Arantxa Lete Bergaretxe

Irakaslea eta aktibista

Arantxa Lete Bergaretxe (Oiartzun, Gipuzkoa, 1945eko urriaren 16a) Irakaslea. Herri eragile feminista eta abertzalea da. Herriko zinegotzi izandakoa Herri Batasunarekin.

Arantxa Lete Bergaretxe

Bizitza
JaiotzaOiartzun1945eko urriaren 16a (78 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaMondragon Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea eta aktibista
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Herri Batasuna

Bizitza aldatu

Arantxa Elizalde auzoko Egiania etxean jaioa da. Ama Edurne Bergaretxe Muguruza, eta aita Fermin Lete Olaizola izan ziren. Ama Eibarkoa zen, 13 urterekin Oiartzuna etorritakoa eta aita berriz Errenteriakoa. Aita gudari izandakoa, kartzelan hiru urte pasa zituen gerra iraun zuen bitartean. Bi senide izan ziren, bera eta Xabier, zaharragoa. Hiruzpalau urterekin Putxutxarreka modura ezagutzen zen Goiko Kale edo Donibane kalera joan ziren bizitzera amona Norbertarekin batera. Arantxaren hitzetan[1] bere bizitzako garairik zoriontsuenak izan ziren 16 urteren buruan bizitutako haurtzaro, nerabezaro eta gaztaro garaiak. Elizalde auzoko eraldaketa handiaren lekuko izan da. Baratzak, ukuiluak non nahi, sotoetan sagardo barrikak, iratzez beteriko gurdi paseak... Galdu den bizi-motaren lekuko izan da.

1967ko maiatzaren 16ean Joxe Uranga Aramendirekin ezkondu zen eta hiru seme alaba izan zituzten.

Ikasketak aldatu

Oinarrizko ikasketak Oiartzungo Mesedetako mojen eskolan burutu zituen.

Magisteritza ikasketak, Ikastolen Elkarteak eratutako magisteritza plan bereziaren barruan egin zituen, aurrez 25 urtetik gorakoentzako unibertsitateko sarbide-probak gainditu eta gero.

Frankismoaren jazarpena eta abertzaletasuna aldatu

Frankismoaren jazarpenak gogor astindu zuen familia. Aita preso, amaren aita Benantzio Bergaretxe eta anaia Jexux, baserritik hartu eta San Kristobal kartzelara eraman zituzten eta beste osaba bat ere kartzelan egona zuten.

Familia abertzalean jaioa da eta txikitatik jaso zuen Euskal Herriarekiko maitasuna. Adierazpen desberdineko euskal kultura presente zegoen inguruan. Familia kantaria zen berea. Euskal kantutegia, haur-kantak tarteko, eguneroko presentzia zuten eta txiki txikitatik aitona-amonaren etxean Xabiertxo eta Ixiartxo bezalako liburuak irakurtzen zituzten eta mezetarako ere euskarazko Orixeren misala erabiltzen zutela gogoratzen du.

Moja eskolan bizitutako giro espainolak eragin zion euskal sentimendua eta abertzaletasun kontzientziaren hazia ernaltzeko. Bertako ikasgaiak gazteleraz burutzen zituzten eta salbuespen bakarra doktrina edo katixima izaten zen. Baina une batean euskaraz ikastea galarazteko momentua iritsita, gurasoek egindako borrokaz oroitzen da. Baita 1960ko apirilean, Jose Antonio Agirre lehendakaria hil eta Oiartzunen egindako elizkizunetara joan zirelako mojengandik jasotako errieta izugarriaz ere. Mojetan, dena den, ez zuten inoiz bete Espainiako himnorik kantatzeko agindua, ezta bandera altxatzekoa ere baina Espainiako historia ofiziala erakusten zuten. Horretan ordea aitari esker ikasi ahal izan zuen historiaren bestelako bertsioa, biziki markatuko ziona.

Euskaren aldeko kontzientzia oso gaztetatik piztu zitzaion eta herriko beste hainbat lagunekin batera taldea osatu eta Adolfo Leibarren eskolak jasotzen ibili ziren. 1961. urtea izango zen gutxi gora behera. Astean behin biltzen ziren Adolforen etxeko salan euskara lantzeko klaseak hartzeko. Ikastolan egindako lana bera, Euskal Herriaren alde egin beharreko proiektu modura hartu zuen. Geroago Independentista taldeko laguntzaile izatera ere pasa zen.

Lartaun Elkarteko partaide aldatu

1958. abenduaren 28an sortu zen Lartaun Kultur Jolas eta Kirol Elkartea Oiartzunen. Elkartearen barruan bi sailetan izan zen aktibo Arantxa:

  1. Mendi taldea. Garai haietan mendi irteera asko egiten zituzten eta kirola egitearen helburuaren bueltan, beste balio gehiago lantzeko ere aprobetxatzen ziren, lagun giroa lantzeko, esaterako, sozializazio bitarteko modura ere balio izaten baitzuen.
  2. Fomento Cultural saila. Lartaun sortu eta lau urtera, 1962ko urtarrilaren 7an, oiartzuar gazte talde batek Fomento Cultural saila sortu zuen. Antzerki taldeko partaide izan zen eta Manolo Juanesen gidaritzapean hasi ziren obrak taularatzen. Laguntza lanetan Julian Lekuona eta Juan Antonio Letamendia ibili ziren. Urtean behin egiten zituzten emankizunak eta hauen artean aipatzen ditu Ito edo ezkondu eta Gabriel Arestiren Justizia txirulari antzezlanak.

Orereta ikastolako irakasle aldatu

1964-65 ikasturtean, 19 urterekin hasi zen Orereta ikastolan[2] lanean eta bertan eman zituen 42 urte irakasle modura. Andereño, berak estimatzen duen hitzaz esanda. Ikastolak izan zuen lehen andereño Arantxa Idiazabalen laguntzaile modura hartu zuten lanerako. Ez ziren garai xamurrak. Alde batetik Errenteriako giroa erabat erdalduna zen, Espainiako migrazio handia jaso bai zuen herriak. Bestetik, ikastola izatearen arrisku eta zailtasun handiak jasatea tokatu zitzaien. Legalizazioaren gaia mahai gainean beti eta ikuskarien arakatze zorrotza, tartean titulurik gabeko andereñoak zeudelako. Aldi berean, idealismoz betetako garaia modura gogoratzen du ikastolako hasiera. Soldatak eta sartu beharreko lanorduak bigarren mailan geratzen ziren, proiektuari lehentasuna ematearekin. Guraso eskuzabal tematiak izan zituzten, ikastola sortu eta aurrera ateratzeko inplikatu zirenak. Arantxaren hitzetan, urrezko monumentua merezi zutenak.

Oiartzungo udaleko zinegotzi aldatu

1991-1995 legealdiko zinegotzia izan zen Herri Batasuna koalizioarekin[3] Gizarte Ongizate Saileko ardura zuen eta sailaren planteamendu berria egin zen garaia tokatu zitzaion zinegotzi izatea. Bere garaikoa izan zen, baita ere, Xanistebanetako soka-dantza martxan jartzea, korporazioak herritarren aurrean egiten duten zeremonia edo errespetuzko dantza, alegia. Juan Antonio Urbeltzen laguntza izan zuten horretarako, tradizioa jaso eta dantza bera diseinatzeko.

Herri ekintzaile aldatu

Herrigintzan trebatua zegoen Arantxa. Acción Católica deritzan taldean ibilia zen aski gaztetatik eta zinegotzi zela ere tokatu zitzaion herri proiektu desberdinei bultzada ematea. Hauetako bat Killirikupe Emakumeak ahalduntzeko eskola izan zen. Udaletik sortzen laguntzea tokatu zitzaion eta geroztik bertako partaide aktiboa izaten jarraitzen du. Ekintza ugari egiten dituzte. Emakumeari lotutako gai asko sakonki jorratzen dituzte, izan hitzaldi modura, irakurketen bitartez eginda, eztabaidak edo dena delako. Bi taldetan banatuta aritzen dira astero. Euskaraz aritzen den talde bat dago eta bestea gazteleraz aritzen dena.

Xabier Lete anaiaren lekukotasun emaile aldatu

Anaiari eskainitako hil ondorengo omenaldi eta hainbeste ekintzetan familiako ageriko figura modura azaltzea tokatu zaio Arantxari eta elkarrizketa askori erantzutea.

  • Kontxa Murgiaren ekitaldian 2013ko otsailaren 25ean.[4]
  • Gipuzkoako Diputazioak eskainitakoa 2020ko urriak 13an.[5]
  • Xabier Leteren omenaldi agenda .2020ko abenduak 2an.[6]
  • Hil ondorengo hamargarren urteurrena 2020ko abenduak 3an.[7]
  • Hitzen Lihoak antolatuta, Xabier Leten barrena izeneko ibilbide biografikoa.[8][9]
  • Xabier Lete ttiki liburu ilustratuaren harira 2020ko abenduak 3an.[10]


Jubilatu ondorengo bizitza aldatu

 
Rosalia de Castro etxean, Oiartzun-Galiza elkartasun ekitaldiko poesia emanaldian.

Arantxak jarraitzen du herriko hainbat ekimenetan parte hartzen. Jubilazioak hala ere, gustukoak dituen zaletasunak sakonago bizitzeko aukera eman dio. Asko asebetetzen duena da egunero lagunekin egoteko tartea hartzea. Irakurketak ere leku zabala du bere egunerokoan eta kultur kontsumitzaile handia da. Herrian eta herritik kanpo antolatzen diren musika emanaldi, antzerki, eta gisako kultur ekintzetan parte hartzeak gustuko du. Bidaiatzea da bere bizitzako beste pasioetako bat.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «2015 Urtekaria by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
  2. «Orereta ikastola. Errenteria - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
  3. www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
  4. (Gaztelaniaz) «Homenaje a Kontxa Murgia en Oiartzun - EH11Kolore» eh11kolore.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
  5. Berria.eus. «Arantxa Lete Bergaretxe» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
  6. (Gaztelaniaz) Álava, Diario de Noticias de. «Xabier Leteren omenaldi agenda» www.noticiasdealava.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
  7. ««Nire anaia izateaz gainera nire maisua ere izan dela konturatu naiz»» El Diario Vasco 2020-12-03 (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
  8. «[Galeria Xabier Leteren oroimenaren barrena»] Oarsoaldeko Hitza 2020-12-05 (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
  9. «Oiartzungo Udala» www.oiartzun.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
  10. «Oiartzungo kultur ondarearekin lotutako bi liburu ilustratu aurkeztu dituzte» Oarsoaldeko Hitza 2020-12-03 (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).

Kanpo estekak aldatu