1989ko iraultzak Europako ekialdeko herrialdeetan sobiet gisako komunismoa boteretik kendu zuen mugimendua izan zen.

1989ko iraultzak
Irudia
Motarevolutionary wave (en) Itzuli
Honen parte daGerra Hotza
Denbora-tarte1989ko martxoaren 9a - 1992ko apirilaren 27a
Data1989
HerrialdeaPeople's Republic of Bulgaria (en) Itzuli, Alemaniako Errepublika Demokratikoa, Hungariako Herri Errepublika, Poloniako Herri Errepublika, Socialist Republic of Romania (en) Itzuli eta Txekoslovakiako Errepublika Sozialista
Honen ondorioaSobietar Batasunaren desegitea

Gertaerak Polonian hasi ziren, eta Hungariara, Ekialdeko Alemaniara, Txekoslovakiara, Bulgariara eta Errumaniara hedatu ziren. Gobernu komunista Errumanian baino ez zen modu bortitzean uzkaili. Txinaraino iritsi zen nahigabea, Tiananmen Plazako protestekin.

Albaniak eta Jugoslaviak komunismoa 1991n utzi zuten, eta bigarrena 5 estatutan zatitu zen 1992rako: Eslovenia, Kroazia, Mazedonia, Bosnia-Herzegovina eta Jugoslavia Errepublika Federala (Serbia eta Montenegro). Sobietar Batasuna 1991ren bukaeran desegin zen, eta emaitza Errusiaren eta beste 14 nazioren sorrera (edo birsorrera): Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Estonia, Georgia, Kazakhstan, Kirgizistan, Letonia, Lituania, Moldavia, Tadjikistan, Turkmenistan, Ukraina eta Uzbekistan. Ondorioak beste herrialde urrunetan ere sumatu ziren. Hala, sozialismoa Kanbodian, Etiopian edo Mongolian bertan behera geratu zen. SESBan komunismoa desagertzean Gerra Hotza amaitutzat jo zen.

Aurrekariak aldatu

1989ko iraultzen sintoma, Mikhail Gorbatxovek hasitako perestroika izan zen. Politika hori Sobietar Batasuneko politika eta ekonomia birgaitzeko erabili nahi zen.

Ekialdeko Blokeko zenbait herrialdek 1970eko hamarkadatik erreforma ekonomiko eta politiko batzukekin esperimentatu bazituzten ere, 1985ean, Mikhail Gorbatxov buruzagi erreformatzaile sobietarraren etorrerak liberalizazio handiagorako joera atzeraezina markatu zuen. 1980ko hamarkadaren erdialdean, burokrata sobietarren belaunaldi gazte bat, Gorbatxovek gidatua, funtsezko erreformaren alde hasi zen Brezhneven geldialdi-urteak iraultzeko. Sobietar Batasunak gainbehera ekonomiko larria pairatzen zuen, eta mendebaldeko teknologia eta herrialde kapitalisten kredituak behar zituen gero eta atzerapen handiagoa konpentsatzeko. Sobietar erregimenari eusteko gastuek -militar, KGB, estatu sateliteei dirulaguntzak ematea- are gehiago ahuldu zuten sobietar ekonomia[1].

Erreforma nagusiaren lehen zantzuak 1986an etorri ziren Gorbatxovek Sobietar Batasunean glasnost (irekiera) politika abiarazi zuenean, eta erreforma ekonomikoaren beharra areagotu zuen, perestroika (berregituraketa ekonomikoa). 1989ko udaberria baino lehen, SESBek, komunikabideetan etxeko politikari buruzko eztabaida bizia izateaz gain, hautagai ugarirekin egin zituen lehen hauteskundeak.

Gorbatxoven aldaketa-ekimenak Ekialdeko Europako herrialde guztietan errepikatuko lirateke, ezinbestean, eta, batzuetan, Gorbatxovek berak politika sobietarrak kopiatzeko eskatuko zien Varsoviako Ituneko beste herrialde batzuetako buruzagiei, ohartaraziz SESBek jada ez lukeela esku hartuko, presio politiko edo militarrekin, perestroika onartzen ez zuten atzerriko gobernu uzkur batzuk babesteko, eta, horrela, Sinatra Doktrina inauguratu zen[1].

Mikhail Gorbatxoven aldaketek eragina izan zuten Sobietar Batasunaren menpe zeuden Ekialdeko Europako herrialdeetan. Herrialde horiek, sobietarren laguntza ekonomiko eta militarrak galtzerakoan, beren iraultzak hasi zituzten, nahiz eta Gorbatxoven asmoa aldaketak Varsoviako Itunaren barruan egitea zen. SESBek herrialde sateliteei ematen zien laguntza ekonomikoa jasanezina zen krisian zegoen sobietar ekonomiarentzat; beraz, errusiar gobernuak adierazi zien harreman ekonomikoak munduko merkatuaren baldintzen araberakoak izango zirela. Horrela hasi zuten Poloniak, Alemaniako Errepublika Demokratikoak, Hungariak, Txekoslovakiak eta Errumaniak komunismoaren aurkako borroka[2].

Polonia aldatu

Sobiet Batasunak, 1989rako, Brezhnev doktrina bertan behera utzi zuen eta adierazi zuen ez zuela Varsoviako Itunaren herrialde aliatuetan eskua sartuko. Garai horretarako, Elkartasuna sindikatua (Solidarność) handia zen, eta 1988an nazio osoan zehar egindako grebek sindikatuarekin negoziarazi zioten gobernuari (Poloniako Mahai Borobilak). Bi aldeek adostu zuten bi ganberako sistema politikoa, senatua herriak aukeratua eta bestean (Sejm), zenbait eserleku hautatuko zituen.

Elkartasuna legezko bihurtu ondoan (1989ko apirilean), hauteskundeetan parte hartzea izan zuen, ekainaren 4an, Txinako Tiananmen Plazako protestetan tankeak sartu eta biharamunean hain zuzen. Elkartasunaren garaipenak aurreikuspen oro gainditu zuen. Sejm ganberan ahal zituen eserleku guztiak eskuratu zituen, eta senatuan %99 (bestea hautagai independenteak erdietsi zuen). Komunista nabarmen anandak ez zuten beharrezko boza kopurua lortu ganberetan sartzeko. Hortaz, irailean, komunista ez zen lehenengo gobernua eratu zen ekialdeko blokean.

Hungaria aldatu

Poloniaren atzetik, Hungaria izan zen hurrengoa komunista ez zen gobernua osatzen. Nahiz eta 1980ko hamarkadan Hungarian zenbait erreforma ekonomiko eta nolabaiteko liberalizazio politikoa lortu, aldaketa garrantzitsuak iritsi ziren János Kádár Alderdi Komunistako burua 1988an ordezkatu zenean. Urte horretan bertan, parlamentuak "multzo demokratikoa" sartu zuen indarrean, tartean sindikatuen aniztasuna, elkartzeko eta prentsarako askatasuna, hauteskundeetarako beste lege bat eta konstituzioa eraberritzea.

1989ko urrian, Alderdi Komunistak azken bilkura egin zuen, eta bere burua Hungariako Alderdi Sozialista izendatu zuen berriz (egun ere existitzen dena). Parlamentuak alderdi politikoen aniztasuna bermatzen zuen legedia sartu zuen indarrean. Giza eskubideak bermatu ziren eta botereak banandu ziren instituzioen egituran.

Ekialdeko Alemania aldatu

Sakontzeko, irakurri: «1990eko Alemaniaren bateratzea»

Hungarian muga ireki ondoren, gero eta jende gehiago hasi zen Ekialdeko Alemaniatik Mendebaldera igarotzen. 1989ko irailerako, 30.000 lagunek baino gehiagok egin zuten ihes Hungariara bidaiatzeko debekua ezarri aurretik. Orduan, milaka alemaniarrak saiatu ziren mendebaldera iristen Mendebaldeko Alemaniak ekialdeko herrialdeetako egoitza diplomatikoen bidez, batez ere Pragako enbaxadako lorategiak okupatuz. Hortaz, Txekoslovakiako muga urrian itxi zen, eta Ekialdeko Alemania isolaturik geratu zen. Alde egiteko aukerak agortuta, astelehenero hasi ziren manifestatzen ekialdeko alemaniarrak herrialdeko zenbait hiritan, batez ere Leipzigen.

Ekialdeko Alemaniaren 40. urteurrena ospatzeko Gorbatxevek berak egindako bisitan adierazi zuen beharrezkoa zela aldaketak egitea. Nolanahi ere, Erich Honecker, herrialdeko burua, ez zen iritzi berekoa, eta barneko erreformari uko egin zion. Nahigabea gero eta zabalagoa izanik, alderdi sozialistak (SED) Honecker kargutik kendu zuen urriaren erdialdean, eta Egon Krenz jarri zuen haren ordez.

Txekoslovakiarekiko muga ireki zen berriz, baina berehalakoan bertako agintariek baimendu zuten Mendebaldeko Alemaniara joaten ikuskapen burokratikorik gabe. Horrela, Altzairuzko Oihala altxatu zen lehen aldiz. Iheslarien uholdeari eutsi ezin zitzaionez, azaroaren 9an Ekialdeko Alemaniako agintariek baimendu zuten Mendebaldeko Alemaniara zuzenean pasatzea. Prentsaurrekoan iragarri zen, nola edo hala, neurriak segituan sartuko zirela indarrean, eta horrek akuilatuta, milaka lagun atera ziren kalera. Berlingo harresia eta Mendebaldeko Alemaniarekiko muga ireki zen zenbait puntutan.

Horrek areagotu zuen erreforma prozesua Ekialdeko Alemanian. Abendurako Krenzek ez zuen jarraitzen eta SEDen monopolioa bukaturik zegoen. Azkenean, bi Alemaniak batu ziren 1990eko urriaren 3an.

Txekoslovakia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Belusezko Iraultza»

Gobernu komunista Belusezko Iraultzaren bidez uzkaili zen Txekoslovakian, bortizkeriarik gabe. Pragan, 1989ko azaroaren 17an poliziak ikasleen manifestazio baketsua desegin zuen. Horrek manifestazio gehiago eragin zituen herrialde osoan zen, abendura arte iraun zutenak. Azaroaren 20rako, Pragan biltzen ziren manifestarien kopurua milioi erdira iritsi zen. Azaroaren 27an greba orokorra egin zen, Txekoslovakiako herritar guztiak kontuan hartuta.

Beste gobernu komunistak erortzen ari zirenez eta kaleetako protestak areagotu zirenez, Txekoslovakiako Alderdi Komunistak azaroaren 28an adierazi zuen botereari uko egingo ziola eta alderdi bakarreko sistema bertan behera utziko zuela. Mendebaldeko Alemaniarekiko eta Austriarekiko mugan hesiak eta gainerako oztopoak kendu zituzten. Abenduaren 10ean Gustáv Husák presidenteak komunista ez zen lehenengo gobernua 1948z geroztik izendatu zuen eta kargua utzi. Alexander Dubček hautatu zuten parlamentu federalaren eledun abenduaren 28an eta Václav Havel herrialdeko presidente abenduaren 29an. 1990eko ekainean Txekoslovakiak 1946z geroztik lehen hauteskunde demokratikoak izan zituen.

Bulgaria aldatu

Komunismoaren agintaldian gorriak ikusi zituztenez, 1989ko udan, turkiar andanak (250.000 bat) alde egin zuten Bulgariatik (bertan gutxiengo etnikoa baitira) Turkiara joateko.

Berlingo Harresia urratu zen egun berean, azaroaren 10ean, Bulgariako agintean luze egon zen Todor Zhivkov kargutik kendu zuen herrialdeko politburok. Antza Moskuk onetsi zuen lider aldaketa, Zhivkov urteetan zehar sobietarren aliatu leiala izan bazen ere. Hala ere, aldaketa ez zen nahikoa izan demokraziaren aldeko mugimendua asetzeko.

Sobiet Batasunean Mikhail Gorbatxevek abian jarritako aldaketek eragina izan zuten Bulgarian, eta komunistek ez zuten behar adinako indar erreformen aldeko mugimenduari luze eusteko. 1989ko azaroan, ekologia dela-eta Sofian hasi zen protesta berehalakoan erreforma politikoaren aldeko kanpaina orokorra bilakatu zen. Petar Mladenov paratu zen herrialdeko burutzan, baina barealdia laburra izan zen. Kaleko istiluen aurrean, 1990eko otsailean, Alderdi Komunistak botereari uko egin zion eta 1990eko ekainean lehen hauteskunde libreak egin ziren 1931z geroztik, eta Alderdi Sozialistak, komunisten izen berriko alderdiak, irabazi zituen.

Zhivkov epaitu zuten 1991n, baina ez zuen Nicolae Ceauşescu ondoko Errumaniako kidearen amaiera bortitza izan.

Errumania aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Errumaniako Iraultza»

1989ko azaroan, 71 urteko Ceauşescu hautatu zuten berriz beste bost urtez agintaldian jarraitzeko, Errumaniako Alderdi Komunistako buru gisa. Ceauşescuk adierazi zuen Ekialdeko Europan zehar hedatzen ziren komunismoaren kontrako mugimenduak gaindituko zituela.

Iranera joatear zegoela, abenduaren 16an, Securitate poliziak László Tőkés artzain kalbinista hungarieraduna atzeman zuen, erregimenaren kontrako sermoiak botatzeagatik. Istiluak hasi ziren orduan, batik bat Timişoara hirian, 5 egunez.

Irandik itzulitakoan Ceauşescuk agindu zuen haren aldeko manifestazioa egin zedila Bukaresten. Hala ere, Ceauşescuren ustekaberako, jendea txistuka hasi zitzaion hitz egiten ari zelarik. Timişoara eta Bukarest hirietako gertaeren berri izan ondoren, urteetan metatutako nahigabea azaleratu zen errumaniar mordoren artean, baita gobernuko zenbait kideren artean ere. Manifestazioak herrialde osoan zehar hedatu ziren. Hastapenean, manifestarien kontra tiro egiteko aginduei men egin zieten segurtasun indarrek, baina abenduaren 22an, militarrek alderantziz jokatu zuten, eta gerra-gurdiak Komite Zentralaren eraikinaren aldera eraman zituzten. Ceauşescuk eta Elena haren emazteak lortu zuten ihes egitea helikoptero batean.

Nolanahi ere, eguberri egunean, Errumaniako telebistak erakutsi zuen Ceauşescu senar-emaztea epaitu ondoren, segituko exekuzioa izan zutela. Nazioaren Salbaziorako kontseilu batek boterea bereganatu zuen eta 1990eko maiatzaren 20an hauteskundeak egin ziren.

Albania aldatu

Albanian, lau hamarkadan agintean egon zen Enver Hoxha 1985eko apirilaren 11n hil zen.

1989an, lehendabiziko istiluak Shkodra hirian hasi ziren, eta handik beste tokietara zabaldu ziren. Azkenean, gobernuak liberalizazioaren aldeko neurriak jarri zuen martxan, tartean atzerrira bidaiatzeko erraztasunak. Kanpoko munduarekiko harremanak hobetzeko ahaleginak egin ziren.

1991ko martxoaren hauteskundeetan lehengo komunistak irabazle atera ziren. Edonola ere, greba orokor batek eta hirietako oposizioak eragin zuten koalizio gobernua osatzea, komunistak ez zirenak ere sartuak. Albaniako ekonomiak hondoa jota eta kale istiluen artean, komunista ohiek 1992ko martxoaren hauteskundeak galdu zituzten.

Jugoslavia aldatu

Jugoslavia ez zegoen Varsoviako Itunaren barrenean, baina Josip Broz Tito buruaren komunismoari atxiki zion. Titoren heriotzaren ondoren, Jugoslavia osatzen zuten herrien arteko tirabirak areagotu ziren eta lehen gatazka Kosovon piztu zen.

Horrekin batera, Eslovenian liberalizazioa gero eta handiagoa zen 1984z geroztik. 1989ren hasierarako, zenbait alderdi antikomunistak ezkutatu gabe jarduten zuten, esloveniar komunisten nagusitasunari desafioan. Gauzak horrela, gizarte zibilak bultzatuta esloveniar komunistak Jugoslaviako burutza komunisten kontra egin zuten talka.

1990eko urtarrilean, Jugoslaviako komunisten biltzarra egin zen tirabirak bertan behera uzteko. Baina serbiarren nagusitasunak eragotzi zizkien esloveniarrei proposamenak aurrera egiten. Esloveniarrek, eta kroaziarrek ondoren, alderdia utzi zuten. Tokian tokiko oposizio-mugimenduekin negoziatu zuten alderdi anitzeko hauteskundeak egitea.

Hala, 1990eko udaberrian, Eslovenian Jugoslaviaren kontrakoa zen DEMOS koalizioak irabazi zituen hauteskundeak. Kroazian, nazionalistek garaipen itzela eskuratu zuten. Emaitzak askoz orekatuagoak izan ziren Bosnia Herzegovinan eta Mazedonian. Serbian eta Montenegron, aldiz, Slobodan Miloševićen alderdia finkatu zen boterean.

Eslovenia eta Kroaziako agintari berriek federaziotik independentzia erdiesteko planak prestatu zituzten. Hala, independentzia 1991ko ekainaren 25ean aldarrikatu zuten. Jugoslaviako Gerra piztu zen orduan. Mazedoniak urte bereko irailaren 8an aldarrikatu zuen independentzia, eta Bosnia Herzegovinak 1992ko martxoaren 1ean.

Sobietar Batasuna aldatu

Varsoviako Ituna bertan behera geratu zen 1991ko uztailaren 1ean era ofizialean. Horrela, Gerra Hotza amaitu zen. Baian SESBk armadak ekialdeko Europatik kendu ahala, SESBen barrenean bertan hasi zen nahigabea hedatzen. Autodeterminazioaren aldeko mugimenduak piztu ziren Lituanian lehendabizikoz, baina geroago Estonian, Letonian eta Armenian ere.

Deszentralizazioa areagotuko zela agindu zitzaien, baina hauteskunde irekiagoak egindakoan Alderdi Komunistaren kontrako hautagaiak atera ziren irabazle. Mugimendu nazionalista horiek indartu ziren SESBen ekonomiaren gainbeherarekin. Gorbatxevek ezin zuen ekonomia suspertu eta aginpide egitura sobietarra behera zetorren. Banan banan, errepublika sobietarrek haien sistema ekonomikoak eratu zituzten, eta Moskuko legeak haien menpe jarri zituzten.

Aldaketak geldiarazi nahian, Gennadi Yanayev presidenteordea buru zuen talde batek estatu kolpe bat eman zuen 1991ko abuztuan Gorbatxev boteretik kentzeko. Boris Yeltsinek, Errusiako errepublikako presidenteak, gerra-gurdien gainetik lortu zuen herria eta armadaren zati handi bat kolpearen kontra jartzea. Gorbatxev bere kargura itzuli zen, baina haren autoritatea nabarmen kalteturik suertatu zen. Irailean, Baltikoko errepublikek independentzia erdietsi zuten. Abenduaren 1ean Ukrainak independentziaren alde bozkatu zuten. Hala, 1991ko abenduaren 26an, Sobiet Batasuna desegin zen ofizialki.

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Gaztelaniaz) «Por qué cayó el Muro de Berlín y cómo su desaparición cambió el mundo» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2023-02-23).
  2. «El fin del bloque comunista: las Revoluciones de 1989» www.historiasiglo20.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-23).

Kanpo estekak aldatu