntzaileak Britanniatik kentzea. Civilisek eta haren anaiari traizioa egotzi eta Germania Behereako probintziako gobernadorearen aurrean erantzun behar izan zuten, eta gobernadoreak Civiles enperadorearen aurrean erantzun zezan bidali zuen anaia exekutatu ondoren. Galbak, herri horrekin adiskidetu nahian, Civilis askatu zuen, baina akatsa egin zuen: batabiarrez osatutako bizkartzainen taldea desegin zuen, eta horrek irain barkaezintzat hartu zuten Herbeheretako gizonek.[29] Aldi berean, Legio XIV Gemina eta batabiarren kohorteen arteko harremana gero eta gehiago okertu zen, eta haien arteko borrokak piztu ziren gutxienez bi aldiz.[30]

 
Erromako ibai-ontzi bat berreraikita (Rineko flotilla). 1980ko hamarkadaren hasieran, bost ontziren hondakinak aurkitu zituzten Maguncian. Irudiaren itsasontzia azkar mugitzeko pentsatuta zegoen, gilak duen itxuren luzea eta estua baita. Ontzi mota hori 32 arraunez mugitzen zen, 16 alde bakoitzean. Alboetan armarriak jarrita ikusten dira, arraunlariak beste itsasontzi batzuetatik jaurtitako jaurtigaietatik babesteko. Batabiarren matxinada lehertu zenean (K.o. 69), ontzi horietako eskifaian gehienak herri horretakoak ziren. K.o. IV. mendea. Museum für Antike Schifffahrt (Antianko nabigazioaren museoa), Maguncia, Alemania.

Neron eta Senatuaren arteko gatazkek gerra zibili piztu zuten beste behin Erromatar Inperioan. Germania Behereko probintziako gobernadorea soldaduak errekrutatzen hasi zen, bereziki batabiarren artean, baina ikusi zuenean haiek ez zirela Inperioak agintzen zuen errekrutatze kopurura, zenturioi-talde bat bidali zuen indarrez gizonak biltzera. Militar erromatarrek erakutsi zuten basakeria eta zenturioien eskuetan zeuden batabiarren umeek jasandako bortxaketak eragin zituen eskandalua izan ziren armak hartzeko azken aitzakia[31]

Civilisburu zutela, batabiarrek Erromaren aurka matxinatu ziren. Hasieran, helburua Vespasianori aginterako bidean laguntzea zela zioten arren, altxamendua independentziaren aldeko borroka bihurtu zen.[32] Matxinada lehertu zen unean, Civilisek abantaila handia zuen; izan ere, Rineko deltan kokatu ohi ziren legio gehienak ez zeuden, eta maila altuko ofizial erromatarrak kezkatuago zeuden gerra zibila zela eta, garai hartako jeneralik boteretsuenak bata bestearen kontra jarri zituelako; Rinetik haratago bizi zen herri txiki batek egiten zituen mugimenduenduek ez zuten soldaduen interesa pizten.

Matxinadak laster aurkitu zituen batabiarren aldeko herriak, kananefate-ak eta frisoiak, besteak beste. Germaniar lurraldean bi gotorleku erromatar hartu ondoren, tungri-en kohorte batek batu zitzaien, eta, haien kontra bidali ziten bi legioek borroka galdu zutenean, batabiarren beste zortzi kohorte elkartu zitzaizkien. Civilis-en aurka bidalitako soldadu galiar eta germaniarren desertzioen ondoren, erromatarren aurkako matxinada Galia Belgikca osoan zabaldu zen. tungri-ak, lingoi-ak eta tréveri-ak, baita Rinetik haratagoko bizi ziren tribuek ere, bat egin zuten matxinadarekin. Hain zen handia haien indarra, ezen matxinatuek lurralde horietan zihoan erromatar flota matxinatuek harrapatu egin zuten. Une horretan, matxinatuek 7.000 soldadu inguru zituen gutxienez, erabat entrenatuak eta erromatarrek hornituak, eta gainera, Zibilisi laguntzea erabaki zuten tribuetatik iritsi ziren beste gizon asko. Germania Behereko probintzia zaintzen zuten bi legioen (V. Alaudae eta XV. Primigenia) aurka irabazi ondoren, Zibilisen armadak Rin inguruko erromatar jabetza guztiak mehatxatzen zituen. Erromatarrek ez zituzten batabiar eta galiar matxinatuak garaituko harik eta zortzi legioiz osatutako indarra bidali zuten arte, Quinto Petilio Cerialen agindupean.

Tazito historialariaren kronikaren arabera, Zivilis eta Quinto Petilio Cerealis komandante erromatarra Rineko deltaren uharte batean elkartu ziren, bakeari buruz eztabaidatzeko.[33] Ez dakigu ziur zein izan zen bileraren emaitza, baina litekeena da, Zibilisek Vespasianorekin Britainian izan zuen aspaldiko adiskidetasunari esker, hark proposatu baitzion indultua, jauntxo batabiarra eta bere herria ez zuten zigor gogorra hartu. [32]

Kanpainaren amaieran, Petilio Cerealis, Britaniako gobernadore berri gisa bidali zutenean, laguntzaile batabiarrez osatutako indarra eraman zuen laguntzaile, eta horrek, Vespasiano eta Zibilesen arteko bake akordioaren teoria indartzen du. Matxinada gorabehera, batabiarrek beren pribilegioak mantendu zituzten armadaren barruan, eta 395. urtearen amaieran ere, soldadu erromatarrek eliteko unitatetzat hartzen zituzten: esate baterako, equites batavi seniores (zaldunen kidegoa) eta geroko uxilia batavi seniores (infanteriako kidegoa) ditugu.[34][35]

Flavia dinastia (K.o. 69-96) aldatu

 
Eques alaris kargua izan zuen Tito Flavio Basoren hilarria. Idazkunaren arabera, Mucalaren semea zen eta Dansala tribuakoa. Segur aski, erromatar hiritarra izatera iritsi zen. Ala Noricorum-ean zerbitzatu zuen (sortu zenean, Norikako taurisci-en artean errekrutatu zutena). Baso 46 urte zituela hil zen, 26 urtez lanean aritu ondoren. Grabatutako eszenan, zaldizko bat barbaro baten kontra kargatzen ari da, traziarrek heroia irudikatzeko erabiltzen zuten ohiko eskema. Horrek esaten digu Baso traziarra zela. Bere izena erromanizatzean, Tito enperadorearenak (79-81): Tito Falvio hartu zituen. Erromatar-Germaniar museoa (Kolonia).

batabiarren matxinada erabakigarria izango litzateke Flavia dinastiako enperadoreek tropa laguntzaileak lurraldean barrenan antolatzeko politikan. Julio-klaudia dinastiaren agintaldian, tropa laguntzaileek beren jatorrizko herrialdeetan edo mugako probintzietan kokatzen ziren, krisi garai garrantzitsuetan izan ezik, hala nola Kantabriar gerretan, non ahalik eta soldadu gehienak gerrara eramaten baitziren. Hala ere, batabiarren matxinadak agerian utzi zuen gerra zibilaren garaian, legioen arteko borrokan zeudenean, arriskutsua zela probintziak laguntzaile horien kontrolpean uztea. Flavio enperadoreek arau gisa ezarri zuten laguntzaileak jatorrizko probintzietatik ahalik eta urrutien joan behar zirela matxinatzeko tentazioa saihesteko. Lekualdatze-politikari hasiera emateko, 70. urtean lau talde transferitu ziren, eta batabiar laguntzaileen hegal bat Britainia Handira aldarazi zuten. Vespasiano, Tito eta Domizianok bere erregealdietan gisako lekualdatzeak mantendu zituzten. [36] Flavioen lekualdatze-politikaren eraginkortasuna datu hauen bidez ikus daiteke: I. mendean, tropa laguntzaileen erregimentu bakar bat ere ez zegoen jatorrizko probintziatik kanpo aparkatuta, II. mendean, ordea, Britanniako tribu artean erreklutatutako 13 erregimentuetatik, bat bera ere ez zegoen Britainia Handian kokatuta. [40][41]

Hasieran eraginkorra izan arren, lekualdatze-politika alferrikakoa izango zen azkenean; izan ere, atzerrian denboraldi luze baten ondoren, probintziako erregimen laguntzaileek bizitza egin eta lurraldea etxe berri gisa hartu zuten. Hurrengo enperadoreek ez zuten jarraitu lekualdatze-politika horrekin. [37] Danubion kokatutako tropa laguntzaileak «britainiarrak», Iliriako erreklutaz, traziarrez eta dazioez osatuta zeuden; II. mendearen amaieran, berriz, Britainiako tropa laguntzaile gehienak, oraindik, batabiarrez osatuta zeuden. Horrek argi eta garbi erakusten du tropak trukatzeko politikaren geldialdia. [38]

Flavia dinastiaren garaian, beren nazioaren tropa laguntzaileen buru izatea debekatu zitzaien noble natiboei. [39] Flavio enperadoreek bikoiztu egin zuten beren armadako talde militarren tamainak; hortik aurrera, 1.000 gizoneko indar bati cohors/ala milliaria deituko zitzaion. Hala ere, praktikan, alae milliario gehienak 720 soldadu eta 800 kohotez osatuta zegoen.

Inperioaren gorena eta III. mendeko krisia (K. o. 97-284) aldatu

 
Zaldunen erromatarraren spatha ezpata luzea zen, orriaren batez beste 780 mm luze zen, eta gladius-arekin baino irismen handiagoa emateko diseinatu zen. [40]

K.a. 106. urtean, Trajano enperadoreak daziarren erregeari irabazi ondoren, Inperioak herri horren lurraldeak bereganatu eta Dazia probintzia berria osatu zuen. II. mendearen erdialdean, tropa laguntzaileen 44 erregimentu zeuden paratuta eratu berri zen probintzian, Inperioko tropa laguntzaile guztien % 10. Bestalde, Britannian 60 zeuden kantonatuta. Mende horren amaieran, bi probintzia horietan Inperioko laguntzaile guztien % 25 inguru zeuden, eta horrek lurralde horien ezegonkortasuna erakusten du. Bestalde, garai hartan errekrutatutako laguntzaileen artean, %50 baino gehiago Daaiatik eta Britanniatik zetozen.

 
Gudaroste laguntzaile erromatarrak, erasotzaile daziarren aurrean jarrera gotortua defendatzen. Trajanoren zutabea, Erroma.

Garai hartan, ia 380 erregimentu osagarri zeuden (90 alae eta 290 kohorte; horietatik 200 inguru cohors equitatae ziren). Datu horietatik abiatuta, Inperio osoan hedatutako laguntzaileen kopurua 220.000 efektibokoa zela pentsatzen da, hau da, Augustoren agintaldiaren amaieran baino ia bi aldiz handiagoa. Indar horretatik, 150.000 infanteriako soldaduak ziren eta 75.000 zaldunak. [41] Datu horiek agerian uzten dute Inperioaren armadetan laguntzaileek jadanik lortu zuten garrantzia; izan ere, legionarioen kopurua, hierarkia militarreko eliteko soldadu gisa hartuta, 154.000 infanteriako soldadu (5.500 gizoneko 28 legio) eta 3.360 zaldun ziren, tropa laguntzaileen kopurua baino askoz txikiagoa.

II. mendearen bigarren erdiak iraultza ekarri zuen erromatar armadaren barruan, bost legio berri gehitu baitziren (27.500 gizon).[42] horren ondorioz, 33 legio zeuden oro har. Bestalde, auxilia tropen kopurua 50 erregimentutik 60ra igo zen gutxi gorabehera. Septimio Severoren agintaldian, kontingente laguntzaileak 440 ziren. [43]

Auxilia tropak kopuruaren ustezko hazkundea honela adieraz daiteke:

Erromatar gudarosteen kopurua (K.o. 24-305)
unitate miliatarra Tiberio K.o. 24
Adriano K.o. 130 S. Severo K.o. 211 III. mendeko krisia. K.o. 270 inguru Diokleziano K.o. 284-305
Legioak 125.000[44] 155.000[45] 182.000[46]
Tropa laguntzaileak (Auxilia) 125.000[47] 218.000[54] 250.000
Pretoriar guardia (cohortes praetorianae) ~ 5.000[56] … 10.000[57] 2.000
Guztira 255.000[48] 383.000 442.000 350.000? [49] 390.000[50]

OHARRA: aurreko datuek ez dituzte barne hartzen erromatar itsas armadako kideak, ezta foederati izeneko barbaroen artean errekrutatutako soldaduak ere.

II. mendetik aurrera, Erromako panorama militarrean, numerus (taldea) eta vexillatio (destakamendua) izeneko unitate berriak sortu ziren. [63][64] Gorputz horiek osatzen zituzten gizonen kopurua ez da ezagutzen, baina alae eta kohorteena baino txikiagoa dela uste da. Antzina, ikerlariek uste zuten gorputz berri horiek atzerriko herrien artean errekrutatutako erregimentu hutsak zirela beren lurrak defendatzeko, baina gaur egun uste da unitate laguntzaileetako kideak zirela, eta ez gorputz independente bat. [51] Numerus eta vexillatioak garrantzi handia hartu zuten geroago, IV. mendean.

212. urtean, Karakalla enperadoreak Antoniniar Konstituzioa legeztatu zuenean, erromatar hiritarrtasuna eman zien Inperioko biztanle aske guztiei, peregrini-ei, alegia. Bere ediktuarekin, Karakallak indargabetu egin zuen legioen eta auxilien arteko bereizketa bakarra, nahiz eta mende bat baino gehiagoz iraun zuten Auxilia tropek. Legioek, une horretatik aurrera, errekrutatzeko aukera askoz zabalagoa izan zutenak, borrokatzeko adinean zeuden gizon guztiekin bere gorputzak handitu zituzten neurri handi batean. Bestalde, unitate laguntzaileek errekrutak aurkitu zituzten Inperioko txokorik ezkutuenetan, barbaroek haiekin bat egitea onartzen zuten lekuetan. Erregimentu laguntzaileak ahultzen egin ziren pixkanaka, eta IV. mendearen erdialdean erabat desagertu ziren.

III. mendearen erdialdean sortu ziren herri barbaroen izena zuten lehen unitate laguntzaileak, hala nola Ala I Sarmatarum, mende amaieran Britannian paratuta egon zena. Erregimentu hori, K.o. 175. urtean , Marko Aurelio enperadorearen Hadrianoren harresian kokatu zuen 5.500 zaldun sarmaziarren ondorengoek osatzen zuten.[52] Ala I Sarmatarum delakoa herri barbaroen artean errekrutatutako unitate irregularrak (foederati) izan zirenak erregimentu laguntzaile arrunt bihurtzeko prozesuaren adibide garbia da. Notitia Dignitatum izeneko dokumentua, Erromako armada berantiarraren egitura ulertzeko ezinbesteko iturri historikoa da. Bertan, foederatiak armadan modu erregularrean sartzeko prozesu hori IV. mendearen erdialdean biziagotu zela erakusten da, eta izen barbaroekin bataiatutako unitate irregular ugari zerrendatzen dira.

III. mendearen erdialdean/amaieran, Inperioaren egoera kaotikoa zen, ondoz ondoko hondamendi militar batzuen ondorioz, eta izurrite baten eraginez. 251. eta 271. urteen artean, erromatarrek Galian, Alpeetako eskualdeetan eta Italian, Balkanetan eta Ekialdean zituzten lurrak herri germaniar, sarmatiar, godo eta persiarrek inbaditu zituzten, hurrenez hurren. Aldi bereko eraso horiek erantzun ahula aurkitu zuten Inperioan, bere armada baztanga-pandemia suntsitzaile baten biktima baitzen: Ziprianoren izurria izena ematen zaion epidemia hura 251 eta 270 urte bitartean iraun zuen, eta desagertu aurretik, Klaudio II. Gotikoaren enperadorearen bizitza eraman zuen. Garai hartan izurriteek zuten eragin izugarria frogatzeko, Erromak jasan zuen azken izurritearen datuak har ditzakegu: Antonina izurritean, Inperioko biztanleria osoaren %15 - %30 hil zen. Garai hartan, erromatar armadak hierarkia militarraren gailurra betetzen zuten militar gehienak galdu zituzten, izurrite horrek eragin berezia izan baitzuen.[53] Izurritearen eraginez, armada inperialak osatzen zituzten soldaduen kopurua asko jaitsi zen, eta mendearen amaieran baino ez zen berreskuratu, Dioklezianoren agintaldian (284-305). Hildakoek utzitako hutsuneak betetzeko asmoz, erromatarren erreklutamenduko ofizialek barbaroen artean gizon berriak bilatu zituzten, eta horien ehunekoa nabarmen handitu zen tropa laguntzaileen artean.

IV. mendea aldatu

IV. mendean zehar, armada erromatarrak erabateko berregituraketa izan zuen, baina datu gutxi ditugu, iritsi zaizkigun idazki urriak eta ebidentzia fisikoen anbiguotasuna direla eta. Dioklezianoren gobernuan, legio, alae eta cohors unitateetaz osatutako multzo tradizionalak desagertu egin zirela dirudi, eta unitate txikiagoak sortu zituztela; horietako askok izen berri ugari izan zituzten. Konstantino I.aren agintaldian (312-337), badirudi unitate militarrak hiru gradutan sailkatu zirela, betetzen zuten rol estrategikoan, eta, neurri batean, tropen kalitatean oinarrituta. Lehenik eta behin, praesentales-ak zeuden, Inperioaren eliteko tropak, eta, gehienetan, Mediolanumen (Milan) eta Bizantzion (Konstantinopla) zuten egoitza. Bigarrenik, komitatenseak ditugu, goi-mailako indarrak eta mehatxu arriskutsuak aurre egiteko sortuak. Diozesietan kokatuta zeuden, mugetatik oso urrun. Azkenik, limitanei-ak zeuden, maila txikiko tropak, mugak babesteko funtzioa zuten.

Printzerriaren garaiko tropa laguntzaile zaharrak izan ziren hiru mota horietako unitateen oinarri. Notitia Dignitatum-ek II. mendeko izen zaharrei eutsi zieten 70 alae eta kohorteren zerrenda eskaintzen digu, eta gehienak limitanei tropak ziren ordurako. Bestalde, gudaroste praesentalesak eta komitatentseetan tropa laguntzaileen arrasto batzuk aurki daitezke. Batez ere Danubion, han, alae eta kohorteetan oinarritutako sistema zaharraren ordez unitate berriak, cunei eta auxilia (infanteriakoak bakarrik) jarri baitziren, hurrenez hurren. Ez dago argi zenbateko aldea zegoen unitate berrien eta aurrekoen artean, nahiz eta limitanei unitate bat, unitate zaharren tamainaren erdia baino ez zela ematen du. [54] Bestalde, auxilia palatina izeneko unitate berri bat sortu zen, armadako unitate onenetakotzat jotzen zena. Garai bateko erregimentu laguntzaile baten tamaina berekoa zen gutxienez (500 gizon inguru) eta ziur aski bikoizten zuen. Litekeena da gorputz militar berri horietako asko tropa laguntzaile zaharrez osatuta egotea, eta badirudi talde zaharren oso antzekoak izan zirela.

Vegezio, IV. mendeko gai militarren idazlea, bere garaiko gazteez kexu da. Gazte horiek auxilia tropekin bat egiten zuten, ahal zela eta ez legioekin, azken horretan jasoko zituzten entrenamendu eta betebehar gogorragoak saihesteko.[55] Hala ere, oraindik ez dago argi zein unitate-motei buruz ari zen hori idatzi zuenean. Litekeena da antzinako termino hori (auxilia) oraindik modu herrikoian erabiltzea limitanei eta comitatenseak izendatzeko, hurrenez hurren. Nolanahi ere, bere aipuak ez ditu zehatz-mehatz deskribatzen printzerriko tropa osagarriak, horietako asko orduko armadak zituen unitate onenak izatera iritsi baitziren.

Armamentua aldatu

Egia da zenbait auxilia espezializatuak, hala nola Siriako arkulariek edo Numidiako zaldizkoak, armadura arina zeramatela (edo babesik gabe zihoazela), ez zen arau orokorra auxila-etako soldaduen artean armadura arinak eramatea, kohorte laguntzaileek legionarioen antzeko armadura astuna baitzuten. [56]

Egitura eta antolaketa aldatu

Orokorra aldatu

Hurrengo taulan II. mendearen amaierako soldadu laguntzaileen[oh 4] aginte egitura eta talde kopuru ofiziala ageri da. Hala ere, tropa laguntzaileen kopurua etengabe aldatzen zen eta haien benetako indarra, Inperioan barrena egindako erreklutamenduen eraginkortasunean oinarritzen zen.

Erromatar erregimentu osagarriak: mota, egitura eta indarra. [57]
Unitatea Zerbitzua Komandantea Komandanteordea Azpiunitateen kopurua Azpiunitateen indarra Unitateen indarra
Ala quinquagenaria Zalditeria Praefectus alae dekurioa 16 turma 30 (32)[oh 5] 480 (512)
Ala milliaria Zalditeria Praegin alae dekurioa 24 turma 30 (32) 720 (768)
Cohors quingenaria Infanteria Pracomets cohortis vel Tribu Cohortis[oh 6] ehuntaria 6 zenturia 80 480
Cohors milliaria Infanteria Tribunus cohortis milliariae ehuntaria 10 zenturia 80 800
Cohors equitata quingenaria Mistoa: infanteria-zalditeria Aurpegierak ehuntaria (inf)

decurio (zald).

6 zenturia 8.030 600(480 inf/120 goi)
Cohors equitata milliaria Mistoa: infanteria-zalditeria Tribunus cohortis milliariae[oh 6] ehuntaria (inf)

decurio (zald).

10 zenturia

8 turma
8.030 1,040(800 inf/240 goi)

 

Erreklutamendua, mailak eta soldata aldatu

Soldadu laguntzaileen mailei eta soldatei buruzko ebidentziak urriak dira, baina haien homologo legionarioenak baino ugariagoak. Eskura dauden datuak taula honetan laburbildu daitezke:

 
Hilarriko idazkunean idatzita dagoenari esker, badakigu Titus Calidius Severusen Camilia tribu erromatarreko soldadu laguntzaile erromatarra izan zela hasieran. Eques (zaldizko) postutik Cohors I Alpinorum (Alpeetako mendebaldera erreklutatutako erregimentua) decurio postura igo zen. Ondoren, Severo legio batean zerbitzatuko zuen eta XV Apollinaris legioko ehuntari[58] izendatu zuten. 58 urte zituela hil zen, 34 urteko zerbitzua eman ondoren. Bere armadurako grabatuak eta zaldiaren dekorazioak, dekurioien bereizgarriak dira. Severoren istorioak erakusten duenez, batzuetan, zerbitzuan 25 urte eman ondoren, laguntzaileak legioekin bat egiten zuten. Q Calido anaiak eraiki zion monumentu hori Carnuntumen, Austrian.
Laguntzaileen mailak eta soldatak (K.o. I. mendearen erdialdea)
Soldaten proportzioa Infanteriako kohorteen maila militarrak (goranzko ordena) Kopurua (denarioak)



Alaetako
maila militarrak (goranzko ordena)
Kopurua (denarioak)



1 Pedes 188 Gregaliak 263
1,5 (sesquiplicarii) Tesserarius 282 Sesquiplicarius 395
2 (duplicarii) Signifer

Optio edo Vexillarius

376 Signifer
Curator(?)

Vexillarius

526
2,5-5[oh 1] (triplicarii , etab.) Centurio (Ehuntari)

Penturio princeps Beneficiarius (?)

470-940 Decurio

Decurio princeps

¿Beneficiarius?

658-1315
50 Praefectus 9.400 Praefectus 13.150
 
Traziar zaldunaren behe-erliebea. traziar erlijioan heroiak gurtzen ziren eta zeldun moduan irudikatzen zituzten. Irudia osatu gabe dago, lantza eta hildakoa falta baitira. Istriako Museoa, Errumania.
 
Mitra jainkoak zezen bat nola hiltzen duen erakusten duen freskoa. Mitraismoko irudi nagusietako bat da zezena hiltzen duenekoa. Mitras frigiar txanoa buruan duela, zezenaren sakrifizioa egiten du haitzuloan. Erlijio horretako tenpluak haitzuloen ingurua irudikatzen saiatu ziren, eta horregatik erdi lurperaturik egon ohi ziren.[59] Erliebe hori Sirian, Eufrates ibaiaren ertzean zegoen Dura Europos hiri garrantzitsuan aurkitu zuten.

Oharrak aldatu

  1. Erroamatar Errepublikan kontsul bakoitzak bere esku zuen armada, bi legio eta bi alae soccii-k osatua.
  2. Garai hartan, probintzia hori, geroago Germania Garaia eta Germania Beherea probintziak izango zirenak barne hartzen zituela kontuan hartu behar da
  3. Ipar Afrikako berbereak ziren.
  4. cohortes milliariae-ak trundria eta batabiarren artean errkruitatuak, Praefecti batek gidatzen zituen, eta ez Tribuni batek
  5. Eztabaida bat dago turmae-en tamainaren inguruan, baina uste da 30/32 gizonek osatzen zituztela. Errepublika garaian hogeita hamar zaldunek osatzen zuten turma bat, eta Augustoren garaiko kohors bat. Bestalde, Flavio Arrianok adierazi zuen, hegal baten tamaina 512.93 ginekoa zelka. Arrianoren idazkiak egiazkotzat jhartzen abditugu, hegal bateko turma batek 32 gizon izango lituzke.
  6. a b Tribunus Cohortis-ak hiritarren koohorteak gidatzen zituen.

Erreferentziak aldatu

  1. 75. urte inguruan italiko guztiak erroamtar hiritarrak ziren, baia eta, ziurrenik, Galia hego-ekialdeko eta Hispania hegoaldeko herritar gehienak. Mugetako probintzietan, bataz bestekoa askoz baxuagoa zen, nahiz eta gero eta gehiago izan. Mattingly historialariak iritzi du Britania probintziako hiritar erromatarrak 100. urte inguruan, herritara guztien % 3 besterik ez zirela.
  2. Goldsworthy 2000, 51 orr. .
  3. Dr. Christopher J. Dart:The Social War, 91 to 88 BCE.A History of the Italian Insurgency against the Roman Republic. .
  4. Goldsworthy 2000, 52 orr. .
  5. Goldsworthy 2000, 126 orr. .
  6. Goldsworthy 2000, 107 orr. .
  7. Keppie 1996, 372 orr. .
  8. Tito Livio. Ab Urbe Condita XXII.37
  9. Keppie 1996, 373 orr. .
  10. Goldsworthy 2005, 123, 133 orr. .
  11. Keppie 1996, 379 orr. .
  12. Holder 1980, 7 orr. .
  13. Goldsworthy 2005, 27 orr. .
  14. Holder 1980, 9 orr. .
  15. Tazito. Anales IV.5
  16. Goldsworthy 2005, 64 orr. .
  17. Dion Kasio, Historia Romana LV.29-34
  18. Suetonio Las vidas de los doce césares Vida de Tiberio 16, 17
  19. Goldsworthy 2005, 123 orr. .
  20. Goldsworthy 2000, 165 orr. .
  21. a b c d Keppie 1996, 391 orr. .
  22. «Introduction To Roman Military Diplomas» Roman Legions.
  23. a b Birley 2002, 43 orr. .
  24. Dion Kasio LXIX. 9.6
  25. Tazito Agricola 18.4
  26. Tazito. Germania 29.1
  27. Tazito. Historiae II. 28
  28. Tazito. Anales IV.12
  29. Tazito. Historiae II.5
  30. Tazito. Historiae I.64, II.66
  31. Tazito. Historiae IV.14
  32. a b Birley 2002, 44 orr. .
  33. Tazito. Historiae V.26
  34. Tazito. Agricola 35-8
  35. Notitia Dignitatum IV eta V bolumenak
  36. Mattingly 2006, 132 orr. .
  37. Keppie 1996, 396 orr. .
  38. Mattingly 2006, 168-169 orr. .
  39. Keppie 1996, 394 orr. .
  40. Goldsworthy 2005, 138 orr. .
  41. Holder 2003, 145 orr. .
  42. Las Legiones II y III Italica durante el reinado de Marco Aurelio (161-180) y la I, II y III Parthica durante el reinado de Septimio Severo (197-211).
  43. Hassall 2000, 320 orr. .
  44. 25 legiones de 5000 hombres cada una.
  45. 5.500 gizon bana zituzten 28 legioa (kohorteak osatzen zuten gizon kopuruaren bikoiztea Domizianoren garaian geratatu zen (agin. 81-96).
  46. 33 legio, 5.500 gizon bana zituztenak.
  47. Tazito. Anales IV.5
  48. Tazito. Anales
  49. MacMullen & 1980 455.
  50. Johannes Lydus. De Mensibus I.47
  51. Campbell 2005, 212 orr. .
  52. Dion Kasio, LXXI
  53. Zosimo. Ιστορὶα νὲα (Historia berria). 26, 37, 46
  54. Mattingly 2006, 239 orr. .
  55. Vegezio De re militari III.3
  56. Goldsworthy 2000, 127 orr. .
  57. Hassall 2000, 332-334 orr. .
  58. Euskaltzaindiaren Hiztegia
  59. Goldsworthy 2005, 112-113 orr. .

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu