Fenizia[1][2] Mediterraneoaren ekialdeko kostaldearen eta Libanoko mendien arteko lur zatia zen. Bertan, zibilizazio oparoa egon zen K.a. II. mendetik aurrera. Inoiz ez zen batasun politikorik lortu herrialdean, baina hiri federazio oparoa eratu zuten. Hiri nagusiak Arados, Biblos, Sidon, Tiro, Akko (gaur egungo Akre), Arvad (Ruad), Berit (Beirut) eta Ugarit izan ziren.

Fenizia
Φοινίκη
K.a. 1200 – K.a. 539
Monarkia
Fenizia/Kanaanen kokapen-mapa.
Geografia
HiriburuaBiblos
Biztanleria200.000
Kultura
Hizkuntza(k)Feniziera; greziera
ErlijioaFeniziar politeismoa
Historia

Lurraldea hain txikia zenez, Mediterraneo itsasoan zehar merkataritzan jardun behar izan zuten. Euren kostako hainbat lekutan koloniak sortu zituzten, Gadirrekoa adibidez, Espainian, eta Kartagokoa, Tunisian. Han zirtzileriak, lurrinak, purpura eta anbar kolorez tindatutako oihalak saltzen zituzten. Trukean, metalak, larruak eta esklaboak erosten zituzten.

Feniziar herriak naturaren indarrak gurtzen zituen, Baal jainkoa eta Astarte jainkosagan gorpuztuta, eta haien ekarpen kulturalik handiena Alfabeto Fonetikoa asmatzea izan zen. Denborarekin, lurralde hori beste herri batzuek menperatu zuten, egiptoarrek, asiriarrek eta persiarrek, adibidez.

Geografia Aldatu

Mediterraneo itsasoaren ertzean zegoen Fenizia, Orontes ibaiaren (iparraldean) eta Karmelo mendiaren (hegoaldean) artean.

Historia Aldatu

 
Feniziarren komertzio-ibilbideak.

K.a. 3000. urte ingurutik aurrera azaltzen da Fenizia itsasoko merkataritzari lotua. Egiptorekin eta Mesopotamiarekin harremanak zituen. Hiri askeetan banatua zegoen Fenizia, bakoitzak bere erregeak eta jainkoak zituela, baina zibilizazio bakarra izaki ordea.

K.a. 2000. urte ingurutik aurrera Egiptoren eragina areagotu egin zen, eta bere mendean hartu zuen Egiptoko XVIII. dinastiak (K.a. XVI. mendea). Egiptoren mendean jarraitu zuen, egiptoarren eta hititen arteko borrokaren ondoren. Itsasoko herrien erasoaren garaian (K.a. 1200), Feniziako hiri batzuk (Ugarit, Sidon, Tiro) suntsiturik geratu ziren, baina askatasun eta oparotasun garai bat ekarri zuen horrek: hititen eta egiptoarren inperioak eta Mizenasko herriaren itsas indarra gainbehera hasi zirenean, feniziarrek gaina hartu zuten. Mediterraneoko merkataririk handienak izan ziren: Gibraltarretik harantza zilar eta eztainu bila joan ziren Iberiako penintsulako meatzetara; murize delakoa bildu zuten Afrikan eta Egeo itsasoan purpura egiteko; beira, eraikuntzarako zura (Libanoko zedroak) eta are esku-langile trebeak (Jerusalemgo Tenpluaren eraikuntza) esportatu zituzten, eta koloniak sortu zituzten Txipren, Kretan, Sizilian, Maltan, Iberian (Gades) eta Afrikan (Utika, Hadrumeta, Leptis, Kartago). Tiro izan zen garai horretako hiri nagusia.

K.a. IX. mendean, matxinadak ekarri zituen asiriarren nagusitasunak (Asurnazirpal II.aren eta haren ondorengoen erreinaldietan). Babiloniako erregeen erasoa etorri zen ondoren (Nabukodonosorrek Tiro setiatu zuen, K.a. 586-573 bitarteko urteetan) eta persiarrek hartu zuten K.a. 538an. Sidonek orduan Tirori gaina hartu zion. Medoen gerretan feniziarren gudarosteak gogor egin zuen persiarren alde. Ondorioz, Feniziako hiriek helenismoaren eragina jaso zuten. Alexandroren kanpainan, hiri guztiek hura onartu zuten, Tirok ezik (K.a. 332an hartu egin behar izan zuen). Lagidek eta seleukotarrek beraientzat hartu nahi izan zuten. Anarkia eta anaiarteko gudu sail baten ondoren, Armeniako Tigranoren mendean gelditu zen Fenizia (K.a. 83-69), eta azkenik Erromako Inperioko lur bihurtu (Siriako probintzia, K. o. 64).

Erlijioa Aldatu

Jatorriz, nekazaritzari lotutako kultura zen feniziarrena. Jainkoak leku garaietan edo hirietako tenpluetan gurtzen zituzten, hiri bakoitzak bere jainkoak zituela. Giza opariak eskaini ohi zitzaizkien batzuetan, erregeen lehen semeak batez ere, Kanaango ohituren antzera. Baina, oso aukera berezietan izan ezik, abere bat eskaintzen zen haurren ordez. Adonis, Astarte, Atargatis, Baal, Exmun, Hadad eta Melkart ziren jainko nagusiak.

Artea Aldatu

 
Plater feniziarra, K.a. VII. mendekoa.

Feniziako arteak Mesopotamiako eta Egiptoko eragin handia izan zuen. Baina osagaien artean lortu zuten sintesian trebetasun bikaina erakusten du. Eskulturan Biblosko erraldoiak, estatua txikiak, behe-erliebeak gorde dira (Ugariteko estelak, Biblosko Ahiramen sarkofagoa).

Arkitekturan harria erabili zuten (ospe handia zuten feniziarrek eraikuntzan); hirigintza aurreratua zuten (ubideak, kaleak angelu zuzenez elkartzea), eta hilobi gangadunak egin zituzten.

Erreferentziak Aldatu

Kanpo estekak Aldatu