Ireki menu nagusia

Frantziako historia
Bonabarte Premier consul.jpg
Historiaurrea eta Antzin Aroa
Erdi Aroa
Aroa Modernoa
Aroa Garaikidea
Zerrendak

Napoleondar Gerrak edo Koalizioaren Gerrak[1] Napoleon Bonaparteren aginte inperialaren garaian (1804-1815) borroka egindako zenbait gatazka armatu izan ziren, 1789ko Frantziako Iraultzak eragindako gerrei jarraipena eman zietenak. Hein handi batean Erresuma Batuaren finantziazioari esker jarraitu zuten gerrak izan ziren, Frantziako Lehen Inperioan zehar. Ez dago kontsentsurik gerra hauen hasiera zehatzaren inguruan. Batzuen ustez gerrak hasi ziren Napoleonek Frantzian agintea lortu zuenean, 1799ko azaroan, baina beste batzuek uste dute 1799 eta 1802 artean emandako gatazkak Frantziako Iraultzako Gerrak direla, eta Erresuma Batuak 1803an Frantziari gerra deklaratu izana jartzen dute hasieratzat. Kasu honetan Amienseko itunaren haustura izango litzateke hasiera.

Napoleondar Gerrak geroz eta gehiago Koalizioaren Gerrak deitzen dira, izan ere Napoleonen aliatuek sortutako gerrak izan ziren. 1815eko azaroaren 20an amaitu ziren, Napoleonek Waterlooko gudua galdu ostean eta 1815eko Parisko Ituna sinatu eta gero. Batzuetan 1792eko apirilaren 20tik 1815eko azaroaren 20an emandako gerra guztiei Frantziar Gerra Handia deitzen zaio.

Hasiera eta amaieraAldatu

Adituak ez datoz bat Frantziako Iraultzako Gerren eta Napoleondar Gerren arteko muga non dagoen esaterakoan. Hainbat aukera honako hauek dira:

Gerra napoleonikoak Waterloon Frantziaren azken porrotaren ostean (1815eko ekainaren 18an) eta Parisko Bigarren Hitzarmena sinatutakoan (1815eko azaroaren 20an) amaitu ziren. Nolanahi ere, batik bat Britainia Handiko iturri batzuen arabera, 1792tik 1815 arte iraun zuen gatazka armatu jarraituari Frantziako Gerra Handia deitzen zaio. Beste batzuen arabera, 1689tik 1815 arte iraun zuen Bigarren Ehun Urteko Gerraren azken fasea izango litzateke.

GarapenaAldatu

 
Iberiar penintsula Jose Bonaparteren unerik indartsuenean (1809).[2]

Napoleon Bonaparte Frantziako jeneralik arrakastatsuena izan zen Iraultzako Gerretan, Italiako zati handiak konkistatu baitzituen, Austria bakea sinatzera behartuz. Egiptotik 1799an itzuli zen, eta azaroaren 9an gobernua kargutik kendu zuen. Bera Lehen Kontsul zen Kontsulatuaren bidez ordezkatu zuen. Arrakastarik gabeko konspirazio baten ondoren, 1804ko abenduaren 2an, bere burua enperadore izendatu zuen.

Napoleonek Britainia Handia inbaditzeko asmoa zuen 1805ean, baina Errusia eta Austriarekin izandako aliantza berriak (Hirugarren Koalizioa) kontinenteari begira jarri zuen. Gainera, Bizkaiko golkoko britainiarren nagusitasuna ezin izan zuen gainditu, Trafalgarren urriaren 21ean porrot erabakigarria pairatu zuelako. Edonola ere, abenduaren 2an, soldadu gehiago zituen Austriar-Errusiar armada gailendu zuen Napoleonek Austerlitzen. Honela, Austriak koaliziotik aldenduta, Napoleonek Germaniako Erromatar Inperio Santua desegin zuen, ia-ia 900 urte iraun ostean.

Hurrengo urtean, Laugarren Koalizioa osatu zen. Urriaren 14an, Napoleonek Prusia garaitu zuen Jenako batailan. Alemania zeharkatuta, Errusia gailendu zuen Friedlandeko batailan 1807ko ekainaren 14an. Tilsiteko hitzarmenetan, Europa Frantzia eta Errusiaren artean banatu zen, eta Varsoviako dukerria sortu zen tartean.

1807ko urrian Frantziak eta Espainiak Fontainebleauko ituna sinatu zuten, Portugal inbaditu eta banatzeko. Aitzaki horrekin Frantziar armadak Espainia inbaditu zuen eta 1808ko maiatzean Napoleonek bere anaia Josef Bonaparte jarri zuen errege. Frantziarren aurkakoak matxinatu zirenean Iberiar Penintsulako Gerra hasi zen. 1808ko udazkenean Grande Armée Espainian sartu zen, Napoleon Bonaparte buru zuela. Horiek horrela, 1809an Erresuma Batuak eta Austriak Napoleonen aurkako Bosgarren Koalizioa osatu zuten. Hasieran Austriak garaipenen bat izan bazuen ere, Wagramgo batailan erabateko porrota izan ondoren Schönbrunngo ituna onartu behar izan zuen.

Nolanahi ere, 1812ko ekainaren 12an, Napoleonek Errusia inbaditzeari ekin zion. Smolensken eta Borodinon garaipena izan ondoren, Mosku hartu zuten frantziarrek, baina sutan aurkitu zuten. Honela, atzera egitera behartuta aurkitu zuen bere burua Napoleonek. Atzerako bidaian, kosakoen erasopean, eta goseteak zein hotzak jota, 20.000 gizon baino ez ziren itzuli kanpaina honetatik.

1813tik aurrera, aldapa gora jarri zitzaion egoera Napoleoni. Leipzigeko guduan (1813) zazpi herrialdetako armadek garaituta, Paris hartu zuten aliatuek. 1814ko Fontainebleauko hitzarmenaren arabera, Elba uhartera erbesteratu zuten, boterea galduta. Hala eta guztiz ere, 1815eko martxoaren 1ean, Frantziara itzuli zen. Armada bat antolatu arren, Erresuma Batuak eta Prusiak Waterloon menderatu zuten ekainaren 18an.

Gerra hauek Europako gerragintza irauli zuten, batik bat artilleria. Aurretik ikusi ez zen maila handiko borrokak izan ziren, batez ere soldaduska-sistema moderno eta masiboa indarrean jarri zelako. Politikari dagokionez, Napoleonen porrotarekin, Borboiak Frantziako tronura itzuli ziren. Bitartean, Espainia Frantziako armadak okupatzean, Amerikan zituen koloniak konturatu ziren Espainiako boterea ez zela hain indartsua, eta matxinadetako atea zabalik geratu zen, beraz.

ErreferentziakAldatu

  1.   Las Cases, Emmanuel, comte de, 1766-1842 (D.L. 2014) Memorias de Napoleón escritas por él mismo ; seguidas de Juicios de Napoleón sobre sus contemporáneos ; Máximas y pensamientos del prisionero de Santa Elena Desván de Hanta ISBN 9788494274770 PMC 900038000 . Noiz kontsultatua: 2019-06-03 .
  2.   Kondaira . Noiz kontsultatua: 2017-11-21 .

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo loturakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Napoleondar Gerrak