Ireki menu nagusia

Bizi

jaio, hazi, ugaldu eta hiltzeko gaitasuna duena, eboluzionatzekoa edukitzeaz gain

Bizia ezaugarri bereizgarri bat da, berezko iraupen eta garapen-prozesuak dituzten eta ez dituzten izakiak bereizten dituena. Berezko iraupen eta garapen-prozesu hauen artean daude haztea, ugalketa, homeostasia eta metabolismoa. Gainera, izaki bizidunak karbonoa duten molekula organikoz daude denak osatuak. Izaki bizidun mota u Gari daude, hala nola landareak, animaliak, onddoak, protistoak, bakterioak eta arkeobakterioak. Definitzeki irizpideak anbiguoak izan daitezke batzuetan, eta beste izaki batzuk biziduntzat jo daitezke, hala nola birusak, biroideak eta bizi sintetikoa.

Bizi
Waitakere Piha n.jpg
Bizia Waitakereko haitz baten.
Sailkapen zientifikoa

Domeinuak eta Erreinuak
Bizia Lurrean:
Datu orokorrak
Kolorea limegreen

Hasiera-hasieratik, biziak bere ingurua aldatu izan du eskala geologikoan, baina egokitu ere egin da ekosistema eta baldintza gehienetan irauteko. Zelulak dira egitura banakoak, materia biziaren parte oinarrizkoenak[1]. Bi zelula mota daude, prokariotoak eta eukariotoak, biak mintz batek inguratutako zitoplasmaz osatuak, biomolekula ugarirekin (proteinak eta azido nukleikoak esaterako). Izaki bizi batzuk zelulabakarrak dira, hau da, zelula bakar batek osatzen ditu, eta beste batzuk zelulanitzak, alegia, zelula askoz daude osatuak.

Biziaren ikerketaz biologia arduratzen da.

Definizioa(k)Aldatu

 
Biziaren zuhaitza

Biziaren definizioa erronka handia izan da zientzialari eta filosofoentzat, eta definizio ugari proposatu izan dira[2]. Bizirik eta hilda dagoenaren arteko desberdintasuna ez dago oso argi, hainbat estrukturek, adibidez birusek bi aldeetako hainbat ezaugarri dituzte. Berez bizirik eta hilik dagoena ezin da definitu, ez baitago argi bien arteko desberdintasuna non dagoen. Biologiak eginiko definizioan hauek dira ikusten diren ezaugarriak:

  1. izaki bizidunek elikatu egiten dira, bai ingurugiroko gai ez organikoetatik edo beste izaki bizidun batzuetatik;
  2. izaki bizidunak hazi eta garatzen dira;
  3. izaki bizidunek ingurugiroarekiko harremana dute;
  4. izaki bizidunak euren kasa birsortzen dira. Ez dute behar kanpo laguntzarik eta hau garrantzitsua da definiziorako.

Hala ere definizio honetan kristal mineralak sartzen dira, eta ez birusak. Sua ere sartzen da definizioan. Horregatik beste hainbat definizio proposatu dira Bizirako.

Definizio fisiologikoaAldatu

Izaki biziduna jan, metabolizatu, iraitzi, arnasa hartu, mugitu, hazi, birsortu eta kanpo faktoreen aurrean erantzuteko gai dena da.

Definizio honek duen arazoa esklusibitatearena da. Auto batek guztiak egiten ditu baina ez dago bizirik. Hainbat bakterio kimisintetikoek ez dute arnasa hartzen eta bizirik daudela inork ez du ukatzen. Hau dela eta geroz eta gutxiago erabiltzen da.

Definizio metabolikoaAldatu

Sistema bizi bat muga definitu bat duen objektua da zeinak kontinuoki inguruarekin substantziak elkartrukatzen dituen alteratu gabe.

Haziak, esporak, bakteria latenteak... ez ditu definitzen eta beraz ez da egokia. Suak ere definizio hau onartzen du.

Definizio biokimikoaAldatu

Izaki bizidun guztiek informazio hereditario birsorgarria du bere barnean azido nukleikoetan kodifikatua zeintzuek metabolismo zelularra kontrolatzen duten proteina eta entzimen bitartez.

Nahiko zehatza bada ere ez da baliagarria ezagutzen dugun kimikaz kanpoko bizia ukatzeaz gain egon litekeen bizia zibernetikoa ezinezkotzat jotzen duelako.

Definizio genetikoaAldatu

Bizia hautespen naturalaz eboluzionatu ahal duen sistema oro da

Hainbat biologok ukatzen dute birusak sartzen dituelako eta etorkizunean sor daitezkeen birus informatiko polimorfo darwiniarrak barne uzten dituelako, hauek bizirik egongo zirela zalantzagarria den arren.

Definizio termodinamikoaAldatu

Sistema biziak lokalizatutako inguruneak dira non ordenaren gehikuntza kontinuo bat gertatzen den kanpo interbentziorik gabe.

Definizio hau hoberena dela sinesten da eta Unibertsoaren konprentsio berriaren arabera sortu da. Termodinamikaren bigarren printzipioa hartzen du, zeinak entropiaren (desordenaren) gehikuntza beti ematen dela postulatzen duen.

Biziaren jatorriaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Biziaren jatorria»
 
Aurrekanbrikoko estromatolitoak Siyeh eraketan, Glaziarren Natura Parkea, AEB. 2002an UCLAko William Schopfek Nature aldizkariak duela 3500 milioi urteko eraketa geologiko hauek zianobakterioen ondoriozko fosilak eta, beraz, ezagutzen diren izaki bizidun antzinakoenen seinaleak izango liratekeela defendatzen zuen artikulu bat idatzi zuen.

Biziaren jatorria gizakia aspalditik kezkatu duen gaia da, ondorio zientifikoak ez ezik, garrantzi handiko beste ondorio batzuk ere (metafisikoak, esaterako) planteatzen dituelako. Gaia ikuspuntu desberdinetatik gara daiteke, baina artikulu honetan ikuspuntu zientifiko huts batekin helduko diogu, Biologiaren teoria klasikoak eta zientziaren azken ekarpenak azalduz.

Biziaren jatorriz jarduterakoan Lur planetaren gainean bizia nola sortu zen aztertzen da, eta baita biziak nola eboluzionatu zuen lehenengo zelulatik ere. Ikerkuntza honek oso ekarpen baliotsuak egin ditu XX. mendearen erdialdetik. Ekarpen horiek Lurrerako ez ezik, baliagarriak dira gure planetatik kanpo ere: esaterako, antzinako Lur planetan biziaren agerpena eragin zuten faktoreak Unibertsoko beste alderditan emango balira, oso litekeena zen bizia -guk ulertzen dugun eran- bertan azaltzea ere.

Zientzialari gehienen ustez Lur planetaren gainean bizia orain dela 3.500-3.000 milioi urte inguru agertu zen[3][4]. Orain arteko fosil zaharrenak 3.700 milioi urte dituzten estromatolitoak dira, Groenlandian[5]. Oso onartua bada ere bizia Lurrean bertan sortu zenaren hipotesia, zientzialari batzuek biziaren jatorria Lurretik kanpo kokatu dute, panspermiaren hipotesia defendatuz[6].

Biziaren jatorriari buruzko ikerkuntzak zientzia asko biltzen ditu bere baitan: Biologia, Kimika, Astronomia, Geologia eta Meteorologia, besteak beste[7]. Azken urteotan asko aurreratu bada ere, oraindik ez dira argitu biziaren sorreraren atzean dauden faktore guztiak, eta nola eragin zioten elkarri lehenengo zelula sortzeraino.

SailkapenaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Taxonomia»

Izaki bizidunak sailkatzen dituen zientziari taxonomia deritzo. Gizakia ere izaki bizidunen parte osatzen duenez, bera ere sailka daiteke. Askotan, izaki bizidunek izen zientifikoa izan ohi dute, zientifikoki sailkatzeko.

Bizidunak sailkatzeko modu ezagunena hau da: izaki bizidunen bost erreinuak.

  • Moneroak: zelulabakarrak eta prokariotoak dira, hau da, ez dute nukleorik eta material genetikoa zitoplasman sakabanaturik dago. Autotrofoak edo heterotrofoak izan daitezke. Zelulabakarrak direnez, ez dute ehunik. Bakterioak eta arkeobakterioak erreinu honetakoak dira (prokariotoak baitira)
  • Protistoak: protistoak zelulabakarrak edo zelulanitzak dira, eta eukariotoak dira, hau da, nukleo zelularra dute eta nukleo horretan dago pilatuta material genetikoa. Autotrofoak edo heterotrofoak izan daitezke. Ez dute ehunik. Protozooak (lehen animalien erreinuan sailkatuak) eta algak erreinu honetakoak dira.
  • Onddoak: onddoak zelulabakarrak edo zelulanitzak dira, eta eukariotoak dira. Denak dira heterotrofoak eta ez dute ehunik. Deskonposizioan dauden materialetaz ere elika daitezke. Perretxikoak eta legamiak esaterako, onddoak dira. Ez dute mugitzeko gaitasunik.
  • Landareak: zelulanitzak dira eta eukariotoak, eta animalien antzeko konposizio kimikoa dute. Autotrofoak dira, eta berdeak fotosintesia egiten dutelako. Horregatik dira garrantzitsuak atmosferako oxigeno kopurua mantentzeko. Ehunak dituzte eta ez dute mugitzeko gaitasunik. Goroldioak, belarra, landare loredunak eta zuhaitzak dira landareak.
  • Animaliak: zelulanitzak, eukariotoak eta heterotrofoak dira. Ehunak dituzte eta mugitzeko gaitasuna. Gizakia, (gure espeziea) erreinu honetakoa da, eta baita gainantzeko ornodun eta ornogabeak ere.

Bost erreinutako kategoria taxonomikoa gero eta gutxiago erabiltzen da gaur egun biologoen artean. Bere ordez, domeinuaren kategoria nagusitu da. Horrela, bizidun guztiak hiru domeinutan sailkatzen dira egun: Arkeobakterioak, Bakterioak (Eubakterioak ere deituak) eta Eukariotoak. Lehenengo biek Prokariota eremua osatzen dute.

Antolamendua: zelulatik biosferaraAldatu

Ezker: Koralezko uharriak itsas ekosistema emankorrak dira.[8]. Eskuin: Oihan epela Olympic Peninsulan (Washington, AEB).

Antolamendu ahalmena da biziaren ezaugarri harrigarrienetako bat. Zelula dan oinarrizko mailako antolamendua, baina beste mailak ere badira, mota bereko banakoen arteko harremanetan, edo mota desberdineko banakoen artekoetan, erreinu berekoak nahiz erreinu desberdinekoak izan, gertatzen den bezalaxe. Laburtzeko, esango dugu badela hierarkia bat, gero eta konplexuagoa, molekulen mailatik antolamendu ekologikoraino doana.

Zelula mailan, oso molekula desberdinak elkartzen dira, eta organulu oso konplexuak eta espezializatuak eratzen dituzte. Organulu dira zelula gunea, mitokondria bat edo Golgiren aparatua. Zeluletan daude, eta horietxek dira izaki bizi ororen egitura eta funtzio banako funtsezkoenak (beste atal batean aztertzen dira xehe). Izaki bizi asko zelulabakarrak dira; zelula bakar batek osatzen dituela esan nahi du horrek; Monera erreinuko motak dira zelulabakarren adibide argiak (bakterioak), zelula prokarioto direnak (ez dute ez gunerik, ez bestelako organulu nabarmenik), eta baita protisto asko ere, zelula eukariotoak (badute zelula gunerik, eta badituzte halaber prokariotoetan falta diren organuluak ere).

Hurrengo antolamendu maila elkarren berdin-berdinak diren baina batere espezializaziorik ez duten taldeez eraturiko izaki biziena da; maila hori dute bai bakterioek, bai protozooek. Hurrengo mailan, izaki bizia eratzen duten zelulek badute espezializaziorik, eta, era horretan, bada zelula desberdintzerik ere, hau da, zelula mota desberdinak ditu izaki batek. Izaki zelulanitz gehienetan, zelulak elkartu egiten dira, eta ehunak osatzen dituzte; ehunen adibide dira gihar ehuna, nerbio ehuna, odola, gantz ehuna, hezur ehuna, kartilago ehuna, etab.. animalietan, eta, landareetan, xilema, floema, epidermisa, edo azala. Organoak funtzio egiturak dira, ehun desberdinen elkartzez osatuak. Bihotza, adibidez, gihar ehuna, gantz ehuna, nerbio ehuna etab.. dituen organo bat da. Ornodun baten kasuan, giltzurruna, urdaila, hestea, entzefaloa, gibela, barea, etab. dira organoak; landareen organo dira berriz sustraia, zurtoina eta hostoak adibidez.

Organoak aparatu edo sistemetan elkartzen dira, izaki biziaren jardunak beharrezko dituen biologia funtzioak bideratzeko. Digestio-aparatua, adibidez, hainbat organoz dago osatua; horietako batzuk aipatu ditu gorago, hala urdaila, hestea edo pankrea; forma eta osaera desberdina dute, denek elkarrekin norabide edo prozesu berean lan egiten duten arren. Gernu aparatua giltzurrunek, ureterrak, gernu maskuriak, uretrak eta abarrek osatzen dute. Organo horietako bakoitzak eginkizun jakin bat izaten du, aparatuak behar bezala jardun dezan. Izaki biziaren aparatuek, koordinaturik jardunez, haren bizitza bideratzen dute. Sistemak elkarren oso antzeko organoez daude osatuak, eta horiek ere batera lan egiten dute, denek eginkizun jakin bat dutela. Horren adibide dira nerbio eta gihar sistemak.

Bai organismo zelulabakarrek, bai zelulanitzek, elkarri eragiten diote, biologia antolamendu gero eta konplexuagoak osatuz; ekologiaren aztergai dira goi mailako antolamendu horiek. Populazioa geografia eremu berean bizi diren mota bereko animalien multzoa da; Gipuzkoako ibai batean diren amuarrainek populazio bat osatzen dute, baina Galiziako ibai batekoak beste populazio batekoak dira, nahiz eta mota berekoak izan.

Izaki biziak ingurugiro jakin batean bizi izaten dira, eta horixe dute habitata; aurreko adibidean, ur garbia, hotza, oxigenoz aberatsa zen amuarrainaren habitata; ez ordea ur termal sulfurodunen iturburu bat; hor, amuarrainak ez, baina bakterio batzuk bizi dira. Izaki bizien populazioak, animaliak, landareak, onddoak, bakterioak etab., eremu jakin batean bizi direnak eta elkarri eragiten diotenak, komunitatea dira; kontuan hartzen baditugu komunitateko izaki bizi guztiak, bizi diren ingurune abiotikoarekin batera, ekosistema definituko dugu. Ekosistemak, beregain izateko, organismo mota desberdinak izan behar ditu: ekoizleak edo autotrofoak, kontsumitzaileak eta desintegratzaileak edo deskonposatzaileak; organismo ekoizleak gauza dira, energia iturri desberdinak erabiliz, gai inorganikoetatik elikagaiak sortzeko. Kontsumitzaileak eta deskonposatzaileak heterotrofoak dira, alegia, autotrofoen beharra dute elikadura eskuratzeko. Deskonposatzaileen eginkizuna (bakterio eta onddoena) funtsezkoa da, hondakin organikoak endekatzen baitituzte, eta organismo hilak deskonposatzen; hala, horien osagaiak aske geratzen dira, eta, hortaz, erabil daitezke berriz ere. Ekosistemen adibide izan daitezke ibaia, basoa, belardia edo aintzira; gure planeta da, bertan bizi diren izaki bizi guztiekin, denetan handiena; biosfera deitzen da.

Bizi estralurtarraAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Bizi estralurtar»

Bizi estralurtarra Lurra planetatik kanpo sortutako bizia da. Hipotesi hutsa baino ez da, zientzialariek ez baitute horren zantzurik aurkitu. Baldin eta bizi estralurtarra badago, zientzialariek uste dute unibertsoko hainbat tokitan sortu zela, elkarren eraginik gabe. Panspermia teoriak, berriz, dio toki batean sortu omen zela eta hortik beste planeta bizigarri batzuetara hedatu. Dena den, bi teoria horiek ez dute elkar baztertzen. Bizi estralurtarraren ikerketa eta teorizazioa astrobiologiari exobiologia edo xenobiologia esaten zaio.

HeriotzaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Heriotza»
 
Gorpuak, afrikar bufalo honena bezala, ekosistemak birziklatu egiten ditu, energia eta elikagaiak hornituz beste izaki bizidunei.

Heriotza, bizi-prozesu edo funtzioen amaiera erabatekoa da, organismo edo zelula batean[9][10]. Zergatien artean zahartzaroa, malnutrizioa, gaixotasunak, traumatismo larriak, indarkeria eta suizidioa daude. Lehenengo hirurak berezko heriotza moduan sailkatzen ditugu, azken hirurak ez bezala. Hil ondoren, organismoa ziklo biogeokimikoan sartzen da berriz. Sarraskijale edo harrapari batek kontsumitu dezake eta hondar organikoak detritiboroek jan, ingurunera itzuliz kate trofikoan berrerabiltzeko.

ErreferentziakAldatu

  1. Chapter-5, The Fundamental Unit of Life. Monika Mehan. Scribd.
  2. Tsokolov, Serhiy A. (2009) «Why Is the Definition of Life So Elusive? Epistemological Considerations» Astrobiology doi:10.1089/ast.2007.0201 PMID 19519215 Bibcode2009AsBio...9..401T.
  3. (Ingelesez)Schopf, J. William; Kudryavtsev, Anatoliy B.; Czaja, Andrew D.; Tripathi, Abhishek B. (2007-10) «Evidence of Archean life: Stromatolites and microfossils» Precambrian Research (3-4): 141–155 doi:10.1016/j.precamres.2007.04.009 ISSN 0301-9268 . Noiz kontsultatua: 2018-09-07.
  4. (Ingelesez)Schopf, J. William (2006-06-29) «Fossil evidence of Archaean life» Philosophical Transactions of the Royal Society of London B: Biological Sciences (1470): 869–885 doi:10.1098/rstb.2006.1834 ISSN 0962-8436 PMID 16754604 PMC PMC1578735 . Noiz kontsultatua: 2018-09-07.
  5. Galarraga Aiestaran, Ana (2016/09/01) Orain arteko fosil zaharrenak aurkitu dituzte Elhuyar Zientzia ISSN Elhuyar 2603-6614 Elhuyar.
  6. (Ingelesez)H., Rampelotto, P. (2010-4) Panspermia: A Promising Field of Research ISSN 0161-5297 . Noiz kontsultatua: 2018-09-07.
  7. (Ingelesez)Donald., Voet, () Biochemistry (3rd ed. argitaraldia) J. Wiley & Sons 29 or. ISBN 047119350X PMC 54780033 . Noiz kontsultatua: 2018-09-07.
  8. Hatcher, Bruce Gordon (1990) Coral reef primary productivity. A hierarchy of pattern and process 149–155. or. doi:10.1016/0169-5347(90)90221-X PMID 21232343.
  9. Definition of death.
  10. Definition of death.

Ikus, gaineraAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bizi  
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Bizitza