Arabiar mundua
Arabiar mundua (arabieraz العالم العربي, al-`ālam al-`arabī) arabieraren hiztunak gehiengo diren herrialdeen multzoari ematen zaion izena da. Arabiar hiztunen multzoa 200 bat milioi lagunek osatzen dute. Arabiar munduaz aritzerakoan Arabiar Liga osatzen duten 22 estatuei egiten zaie erreferentzia, nahiz eta arabiar mundu terminoak izaera kulturalagoa duen.
Arabiar munduaren batasun politikoa nazionalismo arabiarrak (panarabismoak) aldarrikatu du.
Arabiar munduaren barnean hizkuntzaren ikuspegitik arabiarrak ez diren giza taldeak bizi dira, hala nola kurduak, berbereak, etab. Arabiarren gehiengoa, era berean, musulmanak dira, baina badaude kristauak edo bestelako erlijioen jarraitzaile diren arabiarrak ere. Ildo honetan, lehen nazionalista arabiarrak kristau taldeetakoak ziren.
Arabiar munduaren barnean Magreb eta Mashreqen artean bereizi behar da:
- Magreben barnean: Maroko, Mendebaldeko Sahara (herrialde guztiek onartzen ez badute ere), Aljeria, Tunisia, Mauritania eta Libia.
- Mashreqen barnean: Egipto, Sudan, Palestina (Autoritate Palestinarrak Arabiar Ligan onartua dago), Jordania, Libano, Siria, Irak, Saudi Arabia, Yemen, Oman, Arabiar Emirerri Batuak, Bahrain, Qatar eta Kuwait.
Historikoki banaketa honetan sartu ez badira ere, egun arabiar munduaz aritzerakoan Somalia eta Komoreak ere aipatu ohi dira, nahiz eta hauetan arabiar biztanleria ez den gehiengoa. Bi estatuok, hala ere, Arabiar Ligako partaideak dira.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Arabiar nazionalismoa: Identitate nahasia
- (Ingelesez) Araboo.com - Arabiar direktorioa