Ireki menu nagusia

Esne Bidea

galaxia kiribila Talde Lokalean bere baitan Eguzki sistema duena

Esne Bidea galaxia kiribil bat da, non Eguzki sistema dagoen. Talde Lokalean kokatua, Laniakea superkumuluan, gutxi gorabehera 100.000 argi urteko diametroa du eta 300.000 argi urteko zirkunferentzia. 200.000tik 400.000 milioi izarrera dituela kalkulatzen da, zeintzuetatik bat baita Eguzkia.

Esne Bidea
ESO-VLT-Laser-phot-33a-07.jpg
Esne Bidearen galaxiagunea, Paranal behatokiko gau izartsu batean.
Ezaugarriak
Mota Sb, Sbc edo SB(rs)bc[1] galaxia kiribila
Masa 0.8–1.5×1012 [2] M
Izar kopurua 100–400 mila milioi [(1–4)×1011]
Diametroa 100.000[3] argi-urte
Behaketa datuak (J2000.0 garaia)
Igoera zuzena 17h 45m 39.9s
Deklinazioa -29° 00′ 28″
Beste izenak
Santiago Bidea, Via Lactea (Latinez), γαλαξίας κύκλος (galaxías kýklos, “biribil esnekara (Grezieraz))

Esne Bideak, galaxia diren satelite batzuk ditu eta horiek guztiak galaxiaz osaturiko Talde Lokaleko parte dira. Talde hori Virgo superklusterrean zati bat da, eta azken hori Laniakea superkluster handiaren osagai bat besterik ez da.

IzenaAldatu

Esne Bide esapidea euskaraz XVIII. mendean agertu zen lehen aldiz idatzian, Larramendiren eskutik, baina esnabide itxurarekin[4], baita ere Zeruko esnabidea. Esne Bidea, marrarekin edo gabe, arautua du Euskaltzaindia bere hiztegian[5], E eta B larriz.

 
Esne Bidearen jatorria, Tintoretto (1575).

Izenaren jatorria latinezko Via Lactea esapidean du, eta honek grezierazko γαλαξίας κύκλος (galaxías kýklos, “biribil esnekara) esapidean. Biribil hau, Antzinako Greziarrek izendatutako zeruko hamaika zirkuluetako bat da: zodiakoa, meridianoa, zeruertza, ekuatorea, Kaprikornio eta Kantzer tropikoak, Zirkulu artikoa eta antartikoa eta bi lurburuetatik pasatzen diren bi koluroak[6].

Beste hizkuntza batzuetan ere “ibai” kontzeptua agertzen da gure galaxia izendatzeko: “ibaia” arabiar kulturan, “argi-ibaia” judutarrean, “zilar ibaia” txinatarrean (银河系) eta “Gangesen ibilgua” tradizio sanskritoan[7].

Behaketaren historiaAldatu

 
Esne Bidearen ikuspegia Sagittarius konstelaziorantz (Erdigune Galaktikoa barne), argi kutsadura gutxiko leku bate tik ikusia (Nevada, AEB). Eskuin behealdeko argizagi distiratsua Jupiter da, justu Antaresen gainean.

Lurretik banda zurixka itxura du, begi bistan izar banakoak ezin baitira ikusi. Hala ere, Demokrito eta Anaxagoras greziarrek izarrez osatua zegoela aurreikusi zuten. 1610an izan zen, Galileok ikusi ahal izan zuen bere betaurreko astronomikoari esker (teleskopio landugabe bat) Esne Bidea izarrez osatua zela. Hala ere, mende bat baino gehiagoz uste izan zen Esne Bideaz bestelako galaxia baten osagai zirela zeru osoan zehar banatuak dauden izar ikusgaiak. 1750 inguruan, astronomo batzuek iradoki zuten Esne Bidearen itxura esplika zitekeela izar ikusgai gehienak disko formako egitura baten kide izango balira, hots, gaur galaxia kiribil gisa ezagutzen ditugunen antzeko baten kide izango balira.

XVIII. mendearen amaiera aldean, William Herschel britainiar astronomoak uste hori berretsi zuen, esanez ezen izar ikusgaiek banakako izar sistema bat osatzen zutela, erdian erraboil moduko bat duen disko formako galaxia bat, alegia.

Harlow Shapley ipar amerikarrak ondu zuen 1916-1917. urteetan Esne Bidearen egituraren lehen eredu zuzena, oro har bederen. Astronomo horrek helburuan jo zuen Eguzki sistema gure Galaxiaren erdiko gunetik hurbil ez baina haren ertzean zegoelako hipotesia proposatzean. Horregatik, erdialdera begiratzen denean, hots, Sagittarius konstelazioaren aldera, izarrak hain metatuak aurkitzen dira non zerrenda batean kontzentraturik daudela baitirudite. Hortaz, Shapleyk aurkitu zuen argi koroak esfera forma zuela, koroa haren zentroa bat baitator Galaxiaren grabitate zentroarekin, Sagitario konstelazioaren norabidean baitago, hain zuzen, zentro hori.

EgituraAldatu

 
Esne Bidearen egitura kiribilaren irudikapena, bi izar-beso handirekin[8].

Izarrak plano batean kokaturik izateak dakar galaxiaren disko forma. Galaxia kontu handiz aztertzen bada, gorabeherak eta etenak ikusten dira multzo horren egituran. Hortaz, Esne Bidea ez da disko homogeneo bat; izan ere, baditu izar dentsitate gehiagoko edo gutxiagoko alderdiak, baditu eskualde aski hutsak, eta baditu beste batzuk non bereziki ugariak baitira gas iluntzaile edo nebulosa ilunak, urrutiago dauden izarrak ikustea galarazten dutenak.

Baina Esne Bidearen egiazko egitura ez zen zientifikoki ulertu harik eta aurkitu ez zen arte «nebulosa kiribil» izenekoak ez zirela nebulosak, baizik eta ehunka milaka milioi izarren samaldak, gugandik distantzia eskergetara kokatuak daudenak. Urrutiko galaxia horien azterketari eskerrak ezagutu genuen hobeki gurea, hain zuzen.

Gaur egun dakigunez, Esne Bidea espiral itxurako egitura hedatu bat da, 100.000-120.000 argi urte inguruko diametroa duena[3][9] eta 100.000 milioi izar baino gehiago dituena.

Galaxiak badu erdigune ahaltsu bat, Erdigune galaktikoa deritzona, oso dentsoa eta izar materia (oso izar zaharren samaldetan) askokoa, 30.000 argi urte inguru diametrokoa eta erdian 15.000 argi urte inguruko lodiera duena.

Orobat, baditu zenbait beso kiribil, izar gazteagoek osatuak: horien artean aurkitzen da Eguzkia. Beso kiribil bakoitza 1.000 argi urte lodi da, eta 3.000 edo 4.000 argi urte zabal. Oraindik ere ez dakigu zehazki besoak nola dauden kokatuak, ezta zenbat diren ere. Ustez lau dira: Sagittarius, Perseus, Beltxarga eta Norma[9]. Bada beste beso bat, Orion izenekoa, lehen besotik askatua, Erdigune galaktikotik 30.000 argi urte inguru urrun. Besoak ez dira, hortaz, izarrez beteriko egitura bakarrak, dentsitate handiagoko alderdiak baizik. Bestalde, halo edo argi-koroa batek inguratzen du Galaxia.

Ia beti kumulu globularren eran elkartzen diren izar zaharrek osatzen dute eskuarki halo hori. Egitura horiek ia erabat esferikoak dira, eta ehun milatik hamar mila milioira izar ditu bakoitzak. Horrelako ia ehun aurkitu dira erdigunea inguratzen duen haloa arestian aipatu hori osatzen.

Erdigune galaktikoaAldatu

 
Spitzer teleskopioak erakusten du argi ikusgaiak ezin duena: izar hotzagoak (urdina), hauts berotua (gorrixka) eta Sgr A* erdiko puntu zuri distiratsu gisa.
 
X izpi distiratsua dator Sagittarius A*-tik, Erdigune Galaktikoan dagoen zulo beltz supermasibotik

Sagittarius eskualdean hedatzen diren materia ilunezko hodei eskergak desagertuko balira, ilargi betearen distira baino handiagoa izango litzateke Esne Bidearen ageriko distira. Norabide horretan aurkitzen da galaxiaren erdigunea, masa guztiaren eta izar kopuruaren zatirik handiena daukana. Baina ezin dugu erdigunea ikusi, Sagittarius besoan hain ugari agertzen diren hodei ilun horiek direla eta.

Duela gutxi aztertu ahal izan da Esne Bidearen eskualde hori, hesi hori zeharka dezaketen frekuentzien bidez (esaterako, izpi infragorriak eta irrati uhinak). Gaur egun, infragorri sateliteak, IRAS esaterako, edo irratiteleskopio handiak erdigunearen alde ezkutuak agerrarazten hasteko gauza izan dira.

Beste galaxien erdigune edo erraboilen behaketari eskerrak, ikusi da kolore alde bat badela erdigune galaktiko horiaren eta beso urdinxken artean. Horrek adierazten bide duenez erdiguneko izar gehienak (edo guztiak) horiak edo gorriak dira, eta besoetakoak, aldiz, zuriak eta urdinak.

Espektro analisiaren bitartez izar populazio desberdinen ezaguera egin da. Duela gutxi arte ez zen ezagutzen I Populazioa besterik, Eguzkiaren antzeko izarrez osatua dena, hots, batez ere hidrogenoa eta helioa, baina orobat beste gai bakunak, are metal astunak ere badituzten izarrez osatua. Erdigunea, berriz, II Populazio izeneko izarrez osatua da. Izar horietan ez dago ia metal astunik. II Populazioko izarrak, oro har, oso zaharrak dira, eta luzaroan irauteko gaitasuna dute orobat, apurka-apurka erretzen baitute hidrogenoa eta anitz mila milioiko urtez iraun baitezakete. Are gehiago, astrofisikari askok uste dutenez II Populazioko izarretan dagoen metal kopuru txikia ezin da esplikatu, aurreko beste batzuen leherketaz ez bada. Hots, III Populazio bat izan bide zen, ia hidrogenoa eta helioa besterik ez zuten izarrez osatua. Ez dugu horrelako alerik ezagutzen, gure Galaxia, beharbada, mota horretako izarrak ez atxikitzeko bezain zaharra delako.

Gure Galaxiaren erdigunean zer dagoen jakitea da zientzialarien jakin-mina gehien kilikatzen duen alderdietako bat. Egiazki, izar dentsitate handiagoa dago erdigune galaktikoan besoetan baino, baina grabitate analisien arabera azken bururaino goititzen da erdigunean dentsitate hori. Hortaz, gaur egun izar koaleszentzia edo batze ereduak ari dira teorikoki lantzen. Bi izar edo gehiago batuko balira, halako masa iritsiko lukete non, edo barreiatuko bailirateke irrada gehiegiaz, edo kolapsatuko bailirateke zulo beltz supermasibo batean.

Bertako gasa, 10 milioi gradutan dagoena, erdigunetik galaxia osora hedatzen ari dela dirudi. Erdigunean maiz suntsitzen diren izarren errautsak, kimikoki oso aberatsak, gas-jarioarekin batera barreiatzen dira[10].

Izar-besoakAldatu

 
Esne Bideak beso kiribilen egitura behatuak (marra jarraiak) eta estrapolatuak (marra etenak).
Kolorea Besoa(k)
ziana 3 kpc hurbileko besoa eta Perseus besoa
morea Norma eta Kanpo besoa (2004an aurkitutako luzapenarekin[11])
berdea Scutum–Centaurus besoa
arrosa Carina-Sagittarius besoa
Gutxienez beste bi beso txikiago daude, horien artean:
laranja Orion–Cygnus besoa (Eguzkia eta Eguzki-sistema dituena)

Gure galaxiaren diskoan izarrarteko gas gehiago dago erraboilean baino; han izarren higidura oso ordenatua da, eta izarrek orbita ia zirkularrak ibiltzen dituzte galaxiaren erdigunearen inguruan. Diskoa masa handiko izarrez hornituagoa dago, eta badihardu oraindik han izar sortzeak.

Gasaren erdia atomo eran eta beste erdia molekula eran dago diskoan, erraboilean ez bezala. Nolanahi ere, molekula hodei dentsoetan soilik sortzen dira izarrak; hodei horiek ehunka mila milioi eguzki-masako egitura zabaletan daude antolaturik.

Lau beso kiribilek osatua izatea da galaxia-diskoaren funtsezko ezaugarria.

Egungo usteak zuzenak badira, Galaxiaren besoak erraboila baino geroago eratu ziren, gas eta hauts masa eskergen bizkar; aldez hasierako materialean eta aldez supernoben hondarretan edo errautsetan zuten etorkia masa horiek.

Material honek erraboilaren inguruan biratzeko zuen joerak emango zion disko forma. Besoetako izar gehienak I Populaziokoak dira, nahiz eta badiren diskoan II Populazioko izarrak, indar zentrifugoaren eraginez agian, Galaxia biraka ari baita, edo grabitate bidezko elkarren arteko eraginen ondorioz bestela. Ugari dira orobat besoetan gasezko eta hautsezko masak; horiei, halako egitura mugatu bat hartzen dutenean, nebulosa esaten zaie. Hortaz, nebulosa bat zeru hodei baten pare da, baina nebulosa guztiak ez dira distiratsuak; aitzitik, gehienak ilunak dira eta gehientsuak ez ditugu inoiz ezagutuko.

HaloaAldatu

Izar zaharrez eratutako halo edo argi-koroa batek inguratzen du Galaxia; izar horietako gehienak kumulu globular eskergetan bilduak agertzen dira, baina agertzen ahal dira bakartuak ere. Horietako batzuek, eta are kumulu globular batzuek, halako lastertasuna hartu dute grabitate azelerazioaren eraginez, ezen Galaxiaren mendetik atera eta infinituan gal baitaitezke.

Izar horietan urri dira helioa baino gai astunagoak; eta Galaxiaren eratzearen lehen urratsetan sortu direnez gero, ez dute izar horiek baliatzerik izan hurrengo izar belaunaldiek mailaz maila ekoiztu dituzten gai bakunez, esaterako karbonoaz, nitrogenoaz, oxigenoaz, burdinaz eta abarrez. Nolanahi ere, ez dira inoiz gai horiez erabat gabetuak aurkitzen; hortaz, badirudi izan dela lehen izar belaunaldi bat, gaur egun erabat desagertua, hasierako materia galaktikoa horrelako gai bakunez hornitzen apur bat bederen lagundu duena.

Koadrante galaktikoakAldatu

 
Koadrante galaktikoak

Koadrante galaktiko bat, edo Esne Bidearen koadrante bat, galaxiaren banaketa azaltzen duen lau zirkulu-sektoreetako bat da. Astronomian, koadrante galaktikoen mugaketa koordenatu sistema galaktikoa oinarritzen da, zeinek Eguzkia ezartzen duen kartografia sistemaren jatorri gisa[12].

Koadranteak deskribatzen dira zenbaki ordinalak erabiliz (ad: "1. koadrante galaktikoa"[13], "bigarren koadrante galaktikoa"[14] edo "Esne Bidearen hirugarren koadrantea"[15]). Iparburu galaktikotik ikusia, 0 graduko lerro bat egiten bada Eguzkitik hasi eta Erdigune Galaktikoa zeharkatzean, hauek dira lau kuadranteak:

  • 1. koadrante galaktikoa – 0° ≤ longitudea (ℓ) ≤ 90°[16]
  • 2. koadrante galaktikoa – 90° ≤ ℓ ≤ 180°[14]
  • 3. koadrante galaktikoa – 180° ≤ ℓ ≤ 270°[15]
  • 4. koadrante galaktikoa – 270° ≤ ℓ ≤ 360° (0°)[13]

ErreferentziakAldatu

  1. Frommert, Hartmut (2005-08-26) «Classification of the Milky Way Galaxy» SEDS.
  2. Mass models of the Milky Way 2011-07 2446-2457. or...
  3. a b Elizabeth Howell (2015-01-20) How Big Is The Milky Way?.
  4. Lar, H; esnabide Lar; ezne-bide Añ). "Vía láctea, camino de Santiago, Zeruko esnabidea" Lar. (OEH) Euskaltzaindia.
  5. Esne Bidea azpisarrera.
  6. (Ingelesez)Eratostenes; Theony Condos (1997) Star Myths of the Greeks and Romans: A Sourcebook Containing the Constellations of Pseudo-Eratosthenes and the Poetic Astronomy of Hyginus Red Wheel/Weiser ISBN 1890482935.
  7. (Frantsesez)Arnaud Zucker (2016) L'Encyclopédie du ciel. Mythologie, astronomie, astrologie Robert Laffont..
  8. The Spiral Structure of the Galaxy: Something Old, Something New... Astronomical Society of the Pacific Conference Series 2008 375 or. Bibcode2008ASPC..387..375B.
  9. a b Jesus Agirre Galaxiak Frantses Bidea Elhuyar.
  10. Esne Bidearen bihotza Elhuyar zientzia 2002/01/10.
  11. A Distant Extended Spiral Arm in the Fourth Quadrant of the Milky Way L127. or. doi:10.1086/422031 Bibcode2004ApJ...607L.127M.
  12. «The new I. A. U. system of galactic coordinates (1958 revision)» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society (2): 123–131 1960 doi:10.1093/mnras/121.2.123 Bibcode1960MNRAS.121..123B.
  13. a b Tools of Radio Astronomy 2009 ISBN 978-3540851219.
  14. a b Far-infrared loops in the 2nd Galactic Quadrant 2004ko apirila 131–141. or. doi:10.1051/0004-6361:20034530 Bibcode2004A&A...418..131K.
  15. a b An All-Sky Catalog of Faint Extreme Ultraviolet Sources 1997ko otsaila 545–557. or. doi:10.1086/312965 Bibcode1997ApJS..108..545L.
  16. 2006ko ekaina 3–20. or. Bibcode2006JAHH....9....3V.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Esne Bidea