Federiko Krutwig
Federiko Krutwig Sagredo (Getxo, Bizkaia, 1921eko maiatzaren 15a - Bilbo, Bizkaia, 1998ko azaroaren 15a) euskal idazle eta politikaria izan zen.[1]
Federiko Krutwig | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Getxo, 1921eko maiatzaren 15a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 1998ko azaroaren 15a (77 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania alemana greziera frantsesa portugesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, politikaria eta akademikoa |
Lan nabarmenak | |
Kidetza | Euskaltzaindia Euskadi Ta Askatasuna |
Izengoitia(k) | Fernando Sarrailh de Ihartza eta Heiko Sagredo de Ihartza |
Bizitza
aldatuAita alemana zuen, lanbidez enpresaria, eta ama, aldiz, veneziar jatorriko bizkaitarra. Nerabezaroan euskara bere kasa ikasi zuen. 1941ean Resurreccion Maria Azkue ezagutu zuen eta elkarlanean aritu ziren heriotzak banatu zituen arte. 1943an gainbeheran zegoen Euskaltzaindian sartu eta Azkuerekin batera suspertu egin zuten. Garai hartan pintoreen Mikeldi taldea eta Ikerketaren Julio de Urquijo Institutua eratu zituen. Euskararen batasun literarioaren sustatzaile nagusietako bat izan zen Krutwig.[2]
Ekialdeko hizkuntzak ikasi zituen Frantziako Sorbonako Unibertsitatean eta Alemanian. Gernika aldizkarian (1945-53) lapurtera klasikoaren eta ekialdeko erlijioekiko aldekotasunak agertu zituen.
1952an Hego Euskal Herria utzi behar izan zuen, bere ideiengatik eta Euskal Herriko Elizari buruz egin zituen kritikengatik. Donibane Lohizunen, Jagi-Jagi mugimenduarekin harremanetan izan zen.
1963an Vasconia argitaratu zuen, Fernando Sarrailh de Ihartza ezizenaz.[3][4][5] Bertan Euskal Herriaren historia arakatu zuen ikuspegi erabat iraultzaileaz. Sabin Aranaz geroztik garatutako nazionalismoaren kritika zorrotza eginez, beste abertzaletasun mota baten alde hitz egin zuen, batez ere mugimendu antikolonialisten iturrietatik edanez. Franco diktadore espainiarraren poliziak ETAren inspirazio iturritzat jo zuen liburua. Alde horretatik, egia da ETAren sortzaile eta kideetako askok idazlana goraipatu egin zutela, baina horrek erakundean izan zuen indarrari buruz eztabaidak daude. ETAren V. Biltzar Nagusian oso txosten garrantzitsua aurkeztu zuen Krutwigek.
Lapurtera klasikoa (Axular, Etxeberri, Haranader, eta Leizarragarena) proposatu zuen euskara batuaren oinarri gisa, eredu kultista baten alde. Krutwigen iritziz, euskararen batasuna XVI. mendeaz geroztik lortua zen, eta batasun hori Leizarragak egin zuen. Bide horretatik, euskarazko idazlan guztietan eredu horixe bera erabili zuen, baita 1968 ondotik ere. Hasieran idazle eta euskalari asko eredu horren alde egon ziren, haien artean Luis Villasante, Jon Mirande eta Gabriel Aresti. Urteen joan-etorrian, ordea, asmo hori alde batera uzten joan zen, hiztunen hizkuntzatik urrunegi zegoela eta. Hala ere, Krutwigek eredu hori defendatzen eta erabiltzen segitu zuen bere bizitza osoan.
Helenista saiatua, Alfontso Irigoien, Manu Ertzilla, Mikel Morris eta Josu Lavinekin batera Jakintza Baitha elkartearen sortzaileetako bat izan zen 1985 urtean, kultura helenistikoa bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin. Elkarteak "Halcón: Revista de Cultura Griega" aldizkaria argitaratu zuen.
Bizitzako azken urteetan Jose Maria Gorordoren Euskal Hiritarren Egitekoak alderdiaren hautagai zerrendetan aurkeztu zen. Hala ere, hil baino hilabete batzuk lehenago, Euskal Herritarrok hautesle elkartearen sustengatzaileen artean egon zen.
Hizkuntz zaletasuna
aldatuPoliglota handia zen. Hamabostetik gora hizkuntza ezagutzen zituen nahiko sakonki, mintzatzeko gauza izateko moduan, besteak beste hauek: latina, greziera, euskara, hungariera, nederlandera, errusiera, arabiera, hebreera, persiera, Indiako hizkuntzak, txinera, georgiera, paxtunera... [1]
Beste hizkuntza batzuekin mintzatzeko gaitasunik ez zuen, baina ondo ezagutzen zituen grafia, gramatika eta ezaugarri nagusiak. Euskaltzaindiko bileretan, askotan hitz baten etorkia azaltzeko, haren etimologia jatorrizko hizkuntzaren idazkeraz marrazten zuen inolako arazorik gabe...baita hebreera, arabiera edo hindierazko letrekin ere![1]
Lanak
aldatuSaiakera
aldatu- Vasconia: Estudio dialéctico de una nacionalidad, 1963.[6]
- La Cuestión Vasca, 1965.
- La Vasconie et l'Europe nouvelle, 1976. Vasconian agertutako ideiak gehiago hedatu zituen, Mendebaldeko Europako deskolonizazioaren alde, gaur egun Herrien Europatzat-edo daukaguna goretsiz.
- Garaldea: Sobre el origen de los vascos y su relación con los guanches, 1978. Europako hainbat herriri buruzko saiakera (besteak beste, euskaldunez). Liburu horretako ideia asko Alfonso Martinez Lizarduikoaren Euskal Zibilizazioa saioan jaso ziren.
- La Nueva Vasconia, 1979.
- Computer Shock Vasconia Año 2001, 1984.[7]
- Bilbao de los años cuarenta en torno a Blas de Otero y Resurrección María de Azkue, 1991.
- Το ελληνικό θαύμα: Από τη μαγεία στην επιστήμη, 2006.
- Años de peregrinación y lucha, 2014. Liburu autobiografikoa.
Narrazioa
aldatu- Belatzen Baratza (1. liburukia): Mikelditarrak. Euskal errankaria hamaika irazkietan eta bederatzi bilbetan, 1979. Ediciones Vascas.
- Belatzen Baratza (2. liburukia): Jakintza-Baitha, 1982. Luis Haranburu.
- Belatzen Baratza (3. liburukia): Otsoaren bidea, 1982. Luis Haranburu.
- Belatzen Baratza (4. liburukia): Erroten burgiko mystêrioa, 1982. Luis Haranburu.
- Belatzen Baratza (5. liburukia): Harbelnoren amazônak, 1982. Luis Haranburu.
- Belatzen Baratza (6. liburukia): Mystagintza zaharra, 1982. Luis Haranburu.
- Belatzen Baratza (7. liburukia): Ortziren zaldiak, 1983. Luis Haranburu.
- Belatzen Baratza (8. liburukia): Garaziko oihanaren thauma, 1983. Luis Haranburu.
- Belatzen Baratza (9. liburukia): Sua ez da hilten, 1983. Luis Haranburu.
- Ekhaitza, 1980. Luis Haranburu.
- Igibarziaren iphuinak , 1982. Luis Haranburu.
Itzulpena
aldatu- Mao Tzedung buruzagiaren aiphuak, 1972. Irabia.
Krutwigi buruzko lanak
aldatu- Federiko Krutwig-i omenaldia, Ricardo Badiola Uriarte (prestatzailea), Iker 10, Euskaltzaindia, 1997.
- Federiko Krutwig Sagredo (1921-1998), Xabier Kintana, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1999.
- Krutwig: bere mendeurrenean berrirakurtzen, hainbat autore, Nabarralde, 2022.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c Kintana, Xabier. (1999). Federiko Krutwig Sagredo (1921-1998),. Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia..
- ↑ "Krutwig Sagredo, Federico". Ondarebideak.eus
- ↑ Huici Urmeneta, Vicente; Davila Legerén, Andrés. (2016-06-30). «Del Zoon Politikón al Zoon Elektronikón. Una reflexión sobre las condiciones de la socialidad a partir de Aristóteles» Política y Sociedad 53 (3): 757–772. doi: . ISSN 1988-3129. (Noiz kontsultatua: 2021-11-26).
- ↑ «Krutwigen mendeurrena: Bere ekarpenak euskal ekonomiari. Ekonomialari Euskaldunen II. Biltzarra. Htik BIOra» www.ueu.eus (Udako Euskal Unibertsitatea) (Noiz kontsultatua: 2021-11-26).
- ↑ Zubizarreta, Patxi. (2023). Sakonean itsasoa ikusten da. Maingolarratarren uberan.. Txalaparta ISBN 978-84-19319-62-3..
- ↑ Federico., Krutwig Sagredo,. (1973?). Vasconia : [estudio dialéctico de una nacionalidad. ] Norbait PMC 971684377. (Noiz kontsultatua: 2021-11-26).
- ↑ Federico., Krutwig Sagredo,. (1984). Computer shock vasconia año 2001. Gráficas Lizarra ISBN 84-398-1073-3. PMC 907315078. (Noiz kontsultatua: 2021-11-26).
Bibliografia
aldatu- Badiola Uriarte, Ricardo (prestatzailea) (1997): Federiko Krutwig-i omenaldia, Iker 10, Euskaltzaindia.
- Kintana, Xabier (1999): Federiko Krutwig Sagredo (1921-1998), Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
- Ortiz de Pinedo, A. (2009). Euskal literatura Gernika aldizkari liberalean (1945-53) Zornotza. Erroteta. Liburuaren azala.
- Ortiz de Pinedo, A. (2009). Euskal literatura Gernika aldizkari liberalean 1945-1953. Zornotza. Erroteta.[Betiko hautsitako esteka]
- Ortiz de Pinedo, A. (2010). Gernika aldizkaria eta euskal literatura I: aldizkaria. Euskonews.
- Ortiz de Pinedo, A. (2010). Gernika aldizkaria eta euskal literatura II: literatura. Euskonews.
- Sudupe, Pako (2011): 50eko hamarkadako euskal literatura I. Hizkuntza eta ideologia eztabaidak, Donostia, Utriusque Vasconiae. ISBN 978-84-938329-4-0
- Sudupe, Pako (2011): 50eko hamarkadako euskal literatura II. Kazetaritza eta saiakera, Donostia, Utriusque Vasconiae. ISBN 978-84-938329-5-7
- Sudupe, Pako (2012): "Ideologia eztabaidak 50eko hamarkadan" in Alaitz Aizpuru (koord.), Euskal Herriko pentsamenduaren gida, Bilbo, UEU. ISBN 978-84-8438-435-9
- Ugarte Muñoz, Anton (2010): "Federiko Krutwig (1921-1949): ideologo abertzale baten hezibidea", Gerónimo de Uztariz, 26-27 znb., 62-102 orr.
- Ugarte Muñoz, Anton (2017): "Bibliografía anotada de Federico Krutwig", Sancho el Sabio, 40, 261-289.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Federiko Krutwig Sagredori eskainitako webgunea
- Federiko Krutwig literaturaren zubitegian
- Federiko krutwig (1921-1998). Poemak, susa-literatura.eus
- (Gaztelaniaz) Federiko Krutwig Euskonewsen
- Krutwigi elkarrizketa Jakin aldizkarian
- Krutwigi elkarrizketa Argia aldizkarian
- Federiko Krutwig Argia aldizkaria
- Krutwigi elkarrizketa ETB 2n 1997an
- Computer Shock·a Euskari·a +2001. Urtea, Krutwigen Computer Shock Vasconia Año 2001 liburuaren euskarazko itzulpena.
- Getxoko Udalak sustatutako dokumentala
- Federiko Krutwigi buruzko berriak Twitterren
- Federiko Krutwigen korrespondentzia Euskadiko Artxibo Historikoan[Betiko hautsitako esteka]
- Federiko Krutwigen inguruko hitzaldi baten bideoak, tartean bera agertzen den bi
- Krutwig: bere mendeurrenean berrirakurtzen liburua