Zipre

Txipre» orritik birbideratua)

Zipre[1][2] (grezieraz: ΚύπροςKypros; turkieraz: Kıbrıs), ofizialki Zipreko Errepublika (grezieraz: Κυπριακή ΔημοκρατίαKypriakí Dimokratía; turkieraz: Kıbrıs Cumhuriyeti), Mediterraneoko herrialde uhartetarra da, Turkiatik 113 km-ra kokatua hegoaldean. Zipreko Errepublikak, nazioartean onartua den estatuak, uhartearen hegoaldeko bi herenak besterik ez du kontrolatzen. Iparraldeko herena Turkiak 1974an okupatu zuen eta bertan Ipar Zipreko Turkiar Errepublika sortu: lurralde hori Turkiak besterik ez du onartu. Uhartean, Akrotiri eta Dhekeliako Erresuma Batuaren barrutiak ere daude.

Zipreko Errepublika
Κυπριακή Δημοκρατία
Kıbrıs Cumhuriyeti
Ereserkia: Imnos is tin Eleftherian

Zipreko bandera

Zipreko armarria
Geografia
HiriburuaNikosia
35°10′21″N 33°21′54″E
Azalera9.242,45 km² (161.)
Punturik altuenaOlinpo (1.952 m)
Punturik sakonenaMediterraneoa (0 m)
KontinenteaEuropa eta Asia
MugakideakAkrotiri eta Dhekelia, Ipar Zipreko Turkiar Errepublika, Israel, Erresuma Batua eta Turkia
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika eta presidentzialismo
Zipreko presidenteaNikos Jristodoulides
LegebiltzarraZipreko Ordezkarien Ganbera
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria1.141.166
Dentsitatea123,47 bizt/km² (111.)
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,446 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak3.331 (2015)
Derrigorrezko eskolaratzea5-15
Bizi-itxaropena80,508 (2016)
Giniren koefizientea31,2 (2019)
Giza garapen indizea0,896 (2021)
Ekonomia
BPG nominala21.651.791.751,183 $ (2017)
BPG per capita25.658 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa30.953.320.234 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn36.012,375 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala2,8 % (2016)
Erreserbak887.692.448 $ (2017)
Inflazioa0 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1960ko abuztuaren 16a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+357
ISO 3166-1 alpha-2CY
ISO 3166-1 alpha-3CYP
Ordu eremua
Elektrizitatea240 V. 50 Hz.BS 1363 (en) Itzuli
Internet domeinua.cy
cyprus.gov.cy

Zipre Mediterraneo itsasoko hirugarren uharterik handiena da, Siriaren mendebaldean eta Turkiaren hegoaldean. Hiriburua Nikosia da. Nikosia iparraldeko eta hegoaldeko zatien arteko mugak erdibitua dago. Iparraldeko zatiko hiri nagusiak Kirenia eta Famagusta (portua) dira, eta hegoaldeko zatikoak, berriz, Limasol (portua), Larnaka eta Pafos.

Zipre 1960an Nazio Batuen taldean sartu zen, 1961ean Commonwealthen eta 2004an, Europar Batasunean.

Etimologia

aldatu

Zipreren aurreneko aipamena mizenarrek egin zuten K.a. XV. mendean eta kupirijo (zipretar) aipatzen da. Greziera klasikoan Κύπρος (Kýpros) esaten zaio uharteari. Etimologia aztertzeko orduan, hiru hipotesi nagusitzen dira:

  • Altzifre zuhaitzaren izena: grezieraz κυπάρισσος (kypárissos) da.
  • Henna zuhaitzaren izena: grezieraz κύπρος (kýpros) da.
  • Kobrearen zipretar izena, sumeriar jatorrian zubar esaten dena, izan ere kobre metaketa handiak baitaude uhartean. Latinez kobrea izendatzeko aes Cyprium erabili izan zen, "zipreko metala", gerora Cuprum hitzera laburtu zena. Beraz, badirudi uharteak eman ziola izena metalari eta ez alderantziz[3].

Geografia eta klima

aldatu

Geografia

aldatu

Zipre Mediterraneo itsasoan dagoen hirugarren uharte handiena da, Sizilia eta Sardiniaren ondoren, azalerari eta populazioari dagokionez[4]. Mundu mailan 80.a da azaleraren arabera eta 51.a populazioaren arabera. 240 kilometroko luzera eta 100 kilometro neurtzen ditu punturik zabalenean. 34° eta 36° artean iparraldean eta 32° eta 35° artean ekialdean.

 
Zipre uhartearen satelite ikuspegia.

Turkia 75 kilometrora du, Siria eta Libano 105 eta 108 kilometrora, hurrenez hurren, Israel 200 kilometrora, Egipto 380 kilometrora. eta Greziako uharte gertukoena 280 kilometrora[5].

Bi mendilerrok zeharkatzen dute uhartea. Iparraldean, Kirenia mendikatea dago, kostaldeari buruz paralelo, eta hegoaldean uhartearen azaleraren erdia hartuz, Troodos mendikatea dago. Mendikate bien artean Mesaoria goi-ordokia dago eta Pedieos ibaiak zeharkatzen du. Zipreko punturik garaiena Olinpo mendia da (1.952m), Troodos mendikatean.

Limasolgo eta Larnakako aintzira gaziak hegaztientzako pausaleku garrantzitsuak dira[6]. Aintzira horiek populatzen dituen hegazti aipagarriena flamenkoa da[7].

Ziprek klima azpitropikala du, mediterranearra eta erdi-lehorra, Köppen sailkapenaren arabera Csa eta BSh. Negu epelak ditu eta uda, beroak. Euria negu partean baino ez du egiten eta Troodos mendikatearen tontorretan inoiz elurra agertu izan da.

Ur baliabideak

aldatu

Ur gabezia kezka iturri historikoa izan da zipretarrentzat. Azken 30 urteetan prezipitazioak asko jaitsi dira, gainera[8]. Azken urteetan urtegi ugari eraiki dira populazioen gorakadari eta nekazaritza beharrei aurre egiteko. 107 urtegi daude egun eta 330 milioi m3 ur biltzen dute denen artean.

Historia

aldatu

Antzinaroa

aldatu
 
Salamina antzinako hiri garrantzitsuena izan zen.

Uhartearen hegoaldeko muturrean Aetokremnos dago: bertan, k.a. 8.200 urtean ehiztari-biltzaile kolonia baten aztarnak aurkitu dira[9]. Aurreneko gizakien etorrerak hipopotamo nanoen eta elefante nanoen iraungipena ekarri zuen. Duela 10.500 eta 9.000 urteko ur putzuak ere aurkitu dira[10]. K.a. 7500 urteko hilobi batean katuaren hondarrak daude: gizakiaren eta felidoen arteko harremanaren aurreneko aztarnak dira[11]. Neolito garaiko Khirokitia herrixka (K.a. 6800) UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen, hain ongi mantentzen delako[12].

Brontze Aroan bi aldiz iritsi ziren greziarrak. K.a. 1400 urtean mizenastarrak izan ziren aurrenekoak eta haien inperioa K.a. 1100-1050 artean erori zenean akaziarrak bertaratu ziren. Ezagutzen den errege zipretar zaharrena Kushmeshusha da, K.a. XIII. mendekoa. Ugaritera bidalitako eskutitzetan haren izena agertzen da[13]. Ziprek greziarrentzat izan zuen garrantziaren lekuko greziar mitologiako Afrodita eta Adonis jainkoen sorlekua izatea da. Zipre uhartea hamabi hiri-estatutan banatu zen, mendebaldetik ekialdera: Marion, Pafos, Soloi, Kourion, Lapetos, Tamasos, Amathus, Ledra, Idalion, Kitroi, Kition eta Salamina.

 
Zipreko antzinako hamabi hiri-estatuak.

K.a. X. mendean Kition hirian merkatari feniziarrak zeuden, Tirotik iritsiak, eta hiriaren garrantzia politikoa nabarmen handitu zen[14]. Ziprek kokapen estrategikoa zuen Ekialde Hurbilean eta kobre meategiak ere handiak ziren. Horregatik inperio handiek inbaditu egin zuten. Asiriarrek gobernatu zuten K.a. 708 urtean, ondoren egiptoarrek eta K.a. 545etik aurrera pertsiarrek. Salaminako errege zen Onesilus pertsiarren aurka matxinatu zen K.a. 499an baina ez zuen arrakastarik izan. K.a. 333 urtean Alexandro Handiak konkistatu zuen eta honen heriotzaren ondoren Ptolomeotar Erresuma egiptoarraren barnean gelditu zen. Hurrengo mendeetan zipretarrak asko helenizatu ziren. K.a. 58. urtean Erromatar Inperioak konkistatu zuen[15]. Erromatar probintzia izan zen inperioak iraun artean.

Erdi Aroa

aldatu

Erromatar Inperioa 395ean bitan banatu zenean, ekialdeko Bizantziar Inperioan geratu zen. Orduan finkatu zen oraindik ere badirauen greziar-kristau ideologia zipretarrengan. 649an hasi eta hiru mendetan zehar eraso ugari etorri ziren Sortaldetik. Piraten erasoak izan ziren nagusiki baina tamaina handiko hainbat eraso ere izan zituen eta kalte handiak jasan zituen. Hiri handiak suntsitu ziren (Salamina esate baterako) eta milaka zipretar hil ziren. Ez da garai hartako eliza bizantziar bakar bat ere mantendu. 965ean Nizeforo II.a Fokas errege bizantziarrak garaipen esanguratsuak lortu zituenean berrezarri zen bizantziarren agintea.

 
Nikosiako harresi veneziarrak.

1191n Rikardo I.a Ingalaterrakoak helburu izan gabe konkistatu zuen Zipre. Lur Santutik itzultzen ari zela, ingelesen flotak ekaitz ugari izan zituen eta Kreta eta Rodas uharteetan geldialdiak egin zituen. Bere ezkongai Berengela Nafarroakoa eta Joana Ingalaterrakoa eta Siziliako erregina zeramatzan ontzia Ziprera iritsi zen eta Limasol parean bota zuen aingura. Isaac Komnenos Zipreko erregeak itsasontzia eta emakume biak bahitu zituen. Errege ingelesak Sizilian zuen armadari dei egin eta Zipre inbaditu zuen. Rikardo eta Berengela Limasolen ezkondu ziren. Rikardo I.ak uhartearekiko interes berezirik ez zuen azaldu eta Tenpluko Ordenari saldu zion. Hauek Guy de Lusignan zaldun frantsesari saldu zioten eta 1192an Zipreko Erresuma sortu zen. Hurrengo mendeetan Lusignan Etxeak agindu zuen Zipren. Nikosia hiriburuko Santa Sofia katedralean koroatzen ziren Zipreko errege[16] eta Famagustako San Nikolas katedralean Jerusalemgo errege erbestean koroatzen ziren[17]. Garai hartako bi hiri handienak hauek ziren. 1473an Jakue II.a Ziprekoa, azken Lusignan erregea, hil egin zen eta veneziarrek hartu zuten uhartearen agintea erregearen alarguna veneziarra baitzen, Katalina Cornaro. Katalinak 1489an abdikatu eta formalki Veneziak Zipre anexionatu zuen urte hartan[15]. Veneziarrek Zipreko hiri nagusiak gotortzeari ekin zioten otomandarren beldur eta Nikosiako harresiak eta hiri nagusietako harresi eta gazteluak eraberritu zituzten[18].

Otomandarren aroa

aldatu
 
Veneziarren eta otomandarren arteko borroka (Tintoretto, XVI. mendea)

1539tik aurrera otomandarren erasoak ugariak izan ziren baina 1570ean benetako erasoa izan zen. 60.000 soldadu hartuta Zipreko hiri nagusiak setiatu zituzten eta uhartea konkistatu zuten. Nikosiak eta Famagustak erresistentzia handia egin zutenez konkistaren ondoren bertako biztanle greziar eta armeniar kristauen aurka oldartu ziren eta erail egin zituzten[19]. Konkistatzaileak bertan ezarri ziren eta Anatoliatik nekazari eta artisau ugari ekarri zituzten komunitate musulman handiak sortzeko[20]. Egitura feudalaren ordez millet sistema ezarri zuten eta agintari erlijiosoak ezarri ziren komunitateen buru. Zipreko elizaren buruak greziar zipretar eta otomandar agintarien arteko bitartekaritza lanak egin zituen eta Erromako elizarekin istilu handiak izan zituen.

Hiri bat konkistatzen zuten bakoitzean eraikin erlijioso kristauak musulman bihurtzen zituzten. Horrela Nikosiako Santa Sofia katedrala eta Famagustako San Nikolas katedralari iruditeria kristaua kendu, minaretea, mihraba eta minarrak gehitu eta meskita bihurtu zituzten. Otomandarrek ez zuten interes handirik erakutsi Ziprez, ordea, eta hurrengo 250 urteetan gainbehera ekonomikoa jasan zuen[21].

Grezia ere otomandarren menpe zegoen eta 1821ean Independentzia Gerra abiatu zenean greziar-zipretar ugari Greziako armadan sartu zen. Horren ondorioz otomandar agintariek 486 agintari greziar-zipretar atxilotu eta exekutatu egin zituzten, tartean Kyprianos Zipreko artzapezpikua eta lau apezpiku. 1828an Grezia independenteko Ioannis Kapodistrias presidenteak Grezia eta Zipreren batasuna aldarrikatu zuen, Enosis deitzen zutena, eta matxinada gehiago izan ziren Zipren baina ez zuten arrakastarik izan[22].

Britainiar aroa

aldatu
 
Britainiar bandera Nikosian.

Errusia-Turkia Gerra (1877–1878) izan ondoren Berlingo Biltzarrak Britainiar Inperioaren esku utzi zuen Zipre. Berez 1914 artean otomandarra izaten segitu zuen eta britainiarren funtzioa Zipre errusiarren inbasiotik babestea zen, baina britainiarrek, de facto, Zipre gobernatzen zuten[15]. Britainiarrentzako toki estrategikoa zen beren ibilbide kolonialak kontrolatzeko eta uhartea modernizatu egin zuten. 1906an Famagustako itsas-portu garrantzitsua eraiki zuten, Indiarako bidean Suezko kanala gainbegiratzeko portu estrategiko bihurtu baitzuten. 1914an Lehen Mundu Gerra abiatu zen eta britainiarrek formalki Zipre anexionatu zuten. 1915ean Zipre uhartea Greziari eskaini zioten gerran beraien alde sartzearen truke baina greziarrek uko egin zioten eskaintzari. 1923an Lausanako Hitzarmenean sortu berria zen Turkiako Errepublikak Zipre eskatu zuen baina britainiarrek koroaren kolonia izendatu zuten[15].

Greziar-zipretarrek esperantza bazuten britainiarrek Greziarekin batuko zituztena eta hori bultzatzeko erakundea sortu zuten, Zipreko Borrokalarien Erakunde Nazionala, Ethniki Organosis Kyprion Agoniston (EOKA). 1950tik aurrera greziarren politika arazoetan ere ohiko gaia bihurtu zen. Turkiar jatorriko zipretarrek britainiarren agintearen alde egin zuten baina Kretak Greziarekin bat egin zuela ikusi zutenean Zipre barnean autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen hasi ziren, uhartea bitan banatzeko[23]. Helburu hori sustatzeko erakunde propioa sortu zuten Turkiarren Erresistentzia Erakundea, Türk Mukavemet Teşkilatı (TMT).

Independentzia eta banaketa

aldatu

1960ko abuztuaren 16an Ziprek independentzia lortu zuen. Une horretan 573.566 biztanle zituen, % 77,1 greziar jatorrikoak, % 18,2 turkiar jatorrikoak. eta % 4,7 bestelako jatorria zutenak. Erresuma Batuak bi eremu mantendu zituen bere eskutan, Akrotiri eta Dhekelia eremu militarrak. Osatu zen konstituzioak ez zituen bi komunitateak ase eta 1963ko abenduaren 21ean eztanda egin zuen egoerak, greziar poliziak bi turkiar hil zituenean. Ekintza horren ondorengo istiluetan 364 turkiar eta 174 greziar hil ziren, 109 herrixka turkiar suntsitu eta 25.000-30.000 turkiarrek ihes egin behar izan zuten. 1964an Turkiak Zipre inbaditzeko mehatxua egin zuen baina Lyndon B. Johnson presidente estatubatuarrak eragotzi egin zuen, Sobietar Batasunak Turkia inbaditzen bazuen babesik ez ziola emango esanez[24]. Hori gertatzen zen bitartean, greziarrengan Enosis batasun kontzeptua pil-pilean zegoen eta Greziak 10.000 soldadu bidali zituen, Turkiaren balizko inbasioari aurre egiteko.

1974ko uztailaren 15ean Dimitrios Ioannides greziar-zipretarrak estatu kolpea egin zuen Zipre eta Grezia batzeko[25]. Handik bost egunera, Turkiar armadak uhartea inbaditu zuen eta Kirenia eta Nikosia arteko greziar puntu estrategikoak bonbakatu zituen. Hasieran 6.000 soldadu lehorreratu baziren ere, hiru egunen buruan su-etena adostu zenerako, 30.000 soldadu turkiar baziren Zipren. Kirenia eskuratzeaz gain, Nikosiaraino iritsi ziren[26]. Famagusta ere eskuratu zuten.

 
Marra berdeko tarteko eremua adierazten duen kartela.

Nazio Batuen Erakundeak herrialdea bitan banatzen zuen Marra Berdea ezarri zuen[27]. Horrela deitu zitzaion aurkezturiko mapan boligrafo berdez marraztu zelako lerroa[28]. Nikosia hiriburua ere bitan banatuta geratu zen. Hurrengo urteetan barne migrazio mugimenduak izan ziren, hegoaldean gelditu ziren turkiarrak iparraldera eta iparraldean gelditu ziren greziarrak hegoaldera. Famagusta hiria turkiarren esku geratu zenez, Larnaka hiri estrategikoa bihurtu zen eta asko hazi zen. Larnakako nazioarteko aireportua Zipreko garrantzitsuena da, adibidez[29].

1983an Ipar Zipreko Turkiar Errepublika osatu zen bertan, oraindik nazioarteko ezagutza jaso ez duena. 1983an Spyros Kyprianou berretsi zuten Zipreko lehendakari karguan (1977an hartu zuen aginpidea), eta Rauf Denktashek, berriz, Zipre Iparraldeko Turkiar Errepublika aldarrikatu zuen. Harrez geroko Zipreko bizitza banaketa horrek markatua da, alor guztietan. Hurrengo urteetan, bi alderdien arteko elkarrizketak bultzatu ziren, eta Nazio Batuek bi komunitateen arteko berdintasun politikoan oinarrituriko estatu federala osatzeko proposamena onartu zuen.

Azken urteak

aldatu

1988ko Zipreko lehendakaritzako hauteskundeak Vassiliouk irabazi zituen, eta 1993koak, berriz, Clerise, Bilkura Demokratikoaren Alderdiko eskuin adarreko hautagaiak. 1992an Nazio Batuek bi komunitatez eta bi eskualdez osaturiko herrialde izendatu zuten uhartea, eta bi komunitateen arteko eskubide berdintasuna onartu zuen. 1995ean Zipre Europar Batasunean sartuz herrialdearen zatiketa gaindituko zelako iritzia zabaldu zen, eta helburu horri begira 1997an Cleridesen eta Denktashen arteko elkarrizketak egin ziren, Nazio Batuen gidaritzapean. Elkarrizketa haien helburua zen uhartea Europar Batasunean sartu aurretik bi zatien bateratzea nola bideratu erabakitzea. Baina Europar Batasunak Zipreko greziar alderdiko agintariekin elkarrizketak izan zituen, eta horrek Zipre barruko elkarrizketak etenarazi zituen. Azkenik, 1998an Zipreko greziar alderdia Batasunean sartzeko urratsak egiten hastea erabaki zen, turkiar aldea kanpoan utzita.

2003ko hauteskundeetan, Tassos Papadopulos aukeratu zuten lehendakari. 2004an, Zipre Europako Batasunean sartu zen. Urte horretan bertan, NBEk erreferendum batera deitu zituen Zipreko bi komunitateak herrialdea bateratu ala ez erabakitzeko. Papadopulos lehendakariak ezezko botoa eskatu zuen, eta Zipreko hiru greziarretik bik ezetz esan zioten proposamenari; eta, nahiz turkiarren artean baietzak irabazi, proposamena ez zen onartu, NBEk bi komunitateen baietza eskatua zuelako.

2008ko hauteskundeetan, Dimitris Christofias aukeratu zuten lehendakari, Zipreko Alderdi Komunistako idazkari nagusia. 2008ko irailean, Zipreko buruzagi greziarrak eta turkiarrak negoziazioetan hasi ziren 1974. urteaz geroztik uhartea bitan banatua daukan zatiketari amaiera emateko.

2014ko urriaren 7an zabaldu zenez, urriaren 9an uhartearen bateratzeari buruz hitz egiteko bilera bat zeukaten Nikos Anastasiadis Zipreko presidenteak eta Dervis Eroglu buruzagi turko-zipretarrak. Baina Anastasiadisek bertan behera utzi zuen bilera, Turkiako Gobernuak urriaren 20tik aurrera Zipreko uretan zegoen Salbuespen Ekonomikoko Eremura azterketa sismikoak egiteko ontzi bat bidaliko zuela adierazi ondoren[30].

Gobernua eta administrazioa

aldatu
 
Presidentearen jauregia, Nikosian.

Zipreko etnien banaketa politikan ere nabarmentzen da, komunitate bakoitzak bere erakundeak eta gudarostea baititu. Zipreko Errepublikan, nazioartean ezagutzen den errepublikan, sistema presidentzialista dute. Lehendakaria da estatuburua eta berak du aginpide betearazlearen ardura. Legegintzaren ardura ordezkarien ganberaren esku dago.

1960ko konstituzioaren arabera (1985ean berridatzi zen) greziarren eta turkiarren artean banatu behar ziren gobernu erakundeak eta legebiltzarreko eserlekuak (% 70 greziarrentzat, % 30 turkiarrentzat), baina 1974. urtean Turkiako gudarosteak uhartearen iparraldea hartu ondoren turkiarrek beren konstituzioa osatu zuten 1975ean, eta turkiarrek Zipreko Errepublikako erakundeetan parte hartzeari utzi zioten; nazioartean estatu burujabe gisa onartua ez den arren, beren lehendakaria, legebiltzarra eta epaitegiak antolatu zituzten.

Banaketa administratiboa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Zipreren banaketa administratiboa»

Zipreko Errepublika 6 barrutitan banatzen da, udalerrietan banatuak.

Zipreko mapa BarrutiakAzalera (km2)[31] Populazioa (2011)[32] Hiriburua
 NikosiaLarnakaLimassolPafosAkrotiriKyreniaFamagustaDhekelia
Famagusta1.98547.338Famagusta
Kirenia64462.158Kirenia
Larnaka1.120145.365Larnaka
Limasol1.393239.842Limasol
Nikosia2.710334.120Nikosia
Pafos1.39090.295Pafos

Demografia

aldatu

Biztanleria

aldatu

Zipretarrak bi etnia nagusitan banatuta daude, greziarrak eta turkiarrak. Gainerakoak armeniarrak dira gehienak. Bi giza talde nagusi horietatik, greziarrak erlijioz kristau ortodoxoak dira, oro har, eta turkiarrak, musulman sunniak.

1974. urtean Turkiako gudarosteak Zipreko iparraldea hartu zuelarik, barne emigrazio handiak izan dira Zipreko uhartean, eta horrela, gaur egun, uharteko greziar jatorriko zipretarrak hegoaldean bizi dira (Zipreko Errepublika) eta turkiar jatorrikoak, berriz, iparraldean (Ipar Zipreko Turkiar Errepublika); kanporako joera ere oso handia izan da, eta kanpoan Zipren bertan adina zipretar dago. Zipreko uhartean bizi diren greziarren eta turkiarren artean desberdintasun nabarmenak antzematen dira, bizimoduan, ohituretan eta baita hezkuntzan ere (hezkuntza sistema bereziak dituzte grezieraren eta turkieraren erabiltzaileentzat, greziarrena estatuaren eskumenekoa, eta turkiarrena Ipar Zipreko Turkiar Errepublikaren eskumenekoa). Bai komunitate batean eta bai bestean oso apala da alfabetatu gabeko herritarren tasa. Uharteko baliabide ekonomiko urriak direla-eta, zipretar asko beste herrialde batzuetara joan da lan egitera, batez ere, Ziprek burujabetasuna lortu zuen ondorengo urteetan, Britainia Handira gehienbat.

Zipreko hiru etnia nagusiez gain, honako atzerritar talde hauek dira herrialdean:

Atzerritarren talde handienak
Jatorrizko

herrialdea

Populazioa

(2011)

  Grezia 29.321
  Erresuma Batua 24.046
  Errumania 23.706
  Bulgaria 18.536
  Filipinak 9.413
  Errusia 8.164

Hiriak

aldatu

Zipreko metropoli eremu handienak Nikosia (330.000 biztanle) eta Limasol (237.000) dira. 2011ko erroldaren arabera honako hauek dira Zipreko hamar hiri handienak[33]:

Zipreko hiri handienak
# Hiria Barrutia Populazioa
1 Nikosia (ipar+hego) Nikosia 200.452
2 Limasol Limasol 154.000
3 Strovolos Nikosia 67.904
4 Larnaka Larnaka 51.468
5 Famagusta Famagusta 42.526
6 Lakatamia Nikosia 38.435
7 Kirenia Kirenia 33.207
8 Pafos Pafos 32.892
9 Kato Polemidia Limasol 22.369
10 Aglandjia Nikosia 20.783

Erlijioa

aldatu
 
Nikosiako Selimiye meskita 1571 arte Santa Sofia katedrala izan zen.

Greziar-zipretarrak Zipreko eliza ortodoxoaren jarraitzaileak dira eta Zipreko biztanleriaren % 78 osatzen dute. Turkiarrak, aldiz, musulmanak dira eta populazio osoaren % 20 dira. % 1ek ateoa dela dio[34]. Erlijioak eragindako banaketak talde bakoitzaren izaera bermatzen du eta 2005ean Europako bigarren estatu erlijiosoena zen Zipre, Maltaren ondoren. Artean, Errumania Europar Batasunean sartu gabe zegoen.

Larnakako Hala Sultan Tekke meskita munduko lau garrantzitsuenetako bat da[35].

Hizkuntzak

aldatu

Ziprek bi hizkuntza ofizial ditu, greziera eta turkiera. Hizkuntza gutxitu bi ere onartzen ditu, armeniera eta zipretar arabiera[36]. Izaera ofizialik ez badu ere, ingelesa oso zabalduta dago herrialdean, izan ere Britainiar garaian hizkuntza ofizial bakarra izan baitzen. Gaur egun zipretarren % 80,4k ongi hitz egiten du ingelesez[37]. XIX. mendeko errusiar-turkiar gerretatik ihesi, Pontoko greziar ugari joan zen Ziprera eta haiek errusieraz hitz egiten dute. Pafos eta Limasolgo eremu turistikoetan, ingelesa eta grezieraren ondoren, errusiera hirugarren hizkuntza da egun[38].

Ekonomia

aldatu

Uhartearen banaketaren ondorioa

aldatu

Zipreko ekonomiaren nondik norakoa aztertzerakoan oso kontuan hartu beharra dago, gainerako gaietan bezala, iparraldearen eta hegoaldearen arteko zatiketa.

Zipreko gobernuaren eskumeneko partean, hau da, parte greziarrean, ekonomia nahiko aurreratua da, baina kanpoko eraginen mendekotasuna oso handia da. 1990eko hamarraldian ekonomiaren hazkundean ikusten denez, gorabehera nabarmenak izan dira azken urteetan batetik egoera politiko nahasiaren eraginez eta Mendebaldeko Europako ekonomiaren egoeraren gorabeheren eraginez, bestetik. Turismoa indar handia hartzen ari da, eta bertako zerga abantailez baliatzen diren atzerriko enpresek ere laguntza handia eman diote bertako ekonomiari. Azken urteetan gas naturala aurkitu da kopuru handitan Limasoldik 175 km hegoaldera[39].

Turkiar aldea, berriz, lurralde azpigaratua da ekonomiari dagokionez, eta Turkiak bakarrik ezagutzen duenez errepublika hori estatu burujabe gisa, zailtasun handiak dituzte atzerriko inbertsioak erakartzeko; nazioarteko enbargopean dago[40]. Bertako ekonomia nekazaritzan oinarritua da, baina Turkiaren laguntzaren mende dago. Turkiak laguntzak ematen ditu turismorako, heziketarako eta industriarako, besteak beste, bertako ekonomiaren ahultasuna dela-eta.

Garraioa

aldatu
 
Limasolgo itsas-portua Zipren jarduera handiena duena da.

10.663 kilometro errepide daude Zipren: haietatik bi herenak pabimentaturik zeuden 1998an. Iparraldean egoera okerragoan daude. Autopistak daude uhartearen hegoaldean eta Limasol eta Larnakatik Nikosia hiriburura. Zipren ezkerraldetik gidatzen da, Erresuma Batuan, Irlandan eta Maltan bezala.

Ziprek nazioarteko bi aireportu ditu, Larnakakoa (garrantzitsuena)[41] eta Pafoskoa. Nikosiakoa 1974an itxi zen. Iparraldean Ercan aireportua dago, Turkiarekin lotzen duena.

Zipreko itsas portu nagusiak Limasolgoa[42] eta Larnakakoa[43] dira.

Kultura

aldatu

Greziar jatorriko zipretarrak eta turkiar jatorrikoek erlijio desberdintasun nabariak badituzte ere, kultura komuna partekatzen dute, ohitura, janzkera, dantza, tradizio eta gastronomiari dagokienez.

Uharteak izan duen historia aberatsari esker, K.a. 10.000 urtetik hona bertan izan diren zibilizazio guztiek adierazpen artistiko ugari utzi dituzte. Antzinako hirien hondarrak daude (Amathus, Kition, Salamina...), Erdi Aroan Lusignan erregeek Frantziako gotikoa ekarri zuten eta veneziarrek pizkundea.

Zipreko arte modernoaren erakusle handienak Vassilis Vryonides (1883–1958)[44], Adamantios Diamantis (1900-1994) eta Christopheros Savva (1924–1968) dira[45].

Musika

aldatu
 
Eleni Foureirak bigarren postua lortu zuen 2018ko Eurovision lehiaketan[46].

Zipreko folk musika tradizionalak greziar, turkiar eta arabiar musika batzen ditu. Sousta, syrtos, zeibekikos, tatsia eta karsilamas dantza tradizionalak daude, bai eta Ekialde Hurbileko jatorriko tsifteteli eta arapies ere. Erabiltzen diren musika tresnak biolina, lautea, akordeoia, txirula, ouda, kanonakia eta perkusioak dira.

Gaur egungo musikari famatuenak Cyprien Katsaris piano-jotzailea, Andreas G. Orphanides konpositorea eta Marios Joannou Elia zuzendari artistikoa dira.

Zipreko pop musikak Greziako Laïko muskaren eragin handia du. Anna Vissi[47], Evridiki eta Sarbel dira artista ezagunenak. Eurovision Abesti Lehiaketak jarraipen handia du Zipren eta 2018an lortu zuen emaitzarik onena: bigarrena, hain zuen ere. Eleni Foureira abeslari albaniarrak Zipreren izenean kantatu zuen Fuego abestia[46].

Literatura

aldatu

Europako poesia lan zaharrenetakoak Zipren egin ziren. Stasinus-ek K.a. VII. mendean Cypria poesia epikoa idatzi zuen[48]. Zenon Zitiokoak Filosofia estoikoaren eskola sortu zuen Atenasen. Erdi Arokoak dira Leontios Machairasen eta Georgios Boustroniosen kronikak. XVIII. mendean Hasan Hilmi Efendi poeta turkiar-zipretarra "poesiaren sultana" izendatu zuen Mahmud II.a otomandar enperadoreak[49].

Zinema

aldatu

Michael Cacoyannis Zipreko zinema zuzendari ezagunena da. Aktore ezagunenak Paul Stassino, Hal Ozsan, Daphne Alexander eta Rolandos Liatsos dira.

Gastronomia

aldatu

Erdi Aroan Lusignan erregeek frantziar, bizantziar eta Ekialde Hurbileko gastronomia batu zituzten. Sukaldari siriarrak ekartzeagatik egin ziren ezagun eta Zipren sorturiko errezetak Europan zehar barreiatu ziren Vyands de Chypre (Zipreko jakiak) izenarekin[50]. Hainbat jaki ezagun egin ziren Europan, malmonia (oilaskoz edo arrainez egindako platera), halloumi gazta eta azalorea[51].

Ambelopoulia (txorien arrautza ozpineztatuak) kopuru handitan esportatu zen Lusignan eta veneziar garaian, baina gaur egun debekaturik dago.

Kirolak

aldatu
 
Nikosiako GPS Stadiuma.

Zipreko kirol nagusia futbola da. Zipreko futbol ligako talde nagusiak Nikosiako APOEL eta Omonia, Famagustako Anorthosis (gaur egun Larnakan egoitza duena) eta Limasolgo AEL eta Apollon dira.

Marcos Baghdatis tenislaria munduko hamar onenen artean dago ATP sailkapenean.

2012ko Olinpiar Jokoetan Pavlos Kontides marinelak Ziprerentzako aurreneko domina lortu zuen, zilarrezko domina gizonezkoen Laser belaontzien estropadan[52].

Hezkuntza

aldatu

Hezkuntza sistema oso garatua du Ziprek. Barne Produktu Gordinaren % 7 erabiltzen du Hezkuntzan: Danimarkaren eta Suediaren ondoren, Europar Batasunean diru gehien gastatzen duen herrialdea da[53]. Ikastetxe publikoek eta pribatuek kalitate bera dute eta kalifikazioek ez dute baliorik izaten Unibertsitatera sartzeko. Zipretar ikasleen % 78,7k Greziako, Erresuma Batuko, Turkiako edo Estatu Batuetako unibertsitateetan ikasten dute.

Lan egiteko adinean dauden zipretarren % 30ek unibertsitate mailako ikasketak ditu eta 25-34 urtekoen tartean, % 47ra igotzen da, Europar Batasuneko ehunekorik altuena da.

Ondasun nabarmenak

aldatu
 
Khirokitia.

Hiru eremu izendatu ditu UNESCO erakundeak Gizateriaren ondare:

Bi Ramsar eremu daude Zipren:

Zipretar ezagunak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
  3. R. S. P. Beekes. (2009). Etymological Dictionary of Greek. Brill, 805 or..
  4. «Europe :: Cyprus — The World Factbook - Central Intelligence Agency» www.cia.gov (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  5. (Ingelesez) «Europe Map / Map of Europe - Facts, Geography, History of Europe - Worldatlas.com» WorldAtlas (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  6. (Ingelesez) «Limassol Salt Lake» Cyprus Island 2017-03-15 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  7. (Ingelesez) «Akrotiri Salt Lake - 2020 All You Need to Know BEFORE You Go (with Photos)» Tripadvisor (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  8. «Department of Meteorology - Climate of Cyprus» web.archive.org 2015-06-14 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  9. «After the Ice: A Global Human History, 20,000-5000 BC - Steven Mithen - Google Books» web.archive.org 2015-09-10 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  10. (Ingelesez) Stone Age wells found in Cyprus. 2009-06-25 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  11. (Ingelesez) Wade, Nicholas. (2007-06-29). «Study traces cat's ancestry to Middle East (Published 2007)» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  12. (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Choirokoitia» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  13. (Ingelesez) Cline, Eric H.. (2015-09-22). 1177 B.C.: The Year Civilization Collapsed. Princeton University Press ISBN 978-1-4008-7449-1. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  14. «The Shelby White & Leon Levy Program: Hadjisavvas» web.archive.org 2016-03-04 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  15. a b c d web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  16. Schabel, Chris. (2012). Frankish & Venetian Nicosia 1191-1570: Ecclesiastical Monuments and Topography. In Michaelides, Demetrios (ed.). Historic Nicosia. Nicosia: Rimal Publications. ISBN 9789963610440..
  17. «Lala Mustafa Pasha Mosque (St Nicholas Cathedral) - Famagusta, Cyprus - cypnet.co.uk» www.cypnet.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  18. «Fortified Places > Fortresses > Nicosia» web.archive.org 2015-07-12 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  19. «Cyprus - OTTOMAN RULE» countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  20. Orhonlu, Cengiz. (2010). The Ottoman Turks Settle in Cyprus. Inalcık, Halil (ed.), The First International Congress of Cypriot Studies: Presentations of the Turkish Delegation, Institute for the Study of Turkish Culture, 99 or..
  21. «Cyprus - OTTOMAN RULE» web.archive.org 2013-01-17 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  22. Mallinson, Bill. (2005). Cyprus : a modern history. London ; New York : I.B. Tauris ISBN 978-1-85043-580-8. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  23. (Ingelesez) Diez, Thomas. (2002). The European Union and the Cyprus Conflict: Modern Conflict, Postmodern Union. Manchester University Press ISBN 978-0-7190-6079-3. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  24. Jacob M. Landau. (1979). Johnson's 1964 letter to Inonu and Greek lobbying of the White House. Hebrew University of Jerusalem, Leonard Davis Institute for International Relations..
  25. Papadakis, Yiannis. (2003-09-01). «Nation, narrative and commemoration: political ritual in divided Cyprus» History and Anthropology 14 (3): 253–270.  doi:10.1080/0275720032000136642. ISSN 0275-7206. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  26. (Ingelesez) O'Malley, Brendan; Craig, Ian. (2001-06-25). The Cyprus Conspiracy: America, Espionage and the Turkish Invasion. I.B.Tauris ISBN 978-0-85773-016-9. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  27. (Ingelesez) «Green Line - Nicosia» Cyprus Island 2018-11-28 (Noiz kontsultatua: 2020-09-13).
  28. «Nicosia Municipality» web.archive.org 2012-03-07 (Noiz kontsultatua: 2020-09-13).
  29. «EUROCONTROL - The European Organisation for the Safety of Air Navigation | EAD Basic» www.ead.eurocontrol.int (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  30. «Ziprek bertan behera utzi du bateratze bilera, Turkiak ontzi bat bidaliko duelako», Berria, 2014-10-08
  31. «Statistical Service - Classifications» www.cystat.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  32. «Statistical Service - Population and Social Conditions - Population - Key Figures» www.cystat.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  33. «Statistical Service - Population and Social Conditions - Population Census - Key Figures» www.cystat.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  34. «Religions in Cyprus | PEW-GRF» www.globalreligiousfutures.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  35. «Hala Sultan Tekke Mosque - Larnaka Tourism Board (Official Site)» larnakaregion.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-26).
  36. «Database for the European Charter for Regional or Minority Languages» web.archive.org 2014-02-07 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  37. «Wayback Machine» web.archive.org 2016-02-17 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  38. «Wayback Machine» web.archive.org 2016-04-14 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  39. «Something sizzling in Cyprus: gas shakes regional chessboard | Athens News» web.archive.org 2012-01-28 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  40. Feridun, Mete; Sawhney, Bansi; Shahbaz, Muhammad. (2011-10-01). «The Impact of Military Spending on Economic Growth: The Case of North Cyprus» Defence and Peace Economics 22 (5): 555–562.  doi:10.1080/10242694.2011.562370. ISSN 1024-2694. (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
  41. «Larnaca Airport, Cyprus (LCA) - Guide & Flights» www.europe-airports.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  42. (Ingelesez) «Port of LIMASSOL (CY LMS) details - Departures, Expected Arrivals and Port Calls | AIS Marine Traffic» MarineTraffic.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  43. (Ingelesez) «Port of LARNACA (CY LCA) details - Departures, Expected Arrivals and Port Calls | AIS Marine Traffic» MarineTraffic.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
  44. Chrysanthos Christou. (1983). A short History of Modern and Contemporary Cypriot Art. Nicosia.
  45. State Gallery of Contemporary Cypriot Art. (1998). Nicosia: MOEC. .
  46. a b (Ingelesez) Reporter, Staff. «Foureira takes Cyprus to second place in Eurovision, loses to Israel (Updated) | Cyprus Mail» https://cyprus-mail.com/ (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  47. «Billboard - Google Books» web.archive.org 2015-09-11 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  48. «EPIC CYCLE FRAGMENTS - Theoi Classical Texts Library» www.theoi.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
  49. Gazioğlu, Ahmet C.. (1990). The Turks in Cyprus: a province of the Ottoman Empire (1571–1878). K. Rüstem, 293–295 or..
  50. «Recipe for chypre» obeyafu.changeip.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
  51. (Ingelesez) «Kounoupidi me Patates Kapamas (Stewed Cauliflower with Potatoes)» Kopiaste..to Greek Hospitality 2014-05-05 (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
  52. (Ingelesez) «Pavlos KONTIDES - Olympic Sailing | Cyprus» International Olympic Committee 2016-11-20 (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
  53. «Wayback Machine» web.archive.org 2011-05-10 (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).

Kanpo estekak

aldatu
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: zipre .