Alpeak edo Alpe mendiak[1] Europa erdialdeko mendikate garrantzitsua da. Punturik garaiena, Mont Blanc mendia da, 4.810 metro itsas mailatik. Alpeen inguruan dauden ibai emaritsu eta laborantza-lur aberatsei esker garatu zen gaur egun ezagutzen dugun zibilizazioa. Beste mendi nagusiak Monte Rosa (4.634 m), Dom (4.545 m), Weisshorn (4.505 m) eta Cervino (4.476 m) dira. Italia, Alemania, Austria, Suitza, Frantzia, Liechtenstein eta Esloveniako hainbat eskualdetan hedatzen dira.

Alpeak
Datu orokorrak
Mendirik altuenaMont Blanc
Garaiera4.810,9 m
Motamendikate
Luzera1.200 km
Zabalera280 km
Azalera190.000 km²
Geografia
Map
Koordenatuak46°34′41″N 8°36′54″E / 46.5781°N 8.615°E / 46.5781; 8.615
UTC orduaUTC+01:00
Honen parte daAlpetar gerrikoa
Geologia
Material nagusiaArroka igneo
Flysch
molasa
Arroka metamorfiko
arroka sedimentario
GaraiaOligozeno
Tertiary (en) Itzuli
EragileaAlpetar orogenia
Mendikatearen mapa orografikoa.

Historiaurretik, hainbat herri kokatu ziren Alpeetan, hala nola zeltak, lingoarrak, leukoak, insubroak, helveziarrak eta, gero, germaniarrak ipar-ekialdean eta italiarrak hegoaldean, erromatarrek Galia Zisalpinoa konkistatu ondoren[2].​ Gaur egun, 14 milioi pertsona inguru bizi dira Alpeetako eskualdean.

Etimologia

aldatu

Alpes hitzaren esanahi etimologikoa bailara da. Horrek agerian uzten du izena jarri zitzaienean garrantzi handiagoa zutela larre garaiek mendi gailurrek baino. Europako herririk primitiboenetako bat osatzen duten zeltek alpe izena eman zieten orokorrean mendi malkartsu guztiei.

Ez dakigu zeltak ala latindarrak izan ziren izena jarri zietenak, baina bai bertako elurraren kolore zuri itzelak bultzatuta egin zutela. Beraz, Alpes hitzaren hainbat etimologia daude:

  • Herri zeltak izan ziren inguruko lehen biztanleak, izan ere, handik gertu garatu zituzten beren lehen kultur adierazpenak (La Tène kultura izenez ezaguna) Europa osora hedatu baino lehen. Herri horiek mendi malkartsu orori deitzen zioten alpe .
  • Baliteke Alpes hitza albus (zuria definitzeko latinezko terminoa) hitzetik abiatuta osatu izatea, edo albetik, hitz zelta baliokidea; bi kasuetan, mendikate horretako tontor elurtuek duten kolore zuri biziaren aipamena da.
  • Antzinako mitologia germaniarrean, Alp mendi gailurretan bizi zen aireko espiritu bat zen, noizbehinka inguruko herrietako lasaitasuna zapuztera jaisten zena.
  • Beste etimologia batek alp, alm, albe, alpe hizkuntza modernoen hitzak soro edo larre esanahiarekin lotzen ditu, horrek agerian utziko luke bataiatu zituztenean ez zirela gailurrak interesa zutenak, goi-larreak baizik.
 
Mont Blancen ikuspegia Aiguille du Miditik.

Deskribapen fisikoa

aldatu

Arku itxurako mendikatea da, 1000 km-ko luze eta gehienez 400 km zabal dena. Ugariak dira 4000 metro baino gehiagoko mendiak. Irizpide geologiko eta geografikoak erabiliz, hiru sektoretan bana daiteke:[3]

Nabarmendutako mendiak

aldatu

Andeetan, mendirik garrantzitsuenak sei mila metrotik gorakoak eta Himalaian zortzi milatik gora badira ere, Alpeak, mendikate gisa, lau mila metrotik gorako mendi-segida gisa azaltzen dira.

Jakina, horien kopurua aldatu daiteke goragune bat edo beste gailur independentea den ala ez erabakitzeko irizpideen arabera. 1994an, UIAAk Alpeetako laumilakoen zerrenda ofiziala argitaratu zuen hiru irizpide konbinatuz: topografikoa, morfologikoa eta alpinistikoa. Horrela, Alpeetako laumilakoen zerrenda ofiziala atera zen 82 gailurrekin. Zerrendak nagusiki mendizaleentzat izan nahi duela argitu du UIAAk. Beraz, ez da irizpide topografikoetan soilik oinarritzen (zeinak edozein kasutan elementu nagusia diren), baita irizpide osagarri eta subjektiboagoetan ere, alpinismoaren bilakaeran zehar alda litezkeenak. Zenbait puntu topografikok itsas maila 4000 m gainditzen dituzte, eta, hala ere, ez dira gailur beregaintzat hartzen, adibidez, desnibela 30 m baino txikiagoa duelako, horregatik zerrenda ofizialetik baztertuta gelditu ziren. Horrela, Il Roc (28 m-ko desnibela) eta Pic Eccles (20 m-ko desnibela) kendu zituzten zerrendatik. 82 gailurreko zerrenda hori, erreferentziatzat hartzen da alpinismoan. Adibidez, Miha Valič Esloveniar alpinistak 82 gailurrak, bakarrik eta neguan, 102 egunetan egin zituenean, 2006ko abenduaren 27tik 2007ko apirilaren 7ra[4]. Hauek dira multzo bakoitzeko tontorrik garaienak:

82 gailurreko zerrenda ofizial horretatik aparte, hautapen-irizpideak betetzen ez zituzten itsas mailako 4000 m-tik gorako beste 46 gailurren zerrenda zabaldu bat dago, guztira 128 tontor batu arte. Bertan daude, adibidez, Rochers de la Topurnette (4677 m) Mont Blanc mendigunean edo Ostspitze (4632 m) Alpe Peninoetan.

Orogenia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Orogeno Alpetar-Himalaioa»
Alpeen sorrera azaltzen duen bideoa.
 
Mont Blanc mendiguneko oinarri kristalinoa.

Kontzeptu geologiko garrantzitsuak ezarri ziren naturalistak XVIII. mendean Alpeetako formazio arrokatsuak aztertzen hasi zirenean. XIX. mendearen erdialdean, orain desagertuta dagoen geosinklinazioaren teoria erabili zen mendikate tolestuak azaltzeko, baina, XX. mendearen erdialdean, plaken tektonikaren teoria oso onartua izan zen[5].

Alpetar orogenia duela 300 milioi urte inguru hasi zen prozesu episodikoa izan zen[6].​ Paleozoikoan, Pangea superkontinentea plaka tektoniko bakar batez osatua zegoen; Mesozoikoan plaka bereizietan hautsi zen, eta Tetis ozeanoa Laurasia eta Gondwana artean garatu zen Jurasikoan[5]. Geroago, Tetis elkarren arteko plaka artean estutu zen, Horren ondorioz, Alpeetako gerrikoa izeneko mendikateak sortu ziren, Gibraltarretik hasi eta Himalaian zehar Indonesiaraino. Prozesu hori Mesozoikoaren amaieran hasi zen[5], eta gaur egun arte jarraitzen du. Alpeen sorrera prozesu orogeniko horren zati bat izan zen; Kretazeo aldiaren amaieran hasi zen[7] Afrikako eta Eurasiako plaken arteko talkak eraginda[8].

Muturreko tentsio eta konpresioaren mendean, itsasoko arroka sedimentarioak altxatu egin ziren, tolesturak edo zamalkadura-estalkiak eta failak sortuz[9].​ Gailurrek higadura jasan zuten heinean, itsas flyscharen sedimentu-geruza bat jalki zen kosta aurrean, eta sedimentuak tolesdura gazteenetan metatu ziren orogeniak aurrera egin ahala[8]. Geroago, etengabeko altxatzearen eta higaduraren sedimentu lodiak arro eremuetan metatu ziren, molasa gisa.​ Suitzako eta Bavariako molasa eskualdeak ondo garatuta zeuden, eta flysch-aren bultzada handiagoa ikusi zuten[10].

Geologia

aldatu

Orogenoetan, orokorrean, sekuentzia bera jarraitzen da. Erdialdean, barne eremu kristalinoa dago, bi aldeetara toles eta zamalkadura gerrikoa eta horren alboan aurre-lurralde arroa edo foreland arroa. Alpeetan, ordea, ez da guztiz betetzen.

Barne eremu kristalinotik hegoaldera, toles-zamalkadura gerrikoa eta foreland arroa daude, adierazitako ordenan. Po arroa hegoaldeko lurraldeaurre arroa da. Barne eremu kristalinotik iparraldera abiatuta, foreland arroa topatuko dugu. Horrek esan nahi du alderantziketa bat dagoela eta, orogenotik urrundu ahala, deformazio kopurua murriztu beharrean handitzen dela. Kasu horretan, toles eta zamalkadura gerrikoa Jura mendilerroari dagokio, Alpeen ipar-mendebaldean.

 
Alpeetako orografia.
 
Alpeen egitura: barne eremu kristalinoa (urdin-morea), toles eta zamalkadura gerrikoa (marroi eta berdea) eta lurraldeaurre arroa (horiz).

Aurre-lurralde arroa eta toles eta zamalkadura gerrikoa alderantzikatuak egotearen arrazoia Triasikoko materialen hedapenak eta horren portaerak baldintzatzen dute. Keuperreko materialek maila disarmonikoa osatzen dute, hau da, portaera moldakorrez osatutako geruza, gainetik eta azpitik dauden materialek esfortzuaren aurrean portaera desberdina izatea ahalbidetzen duena.

Alpeak tlkaz eratu ian dira. Kontrako bi indarren eraginez, konpresioa gauzatzen da, eta indar tangentziala sortzen da: harexen ondorioz kontinente lurrazala eta litosfera loditu direlarik. Modu horretan, desoreka isostatikoa eratu zen. Alpetar orogeniaren zamak eragiten duen alboko esfortzuaren eraginez, alboko materialek hondorapena jasan zuten konpentsazioa lortzeko.

Hutsune hori, sedimentuz bete zen (gerora, Molasse arroa izan zena). Behin lurralde aurre arroa metatuta, esfortzuek segitu zuten, baina metatutako materialen gainzamak material horien deformazioa saihestu zuen. Beraz, esfortzu hori desplazatu zen, eta zamalkadurak lurralde aurre arrotik urrunago eratu, beti ere maila disarmonikotik gorako materialetan, azpikoak Keuper facieko materialen bitartez babestuta baitaude.

 
Dent De Morcleseko toles etzana

Orogenoaren eremu sakonagoetan, zamalkadurek basamentuan eragina izaten dute, eta materialak metamorfismo gradu altuagoaren eraginpean pairatzen dute deformazioa. Hori dela eta, deformazioa moldakorragoa da, eta, deformazioa egokitzeko, eskala handiko toles etzanak eratu ziren. Horren adibide Dent de Morcles da.

Bergentzia, hala, bikoitz asimetrikodun orogenoari esaten zaio. Guneko eremu deformatutik abiatzen diren narrasdura mantu erraldoiak iparralderantz daude, eta iparralderako bergentzia nabarmena erakusten dute. Hegoaldeko toles eta zamalkadura gerrikoko egiturek, aldiz, hegoalderanzko bergentzia dute, baina eskala txikiagoan.

Hidrologia

aldatu

Ibaiak eta aintzirak

aldatu
 
Italiako iparraldeko aintzira aurre-alpetarrak, hala nola Garda aintzira, inguruko eremuak baino mikroklima beroagoak dituzte.

Alpeek edateko, ureztatzeko eta energia hidroelektrikorako ura ematen diete Europako behe lurrei[11]. ​Nahiz eta eremua Europako azaleraren % 11 inguru besterik izan ez, Alpeek uraren % 90eraino ematen diete kontinenteko behe lurrei, batez ere eremu idorrei udako hilabeteetan. Milan eta antzeko hiriak Alpeetako jariatze-uraren % 80aren menpe daude[12][13][14].

Europako ibai nagusiak Alpeetan sortzen dira, hala nola Rhin, Rodano, Inn eta Po. Horiek guztiek Alpeetan dute sorburua, eta ondoko herrialdeetan itsasoratzen dira: Ipar itsasoan, Mediterraneo itsasoan, Adriatikoan eta Itsaso Beltzean. Beste ibai batzuek, Danubio ibaiak adibidez, Alpeetan isurtzen diren ibaiadar garrantzitsuak dituzte[12].​ Niloren ondoren, Rodano da Mediterraneo itsasoko ur gezaren bigarren iturria; ibaia glaziar-urtze gisa hasten da; ura Genevako aintzirara isurtzen du, eta, handik, Frantziara, non bere erabileretako bat energia nuklearreko instalazioak hoztea den[15]. Rhin ibaia Suitzako 30 km²-ko eremu batean sortzen da, eta herrialdetik esportatzen den uraren ia % 60 da[15].​ Urtze-garaian, bailara jasotzaileek uholdeak jasan ditzaketen ibar nagusietara bideratzen dute ura, isurketa azkarrak obra-hondakinak eta ur-goraldiak dakartzanean[16].

Ibaiek aintzirak osatzen dituzte, Genevako aintzira (Leman) kasu (ilargi erdi itxuradun ezaugarri bat); Leman aintzirak Suitza aldean Lausanarekin eta alde frantsesean Evian-les-Bains hiriarekin egiten du muga. Alemanian, Erdi Aroko San Bartolome kapera Königsseeko hegoaldean eraiki zen, itsasontziz edo alboko gailurrak eskalatuz baino ezin dateke iritsi[17].​ Gainera, Alpeek aintzira handiak sortu dituzte Italian. Adibidez, Sarca, Garda aintzirako ibaiadar nagusia, Italiako Alpeetan sortzen da[18].

Zientzialariak klima aldaketaren eragina eta uraren erabilera aztertzen aritu dira. Adibidez, urtero ibaiko ur gehiago desbideratzen da eski-estazioetan elurra egiteko, eta oraindik ez dago garbi zer eragin izango duen. Gainera, glaziar-eremuak gutxitzeak eta neguak bata bestearen atzetik espero baino prezipitazio gutxiagorekin igarotzeak eragina izan dezakete etorkizunean Alpeetako ibaietan, baita behe aldeko lurretarako uraren eskuragarritasunean duen eragina ere[13][19].​

Klima eta landaretza

aldatu

Altuera eta erliebeak osoki mugatzen dute mendialde gaitz honek harturiko lurraldeen klima eta landaretza. Eurite ugariek (Frantzia aldeko Mediterraneo aldeko Alpeetan eta Austriako Alpeetan izan ezik) elur forma hartzen dute gailurretan. Fœhn izeneko haize beroak sortarazten dituen urtze aldi azkarrek ur laster arin eta ugariak eragiten ditu.

1.000 eta 2.000 m-ko altueran, labore lurren leku hartzen dute basoek, eta, 2.000 m-tik gorako eremuetan, luizi eta betiereko da nagusi. Lantze-lurrak eta biziguneak behereko egutera edo eguzkialdeetan egokitu dira. Alpeetan sortzen dira Europako ibai nagusi zenbait (Po, Adige, Rodano, Rhin, Drave)

Glaziarrak

aldatu
 
Jungfraujoch estazioko glaziar baten barnealdea.

Egun dirauten glaziar alpetarrak Kuaternarioko glaziazio handiaren ondorio dira, eta, gainera, etengabe atzera egiten ari dira. Hala ere, XX. mende amaierako datuen arabera, glaziar ugari zenbatu daiteke mendikate osoan zehar.[20] Handienak, ekialdetik mendebaldera, honakoak dira:

  • Aletsch glaziarra (Aletschgletscher), Konkordiaplatz-ekin, 130 kilometro koadroko azalera duen multzoa. Bere mihia 27 kilometrotan hedatzen da. Europa kontinentaleko glaziarrik handiena da.
  • Gorner glaziarra (Gornergletscher), Valaisen, 68 kilometro koadroko hedadura eta 12 kilometroko ibilbidea dituena. Inguru hartako klima lehorrak eragin handia du harengan, eta atzeraldiaren fenomenoa hobetoen nabaritzen den glaziarretako bat da.
  • Argentière glaziarra, Chamonix haranarekiko perpendikularra, Argentiere herriaren gainean, Savoia Garaia departamenduan; Mont Blanc mendiguneak eta hura osatzen duten glaziarrek 24 kilometro karratu betetzen dituzte, eta bost kilometroko ibilbidea dute. Azken mendean, glaziar honek aurrerakada mugimendu ikusgarriak izan ditu bere erdiko zatian alboko gandorretatik eroritako elurra metatzearen ondorioz, eta inguruko eski-estazioko instalazio batzuei ere eragin die. Dena den, eta aurrerapen horiek gorabehera, 1900. urteaz geroztik, urtze-eremua 400 metro inguru handitu da.
  • La Mer de Glace (Izotz itsasoa), Vallée Blanche-n, Mont Blanc mendigunean ere, sei kilometroko ibilbidearekin. XX. mendearen hasieratik (en 1908) eta erakargarritasun turistiko gisa, Chamonixetik abiatzen den Montenvers-eko trenarekin haren oinaldea bisita daiteke. Trenbidea eraiki zenean, elurzulotik berrogeita hamar bat metrora zegoen iritsiera-estazioa, eta gaur egun ia hirurehun dira.
  • Glacier des Bossons (Bossonsgletscher). Eratu duen izotza Mont Blanc gailurretik jaisten da –neurri batean, bederen– eta batez besteko aldapa handia du, 45º ingurukoa, Ondorioz, Alpeetako glaziarrik bizkorrenetako bat da, urtean 190 metro inguru. Beste glaziar alpetar txiki eta aldapatsu batzuek bakarrik gainditzen dute abiadura hori.
  • Rodanoko glaziarra
 
Rodanoko glaziarra.

Geografia

aldatu
 
Alpeak hedatzen dira: Frantziatik (hegoaldean eta mendebaldean) Esloveniara (ekialdean), eta Monakotik (hegoaldean) Alemaniara (iparraldean).

Alpeak Europa erdialdeko ilargi-erdi formadun ezaugarri geografiko bat dira, 800 km-ko arkua du ekialdetik mendebaldera, eta 200 km-ko zabalera. Mendi-gailurren batez besteko altuera, 2,5 km-koa da[21]. Mendikatea Mediterraneo itsasotik iparraldera hedatzen da, Po ibaiaren arroaren gainetik; Frantzian zehar hedatzen da Grenobletik, eta ekialderantz hedatzen da Suitzako erdialde eta hegoalderaino. Mendikateak Vienarantz (Austria), jarraitzen du, eta, ekialdean, Adriatiko itsasoraino eta Esloveniarantz[12][22][23].​​​ Hegoaldean, Italiako iparraldeko zatian sartzen da, eta, iparraldean, Alemaniako Bavariako hegoaldeko mugaraino zabaltzen da[23].​ Mendikatearen eta lautaden arteko muga argia da, hala nola Chiasso (Suitza) eta Allgäuko (Bavaria) eremuetan; beste leku batzuetan, berriz, hala nola Genevan, mugaketa ez da hain argia. Alpetar lurralde handiena duten herrialdeak dira: Austria (azalera guztiaren % 28,7), Italia (% 27,2), Frantzia (% 21,4) eta Suitza (% 13,2)[24].

Mendilerroaren zatirik altuena Rodano haraneko depresio glaziarrak zatitzen du, Mont Blanc-etik Matterhorn/Cervino eta Monte Rosaraino hegoaldean, eta Bernako Alpeetaraino iparraldean. Mendikatearen ekialdeko gailurrak, Austrian eta Eslovenian, erdialdekoak eta mendebaldekoak baino txikiagoak dira[23].

Alpeek hartzen duten eskualdean emandako nomenklatura aldaketak zaildu egiten du mendien eta azpi-eskualdeen sailkapena, baina, Stefan Schmid[25] geologoaren arabera, sailkapen orokorra ekialdeko Alpeak eta mendebaldeko Alpeak dira, eta, bien arteko banaketa, Suitzako ekialdean gertatzen da, Splügen mendatetik gertu.

Ekologia

aldatu
 
Laritz europardun basoa udazkenean, hondoan Matterhorn mendia

Eskualde alpetarretan, hamahiru mila landare espezie identifikatu dituzte. Alpeetako landareak habitataren eta lurzoru-motaren arabera taldekatzen dira, kareharrizkoa edo karezkoa ez dena izan daiteke. Habitatak doaz larreetatik, zingiretatik, baso-eremuetatik (hostogalkorrak eta koniferoak), lurrik gabeko harritzar eta morrenetaraino, eta horma harritsu eta gailurretaraino. Zuhaitz hostogalkor nagusiak: haritza, pagoa, lizarra eta astigar zuriak landarediaren muga naturala ematen du altitudearekin. Horiek ez dira goratze berera iristen, eta, sarritan, ez dira elkarrekin hazten, baina goi-muga klima epeletik klima hotzagora aldatzeari dagokio behar adinako zehaztasunarekin, eta hori are gehiago frogatzen du basoko landare belarkarara aldatzeak. Muga hori, oro har, itsas mailatik 1200 m-ra dago Alpeen iparraldean, baina, hegoaldeko hegaletan, 1500 m-ra igotzen da maiz, eta, batzuetan, 1700 m-ra ere bai.

Basogintzaren gainetik, maiz pinu beltzen (Pinus mugo) eta pinu basatien (Pinus sylvestris) lerro bat egoten da izei zuriarekin, izei europarrarekin eta Laritz europarrarekin batera, zenbat eta altuagoa izan, zuhaixkak jarriko dira haren ordez, zehazki, Rhododendron ferrugineum (lurzoru azidoetan) edo Rhododendron hirsutum (lurzoru alkalinoetan). Alpeetako arrosak lur garratza nahiago badu ere, landareak eskualde osoan daude. Zuhaitz-lerroaren gainetik, belardi alpetar gisa definitutako eremua dago. Han, alpetar belardian, tenperatura hotzetara, idortasunera eta altuera handietara ondo egokitu diren landareak daude. Eremu alpetarra gora-behera handiak ditu zuhaitz-lerroetako eskualde-aldaketak direla eta.

 
Sarrioa Alpeetan elikatzen.

Ugaztunak

aldatu

Hegaztiak

aldatu

Narrastiak eta anfibioak

aldatu

Biztanleria eta ekonomia

aldatu

Historia

aldatu
 
Eskia Alpeetan.

Mendikateko giza okupazioa nahiko modernoa dela uste da. Duela bost mila urte inguru hasi omen ziren lehenengo herri iraunkorrak bertaratzen. Glaziar handiek, beren atzerakadan, lur lauen eremu handiak askatu zituzten; denboraren poderioz, sedimentuz estaliak, landu zitezkeen mendikatearen bi isurialdeetan, eta garai hartan gizakiak okupatuko zituen bere hedatze-prozesuan.

Erromatarren konkistaren garaira arte ez dago Alpeetako giza populazioari buruzko datu historikorik. Garai hartan, jatorri zeltikoko tribuak bizi ziren, hala nola nantuateak, veragroak, sedunak, errretiarrak, salasoak edo lepontinoak. Erromatarren inbasioak hegoaldetik eta germaniarrak (longobardoak) iparraldetik, mendilerroaren alde bateko edo besteko haranak okupatzera bultzatu zituzten biztanle-taldeak mendate garaiak zeharkatuz, eta horrek azaltzen du hizkuntz kulturen txandakatzea.

Biztanleria-mugimenduen ondorioa da gaur egun hitz egiten diren hizkuntzak: italiera hegoaldean, Esloveniera hego-ekialdean, ipar-mendebaldea menderatzen duen frantsesa, alemana iparraldean, Suitzan eta Tirolen.

Erretorromaniera Grisonia aldean eta Rhin bailararen goialdean erabiltzen den hizkuntza arrunta da. Hizkuntza honek, gainera, dialekto ugari ditu, baina, guztien artean, apenas erabiltzen dituzte berrogeita hamar mila pertsona inguruk. Ladino dolomita Italian mintzatzen da; Dolomitetara eta Suitzako hego-ekialdeko bailaretara mugatuta dago. Dialekto moduan, erretorromanierarekin oso nahastuta eta hizkuntza idatziaren kategoriarik gabe, Tiroleko hainbat zonaldeetan hitz egiten da.

Herri txikietako biztanleria urritu egin da handiagoenen faboretan (Grenoble eta Innsbruck hiriek 100.000 biztanletik gora dituzte). Alpeetako industria elektrizitateaz baliatu da industria zaharrak indarberritu eta elektrokimika nahiz elektrometalurgia garatzeko (Valais, Aosta, iparraldeko Alpe frantsesak, Bolzano eta Save jugoslaviarra).

Komunikabideen garapenak, bestalde, badu ikustekorik aurrerapen horrekin: burdinbide tunelak daude, adibidez, Fréjus (1871), San Gotardo (1882), Aarlberg (1884), Simplon (1906); nazioarteko mendate eta errepideak, Furka (1886), Galibier (1891), Iseran (1937), Grand-Saint-Bernard eta Mont Blanceko tunelak, kasu.

Negu kirol eta atsedenaren inguruan garatu den turismo industriak izugarrizko indarra hartu du Alpeetan, eta populazioa berriz emendatu. Bainuetxe termalak –asko ugaldu dira– eta, nagusiki, negu kiroletarako egonlekuak Alpeen geroa baldintzatzen duen turismoaren garapen azkar baten ondorio zuzena dira.[26]

Alpeetako hiri handienak

aldatu

Alpeen barruan, hiri handiena Grenoble da, Frantzian. Alpeen barruan dauden beste hiri handiak, 100.000 biztanle baino gehiago, eta garrantzitsuak hauek dira: Tirolen Bolzano/Bozen (Italia), Trento (Italia) eta Innsbruck (Austria). Alpeen inguruan handienak hauek dira: Milan, Verona, Turin (Italia), Munich (Alemania), Graz, Viena, Salzburgo (Austria), Ljubljana, Maribor, Kranj (Eslovenia), Zürich, Geneva (Suitza), Niza eta Lyon (Frantzia).

100.000 baino biztanle gehiagoko hiriak Alpeetan:

Maila Udalerria Biztanleak Estatua Eskualdea
1   Grenoble 162,780 Frantzia   Auvernia-Rodano-Alpeak
2   Innsbruck 132,236 Austria   Tirol
3   Trento 117,417 Italia   Trentino-Adige Garaia
4   Bolzano/Bozen 106,951 Italia   Trentino-Adige Garaia

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
  2. Encyclopædia Britannica: In 42 BC the Cisalpine Gaule was incorporated into Italy.. .
  3. https://pyrenaica.com/es/revistas/251/, 377.or.
  4. Txantiloi:Enlace roto, montanismo.org.mx 18 de abril de 2007.
  5. a b c Graciansky (2011), 1–2
  6. Shoumatoff (2001), 35
  7. Gerrard, (1990), 16
  8. a b Gerrard, (1990), 9
  9. Earth (2008), 142
  10. Schmid (2004), 102
  11. Chatré, Baptiste, et al. (2010), 5
  12. a b c Chatré, Baptiste, et al. (2010), 9
  13. a b Benniston et al. (2011), 1
  14. Price, Martin. Mountains: Globally Important Eco-systems. University of Oxford
  15. a b Benniston et al. (2011), 3
  16. Ceben (1998), 31
  17. Shoumatoff (2001), 24, 31
  18. Encyclopedia Britannica. .
  19. Chatré, Baptiste, et al. (2010), 13
  20. https://opendata.euskadi.eus/datuak/contenidos/termino/_c02886/eu_h_2742/h2742.html
  21. Ceben (1998), 22–24
  22. Fleming (2000), 1
  23. a b c Beattie (2006), xii–xiii
  24. Copia archivada. .
  25. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Schmid93 izeneko erreferentziarako
  26. https://www.euskadi.eus/web01-a2tekgu/eu/contenidos/termino/_c00259/eu_a_2590/a2590.html

Bibliografia

aldatu
  • Apraiz, A (2005): Plaka tektonika: Lurraren funtzionamendua ulertzeko teoría. UEU, 329-353.
  • De Graciansky, Pierre-Charles et al. (2011). The Western Alps, From Rift to Passive Margin to Orogenic Belt. Amsterdam: Elsevier. ISBN 978-0-444-53724-9
  • Shoumatoff, Nicholas and Nina. (2001). The Alps: Europe's Mountain Heart. Ann Arbor, MI: University of Michigan Press. ISBN 978-0-472-11111-4
  • Gerrard, AJ. (1990) Mountain Environments: An Examination of the Physical Geography of Mountains. Boston: MIT Press. ISBN 978-0-262-07128-4
  • Allaby, Michael et al. The Encyclopedia of Earth. (2008). Berkeley: University of California Press. ISBN 978-0-520-25471-8
  • Schmid, Stefan M. (2004). "Regional tectonics: from the Rhine graben to the Po plain, a summary of the tectonic evolution of the Alps and their forelands". Basel: Geologisch-Paläontologisches Institut
  • Cebon, Peter, et al. (1998). Views from the Alps: Regional Perspectives on Climate Change. Cambridge MA: MIT Press. ISBN 978-0-262-03252-0
  • Chatré, Baptiste, et al. (2010). The Alps: People and Pressures in the Mountains, the Facts at a Glance. Permanent Secretariat of the Alpine Convention (alpconv.org). ISBN 978-88-905158-2-8
  • Benniston, Martin, et al. (2011). "Impact of Climatic Change on Water and Natural Hazards in the Alps". Environmental Science and Policy. Volume 30. 1–9

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu