Argi kutsadura
Argi kutsadura iturri artifizialeko argi emisio ezegokiari ematen zaion izena da. Gaizki diseinatutako eta eraginkortasun gabeko kanpo argiztapenak, kanoi laser eta proiektoreen erabilpenak, eta argien itzaltzeko ordutegiaren erregulazio txarrak eragiten dute, orokorrean, argi kutsaduraren arazoa.
Argi kutsaduraren ebidentzia argiena zeruak jasaten duen gaueko distiraren handipena da, argi artifizialak gas eta aire partikuletan sortutako islapen eta barreiapenaren ondorioz. Islapen eta barreiapen horrek zeruak egoera naturalean duen kalitatea aldatu egiten du, izarren eta beste zeruko objektu batzuen distira ezin ikustea eragin dezake.
Dudarik gabe, kale-argiak beharrezkoa diren lorpena da, argiztapen honek gaueko hainbat jarduera egiteko ahalmena ematen baitigu, baina ezinbestekoa da argiztapen hau era egokian erabiltzea. Adibidez, atmosferara argia zuzenki igortzea galarazi behar da, eta argia kalea ikusteko nahitaezkoa den tokietan bakarrik jarri. Horrez gain, alboetara, gora edo ikusteko beharrezkoa ez dugun tokietara bidaltzen den argiak, argia eta dirua alferrik galtzea bakarrik ekartzen du.
Arazo larri horretaz, orain arte, gizartea ez da asko konturatu, arazo horrek ondorio larriak izan ditzakeen arren (energia eta diru gastuaren igoera, argi intrusioa, hegazkin eta kotxeek gidatzeko arazoak izatea, arazoak gaueko ingurumenetan, zeruaren hondaketa…).
Kalte guzti horiek ez dira gertatzen kutsadura sortzen den tokian bakarrik (hiriak, poligono industrialak, errepideak…), baizik eta argia atmosfera guztian zehar hedatzen da, eta efektuak bere sorkuntza lekutik ehunka kilometrora ere hedatzen dira.
Definizioa
aldatuEz dago argi kutsadura zehazten duen definizio bateraturik. Ingurunean kalteak eragiten dituen argi emisio bezala defini daiteke, baina baita soilik ordutegi eta toki desegokietan eta intentsitate, banaketa espektral eta norabide ezegokian aplikatzen den argi bezala ere. Lehen definizioaren arabera, argi kutsadura ingurunean duen efektuaren arabera neurtzen da soilik (argi zikloak aldatzeak organismoetan eragin kaltegarriak baititu), bigarren definizioaren arabera argiztapen desegoki oro litzateke argi kutsadura.
Eraginak
aldatuEragina ingurumen naturalean
aldatuArgiak organismoen bioerritmo naturalari eragiten dio, eta horrek ondorio kaltegarriak ditu[1]. Eragin hori argi kopuruaren gehikutzaren, argi-ilun zikloaren aldaketaren eta atmosferako polarizazioaren aldaketekin lotua da.
- Gaueko argi kopuruaren aldaketa: organismo ugari argitasun maila jakinetan funtzionatzeko daude garatuak, eta argitasun maila aldatzeak arazoak dakarzkie, batez ere animalia gautarren kasuan. Argi kutsadurak haien ohiko erritmoan interferentziak sortzen ditu, elikagaiak bilatzea edo ezkutatzea zailduz, adibidez. Intsektu anitz, esaterako, argiak erakartzen ditu eta horrek haien ohiko elikagai bilaketa eta ugaltze prozesua oztopatzen du. Gainera, haien harrapariei lana errazten die. Dakigun bezala intsektuen populazioak beharrezkoak dira oreka ekologikoari eusteko, kate trofikoan eta polinizazioan duten pisua dela eta. Honela, hauen populazioan aldaketak eragiteak ondorio kaltegarriak ditu. Azpimarratu beharrekoa da eraginak ez direla hiri barneetara soilik mugatzen, hirietako argiak inguruko landa eremuko intsektuak erakar baititzake.
- Argi zikloaren aldaketa: sakonki aztertu ez bada ere, badakigu gehiegizko argiztapen artifizialak organismoek sentitzen duten argi zikloetan aldaketak eragiten dituela. Aldaketa horiek metabolismoan eragina dute, eta gauza jakina da hirietako zuhaitzek ohiz kanpoko garapen zikloak dituztela (gau-egun zikloa aldatzeaz gain, negu-uda zikloa ere aldatzen baitie).
- Atmosferaren polarizazioan aldaketak: oraindik ez dakigu asko horri buruz, baina badirudi hainbat animaliak zeruko argiak erabiltzen dituztela orientatzeko. Argi kutsadurak eragin negatiboa luke haientzat.
Eragina osasunean
aldatuGizakia animalia gautarra ez den arren, gaueko gehiegizko argiak eragin kaltegarria ukan dezake guretzat ere. Loaren zikloa aldatzea eta horrekin batera zenbait eragin sikologiko tartean egon daitezkeela uste da.
Eragina zeruko objetuen ikusgarritasunean
aldatuGauean zeruko objetuak ezin ikusteak izarren ikerketa zailtzen die astronomoei. Bestale, nabarmena da hirietatik hurbil izarrak ikusteko ezintasuna, arazo praktikoa baino estetikoa eta kulturala den arren.
Argi kutsaduraren kontrako neurriak
aldatu1980. urtearen hasieratik argi kutsaduraren kontrako hainbat talde sortu zituen arazo horregatik kezkatuta zegoen jendeak, eta argi kutsadura saihesteko kanpainak bultzatzen hasi ziren. Kutsadura mota honen kontra honako neurriak proposatu dira:
- Argia plano horizontalaren gainetik ez isurtzea, eta beharrezkoa den tokietara bakarrik zuzentzea, orokorrean argia beherantz igortzen duten kale-argiak soilik erabiliz.
- Gutxi kontaminatzen duten espektroa eta eraginkortasun energetiko handia duten argiak erabiltzea.
- Argiztapena beharrezkoa duten tokiak bakarrik argiztatzea, goitik behera eta argi igorpena gaizki erabili gabe, hau da, argiztatzea beharrezkoa ez diren tokiak ez argiztatuz.
- Argiztapena beharrezkoa den tokietan, honen intentsitatea mugatzea.
- Argia behar duten giza aktibitateak ahal den heinean argi naturala den ordutegian egitea.
Murtzian, adibidez, jendea gauero kutsatzen den zeru baten azpian bizi da, argi kutsadura bertan oso bortitza baita. Hartara, eskualde hartako biztanleen % 75ari gaur egun ezinezkoa zaio Esne Bidea begi hutsez ikustea.[2]
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Avila, Urko Apaolaza. (2020-02-04). «Ipurtargiak desagertzen ari dira argi kutsaduraren erruz» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-02-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Contaminación lumínica en Murcia»
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz)Cel Fosc, Asociación contra la contaminación lumínica
- (Gaztelaniaz)Campaña Cielo Oscuro en la Región de Murcia - España
- (Gaztelaniaz)Grupo para la Protección del Cielo
- (Ingelesez)International Dark-Sky Association