Sagastaren tiroen gaua

1893ko abuztuan Donostian jazotako protestaldi, aztoramen eta sarraskia

Sagastaren tiroen gaua (gaztelaniaz: La noche de los tiros de Sagasta) Donostian (Gipuzkoa) 1893ko abuztuaren 27aren eta 28aren arteko gauean jazotako protesta, istilu eta hilketen izena da. Hor, Gernikako Arbola euskal ereserkia kantatzearen debekuak herritarren protesta foruzaleak piztu zituen Práxedes Mateo Sagasta Espainiako presidenteak ostatu hartutako hotelaren aurrean. Guardia ZibiIak tiroka hartu zituen protestariak, eta gutxienez hiru pertsonak galdu zuten bizitza. Hala ere, ikerketa batek sei hildako identifikatu ditu orotara.[1] Gainera, hogei pertsona zauriturik atera ziren.[2]

Sagastaren tiroen gaua
Irudia
Map
Motaprotesta
aztoramen
sarraski
Data1893ko abuztuaren 27a
KokalekuDonostia
HerrialdeaBorboien berrezarkuntza
Pertsona hilak6
Pertsona zaurituak30
ErantzuleGuardia Zibila
Atxilotu kopurua
60

Testuingurua aldatu

 
Gertaerei buruzko prentsako irudi sorta (La Ilustración Española y Americana)
 
Donostiako Hotel Londres zaharra (1876-1902)
 
Donostiako Bulebarreko kioskoa (1921)
Gernikako Arbolaren audioa
 
Gertaeren urteurrenean Donostian Bulebarrean erakutsitako plaka (1893-2023)

Bigarren Karlistaldia amaitzean itoarazitako foruen aldeko erreklamazioak 1893ko maiatzean berpiztu ziren, Gamazada deitutako protestaldian. Nafarroa Garaiko herri errebolta hori Germán Gamazo espainiar ministroak lurralde horretako 1841eko ekonomia-ituna dekretuz aldatzen saiatu zenean jazo zen.

Protesta instituzionalak izan ziren, eta herrietan manifestazioak antolatu, Iruñean nagusiki. Gernikako Arbola protestaren doinu bihurtu zen. Ekainaren 4an, 17.000 pertsona elkarretaratu ziren manifestazioan Iruñean, Iruñeko Orfeoiak lagunduta. Udan, protestak beste euskal lurraldeetako hiri nagusietara zabaldu ziren.[2]

Aztoramena eta sarraskia Donostian aldatu

Abuztuaren 27an, Donostiako alkateak debekatu egin zuen musika bandak Bulebarreko kioskoan Gernikako Arbola jotzea. Ereserkia ez zen jo, edo ez zen errepikatu, herritarrek nahi ez bezala. Debekuak herritarren protestak harrotu zituen berehala. Jendea kioskora igo zen, eta haiek kantatu zuten. Alkateak eta gobernadoreak herritarren aldarte asaldatuak lasaitzen saiatu ziren, baina herritarrek Hotel Londresera jo zuten protestara, bertan hartu baitzuen ostatu Sagastak. Harrabotsean, "Biba foruak!", "Goazen Sagastaren etxera!" eta errepublikaren aldeko oihuak entzuten ziren; kantuak, berriz, Marseillesa eta Gernikako Arbola.[3]

Hotelaren aurrean, elkarretaratu horiek hiru aldiz kantatu zuten Iparragirreren ereserkia, zutik eta txapela kenduta. Hotel aurrera bertaratuak sartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Orduan, hotela harrikatu zuten, eta leihoetako kristalak hautsi. Hotel atzealdetik, 30 guardia zibil zabaldu ziren eta, abisurik gabe, agente horiek tiroka hasi ziren, baita hainbat hildako eta zauritu eragin ere.[4] Bost gizon eta emakume bat hil ziren guztira, hauexek:[oh 1] Rufino Azpiazu Etxeberria, Bixente Urtzelai Fernandez, Bernardina Gartzia Blanco, Juan Justo Perez Villagarai, Juan Jose Artza Martxuena, eta Martin Oses Etxeberria. Hirurogei pertsona atxilotu zituzten,[5] tartean zirela hamabi nafar, eta arabar asko.[2] Donostiako kaleetan, Espainiako armadako erregimentu bat zabaldu zen.

Biharamunean, Gernikako Arbola ahoan zerabiltela, manifestazio zaratatsu bat Gobernu Zibilerantz hurbildu zen atxilotuen askapena erreklamatzeko eta hildakoen mendekua eskatzeko. Protestariek armak eskatzen zizkioten Diputazioari.[2]

Protesta Bilbora zabaldu zen astelehen horretan bertan. Donostiarekin elkartasunez, Bilbon elkarretaratuek musika bandari Iparragirreren ereserkia kantatzeko eskatu zioten, baita lau bider egin ere, eta manifestazio bat antolatu zuten Espainiako Gobernuaren kontra. Bitartean, Donostian, gertaeren larritasuna eta protesta handiak ikusita, gobernuko agintariek indar armatuak kaleetatik atera zituzten. Abuztuaren 30ean, jendetza handi batek Gernikako Arbola kantatu zuen Donostiako Bulebarreko kioskoan.[2]

Oharrak aldatu

  1. 2023ko abuztuaren 26ko omenaldian erakutsi behin-behineko plakan adierazitako izen zerrendaren arabera.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-08-22). «Un estudio eleva a seis las muertes causadas por la Guardia Civil en la Gamazada de Donostia» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  2. a b c d e Esparza Zabalegui, José Mari; Lopez de Luzuriaga, Iñaki (itzul.). (2020). Gernikako Arbolaren biografia: Euskal Herriko ereserkia. (2. edizioa. argitaraldia) Txalaparta, 76-82 or. ISBN 978-84-18252-41-9. PMC 1242024933. (Noiz kontsultatua: 2023-03-03).
  3. SL, TAI GABE DIGITALA. (2022-11-30). «Gamazadak Donostian utzitako orbaina, ezezaguna den altxamendua» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-08-28).
  4. SL, TAI GABE DIGITALA. (2022-11-30). «Gamazadak Donostian utzitako orbaina, ezezaguna den altxamendua» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-08-28).
  5. (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2023-08-22). «Un estudio eleva a seis las muertes causadas por la GC en la Gamazada de Donostia» GARA (Noiz kontsultatua: 2023-09-07).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu