Norteko trenbideari edo Norteko trenari jarriak Jose Manuel Lujanbio Txirrita bertsolariaren bertso sorta bat da, 1931. urtean Bertsolariya aldizkarian agertua.

Bertsoak

aldatu

Naparrua'tik ardo-karraio[1][oh 1]
itzai asko zan ikusi,
prankok bazauzkan iri koskorrak
beren kollare ta guzi;
zurezko ardatzak lumerarekiñ
al zan maizena iyurtzi;
denbora artan Pantorrill zuten
karreteruen nagusi.

Garai artako itzai koskorrak
ongi zebiltzan lanian,
Gipuzkua'n da Bizkai aldian
da Euskalerri danian,
gorputzak bapo gobernatuaz
eranian da janian;
akabo oien jornal-biria
trena etorri zanian.

Aditu zituztenian trenen
txistua eta marruak,
geientxuenak saldu zituzten
iriyak eta karruak,
esanaz: «Orrek jetxiko dizkik
goi oitan diran arduak».
Garai artako aien abarkak
ziran basurde-larruak.

Mila zortzireun irurogei ta
zazpigarrengo urtian
lehenengo trena ikusi nuen
Españiyako parian;
bide pixka bat bistan pasa ta
iñoiz sartua lurpian,
perra berriyak erantsi dizte
andikan orain artian.

Modu orretan jarri zuenak
Norteko ferrokarrilla
jakinduriya aundiya zuen
entendimentu abilla;
gizonik ezin asi liteke
zaldi obiaren billa,
goizian irten Irundik eta
illuntzerako Madrilla.

Linea orrek badauka zenbait
tunel, zubi ta erriyo,
bi biderekin ipiñi dute
sekulan baiño berriyo,
elektrikako indarra eta
orrenbeste guardarrayo,
gau eta egun gelditu gabe
beti zerbaiten karraio.

Trenera lasai balijuake
egiñagatik zartzera,
iyo bidiak ederrak dauzka,
kotxian aixa sartzen da;
amar legua bide pasa ta
ordu beteko etxera,
lengo segunda bezin ederra
dago oraingo terzera.

Eseri aulki ederrak eta
beste gauza bat on-ona,
ezertarako beartzen bada
kotxe bakoitzak komona;
lenguan antxen ikusi nuen
larogei urteko amona,
frantses-euskaldun buruzuri bat,
Benta Berriko monona.

Karbonerarik ez dute bear,
fogonerorik ain gutxi,
or bear dena begiyak erne
eta llabiari eutsi:
abiyatzian iriki eta
allegatutzian itxi,
gau eta egun gelditu gabe
dabil txistu ta irrintzi.

Gizon abilla zen elektrika
sortu zuben maisu ori,
pixka-pixka bat arek graduak
bajatu zizkan subari;
orain indarra leku askotan
kentzen diyote urari,
garai batian merke zan baiña
gaur balio du ugari.

Ola esanaz ur irakiñak
egiten zuen negarra:
prezisu al da beti kalderan
kiskaltzen egon bearra?
Ez daukat beste alimenturik,
sua, kia ta txingarra,
ongi miatzen baldin banauzu
otzian badet indarra.

Berari beira jarri zitzaion
zabaldurikan besuak,
arrazoi ori ontzat artu du
elektrikako maisuak:
"Badakit zure gau ta egunak
dirala lastimosuak,
ori egiya esan badezu
itzaliko dira suak".

Nere munduko jakinduriya
izan da oso azala,
Jaungoikuari eskatzen diyot,
arren, argitu nazala;
garai batian ez genekiyen
elektrikarik bazala,
orain ur otzak dabilki trena
len irakiñak bezala.

Garai batian ez genekiyen
elektrikarik bazala,
orain ur otzak dabilki trena
len irakiñak bezala.

Oharrak

aldatu
  1. Mantendu egin dugu Antonio Zavalaren edizioan (Antonio Zavala: Txirritaren bertsoak. 1971. Auspoa.) erabilitako grafia.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu