Biologian, jatorri ebolutibo bera duten bi atal ezberdinen arteko erlazioa da homologia. Izaki bizidunen konparazio azterketak egitean, bi egitura homologoak izango dira arbaso beretik eboluzionatu badute. Adibide ohikoenetako bat ornodunen aurreko gorputz-adarren konparazioa egitean aurki dezakegu; saguzarren hegoak, primateen besoak, bale-hegalak eta txakur zein zaldien aurreko hankak, guztiak tetrapodo egitura beretik garatuak izan dira.

Homologiaren printzipioa: ornodunen gorputz-adarren arteko erlazio biologikoa eboluzioaren argudio bezala erabili zuen Charles Darwinek.

Homologia kontzeptua aldatu

 
Pierre Belonek Book of birds liburuan konparatu zituen gizaki eta txori eskeletuak (1555)

Homologia terminoa geroagokoa bada ere, Aristoteles (c. 350 BC) izan zen homologiaz jabetu zen lehena. Pierre Belonek gizaki eta txori eskeletuak konparatu zituen Book of birds (1555) liburuan, azterketa sakonago batean[1]. Garai hartan, espezieen arteko antzekotasunak argitzeko oso azalpen ahulak erabiltzen zituzten, erlijioarekin lotura zuzena zutenak. XVII-XVIII. mendeetan zehar, garaiko anatomista eta naturalistek espezieen ezaugarriak ikertzean, espezie ezberdinen egitura anatomiko berdinei izen bera ezartzeari ekin zioten. Hala ere, izenak ezartzeko kriterioa ez zen batere zorrotza: antzeko forma, barne-egitura eta funtzioa zutenei erreparatzen zieten, eta soilik taxonomia berekoen artean. Homologiaren ideiak argitu zuen hain hurbileko loturak ez zeuzkaten espezieen artean egitura berdinak azaltzen zirela, eta funtzio eta forma oso ezberdinak ager zitezkeela morfologia berdinekoen artean. Ideia honek garapen ezberdinak izan zituen, izan ere, Alemanian Naturphilosophie mugimendua gailendu baitzen, eta Frantzian, berriz, homologiak anatomia eta enbriologiarekin izan zezakeen lotura ikertu baitzuten. Hala ere, bi herrialdeek elkar eragin ziotela esan dezakegu.

Kontzeptu modernoa aldatu

Richard Owen (1804-1892) britaniar anatomista izan zen lehen aldiz homologia kontzeptua erabili zuena. Homologia eta analogia terminoen arteko desberdintasuna ezarri zuen, aurreko urteetan bien arteko nahasketak gertatu baitziren. Homologoak ziren atalek funtzio zein forma desberdinak izan zitzaketela argi utzi zuen Owenek. Analogotzat definitu zituen bi animalia ezberdinen funtzio bereko organo edo atal ezberdinak. Aldiz, homologoak lirateke, bi animalia ezberdinen organo edo atal berdinak, izan ditzaketen forma edota funtzio desberdintasunetatik at.[2]

Behin eboluzioaren teoria argitaratuta, interpretazio berriak azaldu ziren, arbaso komunaren aipamena eginez. Charles Darwinek (1809-1882) Espezieen jatorria (1859) liburuan proposatutako ideiak osatu zituzten evolutionary morphology taldekoek, Carl Gegenbaur (1826-1903) eta Ernst Haeckel (1834-1919) Alemanian eta Edwin Ray Lankester (1847-1929) Britainia Handian. Ondorioz, Owenen homologiaren definizioa ordezkatuz Ray Lankesterren ondorengo hau gailendu zen: arbaso beretik eratorritako bi espezie ezberdinen karaktereen artean ematen den erlazioa.

Garapenaren biologia ebolutiboak definizio ezberdin bat erabiltzen du, organo homologoen garapen prozesuak kontutan hartzen dituena. Homologia ontogenetiko (developmental homology) edo homologiaren kontzeptu biologiko izenez ezagutzen da[3]. Ikuspuntu honetatik, homologiaren kontzeptua aktiboa dela esango genuke, eta ibilbide ebolutiboari eragin dakiokeela garapen muga bezala. Hala ere, aipatzekoa da kontrobertsia handiak sortu direla hitza definitzerako orduan.[2]

Definizioa aldatu

 
Burruntzia
 
Kakalardoa

Homologia hitza antzinako grezierako Homologos hitzetik dator. Homos "berdin" adierazteko erabiltzen da eta logos "erlazio" hitzarekin identifikatzen da.[4]

Taxonomia desberdineko egitura biologikoak homologoak izango dira arbaso beretik eratorriak badira. Homologiak eboluzioaren aniztasuna erakusten du, garapen ezberdinek espezieak antzekotasunetik urrunduz joan dira. Intsektu askok bi hego pare izan ohi dituzte, baina espezie guztietan bi hego pareen funtzioak ez dira berdinak. Burruntziak (anisoptera), esaterako, bi hego pare ditu, baina funtzio bera betetzeko garatu dituela esan dezakegu. Kakalardoaren (Coleoptera) kasuan, aldiz, bigarren hego parea sendoagoa da eta babeserako erabiltzen dira. Dipteroek bigarren hego paretik halter deritzen egitura txikiak garatu dituzte, orekari eusten laguntzen dieten beso antzeko batzuk. [5]

Homologia eta analogia aldatu

 
Astigar zuriaren fruituak

Neurri batean homologiaren aurkakoa analogia dela esan dezakegu. Izan ere, analogia jatorri ebolutibo ezberdinak dituzten funtzio eta forma oso antzekodun egituretan ematen da. Analogoak dira, adibidez, intsektu eta hegaztien hegoak, hegan egiteko funtzioa betetzen baitute biek. Beste analogia adibide bat astigar zuriaren fruituen eta txorien hegoen artean ikus dezakegu. Jatorri guztiz ezberdina badute ere, airean mantentzeko mekanismo antzekoa erabiltzen dute[6]. Bi espezieren artean homologia eta analogia erlazioak ager daitezke aldi berean, baina egitura ezberdinetan azalduko da bakoitza. Hots, Pterosauro eta txorien aurreko gorputz-adarrak homologoak dira, eta hegoak, aldiz, analogoak.[7]Kladistikan, analogia homoplasia izenez ezagutzen da.[8]

Erreferentziak aldatu

  1. «Essay: Homology | The Embryo Project Encyclopedia» embryo.asu.edu (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).
  2. a b (Ingelesez) Sommer, Ralf J.. (2008). «Homology and the hierarchy of biological systems» BioEssays 30 (7): 653–658.  doi:10.1002/bies.20776. ISSN 1521-1878. (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).
  3. Wagner, G.. (1989-01-01). «The Biological Homology Concept» Annual Review of Ecology and Systematics 20 (1): 51–69.  doi:10.1146/annurev.ecolsys.20.1.51. ISSN 0066-4162. (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).
  4. Milestones in systematics. CRC Press 2004 ISBN 041528032X. PMC 53896677. (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).
  5. (Ingelesez) Wagner, Günter P.. (2014-04-13). Homology, Genes, and Evolutionary Innovation. Princeton University Press ISBN 9781400851461. (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).
  6. June 11, Live Science Staff |; ET, 2009 10:00am. «Secret Found to Flight of 'Helicopter Seeds'» Live Science (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).
  7. (Ingelesez) Scotland, Robert W.. (2010). «Deep homology: A view from systematics» BioEssays 32 (5): 438–449.  doi:10.1002/bies.200900175. ISSN 1521-1878. (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).
  8. «ScienceDirect» www.sciencedirect.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).

Kanpo estekak aldatu