Federico Krutwig Sagredok idatzitako narratiba liburuen serie bat da. 1973 eta 1979 urte bitartean idatzi zuen Belgikan, bere orduko emazte Agnes Caersen laguntzarekin[1]. Ondoren euskarara itzuli zuen eta 1979 urtetik aurrera liburuki ezberdinetan argitaratzen hasi zen parte bat. Serie osoaren erdia inguru bakarrik dago argitaratuta.

Serie honek azaltzen du nola XX mendearen erdialdean Europako toki ezberdinetako lagun batzuk antolatzen diren talde txikietan zibilizazioaren dekadentziaren aurrean jakintza preindoeuropearren bitartez Humanitatearen biziraupena etorkizunean euren bitartez zihurtatzeko asmoz[1].

Izena aldatu

Belatzen Baratza izenak (O Tôn Hierakôn Paradeisos) sinbolikoki esan nahi du belatzak bezala hegan eta errealitatea goitik ikusten duten lagunen egitasmo komuna Gizateriaren alde, bizitzaren mugak gainditzen dituena. Belatza sinbolikoki aintzineko Egipton Horus izeneko jainko bat zen, jada KA 3000 urtean[2] : zerutik lurra begiratzen zuen begia. Baratza kasu honetan errealitatearen planoko bizitza propioa traszenditzen duen gizabanakoaren paradisua da.

Sinopsia aldatu

Istorioa Bilbon hasten da, 1937ko gerra osteko aldian Heiko de Mendiguru (Krutwigen alter egoetako bat eleberrian) izeneko filosofoaren zenbait pasadizoekin. Ondoren Europako toki ezberdinetan garatzen da, Eskozian, Belgikan edo Italian zehar adibidez, Heikoren bitartez antolatzen diren baitha ezberdinen inguruan. Baithak hemen gizabanakoen elkarte txikiak dira, helburu zehatzekin, modu deszentralizatu batean eratzen eta koordinatzen direnak. Logia masonikoen antzera funtzionatzen dute, bilaketa intelektual bati lotua daude, bai eta bizieredu osasuntsu eta aktibo bati ere. Baina ez dira elkarte hermetiko hierarkizatuak. Kideen arteko laguntasunean oinarritzen dira, eta aintzineko Europako herri preindoeuropearren sinboloak eta ohiturak bilatzen dituzte patriarkatu indoeuropearra gainditu asmoz. Aritzen dira aintzineko Europaren Kultura aldi garaikidetaraino nola iritsi den ulertu eta gaurkotu nahiean, horrela Gizateriatearen memoriak haien bitartez bizi iraun dezan.

Istorioa Euskal Herriko gertakizun historikoetan murgiltzen da ere, bereziki 1960ko hamarkadan euskal nazionalismoan gertatu zen iraulketan eta asmo iraultzaile berrien garapenean. Istorioak aurrera egiten duen heinean, Historiako aldi eta toki ezberdinetan sartzen da, eta pentsonaia historiko asko sartzen dira mitologiaren pertsonaia ezberdinekin batera.

Argitaratuta dauden kapituluak aldatu

Serie osoa oraindik argitaratu gabe dago. Honako hauek dira argitaratutako aleen tituluak :

  • Belatzen Baratza, Mikelditarrak (1979)
  • Jakintza Baitha (1982)
  • Otsoaren bidea (1982)
  • Erroten Burgiko Mysterioa (1982)
  • Harbelnoren amazônak (1982)
  • Mystagintza zaharra (1983)
  • Ortziren zaldiak (1983)
  • Garaziko oihanaren thauma (1983)
  • Sua ez da hilten (1983)

Liburuaren estiloa aldatu

Erromantzo[3] moduko istorioa da. Forma honetan errealitatea fantasiarekin nahasten da ulermen modu ezberdinak koherentzia batean bilbatuz. Horrekin batera, pertsonaiak garatzen joaten dira izaera ezberdinak hartuaz eta hausnarketa filosofiko sakonak sartzen dira.

Liburuan zehar Historiako goi mailako kulturaren inguruko hausnarketa sakonak azaltzen dira, arteen eta zientzien irakurketa historiko eta filosofikoak aurkeztuz.

Krutwigek berak euskarara itzuli zuen bere euskara propio batean. Oinarri bezala XIX mendeko lapurtera literarioa erabilli zuen, Ithurryren eta Arotçarenaren gramatikak eredu hartuta, eta nazioarteko hitzak grekoaren forman jarriaz baina karaktere latinoetan. Greko klasikoaren lexikoa erabiltzen du ere euskararen gramatikan txertatuz. Horrekin batera, agertzen diren zenbait himno edo abestietan baita sartzen ditu sumerieraren egiturak eta hitzak. Liburuak errealitate maila ezberdinak adiarazten ditu, eta bakoitzean hizkuntza mailak ere bereizten ditu. Horretan laguntzeko erabiltzen ditu baliabide linguistiko horiek guztiak.

Lexiko grekoa ulergarri izan dadin, ale bakoitzak bere hiztegitxoa dauka.

Erreferentziak aldatu

  1. a b Caers, Agnes. (2022). Academicien guerrilero basque. Krutwig bere mendeurrenean irakurtzen. Nabarralde.
  2. Lopez, Raquel. (2011). Breve historia del mundo antiguo. Editorial universitaria Ramon Areces, 77 or..
  3. alessiocozzolino (2016): Romanzo: definizione, etimologia, caratteristiche principali. https://www.skuola.net/italiano-medie/antologia-medie/romanzo-descrizione122412x.html