Manuel Larramendi

euskal idazlea
Larramendi» orritik birbideratua)

Manuel Larramendi Garagorri[oh 1]Aita Manuel Larramendi deituraz ezaguna— (Andoain, Gipuzkoa, 1690eko abenduaren 25a - Loiola, Azpeitia, Gipuzkoa, 1766ko urtarrilaren 29a) idazle jesuita izan zen. Gurasoak Txomin Garagorri eta Manuela Larramendi zituen: oso ongi ez dakizkigun arrazoiengatik, amaren deitura hobetsi zuen. Haren idazlanetan ikus daitekeenez, euskararen defendatzaile sutsua zen. Kultura handiko gizona, jarraitzaile anitz izan zituen. Idazlan gehienak gaztelania jasoan egin zituen. Euskaraz egin zituenak ez dira maila apalagokoak.

Manuel Larramendi

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakManuel Garagorri de Larramendi
JaiotzaAndoain1690eko abenduaren 25a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaLoiola1766ko urtarrilaren 29a (75 urte)
Hezkuntza
HeziketaSalamancako Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakapaiza, historialaria eta idazlea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Erlijio-ordenaJesusen Konpainia

Literaturaren Zubitegia: 285

Bere garaiko idazle askoren gidari ageri zaigu, euskarazko lan askoren zuzenketak egin eta atarikoak idatzi baitzituen. Euskal testuen ekoizpenaren erdigunea XVIII. mendetik aurrera Lapurditik Gipuzkoara nola igaro ziren azaltzeko arrazoi ekonomikoak-eta aipatu badira ere, hein batean Larramendiren eraginari esker gertatu zela defendatu dute zenbait ikertzailek.

Larramendismoa aldatu

Larramendismoaren korronte ideologikoa XVIII. mendearen lehenengo zatian garatu zen, eta andoaindar idazleak eman zion izena korronte horri. Ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • Gipuzkoako foruen defentsa.
  • Foruak Gipuzkoako lege berezitzat defendatzea.
  • Foruen defentsa aldarrikatzailea bilatzea.

Larramendismoaren ideologia foruak galtzeko beldurraren ondorioz sortu zen. Planta berriko dekretuak delakoaren ondorioz piztu zen eta 1717an aduanak kostaldera eraman zituztenean areagotu egin zen. Gainera, Madrilgo intelektualen artean Euskal Herriko foru-pribilegioen kontrako kanpaina bultzatu zen. Etsai-giro horretan sortu zen filosofia larramendista, euskal nazionalismoaren aurrekarietako bat izan zena, hain zuzen ere.

Sobre los fueros de Guipúzcoa argitaragabean (1756-58, 1983), "Pirinioko Probintzia Batuak" (Provincias Unidas del Pirineo) izeneko egitasmo baten alde hitz egiten du, non zazpi euskal lurraldeak estatu aske batean batuko baitziren. Haren batzar nagusian, diputatuek euskaraz jakiteak nahitaezkoa izan behar zuen.

Gipuzkoarentzako aukera politikoak, Larramendiren arabera aldatu

1. Ingalaterrarekin bat egitea.

2. Frantziarekin bat egitea.

3. Kantabriako erresuma sortzea.

4. Gaztelarekin bat egitea.

5. Pirinioko probintzia batuak sortzea (Euskal Herria).

Larramendiren hitzaldi bat aldatu

« Zergatik euskarak, hain hizkuntza biziak eta beste edozein baino zaharragoak, ez ditu euskaldun guztiak batera eta elkarrekin nazio aske batean, beste hizkuntza eta nazioen menpekotasunetik at ikusiko? Zergatik egon behar dute Espainiako hiru lurraldek (Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak) Gaztelaren menpean (eta zer ez nuke esan behar Nafarroako erresumaz?) eta beste hiruk (Lapurdik, Zuberoak eta Nafarroa Behereak) Frantziaren menpean? »

—Aita Manuel Larramendi


Lanak aldatu

 
El imposible vencido (1729), euskararen lehen gramatika (hemen Ezina egina liburuaren 1853ko edizioa)
 
Larramendiren Hiztegi Hirukoitza 1745.

Euskaraz: Larramendik euskararen bikaintasunaz konbentzitu nahi zituen hala erdaldunak nola batez ere euskaldunak, baina liburu guztiak gaztelaniaz idatzi zituen, bilatzen zituen irakurleek (euskara landu behar zutenek, elizgizonek batik bat) ez zutelako euskaraz irakurtzeko inolako ohiturarik. Hala ere, euskaraz idazten oso ondo zekien. Euskaraz idatzitako testuek berrehun orrialde inguru betetzen dituzte. Bere liburuetako idatzi laburrez gain, elizako sermoiak, lagunei idatzitako gutunak eta hitzaurreak ere badira.

  • El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Bascongada (euskaraz Ezina egina bezala itzulia) (1729): euskararen lehen "arte" edo gramatika argitaratua da. Garai hartako jakintsuen artean arras zabaldua zen ideia baten arabera, hebreerak, grekoak eta latinak bakarrik zuten gramatika. Euskara bezalako hizkuntzak, ordea, jende ezjakinaren hizkerak ziren, ia animalien orroen gisakoak eta, beraz, liburuetan irakatsi ezin zirenak. Horiei erantzunez idatzi zuen liburu hura Larramendik. Oso gramatika ona da lehendabizikoa izateko, Mitxelenaren aburuz "Si he de dar brevemente mi opinión, creo que se trata de una exposición clara en que lo más importante de la estructura gramatical del vascuence ha quedado bien de manifiesto".[1]
  • Gutuna (1747). Mendibururen Jesusen Bihotzaren Debozioa liburuaren aurrean argitaratu zen Larramendik egileari bidali zion gutuna. Mendibururen obra onesteaz gainera, bere ustetan euskara nola landu behar zen poliki azaltzen du, besteak beste neologismoez, maileguez eta beste euskakietako hitzak erabiltzeaz aholkuak emanik.
  • Hiztegi Hirukoitza (1745), gaztelania-euskara-latina. Espainiako Errege Akademiaren Autoritateen Hiztegia argitaratu berria zela, Larramendik oso-osorik euskaratu nahi izan zuen, erdaldunak euskal hizkuntzaren aberastasunaz konbentzitzeko. Herriz herri galdetuz eta liburuak arakatuz hitz andana bildu zuen. Lan erraldoia da, baina hiztegiko hitzen artean, Larramendiren ohiko xelebrekeriak ere daude. Erdal etorkiko hainbat hitz euskal hitz jatorrak balira bezala dakartza (alferez: alfer-ez, soldadua baino saiatuagoa delako). Jakintza adigaiak (unibertso, astronomia, matematika eta beste) eta euskararentzat ezezagunak ziren objektuen izenak (bolbora, txokolatea, tabakoa) izendatzeko, hitz berriak asmatu zituen. Askotan, zaila da jakiten zein hitz diren herriaren ahotik jasoak eta zein berak asmatuak. Larramendiren irudimenari esker sortutako hitz batzuk egungo euskaran erabiltzeni dira, hilezkor eta garrantzi, esaterako. Asmatu zituen neologismo horiek, hala ere, berak ez zituen inoiz erabili eta haren jarraitzaile gehienek ere ez. Dena den, garaiko euskal idazlanetan aldaketa nabari da hiztegia argitara eman zenetik: Idazleak hitz berrien sorkuntzarako baliabideak gehiago erabiltzen hasi ziren, gaztelaniara eta frantsesera hainbeste jo gabe.
  • De la Antigüedad y universalidad del Bascuence en España (1728). Euskararen apologia bat da. Euskara Espainiako jatorrizko hizkuntza bakarra delako tradiziozko ideiatik abiaturik (tubalismoa defendatzen du, besteak beste), euskarak gainerako hizkuntza handien meritu berak edo are handiagoak dituela ezarri nahi du. Hurrengo urtean argitaratu zuen gramatikaren aitzinean atera nahi izan zuen, aurreikusten zituen kritikei aurrea hartzeko asmoz.[2]
  • Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria (1736). Euskokantabrismoaren teoria defendatzen du. Bere garaiko jende askok bezala, erromatarren aurka borrokan aritutako kantabriarrak euskaldunekin identifikatzen ditu.
  • Corografia de Guipuzcoa edo Corografía o descripción general de la muy noble y leal Provincia de Guipúzcoa (1754): Gipuzkoako geografia eta bertoko herritarren ohiturak, jantziak, dantzak, hizkuntza eta ogibideak azaltzen dituen lan etnografikoa da. Dantzen kontura, garai hartako apaizen artean eztabaida sutsua piztu zen: batzuen ustetan, dantza bekaturako bidea errazten zuen ohitura lizuna zen. Larramendiri, dirudienez, ez zitzaion hala iruditzen, eta liburu horretan Gipuzkoan XVIII. mendean egiten ziren dantzen berri ematen du.
  • Sobre los fueros de Guipuzcoa (1756-58, 1983): bere garaian ezin argitaratuzkoa izan zen saio politikoa. Euskal Herriko foruak Tubal aitasoaren garaietatik datozen lege zaharrak dira. Euskal Herriko foruek euskal herritar guztiei, bereizkeriarik gabe eta jaiotzatik, noblezia unibertsala onartzen diete, Gaztelako herritarrei ez bezala. Pirinioetako Probintzia Batuak izeneko Euskal Herriko estatu subirano baten alde mintzo da. Egitasmo hori euskal nazionalismoaren aurrekarietakotzat har liteke. Lana inprimatu ez bazen ere, garai hartako letradun jendeak eskuizkribua kopiatu eta zabaldu ahal izan zuela uste da.

Argitaratze atzeratuak aldatu

Larramendiren obra nagusi batzuk, politikoenak, ez ziren haren idatz-garaian argitara eman, ekarriko zizkioketen arazoengatik, eta isilarazita geratu ziren, ondoko mendeetan lagun argitaratzaileren bat arte. Hala, bada, haren idazlanetatik galdu ere egin ziren zenbait: Gipuzkoaren historia bat, adibidez.

Euskal testu bat, adibidetzat aldatu

 
Manuel Larramendiren omenezko monumentua Andoainen. Larramendiren heriotzaren bigarren mendeurrenean jarria.
« Eztakit zer esain dizutedan. Aspaldi nabil nola Euskal Erriak edertu, ta jasoko ditudan. Bost gau illun, eta bost egun argi iragoak ditut, egiteko onetan; baita gure euskera, izkuntza guztien zarrena aien garai nola ezarriko dedan. Baña ezta sinistekoa zer gertatzen zatan. Batzuek diote bestelako lan txarretan nabillela. Ezta ezer; oiek jakiñezak dirade, zer darauskioten ere eztakitenak. Besteak obeko nukeala itxegi beargai goragoren ta ederragoren bati. Ezta anik: oiek alperpotzak dira berok, ez gorago ez berago dan lanik ukitu ere nai eztutenak. Elakio hitzonzia, beargai txar diokan horri, ta ara ni itxekiko natxeok prestuagoari. Ainbeste urtean neabile ezagutu naiez gure hizkuntza miragarriaren txitezkoak, ta etzeatiet oraindikan osoro ezagutu; ain dek beargai au andi, larria. Eta lotsatzen ez aiz hi ta hire lagun oroitzar horiek, lan txarra deitzea lanik gaitzen ta latzenari? Hi ta hire ballerakoak besterik ezpaliz mendarte oietan, euskeraren saietsetik euskaldunok galduak, baita tuak ere gindukek, erdaldunen bekaitzez ezin ekusiaz, ta juzku gaiztoz. Baldin elkar artzen bagendu guziok, nor bere sallari ditxekala, Franzian ikaratuko gintuke franziar guziak, ta Españian españiar guziak. Non da ordea elkarte hori? Nagokan isillik. Nere min garratzena da, are eztakuzkula onetatik darraizkun kalteak eta gaitzak; era, dirudienez, ezagutuko ere eztitugula, ditugun on piskak galdu ditzagun artean. »
Manuel Larramendi: Corografía de Guipúzcoa, 1754

Jarraitzaileak aldatu

Manuel Larramendiren obrak haren garaikideengan itzal handia izan zuen, Mendiburu, Kardaberaz, Mikelestorena eta Ubillosengan, esaterako, baita hurrengo mendeetako idazleengan ere, Agirre Asteasukoa, Añibarro, Duhalde...[3]

Euskara erabiltzeko testuinguruak Lazarraga eta Larramendiren artean aldatu

Larramendiz geroztik (XVIII. mendea), euskarak bazterreko erabilera izan du Hego Euskal Herriko eliteetan, eta lehenagoko garaietan ere Hegoaldean erabilera molde hori nagusi zela uste izan zen. Lazarragaren eskuizkribua aztertuta, Pruden Gartziaren ustez eskema hori hautsi egin zen:

« Larramendik gauza garrantzitsuez gaztelaniaz idazten zuen, eta herri xehearentzako gauzak euskaraz. Ez zen hori Larramendi baino lehenagoko idazleen joera. Lazarragak jende ikasiarentzako literatura idatzi zuen euskaraz, eta erdaraz kronika historikoa batez ere. Zer klabe dago banaketa horretan? Oraindik ez dakigu, baina argi dago ez dela Larramendiz geroztik egin izan den banaketa. »

—Pruden Gartzia[4]


Oharrak aldatu

  1. Larramendi amaren abizena da eta Garagorri aitarena, ohikoa den abizenen ordena aldatu zuen.

Erreferentziak aldatu

  1. Mitxelena, Koldo (1959), "La obra del Padre Larramendi", Obras Completas, XI, 431
  2. Lakarra, Joseba A. (1985), "Larramendiren hiztegigintzaren inguruan", Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" (ASJU), XIX(1), 9-50.
  3. «"Larramendiren eragina ez zen hitz berriak erabiltzera mugatu" - Urtzi Reguero Ugarte - Zizurkil» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2019-11-14).
  4. Juan Luis Zabala: «Topiko zaharren birrintzailea», Berria, 2008-12-11. [Artium museoan Lazarragari buruz eginiko jardunaldien kronika.]

Bibliografia aldatu

  • Alberdi, Andres (1991): Manuel Larramendi: (1690-1766), Bidegileak 3, Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
  • Lakarra, Joseba A. (eta beste) (1992): Manuel Larramendi hirugarren mendeurrena 1690-1990, Andoain, Andoaingo Udala / Euskaltzaindia. ISBN 978-84-604-2150-4.
  • Marín Paredes, José Antonio (2018): "El momento Foral de Manuel de Larramendi. ¿La construcción de una tradición?", Sancho el Sabio, Extra 2, 129-148.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu