Mao Zedong
Mao Zedong[1] (ⓘ; txinera tradizionalez: 毛澤東; txinera sinplifikatuz: 毛泽东 Shaoshan, Hunan, 1893ko abenduaren 26a - Beijing, 1976ko irailaren 9a) politikari, estatu gizon eta poeta txinatar bat izan zen. 1921ean Txinako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen. Nekazariak erreboltatu eta Hunan probintzian matxinatzen saiatu zen, baina porrot egin zuen. Pixkanaka bere irizpideak alderdian ezarri zituen, eta 1935ean mugimendu komunistako buru izatera iritsi zen. 1949an, gerra zibil luze baten ondoren, Txinako Herri Errepublika aldarrikatu zuen.
Txinako Alderdi Komunistaren Politburoko presidente izan zen 1943tik eta Komite Zentraleko presidente 1945etik hil zen arte. Lidergo horren pean, Alderdi Komunistak Txina gobernatu zuen ,Txinako Gerra Zibila irabazi ondoren, 1949an Txinako Herri Errepublika sortu zuen arte.
Maok marxismo-leninismoaren adar esanguratsu bat garatu zuen, maoismo izenaz ezagutzen dena, estalinismoaren ideologia politikoaren gisakoa. Boterean egon zen hamarkadatan, nekazaritza kolektibizatu zuen Aurrerako Jauzi Handia plangintza sozioekonomikoaren bitartez. Sobietar Batasunarekiko aliantza bat sortu zuen, geroago hautsi. zuena Geroago, 1960ko hamarkadan, Iraultza Kulturala bultzatu zuen.
Maori aitortzen zaio Txina bateratu, baketsu eta atzerriko menderakuntzarik gabeko baten sorrera, Lehen Opioaren Gerraz geroztik lehen aldiz; aldi berean, kritikatu izan zaio 1958–1961eko goseteagatik eta Iraultza Kulturalak ekarri zuen indarkeriagatik.
Haurtzaroa eta gaztaroa
aldatuMao Zedong lau senideren artean lehena izan zen nekazari familia oparo samar batean. Shaoshan herrixkan jaio zen, Xiangtan eskualdean, Hunan probintzian. Bere arbasoak leku hartara emigratuak ziren Ming dinastiaren garaian eta zenbait belaunalditan nekazaritzan aritu ziren jarraian.[2]
Bere jatorrizko Zedong izenaz gain, Maok adeierazko beste izen bat ere izan zuen, Rúnzhi (txinera tradizionalez: 潤之; txinera sinplifikatuz: 润之) helduaroan bere familiaz kanpokoek erabiltzen zutena. Kortesiazko izenen erabilera, ordea, galdu egin zen XX. mendean; horregatik, Maoren beste izen hori ez da oso ezaguna gaur egun.[3]
Xinhai Iraultzan, 1911n, Qing dinastiaren erortzearekin eta Txinako Errepublika berriaren aldarrikapenarekin amaitu zena, Hunango armada probintzialean zerbitzatu zuen. 1910eko hamarkadan, Mao eskolara itzuli zen, arreta berezia jarrita jarduera fisikoan eta ekintza kolektiboetan.[4]
1918an, Hunango Unibertsitate Normalean graduatu ondoren, Mao bere bigarren hezkuntzako Yang Changji irakasle eta, gerora, aitaginarreba izango zuenarekin batera bidaiatu zuen, Pekinera, Maiatzaren Lauko Mugimenduaren garaian, Yangek Pekingo Unibertsitatean postu bat lortu zuenean. Yangen gomendioei esker, Maok laguntzaile lana lortu zuen unibertsitateko liburutegian. Aldi berean, Pekingo Unibertsitatean lanaldi partzialeko ikasle gisa erregistratu zen, eta garai hartako jakintsuen hitzaldi askotan parte hartu zuen, hala nola Chen Duxiu, Hu Shih eta Qian Xuantong. Ikasle zelarik, irakurketan ordu luzeak emateko aukera izan zuen, eta horrek eragin nabarmena izan zuen bere bizitzan. Pekinen ezkondu zen lehen aldiz, Yang Kaihuirekin, unibertsitate bereko ikaslea zena eta Yang Changji irakaslearen alaba.[5]
Kanpora joan ordez, herrikide erradikal askok garai hartan egin zuten gisan, Maok erabaki zuen Txinan zehar bidaiatzea, luze eta zabal, 1920ko hamarkadan; Hunanera itzuli zen gero, han hasi baitzen ekintza kolektiboak sustatzen eta langileen eskubideen aldeko mugimendua indartzen.[6][7]
27 urte zituela, Txinako Alderdi Komunistaren lehen kongresuan izan zen, 1921eko uztailaren 23an, Shanghain.[8] Lehen kongresu hartan Mao Zedongek esan zuen: «marxismoak salbatuko du Txina».[9] Bi urte geroago, Batzorde Zentraleko kide aukeratu zuten hirugarren kongresuan. Denboraldi batez, Shanghain aritu zen lanean, Alderdi Komunistaren egoitza zegoen lekuan, baina langileak antolatu beharreko alderdiak porrot egin eta gero,[10] eta Kuomintang Alderdi Nazionalistarekin (KMT) aliantzak sortutako arazoen ondoren, mugimendu iraultzailearekin desilusionatuta geratu zen Mao, eta bere Shaoshan herrixkara itzuli zen, itxuraz politikatik erretiratuta.[11] Denbora horretan, neurastenia mota bat ere garatu zuen, bere bizitza osoan noizbehinka errepikatuko ziren depresioak eragiten zizkiona. Hala ere, politikarekiko interesa berpiztu egin zen 1925ean Shangaiko eta Guangzhouko matxinada bortitzen ondoren.[12][13]
Garai haietan, KMTk antolatutako Nekazarientzako Trebakuntza Institutuko zuzendaria izan zen Mao. 1926an, Hunanera itzuli zen. Zuhaitzek azala erauzita zutela zioen ikusirik, gogora etorri zitzaion haurtzaroan ezagututakoa, gosetean Txinako nekazariek zuhaitzen azalak jaten baitzituzten. Esperientzia hartan oinarrituta idatzi zuen 1926an Klaseen analisia Txinako gizartean,[14] eta 1927aren hasieran Hunango nekazarien mugimenduaren ikerketa bati buruzko txostena,[15] non aldarrikatzen baitzuen nekazari txirorik gabe ez zela iraultzarik egongo. Txosten hura teoria maoistaren lehen lan garrantzitsutzat jotzen da.
Txinako Alderdi Komunistak eta Kuomintang Alderdi Nazionalistak osatu zuten fronte batuaren barruan, armadako lan politikoa alderdi komunistako kideen esku zegoenez nagusiki, Mao Guangzhoura joan zen, non Sun Yat-sen KMTren sortzaileak Whampoa Akademia Militarra eratu baitzuen; komunista txinatarrek bertan lagunduko zuten, III. Internazionalak hala eskatuta.[16]
Whampoko Akademia Militarraren bidez, KMT eta Alderdi Komunista borroka armatua prestatzen ari ziren herrialdea batzeko, bakoitzaren eraginpeko guneetan banatuta.
Gerra eta iraultza
aldatu1927ko udaberri eta udan Txinan piztu zen izuari ihes egin zion Maok, ordurako Chiang Kai-sheken figura nagusi baitzuen KMTk komunistekiko aliantza hautsi zuenean. Berriz ere Hunanera itzulirik, Udazkeneko Uztaren Altxamenduaren buru izan zen Mao, Changshan, boterea eskuratu eta Hunan probintzia independente bihurtzeko asmoz, KMTren eraginpetik askatuta. Matxinada garaitua izan zen, eta Mao bera fusilatua izateko zorian egon zen, baina fusilamenduaren lekura zeramaten guardietatik ihes egitea lortu zuen.[17]
Borroka gogorren ondoren, Mao eta bere talde gerrillaria Jinggang mendietan babestu ziren, Txinako hego-ekialdean. Handik pixka batera, Zhu De eta Zhou Enlairen tropekin bat egin zuten, haiek ere KMTren erasoalditik ihesi baitziren, eta eskualde hartan lehen base iraultzailea sortuko zuten, estatu berri baten enbrioia, Txinako Sobietar Errepublika, zeinaren presidente hautatu baitzuten Mao. Denboraldi hartan ezkondu zen Mao He Zizhenekin, Yang Kaihui lehen emaztea KMTko indarrek hil ostean.[18]
Maok, Zhu Deren laguntzarekin, gerrilari armada apal baina oso eraginkor bat antolatu zuen, landa eremuan erreformak ezarri zituen, eta hirietan egiten ziren garbiketa etengabeetatik ihes egindako komunistak aterpez hornitu zituen. Alderdi Komunista hazi egin zen berriro; Armada Gorriak garai hartan 60.000 pertsona inguru zituen.
KMTren presio gero eta handiagoaren ondorioz, indar komunisten aurkako setioa estutzen zuelarik, buruzagi komunisten artean borroka bat sortu zen boterea hartzeko. Mao kargutik kendu zuten eta Zhou Enlai buruzagiak eta beste batzuek ordezkatu zuten, Internazional Komunistak markatutako lerroarekin lotura handiagoa zutenak. Une hartan alderdi zuzenduko zuen taldeak, Wang Ming eta Zhang Wentian buru zirelarik, «hogeita zortzi boltxebikeak» izena jaso zuen.[19]
Chiang Kai-shek, Txinako Errepublikako hiriburu Nanjingen bere boterea sendotu zuenez geroztik, mugimendu komunista amaiarazteko grinak jota zegoen. KMTk bost kanpaina militar abiarazi zituen, 1931-1934 artean, Txinako Sobietar Errepublika inguratu eta mugako base hartan babestutako komunistak deuseztatzeko.[20] Lehenengo lau erasoak Armada Gorriak baztertu zituen, herritarren babesarekin, gerrillaren taktika militarrak aplikatuta. Mao Zedongentzat Txinako iraultzak oinarrizko printzipio bat zuen: nekazarien gerra, etsaia base komunistetara erakarri eta gerrillaren taktikak aplikatzeko, Maok honela laburbiltzen zuena: «Etsaiak aurrera egiten duenean atzera egiten dugu, etsaiak kanpatzen duenean zigortu egiten dugu, borrokatu nahi ez duenean eraso egiten diogu, eta ihes egiten duenean, jazarri egiten dugu» (txinera tradizionalez: 敵進我退,敵駐我騷,敵疲我打,敵退我追。.[21] Taktika horrekin eutsi zieten armadaren baseei, eta, horrela, Armada Gorria KMTren armez eta munizioz jabetzen joan zen pixkanaka.
1934ko urrian, KMTko armadak milioi bat soldadurekin aurrera egin zuen komunistek kontrolatutako Txinako sobietar errepublikaren aurka, setio eta suntsiketa bosgarren kanpainan. Alderdi Komunistaren zuzendaritzan, Maoren ildoa gutxiengoan geratu zen, eta eskuindarra izatea leporatu zioten. Maoren eta Zhu Deren iritzien kontra, posizio gerra bat bultzatu zen, armada konbentzionalen artekoa. Armada Gorriak iniziatiba galdu zuen, garaitua izan zen eta ihes egin behar izan zuen, Txinan zehar egindako bidaia batean. Martxa Luzea izenez ezagutu zen.
1935eko urtarrilean iritsi ziren Zunyi herrira. Bertan, Buro Politiko zabalduaren bilera garrantzitsu bat egin zen, non azken urteetan egindako akats larriak kritikatu baitziren. Posizio gerran oinarritutako lerro militarra gogor kritikatua izan zen, gerrila taktika zokoratzen baitzuen, eta hura bultzatu zuten arduradunak zalantzan jarriak izan ziren. Mao Zedong buruzagi militarra izendatu zuten. Ildo maoista nagusitu zen, beraz, Txinako Iraultza landatik hirira egin behar zela aldarrikatzen zuena, eta ez zela Errusiako Iraultza bezalako langile iraultza bat izango, baizik, funtsean, nekazarien iraultza bat.[22][23]
— Mao Zedong - 1927ko otsaila.[24]革命不是請客吃飯,不是做文章,不是繪畫繡花,不能那樣雅緻,那樣從容不迫,文質彬彬,那樣溫良恭讓。革命是暴動,是一個階級推翻一個階級的暴烈的行動。
Iraultza ez da afari bat, ez entsegu bat, ez pintura bat, ez brodatu zati bat; ezin da izan hain fina, hain lasaia eta leuna, hain epela, atsegina, adeitsua, murritza eta arranditsua. Iraultza matxinada bat da, klase batek bestea botatzeko erabiltzen duen indarkeria ekintza bat.
Japoniak Txina inbaditu zuen, 1931n Mantxuria okupatu baitzuen, eta Alderdi Komunistaren baitan eztabaida bizi bat piztu zen, zer-nolako jarrera hartu japoniarren inbasioaren aurrean. 1932an Txinako Sobietar Errepublikako gobernuak gerra deklaratu zion Japoniari. Ildo maoista gailendu zen, hau da, iparralderantz jo behar zela Japoniarren inbasioari aurre egiteko, eta, horretarako, Yan'ani base militar komunista bat ezarri zuten. Hura izango zen Martxa Luzearen amaiera, hasi eta urtebetera, 12.500 km egin eta gero. Jinggang mendietatik abiatu zirenean 80.000 ziren, baina hamarretik bat baino ez ziren iritsi. Maok aitortu zuenean, bere bizitzako unerik lazgarriena Martxa Luze hartan izan zen, komunistak zatitu eta Internazional Komunistak Maoren aurkako zatiketa hura babestu zuenean.[25][26] Batzarrean, gaizki jantzitako eta gaizki elikatutako 8.000 soldadu horien aurrean, Maok honela azaldu zuen: «Jarrai dezatela nahi dutenek, aurrera egin behar dugu, guk bidea irekiko dugulako eta alde egin dutenak itzuliko direlako».[27]
Martxa Luzean, japoniarren aurkako fronte bakarraren taktika definitu zuen Alderdi Komunistak, 1937an aplikatuko zena, fronte bakarraren alde ziren Kuomintangeko bi jeneralek Chiang Kai-shek atxilotu zutenean, hura fusilatzeko asmoz. Maok Zhou Enlai bidali zuen bitartekari gisa, eta hark Alderdi Komunistaren izenean sostengatu zuen Chian Kai-Shek hiltzea une hartan Japoniako inperialismoari mesede egitea zela. Chiang Kai-shek aske utzi zutelarik, hamar puntuko programa bat sinatu zuten bi aldeek; gerra zibilari amaiera eman eta Japoniaren aurkako erresistentzia batzea zen helburua, eta nahitaezko baldintza Armada Gorriaren eta Alderdi Komunistaren aurkako erasoak amaitzea.[28]
Une hartan, Maok zioen KMTren barruan bazirela burgesia nazionaleko sektoreak, inperialismoaren aurkakoak, eta burgesia erosleko sektoreak, inperialismo baten edo besteren menpe egoteko prest zeudenak, eta Chiang Kai-shekek estatubatuarren nahiz ingelesen inperialismoaren menpeko burgesia eroslearen sektoreak ordezkatzen zituela; beraz, japoniarren inperialismoaren menpekoen aurkakoak. Horrela, japoniarren aurkako fronte bakarra eratu zen 1927az geroztik gerran ziharduen burgesia harekin, eta behin japoniar inbaditzailea garaituta, komunistek KMTri aurre egin behar izan zioten berriro.
1944an, Estatu Batuek misio diplomatiko bat bidali zuten, Dixie misioa, txinatar komunistekin elkarrizketatzeko. Misiora bidali zituzten estatubatuar soldaduak txundituta geratu ziren. Alderdi Komunistak Kuomintangek baino ustelkeria gutxiago zeukan, bateratuago eta indartsuago zirudien Japoniarekiko erresistentzian. Soldaduek berretsi zieten buruzagiei alderdia indartsua zela eta oso herrikoia eremu zabal batean, bereziki iparraldean. Azkenean, ordea, estatubatuarren eta txinatar komunisten arteko hartu-eman horrek ez zuen inolako emaitzarik ekarri.[29]
Bigarren Mundu Gerra amaituta, Estatu Batuek Chiang Kai-shek babesten jarraitu zuten, Mao Zedongen Askapenerako Herri Armadaren aurkako gerra irekian, komunismoa garaitzeko bere estrategian. Era berean, Sobietar Batasunak Maoren alde egin zuen, nahiz eta nazio horretatik jaso zuten laguntza militarra ez zen izan uste bezain handia, eta etengabe mantendu zen sobietarren promesen oso azpitik.[30]
1949ko urtarrilaren 21ean, KMTko indarrek porrot masiboa jasan zuten AHAren aurrean, eta hegoalderantz atzera egiten hasi ziren. Urtean zehar, hiri garrantzitsuenak katean erortzen joan ziren, KMT behartuz hiriburua eramatera Nanjingetik Wuhanera, handik Guangzhoura, handik Chongqingera, eta, azkenik, Chengdura. 1949ko abenduaren 10ean, herri armadak KMTren tropak inguratu zituen Chengdun, indar nazionalisten azken gotorlekuan. Chiang Kai-shekek eta bere seme Chiang Ching-kuok hegazkinez egin zuten ihes Taiwanen, eta han lortuko zuten Txinako Errepublikako erregimenari eustea.[31][32]
Lidergoa Txinan
aldatuTxinako Herri Errepublika 1949ko urriaren 1ean aldarrikatua izan zen, eta horren karietara azaldu zuen: «Txinatar herria zutik ipini da».[33] Alderdi Komunistak zuzendutako bi hamarkadako borrokaren gailurra izan zen. 1954tik 1959ra artean, alderdiko presidente izan zen Mao. Presidentearen egoitza eta bizilekua Zhongnanhai gunean finkatu zuen, Pekingo Hiri Debekatutik gertu den eraikin multzo batean.
Bere boterea sendotuta, Maok kolektibizazio programa bat abiatu zuen, 1958. urtera arte iraun zuena. Lurrak birbanatu egin ziren, lur jabeei desjabetu ondoren, eta laborarien esku jarri ziren landu zitzaten.[34] Industrializazio proiektu handiak[35] eta azpiegiturak eraikitzen hasi ziren, gauzatu nahi ziren aldaketa ekonomiko eta sozialak bideratu ahal izateko. Epe hartan, Txinak % 4 eta % 9 arteko urte arteko hazkundea izan zuen BPGan.[36]
Garai hartan hasitako programetako bat Ehun Loreen Kanpaina izan zen. Haren bidez, Maok adierazi nahi izan zuen iritzi desberdinak aintzat hartzeko prest zeudela Txina gobernatua izateko moduaz. Adierazteko eskaintzen zitzaien aukerarengatik, Txinako intelektual eta liberal batzuk erregimen komunistaren aurka zeudela adierazi zuten, eta Maoren lidergoa zalantzan jartzera ere iritsi ziren. Hori hasieran onartu egin zen, eta sustatu ere bai. Alabaina, hilabete gutxiren buruan, Maok politika hori irauli egin zuen, bere gobernua kritikatu zuten guztiak atxioltu egin zituzten. Txinako erregimen komunistarekin kritiko azaldu ziren batzuek, Jung Chang idazleak adibidez, baieztatu izan zuten Ehun Loreen Kanpaina erregimenaren aurkakoen iritziak identifikatzeko maniobra bat besterik ez zela izan.[37]
1958an, Maok Aurrerako Jauzi Handia abiatu zuen, sobietar ereduaren hautabide gisa aurkeztutako plan ekonomiko bat, hura neurri handi batean industria astunaren garapenean oinarritzen baitzen. Eredu berriaren eraginpean, nekazaritza kolektibizatu egin zen, eta industria ere sustatu zen, baina eskala txikian.[38]
Hasieran, bazirudien Aurrerako Jauzi Handia arrakastaz garatzen zela, nekazaritza eta industria produkzioa nabarmen hazi baitziren, batez ere altzairugintza. Hala ere, Maok eta alderdiko beste buruzagi batzuek, hazkunde egonkor eta etengabe hura onartu ordez, uste izan zuten hazkunde ekonomikoa are eta gehiago azkartu zezaketela, ezin gauzatuzko helburuak ezarriz. Horretarako, nekazari asko altzairutegietara eraman zituzten, baina hori, azkenean, erabateko porrota izan zen. Altzairuaren ekoizpen kuotak zifra ofizialen arabera betetzera iristen baziren ere, ekoitzitako altzairua batzuetan oso kalitate kaskarrekoa zen, helburuetara iristeko lehengai nahikorik ez zegoelako eta burdin hondakinak erabiltzen zirelako ezarritako kuota lortzeko.[39]
Bestalde, Txinaren eta Sobietar Batasunaren harremanak hozten eta okertzen hasi ziren, Gerra Hotzak ezarritako oreka zailen eraginez, eta Nikita Khrustxovek bertan behera utzi zituen sobietarrek laguntza teknikorako sinatu zituzten akordioak. Gainera, zenbait lehorte gogor izan ziren, nekazaritzako ekoizpena nabarmen murriztera iritsi zirenak. Ekoizpen industrialeko kuota irrealak ezarrita, laguntza tekniko sobietarra erretiratuta, lehorteen mende, altzairu lantegietara eramandako nekazari kopuru handiak landa ingurunetik kenduta, hamarkada luzetako gerraren hondamendietatik hamar urteren buruan arnasberritu nahi zuen ekonomiak gainbehera ikaragarri bat ukan zuen, eta Txinaren historia hurbileko goseterik handiena zabaldu zen.[40]
Eztabaida dago Aurrerako Jauzi Handiaren garaian goseak eragindako hildakoen kopuruaz, baina, kalkuluen arabera, gutxienez 30 milioi pertsona hil ziren gosez.[41]
Aurrerako Jauzi Handiaren hondamendiaren eta sobietarrekiko harremanak okertzearen ondorioz, Txinako zenbait buruzagik, besteak beste Liu Shaoqik eta Deng Xiaopingek, erabaki zuten Mao estatuburu kargutik kendu eta posizio sinboliko edo zeremonial hutsera baztertu behar zutela. 1959an, Liu Shaoqik Txinako Herri Errepublikako presidente kargua hartu zuen, hau da, Estatuko burua, eta Maok, berriz, Alderdi Komunistako presidente karguari eutsi zion. Liu Txinako arazoei irtenbideak bilatzen hasi zen izaera erreformistagoko politikak aplikatuta.[42]
1966an, Iraultza Kulturala deitu zena gauzatu zuen. Horrek alderdiaren hierarkiaren gainetik egoteko aukera ematen zion Maori, guardia gorriei zuzenean boterea emanez; ortodoxia ideologikoaren defendatzaile gisa altxa ziren gazte taldeek beren auzitegi propioak sortzera iritsi ziren. Iraultza Kulturalak sozialismorako bidea bultzatzea bilatu zuen, baita aurka zeudenak salatzea ere. Horregatik, mota guztietako neurriak hartu zituzten, besteak beste, «burgestzat» jotzen zen artea suntsitu, mendebaldeko erara jantzitako pertsonei eraso egin, zeremonia erlijiosoak eten, eta abar. Garrantzi handiko neurria izan zen horma irudiak ezartzea, salatzeko alderdiko zenbait kide nabarmenen «hutsegiteak».[43]
Denboraldi hartan aukeratu zuen Maok Lin Biao bere oinordeko gisa. Ez dago argi Lin estatu kolpe bat prestatzen ari ote zen edo Mao hiltzeko saiakera bat, baina jakina da hegazkin istripu batean hil zela, Mongolian barrena hegan zihoala, herrialdetik ihes egiten saiatu zenean, Moskura bidean, 1971ko irailaren 13an. Berehala, ofizialki azaldu zen Linek Mao kargutik kentzea eta bi aldiz hiltzea planifikatu zuela, eta alderditik kanporatu zuten, hil ostean.[44] Ordurako, baina, Maok alderdiko buruzagi askoren konfiantza galdua zuen.
1969an, Txinako Alderdi Komunistaren IX. Biltzarrean, Maok iragarri zuen Iraultza Kulturala amaitua zela, nahiz ikerlari askoren iritziz 1976an Mao hil arte hedatu zen. Bere bizitzaren azken urteetan, Maok osasun arazo larriak izan zituen, Parkinsonen gaixotasunaren ondorioz ziurrenik,[45] baita biriketako nahiz bihotzeko arazoak ere, tabako erretzailea izan baitzen.[46] Urte horietan zehar, Mao politikaz kanpo egon zen, bera hil ondorenerako Alderdi Komunistaren barruko zenbait fakzio boterea lortzeko borrokatzen ari ziren bitartean.[47]
Mao 1976ko irailaren 9an hil zen, 82 urte zituela, eta alderdi barruko boterea lortzeko borroka areagotu egin zen. Alde batetik, Jiang Qing Maoren alargunak zuzentzen zuen Lauren Banda deiturikoa buru zuten ezkertiarrak zeuden, eta masen mobilizazio iraultzailearen politika jarraitzearen alde egiten zuten. Bestetik, bi talde moderatuago zeuden: bata, Hua Guofeng buru zuena, Maok berak izendatutako ondorengoa, zuzendaritza zentralizatura itzultzearen alde egiten zuena, eredu sobietarrari jarraituz; eta bestea, Deng Xiaoping buru zuena, Txinako ekonomia erabat erreformatzearen alde zegoena politika pragmatikoen arabera, ideologia albo batera utzita politika ekonomiko eta sozialak erabakitzerakoan.
Azkenean, moderatuek gobernuaren kontrola hartu zuten, Deng Xiaoping izan zen garaile.[48]
Maoren gurtza
aldatuMaoren oroitzapenaren oinarri sendoenetako bat da «Maoren gurtza» deiturikoa, hau da, haren inguruan sortu zen nortasunaren gurtza.[49] Mao lur jabeen, merkatarien eta Mendebaldeko potentzien aurkari gisa agertzen zen, batez ere Ameriketako Estatu Batuen etsai. Bestalde, beti aldarrikatu zuen bere burua nekazarien eta langileen aliatu.
Nortasunaren gurtza marxismoaren idealekin tupust egin dezakeen arren, badirudi Stalin luzaz lerratu zela bide horretara, baita Lenin bera ere, nahiz eta azken horrek argi eta garbi utzi zuen bera hil aurretik monumenturik ez zuela nahi.[50]
Alderdiak Chengdun egindako biltzarrean, 1958an, Mao nortasunaren gurtzaren alde agertu zen, Stalin bezalako pertsonaietan sartuta: «Nortasunaren gurtza mota bi daude. Bat osasuntsua da, Marx, Engels, Lenin eta Stalin bezalako pertsonak gurtzea den bezala, egia eskuetan dutelako. Bestea, nortasun faltsuaren gurtza da, aztertu gabea eta itsua».[51]
1962an, Hezkuntza Sozialistaren Mugimendua sortzea proposatu zuen Maok, nekazariak feudalismoaren eta kapitalismoaren tentazioetatik babesteko, nekazal eremuetan halako joerak sortzen ari zirela uste baitzuen. Propaganda ugari argitaratu zen, eta Mao zen figura nagusia. Ipuin eta kantu ugarik Mao aipatzen zuten «Eguzki gorria gure bihotzen erdian» (txinera tradizionalez: 毛主席是我們心中的紅太陽; pinyinez: Máo Zhǔxí Shì Wǒmen Xīnzhōng De Hóng Tàiyáng) eta «Herriaren salbatzailea» (txinera tradizionalez: 人民的大救星; pinyinez: Rénmín De Dà Jiùxīng) bezala.[52] Maoren gurtza ezinbestekoa izan zen Iraultza Kulturala abian jartzeko. Txinako gazteria erregimen komunistaren pean hazi zen eta Maorenganako maitasuna irakatsi zitzaion. Horregatik, iraultza hartan gazteak izan ziren jarraitzaile nagusi.
1966ko urrian Mao Zedong buruzagiaren aipuak argitaratu ziren, Lin Biaok bildutako liburua Maoren esaerekin. Alderdiko kideei beti eramatea eskatzen zitzaien. Urteetan zehar Maoren irudia nonahi agertzen zen, etxe, bulego eta denda guztietan. Haren esaerak edozein eratako idatzizko argitalpenetan agertzen ziren.[53]
Maoren erretratua
aldatuMao ez da soilik Txinako presidente izandako bat, baizik Txinako herriari harrotasun nazionala itzultzen dion figura. Herrialdea baketu eta bateratu zuen, eta maoismoaren figura sasi-jainkotiar gisa agertzen zen. Haren irudia sistematikoki hedatu zen leku esanguratsuetara, hala nola, herrietako plaza guztietara edo tren lokomotoretako aurrealdera. Haren erretratuak antzinako jainkoen lekua hartu zuen, baita etxeetako sukaldeetan ere. Gaur egun ere, eskulturak eta mota guztietako objektuak egiten dira haren irudiarekin, adibidez giltzatakoak, eta haren jantzi estiloak eragin argi bat dauka mendebaldeko modan, «mao lepoa» horren lekuko.[54]
Urriaren lehen egunean, Txinako Herri Errepublikaren sorrera ospatzen da, eta egun horretan Tiananmen plazako tribunan zintzilik dagoen pintura aldatzen da. Margolana Zhang Zhenshi (txinera tradizionalez: 张振仕) 1950ean egindako erretratu baten kopia da, Mao Zedong presidentea izenekoa. 2006ko ekainaren 3an, margolanaren jabeak enkantean jarri nahi izan zuen, baina Internet bidez zabaldu ziren kritika uholdearen aurrean, enkantea bertan behera geratu zen. Dirudienez, jabeak Txinako Museoari eman zion pintura.[55]
1989an Tiananmen plazako protestetan parte hartzen ari zelarik, Yu Dongyue kazetariari leporatu zioten Mao Zedongen erretratuari pintura jaurtitzea; itxura denez, manifestariek utzi zuten poliziaren esku. Yu Dongyuek hamalau urte egin zituen espetxean. Zenbait erakundek salatu izan zuten tratu iraingarriak eta torturak jasan zituela espetxeratze garaian.[56]
Erreferentziak
aldatu- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ Schram, 1967, 19. or.; Hollingworth, 1985, 15. or.; Pantsov eta Levine, 2014, 11. or..
- ↑ (Ingelesez) «Courtesy name» Dynasty Warriors Fanon Wiki | Fandom (web.archive.org) 2023-05-21 (Noiz kontsultatua: 2024-10-18).
- ↑ Feigon 2002, 17. orr. .
- ↑ Schram 1967, 56-57. orr. .
- ↑ Schram, 1967, 51-57. or.; Feigon, 2002, 21-22. or.; Pantsov eta Levine, 2014, 69-84. or..
- ↑ (Ingelesez) Mair, Victor H.; Chen, Sanping; Wood, Frances. (2013). Chinese Lives: the People Who Made a Civilization. London: Thames & Hudson, 198-211. or. ISBN 978-0500771365. OCLC .1114969527.
- ↑ Schram 1967, 64-66. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Knight, Nick. (1983-01). «The Form of Mao Zedong's `Sinificant of Marxism'» The Australian Journal of Chinese Affairs 9: 17–33. doi: . ISSN 0156-7365. (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Schram 1967, 74-76. orr. .
- ↑ Schram 1967, 76-82. orr. .
- ↑ Schram 1967, 82, 90-91. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Liu, Xiaoyuan. (2004). Frontier Passages: Ethnopolitics and the Rise of Chinese Communism, 1921-1945. Stanford University Press, 66. or. ISBN 978-0804749602. (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ (Ingelesez) «Analysis of the Classes in Chinese Society» Marxists.org (web.archive.org) 1926 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ (Ingelesez) «Report on an Investigation of the Peasant Movement in Hunan» Marxists.org (web.archive.org) 1927 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Schram, 1967, 98. or.; Feigon, 2002, 42. or..
- ↑ Carter, 1976, 60-64. or.; Schram, 1967, 112-125. or.; Feigon, 2002, 46-47. or..
- ↑ (Ingelesez) «Memorial opened to commemorate Mao's 2nd wife» Xinhua News Agency - china.org.cn (web.archive.org) 2007-11-20 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Carter, 1976, 75. or.; Schram, 1967, 149-151. or..
- ↑ (Ingelesez) Opper, Marc. (2020). «The Chinese Soviet Republic, 1931–1934» People's Wars in China, Malaya, and Vietnam (University of Michigan Press): 35-64 or.. doi: . ISBN 978-0472131846. (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Carter, 1976, 70. or.; Schram, 1967, 159. or.; Feigon, 2002, 47. or..
- ↑ Carter, 1976, 84-93. or.; Schram, 1967, 181-188. or.; Feigon, 2002, 58-61. or..
- ↑ (Ingelesez) Barnouin, Barbara; Yu, Changgen. (2006). Zhou Enlai: A Political Life. Hong Kong: Chinese University Press, 62. or. ISBN 978-962996-2807. OCLC .68143630 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Feigon 2002, 41 orr. .
- ↑ Zhang, Chunhou. Vaughan, C. Edwin. [2002] (2002). Mao Zedong as Poet and Revolutionary Leader: Social and Historical Perspectives. Lexington books. ISBN 0-7391-0406-3. pg 65.
- ↑ (Ingelesez) Zhang, Chunhou; Vaughan, C. Edwin. (2002). Mao Zedong as poet and revolutionary leader : social and historical perspectives. Lanham: Lexington Books ISBN 978-0739104064. OCLC .49403108.
- ↑ Feigon, 2002, 61. or.; Schram, 1967, 188. or.; Carter, 1976, 93. or..
- ↑ Schram, 1967, 198-200. or.; Carter, 1976, 98-99. or.; Feigon, 2002, 64-65. or..
- ↑ (Ingelesez) Moïse, Edwin E.. (2008). Modern China, a History. London: Routledge, 105. or. ISBN 978-0582772779. OCLC .915662921 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ (Txineraz) «张莘夫事件"与苏军撤出东北 «Zhāngshēnfū shìjiàn"yǔ sū jūn chè chū dōngběi» [«Zhang Xinfuko Gertakaria» eta Sobietar Armadaren erretiratzea Txina Ipar Ekialdetik»] Yangtse.com (web.archive.org) 2013-11-01 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ (Ingelesez) Palestini, Robert. (2011-09-28). Going Back to the Future: A Leadership Journey for Educators. Lanham: Rowman & Littlefield Education ISBN 978-1607095866. OCLC .650219800 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ (Ingelesez) Perkins, Dorothy. (2013). Encyclopedia of China: History and Culture. Hoboken: Taylor and Francis ISBN 978-1135935627. OCLC .869091722 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ (Ingelesez) Cheek, Timothy. (2002). Mao Zedong and China's revolutions: a brief history with documents. Boston: Bedford/St. Martin's, 125. or. ISBN 978-0312256265. OCLC .50562119.
- ↑ (Ingelesez) Doing Business in the People's Republic of China. Price, Waterhouse 1979 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ (Ingelesez) «China - Economic Reforms, Growth, Trade» Encyclopaedia Britannica (www.britannica.com) 2024-10-18 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ (Ingelesez) «China - Socialism, Transition, Revolution» Encyclopaedia Britannica (www.britannica.com) 2024-10-18 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Chang & Halliday 2006, 435. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Sullivan, Lawrence R.. (2016). Historical dictionary of the People's Republic of China. Lanham: Rowman and Littlefield ISBN 978-1442264694. OCLC .957616228.
- ↑ (Ingelesez) Yang, Dali L.. (1998). Calamity and reform in China state, rural society, and institutional change since the Great Leap Famine. Stanford: Stanford Univ. Press ISBN 978-0804734707. OCLC .1073148688.
- ↑ (Frantsesez) Yang, Ji sheng. (2012). 墓碑 : 中國六十年代大饑荒紀實 / Mu bei : Zhongguo liu shi nian dai da ji huang ji shi. [Stèles : la grande famine en Chine, 1958-1961] Paris: Points. Itzulpena: Louis Vincenolles ISBN 978-2757837856. OCLC .893760324.
- ↑ Roux 2009, 100. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Tibbetts, Jann. (2016). 50 Great Military Leaders of All Time. New Delhi: Vij Books India Private Limited ISBN 978-9385505669. OCLC .974593317.
- ↑ (Ingelesez) Luo, Jinyi. (2003). The Chinese cultural revolution reconsidered : beyond purge and holocaust. New York: Palgrave Macmillan ISBN 978-0333738351. OCLC .50192038.
- ↑ (Ingelesez) He, Henry Yuhuai. (2016). Dictionary of the political thought of the People's Republic of China. London: Routledge ISBN 978-1315500430. OCLC .957647245.
- ↑ (Ingelesez) «Mao Tse-tung: Biography, Chinese Marxist, Cultural Revolution» Biography (web.archive.org) 2023-08-09 (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
- ↑ Nylander, Johan. (2014-02-09). «Stubbing out Mao’s smoky legacy» Al Jazeera (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
- ↑ MacFarquhar & Schoenhals 2006, 262. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Ang, Yuen Yuen. (2022). How China escaped the poverty trap. Ithaca: Cornell University Press ISBN 978-1501764561. OCLC .1268113601.
- ↑ (Ingelesez) «The Cultural Revolution - Cult of Mao» Discovering China (web.archive.org) 2009-03-13 (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
- ↑ (Frantsesez) Robin, Régine. (1985-08). «Le culte de Lénine. Réinvention d'un rituel» Annales. Histoire, Sciences Sociales 40 (4): 805–809. doi: . ISSN 0395-2649. (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
- ↑ (Ingelesez) Meisner, Maurice J.. (2019). Mao Zedong: a political and intellectual portrait. Cambridge: Polity, 133. or. ISBN 978-0745631073. OCLC .1200032855.
- ↑ (Ingelesez) Wang, Helen. (2008). Chairman Mao badges: symbols and slogans of the Cultural Revolution. London: The British Museum ISBN 978-0861591695. OCLC .166387018.
- ↑ (Ingelesez) Lu, Xing. (2004). Rhetoric of the Chinese Cultural Revolution: The Impact on Chinese Thought, Culture, and Communication. Columbia: Univ of South Carolina Press ISBN 978-157003-5432. OCLC .1157695397 (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
- ↑ (Katalanez) «coll mao» Termcat (www.termcat.cat) (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
- ↑ (Ingelesez) «Web fury over Mao portrait sale» BBC News (web.archive.org) 2006-05-22 (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
- ↑ (Ingelesez) Kristof, Nicholas D.. (1992-05-31). «China Is Accused of Torturing 3 Who Defaced Mao Portrait» The New York Times (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
Bibliografia
aldatu- (Ingelesez) Carter, Peter. (1976). Mao. London: Oxford University Press ISBN 978-0192731401. OCLC .2837323.
- (Frantsesez) Chang, Jung; Halliday, Jon. (2006). Mao. L’histoire inconnue. Paris: Gallimard ISBN 978-2070441396. OCLC .758722306.
- (Ingelesez) Clissold, Tim. (2014). Chinese Rules: Mao's dog, Deng's cat, and five timeless lessons from the front lines in China. New York: Harper ISBN 978-0062316578. OCLC .889890219.
- (Ingelesez) Feigon, Lee. (2002). Mao: a reinterpretation. Chicago: Dee ISBN 978-1566634588. OCLC .914771458.
- (Ingelesez) Gao, Mobo C. F.. (2008). The battle for China's past: Mao and the Cultural Revolution. London: Pluto Press ISBN 978-1849643955. OCLC .298517177.
- (Ingelesez) Kuisong, Yang. (2008). «Reconsidering the Campaign to Suppress Counterrevolutionaries» The China Quarterly 193: 102–121. doi: . ISSN 1468-2648. (Noiz kontsultatua: 2024-10-18).
- (Ingelesez) Hollingworth, Clare. (1985). Mao and the men against him. London: J. Cape ISBN 978-0224017602. OCLC .13334677.
- (Ingelesez) Li, Zhi-Sui. (1996). The private life of Chairman Mao: the memoirs of Mao's personal physician. New York: Random House ISBN 978-0307791399. OCLC .1164378041.
- (Ingelesez) MacFarquhar, Roderick; Schoenhals, Michael. (2006). Mao's Last Revolution. Cambridge: Harvard University Press ISBN 978-0674027480. OCLC .938918058.
- (Ingelesez) Pantsov, Alexander; Levine, Steven I.. (2014). Mao: the real story. New York: Simon & Schuster ISBN 978-1451654493. OCLC .892934283.
- (Frantsesez) Roux, Alain. (2009). Le singe et le tigre : Mao, un destin chinois. Paris: Larousse ISBN 978-2035845818. OCLC .437049804.
- (Ingelesez) Schram, Stuart R.. (1967). Mao Tse-tung: political leaders of the twentieth century. Harmondsworth: Penguin ISBN 978-0140208405. OCLC .1020934032.
- (Ingelesez) Short, Philip. (2001). Mao: a life. New York: Holt ISBN 978-0805066388. OCLC .255679812.
- (Ingelesez) Spence, Jonathan D.. (1999). Mao Zedong. New York: Viking ISBN 978-0670886692. OCLC .41641238.
- (Ingelesez) Terrill, Ross. (1999). Mao: a biography. Stanford: Stanford University Press ISBN 978-0804729215. OCLC .40660209.
- (Ingelesez) Valentino, Benjamin A.. (2004). Final solutions: mass killing and genocide in the twentieth century. Ithaca: Cornell University Press ISBN 978-0801472732. OCLC .1100163798.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Mao Tzedung Buruzagiaren Aiphuak: Maoren liburu gorria, Federiko Krutwigek lapurtera klasikoan euskaratutako bertsioan.