Banukasitarrak

Banu Qasi» orritik birbideratua)

Banukasitarrak[1] (arabieraz: بنو قسي‎Banu Qasi, euskaraz: «Cassiusen seme-alabak») IX. eta X. mendeetan Ebroko harana —zenbait unetan, Mediterraneoraino— gobernatu zuen euskal muladien (islamera bilakatutako kristauak) leinua izan zen. XI. mendearen hasieran Zaragozako taifak konkistatu zuen Banukasitarren lurraldea eta azken kideak Valentziako Alpuente herrian jaurerri txiki batean amaitu ziren. Ibn Hazm-ek idazle musulmanak "godoen garaiko kondea" zela adierazi zuen.

Banukasitarren lurraldeak, laranjaz, 925. urtearen inguruan

Oso gutxi dakigu leinuaren sortzailea izan zen Cassius kondeaz. Banukasitar familiaren eponimoa da. Iturri historikoak murritzak direnez, ezer gutxi dakigu konde horri buruz, eta dakigun gutxia ez da Casiori buruzkoa, haren oinordekoekin lotutako berriak baizik[2].

Banukasitar familia muladiak paper politiko handia izan zuen bi mendez, Kordobako Kalifa-herriaren zerbitzura, Ebroko haranaren erdigunean eta mendebaldean. Bereziki indartsua izan zen IX. mendearen erdialdean.

Zortzi-hamar belaunaldietan zehar, leinuan Muza izena sarritan errepikatzen da, antza, Casio kondea babestu zuen arabiar buruzagiaren omenez. Hala ere, familiako beste kide batzuen izenak -Fortun eta Lope, esate baterako- hauxe adierazten dute, alegia, leinua aldi berean Iruñeko Erresuman nagusi zen Aritza leinuarekin ere senidetuta zegoela.

Leinuaren jatorria

aldatu

Leinuari Cassius izeneko hispaniar-erromatar edo bisigodo handikiak eman zion hasiera. Herri patriarkala zenez, aitaren postua semeak hartzen zuen; semeetan zaharrenak zuen lehentasuna. Leinuaren jabegoak VII. mendeko Bisigodoen Erresumatik zetozkien.

Ez dira banukasitarren jatorriari buruzko agiri asko gorde. Ibn al-Qutiyya XI. mendeko historialari eta idazle Kordobarrak Risala fi fadl al-Andalus bere idazlanean esan zuen banukasitarren historiari buruzko kronika bat ezagutzen zuela, Ebro haraneko Pirinio aldeko beste bi familia islamdar boteretsuri buruzko historia ere hartzen zuena, Banu Tuyibiak eta Banu Tawilak, azken hauek bereziki Barbastro eta Oska inguruan kokaturik zeudela. Zoritxarrez, aipatutako idazkia ez da azaldu orain arte arabieraz idatzitako eta ikertzaileek aztertutako Al-Andalusko agirien artean.

Alfontso III.a Leongoak ere aipatzen du bere kroniketan, Musa "naziotasunez godoa, baina erlijioz musulmana" zela.[3]

Ibn Haznen arabera, arabiarrek iberiar penintsularen konkistaren urteetan Frankoen Goiko Marka deritzoten eskualdeko konde batek, Qasi izenekoak, Musa eta Tariq emirren tropa musulmanak lagundu zituen, 713. eta 714. urteen artean. Siriara joan omen zen. Bidaia haren helburua kondea Damaskoko kalifa zen al-Walid-i bere menpekotasuna aurrez aurre aldarrikatzea eta zin egitea izan zen. Datu interesgarri hau Ibn al-Quiiya-k berrezten du, esaten duenean Musa Ibn Musaren arbaso batek al-Walid kalifarekin basailutza loturak egin zituela Islama bere babespean onartu zuelako.[4]

Cassius kondea Islamera 714an bihurtu zen, era horretan omeiarren mawali (basailu) bihurtua. Hau dela eta, omeiarrek Hispania konkistatu zutenean, bere lurrak eta botere politikoa mantendu zuen, Banū Qāsī arabierazko abizena hartuz. Ibn Hazm-ek bidaia honi garrantzi handia ematen dio, zeren eta horrela bai Qasik, bai haren lehendabiziko ondorengoek, omeiarren mawali edo "basailuen" titulua izan zuten, eta horregatik geroztik al-Andalusen musulmanen artean piztu ziren gatazketan, eurek beti mudarien aldeko hautua egin zuten alderdi Yemendarraren aurka.

Hori zela eta, Cassius kondeak Asturiasekin muga gordetzea lortu zuen eta Al Andalus musulmana finkatu eta erakundetu zenean, printzerri autonomoa sortu zuten, Banukasitar leinuaren menpe, Ebro garaiko eskualdean: egungo Errioxako ekialdean eta Nafarroa Garaiko hegoaldean.

Cassius kondearen bilakaerak bere oinordekoak, Banukasitar leinua, muwalludun bihurtu zuen, Ebroko musulman gehienak bezala. Nahiz eta bere jatorria, Ibn al-Qutiyyak azaldu zuen bezala, genealogia zintzo batetik hartua baino omeiar garaiko irabazi faltsuzkoak izan, nahikoa zen konkista garaietan.

Banukasitarrak, islamera bihurtutako eliteko beste familiak bezala, arabiar-islamiar tribu edo klan gisa antolatu ziren. Banukasitarrek, kanpokoen menpe geratu beharrean, bertako erregimen musulman bat sortu zuten, eta oraindik paganismoaren eragin handia zuten iparralderagoko euskaldunekin [5] harreman oro har adiskidetsuak izan zituzten bi mendez.

Geroztik, 788. urte arte, ezer gutxi azaltzen da Banukasitarrei buruz idatzi zaharretan, dena den Ibn Hazm arabiar historialariak esaten zuen Cassius kondearen semeak Fortun, Abu Tahir, Abu Salama, Yunus eta Yahya izan zirela. Banukasitar leinua zuzenean Fortunengandik —Cassius kondearen seme nagusiarengandik— zetorren. Agerian geratzen da Cassius kondearen seme nagusia izen kristau eta piriniarra izatea, Fortun. Honek agerian uzten du klanaren harreman estua mundu euskaldun piriniarrarekin.

Banukasitarren hasiera

aldatu
 
Banukasitarren lurraldea VIII. mendetik X. mendera arte

Izan ere, Fortunen semeak, Musa ibn Fortun Iruñeko Erresuma sortzeko asko lagundu zuen. Hasierako erregeak Banukasitarren senideak ziren eta lortutako lehendabiziko independentzia diplomazia eta euskaldunekin zein mozarabiarrekin aliantza militarren nahasketa zen.[6]

Banukasitarrak izenez baino ez ziren musulmanak eta Islamarekiko bere atxikimendua uste sendoa baino onura zen. Banukasitarren alabak normalean kristau euskal handikiekin ezkontzen zituzten eta alderantziz. Adibidez, Musa ibn Musa Banukasitar gobernadorearen ama Eneko Arista Iruñeko erregearen arreba zen. Era berean, Ibn Hazm arabiar historialariaren arabera, Fruela II.a Leongoak, Alfontso III.a Asturiaskoaren semea, Urraka izeneko Banukasitarra ezkondu zuen, antza denez islametik kristautua.

Kordoba omeiarrek Banukasitarren botere bermatu zuten eta autonomia ere eman zieten gobernadore bihurtuak. Horrela, omeiarrek tazituki Ebro haraneko benetako boterea Banukasitarren eskuetan zegoela aintzat hartu zuen, omeiarrentzat eskualdea urrutiegia zegoelako eta kontrol eragingarria inoiz ez zutelako. Al-Andaluseko omeiar emir eta kalifek ziur asko ez zuten baliabiderik Ebro ondo kontrolatzeko, hain zen handia Kordoba eta Zaragozaren arteko bidaldia.

Banukasitarrak kontrolatzeko omeiarrek erabiltzen zuten bidea kalifak eskualdera bidalitako zigor-espedizio militarrarena zen. Esate baterako, 882an Mohamed I.ak Zaragozaren aurkako armada bidali zuen, Banukasitarren Ismail gobernatzen ari zela. Hala ere, omeiarrek bidalitako armadek inoiz ez zuten Ebroko botereen oreka aldatu. Hitz gutxitan, Ebro haranak beti izan zuen zenbait autonomia Kordobako gobernu zentraletik.

Banukasitar buruzagi batek Iruñea gobernatu zuen VIII. mendeko bukaeran, ziur asko 781eko Kordobako musulmanen Nafarroako konkista zela eta. Hala ere, Banukasitarren boterea Iruñean laster frankoen aldeko alderdi batek ordezkatua izan zen. Baina bata zein bestea bertoko nafar oligarka nagusiak garaituak ziren eta bera, Eneko Arista, lehendabiziko Iruñeko errege bihurtu zen.

Banukasitarren boterearen gailurra

aldatu
 
Banukasitarren menpeko lurraldeak, 910. urtean

VIII. mendeko bukaeran, leinuak Tuteran finkatu zuen bere hiriburua, eta Kordobako omeiar emirren eta karolingiarren menpekotzatik alde egitea lortu zuen. Beren burua bisigodoen aristokraziaren oinordekotzat zuten Al-Andalusko beste leinuek bezala, Banukasitarrak ez zuten inoiz erabateko onarpenik lortu arabiar klase agintariarengandik.

Tutera hiriburu izanda, Banukasitarrek gobernatu zituzten Erriberri, Huesca, Arnedo, Tarazona, Borja, Lleida, Toledo, Zaragoza eta, ziur asko, Ejea. Banukasitarren erresuma autonomoa Iruñeko Erresumako elkarkide garrantzitsua zen, biek elkarren laguntza behar zuten inguruko musulman eta kristau erresumen aurka. Horrela, Banukasitarrek eta Iruñeko Erresumako armadak frankoei irabazi zieten Orreagako guduan (824).

Iruñeko Erresumaren eta Banukasitarren arteko harremanak leinu arteko ezkontzek indartu zituzten. Banukasitarrak, iruindarrak bezala, Asturiasko erresumaren etsai ziren.

Hala ere, euskal emirerri txikiak etsaiak zituen alde askotatik. Inoiz lortu ez zuten arren, frankoak behin eta berriz saiatu ziren mendebaldeko Pirinioak kontrolpean izaten. Larriagoa izan zen Asturiasko Erresumaren mehatxua, beti ekialdeari jardun baitzuen; eta, hegoaldean, Kordobako kaliferria beti mugak kontrolatzeko ahaleginean zebilen.

Musa ibn Musa eta Eneko Aristak indarrak batu zituzten 843an Abd Al-Rahmanen komandante bat harrapatzeko, baina Kordobako erantzun militarra gogorra zen. Emirrek berak zuzenduta, aliatuen porrota eta esklabo asko hartzea suposatu zituen Iruñetik gertu. 844ko bigarren mendekuzko espedizioak oraindik gogorragoa izan zen, Enekoren anaia bat hil zuten eta. Hala ere, Banukasitarrek, iruindarren laguntzari esker, kordobatarren aurkako bertze bi espedizio burutu zituzten 847 eta 850ean.

Albeldako gudua izenekoa 851an Albelda de Ireguan Banukasitarren buruzagia eta Kordobako emirerripean Tuterako gobernadorea zen Musa ibn Musak zuzendutako armada musulmana eta, baliteke Asturiasko Erresumaren aliatuak ziren franko eta gaskoiarren arteko gudua izan zen. Banukasitarrek, ziur asko erasotzaileak zirenek, garaipena erdietsi zuten. Generalki gudua Ordoño I.a Asturiaskoak euskaldunen matxinada gelditzeko kanpainan barne kokatu dute eta zenbait buruzagi gaskoi eta frankoen harrapaketarekin ere lotu dute.

Sakontzeko, irakurri: «Albeldako gudua (851)»

Banukasitar buruzagia Musa ibn Musak hain harro zegoen bere botereaz non, Alfontso III.aren Kronikaren arabera, "Espainiako hirugarren errege" ezizena hartu baitzuen. Mendebalderantz bere lurraldea hedatzeko bere handinahikeriak guda sortu zuen Ordoño I.arekin, 859an irabazi zuena.

Laturce mendiko gudua edo Bigarren Albeldako gudua testuinguru honetan kokatzen da. 859an Albelda de Ireguatik gertu dagoen Laturce mendian Banukasitarren buruzagia eta Borja, Tarazona, Terrer eta Tuterako jauna zen Musa ibn Musaren armadak Asturiasko erregea zen Ordoño I.ak zuzendutako armadarekin talka egin zuen. Musulmanen beste garaipen bat izan zen.

Sakontzeko, irakurri: «Laturce mendiko gudua»

Hala ere, Musa ibn Musa hiru urte geroago hil zen eta bere oinordekoak nahiago zuen asturiarrekin elkarlanean aritzea Kordobako omeiar erregimenarekin baino. 859ko Musa ibn Musaren porrotak Iruñeko Erresuma bere aliatua kordobatarren mehatxuen kontra zaurkor utzi zuen. 860an, Mohamed I.ak zuzendutako espedizio batek Nafarroan sartu eta Fortun Gartzia oinordekoa harrapatu zuten, hurrengo 20 urteetan Kordoban gatibu hartua.

 
Cellorigo mendiko gailurrean kokaturik zegoen Mohamed ibn Lopek Arabako Bela Ximenez kondeari hartu nahi izan zion gaztelua

Gertakari haiek Banukasitarren nahiz Iruñeko Erresumaren boterea ahuldu zuten 860ko hamarkadan, baina 870eko hamarkadaren hasieran berriro bizkortu zen. 872an, Musa ibn Musa ren lau semeek boterea berreskuratu zuten Banukasitarrentzat iparraldeko Nafarroako herri nagusietan, Zaragozan, Tarazonan, Huescan, Lleidan eta Tuteran.

873an Kordobako emirrak Huesca berreskuratu arren, Banukasitarrak ez ziren inguruko eskualdetik irtenaraziak. Hori zela eta, Kordobako emirrak ia urtero bidali zuen espedizio bat Ebro haranera, Iruñeko barrutiak tartean. Baina ez kristauen hiria ez Banukasitarren gotorlekuak ziren kordobarren eskuetan jausi.

855ean, Mohamed I.a Kordobako emirrak Toledo konkistatu zuen, baina kontrolak ez zuen luzaroko iraun, laster Musa ibn Musa izeneko Banukasitar gobernadoreak boterea berreskuratu baitzuen.

Cellorigoko gudua delakoa jadanik desagertutako Cellorigoko gaztelua kontrolatzeko 882 eta 883 urteetan eman zen. Mohamed ibn Lopek Al Mundir Kordobakoa emirrarekin bat egin zuen. Honek Zaragoza hartzeko espedizioa prestatu zuen Ebro haranean. Bidean Errioxa konkistatu zuten Zaragozako wali Ismail ibn Musa eta Tuterako wali Fortun ibn Musa (Mohamed ibn Loperen osabak zirenak) jabeak zituela.

Cellorigo rat heltzean, gaztelua hartu nahi zuten, gertuko Obarenes mendiak zeharkatzeko pasabideetako bat defendatzen zuelako. Gaztelua Bela Ximenez Arabako kondeak defenditu zuen. Guduan bi armadek hildako asko izan zuten, eta, musulmanek ez zuten lortu gaztelua hartzea. Al-Mundirrek amore eman eta Pancorborantz jo zuen, beste pasabide baten bila. Bertan beste gudua izan eta berriro hildako asko izan ondoren, amore eman zuen.

Sakontzeko, irakurri: «Cellorigoko gudua»

Bi porrota izan ondoren, Alfontso III.a Asturiaskoak Diego Porcelos eta Belari Mohamed ibn Lope jazartzea eskatu zien. Banukasitarrak, gorriak ikusi ondoren, Alfontsori bake-akordioa eskatu zion; ez zuen lortu, ordea.

Leinuaren azken urteak

aldatu
 
Alfontso I.a Nafarroa eta Aragoikoak konkistatu zituen Banukasitarren azken lurrak Euskal Herrian.

Hurrengo urteetan zehar, Banukasitarrek Kordobarekiko leialtasuna baino ez zuten erakutsi, baina 882an Mohamed I.a Kordobako emirrak armada bat bidali zuen Banukasitarren kontra, Hashim ibn Abd al-Azizek gidatutakoa. Mohamed ibn Lopek (ziur asko Musa ibn Musaren loba) Hashim borrokatzear zegoela ustez aldatu eta elkarrekin asturiarren aurka, orain Alfontso III.ak gidatuak, borrokatzeko sinestarazi zion Hashimi. Hala ere, lehenengo harremanek egoera korapilatu zuten. Hashimek ez zuen Alfontso zirikatu nahi, honek bere seme gatibu baitzuen. Hashim berak Ismail ibn Mohamed zuen gatibu, Mohamed ibn Loperen semea eta bai gatibu bai beste opariak bidali zituen Alfontsori bere semea berreskuratzeko. Bestetik, Toledoren kontrola Mohamed I.a eta Banukasitarren artean banatu zen 920 arte.

Banukasitarrek eta Iruñeko Erresumak bere erantzuna bien mehatxuan oinarritu eta Asturiasko Erresuma aliatu zuten. Alfontso III.aren seme bat, Ordoño II.a izango zena, Banukasitarren gorteetako batera bidalia zen han hazia izateko, ziur asko Mohamed ibn Lopearena, leinuaren buruzagi bihurtu baitzen 870eko hamarkadaren erdian.

Hala ere, Banukasitarren eta haien aliatuen arteko tratu zaharra 880ko hamarkadan hautsi zen. Mohamed ibn Loperi ederra izan zaio Kordobako emirrekin elkartasuna berritzea eta Zaragoza omeiarren eskuetan utzi zuen. Kontraprestazio giza, Tutera eta Tarazonako omeiar gobernadore izendatu zioten. Sorberria zen leinua, Tuiibiak Zaragoza eta Calatayudeko jaun bihurtu ziren eta honek Banukasitarren boterea Ebro haranean zatikatzea ez ezik gatazkak ere sortu zituen. Gainera, iruindarrek eta asturiarrek espedizioak egin zituzten. Mohamed ibn Lope 898an hil zen Zaragoza setiatzen ari zela, eta kristau erregeak saiatu zuten bere lurraldeak kontrolatzea.

905ean, Antso Gartzeitzek sortutako leinua berria hartu zuen Iruñeko Erresumako kontrola. Antsok bere printzerria Frantzia edo Asturias-Leon bezalako kristau estatu subirano izatea nahi zuen. Hori zela eta, aurrekoek ez bezala, Pampilonensium Rex ("Iruindarren Erregea") titulua hartu eta behin betiko bukatu zuen Banukasitarrekin izandako elkartasuna. Alfontso II.al, Fortun Gartzia aurka zuena, Tarazonatik gertu Lope ibn Mohamedek (Mohamed ibn Loperen semea) irabazia zen 899an. Asturiasko Erresumak berriro saiatu zuen garaiko Ebro okupatzea 904an. Lope ibn Mohamedek 907an saiatu zuen Iruñea hartzea eta Ebro harenean Banukasitarren kontrola berreskuratzea ere lortu zuen. Tamalez, Antso Gartzeitzek prestatutako lakio batean erori eta hil zen.

Tutera Zaragozako taifak inbaditu eta gero, Banukasitarrek jaurerri xumea eratu zuten Alpuenten, egungo Valentziako probintzian.

Nafarroa eta Aragoiko Alfontso I.ak Tutera konkistatu zuen 1115ean. Bertako musulman eta judu elkarteak nafarrek babespean bizi ziren Gaztelak Nafarroa inbaditu (1512-22) eta inkisizioak ihes egitera edo kristautzera bultzatu zituen arte.

Nafarroako musulmanen iraupena, Nafarroako erregeen babespean: Banukasitarren ondorengoak

aldatu
 
Tuterako Santa Maria Katedrala antzinako meskitaren gainean eraki zuten 1121. urteaz geroztik, Nafarroako mairuei konkistatutako herri eta hiri guztietan bezalaxe

Lehen ikusi denez, musulmanak nagusi izan ziren urteetan Ebroko haranan. Alfontso I.a k Tutera hiria hartzerakoan, nafarroar eta aragoar kristauak gutxiengo bat ziren, urte gutxiren buruan ordea egoera erabat aldatu zen eta musulmanak gutxienengo bat izatera pasatu ziren. Tuterako errenditze agiria 1119ko otsailaren 25koa bertan bizitzeko baldintza berriak ekarriko ditu nafar mairuentzat. Erlijio, jabetza eta justiziarako eskubideak gordeko dituzte, baina esate baterako Konkista eta gero musulmanek Tuterako hiri barnea utzi behar izan zuten, Queiles errekako beste bazterrean jartzeko. [7]

Oro har, "Nafar mairuek" erlijio islamikoari atxikimendua mantendu zioten konkista eta gero, horretarako Nafarroako erregearen babesa zutelako. Erriberako herri eta hirien lur jabe izandako "Nafar mairuak" XIII. mendetik XV. menderaino talde txikiak osatuz bizi ziren Nafarroan. Nafarroako erregeak XII. mendean "Mairuen Forua" delakoa eman zien beraien komunitate bizitza antolatzeko. Iberiar Penintsulako gainerako komunitate musulmanekin konparatuz, Nafarroakoa oso iparraldean zegoen, eta besteengandik nolabait isolatuta.

Idatzitako agiria izan zen, eta erlijio zein administratzeko askatasuna ematen zien. Nafarroako errege berri bakoitzak bermatzen zien agiri edo foru hori. Haren truke Nafar mairuek "Petxa" edo zerga bat ordaintzen zioten Erregearen Altxortegiari. XII. mendetik aurrera urteroko 280 liberakoa, aldaketarik gabe. Ordainketa hau, talde ordainketa bat zen, eta haren truke beraien meskitak eta kultu erlijiosoa mantendu ahal izan zuten. Baita beraien agintari propioak, jabego eskubideak zein ekonomia jarduerak.

Tuterako alfaki izenekoa zuten guztien buru, eta haren ardurapean zeuden Kortes, Monteagudo eta Erriberako beste zenbait musulmanen komunitate.

Hala ere, nafar musulman gehienak Tutera hirian bizi ziren, hiriko mendebalean. Esan bezala, Tuterako alfakia zen guztien buru. Meskitak eta koran-eskolak zuzentzeaz gain, kristauak, musulmanak eta juduak aurrez aurre jartzen zituzten auzietan arduradun nagusia zen.

Erregearen aginduen berri ematen zien bere komunitateko kidei eta aldi berean musulmanen eskari eta kexuen berri Erregeari helarazten zizkion.

Arabieraz idazten zekien (agian komunitatean zekien bakarra edota bakarranetarikoa izango zen), eta horregatik ere inguruko musulmanentzat notario lanak ere egiten zituen. Kontuan hartu behar da Nafarroako musulmanak, Valentziakoak zein Granadakoak ez bezala, nafar-aragoieraz eta euskaraz egiten zutela, hau da, bertako hizkuntzez.

Mende oso baten zehar, Alpemi familiakoak izan ziren alfaki Nafarroan. Muza, Ali, Audoramen (Abd ar-Rhaman) eta Cahet izeneko alfakiak azaltzen zaizkigu garai hartan. Gerora, XIV. mendearen bukaeran, Karlos II.a Nafarroakoak Tuterako azoka musulmanaren zergak biltzeko ardura komunitateko Zalmendina izenekoari agindu zion. Karlos III.a bere aldetik, 1392. urtean, alkait edo hiriko musulmanen polizi buruaren kargua sortu zuen. Kargu honen ardura Serrano familia musulmanaren eskuan utzi zuen.

Nafarroako musulmanen ofizioak eta ohiturak

aldatu
 
XII. mendeko Al Andaluseko Korana

Nafarroako musulman gehienek mahastizainak ziren, eta ezin esan ardoa edaten ez zutenik, nahiz eta beraien erlijioa, hasiera batean, halakorik debekatu.[8] Tuterako musulmanek onibarrak zeuzkaten hiri inguru zein alboko herrietan. Etxeak, esan bezala mahastiak, galsoroak, baratzak, kalamu-sailak eta azienda-taldeak. Queiles ibai ertzeko mairuen auzoan, aroztegiak eta errotak zeuzkaten. Zapatari trebeak ziren, eta larrua ontzen bazekiten. Larruzko zein espartzuzko espartinak egiten zituzten, eta errementari lanak egiten zituzten ere, baita metalekin egindako beste zenbait artisau lanak. Burdina zein beste metalak maisuki lantzen zituzten. Tutera hirian kontzak, sarrailak, giltzak eta esate baterako gazteluko ateen burdineria beraiek egiten zituzten.

Tuterako musulmanak erregearen babespean zeuden eta erregea berak lan asko ematen zien. Karlos II.ak eta gero Karlos III.ak beraien gaztelu eta gotorlekuak sendotzeko lanak agindu zizkieten. Zaragozako Zalema izeneko handiki batek, bere zigilua hornitzen ilargi-erdi eta izarrak zeuzkana, lan haien ardura bereganatu zuen eta errege-altxorzainak puntualki ordaintzen zion. Zalema honek bideratzen zituen Tuterako eta inguruko gaztelu eta gotorleku gehienen konpontze eta eraikitze lanak, eta horretarako bere komunitateko musulmanak horretan lanean jartzen zituen. soldataren truke harriak lantzen zituzten hormak egiteko, karobiak egin, egur lanak, soroetan aritu, teilatuak konpondu eta bereziki burdingintzan aritzen ziren, lantegi hauetan benetako maisu baitziren. Oro har nafar musulmanek gerlak eta lan publikoak txirotasunetik apur bat burua altxatzeko bidetzat izan zuten.

Nafar musulmanak monogamoak izaten ohi ziren, baina ez dago esaterik horrela zela nahita edo beste erremediorik ez zutelako. Une batzuetan emazterik gabeko gizonezko kopuru adierazgarria zegoen, eta horrek nolabaiteko emakume musulmanen eskasia adierazi dezake. Beraien artean emakumeek hitz egiteko eta erabakiak hartzeko nahiko askatasun zeukaten. Musulman emakumeek familiako eta komunitateen bizitzan nortasun handia zuten. Gauzak horrela, maileguak eskatu eta etxeko jeneroak, etxeak eta lurrak beraien aldetik saltzen zituzten, esate baterako. Errentak ere jasotzeko gai ziren beraien lege antolamendua zela eta. Gauzak horrela, senar emazte musulmanak gainerako nafar senar-emazteak bezalakoak ziren.

Zaila da jakitea ea harreman mistoak izaten omen ziren hala ez, baina halakoren bat edo beste agertzen dira idazkietan. Oro har komunitate musulmanaren eguneroko bizitza eta gorabeherei buruzko datu historiko gutxi agertzen dira agiri zaharretan.

Bitxia da nafar mairuen arteko hilketa kasuetan ere, Nafarroako erregeak nekez ezartzen zituela heriotza zigorra musulmanei, oso gutxi zirelako eta "zaindu" nahi zituelako, baina 25-50 liberako isunak ezartzen zizkien errudunei. Hauek ordaintzeko sosik ez zutenean, ihes egiten zuten batzuetan eta Aragoiko Taustera zein Gaztelako Agredako komunitate musulmanetan babesten ziren "barealdi" etorri edota beraientzako nolabaiteko konponbidea lortu arte.

Antza nafar musulmanen komunitatea endogamiko samarra bilakatu zen konkistaz geroztik, nahiz eta kanpotik etorritako zenbait kidek endogamia hori nolabait apurtu zuten. Esate baterako Ali "kordobakoa" eta Mahoma "Burgoskoa" bezalako etorkinak izan ziren noizean behinka, eta garaiko agirietan izen haiekin agertzen dira. Dena den, Nafarroara inguratutako musulman etorkin gehienak Aragoiko Erresumatik etortzen ohi ziren, harreman handia egon omen baitzen bi erresumako komunitate musulmanen artean. Aragoikoa gainera oso komunitate islamiar indartsua zen, ikusi besterik ez da behar moriskoen kanporatzea suertatzen denean, Aragoiko populazioaren %20a moriskoa zela.

Nafarroako musulmanen hizkuntzaz

aldatu

æaldaka hitzak Fontellasko mairuek beren jabeari ordaintzen zioten zerga da. Ahariaren bizkarraren gaineko zerga zen, eta antza euskararen aldaka, alboa edo saihetsatik dator, nahiz eta zergalariak nafar mairuak izan. Itxuraz, Fontellasko zenbait musulmanek ordaintzen zuten zerga hori bere euskarazko izenarekin jaso zen agirietan. Hau dela eta, bi argudio erabili dira azterketa filologiko batek agintzen omen duena deuseztatzeko: kokalekua eta giza taldea. Hots, antza denez hitza, "aldaca", euskara da; baina nola izanen ziren euskaldun erlijioz musulmanak eta gainera garai hartako Tutererrikoak diren herritar batzuk?

Jean Louis Davantek artikulu batean Kabiliako bereberen hizkuntz egoera ekartzen du gogora nafar mairuen balizko hizkuntzaz hizt egiterakoan.[9] Gauza bat dela erlijio hizkuntza, eta bestea eguneroko bizitzakoa alegia. Hau bera urtetan eman da Euskal Herrian eta gainontzeko herri katolikoetan latineko mezarekin, eta baita juduen artean hebreeraz idatzitako eta ia ulertu gabe ospakizun erlijiosoetan errepikatutako testu sakratuekin. Davantentzat Banukasitarren ondorengoek nafar erromantzeaz zein euskaraz hitz egingo zuten, inguruko gainerako nafarrak bezala, eta arabiera ospakizun erlijiosorako hizkuntza zatekeen. Kontutan hartu behar da 1512ko Nafarroako konkistaren ondoren ere, Tuterako hainbat herritar erromantzez nahiz euskaraz mintzatzeko gai zela, eta euskaldun elebakarren lagun multzo nabarmena ere bazegoela bertan. Ezin ahaztu Banukasitarren buruzagien artean hasieratik nafar erregeekin egindako elkarrekiko ezkontzak, eta haien arteko izen euskaldunen erabilera.

Erlantz Urtasun idazle eta historialariak nafar musulmanen balizko hizkuntza edo hizkuntzei buruzko zenbait ikerketa egin du, eta datu interesgarriak topatu ditu jende hauen izen abizenetaz (haietako zenbait euskaldunak), zein bizi ziren inguruko toponimiaz.[10] Horren erakusgarri dugu Mendabia, Sesma eta Lodosa artean zegoen eta gero hutsik geratu zen Almunza herria. Herri hura Ebro ibaiaren ondoan zegoen, eta bere izena arabierari lotuta dago, itxura guztiaren arabera: izan ere, izen horren jatorria arabierazko Al-Muza dateke. Hango herritarrak musulmanak izan ziren mende askoan. Agiri bildumetan arakatu diren eta herri horri dagozkion toki izenak, ordea, honelakoak dira: "Arbingorria", "Aranlucea", "Gurpideta" eta "Gayneco Zabala".

Gauza jakina da, beste aldetik, eta gainera hainbat agiritan agertzen da, Baiona, Gasteiz, Gebara, Elo, Lizarra, edota Iruñeako gutxiengo juduak euskaraz mintzo zirela, erromantzez gain. Hau dela eta, berdin pentsa daiteke Ebro aldeko musulmanez. Esate baterako Benjamin Tuterakoa (Tutera, 1130-1173) bidaiari eta idazle juduak bere kroniketan agerian uzten du bera eleanitza zela, eta besteak beste euskara ere bazekiela.

Nafar musulmanak arma egileak eta Erresumako soldadu

aldatu

Metalgintza barnean, armagintzan ere trebeak ziren nafar mairuak. XIV. en mendeko hirugarren laurdenean, Nafarroako erregeek Zalema Madexa izeneko artisaua eta bere inguruan zebilen beste zenbait musulman errementari etengabe deitzen zituzten beraientzako armagintzan aritzeko. Garai haietan Nafar erregeak beti gerran zebilen, eta geziak, lantza-puntak eta armadurak lantzen zituzten beraientzat Erribera aldeko artisau musulmanek.

Muza Toriel izeneko musulman batek Karlos II.a Nafarroakoarentzat artilleriako armak egiten zituen. Haien aldetik lehen aipatutako Mahoma Burgoskoak kanoiak eginak zituen erregearentzat.

Karlos II.ak bere lurralde dinastikoen defentsan aurrera zeraman Normandiako Gerrarako erresumako gizon musulmanei dei egin zien nahi zuen guztiak bere armadako partaide izateko. Alpemi familiakoak, Tuterako "mairutegi"ko edo musulmanen auzoko gizon gehienak lagun zituztela, tartean Ahmed Ahudali izeneko maisu baleztaria, oinez zein zaldiz Parisko arroaren aldeko goarnizioetara joan ziren. Nafar musulman haiek beste edozein nafar bezala janzten ziren eta berdin hitz egiten zuten. Beraien emakumeak etxean geratu ziren eta beraiek jasotzen zuten Nafarroako Erregeak emandako senarren soldata.

Nafarroako konkistako urtetan ere, nafar musulmanak Erresumako soldadu aritu ziren inbaditzaileen aurkako borroketan.

Esklabotza nafar musulmanen artean

aldatu

Zenbait musulman esklabo egin zituzten, eta beren jabeek behartuta eraman zituzten Nafarroako barnealdera. Seguruen Tuterako azokan erositako esklaboak ziren, hain zuzen. Ez dago agiri gehiegi musulmanen gaineko esklabotzaren inguruan, eta horregatik esklaboei buruzko arazo gehienak isilpean geratu dira.

Dakigun gauza ia bakarra Nafarroako Erregeak, beste edozein harrapakinengatik bezalaxe, esklaboen salmentaren gaineko bostena jasotzen zuela da.

Ez dakigu beraz zeintzuk ziren esklaboen saltzaile eta erosleak. Beste aldetik garai haietan inguruko beste zenbait lekuetan,Languedocen esate baterako, esklabotza debekatuta zegoen jada. Esklabo baten kasua ezaguna da garaiko agirietan islatuta geratu zelako. 1365. urtean Diego Lopez Aiarakoaren jabetza zen esklabo batek, Fatima izenekoa, ihes egin zion eta Nafarroan babestu zen. Santxo Abarka Dorreko soldaduek harrapatu zuten ordea. Diego Lopez Aiarakoak bere esklaboa erreklamatu zuen eta Nafarroako Erregea berak parte hartu zuen auzian eta esklaboa itzuli zion. Horregatik badakigu esklabotza kasu haren berri.

Beste zenbait kasuetan ordea erregeak musulman esklaboekin esku zabalagoa jokatu zuen. Esate baterako, Karlos II.ak Kataluniako itsasontzi batean heldutako tartariar esklabo gazte bat erosi zuen. Aske utzi eta kristau bihurrarazi zuen, eta handik aurrera errege bera tartariar gaztearen babesle bilakatu zen. Esklabo haiek, ordea, ez ziren nafar musulmanak, haiek aske baitziren Nafar Moruen Forua zela eta.

Nafar musulmanen gainbehera

aldatu

Beraien lurraldearen konkista eta gero, urtez urte nafar musulmanen kopurua murriztuz joan zen. Esate baterako Cortes herrian 500 musulman inguru bizi omen ziren XIII. mendean.1353an, herrian 50 familia kristau eta 80 familia musulman bizi ziren. XIV. mendearen amaieran ordea, 50 lagun baino ez ziren. Hau nahiz eta mende hartan Nafarroako Erresuman suertatu ziren gorabeherei aurre egiteko komunitate nahiko indartsua zela frogatu.

Garai haietan Tuteran ere baziren hainbat musulman, eta famili bakar batzuk Lizarran, Iruñean eta Zangozan. Tuterako merindadean, XIV. mendearen erdialdean biztanleriaren %17a ziren.[11] Nafarroa Beherean noizbait nafar musulmanak izan baldin baziren, haien kopurua beti txikia izan zen.

Azkenean, Nafarroako Erresumaren azken lurraldeen konkista eta gero, 1512. urtean Errege-erregina Katolikoen aginduz Nafarroako musulmanak morisko bihurtu ziren, legez.[12]

Kortes herrian, esate baterako, Nafarroako konkistaren garaietan, gehiengoa oraindik musulmana zen ( XLIIII mairu-etxe eta XXXIII kristau).[13]

Baliteke, geratzen ziren azken musulmanak, Aragoira joatea, Erresuma horretan 1526ra arte erlijio-askatasuna zuten eta. Edonola ere, Calahorra eta Logroñoko inkisizioan ez zuten inoiz nafar moriskorik epaitu.[14]

1609. urtean Espainiako Erresuma guztian moriskoen egozketa egin zenean, Nafarroan ia ez zen moriskorik geratzen, eta horregatik ez zituzten egotzi.

Banukasitarren zuhaitz genealogikoa

aldatu
                    ? = Cassius kondea
  ________________________|_______________________________________________________________
  |                       |                  |                     |                     |
 Abu Tahir              Furtun = ?    Abu Salama             Junus                 Jahya 
                         ______|________________
                         |                     |
Ximena Aritza = Oneka = Musa ibn Furtun   Zahir
 ____________________|______________________________________________________________________
 |             |        |                                |          |           |          |
Gartzia    Furtun Musa ibn Musa = Asona Eneko         Junus      Lope     Yuwartas   Mutarrif
                               = Maymona        
      _________________________|_____________________________________________________________
      |                                       |                |             |              |
  Mutarrif    = Falasketa             Lubb ibn Musa      Furtun    Ismail ibn Musa Auria 
   ___________|________                       |              |             | 
   |          |       |                       |              |             | 
Muhammad    Musa     Lubb             Muhammad ibn Lubb   Ismail       Muhammad
                         _____________________|_________________           | 
                         |                    |                |           | 
                       Mutarrif     Lubb ibn Muhammad             Abd Allah       Lubb
                                              |             ___|_________________ 
                                              |             |                   | 
                                            Furtun      Muhammad          Furtun

Banukasitarrak literaturan

aldatu
  • Carlos Aurensanz idazleak 2008. urtean Banu Qasi. Los hijos de Casio eleberri historikoa idatzi zuen, Musa ibn Musa Banukasitarren leinuko pertsonaiaren bizitzan oinarriturik.[15]

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. (PDF) 182. arauaː Dinastien izenak. .
  2. http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/artikuluak/artikulua.php?id=eu&ar=10935
  3. Gómez Moreno. (1932). Las primeras crónicas de la Reconquista. El ciclo de Alfonso III. Boletín de la Academia de la Historia. C, 50 or..
  4. Tarifi iftitah al-Andalus, Historia de la reconquista de España por Abenalcotía el Cordobés, Madrid 1926, 50. orrialdea
  5. < "Hispania Sacra" aldizkaria, 51. liburukia 104. zenbakia, (1999)
  6. Fortun eta Aurea
  7. Leroy, Béatrice. (1984). Les musulmans et les juifs sujets du roi de Navarre. in: La Navarre au moyen age. Paris: Editions Albin Michel, 103-108 or..
  8. Leroy, Béatrice. (1993). Nafarroa Erdi Aroan. Gaiak argitaletxea ISBN 84-87203-34-5..
  9. Jean Louis Davant-en artikulua, musulman euskaldunei buruzkoa
  10. Urtasun, Erlaitz. (2002-02-17). «Musulmanek ez al zekiten euskaraz» Argia (1842).
  11. García Arenal, M.; Leroy, B.. (1984). Moros y judíos en Navarra en la Baja Edad Media. Madril.
  12. García Arenal, M.. (1983). Louis Cardaillac ed. Los moros de Tudela (Navarra) en torno a los años de la Conversión (1515). in: Les Morisques et leur temps. Paris: Editions du C.N.R.S, 71-102 or..
  13. Monteano, Peio Joseba. (2000). «La población navarra a comienzos del siglo: el Recuento de casas de 1514» Príncipe de Viana 61 (220) ISSN 0032-8472..
  14. Boucharb, A.. (1983). Louis Cardaillac ed. Spécificité du problème morisque au Portugal: une colonie étrangère refusant l'assimilation et souffrant d'un sentiment de déracinement et de nostalgie. in: Les Morisques et leur temps. Paris: Editions du C.N.R.S, 217-233 or..
  15. (Gaztelaniaz) Liburuari buruzko WEB orria.

Bibliografia

aldatu
  • Clay Stalls Possessing the Land: Aragon's Expansion into Islam's Ebro Frontier Under Alfonso the Battler, Brill., 1995. ISBN 90-04-10367-8
  • Alberto Cañada Juste, El posible solar originario de los Banu Qasi, Homenaje a don José M.ª Lacarra... liburuan, Zaragoza, 1977.
  • Alberto Cañada Juste: Los Banu Qasi (714-924), Vianako Printze erakundea, 1980.
  • L. P. Harvey Muslims in Spain, 1500 to 1614: 1500 to 1614 . University of Chicago Press, 2005. ISBN 0-226-31963-6
  • Rosamond McKitterick eta besteak The New Cambridge Medieval History. Cambridge University Press, 2005. ISBN 0-521-36292-X
  • Joseph F. O'Callaghan A History of Medieval Spain. Cornell University Press, 1983. ISBN 0-8014-9264-5
  • Béatrice Leroy, "Nafarroa Erdi Aroan". Gaiak argitaletxea, 1993. ISBN 84-87203-34-5

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu