Sexurako adostasun-adin

pertsona heldu batekin sexu-harremanak izateko gutxieneko adina, legeak ezartzen duena

Sexurako adostasun-adina da harreman sexualak edo eduki sexualarekin lotutako beste esparru batzuk (elkarrizketak, irudiak edo bideoak) izateko emandako baimen baliagarria lege-ondorioak dituena; adin horretatik behera emandako baimenak ez du baliorik. Espainian, legeak xedatutako adina 16 urtekoa da, Zigor Kodearen 183.1. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuz; adin horretatik beherako pertsona batekin izandako harreman sexuala indarkeriazkoa dela presumituko da eta, benetako indarkeria edo abusurik egon zein ez egon, bortxaketa delitutzat hartu eta zigortuko da. Adostasunik gabeko sexu-harremana bortxaketatzat hartzen da.

Sexu heterosexualerako adostasun-adina hainbat herrialdetan.

Aipatu beharra dago, baita ere, adostasun sexualeko adinaren inguruan mintzatzen gauden arren, adin hori duen pertsona batekin harremana izateak ez duela zertan esan nahi adostasuna dagoela. Ekintza sexuala egiten dauden pertsonetako batek ez badu bere adostasuna ematen, delitu baten aurrean egongo gara kasu horretan ere. Berriki Zigor Kodean aldaketa bat egiteko proposamena aurkeztu da, adostasun sexual esplizitu bat galdatzen duena harremana edukitzeko mementoan, Belgika, Alemania, Islandia eta Irlandako legedian xedatzen den moduan. Proposamen hau “La Manada” kasuan gertatutakoa oinarri harturik sortu zen.[1]

Bortxaketak, sexu-erasoak eta sexu-abusuak hainbat lege-definizio izan ditzakete. Oro har, bortxaketa, sexu-erasoa eta sexu-abusua baimenik gabeko sexu-harremana duten indarkeria-motak dira. Ez da beharrezkoa arma bat egotea, ezta biktimak behin eta berriz aurre egitea, oihukatzea edo "ez" esatea ere, ekintza bat bortxaketa edo sexu-erasotzat har daiten. Oro har, erasotzailea biktimak ezagutzen duen norbait da, baita bikote erromantiko bat ere, baina ezezaguna ere izan daiteke. Denok izan gaitezke biktima, generoa, sexu-orientazioa edo adina kontuan hartu gabe. Hala ere, pertsona talde batzuek beste batzuek baino joera handiagoa dute bizitzan sexu-erasoak jasateko. Emakumeek, LGTB gisa identifikatzen diren pertsonek edo  garatzeko ezintasunak dituzten pertsonek joera handiagoa dute beren bizitzan sexu-erasoak jasateko.[2]

Herrialde askotan, bereziki Latinoamerikan, ohitura da emakumearen 15 urteak ospatzea. 15 urte izateak emakumeek haien bizitza sexualari hasiera emateko adina markatzen du; aintzat hartuta beren heldutasun biologikoa, fisikoa eta psikologikoa, harreman sexual baimenduak edo adostuak burutzeko ahalmena lortzen dute. Herrialde gehienetan, adostasun sexuala emateko gutxieneko adina 14 eta 16 urte bitartekoa da; baina herrialde gutxi batzuek 18 urterekin uzten duten (Estatu Batuetako estatu batzuetan, Malta, Turkia...).

Sexurako adostasun-adina HistorianAldatu

Adostasun sexualeko adina, tradizioz, ohitura eta usadio herrikoiak jarraitzen zituen familiaren jarrera zen. Munduko eremu gehienetan, muga pubertaroaren unean ezartzen zen, emakumeen hilekoa iristen zenean. Hau, adibidez, erromatar munduan gertatzen zen, ohikoa baitzen neskak ezkondu eta haurrak izatea pubertaroa hasi eta gutxira. Bestalde, adostasun sexualeko adinaren inguruko lehen erregulazioa XIII. mendekoa da. Ingalaterran izan zen eta 12 urtetan finkatu zen. XVIII. mendean herrialde askok arautu zuten auzia. Esate baterako, Frantziako lehen konstituzioak 11 urteko baimen-adina ezarri zuen, eta Portugalek eta Danimarkak 10-12 urtekoa. Estatu Batuetan, estatu gehienek 10-12 urteko muga ezarri zuten, Delaware izan ezik, non muga 7 urterekin ezarri zen.[3]

XXI. mendea eta gaur egungo egoeraAldatu

XXI. mendean, adingabeenganako turismo sexualak eta adingabeen merkatalgo sexualaren ustiapenak hedadura handia izan zuten, eta horrek jurisdikzio ugariko legediaren aldaketak eragin zituen. Baita nazioarteko hainbat tresnaren sorrera ere, adibidez, eraso sexualaren eta ustiapenaren kontrako adingabeen babesari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena; edota 92/2011 direktiba, eraso sexualaren kontrako borrokari buruzkoa.

Horietaz gain, nazioarteko zenbait protokolo ere sartu dira indarrean, horien artean, 2002ko protokoloa, adingabeen salerosketa, umeen prostituzioa eta pornografian adingabeen erabilera egitea arautzen dituena.[4]

EzkontzaAldatu

Estatu batzuetan, ezkondu ahal izateko galdatutako adina adostasun sexualekoa baino baxuagoa denean, lehenengoak lehentasuna du bigarrenaren aurrean. Beste herrialde batzuetan, batez ere kultura musulmanean, ez dago adostasuna emateko adin zehatzik. Hala ere, ezkontza legezko betekizun bat da harreman sexualak edukitzeko, beraz, ezkontzatik kanpo egindako sexu-ekintzak legez kontrakotzat jotzen dira.

Pedofilia eta pederastiaAldatu

Pedofilia kontzeptu psikiatriko bat da; aldiz, pederastia, kontzeptu juridikoa. Pedofilia desbideratze sexual bat da, zeinetan pertsona batek umeekin harreman-sexuala izaten duen, normalean 12 urte baino gutxiago duten mutil eta neskekin. Pertsona bat termino honekin kalifikatu ahal izateko, adin-nagusikoa izatea baitezpadakoa da, baita, harreman hori izan duen umearen adinarekin konparatuz, 5 urteko aldea izatea, gutxienez. Beraz, nerabeak diren pertsonak ez dira pedofilotzat hartuko, 12 edo 13 urteko umeekin harremana izaten dutenak.

EspainiaAldatu

Esan bezala, Espainian adostasun sexualeko adina 16 urte dira, Espainiako Zigor Kodeak xedatzen duenaren arabera. Izan ere, 183.1. artikuluak dio, adin hori baino gutxiago duen pertsona batekin sexu-harremanak dituen pertsona, adingabe baten sexu-abusuaren delitugiletzat hartuko dela:

Norbaitek hamasei urte baino gutxiago dituen adingabe batekin sexu izaerako egintzak egiten baditu, pertsona horri, adingabe baten sexu-abusuaren erantzule gisa, bi urtetik sei urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaio”.[5]

Hala ere, adin hori ez da beti horrela izan, 2007an Europako Kontseiluak eta Nazio Batuek adostasun sexualaren adina igotzeko eskatu zioten Espainiari. Garai hartan, Espainiak kontinenteko adin txikienetako bat zuen, 13 urterekin. Nazio Batuek eta Europako Kontseiluak alegatu zuten ez dela sinesgarria 15 urtetik beherako haur batek sexu-harreman baterako heldutasuna izatea; baina, era berean, urte horietan gazteen artean izandako esperimentazioa babesteko eskatu zuten, baldin eta nahitaezko harremana ez bazen. Azkenik, 2015ean, Senatuak 16 urtetan berretsi zuen baimen sexualaren gutxieneko adina. Azken ordura arte, adin hori 14-15era jaistea aurreikusi zuten oposizioak eskatu zuelako, baina uko egin zion zuzenketa horri, espetxealdi iraunkor berrikusgarria kentzeko eskatu zuenarekin egin zuen bezala. Hau zioen orduan EAJk:

"Adostasun horretarako adina 16 urterekin aldatzea adin horretako adingabeen heldutasun afektibo eta sexuala gutxiestea iruditzen zaigu, 15 urterekin beren afektu emozional eta sexualei buruz erabakitzeko prest baitaude".

Gaur egun, 16 urterekin ezkondu, gidatu, ehizatu, lan egin, hilaur egin, erantzukizun penalak izan (nahiz eta kartzelara ez joan) eta baimena eman dezakezu.[6]

Sexurako adostasun-adina EuropanAldatu

Europako ordenamendu juridikoak desberdinak izan arren, honako puntu edo arauak dituzte komunean: ezin da adingabeekin egindako sexu-ekintzen filmatze espliziturik egin (pornografia), ezin da kaltetu osotasun fisiko edo morala, eta sexu-harremana ezin da izan hertsapenaren, mehatxuen edo indarkeriaren ondorioa, dirua tartean dela edo adingabearen kontzientziarik gabe (alkoholaren edo drogen eraginpean dagoelako). Era berean, herrialde batzuetan adingabetzat hartzen dira 18 urte edo gehiago izan arren beren burua askatasunez erabiltzeko aukerarik ez duten pertsonak (normalean buruko arazoengatik).

14 urteAldatu

14 urteko adostasun sexualeko adina hainbat herrialdetan dago araututa: Albania (emakumeen kasuan, 14 urte izateaz gain, sexualki heldua izatea ere galdatzen da), Alemania, Andorra, Austria (adingabea ekintza sexual horrek duen esanahiaren kontziente izatea galdatzen da), Bosnia-Herzegovina, Bulgaria, Estonia, Hungaria, Italia, Liechtenstein, Mazedonia, Montenegro, Portugal, San Marino eta Serbia.

Herrialde hauen artean zeinbat xedapen gehigarri ditugu; adibidez, Hungarian, adostasun sexualeko adina 15 urtekoa izan daiteke, pertsona horren bikotekidea 19 urte baino gehiagokoa bada. Italiaren kasuan, bestalde, posible da adostasun sexualeko adina 13 urtekoa izatea pertsonaren bikotekidea 16 urte baino gutxiagokoa denean.

15 urteAldatu

Adostasun sexualeko adina 15 urtetik gorakoa xedatuta duten herrialdeak hainbat dira: Kroazia, Frantzia, Polonia, Errumania, Grezia, Txekiar Errepublika, Suedia, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Islandia eta Monako.

Greziar legediari dagokionez, aipagarria da honako xehetasun hau: adostasun sexualeko adina 15 urtekoa den arren, badu xedapen zehatz bat harreman homosexualen kasurako, zeinetan esaten duen gizonen arteko harremanetan adostasunerako adina 17 urtekoa izango dela.

16 urteAldatu

Europan badaude hainbat herrialde adostasun sexualeko adina 16 urtekoa xedatua dutenak, haien artean, Espainia, aurrerago aipatu izan dugun moduan. Beste herrialdeak honako hauek dira: Armenia, Azerbaijan, Belgika, Bielorrusia, Finlandia, Georgia, Kazakhstan, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Moldavia, Herbehereak, Norvegia, Erresuma Batua, Errusia, Suitza eta Ukraina.

17-18 urteAldatu

Eta, azkenik, 17 eta 18 urteen artean dauden adostasun sexualeko adinak ditugu Europan. Alde batetik, 17 urtekoa Zipren eta Irlandan, eta, beste alde batetik, 18 urtekoa Maltan eta Turkian.

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Edad de consentimiento sexual» BUFETE VELÁZQUEZ - ABOGADOS EN MADRID 2018-08-29 (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  2. (Gaztelaniaz) «¿Qué es el Consentimiento Sexual? | Datos sobre Violación y Agresión Sexual» www.plannedparenthood.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  3. (Gaztelaniaz) «Edad del consentimiento sexual» Garanley Abogados 2015-09-19 (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  4. (Ingelesez) Age of consent. 2020-12-04 (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  5. «183.1. art.» Zigor Kodea. Deustuko Unibertsitatea, 165 or. ISBN 84-7485-958-1..
  6. (Gaztelaniaz) Trula, Esther Miguel. (2019-12-16). «Ni el feminismo ni la izquierda: quien aumentó la edad del consentimiento sexual a los 16 años fue el PP» Magnet (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).

Kanpo estekakAldatu