Eskiula udalerria Zuberoa ala Bearno den

Zuberoa-Bearno afera Eskiulan» orritik birbideratua)

Eskiula udalerria Zuberoa ala Bearno den, Eskiula herria Bearnoko lurretan kokatua baina kulturaz Zuberoa barnean sartu ahal izateak eragin duen afera da. Historian zehar aipamen anitz ukan du, eta egun inplikazio soziopolitikoak ere baditu, Eskiula Euskal Herriaren parte den ala ez ere erabakitzea baitakar.

«Bearnon kokatutako herri euskalduna» dela esan izan da,[1][2] herriaren sorreran eta egungo egoera administratiboan (Oloroe-Donamaria Mendebaldeko kantonamenduan baitago) oinarrituz.

Izan ere, euskaldunek gogoan dute, alde batetik, orain Eskiulan euskaraz hitz egiten bada, XV. mendean hara bizitzera joandako zuberotarrengatik dela, eta horregatik euskara Eskiulara nolabait ere «iritsi berri»tzat ikusten da; eta, bestetik, Eskiulan euskarak bizirik eta toponimia guztian barneraturik dirauelarik, Euskal Herriaren —etimologiaz euskararen lurraldea den horren— partetzat hartzeko joera izaten da. Zalantza horren erakusgarri da Etxahun-Iruri zuberotarrak ondu zuen eta eskiulatarrek gogotsu antzeztu zuten Matalaz pastoraleko testua. Hona hemen zenbait pasarte oso adierazgarri:

« EZ DA ESKIULA KASKOIÑA

Nurk erran othe zian
«Gaskoiñ da ESKIULA
Gaztek ukhatü diela
Zaharren odola?»
Ez! Eskuara bizi da
Han bethi bezala
Eta orok laidatzen
Eskualdün arbola
Botzik girade ESKIULA
Egon beitzira fidela
Eman bethi hola hola

[...]

Xiberuko plazetan
Seküla geroztik
Aktür hunik izan da
Jinik Eskiulatik

[...][3]

»

Olerki horretan, hasieratik beretik garbi erraten zaigu Eskiula ez dela Gaskoinia (eta, beraz, Bearno ere ez, Gaskoiniako parte baita Bearno); baina, zeharka, guztiz Zuberoan ere ez dagoela adierazten zaigu nolabait: «Zuberoako plazetan [...] jinik (etorririk) Eskiulatik».

Ikuspuntu ofizial frantsesa aldatu

Frantses estatuko administrazioarentzat Eskiula ezin da inolaz ere Zuberoan egon, ofizialki Euskal Herriko herrialde honek ez baitu aitortzarik. Baina Bearnon ere ezin da ofizialki egon, ez baitago Bearno ofizialik. Zuberoak duen halamoduzko onarpen bakarra oso maila baxukoa (zerbitzu mankomunitate bati dagokiona) da, Zuberoako Herri Elkargoarena. Eskiula ez dago horren barnean baina irizpide horri kasurik egingo bagenio Pettarreko zenbait herri ere herrialdetik kanpo leudeke, Herri Elkargo hau -estatuko gehienak bezala- kantonamendu batzuetan oinarritu delako, kasu honetan Maule-Lextarre eta Atharratze-Sorholüzekoan.

Beraz, administrazioz Pirinio Atlantikoak dira aitortza duen errealitate bakarra. Hala ere, departamendu honetan dagoen dualitatea (Bearno, Ipar Euskal Herria) eremu batzuetan -nekazaritza, turismoa- de facto onartzen da; kasu horietan ez da arraroa Eskiula Euskal Herrian atxikia agertzea eta ez Bearnon, banaketak egiteko kantonamendu mugak oinarria ez denetan bederen. Adibideak:

  • Departamenduko Laborantza Ganberak landa-turismoaz argitaratutako Bienvenue à la ferme Béarn-Pays Basque liburuskan Eskiula La Montagne Basque eremuan kokatzen du, ez La Montagne Béarnaise edota Les Coteaux Béarnais izenekoetan.
  • Turismo arloa jorratzen duen departamenduko Komiteak argitaratutako Guide des fêtes en Pays Basque izeneko liburuskan (2008ko edizioa kontsultatuta) Eskiula Euskal Herrian kokatzen da. Berdin gertatzen da Euskal Herriko Turismo Agentziak ateratako Carte illustrée du Pays Basque argitalpenean.

Frantsesezko Wikipediak[4] Eskiula Communes de la Soule zerrendan sartzen du, bere berezitasun historikoen berri eman eta gero.

Euskaldunen iritziak aldatu

Euskal Herrian, Hegoaldean batez ere, argitaratutako hainbeste mapa eta liburuk herria kanpoan kokatzen dute; Maule eta Atharratzeko kantonamenduetatik kanpo geratu izanak ikuspegi hau erraztu du. Mota guztietako «irredentismoek» eta Eskiulakoa bezalako egoera bitxiek sortzen duten beldurragatik tentuz jokatzea ulergarria da. Euskaltzaindiari berari ere antzeko zerbait gertatzen zaio; alde batetik bere 92. arauan herria Zuberoako zerrendan ipintzen badu ere, ohar bereziaren laguntzaz sartzen du[5], bestetik berriagoa den web orrian Zuberoako herritzat jotzen du besterik gabe[6]. Beste aldetik, Akademiak ez du Eskiula «Exonimia» ataleko zerrendan inoiz ezarri, ez web orri berrian ez 149. arauan (Euskal Herri inguruko exonimoak), non Bearnoko hainbat herri aipatzen diren[7].

Badira, bestalde, Eskiula besterik gabe Euskal Herrikotzat kokatzen duten beste iturri batzuk. Auñamendi Eusko Entziklopedian,[8] Gaindegian edo Euskal Herriko ekonomiaren eta gizartearen atlasa webgunean, kasurako, Eskiula Euskal Herriko herritzat jotzen dute.[9] Berdin Urrats Argitarauak elkarteak ateratako Euskal Herria hormetarako mapan.[10] Paulo Agirrebaltzategik Eskiulako kasua oso era zehatzean aztertu zuen 2001ean, herriak Madalena Jauregiberri pastorala taularatzen zuelako aitzakiaz. Iturrien arteko kontraesanak deskribatu ostean artikuluari eman zion izenburuak (Eskiula, Euskal Herriko herria[11]) argitzen zuen egileak zein ikuspuntu jotzen zuen zuzentzat eta nahasmena batez ere egoera administratiboak sortzen zuela iritzi zion.

Iturriak Ipar Euskal Herrikoak izanez gero are errazagoa da herria Zuberoan sartzea. Adibide batzuk:

  • Ipar Euskal Herriko argazki sozio-demografikoa lana.[12]
  • Estatuak proposatu nahi duen Lurralde Antolaketa berriaren aurrean Jakes Bortairuk Eskiula Euskal Herritik kanpo geratzeko arriskuaz ohartzen zuen, Zuberoako herritzat jota.[13]
  • Jakes Lafitte angeluar ingeniariak hauxe idatzi zuen 2005ean: «[...] Eskiula behintzat herri zuberotarra jotzea zilegi litzaidake, eta Euskal departamentua egitekotan nahiz aldarrikatzekotan normala litzateke Eskiula entitate berri horretan sartzea. Honi buruz, noski, eskiularrek erabaki beharko dute.»[14]
  • Euskal Kultur Erakundeak zehaztutako Ipar Euskal Herriko herrien zerrenda[15] eta Eskiula herriaren kokalekua.[16]

Zuberotarren iritziak aldatu

Zenbait egitura ofizialek (zerbitzu batzuen gainekoek) ez dute herria bere baitan hartzen; oro har arrazoia kantonamenduetako banaketan oinarrituta izatea dela esan daiteke, arestian aipatutako Zuberoako Herri Elkargoa kasurako; hala ere, Elkargoaren eta bere Turismo Bulegoaren webgunean bertan Eskiula agertzen den maparik badago.[17] Gainera beste arlo batzuetan Eskiulak Zuberoako gainontzeko herriekin parte hartzen du, adibideak Euskal kultura sustengatzeko sindikatua[18] edo uraren kudeaketa egiten duen Syndicat AEP du Pays de Soule dira.[19]

Iturri zuberotar askok erabat normaltzat jotzen dute Eskiula bertan sartzea. Adibideak:

  • Ziunta-Züberoa hobeki ezagütü mahai-jokoan[20] herria herrialdearen barruan sartzen da.
  • Junes Casenave-Harigile euskaltzainak egindako Xiberoan eüskaraz. Méthode de Basque souletin liburuan[21] 158. orrialdean badago Xiberoko herrien izenak zerrenda; bertan Eskiula agertzen da.
  • Ziberoko herrien epixtola izenburua duen bertsoak, non herrialdeko herrietako ezizenen zerrenda egiten den, Eskiula aipatzen du[22].

Beste kasu batzuetan, joera anbiguoa dago; Xiberotarra Zuberera. Le dialecte basque souletin[23] Battittu Coyos euskaltzainak egindako laneko 21. orrialdeko mapa Eskiularik gabea bada ere, 22. orrialdeko beste mapa batean agertu egiten da. Coyosek berak Eskiula haintzat hartzen duen lan batzuen egilea da, arlo linguistikoan gehiago zentratzen dela esan badaiteke ere.[24]

Eskualde honetako bertako bizilaguna den Philippe Etxegorrik garatutako Ekialdeko Webgunean ere mota guztietako definizioak topa daitezke. Bearnon kokatzen duten iritziek gehienetan arlo administratiboa aipatzen dute; esaterako Allande Sokarrosek Udalez Euskal Herrian, kantonamenduz Biarnon titulatzen du 2001eko artikulua, hala ere herria Euskal Herrian kokatuta[25].

Eskiulatarren iritziak aldatu

Euskal kulturari eskiulatarrek dioten atxikimendua oso nabaria da. Maskarada eta pastoral ugari antolatu ditu; dokumentatuta dauden heinean maskaradak 1928, 1948, 1954, 1983, 1990 (emakumezkoek antzeztua) eta 2002an antolatu zituztela jakina da. Pastoralei dagokienez 1750, 1827, 1835, 1912, 1924, 1955 eta 2000n taularatu ditu, beti ere Zuberoako herritzat joa.[26]

Dantzaren esparruan ere herriko dantza taldea herrialdeko dinamikan erabat sartuta dago, beste edozein lekutakoen moduan, Aitzindariak Zuberoako dantza elkargoko kide izanez[27] edo Joseba Aurkenerenak gogoratu zuenez,[28] Jaüzien Eguna bezalako agerraldietan parte hartuz.

Eskiulatarrek lehen eta orain Zuberoa zein Euskal Herriarekin lotzeko nahia erakutsi dute; hala egin zuten arlo politikoan 1796an, Barkoxeko kantonamenduarekin bat egiteko eskaera erreferendumaren bidez egin zutenean. Onartu izan balitzaie gaur egun ez zatekeen herri horren euskalduntasunaz eztabaidarik izango baina ez zen hala izan: Aramitzeko kantonamenduarekin lehen eta Donamariarekin geroago lotu zuten, gaur egun Oloroe-Donamaria Mendebaldea izena daramana[29]. Baina historiaz haratago, eskiulatarrek egunero euskal herritarrak direla adierazten dute, oso era desberdinetan; adibidez Jai Batzordearen webgunean (hori bai, frantsesez dago orria) hauxe irakur daiteke:[30] «Ce qu'il y a de formidable dans ce pays (Basque) c'est que la moindre commune de 500 habitants perdue aux confins de la Soule...», hau da, esaldi berean herria Euskal Herrian eta Zuberoan kokatzen dute.

Banderen erabilpena ere oso argigarria da. Azken urteetan ugariak dira Bearnoko herrietako herriko etxeetan paratu diren Bearnoko banderak;[31] aldiz, Eskiulan ez da inolako interesik erakutsi bandera horren ezartzeko, baina ikurrina jarri dute herriko etxean; Jai Batzordearen webgunean ere, ikurrinak eta lauburuak nonahi.

Aita Martxel Tillous aldatu

Eskiulatarren artetik ospetsuenetakoa[32] dugun Martxel Tillous apaizak (Eskiula, 1934ko irailaren 23a - Kanbo, Lapurdi, 2009ko martxoaren 13a) hauxe erantzun zuen Ameriketara joatean zer espero zuen galdetu ziotenean: «Zuberotar familia gutxi dago han, segur naiz hamar familia ere ez direla. Gehienak bizkaitarrak dira. [...] Beraz, zergatik zuberotar apaiza bidali harat? Bortitza zitzaidan hori.»[33]

Elkarrizketa hartan, Xan Aire urepeldarrak Martxel Tillousen jaiolekua «Eskiula, Zuberoa» dela dio. Tillousek, horrenbestez, bere burua zuberotartzat zuen; eta ezagutu zutenek ere, Eskiulan eta Zuberoan jaio zela diote. Halaxe ageri da haren hilberrietan eta eskiulatarraren omenez eginiko ekitaldiei buruzko albisteetan.[34][35][36][37][38][39]

Aita Martxel, izan ere, «kexu zen Euskal Herriko karta eta mapetan Eskiula Zubero barnean ikusten ez zuenean».[40]

Bearnotar eta okzitaniarren iritziak aldatu

Ba al dute bearnotarrek interesik Eskiula bere lurraldea dela aldarrikatzeko? Iturrien azterketa eginez gero, kemenik bat ere erakusten ez dutela ondoriozta daiteke. Bi jarrera topatzen dira:

  • Bi erreferentziazko iturrik, Bearnoko okzitanieraren aldeko mugimenduko talde nagusietako bik eginak, Eskiula Bearnoren baitan hartzen dute baina bere euskalduntasunaz argi ohartzen dute. Mapa deu Bearn[41] lanak hauxe dio bere mugaz: Per simplificacion e per convencion qu'avem seguit los limits actuaus deus cantons;...Que la comuna d'Esquiula qui hè partida deu canton d'Auloron ei majoritariament bascofona. Beraz, kantonamenduaren administrazioz Oloroerekin lotuta egotea arrazoitzat jotzen du baina aldi berean euskalduntasunaz ohartu. Dictionnaire toponymique des communes du Béarn[42] liburua ere kantonamenduetan oinarritzen da; horregatik Eskiula aztertzen du, beti ere bere euskalduntasuna aipatuz.
  • Beste monografia batzuen kasuan are argiagoa da jarrera: Bearnori buruzko lanetan Eskiula agertu ez. Hala gertatzen da lan hauetan:
    • Lo Noste Béarn[43]: herri bakoitzari fitxa egiten dion lan mardul honetan Eskiula ez dago.
    • La philosophie du béarnais à travers les proverbes[44]: herriz herriko errefrau, ezizen eta bestelako datuen ikerketa lana den liburu honetan ere Eskiularik ez.
    • Carta de Gasconha, hitas lingüisticas[45]: Eskiula Gaskoiniako mapa honetatik kanpo geratzen da.
    • Le guide du Béarn[46]: hain argi zokoratu gabe, Eskiula aipatu egiten du baina literalki Hors itinéraire: Esquiule, colonie basque («Ibilalditik kanpo: Eskiula, euskal kolonia») dagoela esanez eta Oloroerekin lotu beharrean, La vallée de Barétous (Baretos) kapituluan sartzen du.

Okzitanierazko Wikipediak[47], definizioan artikulu honetan zehar aipatutako anbiguotasunaz jokatzen badu ere, Sola (Zuberoa, alegia) kategorian sartzen du, ez ordea Comuna de Bearn kategorian. Edozein kasutan Okzitaniatik oro har eta Gaskoinia-Bearnotik bereziki ez dago inolako aldarrikapen sutsu edota oldarkorrik, are gutxiago herriaren euskalduntasuna ukatuko lukeenik; Gaztela eta Leongo zenbait botere eta eragilek Trebiñurekiko erakusten duten jarreratik (gaztelartzat jotzea, aldarrikapen militantea) izugarri urrun daude.

Ondorioak aldatu

Aurreko ataletan jaso diren iturri guztiak aztertu eta gero, Eskiulako kokapenerako definizio proposamena egin daiteke; kontuan hartu beharreko elementu nagusiak egoera administratibo ofizialak sortzen duen segurtasun falta, historia (herriaren sorrera), bearnotarren jarrera eta herritarren (eskiulatarren zein beste euskaldunen) iritziak dira. Dagoeneko egina dagoen definizio batean oinarritzeak lagun dezake hitz zehatzak topatzen: Zuberoako euskaltzain ohorezkoa den Jean-Louis Davanten hitzetan «Eskiulako herria, lürrez Biarnoko probintzian zagoena, jentez eta mintzajez euskaldün züberotarra da».[48] eta artikuluan beste behin ere Zuberoako herri gisa ageri da.

Oso gogoan hartzekoa dugu, bestalde, euskara batuaren erakunde arautzailea dugun Euskaltzaindiak Euskal Herria kontzeptua definitzeko zer hitz baliatu dituen:

« Aspaldiko mendeetatik hedatua izan da Euskal Herria izena, kultura ezaugarri aski jakinak dituen herrialdea adierazteko, politika eta administrazio mugen nahiz ezberdintasun historikoen gainetik erabilia.[49] »

Horrenbestez, politika eta administrazio mugen irizpidea alde batera utzita, eta kultura ezaugarriak oinarritzat hartuta, hauxe litzateke aztergai dugun udalerriaren definizio egokia:

« Eskiula Bearnorenak ziren lurretan sortutako Zuberoako herria da. »

Erreferentziak aldatu

  1. 92. araua - Zuberoako herri izendegia. Hala zehaztu du Akademiak: «Eskiula sartu dugu zerrendan, nahiz eta herri hori Zuberoatik kanpo dagoen.» Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2011-10-10).
  2. Eskiula. Harluxet hiztegi entziklopedikoa (Noiz kontsultatua: 2011-10-10).
  3. Etxahun-Iruri: Ez da Eskiula Kaskoiña, Matalaz pastorala, 1955.
  4. Eskiula frantsesezko Wikipedian. 2011ko urriaren 6an kontsultatuta.
  5. 92. araua - Zuberoako herri izendegia. «Eskiula sartu dugu zerrendan, nahiz eta herri hori Zuberoatik kanpo dagoen.» Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-28).
  6. Zuberoa EODAn.
  7. 149. araua.
  8. «Eskiula», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  9. Eskiula[Betiko hautsitako esteka] Atlasa.neten.
  10. Urrats Argitarauak, Donostia, 1992.
  11. Eskiula, Euskal Herriko herria[Betiko hautsitako esteka], Paulo Agirrebaltzategi, Egunkaria, 2001eko uztailaren 22a.
  12. Eneko Gorri, 2009; Lana irakurgai. Ikus 8. or., adibidez.
  13. Lurralde antolaketa artikulua[Betiko hautsitako esteka], Argia, 2011ko iraila, Garako hemerotekan.
  14. Eskiula, Jakes Lafitte, Berria, 2005eko apirilaren 5a.
  15. Euskal Kultur Erakundea: «Ipar Euskal Herriko herriak», Euskal Kulturaren Ataria.
  16. Euskal Kultur Erakundea: «Eskiula»[Betiko hautsitako esteka], Euskal Kulturaren Ataria.
  17. Soule-Xiberoa webgunea[Betiko hautsitako esteka].
  18. Frantsesez Syndicat pour le soutien à la culture basque.Ikus kideen zerrenda[Betiko hautsitako esteka].
  19. AEP du Pays de Soule sindikatuko kideak[Betiko hautsitako esteka].
  20. Uhaitza elkartea, Mendikota, 2005.
  21. Sü Azia, Maule, 2000.
  22. Ziberoko herrien epixtola[Betiko hautsitako esteka] Armiarma.comen.
  23. Jean-Baptiste Coyos, Elkar, Donostia, 2007.
  24. Batua eta zuberera: euskalki baten dinamika[Betiko hautsitako esteka], 2005.
  25. Udalez Euskal Herrian, kantonamenduz Biarnon[Betiko hautsitako esteka], Egunkaria, 2001eko martxoaren 6a
  26. Pastoralak Xiberoan[Betiko hautsitako esteka], Sü Azia.
  27. Aitzindariak[Betiko hautsitako esteka] EKEren webgunean.
  28. Jaüzien Egüna Xiberoan, Euskaldunon Egunkaria, 1998ko iraila.
  29. Eskiulako historia[Betiko hautsitako esteka] Ekialdeko Webgunean.
  30. Eskiulako Bestak.
  31. Adibideak: Brutges-Capbis-Mieihageteko herriko etxea edota Sent Jacmekoa, non anekdotarako Bearnoko bandera Frantziakoaren gainetik jarri duten.
  32. Juan Jose Ibarretxek —Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari zela— gutun bat bidaltzeko bezain ospetsu bai, behintzat: «Martxel Tillous: 1934-2009», San Francisco Basque Cultural Center.
  33. Xan AIRE: «Aita Martxel Tillous, apaiza: "Apaizak elizan ikusten dira gehien; jendeekin izan beharko lukete"»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2008-04-09.
  34. Johnny Kurutxet: «Euskaldunen apeza. Aita Martxel Tillous - 1934-2009», Basque Club San Francisco.
  35. «Martxel Tillous: 1934-2009», San Francisco Basque Cultural Center.
  36. «Munduko muslariak Bizkaian, pastorala San Frantziskon», Herria, 3022. zenbakia, 2009ko irailaren 10a.
  37. «Aita Martxel Tillous: Goian Bego-R.I.P.», North American Basque Organizations (NABO).
  38. «Apezak: Basque chaplains in America», North American Basque Organizations (NABO).
  39. «Aita Martxel Tillous hil da», Euskalcultura.com euskal diaspora eta kultura, 2009-03-31.
  40. Joseba Etxarri: «Martxel Tillous laguna oroituz», Euskalcultura.com euskal diaspora eta kultura, 2009-03-31.
  41. Joan-Francés Dutilh, Per Noste, Ortheze.
  42. Miquèu Grosclaude, Escòla Gaston Febus, Paue, 1991. 286-287.or.
  43. Hubert Dutech, MonHélios, Oloroe, 2003.
  44. Andrieu Horcada, Los Caminaires, autoekoizpena.
  45. Halip Lartiga, Princi Néguer, 1998.
  46. Louis Laborde-Balen, La Manufacture, Paris, 1990.
  47. Eskiula okzitanierazko Wikipedian. 2011ko urriaren 6an kontsultatuta.
  48. Errolda: zonbat züberotar?, Jean-Louis Davant, Herria, 2000ko azaroaren 16a.
  49. Euskaltzaindia: 139. araua: Euskal Herria izena.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu