Baionako abdikazioak
Baionako abdikazioak gertakizun historiko bat izan zen, 1808ko maiatzaren 5ean eta 6an Baionako Marracqeko jauregian jazotakoa, Espainiako koroa Napoleon Bonaparteren esku utzi zuena. Maiatzaren 5ean, Karlos IV.ak uko egin zion Espainiako erregetzari Napoleon Bonaparteren mesedetan. Biharamunean, gauza bera egin zuen Fernando VII.ak, Karlosen semeak.[1] Hilabete bat geroago, ekainaren 6an, Napoleonek Josef anaia izendatu zuen Espainiako errege.[2]
Baionako abdikazioak | |
---|---|
Mota | abdikazio |
Denbora-tarte | 1808ko maiatzaren 4a - 1808ko maiatzaren 6a |
Data | 1808ko maiatzaren 5a |
Kokaleku | Marracqeko jauregia |
Herrialdea | Frantzia |
Karlos IV.a Espainiakoa | |
Josef Bonaparte | |
Fernando VII.a Espainiakoa | |
Napoleon Bonaparte | |
Aurrekariak
aldatu1795eko uztailaren 22ko Basileako Itunak amaiera eman zion Espainiaren eta Frantziaren arteko Konbentzioaren Gerrari. Urtebete geroago, 1796ko abuztuan, Manuel Godoy lehen ministroak San Ildefontsoko Ituna sinatu zuen, Espainia Frantziaren aliatu militar bilakatu zuena. Horrek Britainia Handiaren aurkako gerrara eraman zuen Espainia, oso ondorio txarrekin: Trafalgarko gudua (1805), merkataritza oso kaltetua, Ameriketako koloniak arriskuan...[3]
1806an, Napoleonek Ingalaterraren blokeoa agindu zuen, baina Portugalek, ingelesen aspaldiko aliatuak, uko egin zion betetzeari. 1807ko urriaren 27an, Napoleonek eta Manuel Godoyk Fontainebleauko Ituna sinatu zuten. Hitzarmen horrek Espainia zeharkatzeko baimena eman zien Napoleonen tropei, Portugali eraso egin ahal izateko. Era horretan, 1807ko azaroaren 29an, armada frantsesa Lisboan sartu zen, Junot jenerala buru, eta Bragantza errege-familiak Brasilera egin zuen ihes.[3][4]
Bien bitartean, Napoleonen tropek Espainiako Erresumako hiri estrategikoak hartu zituzten: Burgos, Salamanca, Iruñea, Donostia, Bartzelona eta Figueres. 1808ko martxoaren 17an, Karlos IV.a erregea Madrildik lekutu behar zelako zurrumurrua zabaldu zelarik, Aranjuezko matxinada piztu zen, Fernando Asturiasko printzearen aldekoek hauspoturik. Godoy kargutik kendu zuten, eta Karlos IV.ak Fernandori utzi behar izan zion koroa.[3][5]
Giro nahasi hartan, martxoaren 23an Joachim Murat jenerala Madrilen sartu zen 100.000 soldadurekin. Apirilaren 20an, Fernando VII.a Baionara iritsi zen, Napoleonek Espainiako erregetzat onartuko zuen itxaropenarekin. Maiatzaren 2an, Madrilgo herritarrak altxatu ziren frantsesen aurka, baina matxinada bortizki zapaldua izan zen biharamunean.[6][3]
Baionako bilera
aldatu1808ko apirilaren 20an iritsi zen Fernando VII.a Baionara, eta hamar egun geroago Karlos IV.a eta Maria Luisa Parmakoa. Dubrocq hotelean egon zen ostatuz Fernando, eta Gouvernement hotelean haren gurasoak.[3]
Maiatzaren 5ean, Napoleonek bi erregeak elkartu zituen Marracqeko jauregian. Karlos IV.a erabat mendera ekarria zuen orduko, baina Fernandok, enperadoreari aurre egiteko ezgai, mutu iraun zuen goiz osoan. Arratsaldean iritsi ziren maiatzaren 2ko matxinadaren berriak. Napoleon berehala batzartu zen Carlos IV.arekin; ondoren, bi printzeak, Fernando eta Karlos Maria Isidro, deitu zituen. Bilera garratza izan zen; Fernandok eta Karlos Maria Isidrok gurasoen irainak pairatu zituzten, eta enperadoreak gauerdi arteko epea eman zien aita legezko errege gisa onartzeko; hori egin ezean, matxinotzat hartuko zituen.[7]
Arratsalde hartan bertan, Karlos IV.ak uko egin zien Espainiako tronurako eskubideei, Napoleonen faboretan. Bi baldintza ezarri ziren Gérard Durocek eta Manuel Godoyk prestatutako abdikazio agirian: espainiar monarkiaren lurralde-osotasunari eustea, eta katolizismoa izatea bertako erlijio bakarra. Uko egitearen truke, enperadoreak Frantzian hartuko zituen Karlos IV.a, Maria Luisa Parmakoa eta Godoy, eta errege-ohiari 30 milioi errealeko errenta ordainduko zion. Horretaz gain, Chambordeko jauregia ere jasoko zuen Karlosek.[7]
Fernando VII.ari dagokionez, gauerdia baino lehen onartu zuen aitaren mesedetan abdikatzea, ongi zekien arren hark Napoleoni utzia ziola koroa. Ordainetan, bai berak,[oh 1] bai gainerako infanteek, errenta oparoa jasoko zuten. Hurrengo urteak, Valençayko jauregian konfinaturik eman zituen, Karlos Maria Isidro eta osaba Antoniorekin, baina hura ez zen inola ere kartzela izan. Izan ere, luxuz inguraturik bizi izan zen, eta ezinago otzan eta lausengari jokatu zuen enperadorearekin, espainiarrak frantses okupatzaileen aurka borrokatzen ziren bitartean.[7][8]
Interregnoa
aldatuNapoleonek Josef anaia hautatu zuen Espainiako errege izan zedin. Enperadorea baino urte bat zaharragoa zen, eta Napoliko erregea 1806ko martxotik. Maiatzaren 10ean bidalitako eskutitz baten bidez jakinarazi zion bere erabakia:[7]
« | Nazioak, Gaztelako Kontseiluaren bidez, errege bat eskatzen dit. Koroa zuretzat da: Espainia ez da Napoliko Erresuma bezalakoa; hamaika milioi biztanle dira, 150 milioiren sarrerak baino gehiago, Ameriketako errenta neurrigabeak eta ondasunak kontuan hartu gabe. Bestalde, koroa honek Madrilen kokatuko zaitu, Frantziatik hiru egunera, haren mugetako bat erabat hartzen duena. Madrilen egonik, Frantzian zaude; Napoli munduaren amaiera da. Beraz, gutun hau jaso eta berehala, Baionarantz abiatu zaitezen nahi dut, erregeordetza nahi duzunaren esku utzirik, Jourdan mariskalaren agindupean. | » |
1808ko maiatzaren erdialdean, Baionako gertaeren berria iritsi zelarik, frantsesen aurkako matxinada Espainia osora hedatu zen. Hilaren 25ean, aldarri baten bitartez, Napoleonek jakinarazi zien espainiarrei ez zela Espainiako errege izanen, eta luze gabe erresumako handikiak Baionan batzartuko zirela. Ekainaren 4an izendatu zuen Josef Espainiako errege. Ekainaren 15etik 30era, berriz, handikien batzarrak eztabaidatu eta onartu zuen enperadoreak prestatutako konstituzio zirriborroa, aldaketa gutxirekin.[7]
Josefek ekainaren 7an zin egin zuen Baionako konstituzioa, eta ekainaren 20an heldu zen Madrilera. Hamaika egunen buruan alde egin behar izan zuen, Fernando VII.aren aldekoek Bailéngo gudua irabazi ondoren. Abuztuaren 11n, Gaztelako Kontseiluak baliogabetu zituen Baionako abdikazioak, eta abuztuaren 24an Fernando VII.a aldarrikatu zuen Espainiako errege in absentia.[7]
Oharrak
aldatu- ↑ Napoleonek ez zuen inoiz erregetzat hartu Fernando VII.a, eta Asturiasko printze trataera eman zion.k
Erreferentziak
aldatu- ↑ La Parra, Emilio. Aspiraciones a la Corona española tras las abdicaciones de Bayona. hispanistes.fr (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
- ↑ Castillo Iglesias, Belén. 1808: La respuesta de los madrileños. cultura.gob.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
- ↑ a b c d e Ribeton, Olivier, Ais, José Ramón. 1808. Baionako Abdikazioaren alde. Apaingarria eta delitua.. joseramonais.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
- ↑ A primeira Invasão Francesa. ensina.rtp.pt (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
- ↑ Moncada Lorén, Manuel. Hoy hace 210 años estallaba el motín de Aranjuez. nationalgeographic.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
- ↑ La Parra López, Emilio. Biografía de Fernando VII de Borbón (1808-1833). cervantesvirtual.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
- ↑ a b c d e f Dufour, Gérard. La Guerra de la Independencia. Historia 16, 1989, Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes, cervantesvirtual.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
- ↑ Fernández Sarasola, Ignacio (aipamena). Emilio La Parra, «Fernando VII. Un rey deseado y detestado», Barcelona, TusQuets, 2018, 745 págs. Cuadernos de estudios del siglo XVIII, ISSN 1131-9879, 29, 2019, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) L'Abdication de Bayonne: d'après les documents d'archives et les mémoires., liburuklik.euskadi.eus