Giovanni Boccaccio

Boccaccio» orritik birbideratua)

Giovanni Boccaccio (Certaldo, Toskana, 1313 – Certaldo, Toskana, 1375eko abenduaren 21a) italiar idazle eta humanista izan zen, Errenazimentuko nabarienetakoa. Batik bat Il Decamerone izeneko istorioen bilduma eta italierazko poemak idazteagatik ezaguna da.

Giovanni Boccaccio

(1822)
Bizitza
JaiotzaFlorentzia eta Certaldo1313
Herrialdea Florentziako Errepublika
Lehen hizkuntzaitaliera
HeriotzaCertaldo1375eko abenduaren 21a (62 urte) (61/62 urte)
Hobiratze lekuaSanti Jacopo e Filippo (en) Itzuli
Heriotza modua: Edema
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
latina
Irakaslea(k)Cino da Pistoia (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakipuingilea, poeta, diplomazialaria, itzultzailea, biografoa, mythographer (en) Itzuli eta idazlea
Lan nabarmenak

IMDB: nm0090504 Allocine: 103032 Allmovie: p316002 IBDB: 90357
Musicbrainz: 2c9491c4-b842-4ff6-bb86-97fdf2d435f0 Discogs: 432095 IMSLP: Category:Boccaccio,_Giovanni Find a Grave: 10865699 Edit the value on Wikidata

Bizitza

aldatu

Zoritxarrez, Giovanni Boccaccioren bizitza ezagutzeko oinarrizko iturria ez dira dokumentuak, Boccaccioren beraren idazlanak baizik.

Dirudienez, sasikoa zen; 1313an jaio zen, Toskanako Certaldo herrian, eta Florentzian eman zuen haurtzaroa. 1327an, Giovanniren aita, merkataria, Napolin jarri zen bizitzen. Han merkataritzan aritu zen Giovanni, gizarte-harremanez jositako bizitza zeraman bitartean, eta hala ezagutu zuen Maria d'Aquino (Fiammetta), Roberto Anjoukoa erregearen sasiko alaba. Ez da ahaztu behar Boccaccioren obretako pertsonaietako bat dela Fiammetta, nahiz eta haren irudia zehaztasun handirik gabe ematen den, hartaraino, non, zalantzan jarri baita benetako pertsona bat edo senhal bat[1] ote zen. Napolin, zuzenbide kanonikoa ikasten hasi zen, eta lau obra txiki idatzi zituen.

1340an, Florentziara itzuli zen bizitzera. Hiru gertaera nabarmentzekoak dira Boccaccioren Florentziako egonalditik: 1348ko Izurri Beltza, esparru horretan kokatuko baitzen Il Decamerone; Petrarcarekiko adiskidantza, Boccaccioren orientazio prehumanistaren jatorria; eta jarrera-aldaketa garrantzizko bat bizitzaren aurrean, zeinak Il Corbaccio idaztera eta, horrekin batera, sorkuntza-lanak baztertzera eta mitologia edo dantismoaren gisako gai jasoak tratatzera eramango baitzuen. Urte horietakoak dira, orobat, zenbait jaun eta aita santuren artean egin zituen bitartekaritza diplomatikoak (Mendebaldeko Zisma 1375ean amaitu zen, ordurako Boccaccio hilda zela).

Boccaccioren nortasuna

aldatu
 
Boccaccioren estatua Florentziako Uffizi eraikinaren kanpoaldean

Literatura salbuetsita -eta ezin esan gutxi denik- ez dago ezer apartekorik Boccacciorengan. Giovanniren nortasuna ez zen Petrarcarena bezain aberatsa, ez eta Danterena bezain jite bakarrekoa ere. Ez zuen ideal etengabe bat izan, Dantek bezala, eta ez zen Petrarca bezain egozentrikoa, eta azkeneko hori ez bezala, gauza izan zen grinaren eta bizitza moralaren arteko auzia ebazteko.

Boccaccioren heziketa autodidakta izan zen oinarrian. Lehen ikasketek lorratz ahula utzi zioten, baina gero kultura zabala —eta gai batzuetan sakona— osatzen jakin izan zuen, nahiz eta hutsune nabarmenak izan: Erdi Aroan asko bezala, biziki interesatu zen astrologiaz; klasikoak ongi ezagutu zituen —latinoak batez ere, baina, denborarekin, grekoak ere irakurri zituen—; eta, batez ere, literatura erromaniko modernoa onartu zuen, eta horrek bultzatu zuen herritarren hizkera eta estrofismoa imitatzera (adibidez, zortzikoak erabiliz). Hori guztia frogatzera dator Danteren eta Petrarcaren lanei zien miresmena eta eman zien zabalkundea.

Politikan ez zuen aukerarik egin aita santuaren eta Inperioaren artean; italiarra izan zen, baina toki jakin batera lotu gabe. Erlijioari dagokionez, fededuna zen, baina ez zen erlijioaz biziro kezkatzen, eta praktikotasunez ebatzi zituen moralaren arazoak. Estetikaren alorrean, poesiaren aldezle sutsua izan zen, berdin latinez edota herri-hizkeran egina izan, anima mundi edo munduaren arimatzat baitzeukan. Nahiz eta teoriaz Erdi Aroko arauaren jarraitzailea zen, bere garaikoei zien miresmenak bultzatuta, teoria horiek alde batera utzi zituen eta, gaztetan ustel ateratako ahaleginen ondoren, ez zen ez alegorikoa, ez erabilgarria eta ez doktrinala izaten saiatu.

Laburbilduz, Boccaccio aldi berean Erdi Arokoa eta humanista (edo aurrehumanista) izan zen. Bi nortasun izan zituen: bata, artistikoa, egun kontuan hartzen den bakarra; bestea, jakintsu gisa izan zuena, bere garaian eta ondorengo mendeetan izan zuen ospearen eta arrakastaren arrazoi nagusia, alegia.

Boccaccioren obra

aldatu

Boccaccioren jarduerak bi alde oso argi izan zituen, bi aldi definituren ezaugarri izan zirenak: 1345 artekoa bata, eta urte hartaz geroztikoa bestea. Sorkuntza artistikoen aldia lehena izan zen eta jakintza arloko kezkena, bigarrena. Lehenengoak literaturarako baliagarri dira; bigarrenak, berriz, kulturaren edo ideien mundurako; estreinakoak toskaneraz idatzi zituen, eta bigarren aldikoak, latinez, Danteri buruzkoak salbu.

Toskanerazko literatura-lanak

aldatu

Boccacciok toskaneraz idatzi zituen literatura-lanak artea dira, sorkuntza, fantasia. Amodioa gai nagusi du, maitasunak betetzen baitzuen Giovanniren ordura arteko bizitza eta esperientzia, hala teorian nola praktikan; eta ez amodio platonikoa, baizik eta guztiz gizatiarra, haragiaren errealitatean oinarritzen zena, gorputza eta arima hartzen zituena, adimena akuilatzen zuena, desiratzen zen xedea erdietsi ahal izateko, horrek, askotan, drama edo tragedia-girora eramaten bazuen ere.

Boccaccioren lanak bi talde handitan sailkatzen dira:

  • olerkiak (mitologikoa: Caccia di Diana; zaldunena: Filostrato; epikoa: Teseida; alegorikoa: Amorosa visione; pastorala: Ninfale fiolesano), eta
  • eleberriak (abenturazkoak: Filocolo; pastoral alegorikoa: Ninfale d Ameto; autobiografikoa: Elegia di Madonna Fiammetta), ia txandaka idatziak.

Kronologia-ordenan irakurriz gero, antzematen da perfekziobidearen bila ibili zela (zalantzak, aurrerakadak, atzerakadak eta tupusteko aldaketak tartean zirela), gune sendoena bilatzen zuela bai forman eta bai edukian. Batzuetan, autobiografia nagusitzen zen (edo sasiautobiografia), besteetan erretorika; neurtitzez eta prosaz baliatzen zen; batzuetan, latindu egiten zuen hizkera, besteetan herritartu; nahiak eta grinak adierazten zituen beti, eta munduko gaiak tratatzen zituen harik eta (oharkabean, beharbada) irakurle burgesarentzat egokitzen zituen arte. Horrek guztiak Il Decameroneko prosan jo zuen gailurra.

Il Decamerone

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Dekamerona»
 
Dekameroneko Nastagio degli Onestiren istorioa, Botticelliren margolana, 1487.

Il Decamerone ez da Boccaccioren obra bakarra, baina bai ezagunena, bikainena eta interesgarriena. Izugarrizko garrantzia izan du literaturan, bai Italiakoan eta bai gainerako guztietan. Obraren izenburua —«hamar egunak» esan nahi du— Kreazioaren sei egunak gaitzat harturik Erdi Aroan idatzitako tratatuetatik dator (jatorri berbera izan zuten beste hainbatek ere, Margarita Angulemakoaren Heptameron izenekoak, esate baterako). Prosagatik, ekintzaren esparruagatik, eta tratatzen diren gaiengatik da ospetsua, baina, batez ere, gaien gordinkeriagatik .

Era askotako gaiak erabiltzen ditu. Idazleak interes handiagoa eskaini zien gizakiei, gertaerei baino —horrela ulertzen da abentura askoren ahultasuna—. Badira kontakizun luzeak eta badira laburrak. Sintesi gisa, bi norabide nagusitzen dira: bata, maitasunaren inguruko gaiak, eta bestea, adimenaren gurtza. Amodio gaietara etorrita, Boccacciok ez du lizunkerian atsegin hartzen (jende guztiak horixe ikusten badu ere), baizik eta pertsonaren senen eta sentimenduen jokoa deskribatu nahi du: berak izandako esperientzia pertsonala arrazoiaren galbahetik iragazten saiatzen da. Adimenaren gurtza, berriz, ez da gurtza abstraktua; aldiz, guztiz gizatiarra da. Gaizkilearen maltzurkeriatik hasi eta zaldunaren duintasunean adierazten deneraino. Tentela eta axkar lotsagabea batera azaltzen dira, eta ia beti lotsagabeak irabazten du.

Hiru izan dira Il Decameroneren arrakastaren arrazoi nagusiak: prosa, gaiak eta esparrua. Prosak Italia soilik txunditu zuen, gaiek eta esparruak mundu guztia. Italian irakurle, miresle eta imitatzaile asko izan ditu. Italiatik kanpo ere imitatzaileen zerrenda luzea da baina, beharbada, Geoffrey Chaucerren Canterburyko ipuinak lanean eta Shakespeareren obra batzuetan antzematen zaie gehien Boccaccioren eraginaren aztarnei.

Jakintza-arloko idazlanak

aldatu

1354az geroztik, Il Decamerone eta Il Corbaccio idatzi eta gero, herri-hizkeran eta amodioaren gainean idatzitako bere lan guztiak erdeinatu edo arbuiatu egin zituen. Erdeinua, ordea, itxura hutsezkoa zen, garai hartan kopiatu baitzuen kodize oso bat, bere eskuz, Il Decameronetik. Hala ere, data hartatik aurrera, prosa hutsean idatzi zuen eta gaiok landu zituen: alegia klasikoen berrinterpretazioak, egia kristauen moral alegorikoaren ikuspegitik (De genealogiis deorum gentilium); antzinako literaturako toponimoen entziklopedia edo zerrenda alfabetiko bat (De montibus, silvis, fontibus, lacubus, fluminibus, stagnis seu paludis, et de nominibus maris liber, 1360); pertsonaia handien biografiak edo bizitzako pasadizoak (De casibus virorum illustrium); eta baita emakume ospetsuenak ere (De mulieribus claris).

Boccaccioren bizitzaren azkenaldera, Danteri zion miresmenak idaztera bultzatu zuen, nagusiki: haren biografia espiritual bat idatzi zuen (Trattatello in laude di Dante) eta baita haren obraren iruzkin bat ere (Esposizioni sopra la Commedia di Dante). Hain zuzen ere, Danteren Comedia «jainkotar» deklaratu zuen lehena Boccaccio izan zen, nahiz eta izenlagun hori azalpenean erabili zuen, eta ez izenburuan. Esan behar da, hala ere, aho batez eta betiko onartu zela Boccaccioren iradokizuna.

Erreferentziak

aldatu
  1. Senhala, proventzar poesian, trobadoreak dama maiteari edo bertsoak eskaintzen zizkionari ematen zion izen fikziozkoa zen.

Kanpo estekak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giovanni Boccaccio