Ireki menu nagusia

Simone Lucie Ernestine Marie Bertrand de Beauvoir (edo Simone de Beauvoir), Parisen jaio zen 1908ko urtarrilaren 9an; idazle, irakasle eta filosofo feminista frantses ospetsua izan zen. Oso ezaguna egin zen, batez ere, emakumeen eskubideen aldeko borroka sutsua gauzatzeagatik; abortuaren despenalizazioaren  eta sexu-harremanen inguruko hainbat aldarrikapen egin zituelarik. Hainbat obra, saiakera, biografia eta monografia idatzi zituen, gai politiko, sozial eta filosofikoen inguruan. Beauvoiren pentsamendu filosofikoa existentzialismoan kokatzen da, nagusiki. Bere obrarik ospetsuena, Bigarren Sexua (1949) deiturikoa, feminismoaren istorian oinarrizkotzat hartu izan da.

Simone de Beauvoir
Simone de Beauvoir.jpg
Bizitza
Izen osoa Simone Lucie Ernestine Marie Bertrand de Beauvoir
Jaiotza Paris eta Parisko 6. barrutia1908ko urtarrilaren  9a
Herrialdea  Frantzia
Lehen hizkuntza frantsesa
Heriotza Paris1986ko apirilaren  14a (78 urte)
Hobiratze lekua Montparnasseko hilerria
Heriotza modua berezko heriotza: pneumonia
Familia
Bikotea(k) Jean-Paul Sartre
Claude Lanzmann
Nelson Algren Itzuli
Anai-arrebak
Leinua Bertrand de Beauvoir
Hezkuntza
Heziketa Parisko Unibertsitatea
Hizkuntzak frantsesa
Jarduerak
Jarduerak filosofo politikoa, kazetaria, eleberrigilea, autobiografialaria, saiakeragilea, militante politikoa, eguneroko-idazlea, women letter writerra Itzuli, filosofoa, feminista, literatura-kritikaria, idazlea, aktibista eta autorea
Lan nabarmenak The Mandarins Itzuli
When Things of the Spirit Come First Itzuli
Pyrrhus and Cineas Itzuli
Bigarren sexua
She Came to Stay Itzuli
Jasotako sariak
Nominazioak
Influentziak Jean-Paul Sartre
Mugimendua ateismoa
Feminismoa
existentzialismoa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa ateismoa
IMDb nm0003436
Simone de Beauvoir (signature).jpg


Eduki-taula

BiografiaAldatu

Gaztaroa eta ikasketak

Pariseko Boulevard Raspail auzoan kokatzen zen pisu batean jaio zen Beauvoir. Testuinguru kristau eta burges batean hezia izan zen; aita, George Bertrand de Beauvoir, abokatu eta aktore-zale amorratua izan zen eta ama, berriz,  Françoise Brasseur, oso emakume kristaua zen. Hélène de Beauvoirrekin, bere ahizpa txikiarekin, beti izan zuen harreman estu eta sakona. Bost urte zituela, bere gurasoek Cours Désir eskola katolikoan sartu zuten; familia burgesen alabak soilik joan zitezkeen eskola honetara. Bi urte geroago, bere ahizpa txikiak ere aipatutako eskola honetan hasi zituen bere ikasketak.

    Ikasketei dagokionez, gaitasun intelektual handiak adierazi zituen Beauvoirrek txikitatik eta horren ondorioz, beti izan zen (Elizabeth Lacoin bere lagunik onenarekin batera) eskolako ikaslerik onenetarikoa.  Nerabezaroan bere familiaren aurka jarki zen, ateoa zela esanez eta erlijioa gizakia menderatzeko tresna hutsala zela helaraziz.

      Gustave Brasseur (Beauvoiren amaldeko aitona) De la Meuse bankuaren burua izan zen, baina Lehenengo Mundu Gerraren ostean, bankuak porrot egin zuen. Hau zela eta, familia guztia lotsa eta desohore batean murgildu zen. Familiaren egoera ekonomiko tamalgarria zela-eta, Beauvoirtarrak Boulevard Raspaile auzoan  zuten  luxuzko etxea utzi  eta Rennes auzoko -igogailurik gabeko eta bosgarren solairuan zegoen- pisu xume eta ilun batera aldatu behar izan ziren. Beauvoir txikiak, etxeko egoeraren eta bere gurasoen uneoroko eztabaiden ondorioz, asko sufritu zuen. Gainera, bere aitak askotan errepikatzen zuen nahiago zuela semea izan balu, alaba baino. Honen harira, bere baitan ideia politiko-feminista guztiak jaiotzen hasten ziren. Beauvoirren aitaren ametsa eduki nahi zuen seme horrek Pariseko Eskola Politekniko ospetsuan ikastea zen. Honek, askotan esaten zion bere alabari “gizonezko garuna” zuela. Gurasoek argi zuten; familiaren egoera ekonomiko tamalgarritik ihes egiteko bide bakarra beraien alaben ikasketak zirela.

Beauvoirtarrak Saint-Ybard (Correzin kokatutako) herrixkan igarotzen zituzten udak. Beauvoirrek argiki kontatzen ditu momentu zoriontsu haiek Gazte zuzen baten oroitzapenak (1958) izeneko obran. Naturarekin zuen harreman estuak eta zelaian bakarrik egiten zituen ibilaldiek etorkizun ezberdin bat sortzeko nahia piztu zuten bere baitan. Hamabost urterekin, argi zeukan zein zen bere etorkizuna; idazle izatea, hain zuzen ere.

1925ean batxilergoa amaitu ostean, Beauvoirrek bere goi-mailako ikasketak Pariseko Institutu katolikoan hasi zituen (instituzio pribatu eta katoliko batean). Bertan, Matematika ikasketak burutu zituen, aldi berean Sainte-Marie de Neuilly institutuan ikasketa literarioak burutzen zituelarik. Unibertsitateko lehenengo urtea amaitzean, Matematika Orokorretan, Literaturan eta Latinen, ziurtagiriak lortu zituen. 1926ean berriz, Filosofia ikasketak hasi zituen eta urtebetera ziurtagiria lortu zuen. Ikasketa hauek amaitzean, Letretan lizentziatu zen, filosofian espezializatzeaz gain (1928ko udaberrian, Etikako eta Psikologiako ziurtagiriak lortu baitzituen). 1929an bukatu zituen unibertsitateko ikasketak, Leibnizen inguruko memoria bat idatziz. Horrez gain, Jean-Paul Sartre izeneko gazteaz maitemindu zen ikasketak burutzen ari zela. Geroztik, Beauvoirrek berarekin harreman aske bat izango zuen; ez baitzuten ezkontzan sinisten.


Beauvoir irakasle bezala

Filosofiako irakasle agregatu gisa lan egin ondoren, 1929an irakasle titularra izateko prestakuntza ekin zuen. Irakasle titular gisako lehen lanpostua, Marsellan eskuratu zuen. Sartrek, aldiz, Le Havren lortu zuen bere lanpostua, 1931ko martxoan. Beauvoirek ez zuen atsegin Sartre eta bera bananduta egotea; horregatik, bananduta ez egoteko, Sartrek ezkontza proposamena egin zion, Beauvoirren ezezkoa jasoz eta seme-alabarik eduki nahi ez zuela azalduz. Hurrengo urtean, Ruánera bidali zuten eskolak ematera, Sartretik hurbilago egotea lortuz. Eskolak ematen zituen garaian, aipatzekoa da, Beauvoirrek maitasun erlazio andana eduki zituela ikasle batzuekin. Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehen, Beauvoir eta Sartre Parisera bidali zituzten. 1936tik 1938ra bitartean, Beauvoirek Molière lizeoan irakatsi zuen, baina kaleratua izan zen, Bianca Bienenfeld izeneko ikasle batekin izandako maitasun harremana medio.


Idazle izandako garaia

Jean-Paul Sartre, Raymond Aron, Michel Leiris, Maurice Merleau-Ponty, Boris Vian eta ezker alderdiko beste pentsalari frantses batzuekin batera, Les Temps Modernes (1945) izeneko aldizkaria sortu zuen. Bertan, existentzialismoaren korrontea zabaltzen ahaleginduko zen, literatura garaikidearen bitartez. Hainbat saiakera eta nobela argitaratu zituen, horietan komunismoarekin, ateismoarekin eta  existentzialismoarekin zuen konpromezua adieraziz.

Ekonomikoki independizatzea lortu zuenean, idazle izateari ekin zion. Herrialde asko bisitatu zituen; horien artean, AEB, Txina, Errusia eta Kuba, besteak beste. Modu honetara, Fidel Castro, Che Guevara, Mao Zedong edota Richard Wright bezalako komunistak ezagutzeko aukera izan zuen.

 
Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartre Che Guevarari eginiko elkarrizketan, 1960an.


1949an, Bigarren Sexua (1949 )izeneko liburua argitaratu zuen, gerora bere liburu arrakastatsuenetarikoa izango zena. Aste batean, 22 mila ale baino gehiago saldu zituen, eta iskanbila izugarria sortu zuen. Horrez gain, eztabaida literario eta filosofikoen gai nagusi bihurtu zen, Egoitza Santua saiakeraren aurka azaldu zelarik. Obra hau, hainbat hizkuntzetara itzulia izan zen, emakumeen aldeko mugimendu askatzailearen sortzaileen erreferentzi teorikoa bihurtu zelarik. Emakumeak gizartean zuen papera azaldu ondoren (menpekotasun egoera), mugimendu feministaren aitzindari bilakatu zen Beauvoir. Emakumeen egoerari buruzko azterketa sakona egin zuen eta amatasun eta abortuari buruzko kapituluek, bereziki, izugarrizko istilua sortu zuten (garai hartan, hilketaz hitz egitea bezala zen). Ezkontzea instituzio burges eta prostituzioaren parekoa zela esaten zuen, non emakumea ekonomikoki gizonaren menpe egotera behartzen zen, independizatzeko aukerarik eduki gabe.

1954an, Mandarindarrak nobela argitaratu ostean, elkarte intelektualak literaturarako zuen gaitasuna goraipatu zuen. Goncourt sari ospetsua irabazi zuen nobela hori idazteagatik. Une horretan, Simone de Beauvoir mundu mailan irakurle gehien zituen idazletako bat zen.

1958an, autobiografia idazteari ekin zion. Lan horretan, inguru burgesean hezitzea zertan datzan deskribatzen du, hala nola, ohitura zorrotzetatik desegiteko zer-nolako ahaleginak egin zituen azaltzeaz gain, Sartrerekin izandako harremanaz idatzi zuen.

1964an, Heriotza oso gozo bat argitaratu zuen, bertan bere amaren heriotza azaltzen zuelarik. Zirraraz beteriko nobela honen kontakizuna eutanasiak eta doluak osatzen dute.


Sartreren heriotza eta Beauvoirren azken urteak

1980ean Sartre hil zen eta denbora batera, Agurraren Zeremonia (1981) argitaratu zuen Beauvoirek. Nobela horretan, azken hamar urteetan Sartrerekin izandako bizipenak azaltzen ditu. Idatzi hau, 1974ean (abuztu eta irailaren artean) Erroman grabatutako beraien arteko elkarrizketek osatzen dute. Elkarrizketa hauetan, Sartrek bere bizitzari buruz hausnarketa egiteaz gain, bere ekoizpen intelektualari buruzko zalantzak azaltzen ditu. Elkarrizketen bidez Beauvoirrek Sartreren ideologia Benny Lévy filosofo eta idazleak manipulatu zuela erakutsi nahi zuen. Izan ere, Lévyk Sartre estutu zuen existentzialismoan kutsu erlijiosoa zegoela onartarazteko; nahiz eta Sartrek eta beste hainbat existentzialistek onartu ateismoa zela beraien oinarrietako bat. Nobelan azaltzen da, baita ere, Sartreren eta bere alabaren, Arlette Elkaïm-Sartreren, arteko harremana nolakoa izan zen.

1955etik 1986ra, Beauvoir Parisko Victor-Schœlcher kaleko 11bis zenbakian bizi izan zen, bere alaba adoptatuarekin (Claude Lanzmaan) batera. Montparnasseko hilerrian lurperatu zuten Sartreren ondoan.

 
Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartreren hilobia.







Lan literarioakAldatu

Bigarren Mundu Gerran, Beauvoir Parisen bizi zen; hiria Nazien okupazioaren menpe zegoenean. Garai horretan idatziko zuen bere lehenengo nobela: Gonbidatua (1943) . Obra honen bidez dilema edo zalantza existentzialista andana landu zituen: horien artean, askatasuna eta gizabanakoen ardura, besteak beste.

1945ean, Jean Paul Sartre eta beste hainbat aditurekin batera, Garai Berriak izeneko aldizkaria sortu zuen. Bere obra autobiografikoetan ere agertzen dira tesi existentzialistak; esate baterako: Gazte zuzen baten oroitzapenak (1958) eta Egindako kontuak (1972) lanetan. Beauvoiren obra guztietan, bere bizitzan izandako egoerak anitz ondo irudikatzen dira. Arrakasta gehien lortu zuten lanei dagokienez, alde batetik, Bigarren Sexua (1949) dago, non garai haietan emakumeak zuen papera modu argian azaltzen den; bestetik, Zahartzaroa (1970), zaharrek bizitzen zituzten baztertze egoerak azalarazten dituena, eta azkenik, Agurraren Zeremonia (1981), bere bidelagun zen Jean-Paul Sartreren bizitzari buruzkoa; eztabaida mordoa piztu zituena.

Feminismoa eta Bigarren SexuaAldatu

1963an Beauvoirrek feminismoaren definizio bat eskaini zuen: “indibidualki bizitzeko modu bat eta elkarrekin borroka egiteko modu bat” . Bigarren Sexua (1949) izeneko bere obran, emakumea mendebaldeko gizartearen sorkuntza hutsala dela azaldu zuen. Emakumea ama, emazte, alaba eta arreba bezala ezagutua izan dela azpimarratu zuen; emakumeen  identitatea berreraikitzeke eta zehazteke dagoela. Emakumeei lotzen zaizkien ezaugarriak ez dira genetikoak, gizartearen eraikuntza baizik. Beauvoirrek esaldi ezagun bat idatzi zuen honen inguruan: “Ez gara jaiotzen emakumeak bezala, emakumeak izatera heldu behar gara”.

Egungo gizarteak, Simone de Beauvoir transzendentzia, autonomia eta askatasunarekin lotzen du. Bigarren Sexua (1949) obraren printzipio nagusienak Europako berdintasun politikoetan ezarri dira; hainbat unibertsitateetan azterketa feministetarako hartuak  ere izan direlarik.


Abortuaren aldeko borrokaAldatu

Abortuaren aldeko aldarrikapen anitzak egin zituen; esate baterako, Frantziako abortuaren legalizazioan izan zuen parte-hartzea. Haimirekin batera, Choisir izeneko mugimendua sortu zuen eta 343ko Manifestuaren idazlea ere izan zen. Abortuaren inguruan, honako hau azpimarratu zuen: “Abortua gizakiaren garapen natural eta historikoaren zatia da. Hau ez da abortuaren inguruan egiten dudan aldeko edo kontrako argudio bat, ekintza ukaezin bat baizik. Ez dago herririk ez menderik, non abortua ez den eman modu legal edo ilegal batean. Abortua gizakiaren izatearekin lotuta dago…”  

Simone de Beauvoirrek eta beste hainbat emakumek (hala nola, Gisèle Halimi eta Elisabeth Badinter) gauzatutako aldarrikapenek, Argeliako Gerran emakumeek pairatutako tratu txarren aitorpena lortzeko balio izan zuten.


Simone de Beauvoir sariaAldatu

Beauvoirrek emakumeen alde egindako lan guztiaren omenez, 2008an Simone de Beauvoir saria sortu zuten. Julia Kristeva izan zen proiektu hau aurrera eramatea lortu zuena, Parisko Diderot Unibertsitateak finantziatuz.

Lanen zerrendaAldatu

 
Bigarren sexua

Eleberria

  • Gonbidatua (1943)
  • Besteen odola (1945)
  • Gizaki guztiak hilkorrak dira (1946)
  • Mandarindarrak, (1954), Goncourt sariduna
  • Irudi ederrak (1966)
  • Emakume apurtua (1968)
  • Espiritualitatea nagusitzen denean (1979)

Saiakera

  • Pyrrhus eta Cinéas (1944)
  • Pour une morale de l'ambiguïté (1947)
  • L'Existentialisme et la Sagesse des nations (1948)
  • Bigarren sexua (1949)
  • Privilèges (1955)
  • Martxa luzea (1957)
  • Faut-il brûler Sade? (1972)

Memoriak

  • Amerika egunez egun (1948)
  • Neska gazte zintzo baten memoriak, Mémoires d'une jeune fille rangée (1958)
  • Adinaren indarra (1960)
  • Gauzen indarra, La Force des choses (1963)
  • Heriotz oso gozo bat (1964)
  • Zahartzaroa, La Vieillesse (1970)
  • Egindako kontuak (1972)
  • Agurraren zeremonia (1981)

Antzerkia

  • Aho ezdeusak (1945)

ErreferentziakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Simone de Beauvoir  
  • Agirreurreta, Arantxa.- Simone de Beauvoir : emakume libre bat XX. mendean.- Donostia : Elkar, 2008.
  • Aguilar, Madrid. (1977). Obras Completas Tomo II - Simone de Beauvoir. (M. Aguilar, Ed.) Madrid, España. ISBN 9788403040885
  • Bair, Deirdre (1990). Simone de Beauvoir: a biography.. New York, Summit Books. ISBN 9780671606
  • Blanco, José Joaquín (2004). La soledad de los optimistas. Mazatlán: Ediciones cal y arena.
  • Godayol, Pilar (2017) Tres escritoras censuradas: Simone de Beauvoir, Betty Friedan y Mary McCarthyl. Granada: Comare
  • López Paradina, Teresa (1999). Simone de Beauvoir. Ediciones del Orto. p. 94. ISBN 9788479232160.
  • Sanabria, José Rubén. «Simone de Beauvoir. Rebelión y libertad.». ESTUDIOS filosofía, historia y letras.
  • Wikipedia.Simone de Beauvoir.< https://es.wikipedia.org/wiki/Simone_de_Beauvoir>
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Simone de Beauvoir