Eskolunbeko Andre Mariaren santutegia

Arabako mendebaldeko santutegi katoliko bat, Kuartangoko udalerrian kokatua, Katadiaonoko herritik hurbil

Eskolunbeko Andre Mariaren santutegia Arabako mendebaldeko santutegi bat da, Kuartangokoa, Katadianotik kilometro bat ekialdera kokatua, errekasto baten ertzean. 1541. urtean bukatu zituzten santutegia eraikitzeko lanak.[1] Eskolunbeko zelaietan, abuztuko azken igandean, erromeria jendetsua egiten da Kuartangoko zaindari den Eskolunbeko Andre Mariaren ohorez.[2]

Eskolunbeko Andre Mariaren santutegia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaKuartango
Koordenatuak42°54′36″N 2°52′39″W / 42.9101°N 2.877625°W / 42.9101; -2.877625
Map
Historia eta erabilera
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaGasteizko elizbarrutia
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
pizkundetar arkitektura

Ezaugarriak aldatu

 
Eskolunbeko Andre Mariaren irudia, XIV. mendekoa.

Bi sarbide dituen harrizko harresi batek inguratzen du. Iparraldeko sarbideak arku erdizirkularra du. Alboko eraikin bat du: ermitauaren bizilekua. Ermitaua arduratzen zen santutegia zaintzeaz eta herritarrek santutegirako emandako limosnak biltzeaz.[1]

Elizak oinplano angeluzuzena du, burualde zuzenarekin. Bi ataletan zatitutako habearte bakarra du, ganga gotiko berantiarrekin.[3][1]

Korua 1544. urtekoa da. Erretaula nagusia, berriz, Arabako elementu plateresko garrantzitsuenetako bat da. 1565-1567 bitartean egin zuten Juan Aiala gasteiztar eskultoreak eta Jeronimo Nogueras urduñar eskultoreak. 1999. urtetik, kultura ondasun izendatuta dago, monumentu sailkapenarekin, eta geroztik berritu egin dute. Oraindik eusten dio XVI. mendeko polikromiaren zati handi bati, urre kolorea nagusi izanik. Andre Mariari eskainitako santutegia denez, irudi nagusiek haren bizitzako gertaerak islatzen dituzte: deikundea, ikustaldia, zeruratzea, lokartzea, Jesusen jaiotza eta agerkundea. Erdiko nitxoan, Andre Mariaren tailua dago, aingeruek koroatzen dutela. Apaingarri osagarriak ugariak eta preziosistak dira.[1]

Alboetako erretaulak geroagokoak dira, XVIII. mendearen azken laurdenekoak. Zuriz margotuta daude, haitzurdinaren itxura emateko. Ezkerreko erretaulak Eskolunbeko Andre Mariaren irudia dauka, Erdi Arokoa (XIV. mendekoa), alboan gurasoak dituela: San Joakim eta Santa Ana.[1]

Antzina, Eskolunbeko Andre Mariaren irudia erretaula nagusiaren erdigunean zegoen. Alboko erretaula horretara jaitsi zuten irudia jantziz eta bitxiz apaintzeko ohitura zegoen garaian, errazago jantzi eta edertu ahal izateko. Duela hamarkada batzuk arte, jantzita egoten zen; baina gaur egun jatorrizko tailua ikus daiteke.[1]

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f Eskolunbeko Andre Mariaren Santutegiko argibide panela, landatur.com.
  2. Arabako Foru Aldundia. (2010). Araba herriz herri. Arabako Foru Aldundia, 82 or..
  3. «Eskolunbeko Andre Mariaren santutegia» Hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).

Kanpo estekak aldatu

  • Garate Goñi, Alberto. «Eskolunbe» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).