Primateak (Primates, latineko primus hitzetik, "lehena") ugaztun euterioen ordena biologiko bat da. Orian dela 85 eta 55 milioi urte artean sortu ziren ugaztun txiki batzuetatik abiatuta, eta oihan tropikaletako zuhaitzetan bizitzera ohitu ziren. Primateen ezaugarri asko zuhaitzetan bizitzeko adaptazioak dira, tartean burmuin handia, ikusmen zorrotza, koloreak ikustea, sorbalda eraldatua eta esku abilak. Primaterik txikiena Microcebus berthae da, 30 gramo inguruko pisuarekin, eta handiena ekialdeko gorila, 200 kilogramo baino gehiagorekin. 190 eta 448 espezie artean identifikatu dira, erabiltzen den sailkapenaren arabera. Primate espezie berriak aurkitzen jarraitzen dira: 25 espezie aurkitu ziren 2000ko hamarkadan eta beste hamaika 2010ekoan.

Primate
Paleozeno-Gaur egun

Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaEumetazoa
FilumaChordata
KlaseaMammalia
SuperordenaEuarchontoglires
Ordena Primates
Linnaeus, 1758
Azpiordenak
Banaketa mapa

Ezaugarriak aldatu

Ezaugarri primitiboak aldatu

Ezaugarri primitiboak beste ugaztun talde batzuekin partekatzen dituztenak dira, hau da, denboran zehar mantendu dituztenak. Beste ezaugarri batzuk, ordea, ugaztun askok galdu dituzte, baina hegazti edo narrastietan agertzen dira. Honako hauek dira ezaugarri horiek:

Pentadaktilia
Primate guztiek 5 behatz dituzte. Ateles generoan eskuko erpurua barneraturik dago.
Plantigradoak
Primate guztiek (Erytrocebus patas ezik) oin osoa jartzen dute lurrean ibiltzerakoan.
Lepauztaia
Primate guztiek tetrapodoen aztarna den hezur hau daukate.
Kubitu eta erradio ez elkartuak
Honekin batera karpoak askeak dira, Tarsiusetan ezik, jauziak egiteko loturik daude eta.
Hortzeria ez espezializatua
Hortzeria heterodontoa, hau da, hagin mota ezberdinak (haginak, ebakortzak, letaginak...) agertzen dira. Gainera difiodontia ematen da, hau da, bizitzan zehar bi hagineria izatea. Ezaugarri hau beste animalia ordena batzuetan ere badago eta Triasikoan agertu zen.
Gibela
Lobulatua dute eta, gainera, behazun-besikula ere badute. Hestearen bukaeran itsua agertzen da.
Barrabilak
Abdomenaren kanpoaldean eta zakilaren atzealdean.

Berezko ezaugarriak aldatu

Ezaugarri anatomikoak aldatu

Hainbat dira primate guztiek dituzten berezko ezaugarri anatomikoak. Homo izan ezik, beste guztiek halluxa (behatz lodia) oinarekiko dibergentea dute. Australopithecusek ere horrela zuen. Grabitate zentroa atzealderantz dago eta horregatik primateen atseden posizioa eserita egotea da, ortogradismoranzko joera sortuz.

Hatz eta behatzetan azkazal lauak dituzte, gutxi batzuk kenduta. Horregatik gutxienez halluxeko azkazala laua izatea hartzen da irizpidetzat. Kalkaneoaren alde distalaren luzatze erlatiboa dago. Honek kuboideak eta astragaloak elkar uki dezaten eragozten du.

Ezaugarri sentsorialak aldatu

Begietako orbitak aurrealdean eta gertu dituzte; hori dela eta batez ere ikusmena erabiltzen duten izakiak direla esaten da. Entzumena ona da, ukimena oso ona eta usaimena nahiko txarra. Begietako orbitak hezurrez inguratuta daude (hau ere nagi eta tupaiatan agertzen da). Etmoides hezurra (orbiten artean dagoena) agerian dago. Entzumen besikula garatua, petrosoaren aldetik eraikitako zoruarekin. Petrosoa tenporaletik abiatuta eraikitzen da. Usaimena ez da espezializatua, lemuridoetan izan ezik, non ondo landua duten. Ukimena batez ere oin eta eskuetako gainazalean garatua dago eta Meissnerren gorputz izeneko zelula bereziak dituzte horretarako. Dermatoglifoak (edo behatz-markak) esku eta oinetan. Atelidaen isatsean ere agertzen dira; ezaugarri honek itsaskortasun handiagoa ematen du zuhaitzetan.

Nerbio-sistema aldatu

Neokortexa garatuta dago. Primate guztiek dute Sylviusen arteka (lobulu parietal eta tenporala bereizten dituena) eta fisura kalkarino trirradiatua, bi hemisferioen artean. Guztiek dute zuntz erretinofugalak ikusmen binokularrerako prestaturik. Beste ugaztun batzuetan hemisferio berera doazen zuntzak %10a diren bitartean primateetan % 50era iristen dira, hiru dimentsiotan ikusteko gaitasun handiagoa lortuz. Primate guztien antzinako senidea koloreak desberdintzeko gai zen, baina gautarrak diren askok galdu dute. Hala ere ezaugarri hau ez da primateetan bakarrik aurkitzen, nahiz eta homologoa izan daitekeen.

Gainera, burmuinaren tamaina erlatiboa beste edozein izaki bizidunena baino handiagoa da haurdunaldian.

Txegoste-aparatua aldatu

Primateak orojaleak dira oinarrian, baina badira bakarrik landareak jaten dituztenak eta baita bakarrik animaliak jaten dituztenak ere, batez ere artropodoak. Dena dela, aukera zabalduena haragijale-frutajalea izatea da. Haginak multituberkulatuak dituzte eta premaxilarraren garapena urria da.

Ugalketa aparatua aldatu

Hainbat ezaugarrik ezberdintzen dituzte primateak beste ugaztun taldeetatik. Ezaugarri horietako bat titi gutxi edukitzea da, normalean bularraldean. Gehienetan pare bakarra dute, lemurido batzuetan 2-3 pare egon badaitezke ere, nahiz eta lehenengo parea bakarrik izan funtzionala. Aye-ayek pare bakarra du, baina iztaian. Zakila eskegita dago. Karedun gehienek bezala sinus urogenitalik ez dute. Espezie gehienek kume bakarra dute kumaldiko, nahiz eta familia batzuetan bi izatea ohikoena den. Umekiaren hazkuntza oso geldoa da eta behin erdituta ere besteetan baino geldoagoa da. Hala ere, gehiago bizi dira batez beste beste talde batzuk baino.

Historia ebolutiboa aldatu

Zuhaitz filogenetikoa aldatu

Hau da proposaturiko harremanen zuhaitz filogenetikoa:

Euarchontoglires
Glires

Rodentia

Lagomorpha

Euarchonta

Scandentia

Dermoptera

        

Plesiadapiformes

        

Primates

Eboluzio goiztiarra aldatu

 
Notharctus tenebrosus, Historia Naturaleko Amerikar Museoa, New York.

Primateen eboluzio-historiak 65 milioi urte hartzen ditu, gutxienez[1][2][3][4][5]. Ezagutzen diren primate zaharrenen antzeko ugaztun espezieetako bat, Plesiadapis, Ipar Amerikatik zetorren[6][7][8][9]; beste bat, Archicebus, Txinatik[10]. Antzeko beste primate basal batzuk Eurasian eta Afrikan zehar hedatu ziren Paleozenoaren eta Eozenoaren baldintza tropikaletan.

David R. Begunek ondorioztatu zuen primate primitiboak Eurasian loratu zirela[11] eta tximino eta gizaki afrikarrak sortu zituen leinu batek, Dryopithecus barne, hegoalderantz emigratu zuela Europatik edo Asia mendebaldetik Afrikaraino. Biziraun zuten primateen populazio tropikalak, Kairoko hego-mendebaldean dagoen Faiyum sakonuneko Goi Eozenoko eta Behe Oligozenoko aztarnategi fosiletan ikusten direnak, gaur egungo primate espezie guztiak sortu zituen, Madagaskarko lemureak, Asiako hego-ekialdeko loriak, Afrikako galagoak eta antropoideak barne. Antropodieen barnean daude Mundu Berriko Platirrinoak eta Mundu Zaharreko katarrinoak, tximino handi guztiak, gizakiak eta beste hominido batzuk barne dituen taldea.

Katarrinoak aldatu

Lehen katarrino ezaguna Kamoyapithecus da, Eragaleiteko Goi Oligozenokoa, Rift Haran Handiaren iparraldean (Kenya), duela 24 milioi urtekoa[12]. Bere jatorria Aegyptopithecus, Propliopithecus eta Parapithecus espezieekin lotuta dagoela uste da, duela 35 milioi urte ingurukoak[13]. 2010ean, Saadanius katarrinoen koroa-taldearen azken arbaso komunaren hurbileko ahaide gisa deskribatu zen, eta behin-behinean 29 eta 28 mya artean datatu zen, erregistro fosilean 11 milioi urteko hutsunea betetzen lagunduz[14].

 
Proconsul baten hezurdura, isatsik gabeko tximinoa.

Miozeno goiztiarrean, duela 22 milioi urte inguru, Afrika ekialdeko zuhaitzetako katarrino mota ugariek aldez aurreko dibertsifikazio-historia luzea iradokitzen dute. Duela 20 milioi urteko talde honetako fosil oso ezagun bat Victoriapithecus da. Duela 13 milioi urte arte tximinoen leinukoak zirela uste den generoen artean, Proconsul, Rangwapithecus, Dendropithecus, Limnopithecus, Nacholapithecus, Equatorius, Nyanzapithecus, Afropithecus, Heliopithecus eta Kenyapithecus daude, guztiak ekialdeko Afrikatik etorriak.

Oso urruti dauden aztarnategietatik (Tavipithecus, Namibiako labar-aztarnategietatik, eta Pierolapithecus eta Dryopithecus, Frantziatik, Espainiatik eta Austriatik) datozen Miozeno ertaineko beste forma orokor batzuen presentzia Afrika osoan eta Mediterraneo arroan Miozeno goiztiar eta ertaineko erregimen klimatiko nahiko beroetan forma ugari izatearen froga da. Miozenoko hominoideoen artean gazteena, Oreopithecus izenekoa, duela 9 milioi urte datatutako Italiako ikatz aztarnategietatik dator.

Hedapena aldatu

Primateak batez ere ingurune tropikaletan bizi dira, Macaca espezie batzuk eta Homo sapiens alde batera utzita. Gehienek, gainera, zuhaitzak dauden lekuetan bizi behar dira, Gelada eta gizakia izan ezik, hori baita bizileku arruntena. Oso espezie gutxik dakite igeri egiten.

Sailkapena aldatu

 
lau Lorisidae ezberdinen aurpegia. Ohartu sudurraren egituraz, txakurren antzerako muturra dutela eta goiko ezpaina bi zatitan banatua dagoela.

Primateen sailkapena egiterako garaian hainbat irizpide erabil daiteke. Irizpide klasikoak bi talde egiten zituen, bata lemuretan zentraturik eta bestea gizakian. Lehenengo taldeari Prosimio izena jarri zitzaion eta Madagaskarren bizi diren lau lemuroide familiez gain galagoak, lorisak eta tarsiusak batzen zituen. Hauek guztiak txikiak dira, begi handiak dituzte eta burmuinaren tamaina erlatiboki txikiagoa dute. Beste taldea Anthropoidea zen, Amerika, Afrika eta Asian bizi diren beste tximino guztiak biltzen zituena.

Gaur egun ez da irizpide hori erabiltzen, baizik eta kladistikak ezarritakoak. Sailkapen berrian ezaugarri ebolutiboak hartzen dira kontuan. Ikuspegi honetatik, ezaugarri nagusiak sudurraren egiturarekin du harremana. Strepsirrhini subordenako primateek bi barailak ez dituzte lotuak, goiko ezpaina moztua dute eta sudurreraino luzatzen da. Sudurra beti heze dago eta mutur batean dute, txakur edo katuek duten bezala. Talde honetan Prisimioetan sar daitezkeen guztiak daude, Tarsioidea izan ezik. Tarsioidea Haplorrini taldean sartzen da. Talde honetan gizakia ere badago, eta ez dute besteek duten sudur motaː sudurra lehorra da eta goiko ezpainak eta barailek jarraikortasuna dute alde batetik bestera.

Haplorrinoak, beren aldetik, hiru taldetan banatzen dira: aipatutako Tarsioidea infraordena, Platyrrhini infraordena (Mundu Berriko tximino izenarekin ere ezagutzen direnak) eta Catarrhini infraordena (Mundu Zaharreko tximino izenarekin ere ezagunak). Bi talde hauen arteko ezberdintasunak ere sudurraren egituran daude, baina desberdintzeko irizpide nagusia hauxe daː Platyrrhinik hiru aurreko hagin ditu eta Catarrhinik bi baino ez.

Zuhaitza aldatu

Zuhaitz filogenetikoa aldatu

Primates
Strepsirrhini
Lemuriformes
Lemuroidea[15]

Lemuridae

 Indriidae

Lepilemuridae

 Cheirogaleidae

Lorisiformes

 Lorisidae

 Galagidae

Haplorrhini
Tarsiiformes

 Tarsidae

Simiiformes
Platirrhini[16]

 Cebidae

 Aotidae

 Pitheciidae

 Atelidae

Catarrhini
Cercopithecoidea

 Cercopithecinae

 Colobinae

Hominoidea

 Hylobatidae

 Hominidae

Pisu erlatiboak aldatu

Espeziea Emea Arra
Gorila 105 kg (231 lb) 205 kg (452 lb)
Gizakia 62.5 kg (137.5 lb) 78.4 kg (172 lb)
Patas tximinoa 5.5 kg (12 lb) 10 kg (22 lb)
Tximino sudurluzea 9 kg (20 lb) 19 kg (42 lb)
Titi 120 g (4.2 oz) 140 g (5 oz)

Erreferentziak aldatu

  1. Maxwell 1984.
  2. Zhang, Rui; Wang, Yin-Qiu; Su, Bing. (2008-07). «Molecular evolution of a primate-specific microRNA family» Molecular Biology and Evolution 25 (7): 1493–1502.  doi:10.1093/molbev/msn094. ISSN 1537-1719. PMID 18417486. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  3. (Ingelesez) Willoughby, Pamela R.. (2005-12-31). «Palaeoanthropology and the Evolutionary Place of Humans in Nature» International Journal of Comparative Psychology 18 (1)  doi:10.46867/ijcp.2005.18.01.02. ISSN 0889-3675. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  4. Martin 2001, 12032–12038 orr. .
  5. Tavaré, Simon; Marshall, Charles R.; Will, Oliver; Soligo, Christophe; Martin, Robert D.. (2002-04-01). «Using the fossil record to estimate the age of the last common ancestor of extant primates» Nature 416: 726–729.  doi:10.1038/416726a. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  6. (Ingelesez) Rose, Kenneth D.. (2005-06-02). «The earliest primates» Evolutionary Anthropology: Issues, News, and Reviews 3 (5): 159–173.  doi:10.1002/evan.1360030505. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  7. «John Fleagle Primate Evolution» alltheworldsprimates.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  8. (Ingelesez) «National Geographic» National Geographic (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  9. «Found in Wyoming: New fossils of oldest American primate : Gazette Archives» gazette.jhu.edu (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  10. «Palm-Size Fossil Resets Primates’ Clock, Scientists Say - The New York Times | Ghostarchive» ghostarchive.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  11. (Ingelesez) Kordos, László; Begun, David R.. (2001-01-01). «Primates from Rudabánya: allocation of specimens to individuals, sex and age categories» Journal of Human Evolution 40 (1): 17–39.  doi:10.1006/jhev.2000.0437. ISSN 0047-2484. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  12. Cameron 2004, 76 orr. .
  13. Wallace 2004, 240 orr. .
  14. (Ingelesez) Zalmout, Iyad S.; Sanders, William J.; MacLatchy, Laura M.; Gunnell, Gregg F.; Al-Mufarreh, Yahya A.; Ali, Mohammad A.; Nasser, Abdul-Azziz H.; Al-Masari, Abdu M. et al.. (2010-07). «New Oligocene primate from Saudi Arabia and the divergence of apes and Old World monkeys» Nature 466 (7304): 360–364.  doi:10.1038/nature09094. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  15. Tree of Life: Strepsirrhini
  16. Tree of Life
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Primate