Poetika (grezieraz: ποιητική τέχνη «poesia») literaturaren hizkuntzaz diharduen jakintza da. Kontzeptua Aristotelesengandik datorkigu. Izen hori jarri zion bere lan bati, eta geroztik literaturaren arloko sorlanen deskripzioa, sailkapena eta azterketa izan da poetikaren eginkizuna, beti ere kontzeptu orokor eta literaturari buruzko teoria batetik abiaturik.

Poetikari, orobat, beste izen batzuk ere eman izan zaizkio. Horaziok Ars poetica hitzak erabili zituen, eta Erdi Aroan ere arte poetikoa kontzeptua erabili zen sarri. Gerora, prezeptiba literarioak agertu ziren, eta ia XX. mendera arte iritsi zen prezeptibaren kontzeptu hori. Gure garaian, zientzia literarioaren kontzeptua hedatu da, eta barruan literaturaren jakintza arloari dagozkion sail guztiak bilduko lituzke; horren barruan, literaturaren teoria da poetikari dagokion saila.

Aristotelesen poetika aldatu

 
Aristoteles

Antzinako Grezian, hasieran, poetika eta erretorika elkarrekin agertzen ziren sofisten testuetan. Platonek poesiari buruzko gogoeta zabalak eskaini zituen elkarrizketetan, batik bat Errepublika deiturikoan. Aristofanes komediagileak ere badu zenbait gogoeta.

Alabaina, Aristotelesek eskaini zuen lehen azterketa sistematikoa; erretorika eta poetika bereizi zituen, eta poetikaren zenbait ezaugarri ezarri: artea imitazioaren eta harmoniaren bidetik sortzen da, mimesiaren bidez. Poesiaren maila imitazioaren kalitateak erakutsiko du. Badago goi mailako poesiarik (ditiranboa, epopeia, tragedia), badago bigarren mailakorik (poema barreragilea, komedia). Katarsiaren ikuspegia oinarrizkoa da Aristotelesen poetikan; katarsiaren bidez entzulearen sentipenak astintzen dira, eta barrena garbitzen zaio; hori da batik bat tragediaren eginkizuna.

Horazioren arte poetikoa aldatu

Greziako ideien eragina sartuz joan zen Erroman, zenbait idazleren eskutik. Horien artean, Filostratok imitazioarean aurretik fantasia artistikoa ezarri zuen; Plotinok ere, platonismoaren ildotik, indar mistikoa ezarri zuen maila gorenean, poesiaren eta arte ororen bultzagarri, eta edertasun senaren azterketa psikologiko bat eskaini zuen; Dion Crisostomok, berriz, pinturaren, eskulturaren eta literaturaren arteko harreman estetikoak jorratu zituen, harrigarriro modernoa gertatzen zaigun ikuspegitik; Longinoren ekarria ere interesgarria da, edertasuna joera gorenaren emaitzatzat hartzen baitu, joera horren iturria Izadian jarririk.

Horazioren poetika biziki landua gertatzen da. Epistula ad Pisones izenekoan garatu zuen bere teoria; eskaini zituen arauen iturria giza izpirituaren lege orokor eta betierekoetan ezarri zuen. Berak emaniko zenbait arau hauexek dira:

  • artelanak batasuna eta xumetasuna izan behar du;
  • askatasunez jokatu behar du poetak, beti ere disonantzia handirik sortu gabe;
  • hitzei esanahi berriak eta erabilera ezohikoak ematea zilegi da;
  • forma eta neurria esanahiaren arabera aukeratu behar dira;
  • benetako sentipenak eta grinak agertu behar ditu poetak ;
  • tradizio poetikoa errespetatu behar da;
  • Greziako artean dago perfekzioaren eredua;
  • arterik gabe, trebezia orok ez du ezer balio.

Horazioz aparte, interesgarria da Martzialen ikuspegia: artearen eta mimesiaren ikuspegi errealista agertu zuen eta tradizioari aurka egin zion, edozeri barre eginez, baita poesiari berari ere, zaharkiturik eta ahiturik ikusten baitzuen.

Kristautasuna nagusitu zenean, kristau apologiagileak agertu ziren. Tradizio paganoaren gainetik tradizio biblikoa ezarri zuten, eta poeta paganoen ahotik izpiritu zikinak eta deabruak mintzo zirela zioten. Idazle paganoei eraso gogorra egin zieten; alabaina, Justino bezalako egileek idazle paganoak ere onartzen zituzten. San Jeronimoren arabera, hobe da egia agertzea, era artistikoan ez bada ere, ezen ez modu artistikoa erabili eta egia estaltzea. Geroago, San Agustin forma ederren alde agertu zen, nahiz eta formak beti egiaren mende egon behar duen.

Eskolastika aldatu

Erdi Aroan poetikaren ikuspegia anitz hedatu zen eskolastikaren aurretik. Horien artean, estetika hisperikoa deritzana deigarri gertatzen da; testuaren argitasuna gaitzesten zen, eta hermetismoa bultzatzen; iluntasuna zen helburua eta, horretarako, alegoriak, enigmak, igarkizunak, hieroglifoak eta antzeko baliabideak erabiltzen zituzten.

Karolingiar Pizkundean, Alkuino Yorkekoak Zizeronen erretorika eta Horazioren arte poetikoa berreskuratu zituen eskuliburu laburren bidez. Geroago, eskola ugari agertu ziren; Johannes de Garlandiak poetria kontzeptua sartu zuen eta genero literario klasikoen sailkapena eskaini; haren lanak hedapen handia lortu zuen.

Eskolastikak kontzeptu filosofikoetan oinarritu zuen poetika, eraikuntza espekulatibo landuak sorraraziz. Alberto Handiak egia eta ontasuna elkartuz bilatu nahi zuen edertasuna; geroago, ontasuna egiatik datorrela erran zuen, eta egia horretan dagoela edertasuna. Bonaventura Bagnoregiokoak gauza guztien edertasuna aldarrikatu zuen. Tomas Akinokoak, aldiz, subjektibismoa sartu zuen edertasunaren definizioan: atsegin gertatzen den oro da ederra, batez ere izpirituaren atsegin estetikoa eragiten badu. Santo Tomasek irudimenari garrantzi handia eman zion, nahiz eta irudimen hori zuhurtasunez erabili behar den. Aristotelesen ekarria bildu eta sintetizatu zuen, arteen sailkapena eginez.

Humanismoa aldatu

 
Dante

Pizkundeko humanismoaren etorreraren aurretik, poetika gorte-giroko garrantzitsu bat hedatu zen, batik bat Proventzan, baina baita Katalunian eta Iberiar penintsulako beste zenbait aldetan ere; gero Italiar penintsularantz egin zuen, eta han hartu zuen mailarik gorena. Espainian, Santillanako markesak poesiaren alde ludikoari uko egin, gai arrunt eta lizunak arbuiatu, eta atseginaren eta heziketaren arteko bidea hartu zuen. Italian, Dantek poesia egiaren zerbitzuan jarri nahi zuen; haren ustez, poesia Jainkoaren dohaina da, musen bidez datorrena; poetak filosofoa ere izan behar du, eta estetika ezti berri bat landu behar du, maitasunaren bidez; horri guztiari dolce stil nuovo deitu zion. Gero, de vulgari elocuentia liburuan, latina ez ziren hizkuntza arruntetan idatzi eta hizkuntza horiek maila literario jasora igoaraztea aldarrikatu zuen. Dantek poesiari ez zion eskatzen erralitatearen mimesi huts izatea, errealitate hori eraldatzeko indarra baizik. Petrarca ere bide beretsutik joan zen, eta esanahiari garrantzi handiagoa eman zion adierazpide dotoreari baino. Boccaccioren ustez, poesia barneindar bat da, eta gauzak irudimenaren bidez era ederrean adierazteko ahalmena handik datorkigu. Petrarcaren bidetik garatu zen batez ere humanismoa Italian, eta Cinquecento zeritzan mugimenduak eraman zuen muturreraino; jakintsuen eta elizgizonen eskuetatik atera eta gizaki arruntarenganaino iritsarazi nahi zuten kultura.

Humanismoaren eragina Europa osoan hedatu zen. Frantzian Pleiadea mugimendua nagusitu zen, non Joachim du Bellayren Deffense et Illustration de la Langue Francoise oinarrizko tratatu bihurtu zen. Inglaterran ere indar handiz sartu zen humanismoa; Geoffrey Chaucerrek Boccaccioren eragina jaso zuen, eta Tomas Morok lan handia egin zuen ikuspegi berriaren alde. Alemanian Erasmo Rotterdamgoa agertu zen, eta humanismoari jakintza-oinarri sendoak eskainiko zizkion. Espainian ere nabaritu zen eraginik; poetikaren arloan Francisco Sánchez de las Brozasen edo Pincianoren lanak aipagarriak dira; Pincianok Pizkundeko sintesi lanik osatuenetako bat idatzi zuen literatura arloan.

Barrokoa aldatu

Barrokoan Espainian kulteranismoaren eta kontzeptismoaren arteko eztabaida garrantzitsua gertau zen poetikaren alorrean. Biak kontzeptuaren zailtasunetik abiatzen dira eta hizkuntza arruntetik urruntzen: lehenak, alabaina, hiperbatonaren eta metafora bihurrien bidez birtuosismo poetikoa muturreraino darama; bigarrenak, aldiz, nahiago du ingenioaren eta laburtasuna zorrotzaren bidetik jo. Luis de Góngora eta Francisco de Quevedo dira ordezkaririk handienak, eta horien inguruan mugimendu kritiko handia hedatu zen. Antzerkiaren arloan ere bide berriek agertu ziren, Lope de Vegaren Arte nuevo de hacer comedias en este tiempo lekuko.

Neoklasizismoa aldatu

 
Nicolas Boileau

Frantzian, Pleiadea mugimenduaren lanaren ondoren, kontrako joera garbizale bat agertu zen, klasizismoa ekarriko zuena; horientzat, poesia teknika bat zen, batez ere. Bide horretatik Nicolas Boileauk egin zuen lanik eragingarriena, Art Poetique izenekoa: arauak arrazoitik jaiotzen dira, eta antzinakoen agintetik (Aristotelesen arauak onartzen zituen, Aristoteles Arrazoiaren eredu zelako); poesia Izadiaren imitazio hutsa da, eta antzerkiak jokabide okerrak zuzendu behar ditu.

Neoklasizismoa Europa osoan hedatu zen; Espainian neoklasizismoa Ignacio de Luzánek garatu zuen batik bat, eta Pizkundeko egileetan oinarritu zen gehienbat. Une garrantzitsua izan zen hau euskal literaturari dagokionez, neoklasizismoaren eredutik agertu baitzen lehen euskal poetika, Oihenarterena hain zuzen. Apaiz lapurtar bati bidali zion gutun batean ageri den Oihenarteren poetikak konposizioari buruzko arau batzuk ematen ditu: neurtitza nola osatu behar den, nola konbinatu, nola neurtu, nola euskal hizkuntzari egokitu; azkenik, euskal poesiaren ikuspegia eskaintzen du.

Berehala agertu ziren Erromantizismoaren lehen zantzuak, Giambattista Vico edo Gotthold Ephraim Lessingen lanetan ikus daitekeenez; platonismoa berriro piztu zen, eta irudimenari garrantzia ematen zitzaion. Inglaterran Samuel Johnsonek artea bizitzaren zerbitzuan jarri nahi zuen, eta antzinakoen imitaziotik aldendu. Frantzian, entziklopedisten artean bertan agertu ziren lehen ernamuinak: Voltaire, Diderot...

Erromantizismotik poetika modernoetara aldatu

Erromantizismoa Ingalaterran eta Alemanian agertu zen indar betean. Ingalaterran David Humeren eragina jaso zuen poetika erromantikoak, besteak beste, eta William Wordsworth eta Samuel Taylor Coleridgek egin zuten ikuspegi berriaren garapena. Alemanian Johann Gottfried Herder eta Goethek norbanakoaren nagusitasuna aldarrikatu zuten, eta Sturm und Drang mugimenduko ideiak sintetizatu zituzten; Friedrich Schillerrek, berriz, Kant eta platonismoa bildu zituen bere ikuspegian; hiru egile horien bidetik, gogoeta kritikoa asko garatu zen, eta Schlegel, Schelling, Novalis eta Hegelek berebiziko iraultza ekarri zuten poetikaren eta ideien alorrera.

Erromantizismoaren ondoren, eta erromantizismoak berak abian jarritako indarretatik sorturik, poetikari buruzko ikuspegia etengabe aldatzen hasi zen. Etorri ziren errealismoa eta naturalismoa, etorri zen sinbolismoa, etorri ziren abangoardiak, surrealismoa nagusi, eta agertu zen poetika aztertzeko eskola eta ikuspegi kritiko anitz: errusiar formalismoa, New Criticism deritzan ikuspegia, estrukturalismotik sorturiko eskolak... Aniztasun hori ez zen denboran zehar soilik gertatu, baizik eta une berean eskola eta mugimendu anitz gertatu ziren. Azken aldian, semiotikak, psikokritikak, dekonstrukzioaren teoriak eta beste hainbatek indar handia izan dute, eta gaur egun Harreraren Teoria dabil punta-puntan. Mugimendu horietan gehienetan eragile nagusia poesia gertatu bada ere, aro modernoan nobela gailentzen da, generorik nagusiena bilakatuz.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu