Bratislava[1] (/ˈbracislava/ ahoskatua; 1919 arte eslovakieraz: Prešporok/Prešporek; hungarieraz: Pozsony; alemanez: Pressburg/Preßburg; latinez: Posonium) Eslovakiako hiriburua eta hiririk handiena da. Herrialdeko hego-mendebaldean dago, Danubio ibaiaren bazterrean, Austria eta Hungariarekin mugan; izan ere, bi herrialde independenterekin muga duen munduko hiriburu bakarra da[2]. Bratislava eta Viena Europako hiriburu hurbilenak dira: bien arteko bidea 60 km baino laburragoa da. 2014ean, 457.426 biztanle zituen[3].

Bratislava
Bratislava
Pozsony
Pressburg
Prešporok
Bratislava
'Danubioko Ederra'
hiria
Administrazioa
Herrialdea Eslovakia
KrajBratislava
AlkateaMatúš Vallo (en) Itzuli
Izen ofizialaBratislava
Pressburg
Pozsony
Jatorrizko izenaBratislava
Pozsony
Pressburg
Prešporok
Bratislava
Posta kodea8XX XX
Geografia
Koordenatuak48°08′41″N 17°06′46″E / 48.1447°N 17.1128°E / 48.1447; 17.1128
Map
Azalera367,58 km²
Altuera126-514
Demografia
Biztanleria475.503 (2021eko urtarrilaren 1a)
45.939 (2018)
alt_left 248.278 (%52,2) (%47,8) 227.225 alt_right
Metropolia616.578
Dentsitatea1.293,53 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera907a baino lehen
Telefono aurrizkia2
Ordu eremuaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Hiri senidetuakKiev, Vilnius, Viena, Praga, Turku, Ulm, Tesalonika, Székesfehérvár, Perugia, Parma, Rotterdam, Krakovia, Ljubljana, Alexandria, Sofia, Erevan, Bremen, Brno, Cleveland, Dublin, Ho Chi Minh Hiria, Jerusalem, Maribor, Mosku, Namur, Portland, Ruse, Larnaca Municipality (en) Itzuli, Larnaka eta Noci
MatrikulaBA, BL eta BT
http://www.bratislava.sk/

Bratislava Eslovakiako erdigunea da politika, kultura eta ekonomiari dagokienez. Bertan daude Herrialdeko Presidentearen, Parlamentuaren eta Gobernuaren egoitzak eta baita hainbat unibertsitate, museo, antzoki, galeria eta kultur eta hezkuntza erakunderenak ere[4]. Eslovakiako enpresa handi eta finantza erakunde askok hor dute egoitza nagusia. Ibai portu eta komunikabide gune garrantzitsua da.

Hiria, denbora luzean Pressburg alemanezko izenaz ezagutua, herri askoren eraginaren isla da: austriar, txekiar, alemaniar, hungariar, judu eta eslovakiarrena. 1536 eta 1783 artean, Hungariako Erresumako hiriburua izan zen, Habsburgtarren monarkiaren mendean eta, bestalde, hantxe errotu zen XIX. mendeko eslovakiar nazio-mugimendua. Era berean, hungariar eta alemaniar pertsonaia historiko handien bizilekua izan zen.

Geografia aldatu

 
Bratislavaren satelite bidezko argazkia

Bratislava Eslovakiako hegomendebaldeko muturrean dago. Hegoaldean Hungariakin du muga eta mendebaldean Austriarekin, Txekiar Errepublikako muga 62 km-ra dago eta Viena, 60 km-ra. 367,58 km²-ko azalera du, Eslovakiako bigarren handiena Vysoké Tatryren ondotik.

Danubiok mendebaldetik hegoekialdera zeharkatzen du. Beste ibai batzuk, hiria iparmendebaldetik inguratzen duen Morava, Malý Dunaj eta Vydrica dira, hiruak Danubioren adarrak. Hiriko alde batzuek, bereziki Devin eta Devínska Nová Ves, uholdeak jasaten dituzte[5]. Karpatoen hasiera, Karpato txikiak (Malé Karpaty), Bratislavatik hurbil dago. Záhorie hiriaren mendebaldean hedatzen da eta Danubioren lur behereak ekialdean. Punturik baxuena, 126 m, Danubioren ondoan dago eta garaiena, 514 m, Devínska Kobyla da[6].

Klima aldatu

Bratislavak klima kontinentala du, uda epelekin (Cfb), Köppen klima sailkapenaren arabera. Tenperatura alde handia dago uda epel eta negu hotz eta hezeen artean. Udaberria eta udazkena motzak izaten dira. Urteko pilatutako prezipitazioa 557 mm-koa da eta ongi banaturik dago, urtaro lehorrik gabe.


      Datu klimatikoak (Bratislava)      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 2.4 5.0 10.6 16.0 21.6 24.5 26.9 26.7 21.7 15.4 7.6 3.6 15.2
Batez besteko tenperatura (ºC) -0.5 1.4 5.9 10.4 15.6 18.7 20.8 20.6 16.2 10.5 4.5 1.0 10.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) -3.5 -2.2 1.3 4.9 9.6 12.9 14.7 14.5 10.7 5.6 1.4 -1.5 5.7
Pilatutako prezipitazioa (mm) 42 37 36 38 54 61 52 52 50 37 50 48 557
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 14 12 13 11 11 12 11 11 10 10 14 15 144
Iturria: World Meteorological Organization 2011ko iraila

Historia aldatu

K. a. II. mendean boioek kokaleku gotortu bat (oppidum) eraiki zuten[7]. Bertan, txanponak (Biatec deituak) egiten zirela uste da, eta txanponetako letrak idazkeraren lehenengoak dira ingurune osoan. K. a. I. mendetik IV. mendera arte Erromatar Inperioaren mendean egon zen eta mugak defendatzeko sistemaren (limes romanus) parte izan zen. Erromatarrek mahastizaintza eraman zuten, gaur egun arte dirauena[8]. Eslaviarrak V. eta VI. mendeetan iritsi ziren, Migrazioen Garaian.

Hiriaren lehenbiziko aipamen idatzia 907koa da, Moravia Handia hungariarren esku erori zenekoa. X. mendean Pressburgen lurraldea Hungariaren (1000tik aurrera Hungariako Erresuma deitutakoa) zati bihurtu zen[9]. 1526an, Mohacsko guduan, Otomandar armadak Hungariakoa garaitu zuen. 1530ean turkoek hiria kanoikatu zuten, baina ez zuten hartu. Otomanoen aurrerabidea zela eta, hungariar nobleek Budatik ihes egin zuten eta Danubioren iparraldean hartu zuten babes. 1536an Bratislava Hungariako hiriburu izendatua izan zen, eta horrela izan zen 1783 arte. 1536 eta 1830 artean San Martin katedralean Hungariako hamaika errege eta erregina koroatuak izan ziren[10].

XVIII. mendean, eta, batez ere, Maria Teresaren agintaldian (1740-1780), Bratislava Hungariako Erresumako hiririk handiena eta garrantzitsuena zen. Biztanleria laukoiztu zen eta jauregi ederrak, elizak, monasterioak eta bulego eraikinak egin ziren. Maria Teresaren seme Josef II.aren erreinaldian (1780-1790), ordea, hiriburutza galdu eta probintzia hiri bihurtu zen[11].

Lehen Mundu Gerraren ostean Txekoslovakia sortu zenean, Eslovakiako organo politikoen egoitza izateko aukeratu zuten, Danubioren bazterreko kokapen estrategikoan zegoelako. 1919an Bratislava izena hartu zuen. 1939an Eslovakiako Errepublika independentea eratu zen, egiaz Alemania Naziaren estatu txotxongiloa izan zena. 1945eko apirilaren 4an sobietar armada Bratislavan sartu zen[12].

Gerraren ondoren hiria erabat aldatu zen. Naziek sarraski-esparruetara eramandako judu gehienak ez ziren itzuli eta, askapenaren ondoren, alemaniar eta hungariar populazioaren gehiengoa lekualdatua izan zen. Horrela giro multikulturala galdu zuen. 1948ko eskatu kolpe komunistaren ondotik, herritar askok errepresioa pairatu zuten. Alexander Dubčekek gidatutako Pragako Udaberria Varsoviako Ituneko armaden inbasioarekin amaitu zen.[13].

1989an, erregimen komunistaren amaiera ekarri zuen Belusezko iraultzaren gune nagusietako bat izan zen Bratislava. 1993an, Txekoslovakia deuseztatu eta gero, Eslovakiako hiriburu bihurtu zen[14].


Demografia aldatu

XIX. mendera arte, talde etniko nagusia alemaniarra zen. 1867an Austria-Hungariako Inperioa sortu zenetik, ordea, hiria magiarizatuz joan zen. 1910ean, biztanleriaren % 42k alemanezko hiztuna zela adierazi zuen; % 40k, hungarierazkoa; eta % 15ek, eslovakierazkoa. 1918an, Txekoslovakia sortu zenetik, Bratislava eslovakiartuz joan da: 1930ean % 29,8 ziren, baina 2001ean, % 91,4[15][16] Hala eta guztiz ere, XXI. mendearen hasieran hungariar komunitatea handia zen (% 3,84 2001ean) eta gutxiengo ijito, txekiar eta alemaniarrak zeuden[16].

Bilakaera demografikoa 1400-2001
(biztanleria milatan)

Hiri paisaia eta arkitektura aldatu

 
Bratislavaren ikuspegia

Bratislavako hiri paisaia estiko anitzen nahasketa da: Erdi Aroko dorreak, jauregi barrokoak, Art Nouveau eraikinak eta eraikuntza garaikideak. Eraikin historiko ugari dago, gehienak Hiri Zaharrean (eslovakieraz: Staré Mesto). Azpimarragarrienak hauek dira[17]

 
Udaletxe zaharra.
  • Bratislavako gaztelua (Bratislavský hrad). X. mendean eraikitzen hasitakoa. Hiriaren sinboloa da.
  • Grassalkovich jauregia (Grasalkovičov palác). XVIII. mende amaierako jauregi barroko ederra. Gaur egun Eslovakiako Presidentearen egoitza da.
  • Udaletxe zaharra (Stará radnica). XIV. eta XV. mendeetako zenbait etxe elkartuz egin zen. Historian zehar aldaketa ugari izan ditu. Gaur egun Udal Museoa dago bertan.
  • San Martin katedrala (Katedrála svätého Martina). XV. mendeko katedral gotikoa.
  • San Migel Atea (Michalská brána). Zutik dirauen Erdi Aroko harresiko ate bakarra.
  • Primatuaren jauregia (Primaciálny palác). 1778 eta 1781 artean Jozef Bathyány artzapezpikuarentzat eraikitako jauregi neoklasikoa.
  • Frantziskotarren Eliza (Kostol františkánov or Františkánsky kostol). Hiri Zaharreko eraikin erlijiosorik zaharrena (XIII. mendekoa).
  • Artzapezpikuaren udako jauregia (Letný arcibiskupský palác). XVII. mendeko jauregia, gaur egun Eslovakiako Gobernuaren egoitza.
  • Universitas Istropolitana 1465ean Matías Corvino Hungariako erregeak fundatutako unibertsitatearen Pizkundeko eraikina.
  • Devin gaztelua (Hrad Devín edo Devínsky hrad). Danubio eta Morava ibaien elkargunean VIII. mendean eraikitako gotorlekua, Napoleonen osteak 1809an suntsitu zuena.

Auzo periferikoetan garai komunistako etxebizitza sail handiak (paneláky eslovakieraz) nabarmentzen dira: hantxe bizi da hiriko biztanleriaren % 70. Auzorik jendetsuena Petržalka da (111.778 biztanle 2010ean). XX. mendeko arkitekturaren beste adibide batzuk Zubi Berria (Nový Most) eta Slavin, Bratislavako askapenean, 1945eko apirilaren 4ean, hildako sobietar soldaduen omenezko monumentua dira[18].

Ekonomia aldatu

 
Mlynské Nivy, Bratislavako negozio gune nagusietako bat.

Bratislavako kraja Eslovakiako eskualderik aberatsena da eta herrialdeko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %26 sortzen du[19]. 2008an BPG per capita 41.800 EAS (Erosteko Ahalmen Estandar) izan zen (27.500 €), Europar Batasuneko batez bestekoaren % 167, eta EBko 271 eskualde ofizialetatik 9. handiena[20]. 2009an batez besteko soldata 1052 € gordin hilean izan zen[21].

2010ean langabezi tasa % 3tik beherakoa zen[22]. Populazioaren % 75etik gora Hirugarren sektorean aritzen da: turismo, merkataritza, banku, telekomunikazio eta Informazio eta komunikazio teknologietan[23]. Bratislavako Balio Burtsa 1991ko martxoaren 15ean sortu zen[24]. Industriak, berriz, Bratislavako BPGaren % 22 sortzen du.

1991tik, Volkswagen automobil ekoizleak fabrika bat dauka Bratislavan. Bertan Volkswagen Touareg eta Audi Q7 modeloak eta Porsche Cayenneren atal batzuk egiten dira[25]. Volkswagenez gain, enplegatzaile handienen artean Siemens, Slovak Telekom, Henkel, Kraft Foods, IBM, Orange, T-Mobile eta E.ON daude[23].

Garraioa aldatu

 
D1 autobidea Bratislavako Petržalkan

Bratislava bidegurutze garrantzitsua da Erdialdeko Europako nazioarteko garraioarentzat[26].

Herri eta hiri senidetuak aldatu

Bratislava ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. Dominic Swire (2006) "Bratislava Blast". Finance New Europe.
  3. Px-web.statistics.sk: Bratislavako bizlanleria.
  4. Welcome to Bratislava. Turismo liburuxka
  5. Defences hold fast in Bratislava. Nick Thorpe, BBC.
  6. Visit.bratislava.sk: Location and Size
  7. Visit.bratislava.sk: Celtic settlements
  8. Visit.bratislava.sk: Bratislava and the Romans
  9. Visit.bratislava.sk: Bratislava in the Middle Ages
  10. Visit.bratislava.sk: The coronation city of the Kingdom of Hungary
  11. Visit.bratislava.sk: Maria Theresa’s City
  12. Visit.bratislava.sk: Wartime Bratislava
  13. Visit.bratislava.sk: Postwar Bratislava
  14. Visit.bratislava.sk: A Capital again
  15. PETER SALNER: Ethnic Polarisation in an Ethnically Homogenous Town. Institute of Ethnology, Slovak Academy of Sciences, Bratislava.
  16. a b Bratislava: Selected results of population census
  17. Bratislava City: Historical Sights
  18. Bratislava Guide: La otra Bratislava
  19. Portrait of the Regions: Bratislavasky Kraj
  20. Eurostat: Regional GDP per inhabitant in 2008
  21. Pluska.sk: Priemerná mzda v Bratislave stúpla na 1052 eur
  22. U.S. Embassy Bratislava: SlovakiaAt the Center of Europe[Betiko hautsitako esteka]
  23. a b Visit Bratislava: Economy and Employment
  24. Bratislava Stock Exchange: Basic information
  25. Volkswagen Slovakia: Our products
  26. Visit Bratislava: Transport and Infrastructure
  27. Letisko M.R. Štefánika - Airport Bratislava
  28. (Ingelesez) Yerevan Municipality Official Website. (Noiz kontsultatua: 2018-08-24).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu