Hiria 1517an sortu zen, eta herrialdearen nekazaritza-aberastasunak ekarri zion garapena. Richelieu kardinalak eta Sébastien Le Prestre de Vaubanek gerrako portu bihurtu zuten. XIX. mendeko merkataritza-jarduerak eraginik, hazaldi bikaina izan zuen. Bigarren Mundu Gerran, portua erabat suntsitua eta hiria jota gertatu ziren. Gaur egun, itsasontzirik handienak ere sar daitezke, orduz geroztik egindako lanei esker.
Atlantikoan zeharreko joan-etorri gehien duen Frantziako portua da; merkataritza-jarduerari dagokionez, berriz, Frantziako bigarrena (53.960.000 tonako sartu-irtena 1983an) eta Europako hirugarrena. Produktu tropikalez gainera, hidrokarburoak sartzen dira, batez ere; hala Petit-Couronne, Port-Jérôme eta Gonfrevilleko findegiak nola Parisko eskualdeak petroliobide bidezko lotura dute Le Havrerekin. Hiria ere industria handiz horniturik dago: itsasontzigintza, eraikuntza mekanikoak, petrokimika-industriak eta zurgintza.