Alfonso Irigoien

euskal idazlea

Alfonso Irigoien Etxebarria[1] (Bilbo, Bizkaia, 1929ko azaroaren 14a - 1996ko abenduaren 16a) euskaltzain osoa, euskalaria, euskal idazlea, olerkaria, margolaria, eskultorea eta bertsolari txapelketen antolatzaile, bultzatzaile eta epaimahaikidea izan zen; halaber, Euskaltzaindiaren Euskera aldizkariaren bultzatzailea eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Filologiako irakaslea.

Alfonso Irigoien

Bizitza
JaiotzaBilbo1929ko azaroaren 14a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo1996ko abenduaren 16a (67 urte)
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaSalamancako Unibertsitatea
Doktorego ikaslea(k)Juan Manuel Etxebarria
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkatedraduna, saiakeragilea, filologoa eta idazlea
Jasotako sariak
KidetzaEuskaltzaindia

Inguma: alfonso-irigoien-etxebarria-1929-1996 Literaturaren Zubitegia: 58
Hainbat euskaltzain Arantzazun, 1972. urtean. Goian ezkerretik eskuinera: Koldo Mitxelena, Iratzeder, Jean Haritxelhar, Alfonso Irigoien, Luis Villasante, Jose Maria Satrustegi, Patxi Altuna eta Imanol Berriatua. Behean: Juan San Martin, Jose Luis Lizundia, Joseba Intxausti eta Xabier Kintana.

Bizitza

aldatu

Bilbon jaioa, guraso euskaldunak zituen. Ama Arratiako Areatzakoa zuen eta aita, Debakoa, Elorriaga bailarakoa. Umetan, udaldiren bat edo beste aitaren baserrian —Debako Elorriaga bailarako Lopertzan— igaro zuen. 1936ko gerrako unerik latzenetan amaren partetiko Areatzako Uparan Erdiko baserrian izan zen. Umetako hizkera, beraz, batez ere Arratiakoa izan zuen.[2]

Gerra ondoko urte zailetan, hamalau urte betetzeko zituela, Bilbon lanean hasi behar izan zuen. Lanera abiatu aurretik, baina, Matematikak eta Fisika ikasteko eskola batzuetara joaten zen. Kontabilitatea ikasi ondoren, sail horretan lanean ere jardun zuen, 1947an, hemezortzi urterekin, baina 1954an, utzi egin zuen, ez baitzuen gogoko. Garai hartan, Euskaltzaindiaren Erribera kaleko egoitzara maiz joaten zen eta Azkuerekin ere solastatzen zen. Lekeitioko maisua artean zahartua zen, eta burua ere galduxea bide zuen. Azkue 1951n hil zen eta 1955ean, Irigoien Euskaltzaindiko langile gisa hasi eta 1957ko uztailean euskaltzain urgazle izendatu zuten. Artean ezagutu zituen gerraostean hainbat lan eginiko euskaltzaleak: Eusebio Erkiaga, Federiko Krutwig, Jon Etxaide eta abar. Euskaltzaindiko egoitzan euskarazko eskolak eman zituen, Xabier Peñarekin, Patxi Goenagarekin eta Eusebio Erkiagarekin batera. Nazario Oleagaren laguntzaile ere izan zen, Euskera Euskaltzaindiaren aldizkari ofizialerako idazkaritza lanak eginez 1956tik 1971ra. Oleagaren hil ondoren, 1963tik aurrera Euskaltzaindiko bigarren idazkari izan zen, eta 1966an, idazkariorde izendatu zuten. Euskeraren zuzendaria izan zen hamabost urtean.[2]

Euskara kontuetan autodidakta izan zen, berak eskueran zuen Azkueren bibliotekako irakurle eta aztertzaile aspergaitza izan baitzen. 1956tik aurrera Euskeran hainbat lan argitaratu zituen, eta 1958an, gerora argiago agertu zuen ikerlari sen handia eta begi zorrotza erakusten duen artikulu bikain bat: «Curiosidades y observaciones sobre el dialecto vizcaíno literario».[2]

 
Lehen lerroan, Luis Villasante eta Juan San Martin, Euskaltzaindiak Euskal Herriko erakunde publikoekin akordioa sinatu zuen egunean. Atzean, Federico Krutwig, Patxi Altuna, Alfonso Irigoien eta Pello Salaburu.

Bertsolaritzaren aldeko lan handia egin zuen 1950. urtetik aurrerakoetan, bultzatzaile eta antolatzaile. Bizkaiko lehen bertsolari-txapelketa antolatu zuen 1958an, Bilboko jaietan.[3] Gai-jartzaile ere aritu zen sarritan.

Ikastolen mugimenduari ere lagundu zion, berak Bizkaiko Diputazioan egindako gestioei esker Juliana Berrojalbiz andrea aurrera atera nahian zebilen Resurreccion Maria Azkue ikastola, Bizkaian legez onartu zen lehenbizikoa, 1958an ireki baitzen. Ikastetxe hori geroago Lauro ikastola bilakatu zen.[4]

1962an, ikasketa ofizialak egitea erabaki zuen Alfonsok, eta, batxilergoko irakasgai guztiak banan-banan gaindituta, ia 33 urte zituela joan zen Filosofia eta Letretako ikasketak egitera, Salamancako Unibertsitatera.[2] Euskaltzain osoa izan zen, eta Euskal Filologiako katedraduna Deustuko Unibertsitatean. Garbizalekeriaren aurkakotzat jotzen zuen bere burua.[5]

Euskal morfologia eta deklinabideari buruzko lan jakingarriak eman zituen argitara. Beste lan ugari Anaitasuna, Egan eta Euskaltzaindiaren Euskera agerkarietan plazaratu zituen. Poesia-sari ugari jaso zituen, eta zenbait poema-bilduma argitaratu zituen: No zen to. Herrian gara bizi (1979). Horretaz gainera, Sorterriaren alde autobiografia lana idatzi zuen. Zendu zen arte jarraitu zuen ohikoak zituen alorrak lantzen, morfologia, toponimia eta onomastika hizkuntzalaritzari dagokionez, eta poesia literaturgintzaren alorrean. De re philologica linguae vasconiacae liburu-saila osatzen duten aleak, esaterako, 1988tik 1996ra bitartean eman zituen argitara (1988, 1991, 1993 eta 1996). 1990ean Hi eta ni garade zu, to ez date no argitaratu zuen, eta 1991n, Sobre toponimia del País Vasco Norpirenaico lana. 1993an Toponimia Vasca y dialectología argitaratu zuen, eta 1996an Bibliako eta Grezia zaharreko pertsona-izenak (Nombres de persona de la Biblia y de la antigua Grecia).

Omenaldiak

aldatu

Bere azken urteetan, bizitza osoan kulturaren alde egindako lan eskerga eta etengabeagatik esker oneko zenbait omenaldi izan zituen. Bertsolariek, 1993an, aita Santi Onaindiari eta hari omenaldi bihoztia eskaini zieten. 1996ko uztailaren 12an, irigoien hil zen urte berean, Derioko XXVII. Udako Euskal Ikastaroak gorazarre hunkigarria eskaini zion.[2]

Hil ondorenean, Deustuko Unibertsitateak bertako irakasle maitatuari askotariko omenaldi eta esker-emateak egin zizkion. 1997ko apirilean «Alfonso Irigoienen ekarriaz» izenburuko mahai ingurua eratu zen, Deustuko paraninfoan. Hango jardunaldiko testuak Enseiukarrean aldizkariko 13. zenbakian argitara ziren. Hil eta lehenengo urtean, haren lan sortarik bikain edo umatuenak argitara ziren Opera selecta deitu liburuan. Heriotzaren bigarren urtean, haren irakasle-lagunek, herrikoek zein erbestekoek, berak jorratu zituen ikerbideetatik lan-sorta ederra eskaini zioten. Mendebalde Kultura Alkarteak ere bere lehen jardunaldietako Mendebaldeko euskara XX. mende goienean liburua eskaini zion, liburuaren atarian «Anbotopean» olerkia agertzen zuela.[2]

Saiakera

aldatu

Poesia

aldatu

Autobiografia

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu