Lineo

Zinetzilari eta naturalista

Lineo[1][2] —jaiotza izena: Carl von Linné; latinezko izena: Carolus Linnaeus— (Råshult, Suedia, 1707ko maiatzaren 23a - Uppsala, 1778ko urtarrilaren 10a) zientzialari eta naturalista suediar bat izan zen, gaur egungo taxonomiaren oinarriak jarri zituena. Ekologiaren aitzindaritzat hartzen da, besteak beste.

Lineo

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakCarl Nilsson Linnaeus
JaiotzaRåshult (en) Itzuli1707ko maiatzaren 23a
Herrialdea Suedia
Lehen hizkuntzasuediera
HeriotzaLinnaeus Hammarby (en) Itzuli eta Uppsala1778ko urtarrilaren 10a (70 urte)
Hobiratze lekuaUppsalako katedrala
Familia
AitaNils Ingemarsson Linnaeus
AmaChristina Brodersonia
Ezkontidea(k)Sara Elisabeth Moræa (en) Itzuli
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaLinné family (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaLundeko Unibertsitatea
(1727 - : medikuntza
Uppsalako Unibertsitatea
(1728 - : medikuntza
University of Harderwijk (en) Itzuli
(1735 - 1735) Medikuntzako doktorea : medikuntza
Hezkuntza-mailaMedikuntzako doktorea
Tesi zuzendariaOlof Rudbeck the Younger (en) Itzuli
Johannes Gorter (en) Itzuli
Doktorego ikaslea(k)Fredrik Hasselquist (en) Itzuli
Carl Peter Thunberg (en) Itzuli
Anders Sparrman (en) Itzuli
Peter Forsskål (en) Itzuli
Anton Rolandsson Martin (en) Itzuli
Alexander von Karamyschew (en) Itzuli
Matvey Afonin (en) Itzuli
Hizkuntzaklatina
suediera
Irakaslea(k)Lars Roberg (en) Itzuli
Olof Celsius (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakgeologoa, katedraduna, botanikaria, medikua, autobiografialaria, biologoa, mikologoa, pteridologoa, briologoa, zoologoa, entomologoa, ornitologoa, naturalista, arachnologist (en) Itzuli eta mineralogoa
Lantokia(k)Uppsala eta Stockholm
Enplegatzailea(k)Uppsalako Unibertsitatea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaPrusiako Zientzien Akademia
Alemaniako Natur Zientzien Leopoldina Akademia
Royal Society
Suediako Zientzien Errege Akademia
San Petersburgoko Zientzien Akademia
Royal Danish Academy of Sciences and Letters (en) Itzuli
Royal Norwegian Society of Sciences and Letters (en) Itzuli
Frantziako Zientzien Akademia
Amerikako Sozietate Filosofikoa
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaSuediako Eliza

Find a Grave: 8162305 Edit the value on Wikidata
Armarria

Berak egindako klasifikazioaren funtsezko printzipioak taxonomia zientifikoaren oinarrian daude.

« Nomina si nescis, perit et cognitio rerum.

(Gauzen izena ez badakizu, beraietaz dakizuna ere desagertzen da)

»
Lineo, 1755ean.

Lineo kreazionista zen. Haren ustez, animaliak eta landareak Jainkoak sortuak izan ziren Genesisak kontatzen duenaren arabera, eta ordutik ez dute aldaketarik izan.

Haren lanik garrantzitsuena Systema Naturae da (1735): argitalpen asko izan ditu. Argitalpen bakoitzean, Lineok sistema hobetu eta osotzen zuen. Hamargarren ediziotik (1758) aurrera, bi izeneko nomenklatura (izen zientifikoa) sistema erabili zuen erabat. Talde batzuk zehatz definitu zituen, ugaztunen eta hegaztien klaseak bezala. Horretarako, Albertus Seba, Ulisse Aldrovandi, Mark Catesby, John Jonston eta beste jakintsuek deskribatutako animaliez baliatzen zen batzuetan, baina gehienbat berak aztertutako animaliak deskribatu zituen.

Biografia

aldatu

Haurtzaroa

aldatu

Carlos Nilsson Linneo Suedia hegoaldeko Småland probintzian jaio zen, Råshult herrian. Aita Nils ondoan dagoen Stenbrohult herriko apaiz lutertarra eta botanikazalea zen eta ama Christina Stenbrohulteko erretorearen alaba. Lau anai-arrebetan zaharrena zen. Samuel anaiak aitaren bidea hartu zuen eta erlezaintzaren inguruko eskuliburu bat idatzi zuen. Lineok urtebete zuela, aitona erretorea hil eta aitak haren lekua hartu zuen[3]. Txikitatik aitaren lorategian egoten zen eta aitak lursail bat eman zion berak nahi zituen landareak landa zitzan[4].

Txikitatik hasi zitzaion aita latina, erlijioa eta geografia irakasten, baina zazpi urte zituela, hezitzaile bat jarri zioten, Johan Telander. Ez zen Lineoren gustokoa eta handik bi urtera Växjöko institutuan sartu zen. Ikasle ona ez zen, sarritan alde egiten baitzuen lorategira landareak behatzera; hala ere, ikasketa amaitzea lortu zuen. Azken ikasturtean, Daniel Lannerus izan zuen irakasle, botanikazalea bera ere, eta Johan Rothman botanika irakaslea aurkeztu zion[5].

1724an Växjöko Gimnasioan sartu zen. Bertan erlijio ministro batek behar zituen ikasketak egin zituen, aitaren bidea jarraitzeko. Teologia, grekera, hebreera eta matematikak ikasi zituen baina azken urtean Nils aita gimnasiora semeaz galdezka joan zenean irakasleek "Lineo inoiz ez da ikasle ona izango" erantzun zioten. Johan Rothmanek medikuntzan etorkizuna bazuela esan zion aitari eta bere etxean hartu zuen fisiologia eta botanika irakasteko[3].

Unibertsitatea

aldatu

Rothmanek botanika gauza serioa dela erakutsi zion, ez entretenimendu hutsa. Tourneforten sailkatze sistema irakatsi zion eta Sébastien Vaillantek landareen sexualitatearen inguruan egindako lanak ere bai. 1727an Lundeko Unibertsitatean matrikulatu zen Lineo eta Kilian Stobaeus medikuaren etxean hartu zuen ostatu. Honen etxean botanikaren inguruko liburu ugari aurkitu zituen eta Stobaeus beraren hitzaldiak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuen. Aisaldian bere interes bera zuten ikasleekin Eskaniako flora esploratzen aritu zen[5].

Rothmanen aholkuak jarraituz 1728an Uppsalako Unibertsitateara joan zen. Rothmanek medikuntzaren bidea zabalik mantendu nahi zion eta Olof Rudbeck eta Lars Roberg irakasle entzutetsuak bertan zeudelako gomendatu zion Uppsala, baina ordurako zaharkiturik zeuden eta irakasteko gogo handirik ez zuten hauek. Lineok Olof Celsius teologia eta botanika irakaslearekin harremana egin zuen eta honek Uppsalako liburutegirako sarbidea eman zion, bertan zegoen Suediako liburutegi botaniko osoena, izan ere[5].

1729an Lineok Praeludia sponsaliorum plantarum tesia idatzi zuen, landareen sexualitatearen ingurukoa. Lan honek Olof Celsius txunditu zuen eta 1730an Lineo irakasle bihurtu zen, bigarren urteko ikaslea baino ez bazen ere. Sona handia hartu zuen Lineok eta 300 ikusleren aurrean hitzaldiak ere eman zituen[3]. Urte bereko ekianean Rudbecken etxera aldatu zen hark zituen 24 seme-alabatako hiruri klaseak emateko. Negua iritsi zen eta Lineok zalantzatan jarri zuen Tourneforten sistema. Horren aurrean sailkatze sistema berri bat osatu zuen, landareak estamine eta pistilo kopuruaren arabera antolatzen zituena.

1731ean Rudbecken aurreko laguntzailea zen Nils Rosen itzuli zen eta Lineoren medikuntzako tutore izan zen[3].

Laponiara espedizioa

aldatu

Rudbeckek Laponiara espedizio bat egina zuen baina handik ekarritako guztia 1702an gertaturiko sute batek suntsitu zuen eta Lineok Laponiara joatea erabaki zuen. Landare eta animalia espezie berriak aurkitzeko asmoa zuen, mineral baliotsuak ere bai, eta bertako samien ohiturak ere ezagutu nahi zituen. Samiak Eskandinaviako tundra eremu zabaletan zebiltzan elur-orein artzai nomadak ziren.

1732an jaso zuen espediziorako dirulaguntza eta maiatzaren 22an abiatu zen bidaia. Zaldiz eta oinez egin zuen bidea eta egunerokoa, botanikari eta ornitologiari buruzko eskuizkribuak eta herbarioak egiteko orriak eraman zituen. Elur-oreinaren elikagai nagusia goroldio eta likenak zirenez bidean sarritan egiten zituen geldialdiak hauek aztertzeko eta 11 egun behar izan zituen Umeå hirira iristeko[6]. Ondoren Gävlera iritsi zen eta bertan Campanula serpyllifolia landare arrastrasia ugari zegoela ikusi zuen. Landare hau Lineoren gustokoena bihurtuko zen, horregatik beranduago izena aldatu zitzaion eta Linnaea borealis bihurtu zen[3]. Hurrengo hiria Lycksele izan zen eta han samien inguruko ohiturak ikasi zituen. Handik Umeåra itzuli zen.

Umeåtik berriz iparraldera egin zuen eta Norvegiako muga zeharkatu zuen. Handik Kalixera jo zuen, Finlandiara pasa eta Turkuraino jeitsi zen. Azkenik, Turkun itsasontzia hartu eta Suediara itzuli zen. Sei hilabetetan 2.000 kilometroko distantzia egin zuen eta ibilbidean zehar landare eta hegazti ugari aztertu zituen. Guztiak gerora Flora lapponica liburuan azalduko zituen[4].

Herbeheretan eta Ingalaterran

aldatu

Uppsalara iztuli zenerako Rosen eta bere arteko harremana gaiztotua zegoen eta Claes Sohlberg ikaslearen etxera joan zen Gabonak igarotzera. Sohlbergen aitak semea Herbeheretara eraman zezala proposatu zion[3]. Herbehereak historia naturala ikasteko leku bikaina zen eta suediarrentzat ohikoa zen han denboraldi bat pasatzea doktoregotza egiteko. 1735ean joan ziren bertara eta Lineok Harderwijkeko unibertsitatean madikuntza doktoregotza egin zuen[5]. Bertan Peter Artedi adiskidea aurkitu zuen eta Uppsalan zeudenean elkarri zin egin zioten bietakoren bat hilko balitz besteak haren lana amaituko zuela. Handik hamar astetara Artedi hil egin zen eta Lineok amaitu zuen arrainen sailkapenaren inguruko haren lana[6].

Herbeheretan Johan Frederik Gronovius botanikaria ere aurkitu zuen eta Suediatik zekarren sailkapen sistema berriaren eskuizkribua erakutsi zion. Gronovius txunditurik gelditu zen eta liburuaren argitalpenaren kostoarekin laguntzeko konpromiosa hartu zuen. Isaac Lawson eskoziarraren dirulaguntza ere lortu zuten eta Systema naturæ izenarekin argitaratu zen. Izen osoa Systema naturæ per regna tria naturæ, secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis da, "Sistema naturala, naturaren hiru erreinuetan, klaseen, ordenen, generoen eta espezieen arabera, eta hauen ezaugarriak, desberdintasunak, sinonimoak eta kokapenak". Liburu honen 10. edizioa 1758an atera zen eta nomenklatura zoologikoaren abiapuntutzat hartzen da[7].

1735eko abuztuan George Clifford III ezagutu zuen, Ekialdeko Indietako Herbeheretar Konpainiaren zuzendaria zena eta Hartecampeko lorategi botanikoaren jabea. Linneok landareak sailkatzeko zuen gaitasunaz harrituta lorategiko zaindari eta mediku izendatu zuen[5]. Cliffordek berak ordainduta Ingalaterrara bidaiatu zuen Lineok. Sir Hans Sloaneren bilduma ikusi zuen bertan. Chelseako lorategi medizinaleko zuzendaria zen Philip Millerri Systema naturæ erakutsi zion eta honek lorategia liburuaren arabera antolatzeari ekin zion[5]. Oxfordeko Unibertsitatean Johann Jacob Dillenius botanikariarekin ere egon zen baina honek ez zuen liburua argitaratu nahi izan. Orduan Hartecampera itzuli zen, berarekin landare espezie bitxi ugari ekarriz[5]. Hurrengo urtean Genera Plantarum argitaratu zuen eta liburu honetan 935 landare genero deskribatu zituen. Corollarium Generum Plantarum gehitu zion beranduago, 60 genero gehituz. Hortus Cliffortianus ere Hartecampen idatzi zuen. 1738an itzuli zen Suediara eta ez zen berriz aterako[8].

Suedian berriz

aldatu

Estokolmon Almirantegoko mediku bihurtu zen eta Sara Elisabeth Moræarekin ezkondu zen 1739an. Suediako Zientzien Errege Akademia sortzen lagundu zuen eta zozketaz aurreneko presidentea izan zen[8]. 1741ean Uppsalako Unibertsitateko medikuntza irakasle izendatu zuten, baina Nils Roseneki trukatu eta lorategi botanikoaren arduradun bihurtu zen.

Hanbat espedizio berri egin zituen Suedian; Öland eta Gotland (1741)[8], Västergötland (1746)[8] eta Eskania (1749)[8]. 1742an Anders Celsius-ek bere izena daraman tenperaturaren eskala sortu zuen, baina gaur ezagutzen dugunaren alderantziz, hau da, uraren izozte puntua 100ºtan eta lurruntze puntua 0ºtan. Lineok 1745ean buelta eman zion eskalari[9].

1750 urtean Uppsalako Unibertsitateko erretore bihurtu zen[10]. Ikasleak espedizioak egitera eta espezie berriak ekartzera animatu zituen[7]. Bere klaseak oso gustokoak izaten ziren, lorategi botanikoan ematen baitzituen. Larunbatetan Uppsala inguruko flora aztertzera joaten zen ikasleekin[3]. Beti esaten zien ez dutela inortaz fidatu behar, ezta berataz ere. 1751 urtean Philosophia Botanica argitaratu zuen. Bertan Lineok erabilitako taxonomia sistema agertzen da, bai eta lorategi botaniko bat nola mantendu eta bidai-eguneroko bat nola idatzi ere[3].

Uppsala oso zaratatsua zela iritzita Hammarby eta Sävja herrixketan landetxe bana erosi zituen[8]. Hurrengo urtean Edebyn erosi zuen beste bat. Uda garaiak Hammarbyn igarotzen zituen familiarekin eta Uppsalako lorategian landatu ezin zitezkeen landareak sartu zituen bertan. 1766an museo bat eraiki zuen Hammarby atzeko muino batean eta bertan ezarri zituen bere liburutegia eta landare bilduma, izan ere Uppsalan gertaturiko suteak hiriaren herena erre eta ia Lineoren etxea ere suntsitu baitzuen.

Azken urteak

aldatu

1757an Adolfo Federiko erregeak noble titulua eman zion eta Carl von Linné bihurtu zen 1761ean. Armarri bat ere eman zion. Bertan Linnaea borealis landarea ikusten da eta hiru zatitan banatzen da armarria, gorria, beltza eta berdea, naturako hiru erreinuak irudikatuz.

1764an Upsalako sukarra izeneko gaixotasuna hartu zuen eta Rosenen zaintzei esker bizirik irautea lortu zuen. 1773an ziatika eta 1774an eta 1776an apoplejia atakeak izan zituen[3]. Gorputzaren eskuin aldearen gaineko kontrola galdu zuen eta memoriari ere eragin zion.Hirugarren apoplegia atake batek eraman zuen 1778an. Hammarbyn lurperatua izatea nahi bazuen ere Uppsalako katedralean hilobiratu zuten[4].

Taxonomia

aldatu

Aurrez taxonomiaren inguruko hainbat lan izan baziren ere, Joseph Pitton de Tournefort eta John Ray naturalistenak adibidez[11], Lineok 1731. urtean diseinaturiko nomenklatura binomialak taxonomia modernoa sortzea ekarri zuen. Bi hitz erabili zituen espezie bakoitza izendatzeko, aurrenekoak generoa izendatzen zuen eta bigarrenak espeziea. Era berean izaki bizidunen genero guztiak familia, klase eta erreinuetan sailkatu zituen[12]. Sistema honen bidez 8.000 anialia espezie eta 6.000 landare espezie tipifikatu zituen. Lineok erabili zituen aurreneko aldiz arra izendatzeko marteren sinboloa (♂) eta emea izendatzeko venusena (♀)[11].

Gizakiaren kokapena

aldatu

Lineo izan zen izaki bizidunen artean gizakiak duen kokapenaren inguruan hausnarketa egin zuen lehenengoa. Hartecampen egon zenean hainbat tximu ikusi zituen eta konturatu zen desberdintasun nabarmen bakarra hitzegiteko gaitasuna zela, besterik ez. Beste edozein animalia edo landare bezala hartu eta Antropomorpha ("Gizakiaren antzeko") kategoriaren barnean sartu zituen tximu eta gizakiak[13]. Bibliak zioen gizakiak jainkoaren antzirudiko sortuak izan zirela eta garai hartako gizarteak ezin zuen onartu jainkoak tximu antzik izan zezakeenik, eta beraz kritika handiak jaso zituen[13].

Lineok orduan hamargarren edizioan (1758) Primates taldea sortu zuen Antropomorpha ordezkatzeko eta honen barnean bi talde egin zituen, tximuak eta gizakia. Gizakiarekin batera bigarren espezie bat ere jarri zuen, Homo troglodytes izenekoa. Orangutan baten deskribapenean oinarritu zen hau tipifikatzeko[14]. Garai hartan esploratzaileek itzultzerakoan kontatzen zituztenak errelato zientifiko gisa hartzen ziren eta Systema naturæ liburuko aurreneko edizioetan hidra, fenix hegaztia, satiroa eta adarbakarra agertzen dira, besteak beste. Orangutanaren deskribapena ere horrela iritsi zen Lineorengana. 1771ean Homo generoko beste espezie bat erantsi zuen, Homo lar, gaur egun Hylobates lar izenarekin ezagutzen den giboia[15].

  • Præludia sponsaliarum plantarum (1729)
  • Fundamenta botanica quae majorum operum prodromi instar theoriam scientiae botanices per breves aphorismos tradunt (1732)
  • Systema naturæ (1735-1770) [Systema naturæper regna tria naturæ, secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis], 13 edizio zuzendu eta handituak
  • Fundamenta botanica (1735)
  • Bibliotheca botanica (1736) [Bibliotheca botanica recensens libros plus mille de plantis huc usque editos secundum systema auctorum naturale in classes, ordines, genera et species]
  • Critica botanica (1736)
  • Genera plantarum (Ratio operis) (1737)
  • Corollarium generum plantarum (1737)
  • Flora lapponica (1737) [Flora lapponica exhibens plantas per Lapponiam Crescentes, secundum Systema Sexuale Collectas in Itinere Impensis]
  • Ichthyologia (1738), Peter Artediren lanekin
  • Classes plantarum (1738), Bibliotheca Augustana
  • Hortus Cliffortiana (1738)
  • Philosophia botanica (1751)
  • Metamorphosis plantarum (1755)
  • Flora svecica exhibens plantas per Regnum Sveciae crescentes (1755)
  • Animalium specierum, Leyde: Haak, (1759)
  • Fundamentum fructificationis (1762)
  • Fructus esculenti (1763)
  • Fundamentorum botanicorum partes I et II (1768)
  • Fundamentorum botanicorum tomoi (1787)

Eponimia

aldatu

Berak deskribaturiko animalia eta espezieek bere izenaren erreferentzia daramate eta badira bere omenez izendatu diran espezieak ere, adibide aurretik aipaturiko Linnaea borealis landarea. Horrez gain bere omenez izendaturiko beste elementu batzuk ere badaude:

Londresko Linnean Society of London erakundeak 1888. urtetik aurrera Lineo domina ematen du botanikan edo zoologian egindako ekarpenengatik[19]. Bestalde 2020ko urtarrilaren 1ean Linnaeus Unibertsitatea sortu zuten Växjöko Unibertsitateak eta Kalmarreko eskolak bat egitean[20].

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
  2. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  3. a b c d e f g h i Blunt, Wilfrid. (2004). Linnaeus: the compleat naturalist. London: Frances Lincoln ISBN 0711223629..
  4. a b c (Ingelesez) «National Geographic Magazine» Magazine (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  5. a b c d e f g (Ingelesez) Stöver, Dietrich Johann Heinrich. (1794). The Life of Sir Charles Linnæus ...: To which is Added, a Copious List of His Works, and a Biographical Sketch of the Life of His Son. B. and J. White (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  6. a b Anderson, Margaret Jean. (1997). Carl Linnaeus : father of classification. Springfield, NJ : Enslow Publishers (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  7. a b (Ingelesez) Gribbin, Mary; Gribbin, John. (2008). Flower Hunters. Oxford University Press ISBN 978-0-19-280718-2. (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  8. a b c d e f Lisbet Koerner. (1999). Linnaeus. Harvard University Press; 1 edition (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  9. «Linné on line – Linnaeus’ thermometer» www2.linnaeus.uu.se (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  10. (Ingelesez) System. «Carl Linnaeus» www.nrm.se (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  11. a b «Biografia de Carl von Linné [Linneo»] www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  12. Pavord, Anna. (2005). The Naming of Names: The Search for Order in the World of Plants. Bloomsbury ISBN 1-59691-071-2..
  13. a b (Ingelesez) Eriksson, Gunnar; Broberg, Gunnar. (1983). Linnaeus, the Man and His Work. University of California Press ISBN 978-0-520-04568-2. (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  14. Piso, Willem; Bondt, Jakob de; Marggraf, Georg; Orta, Garcia de; Elzevirios, Ludovicum et Danielem. (1658). Gulielmi Pisonis ... De Indiae utriusque re naturali et medica libri quatuordecim :quorum contenta pagina sequens exhibet.. Apud Ludovicum et Danielem Elzevirios, (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  15. (Gaztelaniaz) «Mantissa plantarum» bibdigital.rjb.csic.es (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  16. «Planetary Names: Crater, craters: Linné on Moon» planetarynames.wr.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  17. (Ingelesez) «(7412) Linnaeus Asteroid» Universe Guide (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  18. «Linnaeite: Mineral information, data and localities.» www.mindat.org (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  19. (Ingelesez) «The Linnean Medal» The Linnean Society (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  20. «Vi kunde inte hitta sidan du sökte | Lnu.se» web.archive.org 2019-02-07 (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lineo