Euskal nazionalismoaren hastapenak
Euskal nazionalismoa XIX. mendearen bukaeran Euskal Herriak izan zuen berrikuntza politikoaren osagai funtsezkoetako bat izan zen. Mendearen amaieran, batez ere bi prozesuren ondorioz, eratu zen ideologia politiko, doktrina edo jokabidetzat jotzen da euskal nazionalismoa.
Artikulu hau serie honen zatia da: Euskal abertzaletasuna |
Oinarrizko kontzeptuak
|
Koalizio eta alderdi politikoak
|
Sindikatuak
|
Gizarte-eragileak
|
Talde armatuak
|
Eusko abertzale ospetsuak
|
Gertuko kontzeptuak
|
Batetik, industrializazioak Bizkaian demografia-aldaketak eta kultura-aldaketak ekarri zituen; aldaketa hauek Espainiarekin lotura estua zuten bi klase sozialetan islatu ziren: burgesia monopolista eta langileria. Bi hauen artean zegoen klasea, hau da, aginpide ekonomiko eta politikotik at zegoen burgesia txikia, izan zen euskal nazionalismoaren oinarri soziala.
Bestetik, 1876ko uztailaren 21ean indarrean jarri zen abolizio legeak biderik gabe utzi zituen Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foruak. Horiek berreskuratzeko ahaleginak izan ziren euskal nazionalismoaren lehen urratsak. Ondorengo urteetan, Sabin Arana Goirik foruen aldarrikapena alde batera utzi eta politika nazionalaren ideia zabaldu zuen.
Sabin Arana eta nazionalismoa
aldatuSabin Aranak ideologia nazionalista mamitu zuen, eta tradizionalismoari loturiko euskal gizarteko hainbat sektoreren asmo eta nahi barreiatuak bateratu zituen. Nolanahi ere, jatorri liberaleko osagaiek ere izan zuten zerikusirik nazionalismoaren sorreran. 1876 urtea eta gero, liberalismo foruzalearen sektore txiki batek jokamolde nazionalisten aldera egin zuen. Nafarroan horietakoa zen Euskara Elkargoa delakoa, eta Bilbon, Euskal-Erria elkartea delakoa.
Aranaren nazionalismoa tradizionalismotik sortu zen, tradizionalisten jokamolde ideologikoari eusten baitzion —tradizionalismoak gizartea ulertzeko zuen moduari eusten zion— . Hori bai, karlismoak eta integrismoak ez bezala, kontuan hartzen zituen Industria Iraultzaren ondorioak, nahiz eta hasieran horietako ondorio batzuk ukatu.
Kontua da ideologia abertzalea gizarte- eta ekonomia-berrikuntzei emandako erantzun gisa gauzatu zela, Bizkaian usadiozko bizimodua desagertzen eta immigrazioa euskara baztertzen hasi zen garaian; aldaketa horiei guztiei, bestalde, 1876an foruak ezeztatu izana erantsi behar zaie, hura izan baitzen nazionalismoaren beste sorburuetako bat. Izan ere, nazionalismoaren ideia nagusietako bat zen euskal probintziak independenteak izan zirela harik eta, 1839an, foruen ezeztatzea hasi zen arte.
Baina lehen hausnarketa nazionalistak azken Karlistaldiaren ondoren Bizkaiko gizarteak eta ekonomiak bizi izan zituen aldaketekin du zerikusia. Prozesu intelektual horretan, mugimendu berriak aldaketa bat nabarmenarazi zuen, hau da, Bizkaira heldu zen immigrazioaren ondorioz gertatu zena. Ez da ahaztu behar Bilbon izan zuela abertzaletasunak abiapuntua, aldaketa demografiko eta sozialen erdigunean bertan, alegia. Sabin Aranarentzat maketoen inbasioa zen (espainolen inbasioa) euskal gizartearen kalteen sorburua. Lehen nazionalismoak, pentsamolde tradizionalistarekin loturik, kontra egiten zien industrializazioaren kalte guztiei, baina bat azpimarratzen zuen bereziki, immigrazioa.
Sabin Aranaren proposamenak independentziaren aldeko proposamen funtsezko batean bilduta agertu ziren: Euzkotarren aberria Euzkadi da. Hori, jakina, urrun zegoen tradizionalismo karlistatik, eta orobat XIX. mendeko foruzaletasunetik. Ikusmolde nazional berri bat berrestea zen hura, eta ikusmolde horrek aurreko hamarraldietan adierazitako bertsio euskaltzaleak hausten zituen. Abertzaleen asmoak iraganaren berrinterpretazioan oinarritzen ziren, adieraziz euskal probintziak (Aranak euskal estatu ohiak deitu zituenak) independenteak izan zirela 1839 arte. Historian ere oinarritzen zuten beren egitasmo politikoa, askorik zehaztu gabe ordea, Euskal Herriko formazio tradizionaletara itzultzea proposatzen baitzuten, eta "usadioak eta ohiturak" berriz ezartzea.
Gaitz guztiak tradiziora, irudimenezko nekazari-gizarte batera, itzulirik bukatuko zirela uste zuten. Euskal arrazako baserritarrek osatuko zuten gizarte hori, berdinak denak legearen aurrean, elkarkideak demokrazia akatsgabe batean, liberalismoak eta espainolismoak zekartzaten tentsiorik gabe. Industriaren aurreko gizarte baserritar baten gorespena zen hura. Dudarik ez da ikusmolde hori ulertezina litzatekeela sorburu zuen eremu hiritarra kontuan hartu gabe, zeren eta ruralismoa edo eremu landatarra —baserriaren eta baserri inguruaren idealizazioa—, hirian egindako elaborazio ideologikoa izan ohi baita, eta hiria zuten Arana eta bere jarraitzaileek jarduera-eremu.
Hasieran, nazionalismoa, Bizkaian ondua, bizkaitarrismoarekin identifikatu zen. Izan ere, Aranaren tesien arabera, euskal probintzia bakoitza estatu independente bat izan zen. Baina Aranaren ikusmoldeak, probintziaka adierazita ere, nazio-teoria bat inplikatzen zuen, bere ibilbide politikoa hasi eta urte batzuk geroago Euzkadi deituko zen hura. Gauzak horrela, 1894an, hasieran Bizkaiarentzat soilik pentsatu zuen bandera, ikurrina, diseinatu zuen.
Laburtuz, ideia sabindarrak euskal arraza baten existentzian oinarritzen ziren: arrazarena sabindar pentsamoldearen oinarrizko kontzeptua da. Horren garrantzia azaltzeko, kontuan hartu behar dira, batetik, XIX. mende-bukaerari dagozkion zenbait kultura-kontzeptu, eta, bestetik, eta batez ere, etorkinen aurrean izan zuen erreakzioa, etorkinen arraza euskaldunena ez bezalakotzat jo baitzuen Aranak, euskal arrazaren hondatzailetzat.
Larrazabalgo manifestuan bere doktrinaren oinarriak adierazi zituen. 1894an Euzkeldun Batzokija elkarte nazionalista fundatu zuen, ia 200 kide zituena. Talde batzuen kartsutasun politikoak independentismoa hedatzea ekarri zuen. Horren adierazgarri dira 1893ko Sanrokada —Gernikan foruak goresteko egin zen ekitaldia—; urte bereko Donostiako manifestazioa —Gora Foruak! esapidea ikur zuena—; edo Gamazada —Nafarroan 1893an eta 1894an egin ziren mobilizazioak, autonomia fiskala hausten zuen proposamen baten kontra, Gamazo Haziendako ministroaren dimisioa ekarri zutenak—. Nahasmendu-giro horretan jatorri liberaleko foruzaletasuna izan bazen ere protagonista, giro egokia sortu zen doktrina abertzalea sustrai zedin. Liberalismo foruzalearen baitan, Fidel Sagarminaga, Bizkaiko azken diputatu foralak sorturiko Euskalerria elkarteko sektore batek posizio nazionalisten aldera egin zuen.
XIX. mende-bukaeran europar nazionalismoak bi ikusmolde nagusiren arabera zeuden, oro har, banatuta: tradizionalista eta liberala. Lehen euskal nazionalismoa eredu erromantiko edo tradizionalistaren araberakoa zen: ezaugarri objektiboen arabera definitzen zuen nazioa, gizabanakoen borondatetik kanpoko ezaugarri batzuen arabera.
XX. mendearen hasieran, nazionalismoak, udalerri batzuetan zinegotzi batzuk bazituen (Bilbon, Bermeon, Mundakan, Arteagan), zapalkuntza gogorragoa jasan behar izan zuen. 1902an, Arana kartzelan zela, Liga de Vascos Españolistas sortzeko ideia zabaldu zen. Dirudienez, alderdi bat sortu nahi zen, konstituzioa onartuko zuena baina autonomiaren alde borrokatuko zena, lege-arazoak saihesteko eta euskal naziotasuna hobeto defenditzeko. Arana hil zenean, 1903an, bide hori baztertu egin zen.
Euskal nazionalismoaren osagaiak
aldatuBost osagaik osatzen, zilegitzen eta definitzen zuten euskal nazionalismoa: arrazak; hizkuntzak; gobernuak eta legeak; nortasunak eta usadioak; nortasun historikoak. Arraza zen osagai nagusia, inbasio maketoaren aurrean erreakzio gisa. Lehen nazionalismoarentzat bazen euskal arraza bat, jatorrizkoa eta "garbia", baina ez zen arraza hori definitzen saiatu. Berretsi baino ez zuen egiten haren originaltasuna, euskararen existentziak frogatzen zuena. Euskal abizena zuena jotzen zen euskalduntzat.
Hizkuntza, sabindar pentsamoldean, bigarren zetorren arrazaren ondoren. Bazuen ordea paper garrantzitsu bat: euskal arrazaren originaltasuna eta garbitasuna frogatzeko balioa. Elementu bereizle gisa hartzen zen, eta tresna funtzioa zuen: euskara euskal arrazako pertsonen artean zabaldu behar zen, eta ez zitzaien utzi behar maketoei ikasten.
Naziotasunaren beste hiru faktore definitzaileak ez ziren hain garrantzitsuak, baina euskal arrazaren bertuteak zehazten zituzten, eta ideologia nazionalista zilegitzen zuten.
Euskal nazioa eta erlijioa
aldatuSabindar ideologiaren izaera tradizionalista, bestalde, erlijioari eman zitzaion pisuak azpimarratzen zuen, nazionalismoari eginkizun salbatzaile bat egozten baitzitzaion, erlijiosoa, Gu Euzkadirentzat Ta Euzkadi Jaun-Goikuarentzat (GETEJ) esapidean, besteak beste, adierazia. Aranarentzat, espainiar inbasioa zen euskal gizarteari hain ondorio moral larriak zekarzkion sorburua. Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra (JEL) aldarria, hots, nazionalismoaren ikurra, elementu erlijioso eta tradizionalari ematen zitzaion garrantziaren adierazle zen.
Euskal nazio bat bazelako proposamena gauza berria zen, dudarik gabe. Azpimarratu behar da, ordea, tradizionalista zela nazioaren kontzeptu hori. Karlismoaren Jaun-Goikua, Aberria, Foruak, Erregea esapidearen ordez, Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra proposatu zuen (JEL). Erlijioaren pisuari eusten zion, baina Lagi-Zarrak karlismotik aldentzen zuen; karlisten akatsa, Aranaren arabera —tradizionalismotik zetorren bera, eta aita buruzagi karlista izan zuen azken gerratean—, foruen auzia dinastia bati lotzea izan zen. Forua, izan ere, pribilegioarekin nahas zitekeen: haren ordez, lagi-zarra proposatu zuen, lege zaharra, tradiziozko usadioak eta ohiturak. Elizaren eta estatuaren arteko harremanen ikur zen, azkenik, eta hitza. Aranak bi eremu horiek zehatz bereiztea proposatzen zuen, baina, haren ustez, legedi zibilak arau katolikoetara makurtu behar zuen.
1898ko krisialdia
aldatuEspainia osoan hain eragin sakona izan zuen 1898ko krisiarekin batera, oso aldaketa garrantzitsuak izan ziren nazionalismoaren tankeran ere. Garrantzitsuena da sabindarrek eta Euskalerriako deiturikoek bat egin zutela. Azken horiek nazionalismoan sartu ziren. Talde burges ez-monopolista zen Euskalerriakoena, ez zuen teoria abertzale berezirik, eta beraz Aranarena beretu zuen; hark, bestalde, onartu egin zituen Euskalerria taldetik zetozen liberalak. Izan zuten agian zerikusirik horretan lehen euskal nazionalismoaren finantza-arazoek, gobernuaren erasoek eta erradikalismo garbizalearen mugak. Nazionalismoa sendotu gabe zegoen oraindik.
Lehen bi egunkari nazionalistak gobernuak itxiarazi zituen. 1897an desegin zen Euzkeldun Batzokija, bi urte lehenago gobernuaren aginduz debekatua. 1895ean sortu zen Eusko Alderdi Jeltzalea, Bilbon eta Bizkaiko herri batzuetan soilik hasieran.
1898tik aurrera sortu zen egoera berriak gauzak aldatu zituen. Euskalerriakoen eta sabindarren elkartzea errentagarria izan zen. Baina aldi berean mugimendu konplexu bat sortu zen, sektore tradizionalak eta burges liberalak biltzen zituena; liberal horiek industrializazioa ez zuten baztertzen, ezta independentismoa sakratu bihurtzen ere.
Sabin Arana hil eta ondorengo urteak
aldatuDesagertu zen orobat berrikuntza teorikoak egiteko aukera. Sabindar erradikalismoaren edozein aldaketa ere geldiarazi zen, fundatzailearekiko leialtasunaren izenean; izan ere, Arana hil zenean mitifikatu egin zen haren irudia.
XX. mendeko lehen hamarraldian mugimendu nazional baten forma hartu zuen euskal nazionalismoak, komunitatearen ideia zabaldu eta indartuta. Gero eta gehiago ari zen zabaltzen gizartean, Bizkaian bezala Gipuzkoan ere. Ideologiaz, sabindar ortodoxiari lotua jarraitzen zuen, eta handik aurrera aldaketa gabe egin zuen aurrera, mugimendu horren nahien erabateko adierazpide gisa, bilakaera ideologikorik gabe. Aldaketak praktikan gertatu ziren, autonomia-zaletasunak etorkizunean izango zuen arrakastak ekarriak. Paradoxaz, industria-burgesia mugimendu nazionalistan sartu izanak bultzada erabakigarria eman zion bere doktrina industriaren kontrako usteetan oinarrituta eratu zuen mugimendu horri berari, baina, betiere, ideologia bera aldatu gabe, ezaugarri guztiz tradizionalistak gordeta.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.