Edertasuna izaki, leku, objektu edo ideia batek izan dezakeen ezaugarri bat da zeinak gozamen, transzendentzia eta ongizate sentimenak sortzen dituen. Edertasuna duenari eder deritzo. Ederra zer den eta edertasuna zer den bereizteko ahaleginetan aritu izan da filosofiaren baitan estetika deritzan atala oraindik guztiz argitzeke dagoen arazoa delarik. Edertasuna giza pertzepzio eta sentipenei loturik dago bai eta giza kultura eta pentsamoldeei ere; eta horren ondorio gizakion kultura eta molde guztiekin bat datorren definizioa gauzatzea zilegi da, subjektibotasuna baita edertasunaren ezaugarrietako bat. Gizaki gehienek edertasuna harmonia, atsegin, osotasun, proportzio eta zuzentasun kontzeptuekin erlazionatzen dute ederra denak ezaugarri horiek izan ohi baititu alderantzizkorik esan ez badaiteke ere.

Euren edertasunaz baliatuz lamia izaki mitologikoek gizakiak erakartzen zituzten

Kontzeptuaren bilakaera

aldatu
 
Atenasgo akropoliseko partenoiaren marrazki bat

Mendebaldeko kulturetan edertasunari buruzko lehen teoriak Antzinako Greziako filosofo presokratikoek burutu zituzten, Pitagorasek besteak beste. Pitagorikoek beste hainbeste gauzarekin egin zuten legez erlazio matematikoak bilatu nahian aritu ziren matematika eta edertasunaren arteko jokoa argitzekotan. Aintzinako filosofo hauek aurkitu zuten gaur egun urrezko zenbakia deritzana zeinak naturan ageri ohi diren forma ugariren atalen arteko proportzioan antzeman litekeen. Laburbilduz mendebaldeko edertasunaren lehen definizioetan proportzioaren dohainak aipatuko lirateke, baita bide batez simetriarenak ere. Proportzio eta simetria izan ziren hain zuzen antzinate klasikoko artelanen moldea greziako arkitekturan antzeman litekeena.


Antzinate Klasikoa

aldatu

Polikletos

aldatu

Polikletosen irudia funtsezkoa da Grezia klasikoan edertasunarekiko zuten kontzeptua ulertzeko. Bere teoria Canon tratatuan aurkeztu zuen, zeina era berean arteari buruz ezagutzen den lehen tratatu teorikoa baiten. Dena den,  badirudi bertan agertzen diren ideiak garaian ezagunak zirela eta haiek biltzen zituzten eskuliburuak tailerretan jada ohikoak zirela. Polikletosen teoriaren iturri garrantzitsuenetakoa Galeno izeneko fisikoaren testu bateko pasarte bat da, K.a. II. mendekoa (Canon baino sei  mende geroagokoa), argi geratzen delarik testuak izandako garrantzia ez bakarrik idatzi zen garaian, Antzinate guztian zehar baizik. Fisiko batek idatzitako testuan gorputzaren edertasunaren inguruko behaketak agertzea arraroa iruditu arren,  medikuntza greziarrak esanahi kulturala ere bazuen, zientzia enpirikoa izateaz gain. Galenok edertasunaren inguruan zuen ideia Polikletosen berdina zen: edertasuna ez da substantzia edo gorputz jakin bat, alegia ez da unitate bat, konposizioa baizik, sistema bat; proportzio harmoniatsu eta orekatuen sisteman oinarritzen zen edertasuna.

Polikletosek, bere teoria formatu literarioan aurkezteaz gain, eskultura moduan ere aurkeztu zuen eskultura arkaiko eta protoklasikoaren arrastoak zituena oraindik ere, eta zeinak bere planteamendua  eskultoreren baten tailerrean jaioa izan zela aditzera ematen duen. Aipatutako eskultura, Doriforoa da, nahiz eta aurrerago kanon bera jarraituaz beste eskultura bat ere egin zuen, Diadumenoa. Bertan, edertasuna, etorkizunean garaitua izan zitekeen baina jarrera lasai eta orekatuan zegoen kirolari garailearen bidez irudikatu zuelarik.

Hala eta guztiz ere, tailerretako eskuliburu konbentzionalekin ez du zerikusirik Polikletosen Canon-ak. Izan ere, eskulturak egiteko argibideak azaldu beharrean, giza-gorputzaren proportzio idealen bidez, alegia antropometria jakin baten bidez edertasuna lortzeko jarraibideak aurkeztu baitzituen bertan. Honela, argi dago Polikletosentzat eskultoreek beraien ekoizpena burutzerako garaian gizakiaren proportzioen ezagutza izatea ezinbesteko baldintza zela edertasuna lortu ahal izateko..

           Erwin Panofskyren arabera, Polikletosen sistemaren izaera organikoa zen, eta hau izan zen garaian eskulturak naturaltasunerako bidea hartu izanaren gakoetariko bat. Aurretik, besteak beste, Egipziarrak figura bat irudikatzerakoan laukiaren egituratik abiatzen ziren bitartean (laukien eta gorputzaren osotasunaren artean inolako harreman zuzenik ez zegoelarik), Polikletosek gorputza osatzen zuten elementuen arteko harremana zuen abiapuntutzat. Honela, osotasunaren edertasuna, enborra, organo eta azpi-organoen arteko loturaren baitakoa litzateke.


Gorputza ez zen tamaina bereko hainbat moduluren baturan egituratzen, hura osatzen duten organo edo gorputz-adarren tamaina eta forma ezberdinen arteko harreman eta proportzioetan baizik; atzamar baten eta beste baten arteko erlazioan, atzamarren eta eskuaren arteko erlazioan, eskuaren eta besoaren artekoan, besoaren eta gainerako gorputz-adarren artekoan, etab[1].  Polikletosek kanonarekiko, eta beraz, edertasunarekiko zuen ikuspuntua, formula aritmetiko sinple eta erlazio geometriko neurgarrietan oinarritzen zen aldi berean. Horrenbestez, eskultura edertasuna plasmatzeko tresna gisa ulertzen zuen eskultore greziar honek.

Platon

aldatu
 
Amazona mattei, Phidias-en jatorrizko eskulturaren erreplika.

Platonek garatu zuen edertasunaren kontzeptua ulertzeko, filosofo greziarraren ideien teoria orokorra, baita bertan mimesis kontzeptuak duen garrantzia ulertzea ere funtsezkoa da.

Ideien teorian, Platon harremanaturik dauden “mundu sentikorra” eta “Ideien mundua”z arituko da. “Mundu sentikorra” zentzumenen bidez hauteman dezakeguna da eta “Ideien mundua” ordea, zentzumenekin hauteman ezin duguna, mundu adigarria.

Ideien munduan ez dago dualtasunik ezta aldaketarik ere, “mundu sentikor”ean ez bezala, zeina itxurazko errealitatea den. Beraz, ideiak “mundu sentikorra”ren abiapuntua dira azken batean, eta alderantziz, “izate sentikorra”k haien isla, mimesis prozesu baten bidez sortutakoak alegia.

Ideien teorian mimesis edo imitazioaren kontzeptua ardatz nagusienetakoa da. Baina, zer da mimesis edo imitazioa Platonen pentsamenduan?

“Irudi” hitzaren erabilera platonikoak bere imitazioaren teoriak zuen errealitatearen ikusmolde ierarkikoarekin zituen loturak erakusten ditu, non errealitate empirikoa (mundu sentikorra) “izate absolutu” batera egiten den hurbilketa besterik ez den. Irudia, imitatzen den objektu material horren hurbilketa da, inoiz ez benetako kopia bat. Hitz gutxitan, imitazioa edo mimesisa iradokizun edota ebokazio hori litzateke. Hori dela eta, Platonek behe-mailakotzat jotzen du imitazioa, alde batetik “izate”aren ierarkian “irudia”k duen lekuagatik, baita imitatzaileak objektua ongi ezagutu beharrean, alegia horren atzean dagoen ideia ezagutu beharrean, soilik bere itxura ezagutzen duelako ere. Beraz, irudiaren imitazioan pertzepzio sentsuala nahasia da eta esperientzia optikoa egiarik gabekoa.[2]

Ideien mundua: ongia eta edertasunaren garrantzia

aldatu

Unibertsoa artista jainkotiar batek sortutako artelan batekin alderatzen da pentsamendu platonikoan. Artista jainkotiar honek -demiurgoa– mundu erreala itxuratzen du, ideien munduan oinarrituz mimesiaren bidez. Demiurgoak sortutako mundu fisikoa eredu idealen mundua bezalakoa izatea ezinezkoa dela azaltzen du Platonek, nahiz eta ideien munduaren antzekoa izan, haietan oinarriturik baitago.

Timeon, Ideien munduan aurkitzen diren ongia eta edertasuna unibertsoari ordena eta zentzua ematen diotenak direla azpimarratzen du Platonek. Unibertsoa osatzen duten alderdiak ongia eta edertasunaren arabera ordenatzen dira, demiurgoaren adimenaren laguntzarekin. Baina unibetsoaren perfekzioa eta honen eraginez, edertasuna, ez da ausaz ematen, demiurgoaren adimenak ezarritako ordenaren eraginez baizik.[3]

Izate, ontasun eta edertasunaren arteko identitate eta harreman bat ezarriko da. Kosmosa ederra izango da eredu dituen ideietara hurbiltzen den heinean, edertasunak beti duelako oinarrian gauzen esentzia (izatea), xedea (ontasuna) eta forma (edertasuna). Ikuspegi honetan unibertsoak helburu jakin bat dauka eta ordena batean mugituko da. [4]

Gizakion helburua: edertasun eta ongiaren lorpena

aldatu

Filosofo greziarrak, gizakien nahi eta xede nagusiena edertasuna dela, eta bizitzako erabakiak honen bila hartu beharko genituzkeela adierazten du: edertasunaren kontenplaziotik ematen baitzaio izateari zentzua eta konplexutasuna.

Platonen etika azaltzeko elementurik garrantitsuenetarikoa Eros-aren kontzeptua da, honen bidez iritsiko garelako ongira eta edertasunera, maitasuna eta edertasuna baitira gizakiaren perfekzioaren bidea. Lehenengoak arima, adimena, ordena eta justizia azaleraztea izango du helburu eta edertasunak, ordea, Eros-ari sortzeko gaitasuna emango dio[5]. Bere lanetan azaltzen duenez, mundu gizatiarreko edertasunarekin liluratzen da gizakia. Baina elementu material hauetako edertasunean soilik murgilduta gelditu ordez, hauen bidez, gizakiek, guztizko edertasunarekin bat egiteko aukera dute, alegia perfekzio moralera iristekoa. Eta horretarako, mundu batetik besterako bidaia egiteko, Eros-aren presentzia ezinbestekoa izango da.

Greziar filosofoak idatzitako elkarrizketa ezberdinetan edertasunaren ezberdintzeak proposatzen ditu. Errepublika eta Legeaken jasotzen diren aipamenak aztertuta, Platonek gorputzaren eta arimaren edertasuna alderatzen dituela hauteman daiteke, gorputzaren edertasunak izaera negatiboa duelarik eta arimaren edertasunak perfekzioaren bidean jartzen gaituela azpimarratuz. Benetako maitaleak gorputz ederra bere izate eder horretan maite duela eta ez bere gorputz izatean argitu nahi digu Platonek ideia honetan, gorputz materikoa mundu fisikoari baitagokio eta arima berriz, ideiei.

Edertasuna (ideia) topatzeko bidean ongi eratutako arimaren parte-hartzea nahitanahiezkoa da, oinarri idealen arabera (forma, armonia eta neurria) ordenatzen den heinean, pixkanaka edertasun maila garaiagoak kontenplatuz, eta ondorioz, arima bera ederra bilakatu dadin elementu berriak agertzen doazelarik: batasuna eta ordena.[6]

Jarreren edertasunari, gorputzaren edertasunari baino garrantzia handiagoa ematen zaio idatzi hauetan, arima baita gorputz materikoari bizia ematen dion elementua, gorputza, honen partaidetzarik gabe, objektu hutsa litzatekeelarik. Ideia hau nolabait Errepublikan zegoen jasoa, Platonen lanen ondorengo berrirakurketetan antzematen denez, edertasuna bertutearekin eta beraz ongiarekin, eta bizioa zatarkeriarekin lotu zuenean .

Filebo eta Timeo gogoetetan Platonek edertasuna era kuantitatibo batean aurkezten du ordea.

Timeon edertasuna izaera harmonikoaren kontzeptuarekin uztartzen du, eta honen baitan edertasun neurgarri batez hitz egiten du, elementu bakoitzaren arteko erlazioaren oinarrian zenbakia eta proportzioa daudela esanaz. Harmonia sortzen duen edertasunaren eredua, erregulartasuna, errepikapen erritmikoak eta irudi simetrikoak izango dira honela.[7]

Beraz, arimaren formazioak ordena morala eta estetikoa lortzen doanean, alegia edertasuneratz doan heinean, ekintza ederrak egiten hasi eta hauek dira bertutera eramango gaituztenak.

Laburbilduz, Platonen edertasun kontzeptua ideal batean oinarrituta dagoen kontzeptua da, arima eta ekintza harmoniatsu, neurridun, ordenatu eta bateratzaileen bidez lortuko dena. Gorengo ideia dena hierarkikoki eta honetara iristea ia ezinezkoa dena zinez.

Plotino

aldatu

Plotinok edertasunaren kontzeptuan sakondu zuen, eta horretan, tarteka ikus-arteen inguruko planteamendu teoriak garatu zituen. Pentsamolde hau guzti, bere lehen tratatuan bildu zuen, Eneadasen, metafisika eta mistika ere landu zituelarik bertan.

           Neoplatonismoaren sortzailea izan zen heinean, Platonen ideietan oinarrituko da bere edertasunaren inguruko teoriak sortzeko (munduaren dualismoa kontuan hartuta). Nahiz eta Platonek bezala edertasuna ideia gorena balitz bezala ulertzen duen, bere idatzietan edertasun enpirikoaz ere hitz egingo du (Aristotelesen eraginez) eta horretarako ikus-arteez baliatuko da; izan ere, bere ustez naturako gorputzak ederrak izan daitezke, baina edertasun hori formak atxikituko dio. Hala ere, azken elementu hauek ez dute inoiz guztizko edertasunik lortuko, materiak formari erresistentzia egingo baitio hain zuzen ere. Gainera, edertasun hori soilik formaren egilearengan egongo da osotasunean Plotinoren ustez, azken finean, artisauaren ariman ideia bera baitago eta bertan ez du materiaren erresistentziarik izango. Puntu honetan aldaketa nagusietariko bat egongo da Platonen ikuspegiarekiko, izan ere berak mimesiarekiko ikuspegi negatiboa zuen bitartean, Plotinok ikuspegi negatibo hori materiarengan izango du, eta ez mimesiaren kontzeptuan.

Bestalde, materian irudikatzen diren formek interes berezia izango dute filosofo klasikoarentzat, bitartekari lana egin ahal izango duelako gizakiarengana edertasuna (ideia) hurbiltzeko prozesuan. Izan ere, forma txertatzean, materiari edertasunaren ideia ere txertatzen zaio, nahiz eta hau bere osotasunean ez izan, aipatu bezala materiak ideia edo formari beti erresistentzia egingo diolako. Dena den, bitartekari-harreman honen alderdi arriskutsuaz ere ohartzen da, gizakia soilik materialtasun horretan gelditu daitekeelako hain zuzen ere (Nartziso-ren mitoarekin alderatu daiteke).

           Filosofo honen edertasunaren kontzeptuak iraultza edo aldaketa izugarria suposatu zuen,  lehenago aipatutako Polikletosen ideien aurka argi eta garbi agertu baitzen. Alde batetik, simetriaren ideia guztiz baztertu zuelako, Polikletosek edertasunaren oinarrian ipini zuen bitartean. Beste aldetik, edertasuna sinplea dela aldarrikatuko du Plotinok, eta ez konposatua; honen aurrean, osotasuna sortzen duten zati bakoitza ederra izan zitekeela esan zuen, zati hauek sinple edo partikularrak ere diren bitartean.

           Platonen ideiak berreskuratuz, Plotinok berriz ere edertasuna ideia abstraktu moduan definituko du, eta ez zerbait neurgarria balitz bezala; beraz, edertasuna ez da modu matematiko baten bidez identifikatuko, arimaren bitartez baizik. Hain zuzen ere, bai arimak eta baita edertasunaren ideiak ere, Ideien munduan baitute jatorria, eta hala izanik, elkarri identifikatzeko gai dira Plotinoren pentsamenduaren baitan. Honela bada, arimak edertasuna ikustean berehala identifikatuko du, biak baitira esentziak, abstraktuak.

           Honetaz gain, Platonen pentsamendutik edertasuna ontasunarekin parekatzeko ideia ere berreskuratuko du, ederra dena ongiarekin erlazionatuz eta beraz, ideiarik garrantzitsuenekin lotuta, eta alderantziz, itsusia dena gaiztakeriarekin erlazionatuz. Azkenik, esatekoa da edertasuna eta ontasuna gizakiok kanpotik hautemango ditugun ezaugarriak direla, ez baitaude izatez eta jaiotzez gizakiaren barnean.

Erreferentziak

aldatu
  1. Alcina Franch, José. (1988). Arte y antropología. Alianza.
  2. Barash, M.. (1985). Teosrías del arte. De Platón a Winckelmann.. Alianza Forma, 17 or..
  3. Mansur, J.C.. (2011). Belleza y formación en el pensamiento de Platón.. Conjectura, 16, 85 or..
  4. Mansur, J.C.. (2011). Belleza y formación en el pensamiento de Platón.. Conjectura, 16, 86 or..
  5. Mansur, J.C.. (2011). Belleza y formación en el pensamiento de Platón.. Conjectura, 16, 88 or..
  6. Mansur, J.C.. (2011). Belleza y formación en el pensamiento de Platón.. Conjectura, 16, 90 or..
  7. Bedoya, E.. Aproximación a lo bello en Platón.. (Noiz kontsultatua: 2019ko martxoak 29).

Kanpo estekak

aldatu
  • Erreportajea edertasunari buruz Argia astekarian.
  • ALCINA FRANCH, J.: Arte y antropología, Madrid, Alianza, 1988
  • BARASCH, M.: Teorías del arte. De Platón a Winckelmann (Fabiola Salcedo Garcés-en itzulpena), New York, New York University, 1985.
  • BREHIER, E.: La filosofía de Plotino (Lucía Piossek Prebisch-en itzulpena), Argentina, Editorial Sudamericana, 1953.
  • BRISSON, L.: La oposición phúsis/tékhne en Plotino (Maria Isabel Santa Cruz eta Maria Ines  Crespo-ren itzulpena), La Plata, Universidad Nacional de La Plata, 2003.
  • GARCÍA ROMERO, F.: “El cuerpo de los atletas en la antigua Grecia”, XII Seminario de Arqueología Clásica, 2005
  • KONSTAN, D.: “The Concept of Beauty in the Ancient World and its Reception in the West” (bertsio digitalizatua), Nova Tellus, 30. bol. 1 zbk., 2012.
  • MARECHAL, L.: Descenso y ascdenso del alma por la belleza, Buenos Aires, Colección Pico y Piedra, 1984.